45. zk., 2024ko martxoaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (159 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1100
24/2024 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Carlos III O.A.,M.P osasun institutuarekin sinatutako hitzarmena, medikuntza prebentiboko eta osasun publikoko espezialistak prestatzekoa (2023).
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Carlos III O.A., M.P. osasun institutuarekin sinatutako hitzarmena, medikuntza prebentiboko eta osasun publikoko espezialistak prestatzekoa (2023). Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 22a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 22KO 24/2024 EBAZPENARENA
CARLOS III, O.A.,M.P. OSASUN INSTITUTUAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN SAILAREN ARTEKO HITZARMENA, MEDIKUNTZA PREBENTIBOKO ETA OSASUN PUBLIKOKO ESPEZIALISTAK PRESTATZEKO. 2023
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik:
Cristóbal Belda Iniesta jauna, Carlos III, O.A.,M.P (aurrerantzean ISCIII) Osasun Institutuko zuzendari gisa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari Ikerketako Idazkaritza Nagusiaren bidez atxikitako ikerketa-erakunde publikoa, abuztuaren 3ko 732/2021 Errege Dekretuaren bidez izendatua, aipatutako Carlos III Osasun Institutuaren izenean eta ordezkaritzan jardunez (Q-2827015-E IFK, Monforte de Lemos kalea 5, Madril), eta Carlos III Osasun Institutuaren Estatutua onartzen duen apirilaren 6ko 375/2001 Errege Dekretuaren 11. artikuluak esleitutako eskumenak erabiliz.
Bestetik:
Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Osasun Saileko sailburua, lehendakariaren irailaren 7ko 27/2020 Dekretuaren bidez izendatua (2020ko irailaren 8ko EHAA, 177. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta haren ordezkari gisa, 2023ko apirilaren 25eko Gobernu Kontseiluak baimenduta, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55.1.b) eta 63. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Bi alderdiek aipatutako erakundeen izenean eta ordezkaritzan esku hartzen dute, hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridiko nahikoarekin, eta honako hau
ADIERAZI DUTE:
ISCIII institutuak dituen eginkizunak Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorrean eta Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legean zehazten dira, Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluarekin eta beste administrazio publiko batzuekin koordinatuta eta I+G+B Plan Nazionalaren eta Europar Batasuneko esparru-programen esparruan.
Osasun Sailaren eskumenak eta jardun-arloak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan zehazten dira, 12. artikuluan.
Bi alderdiak jakitun dira Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan eta, bereziki, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 12. artikuluan jasotako aginduaz, hezkuntzaren eta osasunaren arloan eskumena duten administrazio publikoetako erakundeen arteko etengabeko lankidetzari dagokionez.
Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa espezialitaterako indarrean dagoen programak (SCO/1980/2005 Agindua) jasotzen duenez, prestakuntza-programaren iraupena 4 urtekoa izango da eta hiru etapatan garatuko da. Lehenengo etapa osasun publikoko ikastetxe edo prestakuntza-zentro egiaztatu batean egingo da, gutxienez 900 ordukoa.
Carlos III.a Osasun Institutuko Osasun Eskola Nazionalaren (ENS) irakaskuntza-eskaintzan urtero jasotzen da Osasun Eskola Nazionalaren (ENS) «Osasun Publikoko Masterra/Ofizial Sanitarioa» (MSP) ikastaroa. Ikastaro horrek «Osasun Ikastaro Ofizialaren» tradizioa jasotzen du (1931tik ematen da ENSen), eta irakaskuntzako diziplinen eta metodologien eguneratzea ematen du. Osasun Publikoko Masterraren edukiak prestakuntza-eredu akademiko-praktiko bati jarraituz diseinatu dira. Osasun publikoaren ikuspegi globala eskaini nahi du, arlo horretan garapen profesionala ahalbidetzeko eta sustatzeko, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko Espezialitatearen Batzorde Nazionalaren egungo jarraibideekin bat etorrita.
Osasun Idazkaritza Nagusiaren 2006ko azaroaren 28ko Ebazpenaren bidez, Carlos III.a Osasun Institutuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena argitaratu zen, prebentzio-medikuntzan eta osasun publikoan mediku espezialistak prestatzeko irakaskuntza-unitate bat eratu eta garatzeko (BOE, 302. zenbakia, 2006ko abenduaren 19a). Hitzarmen horren arabera, Euskadiko Irakaskuntza Unitatea eratuta geratu zen, eta prestakuntza-erantzukizunak honela banatu ziren: 1) Carlos III.a Osasun Institutua, 2) Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta 3) Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioko Lanbide Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko maiatzaren 27ko Ebazpenaren bidez, Prebentzio-medikuntzako eta Osasun Publikoko Euskadiko Irakaskuntza-unitatea egiaztatu zen, urtean 5 egoiliarreko irakaskuntza-gaitasunarekin, prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko espezialitatean, irakaskuntza-unitate horretako irakaskuntza-batzordeari atxikita.
Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuaren sistema antolatzeko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren 2021eko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez, Euskadiko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko irakaskuntza-unitateko irakaskuntza-batzordea Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari atxiki zitzaion funtzionalki.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak graduatu ondoko prestakuntza jaso ahal izateko, euren asistentzia-unitateak eta administrazio- eta ikerketa-unitateak jartzen dituzte eskuragarri, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 11.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Artikulu horren arabera, «Osasun-sistemaren asistentzia-egitura guztia osasun-ikerketarako eta profesionalen irakaskuntzarako erabiltzeko moduan egongo da».
Bi aldeek parte hartuko dute egoiliarrek Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa espezialitateko prestakuntza-programan eskatzen diren ezagutza teoriko-praktikoak eskuratzeko prestakuntza-jarduerak egiteko orduan, eta emandako eskumenen arabera.
Arestian azaldutakoaren arabera, 2006. urteaz geroztik, ISCIII eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko espezialisten prestakuntzan ari dira lankidetzan. Lankidetza horri esker, emandako programen irakaskuntza-kalitatea mantendu eta hobetu da, eta osasun-baliabideak aprobetxatu dira Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko espezialisten prestakuntzan ahalik eta ondoen erabiltzeko. Egungo gizarteak eskatzen du espezialista horien profila, eta Osasun Sistemaren beharrak asetzeko adina.
Hitzarmen honen helburu nagusia da Prebentzio Medikuntzaren eta Osasun Publikoaren eremuko profesionalen prestakuntza espezializatu, graduatu ondoko eta jarraitua.
Era berean, hitzarmen honen helburua da ISCIIIko eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko profesionalen arteko irakaskuntza-lankidetza ahalik eta handiena sustatzea, espezialitate horretarako kalitate handieneko prestakuntza-programak ematea helburu duten irakaskuntza-ekimenetan.
Hitzarmen honetan ISCIIIk eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hartzen dituzten konpromisoak Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa espezialitateko prestakuntza-programa ofizialaren beharretan oinarritzen dira, Osasun eta Kontsumo Ministerioak ekainaren 6ko 1980/2005 Aginduaren bidez ezarritakoaren esparruan (1980/2005 Agindua, Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa espezialitateko prestakuntza-programa onartu eta argitaratzen duena).
Prebentzio-medikuntzako eta osasun publikoko irakaskuntzan parte hartzeko lankidetza sustatu nahi dute erakunde sinatzaileek, eta, emandako eskumenak baliatuz, lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da ISCIIIren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko lankidetza-oinarriak ezartzea, Euskadiko Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko irakaskuntza-unitatearen eremuan Medikuntza Prebentiboa eta Osasun Publikoa espezialitatearen programa ofiziala egoiliarren sistemaren bidez garatzeko eta emateko beharrezkoak diren prestakuntza-jarduerak egiteko, bai eta erakunde sinatzaileetako profesional inplikatuen ezagutza etengabe eguneratzeko eta birziklatzeko beste irakaskuntza-jarduera batzuk egiteko ere.
Osasun-prestakuntza espezializatua arautzen duen autonomia-erkidegoko eta estatuko araudiak kontuan harturik, hitzarmenaren xedapenak honako hauen arabera aplikatuko dira: 183/2008 Errege Dekretua, otsailaren 8koa, osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituena eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren alderdi jakin batzuk garatzen dituena; eta 44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, osasun-lanbideen antolamenduari buruzkoa, garatzeko ematen diren xedapenak.
Bigarrena.– Carlos III Osasun Institutuaren konpromisoak.
ISCIIIren konpromisoak:
a) Behar diren plazak gordetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitateko egoiliarrentzat, Osasun Eskola Nazionalaren Osasun Publikoko Goi Mailako Ikastaroa egin dezaten, espezializazioaren lehen etapa gisa.
b) Euskadiko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitateko egoiliarrei ISCIIIko zentro, unitate, eskola eta gailu guztiak ematea, espezialitatearen indarreko programan zehaztutako txandakatzeak eta bestelako jarduerak egiteko.
c) Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko egoiliar bakoitzaren prestakuntza-plana betearaztea txandakatzeetan, horien kalitate-mailak bermatuta, irakasle guztien lana erraztuz, eta egoiliarren eta prestakuntza-egituren ebaluazioak eginez.
d) ISCIIIko profesionalak eta, bereziki, Osasun Eskola Nazionaleko irakasleak irakaskuntza-ekimenetarako prest egotea, ezagutza- eta esperientzia-arloen arabera.
e) Akordioan parte hartzen duten irakaskuntza-dispositiboetako profesionalen kualifikazioari eusten laguntzea, eguneratzea eta birziklatzea zainduz.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren konpromisoak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak honako konpromiso hauek hartzen dituzte:
a) Euskadiko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitateari atxikita dauden Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko egoiliarrei Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren baliabideak (ospitaleak, osasun-zentroak eta zuzendaritza- eta kudeaketa-zerbitzu zentralak) ematea, espezialitatearen indarreko programan zehaztutako txandakatzeak egiteko.
b) Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko egoiliar bakoitzaren prestakuntza-plana betearaztea txandakatzeetan, horien kalitate-mailak bermatuz, irakasle guztien lana erraztuz, eta egoiliarren eta prestakuntza-egituren ebaluazioak eginez.
c) Prestakuntza sanitario espezializaturako akreditatuta dauden Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko profesionalak eskuragarri izatea irakaskuntza-ekimenetarako, euren ezagutza- eta esperientzia-arloen arabera.
d) Akordioan parte hartzen duten irakaskuntza-dispositiboetako profesionalen kualifikazioari eusten laguntzea, euren eguneratzea eta birziklatzea zainduz.
Laugarrena.– Betebehar ekonomikoak.
Hitzarmen hau egiteak ez dakarkie inolako gastu gehigarririk erakunde sinatzaileei, eta ez du haien arteko kontraprestazio ekonomikorik eskatzen; beraz, ez dakar aparteko betebehar ekonomikorik erakunde bakoitzak bere ohiko jardueran hartutakoez gain.
Hitzarmen honetan sartzen diren kostu arruntok honako hauek dira:
– ISCIIIk 4.000 euroko kostua izango du (matrikularen zenbatekoa) plaza erabilgarri bakoitzeko, eta gastu hori arrunta izango da.
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren otsailaren 24ko 1/2022 Instrukzioan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko langileen ordainsariei buruz ezarritakoarekin bat etorrita, aurreikusitako gastu arrunta 17.606,98 eurokoa da, lehen urteko egoiliarren ordainsariei dagokiena, Euskal Autonomia Erkidegoak eskainitako Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko lehen urteko egoiliar bakoitzeko.
Bosgarrena.– Jarraipen batzorde mistoa.
Hitzarmen hau eraginkorra bihurtzen denetik aurrera, jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, alderdi sinatzaileek izendatutako ordezkariek osatua:
Carlos III.a Osasun Institutuaren aldetik:
– ISCIIIko zuzendaria edo hark izendatzen duena.
– Osasun Eskola Nazionaleko zuzendaria edo hark izendatzen duena.
– Osasun Publikoko Goi Mailako Ikastaroaren zuzendaria edo hark izendatzen duena.
– Carlos III.a Osasun Institutuko Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitateko ikasketa-burua. Osasun Eskola Nazionala edo haren ordezkoa; ahal dela, prebentzio-medikuntzan eta osasun publikoan espezializatutako tutorea izango da, eta unitate horretakoa izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik:
– Osasun Publikoko zuzendaria edo hark izendatutako pertsona.
– Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza edo hark izendatzen duen pertsona.
– Euskadiko Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko Irakaskuntza Unitateko ikasketa-burua edo haren ordezkoa; ahal dela, Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko tutore espezialista bat izango da, unitate horretakoa.
Egiturazko aldaketak gertatzen badira, batzorde horretako kideen ordez haien eginkizunak bere gain hartzen dituztenak arituko dira.
Honako eginkizun hauek izango ditu batzorde horrek:
– Hitzarmen honetan zehaztutako jarduerak betetzen eta eraginkortasunez aprobetxatzen direla zaintzea.
– Baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko behar diren neurriak hartzea.
– Hitzarmenaren interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren zalantza eta desadostasun guztiak ebaztea.
Jarraipen-batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko da, eta aldeetako batek eskatzen duen guztietan. Halaber, batzordeak, bere funtzionamenduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat aurreikusitako guztia beteko du, eta bere funtzionamendu-erregelamendua ezarri ahal izango du.
Seigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Hitzarmena sinatzen duten alderdiek behar diren neurri teknikoak eta antolaketa-neurriak hartuko dituzte datu pertsonalen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta datu horiek aldatzea, galtzea, tratatzea edo baimenik gabe eskuratzea saihestuko dute. Horretarako, kontuan hartuko dira datuen izaera eta datu horiek izan ditzaketen arriskuak. Horretarako, honako hau aplikatu beharko da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, eta haren transposizioa Espainiako legeriara –datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa– eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Hitzarmen honen xede diren jardueretan parte hartzen duten alderdi guztietako langileek ezingo dute datu pertsonalik jendaurrean jakinarazi, ez eta besterendu ere, eta hitzarmen hau betetzean edo betetzearen ondorioz eskuratzen dituzten informazio, agiri eta gai guztiak isilpean izango dituzte, lan-harremanak amaitzen direnean ere.
Zazpigarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmen hau bere xede diren jarduerak betetzeagatik edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzeagatik azkenduko da.
Suntsiarazteko arrazoi izango dira:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, hura luzatzeko erabakirik hartu gabe.
b) Bi alderdien adostasuna.
c) Alderdiek hitzarmenean ezarritako konpromisoak ez betetzea.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala egotea.
e) Alderdi batek salatzea.
f) Hitzarmena betetzea ezinezko egiten duten inguruabarrak gertatzeagatik.
g) Legez aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.
Aldeetako batek bere gain hartutako betebeharrak betetzen ez baditu, ez-betetze hori detektatzen duen alderdiak errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen alderdiari, 15 egun naturaleko epean bete ez dituen betebeharrak edo konpromisoak bete ditzan. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen-batzordeari jakinaraziko zaio. Epe hori igaro eta ez-betetzeak bere horretan badirau, errekerimendua egin zuen alderdiak ez-betetzea eragin duen alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da ebazpena Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoari jakinarazten zaionetik aurrera.
Zortzigarrena.– Indarraldia, luzatzea eta salaketa.
Hitzarmen honen ondorioek lau urteko iraupena izango dute, eta luzatu ahal izango dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h).2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluaren 8. apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita, hitzarmen hau alderdien adostasunarekin gauzatuko da, eta eraginkorra izango da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistroan inskribatzen denean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.
Arestian adierazitako edozein arrazoirengatik hitzarmena azkentzeak ez du eraginik izango abian dauden jarduketak betetzean, eta jarduketa horiek oso-osorik garatuko dira amaitu arte. Amaiera horretarako, epe luzaezin bat adostuko da. Epe hori alderdiek finkatuko dute hitzarmena suntsiarazten denean. Epe hori igarotakoan, hitzarmena likidatu egin beharko da.
Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. Kapituluak arautzen du.
Hamargarrena.– Aldaketa.
Hitzarmen hau aldatu ahal izango da alderdiek aho batez hala erabakitzen badute. Erabaki hori gehigarri bidez formalizatuko da, legez ezarritako betekizunen arabera, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 50. artikuluan aurreikusitako baimena lortu ondoren.
Hamaikagarrena.– Eztabaidak.
Hitzarmenaren administrazio-hitzarmena denez, bosgarren klausulan aurreikusitako jarraipen-batzorde mistoan konpondu ezin izan diren desadostasunak administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegiek ebatzi beharko dituzte, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorrita.
Eta, hitzarmen honen edukiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek sinatzen dute Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 19an.
Carlos III.a Osasun Institutuaren zuzendaria,
CRISTÓBAL BELDA INIESTA.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.