Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2024ko martxoaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
1124

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 20koa, Trafiko zuzendariarena, 2024. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 18. artikuluan ezartzen duenaren arabera, trafiko arloko agintaritzak dauka trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean, edo ingurumenarekin lotutako arrazoiak daudenean. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, besteak beste, 37 eta 39. artikuluetan neurri horietako batzuk zehazten ditu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, arau hauek ezartzen dutenaren arabera: urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoari trafikoari eta ibilgailuen zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitzen dionak, bere eranskinaren B.1.g) atalean; eta urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak, 17.3.d) artikuluan.

Ebazpen honen bidez trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-taldetarako, bide-segurtasuna, mugikortasuna eta zirkulazioaren arintasuna eraginda gerta daitezkeen egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuta, esaterako EAEko jaiegunen egutegia, asteburuak, oporren hasierako edo amaierako aldiak, jai-zubiak edo zirkulazioaren gainean eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zirkulazio-murrizketak.

2024. urterako EAEn, hemen zerrendatzen diren zirkulazio-murrizketak ezartzen dira:

1.– Kirol-probak, bizikleta-martxak eta bestelako ekitaldiak.

Azaroaren 21ean 1428/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Zirkulazio Erregelamendu Orokorrak 55. artikuluan eta II. eranskinean xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde arduradunek ez dute inolako kirol-probarik edo bestelako ekitaldirik baimenduko (lehiaketa izan ala ez izan), ezta horien aldeko txostenik emango ere, baldin eta kirol-proba edo ekitaldi horiek egiteko, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan, hiriarteko bide publikoetan, galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte.

Salbuespen gisa, honako kirol-proba, bizikleta-martxa eta bestelako ekitaldi hauek baimendu ahal izango dira:

– Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) edo horren antzeko nazioz gaindiko erakundeek antolatzen dituzten nazioarte mailakoak.

– Bi baldintza hauek batera betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioengatik ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea eta, probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

– Hauteskunde-prozesuekin bat datozenak, baldin eta bozkatzeko eskubidea bermatzen bada, hauteslekuetarako sarbidea erraztuz, eta probara bertaratzeko nahiko agente badaude.

2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

2.1.– Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Akordioaren (ADR) arabera, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuek zirkulatzea debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, zirkulazioaren edozein noranzkotan, ondoko egun eta orduetan:

– Igande eta jaiegunetan (EAE osoan) 08:00etatik 24:00etara eta

– Jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

Era berean, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murriztapenen eraginpean egongo dira, salbu eta egunak igandeak, jaiegunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

2.2.– Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

2.3.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak, Espainiar lurraldeko errepideetan zehar salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituenak, 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera eta Salgai Arriskutsuen Nazioarteko Errepide Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, ondoko ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

A) Amaierako erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten diren joan-etorrietan: ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari zein trafikoaren arintasunari begira. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.

Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, nahitaez erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

B) Bestelako joan-etorrietan: joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS– barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek nahitaez erabili beharko dituzte beren ibilbideetan.

Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik martxaren noranzkoan eta hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen bigarren atalean xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.

SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, edo garraio-enpresa dagoen lekura sartzeko, betiere ADRn zehaztutako segurtasun- eta babes-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

2.4.– Aurreko puntuetan xedatutakoa ez da aplikatuko, baldin eta zama mota, kopurua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.

3.– Salgaien garraiorako ibilgailuak edo ibilgailu-taldeak, beren gehieneko masa baimendua (GMB) edo ibilgailu-taldearen gehieneko masa baimendua (ITGMB) 7.500 Kg-tik gorakoa denean.

3.1.– Ibilgailuaren GMB edo ibilgailu-taldearen ITGMB 7.500 kg baino gehiagoa bada, ibilgailu horiek zirkulatzea debekatuta daukate, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.

3.2.– Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuen zirkulazioari.

4.– Zirkulazio baimen osagarria behar duten ibilgailuak (beren ezaugarri teknikoengatik edo garraiatzen duten zamaren ezaugarriengatik) eta zirkulazio baimen osagarria behar ez duten ibilgailu bereziak.

4.1.– Ibilgailuek, beren ezaugarri teknikoak edo garraiatutako zama direla-eta, legez ezarritako gehieneko masak edo neurriak gainditzeagatik zirkulatzeko baimen osagarria behar badute (abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartutako Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren 14. artikulua), debekaturik izango dute bide publikoetatik zirkulatzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan:

– Igande eta jaiegunetan (EAE osoan) 08:00etatik 24:00etara eta

– Jaiegunen bezperetan (EAE osoan), larunbatak ez badira, 16:00etatik 24:00etara.

Era berean, ibilgailu horiek ebazpen honen II. eranskinean jasotako zirkulazio-murriztapenen eraginpean egongo dira, salbu eta egunak igandeak, jaiegunak edo jaiegunen bezperak (larunbatak ez direnak) badira.

4.2.– Zirkulazio baimen osagarririk gabeko obra eta zerbitzuetako edo nekazaritza-makineriako ibilgailu bereziei ebazpen honen II. eranskinean jasotako murrizketak aplikatuko zaizkie.

4.3.– Hala ere, murrizketok ez zaizkie aplikatuko IV. eranskinean aipatzen diren gaiak garraiatzen edo eginkizunak burutzen dituzten ibilgailuei.

5.– Murrizketa osagarriak.

5.1.– Zirkulazio Erregelamendu Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeheren kasuan, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izan dadin beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

5.2.– Gainera, meteorologia fenomeno kaltegarriak gertatzen direnean (elurra, izotza, ikuspen eskasa behe-lainoa dela-eta, edo haize bortitza...), ibilgailu zehatzei ezar dakizkiekeen zirkulazio-murriztapenak eragotzi gabe, 3.500 kilo baino gehiagoko GMB duten kamioiek, autobusek, autobus artikulatuek eta ibilgailu-taldeek bideko eskuineko erreitik joan behar dute nahitaez. Ezin izango dituzte aurreratu, ezta aurrea hartu ere, abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

6.– Bideko obrak etetea.

Trafikoko operazio berezien egunetan eta ibilgailu asko batera mugitzen direnean trafikoak izaten dituen ezaugarri bereziak direla eta, trafikoaren arintasuna eta bide-segurtasuna hobetze aldera, Trafiko Zuzendaritzak eta eragindako bideen erakunde titularrak obrak eteteko koordinatuko dira VI. eranskinean ezarritakoaren arabera.

Hala ere, VI eranskinean jasotako egun eta orduetan obrak egin behar badira, bidearen erakunde titularrak obra horien berri eman beharko dio Trafiko Zuzendaritzari, behar bezala arrazoituta eta behar besteko aurrerapenez.

Bigarrena.– Baimen bereziak.

Ebazpen honetan mugatutako ibilbideetatik eta egunetan zirkulatzeko baimen bereziak eman ahal izango dira, bidaia bakar baterako edo aldi baterako. Baimen horiek emango dira premia nabarmena badago, ibilgailu eta aldi horietan zirkulatzeko ezinbesteko beharra dagoela justifikatu ondoren, Zirkulazio Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Baimen berezi horietan matrikula, ibilgailuaren edo ibilgailu-taldearen ezaugarri nagusiak, garraiatutako salgaia, eragindako bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

Hirugarrena.– Zehapenak eta kautelazko neurriak.

Ebazpen honetan dauden neurri arautzaileak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.

Era berean, trafiko-diziplina eta-zaintza arloko ardura daukan agintaritzaren agenteek ibilgailua bidetik kendu eta agindutako lekuan gordailuan utzi ahal dute. Neurri horiek ezarri ahal dira ibilgailuak zirkulazioa oztopatzen edo zailtzen duenean edo zirkulaziorako arriskutsua denean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bateginaren 105. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Laugarrena.– Zirkulazioaren murrizketak salbuespenez kentzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak ebazpen honetan ezarritako murrizketen eraginpeko ibilgailuei zirkulatzen utzi ahal die. Neurri hori salbuespenez hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta, ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

Neurri hori Trafiko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko da eta garraiolarien elkarte nagusiei edo horien antzekoei jakinaraziko zaie.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.

Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta zortzi egun baliodunera jarriko da indarrean eta 2024. urtean zehar egongo da indarrean. Dena den, indarraldia luzatuko da 2025. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpena indarrean sartu arte, I. eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 20a.

Trafiko zuzendaria,

ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala