45. zk., 2024ko martxoaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 17 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1104
AGINDUA, 2024ko otsailaren 22koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean Kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteentzako dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Sorgune).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien sustapen eta zabalkundearen gaineko eskumenak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat arbitratzea beharrezkoa ikusten da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko egiturak eta erak sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintza sustatzea. Baina halaber da xedea beren helburua artistei arreta ematea, lagun egitea eta arte- zein kudeaketa-kontuetan sortzen eta berritzen laguntzea duten ekipamenduei laguntzea, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatzearren, eta horiek, hartara, kultura-edukiak sortzeko sistemak berritzeko, eta artea egiteko era bereizgarri berriak azaleratzeko aukera ematearren, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotu egingo da. Labur esanda, dirulaguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-sorkuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa berrikuntza-inguruetan.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita (2021eko otsailaren 18an onartua eta 2023ko urtarrilaren 26an aldatua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren agindu bidez), sailaren beraren webgunean argitaratua: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/
Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz), laguntza-araubide hori ez zaio Europako Batzordeari jakinarazi behar, eta barne-merkatuarekin bateragarria da Tratatuaren 107. artikuluaren 3. apartatuari jarraiki, aipatutako 651/2014 Erregelamenduaren 53. artikuluko eta I. kapituluko baldintza guztiak betetzen baititu. Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da kultura-sorkuntza artistikoa sustatzen eta babesten duten titulartasun pribatuko kultura-gune independenteak kudeatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuei laguntzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzea eta horien deialdia egitea.
Espazio horiek zuzkidura, azpiegitura eta egitura egokiak izan behar dituzte proiektu espezifikoak antolatzeko, sortzaileek beren sorkuntza eta ekoizpen artistikorako prozesuak garatu ahal izateko espazioak, baliabideak eta laguntza erraztuko dituztenak. Beste ezeren aurretik sortzaile eta gizartearekin topaguneak sustatu beharko dituzte. Gainera, berrikuntzarako orientazioa, talentua hautemateko eta babesteko lanak, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurukoekin harremana eskaini beharko dituzte eta kulturara eta adierazpen artistikora bideratutako sorkuntza-guneak behintzat izan beharko dituzte.
2. artikulua.– Proiektuen betekizunak.
1.– Proiektuak kultura-sektore edo arte disziplina hauetako bati edo batzuei lotuak izan beharko dute nahitanahiez: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.
2.– Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2024ko urtarrilaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean. Proiektuek 2024an hasitakoak izan beharra dute.
3.– Proiektuek onartutako aurrekontuaren % 20ko autofinantzaketa izan beharko dute gutxienez, halakotzat hartuta jatorri publikoetatik ez datorren diru-sarreren frakzioa eta onartutako aurrekontutzat 6. artikuluaren arabera araztutako aurrekontua, hala dagokionean.
3. artikulua.– Sorkuntzarako kultura-guneek bete beharreko baldintzak.
Sorkuntzarako kultura-gune independentetzat hartzen dira nagusiki (= % 80) kulturara eta adierazpen artistikora bideratutako sorkuntza eta sormena sustatzea helburu duten titulartasun pribatuko espazioak, bai eta ikerketa, berrikuntza eta esperimentazioa ere. Hori guztia beste gune batzuekiko sare lan testuinguru batean kokatu beharko da, sortzaileak ingurunearekin duen harremanean eta hazkunde artistikoan lagunduko duena.
Guneok ezaugarri hauek guztiak izan beharko dituzte:
– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.
– Sormen, ikerketa eta esperimentazio kultural artistikoko proiektuak egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea; beraz, proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren guneak eta baliabide teknikoak izan beharko dituzte.
– Higiezina sorkuntzarako-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea eskatzailearena izatea.
Oinarri hauen xedetik kanpo geratzen dira:
– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.
– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.
– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.
– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.
– Kultura-artekaritza helburu duten guneak.
4. artikulua.– Diru-baliabideak eta dirulaguntza hauen mugak.
1.– Dirulaguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 560.000 eurokoa da.
2.– Proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza gehienez 120.000 eurokoa izango da, proiektuaren aurrekontu onartuaren % 70 ez badu gainditzen, betiere.
5. artikulua.– Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
1.– Deialdi honetan dirulaguntza jaso ahal izateko, pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte agindu hau argitaratzen denetik proiektua amaitu bitartean:
a) Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoa betetzen duten sorkuntzarako kultura-guneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:
– Higiezinaren jabetza-titulua izatea.
– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako errentamendu-kontratuaren arabera. Kontratu horrek proiektua osorik gauzatzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.
– Edozein tituluren bidez, higiezinaren kudeaketa edo ustiapena bere alde lagata izatea. Lagapen horrek proiektua osorik egikaritzearekin bateragarria den iraupena aurreikusi beharko du.
b) Gunea kultura-sorkuntzarako, -ikerketarako eta -esperimentaziorako erabiltzea.
2.– Eskabidea aurkezteko unean bertan eta proiektua amaitu bitartean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.
3.– Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan ezarritakoa bete beharko da.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
4.– Ezingo dituzte agindu honetako dirulaguntzak jaso:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkerria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana indarrean izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpenari edo sexuan oinarritutako jazarpenari aurre hartzeko eta aurka egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.
b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideak.
c) Titulartasun publikoa duen sorkuntzarako kultura-gune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek.
d) Berreskuratzeko agindu baten menpe diren enpresak, Europar Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
e) Krisi egoeran dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31-07-2014). Termino hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. paragrafoan dago zehaztua.
f) Dirulaguntzen araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honi dagokionez, diruz lagundutako jarduera motari erantzuten dioten gastuak izango dira lagungarriak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan, laguntzak emateko ebazpenean eta haren aldaketetan ezarritako epean gauzatzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatu-balioa baino handiagoa. Diruz lagun daitezkeen gastuek, halaber, 2014ko ekainaren 17ko Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53.artikuluak eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa bete beharko dute.
a) Zuzeneko gastuak: kudeaketa, zuzendaritza, teknikari, administrazio, garbiketa, mantentze edo antzekoen pertsonal gastuak.
b) Zeharkako gastuak.
– Espazio ez-propioak alokatzeak, barruko eta/edo kanpoko espazioak erabiltzeak eta ekipamenduak, makinak eta altzariak alokatzeak eragindako gastuak, betiere eskatzailearen ohiko jarduerarako ez badira.
– Kultura-gunea mantentzeko gastuak, betiere kontzeptu horiengatik onartutako aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez bada eta, nolanahi ere, proiektua garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatzen bada.
– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.
– Material eta ondasun suntsikorrak.
– Gainerako zeharkako gastuak.
c) Jarduera gastuak:
– Sorkuntzarako kultura-gunearen jarduera gastuak (egoitzak, ostatuak).
– Prestakuntzarako, ezagutza transmititzeko, ikerketa/esperimentaziorako gastuak.
– Lankidetza-proiektuen, lurralde-proiektuen, erkidego-proiektuen edo sareko proiektuen gastuak.
2.– Onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, jardueraren zenbatekoaren % 80ra arte, azpikontratu guztien prezioak batuz. Nolanahi ere, muga % 60koa izango da exekuzio hori diruz lagundutako jarduerari buruzko epigrafean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridikoekin azpikontratatzen bada.
Kanpoan geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuak.
3.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 30/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
4.– Ezingo da diruz lagundu daitekeen gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuradunak zerga horren aitorpena egin behar badu. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa frogagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
5.– Sorkuntzarako gunean ostatatutako proiektuen ekoizpenari dagozkion kostuak eta inbertsio-gastuak ez dira diruz lagunduko.
7. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, dirulaguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, 14. artikuluan ezarritako izizpideen arabera proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunek prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte bitarteko elektronikoak eta aurrez-aurrekoa erabiliz, administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta daudenak izan ezik. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen bide hori erabiltzera prozeduraren hurrengo izapideetan, eta edozein unetan alda daiteke.
Pertsona juridikoek, aldiz, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte administrazio-prozeduraren izapideak egiteko.
3.– Hala nahi duten pertsona fisikoek ahal dela aurrez aurre aurkeztu ditzaketa eskabideak Zuzenean Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta soilik. Horretarako, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro laguntzaileetan sartu ahal izango dira (Ekainaren 20ko Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa, 91/2023 Dekretuaren 100. eta 101. artikuluetan jasotakoak). Eskabide-eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031714
4.– Halaber, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1031714
Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak barne, honako helbide honetan egingo dira: «Nire karpeta», EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.
EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak pertsona edo erakunde eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, elektronikoki edo paperean. Horretarako, ordezkaritza ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean. Nolanahi ere, izapideak bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera behartuta dagoen interesdun bat ordezkatzen dutenean.
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren aurreko puntuan adierazitako helbideetan dira eskuragarri.
7.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
9. artikulua.– Eskatutako baldintzak egiaztatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
a) Pertsona fisikoak izanez gero: eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzea.
b) Pertsona juridikoa izanez gero.
b.1.– Administrazio honetako erregistroetan dauden erakundeak eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden eta ez dute erregistro horren agiririk aurkeztu beharrik izango.
b.2.– Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute bere nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena honako dokumentazio honen bitartez:
– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmenaren egiaztagiriak.
c) Pertsona fisikoak nahiz juridikoak:
– Kultura-sorkuntzarako gunea kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Sorkuntzarako-guneari eta proiektuari dagokien dokumentazioa.
– Sorkuntzarako kultura-guneak dituen baliabide eta azpiegiturak 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 14.1.A), B) eta C) artikuluan zehaztutako irizpideak baloratu ahal izateko beharrezkoa den informazioa.
– Azalpen-memoria, deskarga daitekeen inprimaki-ereduari jarraituz.
– Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak jasotzen dituena, bai eta 14.A.c) artikuluan ezarritako irizpideak behar bezala baloratzeko diru-sarreren aurreikuspena ere, horretarako deskarga daitekeen ereduari jarraituko zaio.
– Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdien egiaztagiriak aurkeztu ahal izango dira, 14. artikuluko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen direnak.
3.– Erabilitako kanalaren, presentzialaren edo elektronikoaren arabera, aurkeztu beharreko dokumentuek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Deskarga daitezkeen ereduei jarraituko zaie, eta ereduok eskuragarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza elektronikoan eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan.
b) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.
c) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
d) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileek eskubidea dute administrazio publikoen esku diren datuak eta agiriak ez aurkezteko. Kasu horretan eskaeran adierazi beharko da zein administrazio-organoren aurrean eta noiz aurkeztu ziren agiri horiek.
10. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Abenduraren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluak xedatutakoaz bat, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, zeina eskabidearekin batera aurkeztu beharko baita:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
– Erakundeak ez izatea dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez egotea horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkerria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).
– Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plana izateko betebeharra duten enpresek berdintasun-plana indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana.
– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan xedatutakoetan.
11. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.
12. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Eskabideak izapidera onartzeko dokumentuak falta edota dokumentuetan akats formalak dituela hautemanez gero, orobat hura baloratzeko aipatutako dokumentuei akatsik antzemanez gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko dokumentuak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela; horren berri ebazpen baten bidez jakinaraziko zaio.
2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre egiten badute aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaie eta ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen datatzat.
13. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta denean, batzordekide adinekoenak ordezkatuko du.
– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren 3, 4 edo 5 bokal, Kulturako sailburuordeak izendatuta.
2.– Batzordeko idazkari-lanak, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua.
Era berean, gai zehatzak aztertzeko balorazio-batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartutako eta jorratu beharreko gaiari buruz jantziak diren pertsonak, eta hitza izango dute, baina botorik ez.
3.– Balorazio-batzorderako izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
4.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa beteko.
5.– Balorazio-batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabili ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.
6.– Balorazio-batzordeari dagokio arestiko artikuluetan eskabideak onartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzea, bai eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea ere, 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.
7.– Batzordeak adostuko ditu onartzeko/ez onartzeko proposamena, eta, esleipen-irizpideetan oinarrituta eskaera ebaluatu ondoren txostena egingo du eta bertan azalduko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak.
8.– Balorazio-batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egoki ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.
9.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta proposamen hori onuradun gisa proposatu direnei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean laguntza onar dezaten. Hamabost eguneko epean berariaz onartu ezean, dirulaguntzari uko egin diotela ulertuko da.
14. artikulua.– Hautatzeko eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.
1.– Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu, eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak.
A) Lehenengo fasea: gunearen kalitatea eta interes publikoa, eta aurrekontuaren egokitzapena. Gehienez 70 puntu. Baloratuko da:
a) Sorkuntzako kultura-gunearen eta proiektuen kalitatea. Gehienez 30 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:
a.1.– Sorkuntzarako kultura-gunearen azpiegiturak, baliabide teknikoak, giza baliabideak eta materialak, eta eskaintzen dituen zerbitzuak (0-10 puntu).
a.2.– Bertan ostatatutako sormen-proiektuen kalitatea, interesa eta haien diziplinartekotasuna (0-10 puntu).
a.3.– Ibilbidea eta EAEko kultura-sorkuntzako sareen barnean duen berezitasun maila, beste inork artatzen ez dituen beharrei erantzuteagatik (0-10 puntu).
b) Gunearen interes publikoa. Gehienez 20 puntu emango da. Hauek hartuko dira kontuan:
b.1.– Kontuan hartuko dira guneak sortzaileentzat sarbiderako, erabilerarako eta parte hartzeko ezarritako baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena, e.a.), bai eta onuradunen dibertsitatea eta kopurua. Sarbidea zenbat eta irekiago izan, zenbat eta erabiltzaile kopurua handiagoa eta dibertsitate handiagokoa izan orduan eta hobeto baloratua izango du (0-10 puntu).
b.2.– Inguru hurbilarekiko uztardura. Sorkuntzarako kultura-guneak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak, publikoak sortzeko garatzen dituen politikak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, formazioa, jakintzaren trasmisioa, parte-hartzea) balioetsiko dira (0-10 puntu).
c) Aurrekontuaren egokitasuna. Gehienez 20 puntu emango dira. Hauek hartuko dira kontuan:
c.1.– Jarritako enpresa-baliabideak (0-5 puntu).
c.2.– Proiektuak duen kalitate-prezio erlazio egokitasuna (0-5 puntu).
c.3.– Bestelako finantzaketa erakartzeko gaitasuna (0-10 puntu).
Lehenengo fase honen balorazioan gutxienez 45 puntu lortzen ez dituzten eskabideak deialditik kanpo utziko dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuko.
B) Bigarren fasea: nazioartekotzeari egindako ekarpena, euskararen erabilera, genero-politikak. Gehienez 30 puntu. Hauek baloratuko da:
a) Sortzaileak nazioartekotzeko, sareetan eta trukaketa harremanetan integratzeko, nazioarteko proiektuetan parte hartzeko eta nazioarteko adituekiko lankidetzan jarduteko egiten duten ekarpena (0-10 puntu).
b) Euskararen erabilera. Gehienez 10 puntu emango dira.
b.1.– Guneak bere erabiltzaileei eskaintzen dizkien zerbitzuak (0-5 puntu). Euskaraz eskaintzen diren zerbitzuen ehunekoarekiko proportzionala izango da puntuazioa.
– < % 15: 0 puntu; % 15 eta < % 30 artean: puntu 1; % 30 eta < % 45 artean: 2 puntu; % 45 eta < % 60 artean: 3 puntu; % 60 eta < % 80 artean: 4 puntu eta = % 80:5 puntu.
b.2.– Ostatatutako proiektuetan euskararen erabilera (0-5 puntu). Euskara lan hizkuntza duten proiektuen ehunekoa guztizko kopuruarekiko. Baremo hau aplikatuko da:
– < % 15: 0 puntu; % 15 eta < % 30 artean: puntu 1; % 30 eta < % 45 artean: 2 puntu; % 45 eta < % 60 artean: 3 puntu; % 60 eta < % 80 artean: 4 puntu eta = % 80:5 puntu.
c) Sortzaileen baitan gizon eta emakumeen arteko genero-desberdintasunei heltzeko berariazko politikak gauzatzea. Gehienez 10 puntu esleituko dira.
c.1.– Gizonezko eta emakumezko sortzaileen artean genero-desberdintasunak ezabatzeko diseinatutako prestakuntza-, mentoring, ahalduntze- eta abarretarako egitasmoak (0-5 puntu).
c.2.– Ostatatutako sormen-proiektuetako genero-paritatea (0-5 puntu).
– 5 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatatzen dituzten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, 0,4 eta 0,6 bitartekoa bada.
– 0 puntu esleituko zaizkie proiektuei, baldin eta ostatu duten proiektuetako parte-hartzaileen sex-ratioa, paritatetik aldenduagoa bada.
Aurreko bi faseetan ezarritako baremoaren guztizko puntuaziotik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira aintzat hartu proposamena egiteko orduan.
C) Azkenik, 65 puntu nahiz gehiago lortu duten proiektuak baloratuko dira berrikuntza mailaren arabera, gehienez 20 puntu. Sorkuntzarako gunearen beraren barne-kudeaketako prozesuetarako proposatzen den berrikuntza (gehienez 10 puntu) nahiz guneak denbora-tarte horretan aurreikusitako eduki eta proiektuetarako proposatutako berrikuntza (gehienez 10 puntu) baloratuko da.
a) Kudeaketako barne-prozesuak. Gehienez 10 puntu.
a.1.– Badute berrikuntza kudeatzeko sistema ziurtatua: UNE 166.002, edo horren fede ematen duen beste edozein kanpo-ziurtagiri. 10 puntu.
a.2.– Ziurtagiririk gabe bada era, froga dezakete berrikuntza sistematizatuta daukatela beren kudeaketan, ikuspegi estrategiko zein operatibotik aztertuta: 7 puntu.
a.3.– Berrikuntza ez sistematizatuta ez ziurtatuta izanagatik ere erakundearen funtsezko faktorea da. (5 puntu). Gutxienez hiru betekizun hauetatik bi bete behar ditu:
– Barne-taldea: badira bertan doktoreak edo I+G+b proiektuetan jardundako graduondoak (beste erakunde batzuetan izanagatik ere).
– Sarritan hartu du parte (ez tarteka) berrikuntza sustatzeko programa publikoetan, dela europar proiektuetan (Creative Europe), estatu mailakoetan, Eusko Jaurlaritzarenetan (KSI Berritzaile, Hazitek eta abar), dela aldundi zein udalenetan.
– Berrikuntza beren jarduera-ardatz duten nazioarteko / Europa mailako sareetan parte hartzea.
a.4.– Azken hiru urteotan unean-unean ekin zaio berrikuntzari, horretarako aukera izan denean. 3 puntu.
a.5.– Ez da berrikuntzarik aurreikusten. 0 puntu.
b) Aurreikusitako eduki eta proiektuak. 10 puntu. Proiektua berritzailetzat hartzeko honako hiru bloke hauetan guztietan jaso behar dituzte puntuak:
b.1.– Dagoeneko existitzen denaren aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena izatea (4 puntu):
– Berritasun disruptiboa: proiektua ez da beste inon gauzatu, edo Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat zeharo berria izatea (4 puntu).
– Berritasun nabarmena: gunean lehenago gauzatu izan diren proiektuen aldean berritasun edo hobekuntza nabarmena dakarren proiektua (2 puntu).
– Berritasun ez-esanguratsua: proiektuak ez dakar ez berritasunik, ez hobekuntza esanguratsurik gunean lehenago gauzatu izan direnen aldean (0 puntu). 0 puntu baino gehiago biltzen ez duen eskabideak ez du aukerarik izango hurrengo irizpideak ez zaizkio baloratuko.
b.2.– Dagoeneko ezarrita eta erabilgarri izatea, edo horretarako egitasmoa aurreikusita izatea (2 puntu):
– Ezartzeko behar diren baliabideak argi asko definituta eta aurreikusita daude eta bat datoz proiektuaren beharrekin (pertsonak, baliabide teknikoak, finantzaketa, epeak, espero den balio-ekarpena) (2 puntu).
– Ezartzeko behar diren baliabideak aurreikusita daude, baina hobeto definitu beharra dago (puntu 1).
– Ez da aurreikusi zer baliabide behar diren ezartzeko (0 puntu).
b.3.– Balio ekonomikoa, soziala nahiz ingurumenarekikoa dakartenak (4 puntu):
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, gutxienez hiru alorretako bitan (4 puntu).
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmena, hiru alorretako batean (2 puntu).
– Ebidentziaz froga daitekeen eragin nabarmenik gabea hiru alorretan (0 puntu).
2.– 1.C). puntuko berrikuntza-kontzeptuen balorazioa 1A (1. Fasea) eta 1B (2. Fasea) puntukoei gehituko zaie.
3.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan 6. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak sartzen badira, gastu horiek araztu egingo dira, onartutako aurrekontu osoa zehazteko. Aurrekontu hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.
4.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 4.1 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ezta 4.2 artikuluan adierazi diren mugak baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute 6. artikuluan xedatutakoa. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko ondorengo formula erabiliko da:
SP = PO*DO/SUM(POi)
Non,
SP = Proposatutako dirulaguntza.
PO = Lortutako puntuazioa.
DO = Dotazioa (3.1 artikuluan ezarritakoa).
SUM(POi) = Balorazioa gainditu duten eskabideek guztira ateratako puntuak.
Proposatutako dirulaguntzen baturak aurreikusitako zuzkidura osoa agortzen ez badu, soberakina gainerako proiektuen artean banatuko da, proiektu bakoitzerako ezarritako zuzkidura ekonomikoa edo mugak agortu arte. Prozesu hori formula honen bidez zehaztuko da:
SO = SP + PO*DR/SUM(POi)
Non,
SO = Esleitutako dirulaguntza.
SP = Aurreko urratsean proposatutako dirulaguntza.
PO = Ateratako puntuazioa.
DR = Geratzen den zuzkidura (banatzeko geratzen den diru kopurua).
SUM(POi) = Diruz lagundu daitekeen gehienekoa lortu ez duten baina balorazioa gainditu duten proiektuek ateratako puntuazioen batura.
15. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Agindu honetan dirulaguntzei buruzko ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Organo kudeatzalearen proposamena ikusi ondoren.
2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei, gehienez, agindu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera. Ebazpen jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» bidez egingo da https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Horretaz gain, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan ezarritakoaren arabera. Interesatuari hainbat bidetik jakinarazten zaionean, lehenengo egin den jakinarazpen-data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Paperean egiten diren jakinarazpenek 39/2015 Legearen 42.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute. Artikulu honen arabera, paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren edo organismoaren egoitza elektronikoan, haien edukia bere borondatez eskuratu ahal izan dezan.
4.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, berariaz ebazteko duen betebeharretik.
5.– Ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
16. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu bat berari esleitutako dirulaguntza publiko guztien batura ezin izango da izan diru-sarrera guztien % 80 baino gehiago izan, aurrekontu onartuaren gutxieneko % 20ko autofinantzaketa maila beteko bada. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren frakzioa, eta, hala badagokio, aurrekontu araztua onartutako guztizko aurrekontutzat, 6. artikuluan oinarrituta. Gainfinantzaketarik badago, edo ezarritako gutxieneko autofinantzaketara ez bada iristen, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.
2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntzekin: ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko. Dirulaguntzak, berriz, izendunak, edota musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak, liburugintza, literatura eta Bitartez alorretako aginduen babesean emandakoak izan daitezke.
17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea.
b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu den baldintzetan garatzea.
e) Dirulaguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.
f) Onuradunak konpromisoa hartzen dute enpresa-deslokalizariorik ez egiteko 20/2023 Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
g) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.
h) Agindu honetan ezartzen diren betebehar eta baldintzak, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta dirulaguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere. Era berean, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42.artikuluetan jasotakoak.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (elektronikoki izapidetu beharra duten pertsonak halaxe egin beharko dute), dagokion zerbitzuaren bidez, baita Egoitza elektronikoan ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
2.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak ondoren zehazten den moduan ordainduko dira.
a) Lehenengo ordainketa. Dirulaguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igarota ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Bigarren ordainketa. Dirulaguntzaren % 30, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere 2025eko martxoaren 31 izanik justifikatzeko azken eguna. Proiektua gauzatu izanaren justifikazioa eta 2024ko aurrekontu onartuari dagozkion gastuen justifikazioa honela egingo dira:
– 2024. urtean diruz lagundutako jarduerari buruzko memoria zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.
– 2024. urtean ostatatuan dituzten proiektuen zerrenda, haiek berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta gizarte itzulkinaren arloan izandako lorpenak azalduta.
– 2024. urtean diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeak 2024an sorturiko gastua justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– 2024rako onartutako aurrekontua zuritzeko adinako gastua justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Ez da onartuko tiketekin justifikatzea.
c) Azken ordainketa. Gainerako % 20a dirulaguntza hurrengo artikuluan zehaztutako eran justifikatu ostean.
3.– Pertsona edo erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta obligaziodun pertsonak edo erakundeak zorra borondatezko aldian artatzen badu, edo atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakundeak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, abenduraren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen ildotik.
19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek, 2025eko abenduaren 15a izango dute justifikatzeko azken eguna, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
– Diruz lagundutako proiektuari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena, bereziki kudeaketaren berrikuntzan izandako aurrerapenak aipatuta.
– 2024-2025ean ostatatuan hartutako proiektuen zerrenda berrikuntzan, nazioartekotzean eta gizarte itzulkinean izandako lorpenak azalduta.
– Euskararen eta generoaren arloetan egindako ekintzen zerrenda eta haien balorazioa.
– Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko aurrekontu-exekutatua (gastuak eta diru-sarrerak), eskabidearekin onartutako aurrekontuarekin bat datorrena eta deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Diruz lagundutako proiektua gauzatu den epealdi osoan sorturiko gastuak justifikatzeko dokumentu guztien zerrenda, deskarga daitekeen ereduari jarraituz.
– Onartutako aurrekontu osoari dagozkion gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Ez dira tiketak onartuko. Kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.
– Ezer azpikontratatzen bada, hornitzaileen eskaintzak, eta, ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintzaren bat hautatu bada, erabaki hori berariaz justifikatzen duen memoria.
– Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinu bidezkoaren hizkuntza bertsio guztietako aleak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa espresuki adierazita.
– Beste administrazio edo erakunde publiko ezin pribatuek egindako ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena, xede eta helburu berarekin, 2024rako eta 2025erako. Onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu ere adierazi egin beharko du.
20. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
2.– Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 21eko 20/2023, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluak xedatutako betez.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.
1.– Onartutako dirulaguntza benetan garatutako dimentsionamendura egokitzeko eta behin betiko likidazioa egiteko, hasieran aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gastu gehiago justifikatzeak ez du eskubiderik emango hasieran aitortutako dirulaguntzan gehikuntzarik izateko.
2.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behar bezala justifikatuta dagoela ulertuta, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta helburua betetzat jotzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak badira edo beste erakunde publiko edo pribatu batek beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera konkurrente bat eman badio ezarritako mugak gaindituz, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
Nolanahi ere, deialdian eskatzen den autofinantzaketaren gutxieneko ehunekoa errespetatu beharko da, hau da, % 20.
4.– Jarduera partzialki betetzea onartu ahal izango da, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 85era iristen dela. Kasu horretan, emakida-ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuko da aurrekontu osoarekiko. Horretarako, Kulturako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, non esleitutako laguntzen zenbatekoak birdoituko baitira. Laguntzaren justifikazioa ez bada iristen laguntza emateko kontuan hartutako aurrekontuaren % 85era, ez-betetzetzat joko da, eta dirulaguntza osorik itzuli beharko da.
5.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, halaber, dirulaguntza erabat deuseztatu behar denean eta agindu honen 20. eta 21. artikuluetan aurreikusitako kasuetan eta abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoaren 25. artikuluak xedatutakoa betez.
6.– Kultura Sailburuordetzako titularrak emango du emandako dirulaguntzaren zenbatekoak aldatu edo doitzeko likidazio-ebazpena, zuriketa aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
7.– Jasotako guztia edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik zenbatzen hasita, dagokion itzulketa egiteko, betiere abenduaren 21eko 20/2023, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearekin bat, onuradunari itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinarazi ondoren; 15 eguneko epea emango zaio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan, baldin eta itzulketa justifikazio-betebeharra ez betetzeagatik egin bada.
22. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: Kultura eta Sormen sektoreko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea dago; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Beraz, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 22a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.