Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2024ko martxoaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1155

348/2024 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Kirurgia ortopediko eta traumatologiako (Hausturetako Atala) Atal Sanitarioko Buru lanpostu bat betetzeko, lehiaketaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan Kirurgia ortopediko eta traumatologiako (Hausturetako Atala) Atal Sanitarioko Buru lanpostua hutsik dago. Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komunean, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan, Osasun zerbitzuetako estatutupeko pertsonalaren Estatutu Markoaren abenduaren 16ko 55/2003 Legean eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek lanpostu hori lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du. Hona hemen horretarako oinarriak

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskabideak aurkezteko epeko azken egunean baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea edo Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan estatutupeko langile finkoa izatea, eta jarduneko zerbitzuan egotea edo A1 lanbide-taldeko kategoria bateko lanpostua erreserbatzea dakarren beste administrazio-egoera batean egotea.

b) Medikuntzako lizentzia eta Kirurgia ortopedikoa eta traumatologia espezialitatearen titulu akademikoa edukitzea.

c) Gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea Kirurgia ortopedikoa eta traumatologiako FEM bezala.

2.– Deialdia argitaratzea.

Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.

3.– Eskabideak aurkeztuko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara (Gurutzetako Plaza 12, 48903 Barakaldo) bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpena dagokien Aldizkari Ofizialetan argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. Artikuluan xedatzen den moduan aurkeztu ahalko dira.

Interesdunek eskabidea Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara bidali beharko dute, datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako Curriculum Vitaearekin batera.

Dokumentazioa honelakoa izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile finkoaren izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua (Lanpostu Funtzionalen Dekretuaren arabera).

– Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, deialdia EHAAn argitaratu zen eguneko kategoria zein den adierazita.

– Bete nahi den ataleko kudeaketako memoria-proiektua.

– Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Zuzendaritza Gerentziak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko du Osakidetzaren webgunean, eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du.

Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, interesdunei eskatuko zaie, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenaren bidez, ikusitako akatsak zuzen edo nahitaezko dokumentuak bidal ditzaten hamar egun balioduneko epean, eta, jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betiko.

5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera.

Erreklamazioak egiteko edota eskabideetako akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Zuzendaritza Gerentziak, ebazpen baten bidez, prozesuan onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda eta Balorazio Batzordearen osaera argitaratuko ditu, aurreko paragrafoan adierazitako toki beretan. Aipatutako ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari. Horretarako hilabeteko epea izango da, ebazpena webgunean argitaratzen den egunetik aurrera. Era berean, prozesuko izangaiei ebazpen honen berri emango zaie.

Balorazio Batzordeko burua zuzendari medikoa izango da eta kide hauek izango ditu: zuzendariorde medikoa, Langileen zuzendariordea edo, hala badagokio, Langileen zuzendaria (idazkari gisa jardungo du eta bozkatzeko ahalmena edukiko du). Horiek denak nahitaez izan beharko dira estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-legepeko kontratudun finkoak, deialdian eskainitako lanpostuaren titulazio-maila berekoak.

Esandakoak ez ezik, beste hiru batzordekide izango ditu batzordeak (bat IVAPek izendatua), hirurak ere izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitate berekoak, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-legepeko kontratudun finkoak, eta, horrez gain, deialdian eskainitako lanpostu funtzionalaren hierarkia-maila berekoak edo goragokoak.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, haren lekua har dezan aurrekoak huts eginez gero. Ordezkoak kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. Beharrezkoa izanez gero, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko mendekotasunari kalterik egin gabe.

Balorazio Batzordearen osaerak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoaren arabera, egoerak hala ahalbidetuz gero. Batzordearen osaera orekatutzat joko da, sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, gutxienez.

Batzordea osatzen duten pertsonek ez dute jardungo baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada, eta hala jakinarazi beharko diote deialdia egin duen agintaritzari. Halako kasuetan, prozesuan parte hartzen duten pertsonek errekusatzea eman ahalko dute edozein unetan, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15etik 24ra bitarteko artikuluetan zehaztutako arauei egokituko du bere jarduna.

Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena izango dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira.

Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, izangaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta oinarriotan jasotako merezimendu-baremoari jarraituta.

6.– Hautaketa-prozedura.

Izangaien merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

a) Kudeaketako memoria-proiektua eta defentsa.

Balorazio Batzordeak deialdi sinesgarria egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren aurkezpen publikoa egin dezaten. Deialdi hori 72 ordu lehenago egin beharko da gutxienez, eta izangaien agerraldiaren eguna, tokia eta ordua adierazi beharko da. Gainera, deialdi horren iragarki bat argitaratu beharko da Osakidetzaren webgunean.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuak publikoki azaldu aurretik, Balorazio Batzordeko kideek haiei eragin diezaieketen abstentzio- edo errekusazio-arrazoiak aztertuko dituzte, eta deialdia egin duen organoari jakinaraziko dizkiote.

Ondoren, izangai bakoitzari dei egingo zaio proiektuaren azalpena eta defentsa egin dezan. Gero, elkarrizketa bat egingo da, eta, horren bidez, Balorazio Batzordeko kideek galderak egingo dituzte proiektuan jasotako alderdiei buruz, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa eta elkarrizketa publikoak izango dira.

Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa amaitutakoan, Balorazio Batzordeak puntuak emango dizkio izangai bakoitzari, deialdiaren oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Merezimenduen balorazioa.

Balorazio Batzordeak hautagai bakoitzaren merezimenduen balorazioa eta puntuazioa egingo du, deialdiaren oinarrietan xedatutakoaren arabera. Atxikiriko eranskinetan jasotzen da buruzagitzako lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa.

c) Akta eta izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan, zehazki jaso beharko da epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta hori ez ezik, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat ere jaso beharko da aktan, beste ataletako puntuazio xehatuaz gain.

d) Izendapena.

Izendatua izateko, prozesu osoko gehieneko puntuazioaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta haren aurkezpena baloratzeko atalerako finkatutako gehieneko puntuazioaren erdia, nahitaez.

Bestalde, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren aldeko Balorazio Batzordearen proposamena jasoko da aktan.

7.– Prozeduraren ebazpena.

Hautagaiek aurkeztutako proiektuak eta curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Zuzendaritza Gerentziari, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde, eta, proposamenean, modu xehatuan adierazi beharko ditu baremoaren epigrafe bakoitzean hautagaiek lortutako puntuazioa. Ez badago deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen dituen hautagairik edo hautagaiek ez badute lortu eskatutako gutxieneko puntuazioa, deialdia hutsik uztea proposatuko du Balorazio Batzordeak. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

Zuzendaritza Gerentziak, proposamena aztertuta, ebazpen bat emango du proposatutako hautagaia deialdiko lanpostua betetzeko izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da:

a) Ez da izangairik aurkeztu.

b) Ez dago deialdiko oinarrietako eskakizunak betetzen dituen izangairik.

c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.

Aurreko a) apartatuaren kasuan, Zuzendaritza Gerentziak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartu ondoren utz dezake hutsik deialdia, izapide gehiagorik egin gabe.

Interesdunei izendapenaren Ebazpenaren berri emango zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.

8.– Esleipenaren ondorioak.

Atalburu-lanpostua aldi baterako izendatuko da, lau urterako, eta epe hori luzatu ahal izango da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen (uztailaren 21eko EHAA 138. zk.) 28. artikuluaren hirugarren arau komunean ezarritakoaren arabera.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena dagozkion aldizkari ofizialetan azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Barakaldo, 2024ko otsailaren 13a.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentea,

MARÍA LUZ MARQUÉS GONZÁLEZ.

ERANSKINA

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Kirurgia ortopediko eta traumatologiako (Hausturetako Atala) Atal Sanitarioko Buru lanpostua betetzeko deialdiaren merezimenduen baremoa.

Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

I.– Proiektua eta bere defentsa (gehienez, 30 puntu).

Izangaiek dagokion zerbitzuaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko dizkiete.

Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:

Zerbitzua kudeatzeko memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).

Kudeaketako memoria-proiektuan atal hauek garatu beharko dira, gutxienez:

a.1.– Antolamenduarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (gehienez, 3 puntu).

Zerbitzuaren organigrama, buruzagitza-lanpostuaren funtzioak eta hari atxikitako gainerako lanpostuen funtzioak adierazita. Zerbitzuaren loturak ESIko beste atal/zerbitzuekin.

Zerbitzuko buruzagitzaren kudeaketa-plana, antolamendu-helburuak definituta, hobekuntzako arloak detektatu eta aztertuta, eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako giza baliabideak, materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromisoa edo plana.

a.2.– Atal asistentziala (gehienez, 10 puntu).

Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.

Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.

a.3.– Irakaskuntzari, ikerketari eta berrikuntzari lotutako atala (gehienez, 2 puntu).

Zerbitzuko irakaskuntza, eta ikerkuntza planifikatzeko proposamena.

Memoria-proiektuaren ahozko azalpena Balorazio Batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).

Proiektua defendatzeko orduan, argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, bai eta haren punturik nabarmenenak azaltzeko gaitasuna ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da, proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuta eta proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena kontuan hartuta.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Lan esperientzia (gehienez, 13 puntu.).

– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzu eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

– Administrazio publiko sanitarioen zuzendari gisa edo zuzendariorde mediko gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0.1000 puntu.

Kontuan hartuko dira, lan-esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia-erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakoan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainerako estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Ondorio horietarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Prestakuntza kudeaketaren arloan (gehienez, 3 puntu).

Osasun-kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita Osakidetzak edota beste edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:

– 20 eta 30 ordu bitartean: 0,2000 puntu.

– 31 eta 50 ordu bitartean: 0,3000 puntu.

– 51 eta 100 ordu bitartean: 0,4000 puntu.

– 101 eta 200 ordu bitartean: 0,5000 puntu.

– 200 ordu baino gehiago: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu).

– Doktore-titulua: 3 puntu.

– Cum laude doktore-titulua: 4 puntu.

– Graduondoko masterra: 2 puntu.

– Unibertsitateko aditu- edo espezialista-titulua: 1 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1 puntu.

– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,1000 puntu.

Ez dira baloratuko doktoretza-ikastaroak, baldin eta hauetako bat lortzeko balio izan badute: doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik.

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 1 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,5000 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehengo egilea): 1 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehengo egilea): 2 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehengo egilea): 1 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 1 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 0,5000 puntu.

– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko) 0,2500 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (organo eskudunak emandako izendapen-urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (ordu bakoitzeko): 0,0500 puntu.

III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.


Azterketa dokumentala