Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

50. zk., 2024ko martxoaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1233

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Amurrioko (Araba) AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialari» buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko azaroaren 2an, Amurrioko Udalak «Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialaren» ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko azaroaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Amurrioko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

«Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partziala» (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, haiek ingurumenerako ondorio esanguratsuak izan ditzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, bat etorriz II.C eranskinean ezarritako irizpideekin.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialaren» ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Amurrioko HAPOko AI.16 Ugartebetxi SR-1 jarduketa integratuko eremuaren antolamendu xehatua ezartzea. 30.020 m2-ko bizitegi-eremua da, eta Nerbioi ibaiaren ibilguaren eta Ugartebetxi auzoaren artean dago.

Bizitegi-lurzoruaren antolamenduak dentsitate txikiko eraikuntza-tipologia bat du oinarri, babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) ezartzen diren lurzatia izan ezik; sektorearen hegoaldeko lurzati horretan, etxebizitza kolektiboko tipologiakoa izango da. Bizitegi-lurzorua hamabost (15) lurzatitan banatuta dago; guztira, berrogeita lau (44) etxebizitzatarako tokia dago, honela banatuta:

– Familia bakarreko etxe isolatua: 12 etxebizitza libre (BS+1 S+TS).

– Bi bizitzako etxe: 22 etxebizitza libre (BS+1 S+TS).

– BOE erregimeneko etxebizitza kolektiboko eraikin bat: 10 etxebizitza (BS+2 S).

Bizitegi-egikaritzako unitateak 16.495,00 m2-ko azalera du, eta 6.598 m2 (t)-ko eraikigarritasuna esleitu zaio.

Ekipamendu pribaturako, «Campo errota» errota-etxea (Kerejeta errota) erabiliko da, eta 268,75 m2 (t)-ko eraikigarritasuna esleituko zaio.

Berdeguneak ibaiaren ertzean egongo dira, hain zuzen ibaiaren eta bizitegi-garapenaren artean. Oinezkoentzako bide bat egitea aurreikusten da, AC19 Artzubiagako (lehengo BEU-4) oinezkoentzako bidezidorrarekin eta sektoreko bideekin lotzeko, arrapala baten eta harmailadi baten bitartez. Espazio libreen eremuaren azalerak: 3.951,00 m2 (tokiko sistema) eta 6.786,00 m2 (sistema orokorra).

Bizitegi-eremuaren barneko ibilgailuentzako bidegintzarako, norabide bikoitzeko galtzadak, espaloiak eta lineako eta bateriako aparkalekuak (hegoaldeko muturra) egingo dira, eta kale-argiak, paperontziak, hiri-altzariak eta abar jartzea aurreikusten da.

Proiektatutako ur-hornidurako sarea amaraun motakoa da, eta proiektatutako eraztunak lehendik daudenekin itxiko dira. Planari erantsitako ziurtagiriak egiaztatzen du baliabide eta azpiegitura nahikoak daudela AI16. Ugartebetxi SR-1 sektorerako aurreikusitako eskaria bermatzeko.

Ahal den guztietan, bide publikotik egingo dira saneamendu-sareko eroanbideak; hori ezinezkoa denean, lurzatien barrutik egingo dira eroanbideak, lurzatiaren mugarekiko paraleloa den zerrenda eraikiezinean kokatuta.

Sektoreko hondakin-urak tratatzeko, hondakin-uren araztegi bat jarriko da, aldi baterako konponbide gisa. Nerbioi ibaiaren goi-arroa saneatzeko kolektoreen proiektuan aurreikusitako sarea abian jarri ostean, sare orokorrera lotuko da sektoreko saneamendu-sarea. Ordura arte, Landako kaletik zehar igarotzen den udal-kolektorera isuriko da araztegia, oinezkoentzako pasealekuaren azpitik igaroko den kolektore bat eginda, AC19 Artzubiagan.

Errota-etxerako (ekipamendu pribatua), araztegi indibidual bat egin behar da, eraikin horri bakarrik zerbitzua emateko; izan ere, ezinezkoa da errota-etxea sektoreko araztegira lotzea, hura dagoen kontuan hartua. Araztegi hori husteko, ponpatzeko ekipo bat eta kanalizazio-adar baliatuko dira; adar hori sektoreko hustuketa-kolektorearekin lotuko da.

Euri-urak husteko, bide publikoaren azpian euri-urak biltzeko sare bat jartzea proiektatu du, sareta-hustubidez osatua. Jarriko diren hustubideen artean 50 m-ko distantzia egongo da gehienez; hoditeriaren maldak proiektatutako bideen sestretara egokituko dira, eta hustubide bakoitza kutxatila-hareagailu batera konektatuko da (kutxatila-hareagailu bakoitzak dagokion erregistro-putzuarekin egingo du hargunea, edo antzeko soluzioren bat erabiliko da). Sareak, amaiera-puntuan, Nerbioi ibaira isuriko du, Ugartebetxi kalean biltzen den ura izan ezik, AC19 Artzubiagako kolektorera isurtzen baitu. Sektorearen ekialdean, iragazketa-eremu bat egongo da drainatze jasangarriko hiri-sistema gisa.

Energia elektrikoz hornitzeko, sektorearen hegoaldea zeharkatzen duen erdi-tentsioko aireko linea lurpeko beste batekin ordeztea aurreikusten da. Horretarako, metalezko dorre bat jarriko da, kableatua hortik jaitsiko da, eta ondoren aire zabalera altxatuko dira sektorearen mendebaldean.

Betelanak egitea aurreikusten da Planean; hartara, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanaren gainetik kokatuko da auzunea, 100 urteko uholde-orbana errespetatuz hasierako egoeran. Planaren arabera, betelanen bolumena 18.500 m3-koa izango da.

Planean jasota dago errota-etxeari atxikitako eraikina eraistea, bai eta Ugartebetxi kaleko 14. eta 28. zenbakietan daudenak ere. Ugartebetxi kaleko 16. zenbakiko eraikina (Planaren arabera lurreratzekoa zen), eraitsi egin da, sute batek kalteak eragin ondoren arriskuan zegoen eta.

Aztertutako aukerak:

Ingurumen-dokumentu estrategikoak bi aukera proposatzen ditu, 0 aukeraz gain.

– 0 aukera egungo egoerari eustean datza. Egoera horrek eragotzi egingo luke era koherentean betetzea Amurrioko hiri-lurzoru finkatuaren eta B-4 bizitegi-erabilerako egikaritze-unitatearen arteko espazioa, eta ez lioke helduko egungo eraikin zaharkituetan egin beharreko esku-hartzeari, ez eta sektoreko irisgarritasuna hobetzeari ere.

– 1. aukerak Amurrioko Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualean proposatutako antolamendu bat jasotzen du, hain zuzen bizitegitarako lurzoru urbanizagarriaren SAPUR 8 sektoreari dagokiona. Antolamendu hori behin betiko onartu zen Amurrioko Udalaren 2015eko otsailaren 5eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eta 2015eko martxoaren 27ko (ostirala) ALHAOn argitaratu zen, 37. zenbakidunean.

– 2. alternatiba bat dator Planean proposatzen denarekin, eta, 1. aukerak bezala, hauek egitea aurreikusten du: tokiko sistemen zuzkidurak, espazio libreen sistema orokor bat, ekipamendu kolektibo bat, eta erregimen pribatuko eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea; era berean, Errota Etxea ekipamendu gisa baliatzea aurreikusten du, bai eta Nerbioi ibaira hondakin-urak isurtzeari uztea ere, gaur egun egiten diren isurketak amaitzeko. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Planaren proposamenak etxebizitza kopurua handitzen du 1. aukeraren aldean, aukera horrek adinako azalera bideratuta hiri-lurzatietarako eta eraikigarritasunerako; hortaz, optimizatu egiten dira garatzeko baliabideak, lurraldearen okupazioa eta azpiegituren nahiz espazio libreen funtzionamendua.

2. aukera jotzen da onentzat, eta, beraz, aukera hori garatu da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ondorioztatzen da planak ez diela eragiten Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Planak baldintzatzaileak ditu, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duen proiektu bat etorkizunean baimentzeko (urbanizazio-proiektua). Hala ere, udal-mailan eremu txiki baten antolamendu xehatua ezarri baino ez du egiten Planak.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Planak Amurrioko AI16 Ugartebetxi SR-1 sektorearen eremua soilik zonakatzen du xeheki, eta Amurrioko HAPOn jasotako zehaztapenak gordetzen ditu. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako kontsiderazioak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake. Planean aurreikusita dago Nerbioi ibaiaren ibilguaren ondoko espazio libreen antolamendua, eta jasota dago iragazketa-eremu bat barne egongo dela drainatze jasangarriko hiri-sistema gisa. Adierazi behar da ezen, 2021ean Ugartebetxiko gaineko pasabidea eraistea pentsatu bazen ere, egungo Plan Partzialak hari eustea eta haren baldintzak hobetzea aurreikusten duela.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, arlo hauetan batez ere: uholde-arriskua eta kultura-ondarea babestea, bai eta kutsadura akustikoa, hondakin eta isuriak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena ere.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Amurrioko hiri-ehunaren ekialdean dago, Nerbioi ibaiaren eta Ugartebetxi auzoaren artean. Hiri-inguruko 30.020 m2-ko eremua da, zati handi batean eraikinik gabea; nekazaritza- eta abeltzaintza-erabileretarako baliatzen da zati batean, hala nola belardietarako eta baratzeetarako.

Eremua Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoan barnean dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barnean. Demarkazio horren barruan, Nerbioi I ur-masaren arroan dago (Kodea: ES052MAR002690). Planaren eremuan ez dago azaleko ur-ibilgurik, baina Nerbioi ibaiaren eskuineko ertza dauka mugakide. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren 2022-2027 Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroak Landa Errota jasotzen du, urari lotutako kultura-ondarearen elementu gisa. Amurrioko udalerriko 20. Ustezko Zona Arkeologikoa da: Campo errota, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpen bidez izendatua.

Eremua metakin alubialen, tuparri-kareharrien eta tuparrien gainean dago; lursaila laua da gehienean, Nerbioi ibaiaren alubialean duen kokalekuari dagokion bezala. Desnibel txiki bat du I-H norabidean (3 metro ingurukoa), eta 8 metrokoa E-M norabidean.

Alderdi hidrogeologikoa aztertuta, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Mena-Urduńa lurpeko masaren gainean dago eremua, eta zati batean bat dator Mena-Urduńa Kuaternarioko sektorearekin. Eremua hidrogeologia-intereseko leku batean dago.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, eta eragin antropogeniko handia dela eta, eremuko landaredia hauek osatzen dute: landare erruderal nitrofiloak eta harizti azidofilo eta harizti / baso misto atlantikoko zerrenda bat, Nerbioi ibaiaren ertzeko landaretza gisa; geoEuskadiko landarediaren kartografiak adierazten du baratzeak eta fruta-arbolak daudela okupatu beharreko lurretan.

Esparruan dagoen fauna hiri-periferiako berezko espezieek osatzen dute, batez ere deskribatutako landarediari lotutakoek.

Eremuan ez dago naturagune babesturik, interes geologikoko lekurik edo beste katalogo batzuetako espaziorik (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekia eta LAGetan jasotako natura-intereseko guneen zerrenda). Ingurunean ez dago intereseko lekurik, hezeguneei edo korridore ekologikoei dagokienez. Era berean, aztergai den eremuan ez dago arriskuan dauden fauna- eta flora-espezieen berri, eta ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik.

Paisaiari dagokionez, eremua Amurrioko ikuspen-arroaren barruan dago, zeina oso arruntzat jotzen baita, eta oso paisaia-balio txikia du. Ez dago EAEko Paisaia Berezi eta Bikainen Katalogoko inongo ikuspen-arro katalogatutan.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanen eraginpean dago eremua, eta, era berean, baso-suteak izateko arrisku handia identifikatu da, Nerbioi ibaiaren ibaiertzeko zuhaitz-landarediari lotuta. Ez da bestelako ingurumen-arriskurik hauteman. Izan ere, eremuaren ezaugarriek ez dute bat egiten IHOBEren lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuekin, ez dator bat GeoEuskadiko lurzoruen higadura hidrikoaren mailaren maparen arabera higagarritasun-maila handia duten lurzoruekin, ez da sismikotasunetik eratorritako arriskurik identifikatu, ez eta Seveso establezimenduetatik gertu egoteagatik edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko edo oso handiko eremuak egoteagatik; era berean, ez da arriskurik identifikatu salgai arriskutsuak trenbidez garraiatzeagatik, eta salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearen ondoriozko arriskua oso txikia da.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterlanak ondorioztatzen du Planaren eremuan kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla kanpoko espazioan, hala gaur egun, nola aurreikusi den etorkizunean. Etorkizuneko eraikinen fatxadetan, eguneko aldi guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak betetzen dira; beraz, ez da neurri zuzentzailerik aztertu beharrik izango.

Obra-fasean, Plana garatzeak ekar ditzakeen ondorioak urbanizazio-obrekin eta bizitegi-eraikin berrien eraikuntza-obrekin daude lotuta. Obra horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, baliabideak kontsumitzea, lurrak mugitzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea, lurrazaleko eta lurpeko uren kalitateari eta lurzoruei eragiteko arriskua –partikulak arrastatzeagatik eta ustekabeko isurketengatik–, paisaiari eragitea eta abar. Horiek guztiak Ugartebetxi auzoaren alboko hiri-moduko eremu batean jazoko dira.

Nahiz eta Nerbioi ibaiaren ibilgua eta ibaiertzeko landaredia zuzeneko jarduketa-eremutik kanpo dauden, badago elementu horiek ukitzeko arriskua, eremuaren egoera hidraulikoa hobetzeko aurreikusitako lur-mugimenduak eta betelan-lanak egiten diren bitartean.

Bestalde, Campo errotari dagokionez (Ustezko Zona Arkeologikoa), elementu hori antolamenduan finkatuko da, eta ekipamendu pribaturako erabiltzea aurreikusten da, aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

Ustiapen-fasean, berriz, eraginak bizitegi-garapen berriaren paisaia-inpaktuarekin lotuta egongo dira, bai eta baliabide- eta energia-kontsumoa handitzeak eta eremuko mugikortasuna areagotzeak eragindako afekzioekin lotuta ere.

Hidrologiaren ikuspegitik, 10, 100 eta 500 urteko uraldiek eragiten diote partzialki Planaren eremuari. Arrisku horri dagokionez, eta aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, betelan batzuk egitea aurreikusten da; betelan horiei eta Campo errotaren alboko eraikinak eraisteari esker (Ugartebetxi kaleko 14. eta 16. zenbakiak, hurrenez hurren), eremuaren egoera hidraulikoa hobetuko da, eta auzunea 500 urteko uholde-kotaren gainetik geratzea lortuko da.

Amurrioko Udalak igorritako dokumentuen artean, Uraren Euskal Agentziaren (Ura) txostena dago, 2021eko martxoaren 15ekoa, orduko SAPUR-8 sektoreko jabeen elkarteak helarazitako eskaerari erantzuteko egindakoa. Jabeen elkarteak eskatzen zuen sektorearen urbanizazio-jarduketak eta Landako kaleko zubia ordezteko lanak bereizteko, eta baldintzatzaile horren ordez azterlan honetan deskribatutako hobekuntza hidraulikoko jarduketak ezartzeko: «Nerbioi ibaiaren azterketa hidraulikoa eguneratzea Amurrioko SAPUR-8 sektorearen aurrealdean». Jarduketa hauek biltzen zituen azterlan horrek: betelanak egitea eraiki beharreko eremuan, errotaren ondoko bi eraikin kentzea eta Nerbioi ibaiaren bi ertzak lotzen dituen oinezkoentzako pasabide bat eraistea.

Azterlan hidrauliko hori analizatuta, Uraren txostenak ondorioztatu zuen proposatutako jarduketek nabarmen murrizten dutela Nerbioi ibaiaren tarte horren uholde-arriskua; izan ere, sektoreko betelana egingo den kota uholde-arriskuko eremutik kanpo geratzen da, eta urbanizazioaren xede diren betelanek ez dute areagotzen uholde-arriskua.

Geroago, Nerbioi ibaiaren gaineko Ugartebetxiko pasabideari eustea erabaki zen, eta beste azterlan hidrauliko bat egin: «Amurrioko AI16 Ugartebetxi SR-1 sektorearen aurrealdean (lehenago, Arau Subsidiarioetan definitutako SAPUR-8) Nerbioi ibaiaren azterketa hidraulikoa eguneratzeko azterlana aldatzea», 2023ko maiatzekoa.

Azterlan berri honek bi eraikin eraisteko aukera aztertzen du (errota zaharrari atxikitakoa eta errota zaharraren eraikinetik hurbil dagoena), lehendik dagoen pasabidea eta errotaren eraikina mantenduta. Bada, azterlan berriak ondorioztatzen du pasabidea dagoenean uzteak ez dituela nabarmen okerragotzen baldintza hidraulikoak eta uholde-arriskua. Urari kontsulta eginda espediente horren prozeduran, ateratako ingurumen-ondorio nagusiak txosten honen 3. apartatuan jaso dira.

Indarrean dagoen planteamenduaren aldean Planaren ondorioz egon daitezkeen eraginak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik. Kontuan hartuta aurretik adierazitakoa, zein den eremuaren egungo egoera, Planetik eratorritako jarduketak eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa, ez da espero jarduketa horietatik inpaktu esanguratsurik sortuko denik ingurumenean, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, uholde-arriskuari, urei, kultura-ondareari, natura-ondareari, obretako zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa– eta obrak mota horretako jarduketetarako jardunbide egokien arabera garatzen badira; horrela jokatuz gero, eraginak txikiak izango dira.

3.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta «Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialari» ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira Planean.

Neurri babesle eta zuzentzaileak hauen arabera gauzatuko dira: indarrean dagoen araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpenean ezartzen direnak, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren abenduaren 22ko Ebazpenean ezarritako neurriak (ebazpen horren bidez, Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten da), eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan jasotakoa.

Beraz, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu, besteak beste:

Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.

Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo haren babes-eremuetan dagoen jarduketa orotarako, arroko erakundearen aldez aurreko administrazio-baimena beharko da; Uraren Euskal Agentzian izapidetuko du baimen hori.

Planetik eratorritako jarduketek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideekin (plan hidrologiko hori urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Mińo-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako Espainiako alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak).

Era berean, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan adierazitakoa.

Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Planean (44. artikulua) eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean (E.4 apartatua) ezarritakoaren arabera, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek, ahal den neurrian, drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), jariatze-uren emaria egungo egoerari dagokion balioa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko, egoki husteko edo kalterik ez eragiteko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialak Amurrioko 20. Ustezko Zona Arkeologikoari eragiten dio: Campo errota, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpen bidez izendatua.

Ukitutako eremu arkeologikoaren mugaketaren barruan (errota-etxearen eraikina, kanala eta kuboa) edozein lur-mugimendu egiteko, aldez aurretik txostena eman beharko du Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak.

Gainera, berehala jakinarazi beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari proiektuaren edozein aldaketa egiten bada, baldin eta aldaketa horrek eragin arkeologikoa izan badezake, edo lanak egiten diren bitartean edozein aurkikuntza arkeologiko egiten bada.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Aurreikusitako erabileretarako eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira eraikinaren barnean, erabileren eta eraikin motaren arabera. Fatxadaren isolamenduek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Hargatik aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Intereseko landaredia babesteko neurriak: obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duen landaredia, bai eta inausketen eragina jasan dezaketen zuhaitzak ere, moztu ez ditzaten. Zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den eremuetan ez da landaredirik moztuko, ez garbituko. Arreta berezia jarriko zaio Nerbioi ibaiaren ibaiertzeko landaredi autoktonoa babesteari.

• Betelanak egiteko baldintzak: kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da (APM/1007/2017 Agindua, urriaren 10ekoa, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa).

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada eraitsi beharreko eraikinetan, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak (Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak) ezarritakoa bete beharko da, eta baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa ere (Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).

Neurriak ezarriko dira obrak egin bitartean solidoak lurrazaleko uretara ahalik eta gutxien iristeko, esate baterako, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, ibilgutik urrun. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen eskuliburu hori. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energia gutxiago kontsumitzea eta/edo halako energia gutxiago sortzea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barnealdeko kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten «Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partzialak» ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Amurrioko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, «Amurrioko AI.16 Ugartebetxi SR-1 eremuaren Plan Partziala» onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarriko den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 20a.

Zuzendaria falta izanik, eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala