50. zk., 2024ko martxoaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 2 orri.)
- EPUB (177 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1221
EBAZPENA, 2024ko otsailaren 24koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko urriaren 8ko Aginduaren 1. eranskineko IRG-III eredua aldatzekoa. Agindu horren bidez gas-erregaien erabilerari zein banaketari eta ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriei buruzko Arautegi teknikoarekin loturiko arauak eman ziren.
Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatu eta hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenarekin lotutako zenbait zerga neurri eta bestelako neurri ez-tributarioak ezartzen dituen maiatzaren 21eko 8/2015 Legeak funtsezko aldaketa bat sartu du gas naturala hartzen duten instalazioen ikuskapen-araubidean; izan ere, gaitutako gas naturala instalatzen duen edozein enpresatara zabaldu du aipatutako instalazioen ikuskapenak egiteko aukera; orain arte, aldiz, ikuskapen horiek enpresa banatzaileen bidez bakarrik egin zitezkeen.
Gas-erregaien erabilerari zein banaketari eta ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriei buruzko Arautegi teknikoarekin loturiko arauak ematen dituen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko urriaren 8ko Aginduak 2. eranskinean jasotzen ditu gasa hartzeko instalazioei buruz aldizka egin behar diren ikuskapenetan eta berrikuspenetan erabili beharreko dokumentuek jaso beharreko datuak. Dokumentu horiek nahitaez jaso behar dituzten datuen artean ez daude gas naturalaren enpresa instalatzaile gaituak identifikatzeko datuak; izan ere, orain, enpresa horiei baimena ematen zaie gas naturala jasotzen duten instalazioak ikuskatzeko, eta gabezia horrek 2. eranskina aldatzeko beharra dakar. Era berean, egokitzat jotzen da 1. eranskineko gasa jasotzen duen instalazio indibidualaren ziurtagiriaren edukia hobetzea eta eguneratzea.
Aipatu 2007ko urriaren 8ko Aginduak, azken xedapenetako bigarrenean, arloko eskumena duen zuzendariari ahalmena ematen dio agindu harekin batera doazen eranskinak aldatzeko edo dokumentu berriak gehitzeko.
Otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 13. artikuluan dio industria-segurtasunaren arloko eskumena Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokiola.
Aipatutako lege-xedapenak eta aplikazio orokor eta bateragarrikoak aztertuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aldatu egiten da Gas-erregaien erabilerari zein banaketari eta ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriei buruzko Arautegi teknikoarekin loturiko arauak ematen dituen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko urriaren 8ko Aginduaren 1. eranskina, gasa hartzen duen instalazio indibidualaren ziurtagiriaren IRG-III ereduak izan behar duen gutxieneko edukiari dagokionez bakarrik.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 24a.
Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.