Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2024ko martxoaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1101

27/2024 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2023an Basque Culinary Center Fundazioari dirulaguntza izendun bat instrumentalizatzeko sinatutako hitzarmena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu du, eta behar den publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin 2023an Basque Culinary Center Fundazioari dirulaguntza izendun bat instrumentalizatzeko sinatutako hitzarmena. Hitzarmena ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 27a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 27KO 27/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, NEKAZARITZA, ARRANTZA ETA ELIKADURA MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAREN ARTEKOA, 2023KO ESTATUKO AURREKONTU OROKORRETAN AURREIKUSITAKO DIRULAGUNTZA IZENDUN BAT INSTRUMENTALIZATZEN DUENA BASQUE CULINARY CENTER FUNDAZIOARI LAGUNTZEKO

Madril, sinaduraren elektronikoaren egunean (2023ko abenduaren 12a).

BILDU DIRA

Alde batetik, José Miguel Herrero Velasco jauna, Elikagaien Industriako zuzendari nagusia, haren izendapena ezartzen duen ekainaren 29ko 762/2018 Errege Dekretuaren arabera (2018ko ekainaren 30eko BOE), Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren izenean eta hura ordezkatuz, urtarrilaren 10eko APA/21/2019 Aginduaren II. kapituluko 2. puntuaren lehen apartatuak ematen dizkion eskumenak betez. Agindu horren bidez, zenbait gastu administratzeko mugak ezartzen dira eta eskumenak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari eskuordetzen zaizkio (2019ko urtarrilaren 18ko BOE).

Eta, bestetik, Víctor Oroz Izaguirre jauna, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea (hala izendatua izan zen apirilaren 16ko 250/2013 Dekretuaren bidez), Administrazio honen izenean eta hura ordezkatuz, bat etorriz 68/2021 Dekretuaren 6. artikuluko k) apartatuan esleitzen zaizkion eskudantziekin (68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).

Bi alderdiek hitzarmen hau sinatzeko behar adina gaitasun juridiko aitortu diote elkarri, eta, horretarako, hauxe

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren (MAPA) oinarrizko egitura organikoa garatzen duen eta ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua aldatzen duen martxoaren 3ko 430/2020 Errege Dekretuak 6.1.j) artikuluan ezartzen duenez, Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunen artean egongo da nekazaritzako elikagaien eta arrantzako produktuen kontsumoa sustatzeko eta orientatzeko tresnak proposatzea eta garatzea, bai eta nekazaritzako elikagaien eta arrantzako sektoreetako enpresa eta erakunde asoziatiboei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea ere, Espainiako eta atzerriko azoka eta erakusketetan parte har dezaten errazteko. Eskumen horiek Espainiako Elikagaiak Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiak beteko ditu, artikulu horren 2.c) apartatuan xedatutakoaren arabera.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (zeinaren mende baitago Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza) 15. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzako administrazio horri dagokio, 6. artikuluan adierazitako funtzioez gain, nekazaritzako sustapen eta antolamenduko beste arlo batzuk zuzentzea eta koordinatzea, bai eta elikagaien balio-katea egituratzea eta sustatzea ere, lehen ekoizpenetik gastronomiaraino.

3.– Basque Culinary Fundazioaren xedeen artean daude Gastronomia Zientzien esparruei buruzko prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ezagutza- zein teknologia-transferentzia.

2020tik, MAPA eta fundazioa elkarlanean ari dira kultura gastronomikoa sustatzeko. Administrazioek eta gastronomia-prestakuntzako ordezkariek mota horretako sustapen-ekintzak elkarrekin sustatzea sinergien adibide garbia da gastronomia bultzatzeko eta gure elikagaien zein edarien bikaintasuna eta aniztasuna balioan jartzeko.

4.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera (38/2003, azaroaren 17koa), Estatuko Aurrekontu Orokorrek dirulaguntza izendunak ematea xedatu dezakete.

5.– Helburu horrekin, abenduaren 23ko 31/2022 Legearen bidez onartutako 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan xedatzen da Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza izenduna emango zaiola, Basque Culinary Center Fundazioari laguntzeko, berrehun mila (200.000) euroko aurrekontu-zuzkidurarekin, 21.07.413A.751. aurrekontu-aplikazioaren kontura.

6.– Dirulaguntza horren helburua da digitalizazioa eta jasangarritasuna babestea eta nekazaritza-sektorearen eta nekazaritzako elikagaien industriaren lehiakortasuna hobetzea. Horretarako, Espainiako gastronomia sustatzeko eta bertako produktuen kalitatea balioan jartzeko jarduerak garatzen dira. Aldi berean, sektoreko talentu eta ekintzaile gazteen prestakuntza eta ikerketa, berrikuntza eta ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia sustatzen ditu Gastronomia Zientzien arlo guztietan.

7.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera (38/2003, azaroaren 17koa), Estatuko Aurrekontu Orokorrek dirulaguntza izendunak ematea xedatu dezakete.

8.– Azaroaren 17ko 38/2023 Legearen 28.1 artikuluaren arabera, hitzarmenak ohiko tresna izango dira Estatuko Aurrekontu Orokorretan xedatutako dirulaguntza izendunak bideratzeko, eta, gainera, horien oinarri arautzaile izango dira.

9.– Hitzarmen horri aplikatu beharreko araubide juridikoa azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta hura garatzeko erregelamenduan –uztailaren 21eko 887/2006 Erregelamenduaren bidez onartua– xedatutakoa izango da.

Horregatik guztiagatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, ondorengo klausulen arabera

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean (31/2022, abenduaren 23koa) xedatutako dirulaguntza izenduna ematea Eusko Jaurlaritzari, Basque Culinary Center Fundazioari laguntzeko, berrehun mila (200.000) eurokoa, 21.07.413A.751. aurrekontu-aplikazioaren kargura.

Bigarrena.– Garatu beharreko jarduketak.

Digitalizazioan eta jasangarritasunean inbertitzeko honako jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

Digitalizazioaren arloan.

Argi dago teknologiaren bilakaerak prestakuntza-prozesuak hobetzen ez ezik (aukerak zabalduz eta guztien sarbidea erraztuz), erakundeak kudeatzen ere laguntzen duela. Ildo horretan, Basque Culinary Centerrek ardatz estrategikotzat hartu du hasieratik, eta pixkanaka inbertitu du horretan, etengabe jarraitu beharreko bidea dela ulertuta.

Ildo horretan garatu beharreko ekintzak, funtsean, honako hauek dira:

1.– Sistemen segurtasuna hobetzea.

Zibererasoen gorakada azkarraren eta giza akatsen ondorioz, funtsezkoa da konpainietan tratatutako informazioaren egungo segurtasun-maila zehaztea, arrisku teknologikoekiko esposizio-maila identifikatzea eta kontrolen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzea, eta, hala, enpresaren informazioaren konfidentzialtasuna, osotasuna eta eskuragarritasuna behar bezala kontrolatzea.

Informazio-segurtasuna lortzeko, kontrol eta neurri egokiak inplementatu behar dira: politikak, prozedurak, praktikak, antolamendu-egiturak eta software- edo hardware-funtzioak.

Horregatik, aztertu egin behar da Basque Culinary Centerrek zibersegurtasunaren arloan egun duen egoera, eta batez ere sistemaren administrazioa, aplikatu beharreko softwarea eta sarearen segurtasuna berrikusi behar dira.

Babestu beharreko informazio-aktiboak eta ezarritako segurtasun-kontrolak zein diren jakin ondoren, beharrezkoa izango da arriskuen azterketa bat egitea eta hobetzeko zenbait ekintza definitzea, informazio-sistemen hiru alderditan oinarrituta:

– Informazio-aktiboek behar duten babesa lortzea eta horri eustea.

– Erakundearen barruan informazioaren segurtasuna kudeatzea.

– Negozioaren jarraitutasuna kudeatzea.

Behin ekintzak, ekimenak eta proiektuak identifikatuta, sailkatu eta lehenetsi egin behar dira, eta segurtasuna hobetzeko plan oso, zehatz eta egingarri bat diseinatu behar da, honako hauek oinarri hartuta:

– Aztertutako sistemaren segurtasunari buruzko ahuleziak.

– Ahulezia horiek konpontzeko behar diren neurriak lehenestea, gaparen garrantziaren eta hartu beharreko neurriaren kostuaren arabera.

Planteatutako proiektuak zein diren jakin ondoren, haien kualifikazio bat ezarriko da, haien bideragarritasuna erabaki ahal izateko eta baliabideen inbertsioan lehentasunak jartzeko.

Ondoriozko eta zehaztutako ekintzen artean, lehentasuna emango zaio trafikoa aztertzeko gaitasuna duen segurtasun-sistema bat eskuratzeari (firewall), sarean ezartzeko, segurtasun-neurriak eta dagoen trafikoaren ikusgarritasuna areagotze aldera.

2.– Babeskopiak gordetzeko ekipamendua.

Orain arte ez da informazioaren babeskopien sistemarik izan, eta babeskopien zaintzaren eta segurtasunaren ardura online plataformen esku utzi da.

Horregatik, erakundearen informazioa zentralizatzeko eta segurtatzeko, biltegiratze-sistema bat eskuratzea aurreikusi da. Kopiak atxikitzeko irizpideak eta babeskopiak egiteko teknikak ezarriko dira, erakundeak babeskopia- eta kontingentzia-plan bat izan ditzan, zibersegurtasunaren beharretara eta neurrietara egokituta.

3.– Zerbitzarien klusterra eskuratzea.

Ikasleen eta langileen kopuruak gora egin duenez, eta egungo informazio-sistemen antzinatasuna kontuan hartuta, beharrezkoa da fakultatearen jarduerak funtzionatzeko beharrezkoak diren informazio-sistemei eusten dieten zerbitzariak eguneratzea eta hobetzea.

Informazio-sistema horiek birtualizatutako hainbat zerbitzu osagarri dituzte, ingurumen-efizientziaren, segurtasunaren eta barne-prozesuen optimizazioaren ikuspegitik automatizatzeko eta optimizatzeko, eta hainbat aplikazio eta plataforma digital dituzte, sailei oinarrizko prozesuak eta zerbitzuak kudeatzeko aukera ematen dietenak.

Horregatik, beharrezkoa da dagoen klusterra eguneratzea, ezinezkoa delako segurtasun-sistema eta -adabakiak eguneratzea ekipoen antzinatasunagatik. Hori da sistemen segurtasunaren ahulgune larrietako bat, eguneratze faltagatik.

Hardwareko eta arkitektura-segurtasuneko eta -diseinuko eskakizunak aztertu eta identifikatu ostean, hura eskuratu eta inplementatzeari ekingo zaio.

Jasangarritasunaren arloan.

1.– Energia-efizientzia kontuan hartuta berritzea makinak.

Jardueraren beraren bilakaerak eta hazkundeak tentsio eta higadura handia eragin du, bai eraikinean, bai funtsezko makinetan. Hozteko makinen instalazioaren tamaina ez da jardueraren hazkunde handirako behar dena. Ondorioz, ekipoek gehiegi sufritu dute, eta nabarmen laburtu dira haien bizitza baliagarria, funtzionaltasuna eta efizientzia.

Azken belaunaldiko hozkailuetan egindako aurrerapenekin eta hobekuntza teknologikoekin, horien kontsumoa % 30 murrizten da, eta nabarmen hobetzen da zentroko konfort klimatikoa. Erabilitako materialak (gas hozgarriak) ez dira hain kaltegarriak ingurumenerako antzinako modeloetan erabilitakoekin alderatuta; izan ere, modelo zaharrek gas karga etengabeak behar dituzte, eta oso kaltegarriak dira ingurumenerako.

Hortaz, energia-hobekuntzarako, makinak berrituko dira; ingurumena gehiago errespetatuko dutenak jarriko dira, eraikina ingurumenaren ikuspegitik efizienteagoa eta jasangarriagoa izan dadin, kontsumoak doitzeko gaitasuna emango dutenak eta autoerregulatzeko gaitasuna handituko dutenak. Zehazki, bi hozte-makina eskuratzea aurreikusi da.

Gastuak hautatzeko aldia 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra luzatuko da.

Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak aipatutako helburuak lortzeko kudeaketa normaleko jardueraren ondoriotzat hartuko dira, deskribatutako jardueren arabera hirugarrenak kontratatzeko gastuak barne hartuta.

(Ikus .PDF)

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak.

Dirulaguntzaren onuradun gisa, Eusko Jaurlaritzak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

1.– Hitzarmen honen xedea betetzea eta dirulaguntza emateko funtsezko jarduerak behar bezala garatzen direla bermatzea.

2.– Ekintzen xehetasunak jasotzen dituen aldez aurreko memoria bat aurkeztea. Proposatutako jardueren efizientzia baloratuko du MAPAk, eta horren mende egongo da memoriaren onarpena.

3.– Bigarren klausulan adierazitako eta MAPAk onartutako aldez aurreko memorian garatutako ekintzak behar bezala gara daitezen egin beharreko kudeaketaz arduratzea.

4.– Dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean justifikatu behar dute betetzen dituztela eskakizunak eta baldintzak, egin dutela jarduera eta bete dutela helburua: hau da, gauzatu dutela dirulaguntza emateko erabakian oinarri izan dena.

5.– Jarduketetan MAPAren irudia eta #alimentosdespaña jartzea.

6.– Hitzarmen honetan adosten diren jarduketak zabaltzen eta ezagutarazten laguntzea.

7.– Ziurtatzea ez dela finantzaketa bikoitzik egon egindako jarduketetan.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzea.

Bosgarrena.– Azpikontratazioa.

Diruz lagundu daitekeen jardueraren ehuneko ehuna azpikontratatu ahal izango da, eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan xedatutakora egokituko dira, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzea diruz lagundutako jarduera gauzatzeagatiko erantzukizun osoa.

Seigarrena.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Finantzaketa hau bateragarria da helburu bererako diren beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere emailea: administrazio edo erakunde publiko edo pribatua, Espainiakoa, Europar Batasunekoa edo nazioarteko erakundeetakoa, betiere laguntzen guztizko baturak ez badu gainditzen egin beharreko jardueren kostuaren ehuneko ehuna.

Zazpigarrena.– Epea eta ordaintzeko modua.

MAPAk dirulaguntza osoa ordainduko du, aurrerakin gisa, hitzarmen hau sinatu eta 15 eguneko epean. Ordainketa banku-transferentzia bidez egingo da, Eusko Jaurlaritzaren kontuan: ES81-2095-0611- 0521-3100-0143, Kutxabank.

Bermeen araubideari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 42.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez dago bermea eratu beharrik, Eusko Jaurlaritzako saila administrazio publikoa delako.

Zortzigarrena.– Epea eta justifikatzeko modua.

1.– Eusko Jaurlaritzak justifikazioko kontu bidez justifikatuko du dirulaguntza, gastu-frogagiriekin batera, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Justifikazioko kontua eta egiaztagiri guztiak aurkezteko epea 2024ko martxoaren 31n amaituko da.

Justifikazioko kontuan honako agiri hauek sartuko dira:

a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.

b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:

1.– Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazita: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data, MAPAk diruz lagundutako zatia eta, halakorik egonez gero, beste organismo eta erakunde batzuek elkarrekin finantzatutako ehunekoa.

2.– Gastuen zerrendan sartutako hornitzaileen fakturak edo frogagiri baliokideak, eta ordainketaren egiaztagiriak.

3.– Ordainketaren egiaztagiriak: banku-kontuen laburpenak eta banku-transferentzien egiaztagiriak.

4.– Hala badagokio:

I.– Erakunde onuradunak kontratazioetan eskatu behar dituen hiru aurrekontuak, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31.3 artikuluan adierazitako kasuan.

II.– Itzulketaren ordain-gutuna, aplikatu ez diren geldikinen kasuan, bai eta horietatik eratorritako interesena ere.

c) Hasitako ekintzen eraginkortasuna baloratzen lagun dezakeen beste edozein informazio.

2.– Hitzarmen honetan jasotako jarduketen ondoriozko dieta- eta lokomozio-gastuak Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuan jasotakora egokitu beharko dira.

Bederatzigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmen hau betetzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, modu paritarioan eratuko dena, bost eguneko epean, Hitzarmena sinatzen den egunetik zenbatzen hasita.

Jarraipen Batzordearen erabakiak kideen gehiengoz hartuko dira, eta batzordeburuak kalitateko botoa izango du.

Jarraipen-batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

– Hitzarmena behar bezala betetzen dela zaintzea.

– Hitzarmena aplikatzean sor daitezkeen zalantzak eta hutsak argitzea.

– Diruz lagun daitezkeen jarduerak zehazte aldera beharrezko diren jarraibideak ematea. Jarduera horiek bigarren klausulan deskribatutako jardueretara bideratuta egon beharko dute.

Honako hauek osatuko dute Batzordea:

– MAPAren aldetik: Espainiako Elikagaiak Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiko bi ordezkari. Maila goreneko funtzionarioa izango da batzordeburua.

– Eusko Jaurlaritzaren aldetik: Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako bi ordezkari.

Batzordea gutxienez behin bilduko da, alderdietako batek hala eskatuz gero.

Hamargarrena.– Publizitatea.

Edozein hedabidetan diruz lagun daitezkeen jarduketei egiten zaien publizitate orotan, berariaz, modu ikusgarri eta irakurterrazean adierazi beharko da MAPAren finantzaketa jaso dutela.

Hamaikagarrena.– Ondorioak eta indarraldia.

1.– Hitzarmena alderdi sinatzaileek sinatzen dutenetik aurrera perfekzionatuko da eta izango da eraginkorra. Dena den, gastuak hautatzeko aldia 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra luzatuko da. Sinatu ostean, Espainiako Sektore Publikoko Hitzarmenen eta Kudeaketa Gomendioen Erregistroan (RCESPE) inskribatuko dira.

2.– Hitzarmen hau 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, baina horrek ez du eragotziko gerora dagozkion justifikazio- eta likidazio-jarduketak amaitzea.

Hamabigarrena.– Itzulketa.

Jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaindu den unetik hura itzuli behar dela adosten den unera arteko berandutza-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) 36. eta 37. artikuluetan ezarritako kausetako bat gertatzen denean.

Ez-betetze partzialen kasuan, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuz zehaztuko da ordaindu beharreko zenbatekoa, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenerako gutxi falta izan den eta Eusko Jaurlaritzak, justifikazioko agirien bidez, konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez.

Itzulketa-prozedura Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) II. tituluko II. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da.

Hamahirugarrena.– Aldatzeko eta azkentzeko araubidea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek berariaz hala adosten badute.

Hamalaugarrena.– Emaitzen konfidentzialtasuna, titulartasuna eta erabilera eta datuen babesa.

Informazioaren zabalkundearen arloko jarduketa-ildoei eta alderdiek hitzarmen honi edo hitzarmenetik eratorritako jarduketei ematen dieten publizitateari ezertan eragotzi gabe, alderdiek zaindu egingo dute bien artean sortzen den informazioa modu konfidentzialean mantentzen dela.

Hitzarmen honen babesean egindako jarduketetatik jabetza industrialeko, intelektualeko edo antzeko beste eskubide batzuk eratortzen badira, MAPAren eta Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak izango dira, erdi bana, eta alderdi titularkideetako batek ezingo du ustiapen-eskubidea modu independentean baliatu beste titularkidearen berariazko eta idatzizko baimenik gabe.

Halaber, bi alderdiek, hitzarmen honetan aurreikusitako funtzioak egikaritzean, honako hauetara egokituko dituzte beren jarduketak: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

Hamabosgarrena.– Gatazkak ebaztea.

Hitzarmen honen izaera administratiboa dela eta, bertatik sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, jurisdikzio-ordena hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoa betez.

Hitzartutakoarekin ados daudela adierazteko eta behar bezala jasota gera dadin, dokumentu hau eman dute, zehaztutako tokian eta egunean.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa,

Eskuordetza: APA/21/2019 Agindua, urtarrilaren 10ekoa.

Elikagaien Industriako zuzendari nagusia,

(abenduaren 5eko 1009/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra).

JOSÉ MIGUEL HERRERO VELASCO.

Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea,

VÍCTOR OROZ IZAGUIRRE.


Azterketa dokumentala