53. zk., 2024ko martxoaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (181 KB - 12 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1298
23/2024 DEKRETUA, otsailaren 27koa, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira espetxean daudenei, baldintzapean aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei laguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak eta espetxean daudenei sariak eta pizgarriak emateko.
Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du espetxe-legeria betearazteko eta, horren ondorioz, espetxe-jarduera kudeatzeko, bai eta EAEko espetxeak zuzentzeko, antolatzeko eta ikuskatzeko ere.
Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorrak xedatzen duenez, espetxe-erakundeen helburu nagusia da askatasun-gabetzeko zehapen eta neurri penalak dituztenak berriro heztea eta gizarteratzea, bai eta atxilotuak, presoak eta zehatuak atxikitzea eta zaintzea ere. Beren gain da, halaber, espetxean daudenentzako eta askatuentzako asistentzia- eta laguntza-lana.
Lege organiko horren 74. artikuluak ezartzen duenez, espetxe-administrazioak, bere organoen bitartez, behar duten gizarte-laguntza emango die espetxean daudenei, baldintzapean edo behin betiko aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei.
Aurreikuspen orokor horrez gain, bai aipatutako lege-organikoak, bai Espetxeen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuak, pertsona horiei laguntza emateko kasu espezifikoak jasotzen dituzte.
Gizarte-laguntza horrek dakar, kasu askotan, eduki ekonomikoa duten prestazioak antolatu beharra, pertsonek aukera izan dezaten indarrean dagoen legeriak aitortutako eskubideak baliatzeko; tratamendu- eta gizarteratze-prozesuak erraztu eta sustatzeko; edo ahalik eta tratu duin eta gizatiarrena emateko askatasun-gabetutakoei gertatzen zaizkien bizitza-, osasun- edo gizarte-kontingentzien aurrean, horiei aurre egin ahal izateko baliabide nahikorik ez baitute.
Hala, Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 17.4 artikuluak ezartzen duenez, presoa espetxetik ateratzen den unean, baliabide ekonomikorik ez badu, bere bizilekura iristeko eta lehen gastuetarako behar dituenak emango zaizkio.
Era berean, dokumentazio galdagarria (nortasun-agiri nazionala edo, atzerritarren kasuan, pasaportea) lortzeko laguntza ematea xedaturik dago, gizarte-baliabide orokorrak eskuratu eta jatorrizko gizarte-ingurunera itzuli ahal izateko.
Laguntzak aurreikusten dira espetxean dauden eta baliabiderik ez duten garraiorako; tratamenduen jarraipenerako kudeaketak egiteko edo baliabide anbulatorioetara joateko; familientzako laguntzak, senideen nahiz norbere baliabide ekonomikorik gabe eta gizarte-zerbitzu orokorren estaldurarik gabe, espetxean preso edo baldintzapean aske zeudela hildakoen hileta-gastuetarako.
Espetxeen Erregelamenduaren 114. artikuluan, irteera programatuak tratamendu-jarduera espezifikotzat hartzen dira, eta horiek zuzen eta egoki erabiliko dituztela bermatzen duten espetxean dauden presoentzat dira, askatasunean bizitzeko prestatzeko neurri bat gehiago bezala. Espetxeko tratamenduak hala eskatuta, espetxean dauden presoentzat aurreikusten dira irteera terapeutikoak.
Espetxeen Erregelamenduaren 189. artikuluak errehabilitazio-jardueren programazio orokorra ahalbidetzen du, bai eta paziente bakoitzarentzako errehabilitazio-programa indibidualak ere, bat etorriz Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 68.1 artikuluarekin. Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 46. artikuluak eta Espetxeen Erregelamenduaren 263. artikuluak xedatzen dutenez, sari-sistema baten bidez estimulatuko dira jokabide ona, lan-izpiritua, espetxean daudenen portaeran eta establezimenduak antolatutako jardueretan erantzukizunaren zentzua erakusten duten ekintzak.
Espetxeen Erregelamenduaren III. kapituluak espetxeetan hezkuntza-, prestakuntza-, gizarte-, kultura- eta kirol-jarduerak egiteko beharra jasotzen du. 131. artikuluan xedatzen duenez, espetxean dauden presoen garapen integrala lortzeko jarduera egokienak programatuko dira, haien artean ahalik eta parte-hartze handiena sustatuz. Jarduera horietan parte hartuz gero, eskudiruzko sariak (saria) eman ahal izango dira.
Espetxeen Erregelamenduaren 47.4 artikuluak telefono bidezko komunikazioak ezartzen ditu, betiere establezimenduaren inguruabarrek aukera ematen badute, astean gehienez bost dei egiteko aukerarekin; erabiltzaileak ordainduko du zenbatekoa. Gisa horretako deiak egin ahal izateko, beharrezko gizarte-laguntza bezala ulertu behar da espetxean dauden behartsuei laguntza ematea.
Laguntza horiek eta Estatuko araudian aurreikusitako emate-kasuak orobat aplikagarriak dira EAEn, eskumenak transferitu zirenetik.
Orain arte, erregulazio propiorik ez zegoenez, Barne Ministerioaren azaroaren 30eko 3688/2007 Aginduaren aurreikuspenak aplikatu izan dira modu osagarrian. Agindu horren bidez onartzen dira espetxean daudenei, baldintzapean aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei laguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak eta espetxean daudenei sariak eta pizgarriak emateko, Barne Ministerioaren eskumenen esparruan.
Beraz, oinarri arautzaileak ezarri behar dira espetxean daudenei, baldintzapean aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei laguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak eta espetxean daudenei sariak eta pizgarriak emateko.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak, Gizarte Segurantzak berak, Osakidetzak, Euskal Enplegu Sistemak eta gizarte-babeseko beste sistema batzuek eskainitako laguntzen osagarri eta gehigarri diren laguntzen oinarri arautzaileak dira, indarraldi mugagabea dutenak.
Laguntza asistentzialak nahiz irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak zein sariak eta prestakuntza-pizgarriak arautu eta kudeatzean, emakumeen desberdinkeria- eta desabantaila-egoera bereziei erantzuten zaie, batez ere espetxearen testuinguruan, baldintzapen, rol eta estereotipo sexistekin lotutako egoerak, emakumeen sustapenerako beste tresna bat izan daitezen; emakumeen premia espezifikoei erantzungo diete, bai eta espetxe barruko zein kanpoko bizikidetza-, tratamendu-, lan- eta prestakuntza-espazioetan parte har dezaten sustatuko ere.
Oinarri arautzaileok indarraldi mugagabekoak direnez, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera egin eta onartu dira.
Bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 2. xedapen gehigarrian eta hura garatzeko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2022ko uztailaren 4ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan aurreratutako funtsen araubideari buruzkoa) xedatutakoarekin, funts aurreratuen bidez izapidetu ahal izango dira aurrekontuetako IV. kapituluko gastuak, espetxean daudenentzat, baldintzapean aske daudenentzat eta haien senideentzako laguntza asistentzialetatik eratorritakoak.
Horregatik guztiagatik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea espetxean daudenei, baldintzapean aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei prestazio ekonomiko asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak eta espetxean daudenei sariak eta pizgarriak emateko.
2.– Dekretu honen aplikazio-eremua Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako espetxe-legeria betearazteko eskumenarena da, eta, beraz, EAEko espetxeen mendeko pertsonei aplikatzen zaie.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Laguntzen helburua da gabezia ekonomikoak betetzea eta hartzaileei behar diren bitartekoak ematea tratatu eta gizarteratu daitezen.
2.– Zehazki, bizitza-, osasun- edo gizarte-kontingentziek eragindako premiak asetzera bideratuta daude, bai eta espetxe-administrazioaren mendeko askatasun-gabetutakoen bizikidetzako eta sustapen pertsonaleko prozesuak sustatu eta bultzatzera ere.
3.– Era berean, espetxeetan emakumeen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzen saiatzen dira, kontuan hartuta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei gerta dakizkiekeen kalteberatasun-egoera bereziak, eta atzerriko jatorria edo egoera pertsonala dela-eta laguntza-sarerik ez duten emakumeak.
3. artikulua.– Izaera.
1.– Dekretu honetan araututako prestazioek, laguntzek, sariek eta pizgarriek dirulaguntza izaera dute, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.2.b) artikuluan aurreikusitako zuzeneko dirulaguntzatzat hartuko dira.
2.– Helburu jakin baterako laguntzak dira, eta dekretu honetan arautzen diren beharrei erantzuteko baino ez dira erabili behar.
3.– Laguntza osagarriak dira, indarreko legerian onuradunaren alde aurreikusitako eduki ekonomikoko beste baliabide eta prestazio batzuk osatzen dituztenak.
4.– Laguntza besterenezinak dira, eta, beraz, ezin dira eskaini obligazioen berme gisa, ez dira lagapen osoaren edo partzialaren xede izango, ez eta konpentsazio edo deskontuaren xede ere, dekretu honen 13. eta 14. artikuluetan jasotako modalitateen kasuetan izan ezik.
4. artikulua.– Araubide juridikoa.
Honako arau hauek arautzen dituzte hemen araututako laguntzak: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta hura garatzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, oinarrizkoa denean; Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organiko Orokorra; Espetxeen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretua, eta dekretu honetan jasotako oinarri arautzaileak.
5. artikulua.– Urteko deialdia.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, urtero esleituko dira dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak.
2.– Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jarri ondoren, espetxe-gaietan eskumena duen saileko titularrak dagokion deialdia egingo du, hargatik eragotzi gabe espedienteak aplikatu beharreko araudiaren arabera aurretiaz izapidetzea.
3.– Deialdi honek, mugen barruan erabil daitekeen gehieneko zenbateko osoaz gain, zenbateko gehigarri bat ere ezarri ahal izango du, gehieneko zenbateko osoaren % 100erainokoa, eta ez da beste deialdi bat egin beharko zenbateko hori dirulaguntzak ematean aplikatzeko. Kasu horretan, gehienezko zenbatekoak handitzea xedatzen duen ebazpena deialdia bezala argitaratu beharko da.
4.– Aurrekontu-ekitaldi batean emandako laguntzen zenbatekoa ez da izango kontsignazio hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartuz gero, kontsignazio hori eguneratzetik eratorritakoa baino handiagoa.
5.– Urteko gehieneko kredituaren mugara iritsita, hura handitzen denean izan ezik, une horretatik aurrera aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko, eta kreditu faltagatik ukatuko dira jada aurkeztu direnak.
6.– Kreditua agortzea eta handitzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
II. KAPITULUA
LAGUNTZA-MODALITATEAK
6. artikulua.– Modalitateak.
Honako modalitate hauek biltzen dituzte dekretu honetan jasotako laguntzek, prestazioek, sariek eta pizgarriek:
a) Laguntza asistentziala.
b) Espetxetik ateratzeko laguntzak.
c) Dokumentazio-gastuetarako laguntzak.
d) Hileta- eta ehorzketa-gastuei aurre egiteko laguntzak.
e) Irteera programatuak egiteko laguntzak.
f) Sariak, oro har.
g) Aukerak-en prestakuntzarako pizgarriak.
7. artikulua.– Onuradunak.
1.– EAEko espetxeetan preso dauden eta araututako modalitate bakoitzean ezarritako eskakizunak betetzen dituztenak izango dira laguntzen onuradun.
2.– Aurreko d) letran aurreikusitako laguntzaren kasuan, eskatzen duen senidea izango da onuraduna.
3.– Dirulaguntza horien izaera dela eta, ez dira kontuan hartuko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak. Eta hori guztia artikulu horren 1. zenbakiko lehenengo paragrafoan xedatutakoaren arabera.
8. artikulua.– Laguntza asistentzialak.
1.– Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 1. eta 74. artikuluetan xedatutakoa betez, espetxean daudenei, askatutakoei eta batzuen zein besteen senideei laguntza puntuala emateko prestazio ekonomikoak dira laguntza asistentzialak.
Laguntza horiek, besteak beste, honako premia hauek betetzeko izango dira: hortz-protesiak, ortopedikoak, betaurrekoak, audifonoak, hortz-tratamenduak, tratamendu medikoak eta farmakologikoak, guztiak ere beharrezkoak, medikuaren eta/edo gizarte-langilearen iritziz, eta Gizarte Segurantzak edo Osakidetzak estaltzen ez dituenak.
Era berean, arropa-gastuak, Espetxeen Erregelamenduaren 47. artikuluan aurreikusitako telefono bidezko komunikazioak, garraio-gastuak eta kanpoko gizarteratze- eta laneratze-prozesuei eta tratamendu-prozesuei laguntzeko dietak, guztiak ere beharrezkoak gizarte-langilearen iritziz.
2.– Laguntzak jaso ahal izateko, honako eskakizun hauek bete behar dira: premia-egoeran egotea; aldeko txosten soziala eta/edo medikoa izatea; baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea eta senideen, hurbilekoen edo Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren estaldurarik ez izatea.
3.– Prestazioaren zenbatekoa premia konpontzeko beharrezkoa dena izango da, gehienez 400 euro. Salbuespenezko egoeretan ezarritako gehienekoa gainditu behar bada, espetxe-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak baimena eman beharko du aldez aurretik, eta hark zehaztuko du estaliko den zenbatekoa.
4.– Laguntza asistentzialak espetxean daudenek, baldintzapean aske daudenek eta batzuen zein besteen senideek eska ditzakete.
9. artikulua.– Espetxetik ateratzeko laguntzak.
1.– Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 17.4 artikuluan eta Espetxeen Erregelamenduaren 30.2 artikuluaren arabera, presoak kartzelatik ateratzen direnean, bere bizilekura iristeko eta lehen gastuak ordaintzeko behar diren baliabideak emango zaizkio askatuari.
Baliabide horiek gastu-mota hauetarako izan daitezke:
a) Bizilekura iristeko lineako autobuserako edo trenerako txartelaren kostua.
b) Taxiaren kostuaren kostu zenbatetsia, ordutegi-arrazoiengatik edo arrazoi geografikoengatik taxia hartzea beharrezkoa denean, bizilekura itzultzeko beste garraio publiko batekin lotu arte.
c) Itzulera-txartelaren kostua beste garraiobide batzuen bidez, hegazkina edo itsasontzia barne, arrazoi geografikoengatik edo kasu bakoitzaren inguruabarren arabera horiek hartzea beharrezkoa denean.
d) Bizilekura joateko eskudirua edo dieta, beharrezkoa denean, gehienez 50 euro eguneko, helmugara iritsi arte.
e) Gaua igarotzeko dirua, beharrezkoa denean, gehienez 60 euro eguneko, helmugara iritsi arte.
f) Salbuespenez, eta erreferentziako gizarte-langileak proposatuta, beharrezko zenbatekoa eman ahal izango da, gehienez 400 euro, familiako edo komunitateko bizitoki-baliabide bat eskuratzea erraztuko duen behin-behineko ostatu bat emateko.
g) Anbulantzian eramatearen kostua, osasun-arrazoiengatik hala egitea beharrezkoa denean.
h) Salbuespenez, laguntza pertsonalaren gastuetarako baimendutako kostu zenbatetsia.
2.– Espetxetik ateratzeko laguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete behar dira:
a) Baliabide ekonomikorik ez izatea bizilekura iristeko eta/edo leku horretako lehen ostatu-gastuei aurre egiteko beharrezkoak diren gastuak ordaintzeko.
b) Atzerritarren kasuan, Espainiako lurraldetik kanporatzen bada, atzerritarren eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko legediaren arabera, ez da nahitaezkoa haien herrialdera itzultzeko bidaia-txartela ematea.
c) Aldeko txosten soziala, aurreko apartatuko c) letrako –hegazkineko edo itsasontziko txartela behar bada– eta f), g) eta h) letretako kasuetan.
10. artikulua.– Dokumentazio-gastuak.
1.– Laguntzak nortasun-agiri ofizialak izapidetzeko eta kudeatzeko sortutako gastu guztiak ordaintzea barne hartuko ditu, tasa eta prezio publiko ofizialak, bidaiak, dietak eta gaua igarotzea barne, hala behar izanez gero.
2.– Dokumentazio-gastuengatiko laguntzak jasotzeko eskakizunak dira baliabide ekonomikorik ez izatea eta identifikatzeko dokumentazio ofizial galdagarririk ez izatea.
11. artikulua.– Hileta- eta ehorzketa-gastuak.
1.– Laguntzak hileta- eta ehorzketa-gastuak ordaintzea barne hartuko du, espetxean hiltzen diren presoenak bakarrik.
2.– Laguntzak jaso ahal izateko, ezinbesteko eskakizuna da espetxean daudenek berek edo haien senideek baliabide ekonomikorik ez izatea. Alderdi hori behar bezala egiaztatu beharko da, eta, nolanahi ere, gizarte-langilearen aldeko txostena beharko da.
3.– Laguntzaren zenbatekoa hileta-gastuen kostua izango da, gehienez 3.000 euro.
Salbuespenez, kopuru hori gainditu ahal izango da izaera humanitarioko aparteko inguruabarrak daudenean, betiere espetxe-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak baimena ematen badu aldez aurretik.
12. artikulua.– Irteera programatuak eta irteera terapeutikoak, tratamendu-jarduera espezifikoetarako.
1.– Prestazioak barne hartzen du Espetxeen Erregelamenduaren 114. artikuluaren araberako irteera programatuak eta espetxeko langileek egiten dituzten irteera terapeutikoak egiteak dakartzan gastuak ordaintzea, baldin eta tratamendu-batzordeak programatu eta espetxe-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko organo eskudunek nahiz epaitegi epai-emaileak, espetxean daudenen kasuan, onartu badituzte irteerok, dagokionaren arabera.
Kapitulu diruz lagungarri honetan ez dira sartuko askatasun-gabetutakoen tratamenduan Espetxe Administrazioarekin lankidetzan aritu ohi diren entitate laguntzaileek, erakundeek edo boluntarioek egiten dituzten irteera programatuak eta irteera terapeutikoak.
2.– Tratamendu-batzarrak programatutako irteerek, irteeraren plangintzarekin batera, gastuen aurrekontu erantsi bat eramango dute, onar dadin.
3.– Diruz lagunduko den zenbatekoak barne hartuko ditu garraio publikoaren, materialen, elikaduraren eta ostatuaren gastu guztiak, bai eta museo, ikuskizun edo bestelako jardueretarako sarrerak ere.
13. artikulua.– Sariak.
1.– Prestazioak barne hartzen du Espetxeen Erregelamenduaren 263. artikuluan jasotako eta eduki ekonomikoa duten espetxean daudenentzako sariak ordaintzeak dakartzan gastuak ordaintzea. Besteak beste, honako hauek aipatzen dira:
a) Ikasteko bekak eta material didaktiko-kulturala, hala nola koadernoak, karpetak, errotuladoreak, hiztegiak, liburuak, CDak eta bestelakoak.
b) Kirol-jolaserako materiala: kirol-oinetakoak, kamisetak, kirol-jertseak, kirol-prakak, kirol-poltsa eta bestelakoak.
c) Sariak eskudirutan.
d) Aurrekoen antzeko beste edozein sari, erregelamenduzko aginduekin bateraezina ez bada.
2.– Sariak jaso ahal izateko, ezinbesteko eskakizuna da jokabide ona, lanerako gogoa eta pertsonen portaeran erantzukizunaren zentzua erakusten duten ekintzak egitea, bai eta establezimenduan antolatzen diren jardueretan parte-hartze positiboa izatea ere.
3.– Laguntzaren zenbatekoa gehienez 300 eurokoa izan daiteke espetxean preso dagoen bakoitzarentzat. Gehieneko muga gainditu behar den salbuespen-egoeretan, espetxe-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak baimena beharko du aldez aurretik.
14. artikulua.– Aukerak-en prestakuntzarako pizgarriak.
1.– Era berean, askatasun-gabetutakoek trebakuntza eta erantzukizun pertsonaleko ekintzetan parte har dezaten sustatzeko, pizgarri ekonomiko zuzenak eman ahal izango zaizkie Aukerak-Gizarteratzeko Euskal Agentziak sustatutako lanbide-heziketako edo enplegurako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei.
2.– Pizgarri horiek jaso ahal izateko, gainera, honako hauek behar dira:
a) Emandako prestakuntzaren eskola-orduen % 75era joan izana, gutxienez. Ez da saririk emango prestakuntza-ekintzan borondatezko baja ematen denean edo ehuneko horretan parte hartzen ez denean. Bertaratze-ehunekoari dagokionez, ez dira kontuan hartuko justifikatutako arrazoiengatik joan ez izana, eta Tratamendu Zuzendariordetzak egiaztatutako edozein hitzordu pertsonal saihetsezintzat hartuko da.
b) Ikastaroa behar bezala aprobetxatzea, hau da, prestakuntza-helburuak eta prestatzaileak agindutako zereginak betetzea.
c) Portaera egokia izatea, bai prestatzailearekin, bai ikastaroko gainerako parte-hartzaileekin.
d) Ez izatea izapidetzen ari diren diziplina-zehapenik edo bete gabeko zehapen irmorik.
e) Jokabide pertsonal egokia izatea bere espetxeratzearen gainerako esparruetan.
f) Kontzeptu beragatik beste pizgarri bat jaso ez izana edo jasotzeko eskubiderik ez izatea, eta aurretik egindako prestakuntza-ekintza bat ez izatea, gainditu ez bada izan ezik. Aldi berean bi prestakuntza-ekintza edo gehiago eginez gero, pizgarri bakarra jasoko du, iraupen luzeeneko prestakuntza-ekintzari dagokiona.
3.– Saria kalkulatzeko kontuan hartuko dira prestakuntza-orduen kopurua, bertaratze-ehunekoa gainditzea eta prestakuntzaren arrakasta edo ebaluazio positiboa, honako baremo honen arabera:
(Ikus .PDF)
III. KAPITULUA
EMATEKO PROZEDURA
15. artikulua.– Laguntza asistentzialak, espetxetik ateratzeko laguntzak, dokumentazio-gastuak eta hileta- eta ehorzketa-gastuak.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera arautuko da 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan jasotako laguntza asistentzialak, espetxetik ateratzeko laguntzak, dokumentazio-gastuak eta hileta- eta ehorzketa-gastuak emateko prozedura.
2.– Onuradun izan daitezkeenek eskatuta hasiko da, eta ekitaldi ekonomiko osoan aurkeztu ahal izango dira.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu ahal izango da EAEko espetxeetan, eta, horretarako, zentro horiek eskabide-inprimakiak emango dituzte. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako beste bitarteko batzuen bidez aurkeztea.
3.– Espetxeratutako pertsona dagoen espetxeko gizarte-laneko sailari dagokio prozedura izapidetzea eta kudeatzea.
4.– Laguntzak emateko, nahitaezkoa izango da erreferentziako gizarte-langilearen aldeko txostena, honako hauek zehazten dituena: estalduraren beharra, horiek ordaintzeko baliabide propiorik edo hirugarrenik ez izatea eta diruz lagundu beharreko gastuaren aurrekontua. Horretarako, gizarte-langileak laguntza eskatu ahal izango dio espetxeko administrazio-bulegoari.
Ohiz kanpoko kasuetan, baldin eta egiaztatzen bada, zailtasun edo ezintasun pertsonalagatik, onuradunak ezin izango duela izapidetzen ari den laguntza behar bezala erabili edo kudeatu, eta laguntza hori bete nahi den helbururako erabiltzea arriskuan egon daitekeela, gizarte-langilearen txostenak inguruabar hori jasoko du, eta, hala badagokio, hirugarren pertsona edo gizarte-erakunde jakin bati ordaintzea proposatuko du, baina horrek ez du ekarriko dirulaguntzen titulartasuna edo onuradun-izaera aldatzea.
5.– Hortz-protesien, ortopedikoen, betaurrekoen, audifonoen, hortz-tratamenduen, Gizarte Segurantzak edo Osakidetzak estaltzen ez dituen tratamendu mediko eta farmakologikoen gastuei dagozkien laguntza asistentzialen kasuan, medikuaren aldeko txostena beharko da, tratamendua preskribatzeko beharra eta osasun-sistema publikoek estaltzen ez dutela adierazteko.
6.– Espetxeko gizarte-laneko sailak, laguntza emateko beharrezko eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, ebazpen-proposamena helaraziko dio espetxeko zuzendaritzari, eta zuzendaritza hori izango da ebazteko organo eskuduna.
16. artikulua.– Irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera arautuko da irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak emateko prozedura.
2.– Espetxeak ofizioz hasiko du, tratamendu-batzordeak onartu duen irteera terapeutikoaren edo programatuaren proposamena ikusita. Proposamen horrekin batera, irteeraren plangintza eta, hala badagokio, gauzatu edo diruz lagundu beharreko gastuaren aurrekontua aurkeztuko dira.
3.– Tratamendu-batzordearen erabakia laguntza emateko ebazpen-proposamena bera izango da, eta espetxeko zuzendaritzari helaraziko zaio, bera izango baita ebazteko organo eskuduna.
4.– Espetxeko zuzendaritzak laguntza emateari buruzko ebazpena emango du, Eusko Jaurlaritzako organo eskudunak irteera programatua edo terapeutikoa edo parte-hartzaileena baimendu arte itxaron beharrik gabe, baina baimen horren baldintzapean.
Azkenean irteera baimentzen ez bada edo proposatutako pertsonetako bati baimen ematen ez bazaio, emakida-ebazpenak eraginkortasuna galduko du, edo ordaindu beharreko zenbatekoa murriztuko da, edo, hala badagokio, egikaritu ez dena itzuliko da.
17. artikulua.– Sariak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera arautuko da sariak emateko prozedura.
2.– Espetxeratutako pertsona dagoen espetxeko diziplina-batzordeak ofizioz emango dio hasiera.
3.– Diziplina-batzordeak, dirulaguntza emateko beharrezkoak diren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntza emateko erabakia hartuko du. Bertan zehaztuko dira eduki ekonomikoko sari-mota eta horren irismena, eta tratamendu-batzarrari helaraziko dio.
4.– Tratamendu-batzordeak, diziplina-batzordeak erabakitakoa aztertu ondoren, sariei buruzko ebazpen-proposamena helaraziko dio espetxeko zuzendaritzari, eta zuzendaritza horrek izango du ebazteko eskumena.
18. artikulua.– Aukerak-en prestakuntzarako pizgarriak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera arautuko da Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentziaren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik pizgarriak emateko prozedura.
2.– Prozedura ofizioz hasiko du espetxeak, prestakuntza-jarduera horretako parte-hartzeari buruz dauden partaidetza-datuak ikusita.
3.– Dirulaguntza emateko, Aukerak, Gizarteratzeko Euskal Agentziako prestakuntza-kudeatzailearen aldeko nahitaezko txostena beharko da, ikasleek prestakuntza-ekintza horietan duten parte-hartzeari eta aprobetxamenduari buruzkoa.
4.– Txosten hori ikusita, tratamendu-batzordeak, onuradunei laguntzok emateko eskakizun galdagarriak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, pizgarriak emateko ebazpen-proposamena egingo du, eta espetxeko zuzendaritzari helaraziko dio, hori baita ebazteko eskumena duen organoa.
19. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Espetxeko zuzendaritzari dagokio laguntza-modalitateak ebaztea.
2.– Ebazpen hori, onuradunari ez ezik, hauei ere jakinaraziko zaie: gizarte laneko sailari, baldin eta ebazpena ezezkoa bada; tratamendu-batzordeari, 12., 13. eta 14. artikuluetako laguntzen kasuan; eta, nolanahi ere, espetxeko administrazioari, ordain dezan.
20. artikulua.– Errekurtsoak.
Espetxeko zuzendaritzak laguntzak emateko edo ukatzeko emandako ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio espetxe-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
IV. KAPITULUA
ORDAINKETA, JUSTIFIKAZIOA ETA KONTROLA
21. artikulua.– Laguntzak kudeatzea eta ordaintzea.
1.– Eskakizunak betetzeak ahalmena ematen dio Administrazioari laguntza emateko, baldin eta aurrekontu-baliabideak horretarako aukera ematen badu.
2.– Dagokion espetxeko administrazioak aginduko du laguntza ordaintzea, espetxeko zuzendaritzak erabakitako ebazpenaren jakinarazpena jaso bezain laster.
3.– Onuradunaren diru-kontuan egin ahal izango da ordainketa, edo eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izango zaio onuradunari.
4.– Salbuespenez, eta gizarte-langileak proposatuta, hirugarren pertsona bati edo gizarte-erakunde bati ordaindu ahal izango zaio emandako zenbatekoa, gastua behar bezala gauzatzen dela bermatzeko, baldin eta egiaztatzen bada onuradunarentzat ezinezkoa edo zaila dela prestazioa helburu horretarako erabiltzea. Kasu horietan, espedientean jaso beharko da hirugarrenari ordain dakion onuradunak emandako baimena, eta, edonola ere, eskakizun hori bete beharko da laguntza emateko.
5.– Aurreratutako funtsen erregimenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretua hartuko da kontuan. Funts horien gehieneko zenbatekoa, lege-testu horren 15.2 artikuluari jarraikiz, 5.000 eurokoa da egun, diruzaintzaren arloan eskumena duen sailaren arabera.
6.– Egindako ordainketaren frogagiria espedientean jasoko da, bai diru- edo banku-kontura egindako transferentziaren frogagiriarekin, bai interesdunaren edo gastua egin duen bitartekariaren ordainagiriarekin.
22. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunen betebeharrak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan adierazitakoak dira.
23. artikulua.– Justifikazioa.
1.– 8.1, 9.1.f), 9.1.g), 9.1.h), 10.1 eta 11.1 artikuluetan aipatutako gastu diruz lagungarriak justifikatu egin beharko ditu interesdunak, haren familiak edo gastuaren betearazpenaren bitartekariak, jatorrizko fakturak aurkeztuta, edo, hala badagokio, egiaztagiriak aurkeztuz, edo, ezin bada, gastua egin izanaren benetakotasunaren eta zehaztasunaren zinpeko aitorpenaren bidez. Gastua egin eta gehienez hilabeteko epean aurkeztuko zaizkio faktura eta/edo egiaztagiri horiek espetxeko administrazioari.
2.– 9.1.a), 9.1.b), 9.1.c), 9.1.d) eta 9.1.e) artikuluetan aipatutako gastu diruz lagungarriek espetxetik ateratzean laguntzea beste helbururik ez dute izango. Beharrezko gastuen aurrekontua gizarte-langileak kalkulatuko du laguntza-espedientean, merkatuko ohiko prezioen arabera, eta, beharrezkoa izanez gero, administrazio-bulegoaren laguntza erabiliko du. Kalkulatu, onartu eta ordaindu ondoren, ez da beharrezkoa izango egindako gastuaren egiaztagiri fisikoak edo fakturak aurkeztea.
3.– 12.1, 13. eta 14.1 artikuluetan aipatutako gastu diruz lagungarriak tratamendu-batzarreko idazkaritzak justifikatuko ditu, jatorrizko fakturak edo gastuaren egiaztagiriak, edo, hala badagokio, sarien eta pizgarrien onuradunek jasotako zenbatekoen egiaztagiria/ordainagiria aurkeztuta. Gastua egin eta gehienez hilabeteko epean aurkeztuko zaizkio faktura eta/edo egiaztagiri horiek espetxeko administrazioari.
24. artikulua.– Kontrola eta jarraipena.
Diruz lagundutako programan jasotako jarduerak gauzatzeko, espetxe-gaietan eskumena duen sailak zehaztutako kontrola, egiaztapena, jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egin beharko da, hargatik eragotzi gabe Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eskumenak.
Laguntzen, sarien eta pizgarrien aplikazioak, garapenak, irismenak eta inpaktuak EAEko espetxeetako biztanleengan izango duen eragina ebaluatzeko, sexuen arabera bereizitako datuak lortuko dira, eta generoagatiko diskriminazioa eragin dezaketen aldagaiak adieraziko dira.
25. artikulua.– Erantzukizuna eta zehapen-araubidea.
Dirulaguntzaren onuradunak xedapen hauetan ezarritako erantzukizunen eta zehapen-araubidearen mende egongo dira, dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei dagokienez: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen IV. titulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IX. tituluko II. kapitulua.
26. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako laguntzaren bat itzultzeko prozedura bat hasi behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.
2.– Baldin eta onuradunak ez badu emandako dirulaguntza eskatu zen xederako erabiltzen, dirulaguntza eragin zuen jarduera egiten ez badu, eskatutako helburuetarako erabili duela justifikatzen ez badu edo, oro har, 20/2023 Legean, dekretu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak konplitzen ez baditu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, emandako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, horretarako ezarritako prozedurari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Xedapen honen bidez onartzen da espetxean daudenei, baldintzapean aske daudenei eta batzuen zein besteen senideei laguntza asistentzialak, irteera programatuak eta terapeutikoak egiteko laguntzak eta espetxean daudenei sariak eta pizgarriak emateko deialdia, 2024ko ekitaldi honetarako.
2.– Dekretu honetan jasotzen dira urteko deialdi honen oinarri arautzaileak.
3.– Dekretu honetan 2024ko ekitaldirako aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko, hirurogeita hamabost mila (75.000) euroko ordainketa-kreditua aurreikusi da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.) (10 1413 13 451 22/0569).
4.– Ordainketa-kreditu horretan finkatutako zenbateko osoa ondoz ondo handitu ahal izango da, espetxean daudenen gizarte-premiak diruz laguntzeko funtsak agortu ez daitezen; horretarako, aurrekontu-aldaketak egin beharko dira aldez aurretik. Gehieneko zenbatekoa % 100era arte handitu ahal izango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horretarako, ez da beste deialdirik egin beharko, ez eta eskabideak aurkezteko beste epe bat hasi ere. Eskabideak aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.