43. zk., 2024ko otsailaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (298 KB - 17 orri.)
- EPUB (129 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1052
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Bergarako A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2023ko irailaren 22an, Bergarako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko Bergarako A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko urriaren 31n, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Bergarako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Bergarako A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bergarako A-18 eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Partzialaren eremua bizitegitarako hiri-lurzoru finkatugabe bat da, nagusiki, 1980ko hamarkadatik Tavex-Algodonera SA kotoi-enpresaren industria-jarduerak okupatutako lurzoruek osatzen dutena.
A.18 Algodonera-San Antonio eremuak 30.183 m2 ditu, eta Bergarako udalerriaren ekialdean dago, San Antonio auzoan. Bi eremuk osatzen dute:
– Lehengo Tavex-Algodonera SA industriak okupatutako lurrak, Deba ibaiak Martoko eta San Antonio inguruan egiten duen meandroaren eta GI-627 errepidearen artean kokatua. Unitate honetan Gabiria Dorrea eta Gabiria baserria daude.
– Eremu txikiena nagusiaren hegoaldean dago, Gabiria kalearen eta GI-627 errepidearen artean, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikoaren instalazioetatik gertu.
Plan Bereziaren aldaketaren helburu nagusia da bide berriaren bi aldeetan aurreikusita zeuden blokeen osasungarritasun-, aireztapen- eta eguzkiztapen-baldintzak hobetzea, kanpoko fatxaden arteko hormartea murriztuz, blokeen antolamenduari eutsiz eta kale nagusia zabalduz; gainera, aurreikusten da proiektatutako 4 bizitegi-eraikinetik 6ra eta 6 lurzati (R1-R5 eta E1) izatetik 8 izatera (R1-R7 eta E1) igarotzea aurreikusten da. Era berean, trafikoak berrantolatu egin dira, barrukoak kanpokoetatik bereizita; GI-627 errepidearekiko zuzeneko bide-konexioa baztertu egin da, ibaiertzeko oinezkoentzako pasealekua luzatu egin da eta bidegorri bat gehitu da.
Algodonera-San Antonio 18 Eremuan aurreikusitako antolamendu-alternatibei dagokienez, 2011ko martxoaren 28an onartutako 0 alternatiba edo «ez esku hartzekoa» – Hiri Antolamenduko Plan Berezia aztertu eta baztertu egiten da, besteak beste, proiektatutako eraikuntzaren hormarte handiak etxebizitzen erdiek orientabide bakarra izatea zekarrelako, iparraldera begira, eta handicap serioa zen hori garapenerako, aireztapena eta eguzkiztapena baldintzatzen baitzituen.
1. alternatibak 0 alternatiban proiektatutako etxebizitza askoren orientazioa eta eguzkiztapena nabarmen hobetzen baditu ere, antolamenduak oraindik ere gabezia batzuk ditu osasungarritasunari, argiztapenari eta aireztapenari dagokienez, egungo bizigarritasunari buruzko araudiarekin arabera. Araudi hori ez da nahitaez bete behar, baina, kasu honetan, 2. alternatibak bete egin nahi du, kale nagusia zabalduz, hegoaldeko 3 blokeek itzal gutxiago sor dezaten iparraldeko beste 3en gainean. Oinezkoentzako pasabidearen eta bidegorriaren sestra ere jaisten da, 500 urteko uholdeen kasuan ura bertatik igaro ahal izan dadin.
2011ko HAPBn aurreikusitako 18. eremuaren antolamendua egokitzeko formulatutako antolamendu-alternatibek elkarren artean alde txikiak badituzte ere ingurumenaren ikuspegitik, Planak 2. alternatibaren alde egiten du, bizigarritasunari buruzko araudiaren eskakizunei hobeto erantzuteko (ekainaren 28ko 80/2022 Dekretua), aireztapenari eta eguzkiztapenari dagokienez, bai eta honako hauek lortzeko ere:
– Barneko eta kanpoko trafikoen antolamendua hobea izatea.
– Gabiria dorrea oinezkoen pasealekuaren trakzio-gune bihurtzea.
– Bizikleta-konexioari garrantzi handiagoa ematea.
– Eremua uholde-arriskurako egokitzea.
Bergarako A-18 Eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren garapena urbanizazio-proiektu baten bidez garatuko da.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
– Planaren eremua 30.183 m2-ko hiri-lurzoru industrial finkatu bat da, Bergarako udalerriaren azaleraren % 0,05 baino gutxiago hartzen duena eta San Antonio auzoko ekialdean kokatutako bi azpieremutan banatzen dena. Eremu handienak garai batean Tavex-Algodonera SA industriak okupatzen zituen lurzoruak hartzen ditu, Martoko eta San Antonio inguruko meandroan, Deba ibaiaren eta GI-627 errepidearen artean. Lursail horietan daude Gabiria dorrea eta Gabiria baserria ere.
Bigarren azpieremua aurrekoaren hegoaldean kokatzen da, Gabiria kalearen eta GI-627 errepidearen artean, eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikotik hurbil dago.
– Eremua batez ere laua da, eta Tavex-Algodonera industria kokatu zen eremu artifizializatutik at Fluvisol motako lurzoruak topatu badira ere –erabiltzeko gaitasun handia dute–, gaur egun, nekazaritzarako erabil daitezkeen lurzoruak (1.500 m2) Gabiria baserriaren ingurura mugatzen dira batik bat.
– A.18 eremua «Debako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Arroen eremuan. Bertatik, Deba ibaia bideratuta doa, eta Antzuola ibaiaren urak jasotzen ditu eskuineko ertzetik, Gabiria zubiaren parean.
Bestalde, Deba ibaia azpiegitura berdearen («bilbe urdina») zatitzat hartzen da, korridore ekologiko lineala baita iktiofaunarentzat eta beste fauna urtar eta lurtarrarentzat.
Ez dago Plan Hidrologikoak Babestutako Eremuen Erregistroan sartutako eremu bakar bat ere; bai, ordea, 05195201 (iraungita) eta 05208501 (legeztatuta) kodeak dituzten lurrazaleko bi hargune daude, bai eta Gabiria baserriaren eta Deba ibaiaren arteko garbitokia duen iturri bat ere.
Halaber, «Bizkaiko Sinklinorioa» (ES017MSBT017.005) masaren gainean dago, Oizko Domeinu Hidrogeologiko Sinklinalaren barruan, zeinak egoera kuantitatibo eta kimiko ona baitu.
– Landaredi potentziala haltzadi kantauriarra den arren, gaur egun Batasunaren intereseko BIH 91E0* «Ibaiertzeko Haltzadi Eurosiberiarra» habitata haltzadi degradatu batera mugatzen da, eta haltzadi horrek, atalka, Deba ibaiaren ertza hartzen du; zehazki, ubide-hormaren oinean dauden jalkin alubialak. Eremuaren gainerakoan, «landaredi erruderal-nitrofiloa» dago iparraldean, eta «belardi eta labore atlantikoak» hegoaldean.
– Halaber, eremuan ez dago onartutako kudeaketa-planak dituzten mehatxatutako fauna banatzeko eremurik, ez eta abifauna goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talka egitearen eta elektrokuzioaren aurka babesteko eremurik ere, ez eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legean (42/2007, abenduaren 13koa) eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legean (9/2021, azaroaren 25ekoa) aipatutako beste gune babesturik ere.
– Paisaia nagusiki industriala denez, kalitate oso baxua du, eta ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan. Era berean, ez du Onura Publikoko Mendirik, ez eta Mendi Babeslerik edo Herri Onurakotzat jotako Mendirik.
– Dena den, kultura-ondarearen ikuspuntutik, eremuan Gabiria dorrea dago, XVII. mendekoa: - Balizko Arkeologia Gunea (1997-10-30eko EHAA, 208. zk.; 1997ko irailaren 17ko Ebazpena), Kultura Ondasun deklaratua (2002-10-30eko EHAA, 207. zk.) urriaren 25eko 247/2002 DEKRETUAREN bidez, Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria Dorrea Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeko dena.
– Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruak dira gehienak. Inbentarioan 20074-00142 kodea duen kokalekua da, industria motakoa.
Bizitegi-erabilerako lurzoruak nagusi diren lurralde-sektoreen eremuak egun duen egoera akustikoan, gainditu egin dira kalitate akustikoaren helburuak aztertutako hiru aldietan (eguna, arratsaldea, gaua), batez ere GI-627 errepidearen ondorioz.
Azkenik, lehentasunezko fluxu-eremuak eta hainbat errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuk eragiten diote eremuari, eta Bergarako UAHEren zati da –ES017-GIP-DEB-07 kodea–.
Uraren Euskal Agentziaren IAU-2023-0373 zenbakidun txostenaren ondorioen arabera, proposatutako aldaketak 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokion ur-laminaren kota nabarmen handituko du Deba ibaiaren eskuinaldean, planaren eremua baino beherago, eta hirugarrenei eragingo die hainbat etxebizitzatan. Hortaz, proposatutako antolamendua ez da bateragarritzat jotzen uren arloko araudian xedatutakoarekin (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 37.6 eta 43. artikuluak).
Gainera, txostenaren arabera, bidegorriaren trazadura, gutxienez, ubideratze-hormatik 5 metrora egin beharko da, edo, hura birjartzeko ezponda etzanak aukeratuz gero, haren goiko ertzetik egingo da, zortasun-eremua ez okupatzeko.
Ondorioz, ingurumen-eragin nabarmen horiek antolamendu berri bat behar dute, ibaian behera dauden hirugarrenei kalterik eragingo ez diena eta jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremua gehiago okupatuko ez duena.
Bigarrena – Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honen baldintzen arabera, Bergarako A-18 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzaketelako.
Hirugarrena.– Bergarako A-18 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua ematea, ingurumen-ondorioetarako soilik eta honako baldintza hauen arabera:
Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanda, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:
A). Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.
Azterketak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Gainera, kontuan hartu beharko dira planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan jasotako irizpideak eta Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako helburuak eta printzipioak.
Halaber, kontuan hartuko dira Planari aplikagarri zaizkion lurralde-antolamenduko planetan eta plan sektorialetan ingurumena babesteko finkatutako irizpideak, helburuak eta zehaztapenak.
Izan ere, honako irizpide hauek txertatzea azpimarratu beharko da:
a) Lurzorua zentzuz eta modu intentsiboan erabiltzea eta lehendik ere artifizializatuta dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea, balio agrologiko handiko lurzorua eta lurzoru naturala urbanizatzetik babestuta.
b) Hiri-segregazioa, hiriaren barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea, eta, horretarako, irisgarritasuna sustatzea, lurzoruaren erabileren plangintza integratuaren bidez, mugikortasunaren bidez eta hiri-egitura dentso, trinko eta konplexuak sustatuz.
c) Lurzoruaren zigilatzea murriztea, lurzorua jasangarritasun handiagoz erabiliz eta ahal beste eginkizuni euts diezaion sustatuz.
d) Ur-masen egoera ekologiko ona lortzea, bai eta baliabidearen erabilera jasangarria ere.
e) Habitatak eta espezieak, ingurumen naturala eta konektibitate ekologikoa zaindu eta hobetzea.
f) Biodibertsitatearen galera geldiaraztea, ekosistemak leheneratzea eta lurzoruaren artifizializazioa mugatzea.
g) Paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.
h) Natura-baliabideen erabilera jasangarria sustatzea: ura, energia, lurzorua eta materialak.
i) Energia aurreztea, energia-efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea.
j) Aire garbia bermatzea, bai eta zarata eta argi-kutsadura handien eraginpean bizi diren biztanleen kopurua murriztea ere.
k) Klima-aldaketarekiko kalteberatasuna gutxitzen laguntzea, kaltea arintzeko neurriak eta egokitzeko neurriak integratuz.
l) Arrisku naturalak gutxitzea.
B) Ingurumen-ebaluazioaren xede den eremu geografikoa eta ingurumen-arlo garrantzitsuak.
Azterketak ingurumenaren ikuspegitik deskribatu beharko du Planaren aplikazio-eremua, eta babes-araubideren bat duten espazio guztiak nabarmendu beharko ditu, ingurumena babesteko oinarrizko legeria aplikatuz.
30.183 m2-ko hiri-lurzoru industrial finkatu bat da, Bergarako udalerriaren azaleraren % 0,05 baino gutxiago hartzen duena eta San Antonio auzoko ekialdean kokatutako bi azpieremutan banatzen dena.
Lehen azpieremua txikiagoa da, eta Gabiria kalearen eta GI-627 errepidearen artean dago, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxe Publikotik hurbil.
Eremu handiena duen azpieremua bestearen iparraldean dago, eta garai batean Tavex-Algodonera SA industriak okupatzen zituen lurzoruak hartzen ditu, Martoko eta San Antonio inguruko meandroan, Deba ibaiaren eta GI-627 errepidearen artean.
Artifizializatuta dagoen eta nagusiki laua den eremu bat da, eta ez du ingurumen-balio nabarmenik, lehendik dagoen ubide-hormaren oinean «Ibaiertzeko Haltzadi Eurosiberiarra»k hartzen dituen zatiak kenduta. Bertan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruak dira nagusi, eta industria motako kokalekua 20074-00142 kodearekin dago sartuta inbentarioan.
Dena den, eremuan Gabiria dorrea dago, XVII. mendekoa: - Balizko Arkeologia Gunea (1997-10-30eko EHAA, 208. zk.; 1997ko irailaren 17ko Ebazpena), Kultura Ondasun deklaratua (2002-10-30eko EHAA, 207. zk.) urriaren 25eko 247/2002 Dekretuaren bidez, Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria Dorrea Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeko dena.
Bestalde, lehentasunezko fluxu-eremuak eta hainbat errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuk eragiten diote eremuari, eta Bergarako UAHEren zati da –ES017-GIP-DEB-07 kodea–.
Gainera, eremuko egoera akustikoa kalitate akustikoko helburuak gainditzeagatik ezaugarritzen da mendebaldean, izan egunez, arratsaldez edo gauez, batez ere GI-627 errepidearen ondorioz.
C) Etorkizunean jarduketak egiteko desegokiak diren eremuak.
Azterketak ingurumen-ikuspegitik arazotsuak izan daitezkeen eremuak hauteman beharko ditu, proposamenak horietara egokitzeko. Esparruaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arriskuguneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko.
Ildo horretan, kontuan hartu beharko lirateke erabileren mugak honako hauetan:
– Lehentasunezko fluxu-eremuek eta hainbat errepikatze-denborako uholde arriskuko eremuek eragindako eremuak. Justifikatu egin beharko da eremuaren erabilerek eta bertan eginiko jarduketek bete egiten dutela urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko 37.6 eta 43. artikuluetan xedatutakoa (35/2023 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, honako hauen plan hidrologikoak berrikustea onartzen duena: Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen alderdi espainiarra).
– Ibilguen zortasun-eremua, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduarekin bat etorriz. 849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa.
– Kultura-ondarearen eraginpeko eremua, honako hauekin bat etorriz: Euskal Kultura Ondarearen Legearekin (6/2019, maiatzaren 9koa), Kultura Ondasun Higiezinaren izendapenarekin (247/2002 Dekretua, urriaren 25ekoa) eta aldibereko beste araudi batekin.
Aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez diren eremu akustikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren eta aplikatzekoa den beste araudi baten arabera.
D) Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen analisi laburra.
Jarraian, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidean jaso diren txostenetako ingurumen-arloko eduki garrantzitsuenak laburbildu dira:
Natura-ondareari dagokionez:
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren ustez, Ingurumen Agiri Estrategikoan (IAE) proposatutako neurriekin, eremua garatzeak ingurumena hobetzen lagunduko du, egungo egoerarekin alderatuta. Haatik, irizten du bi alderdi osatu egin behar direla:
– Harri-lubetazko horma berriaren eraikuntzak ukitutako eremuaren eta azkenean leheneratutako ibaiertzeko landarediaren eremua identifikazio xehea.
– IAEk Plan Bereziaren Aldaketaren Hirigintza Araudian proposatutako neurriak jasotzeko beharra.
Kultura-ondareari dagokionez:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi dio Zuzendaritza honi ez dela eraginik hauteman kultur ondarean Planaren esparruan.
Uholde-arriskuari dagokionez:
Uraren Euskal Agentziak (URA) bere txostenean nabarmentzen du proposatutako aldaketak 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokion ur-laminaren kota nabarmen handituko duela Deba ibaiaren eskuinaldean, planaren eremutik ibaian behera, eta hirugarrenei eragingo diela hainbat etxebizitzatan. Eta hori uren arloko araudian xedatutakoaren kontrakoa dela (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 37.6 eta 43. artikuluak). Ondorioz, Agentziak ezartzen du antolamendua aldatu beharko dela ibaian behera dagoen eremuan T500 uraldirako ur-lamina ez dadin igo.
Gainera, txostenaren arabera, bidegorriaren trazadura, gutxienez, ubide-hormatik 5 metrora egin beharko da, edo, hura birjartzeko ezponda etzanak aukeratuz gero, haren goiko ertzetik egingo da, eta eraikuntzaren eta urbanizazio-plataformaren atzerapenek EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren araudian zehaztutako 15 metroak errespetatu beharko dituzte (isurialde kantauriarra eta mediterraneoa).
E) Ingurumen-txosten estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.
Ingurumen-azterketa estrategikoak (aurrerantzean, Azterketa) Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du, eta haren osagarri erabiliko da, halaber, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean jasotakoa.
Aurrekoaren arabera, garatzen diren atalek honako eskema metodologiko hau bete beharko dute:
1.– Proposatutako planaren deskribapena.
1.1.– Plangintzaren esparrua eta helburuak.
1.2.– Planaren irismena, edukia eta garapena.
1.3.– Plangintza-alternatibak.
2.– Ingurumenaren ezaugarriak.
2.1.– Ingurumen-egoeraren deskribapena.
2.2.– Laburpena: ingurumen-alderdi garrantzitsuak.
3.– Ingurumen-efektuak.
4.– Prebentzio, zuzenketa eta konpentsaziorako neurriak.
5.– Ingurumena zaintzeko programa.
6.– Ingurumen-laburpena.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da Azterketak alderdi hauetan sakondu behar duela jarraian adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:
1.– Planaren deskribapena.
Plana osatzen duten alderdiak deskribatuko dira. Argi eta garbi identifikatuko dira Planak planteatzen dituen proposamen berriak, eta dagoeneko onartuta dauden proposamenetatik bereiziko dira. Eta, proposamen berri horietatik, argi eta garbi identifikatuko da Plana gauzatzeak etorkizunean eragin ditzakeen ekintzetatik zeinek izan ditzakeen efektu kaltegarriak ingurumenean. Hori guztia, honako atal hauetan adierazitako egitura eta xehetasunekin:
1.1.– Plangintzaren esparrua eta helburuak.
a) Azterketan, Planaren helburu zehatzei buruzko laburpen txiki bat jasoko da. Gainera, Azterketak labur-labur jaso beharko du nola hartu diren kontuan, Plana prestatu bitartean, Ebazpen honetako A atalean jaso diren ingurumena babesteko helburuak eta jasangarritasun-printzipioak eta -irizpideak.
b) Hierarkikoki Plana baino maila handiagoa duten planak edo programak identifikatuko dira. Azaletik deskribatuko dira Planaren xedearekin edo eremuarekin zerikusia duten plan edo programa horien zehaztapenak eta aurreikuspenak, bai eta Planari aplikatu behar zaizkion ingurumena babesteko irizpide, helburu eta zehaztapenak ere. Aurkeztu beharko da zer erreferentzia eta data duten hierarkian Planaren gainetik dauden plan edo programen onespen-egintzek, eta zehaztuko da plan edo programa horiek ingurumen-ebaluazio estrategikoaren mende jarri diren edo ez.
c) Hala badagokio, adierazi beharko da zer irizpide eta zehaztapen ezarri diren hierarkiaz planaren gainetik dauden planen ingurumen-adierazpen estrategikoan, baita plana garatzeko beste tresna batzuetan ezarritakoak ere, baldin eta ebaluatu beharreko planaren eremuari edo xedeari aplikatzekoak badira. Ingurumen-adierazpen estrategikoen erreferentzia aurkeztuko da; halaber, zer aldizkari ofizialetan argitaratu diren zehaztuko da, eta kontsulta-gunerako esteka txertatuko da.
d) Adieraziko da ingurumena babesteko zer irizpide, helburu eta zehaztapen finkatzen diren arauetan eta Planarekin hierarkia-harremanik ez duten beste plan eta programa batzuetan (Batasunekoak, Espainiakoak, autonomia-erkidegokoak edo tokikoak), baldin eta aplikatu beharrekoak badira.
Zehazki, eta beste batzuen artean, honako araudia eta plan hauek hartuko dira kontuan:
– EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG).
– Arrasate-Bergarako Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala (Debagoiena).
– Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra.
– 18. Eremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Bergarako Udala.
– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoa.
– Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana.
– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala.
– Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala.
– EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektoriala.
– 247/2002 Dekretua, urriaren 25ekoa, Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria Dorrea, Monumentu izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeari buruzkoa. (2002-10-30eko EHAA, 207. zk.).
– 35/2023 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, honako hauen plan hidrologikoak berrikustea onartzen duena: Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako aldea.
– Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua. 849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa.
– 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena.
– 213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa.
– 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoa.
– 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoa.
1.2.– Planaren irismena, edukia eta garapena.
a) Planaren irismenak ezin hobeto definituta geratu behar du. Azterketak Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du, eta haiek lotura izan beharko dute Planak eragindako eremuan indarrean den hirigintza-antolamenduaren aldean dakartzan aldaketekin edo xehakapenekin, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete, betiere eremuaren garapenerako beharrezkoak diren jarduketa guztiak aintzat hartuta.
b) Planeko proposamenak gauzatzeko erabiliko diren proiektu eta jarduketen ezaugarriei buruzko aurreikuspen bat egingo da.
Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko ditu Azterketak, garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokio, proiektuak gauzatzean ahalik eta kalte gutxien sortzeko gidalerroak ezartzeko.
c) Ingurumenean eragina izan dezaketen planeko ekintzak deskribatu eta kokatuko dira, eta garrantzi handienetik txikienera hierarkizatuko dira, kontuan hartuta haien kokapen zehatza, izaera, magnitudea eta baliabide naturalen kontsumoa. Horrela deskribatutako plan-ekintza bakoitzari kode bat esleituko zaio. Kode hori azterketaren hurrengo ataletan erabiliko da, baldin eta aipatu behar bada.
d) Plana onartu ondoren, haren garapena zehaztu eta plangintzaren geroagoko faseak aipatuko dira, baita planaren zehaztapenak ezartzeko tresnak ere. Era berean, garapen-tresna edo -proiektu horiei ingurumen-ebaluazioa egin dakiekeela aurreikusi beharko da.
e) Nolanahi ere, Plana garatzeko zenbat denbora aurreikusten den erantsiko da, eta, hala badagokio, aurreko atalean azaldutako ekintzetarako denbora-aurreikuspena zehaztuko da.
f) Epigrafe honetan biltzen den informazioa kartografikoki islatuko da dagokion eskalan, eta lurraldearen erabilera islatuko du, bai eta ingurumen-eragin nabarmenak ekar ditzaketen Planaren aurreikuspen eta jarduketak ere. Informazio kartografikoa atxiki beharko da, gutxienez honako hauek jasoko dituena: eremuaren mugaketa eta jarduketa guztien kokapena, PDF (geo-erreferentziatuta) eta shape formatuetan.
1.3.– Plangintza-alternatibak.
a) Azaletik deskribatuko dira plana prestatzeko prozesuan kontuan hartu diren alternatiba guztiak. Alternatiba horiek bideragarriak izan behar dute teknikoki eta ingurumenaren aldetik, eta hauei buruzkoak izan daitezke: kokalekua, garapen teknikoa, garapen-denbora, kudeaketa, antolamendua, natura-baliabideen erabilera edo beste edozein alderdi. Era berean, 0 alternatiba –ez esku hartzekoa– ere hartuko da kontuan, erreferentziatzat hauxe hartuta: jarduketa-eremuaren alderdi garrantzitsuek izango duten bilakaera probablea Planaren proposamenak aplikatu ezean.
b) Alternatiba horien irismena deskribatuko da, eta zehaztuko da zer alde dagoen alternatiba bakoitzaren arabera Planean jasotako proiektuen eta ekintzen eta 1.2.b atalean deskribatutako proiektuen eta 1.2.c atalean deskribatutako ekintzen artean.
c) Laburpen bat ere jasoko da azaltzeko zergatik baztertu diren aztertutako plangintza-alternatibak eta zergatik onartu den azkenean proposatutako alternatiba.
d) Aztertutako alternatibak modu kartografikoan jasoko dira.
e) Kasu zehatz honetan, eta URA Uraren Euskal Agentziaren txostena kontuan hartuta, proposamenaz bestelako antolamendu-alternatiba bideragarri bat proposatu beharko da (eta hari lotutako jarduketak), ibaian behera dauden hirugarrenei kalterik eragingo ez diena, eta Jabari Publiko Hidraulikoaren zortasun-eremua gehiago okupatuko ez duena, uren arloko araudian xedatutakoarekin bateraezina izateagatik.
2.– Ingurumen-egoeraren ezaugarriak.
Azterketak deskribatu beharko du nolakoa den egungo ingurumen-egoera –alderdi nagusiak azalduta– planaren afekzio-eremuan. Zehaztapen horretan, elementu abiotikoen eta biotikoen ezaugarriak aztertuko dira, bai elementu mota bakoitzaren ikuspuntu sektorialetik, bai beren interakzioen ikuspuntutik, eta ingurumenaren egungo egoeraren ikuspegi integratua emango da.
Planaren eragin-eremutzat hartuko da, antolamendu-eremu osoaz gain, eremu horren ingurunerik hurbilena, Planaren ekintzek ingurumen-eragin nabarmenak izan ditzaketen guneetara mugatuta.
Ingurumenaren kalitatearen gaineko alderdiei buruzko informazioa azterketetan edo bestelako erreferentzia-dokumentuetan oinarrituta dagoenean, emandako datuen iturria identifikatuko da, eta adieraziko da zein den izenburua, urtea eta egilea, eta, hala badagokio, zer esteka balia daitekeen lana osorik kontsultatzeko.
Azterketak ingurunearen aldagaiak bilduko ditu, eskala egokiko planoetan.
2.1.– Ingurumen-egoeraren deskribapena.
Honako hauek izango dira, gutxienez, aintzat hartuko diren ingurumen-alderdiak:
a) Ingurune fisikoa. Zenbait faktore hartuko dira kontuan, hala nola arroka ama eta zorupea, haien iragazkortasuna, ur-masak eta -puntuak, klima-faktoreak eta lurzoru mota.
b) Natura-ondarea. Jasota utziko dira dauden natura-intereseko eta interes ekologikoko elementuak, hala nola ibaien ibilguak, arriskupeko fauna- eta flora-espezieen banaketa-eremuak, Batasunaren intereseko habitatak, naturagune babestuak, hezeguneak, espezie autoktonoen basoak, landaredia, flora eta fauna autoktonoak, geologia-intereseko lekuak, korridore ekologikoak eta abar. Dauden elementuen kontserbazio-egoerari buruzko datuak emango dira, bai eta interes-mailari, urrakortasunari eta gaur egungo presioei eta arriskuei buruzko datuak ere, eta Plana gauzatzearen ondorioz areagotzeko arriskua ote duten adieraziko da.
Ildo horretan, zehatz-mehatz deskribatu beharko da hartutako antolamendu-alternatibak zer landarediri eragingo dion, landare mota bakoitzaren okupazio-azalera, kontserbazio-egoera eta funtzionaltasun ekologikoa adierazita. Halaber, eremuan dauden landaredi aloktono inbaditzaileko espezie guztiak identifikatu beharko dira.
c) Paisaia. Pertzepzio-ikuspuntutik intereseko elementurik dagoen aztertuko da.
d) Ingurumen-arriskuak eta -arazoak. Arriskuez jaso ahal izan den datu oro emango da, kontuan hartuta, besteak beste, higadura-arriskua, lurpeko uren kutsatzearekiko kalteberatasuna, uholde-arriskua, arrisku geoteknikoak, klima-aldaketak eragindako arriskuak edo aipatzeko moduko beste edozein ingurumen-arrisku.
Orobat, airearen, uraren edo lurzoruaren kalitateari dagokionez hautemandako ingurumen-arazoak deskribatuko dira, egoera akustikoa barne. Kutsagarriak izan daitezkeen iturriak eta kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruak identifikatuko dira, eta baliabide naturalen erabilgarritasuna aztertuko da, bereziki, urarena. Hala dagokionean, aipatutako ingurumen-arrisku eta -arazoen eraginpean egon daitezkeen eremuko guneak identifikatu eta lokalizatuko dira.
e) Kultura-ondarea. Hala badagokio, hautemandako elementu bakoitzaren garrantzia, kalteberatasuna, babes-tresna eta babes-maila adieraziko dira. Era berean, kultura-ondasunari kalifikazioa eta babesa ematen dizkion arau-xedapena ere aipatuko da.
f) Atal honetan, gainera, egon daitezkeen beste ingurumen-baldintzatzaile batzuk landuko dira, baldin eta planaren ingurumen-ebaluaziorako garrantzitsuak badira, hala nola mugikortasunari eta garraioari buruzko alderdiak, eremuko irisgarritasun-baldintzak, baliabide berriztagarrien eta berriztaezinen kontsumoari lotutako beharrak (ura, energia, etab.), jendea bizi den eremuen presentzia eta kaltetua izan daitekeen biztanleria eta abar.
2.2.– Laburpena: ingurumen-alderdi garrantzitsuak.
Aurreko atalean azaldutako deskribapen eta datuak oinarri hartuta, ingurumenaren egungo egoera aztertuko da Planaren eraginpeko esparruan, eta laburki jasoko da zein diren Planeko jarduketen ondoriozko elementu, prozesu, arazo eta ingurumen-arrisku garrantzitsuenak ingurumen-ebaluazioko prozesuan. Arreta jarri beharko zaie ingurumenaren ikuspegitik interesgarriak diren eremu, elementu edo egoerei, baita eragina jasateko arriskua duten alderdiei ere; horretarako, kontuan hartuko dira Planean jasota dauden jarduketen ondoriozko proiektuen eta ekintzen kokapena eta ezaugarriak.
Azterketak ingurumen-ikuspegitik arazotsuak izan daitezkeen eremuak hauteman beharko ditu, proposamenak horietara egokitzeko.
Eremuaren ingurumen-diagnostiko egokia egin beharko da harrera-gaitasuna, arriskuguneak, eremu ahulak edo kalteberak eta abar ebaluatzeko. Atal hau idazteko, ebazpen honen 3. atalean aipatu diren ingurumen-eremu garrantzitsuak eta aplikatu beharreko araudietan eremu horietarako ezartzen diren mugaketak hartuko dira kontuan, gutxienez.
Kasu horretan, Planak planteatzen dituen jarduketen garapena baldintzatu dezaketen alderdiak kultura-ondarearen babesarekin, jabari publiko hidraulikoaren babesarekin, uholde-arriskuekin, lurzoruen kalitatearekin, kalitate akustikoarekin eta landare-estalkiaren galerarekin lotutakoak dira, eta alderdi horiek aztertu egingo dira azterketan.
3.– Proposatutako planaren ingurumen-ondorioak.
a) Apartatu honetan, identifikatu eta aztertuko da zer efektu izan ditzaketen Planean bilduriko ekintzek 2. atalean deskribatutako ingurumen-kalitateko elementuetan, eta efektu horien ezaugarriak deskribatuko dira. Planaren ondorioak identifikatu eta karakterizatzeko, azterketa bat egingo da jakiteko zer-nolako elkarreragina dagoen lanean aurreikusitako ekintzen eta eragina izateko arriskuan dauden ingurumen-elementuen ezaugarri espezifikoen artean, baita zer ingurumen-arazo eta -arrisku sortu edo areagotu daitezkeen ere.
Ezaugarrien deskribapenean, zehatz eta argi adierazi beharko da zer motatako ondorioak dauden, honako hauek bereizita: nahi ez diren ondorioak, metaketakoak, ondorio sinergikoak, epe labur, ertain eta luzerako ondorioak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterako ondorioak.
Azterketaren 1.2.c atalean identifikatutako ekintza guzti-guztien ingurumen-ondorioak deskribatuko dira, eta berariaz aipatuko da atal horretan ekintzei esleitutako kodea.
Hala dagokionean, zenbait ekintzaren konbinaziotik eratorritako ondorioak zehaztuko dira. Gainera, ingurumen-izaerako edozein ondorio bereiziko da, baldin eta biztanleriaren, giza osasunaren edo ondasun materialen gainean ondorio kaltegarri eta nabarmenak izan baditzake.
Horrela deskribatutako Planaren ondorio bakoitzari, berriz, kode bat esleituko zaio. Kode hori Azterketaren hurrengo ataletan erabiliko da, ondorioa aipatu behar bada ere.
Beste alderdi batzuen artean, honako alderdi hauen analisia jorratuko da:
– Plana bateragarria da hemen aurreikusitakoarekin: 247/2002 Dekretua, urriaren 25ekoa, Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria Dorrea, Monumentu izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeari buruzkoa. (2002-10-30eko EHAA, 207. zk.).
– Uholde-arriskua, behar bezala justifikatuta bete egiten dela Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren araudia uholde-arriskua areagotzeari dagokionez, eta bateragarria dela Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean ezarritakoarekin.
– Deba ibaian duen eragina eta jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremuaren gaineko eragina ebaluatuko dira, eta arlo horretako araudia betetzen dela justifikatuko da. Bereziki, beharrezkoa izango da EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako jarduketek ubide-atzeratzeei buruz adierazten dutena betetzea.
– Harri-lubetazko horma berriaren eraikuntzak eta azkenean leheneratutako ibaiertzeko landarediak ukitutako eremua.
– Aurreikusi diren erabileretan zer mailatan betetzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH).
– Eremuan dauden landare-komunitateei eragitea, batez ere BIH 91E0* «Ibaiertzeko Haltzadi Eurosiberiarra» Batasunaren intereseko habitatari.
– Lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, indusketak eta lur-mugimenduak, soberakinak sortzea, makinen joan-etorriak eta istripuz lurrera egindako isurketak, ustiapen-fasean
– Planaren garapenean aurreikusitako ekintzek paisaian duten eragina.
– Ustiapen-fasean hondakinak sortzea eta hornidura-, saneamendu-, energia- eta eragindako mugikortasunaren eskariak areagotzea.
b) Identifikatu eta kodetutako ondorio bakoitza baloratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:
– Gertatzeko probabilitatea, iraupena, maiztasuna eta itzulgarritasuna.
– Efektuen larritasuna eta irismen espaziala.
– Eraginpean gera daitekeen eremuaren balioa eta kalteberatasuna, honako hauek kontuan hartuta:
– Natura-, kultura- eta paisaia-ezaugarri berezirik dagoen.
– Aurkako ingurumen-baldintzarik dagoen, airearen, uraren edo lurzoruaren kalitate-estandarrak edo muga-balioak gaindi dezakeenik.
– Planak zer neurritan sortu edo areagotu ditzakeen ingurumen-arriskuak.
Ahal den guztietan, ondorioak kuantifikatuko dira, eta, horretarako, Planean aurreikusitako jarduketak eta proiektuak gauzatzearen ondorioz deskribatu diren ingurumen-ondorioen egoera-aldaketei buruzko datu neurgarriak erabiliko dira. Hala badagokio, adieraziko da zer ziurgabetasun-maila dagoen eragin horien iragarpenean.
c) Halaber, ahal den neurrian, efektuak kartografikoki lokalizatuko dira eta saiatuko da lotzen plan edo programaren zer fasetan gerta daitezkeen.
d) Adieraziko da hautemandako efektu horren sorburu-ekintzak eskatzen duen ala ez Planaren zehaztapenak beste plan eta programa batzuetan txertatzea, eta kasu bakoitzean zehaztuko da zein plangintza-tresnari eragingo zaion.
e) Hala deskribatutako ingurumen-ondorioak hierarkizatuko dira, eta horien garrantzi erlatiboa nabarmenduko da.
4.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak.
a) Atal honetan, deskribatuko da zer neurri aurreikusi den Azterketaren 3 atalean deskribatutako ingurumen-efektu kaltegarriak prebenitzeko, murrizteko eta, hala badagokio, konpentsatzeko. Hartuko diren neurriek bermatu beharko dute ez dela ingurumen-efektu handirik sortuko, Planaren ekintzak garatzearen eta etorkizunean gauzatzearen ondorioz. Natura-baliabideak, natura- eta kultura-ondarea babestea, natura-arriskuak prebenitzea eta hautemandako ingurumen-arazoen aurrean hobetu eta egokitzea izango dute helburu.
b) Proposatutako neurriek koherenteak izan beharko dute aurreikusitako ingurumen-ondorioekin. Neurriak deskribatuko dira, eta Azterketako 3. atalean identifikatutako efektuekin –prebenitu, zuzendu edo konpentsatu nahi direnekin– lotuko dira. Bereziki, eta beste batzuen artean, honako neurri hauek zehaztuko dira:
– Jabari publiko hidraulikoa babestera eta uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.
A.18 Algodonera-San Antonio eremuko lurzoruaren erabilerek uren arloko araudian xedatutakoa bete beharko dute, bereziki urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko 37.6 eta 43. artikuluetan xedatutakoa (errege-dekretu horrek onartzen du honako hauen plan hidrologikoak berrikustea: Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoak eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako aldea) eta apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa (errege-dekretu horrek onartzen du Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamendua, eta Urei buruzko abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen (1986-04-30eko BOE) atarikoa eta I., IV., V., VI. eta VII. tituluak garatzen ditu).
– Kultura-ondarea babesteko neurriak:
XVII. mendeko Gabiria Dorrean egiten den ezein esku-hartzek, urriaren 25eko 247/2002 Dekretuak Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzen duena (2002-10-30eko EHAA, 207 zk.), bete egin beharko du Euskal Kultura Ondarean Legean (6/2019, maiatzaren 9koa) eta urriaren 25eko 247/2002 Dekretuan ezarritakoa (Bergarako (Gipuzkoa) Gabiria Dorrea Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 Legera egokitzeko dena). (2002-10-30eko EHAA, 207. zk.).
Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa: obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:
Erabilera-aldaketa bat aurreikusteko, beharrezkoa izango da lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetzea, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko Legearen (4/2015, ekainaren 25ekoa) 23. artikulua betez, A-18 Algodonera eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruak daudelako; 20074-00142 kodearekin dago sartuta inbentarioan.
Lurzoruaren kalitatearen deklarazio hori antolamendu xehea jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen egin beharko da; edo, bestela, jarduketa urbanizatzailearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.4 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz.
Gainera, eremu horretan kutsatutako lurzoru horiek egoteak berekin ekarriko du inbentarioan sartutako kokalekuan indusketak egitea aurreikusten duten eraikuntza-proiektuek dagokion indusketa-plana aldez aurretik onartua izatea.
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:
Eremuaren antolamenduak kontuan hartu beharko ditu honakoak: alde batetik, gaur egun gainditu egiten direla helburu akustikoak mendebaldean, batez ere GI-627 errepideagatik; eta, bestetik, neurri akustikoen eraginkortasuna, nagusiki bizitegi-erabilerako lurzoruak dituzten lurralde-sektoreei dagozkien kalitate akustikoko helburuak betetzeko. Hala badagokio, araudian ezarritako salbuespenak kontuan hartuta, 18. eremua Babes Akustiko Bereziko Eremutzat jotzea baloratuko da, bai eta dagokion eremuko plana definitzea ere, modu teknikoan eta ekonomikoan emandako beharrezko dirne neurri eta guzti, dagozkion kalitate akustikoko helburuak betetze aldera, batez ere etxebizitzara, ospitaleetara, hezkuntzara edo kulturara bideratutako eraikinen barrualdean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuarekin bat etorriz.
– Natura-ondarea babesteko neurriak:
Intereseko landaredia babesteko neurriak proposatuko dira, eta, zehazki, BIH 91E0* «Ibaiertzeko Haltzadi Eurosiberiarra» Batasunaren intereseko habitatari dagozkionak. Habitat horrek, modu degradatuan eta atalka, Deba ibaiaren ertza hartzen du: obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz balizatuko da inolako eraginik jasan behar ez duen landaredia.
Proiektua gauzatzearen ondorioz erasandako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
BIH 91E0* habitateko berezko espezie autoktonoak erabiliko dira. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.
Gune libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen.
Espezie inbaditzaileak kontrolatzeko, hautematen diren flora aloktono inbaditzailearen aleak ezabatuko dira, batez ere buddleia (Buddleja davidii), sasiakazia (Robinia pseudoacacia) eta panpa-lezka (Cortaderia selloana) espezieenak, eta neurri egokiak hartuko dira ez daitezen ez eremuan ez inguruan hedatu,
– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak:
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatzen duen moduan, ingurumen-azterketa estrategikoak barnean hartuko ditu klima-aldaketan egon daitekeen eragina arindu eta hartara egokitzeko neurriak. Xede horrekin, Ihobek egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua. Udalsarea 21 lan-koadernoa eta Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko.
c) Adieraziko da planaren zein zatitan txertatu diren proposatutako neurriak, eta berariaz zehaztuko da planean bildutako zein dokumentu teknikotan jaso diren neurri horiek.
d) Hala badagokio, prebentziorako, zuzenketarako eta konpentsaziorako neurriak proposatuko dira, horiek aplikatzea komenigarria edo egingarria denean, bai plangintzaren geroagoko fase edo etapetan, bai Plana gauzatzeko diseinatzen diren etorkizuneko proiektuetan.
e) Kostu ekonomikoren bat dakarten prebentzio eta zuzenketarako neurrien aurrekontua ere jasoko da, eta adieraziko da zein den horiek gainbegiratzeaz arduratuko den agentea edo pertsona.
5.– Ingurumena zaintzeko programa.
a) Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Alderdi hauek kontrolatzea izango dute helburu neurri horiek:
– Planak ingurumenean izan ditzakeen efektu kaltegarriak prebenitu, murriztu edo zuzentzeko neurriak behar bezala ezartzen direla gainbegiratzea.
– Ingurumen-elementu garrantzitsuen bilakaera zaintzea, baita Plana martxan jarri aurretik zeuden ingurumen-arazoen bilakaera ere.
– Plana gauzatzearen ingurumen-ondorioak aztertzea, aurreikusi gabeko ondorio kaltegarriak azkar identifikatzeko ez ezik, horiek eragozteko edo zuzentzeko neurri egokiak hartzeko ere.
– Aztertzea ea prebentzio- eta zuzenketa-neurri osagarririk hartu behar den Plana egikaritzeko aurreikusitako garapen-tresnetan eta proiektuetan.
b) Jarraipen-neurriak identifikatu egingo dira, eta neurri horiek bat etorri beharko dute Azterketaren 4 atalean jasotako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriekin.
c) Ingurumena zaintzeko programak jaso beharko du zer adierazle proposatzen diren Azterketan, baita zer proposamen zehatz egiten den ere, kasu bakoitzean datuak biltzeko erabiliko diren aldizkakotasunari eta metodoei buruz.
6.– Ingurumen-laburpena.
a) Ingurumen-alderdiak Planean nola txertatuko diren deskribatuko da. Xehetasunez aztertuko da nola hartu diren kontuan eta nola bete diren ingurumena babesteko ezarritako irizpideak, helburuak eta zehaztapenak, Azterketaren 1.1 atalean deskribatutakoak.
b) Aztertuko da ea zer nolako probabilitatea dagoen Planak etorkizunean ingurumenean eragin nabarmenak izateko, eta behar diren argudioak emango dira honako hau egiaztatze aldera: proposatutako babes-, zuzenketa- eta/edo konpentsazio-neurriak Planean txertatuz gero, oso arrisku txikia dagoela eragin nabarmen horiek gertatzeko, eta, ondorioz, ez dagoela eragozpenik Plana garatzeko. Ondorio hori laburbiltzeko, Azterketaren gainerako ataletan jasotako informazioei buruzko erreferentzia egokiak erabiliko dira.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
a) Azterketak barnean hartuko du emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat, zeinak ebaluazio-prozesuan jorratutako gaietako prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonek erraz ulertzeko moduan idatzita egon beharko baitu.
b) Laburpen horri, gainera, egindako ebaluazioa hobeto ulertzen lagunduko duen informazio grafikoa ere erantsi beharko zaio, edo, bestela, informazio hori erraz eskuratzeko behar diren erreferentziak jaso beharko dira.
F) Jendaurreko informazioaren izapideak eta kontsultak.
Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, organo substantiboak jendaurrean jarriko du Planaren hasierako bertsioa, bai eta ingurumen-azterketa estrategikoa ere, gutxienez 45 egunez.
Era berean, organo sustatzaileak, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren ondoreetarako, irismeneko dokumentu hau egiteko kontsultatu diren eraginpeko administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin kontsultatuko du gutxienez Planaren hasierako bertsioa, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera. Honako hauek izan dira:
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza. Gipuzkoako Zuzendariordetza.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.
– Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.
– URA. Uraren Euskal Agentzia.
– IHOBE.
– Ekologistak Martxan.
– Eguzkizaleak Elkartea (Eguzki).
– Áncora Elkartea, Ondarearen Kontserbaziokoa.
G) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 24.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, organo substantiboak ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espediente osoa igorriko dio ingurumen-organoari, honako hauek barnean hartuta: plan edo programaren azken proposamena, ingurumen-azterketa estrategikoa, informazio publikoaren eta kontsulten emaitzak eta laburpen-dokumentu bat, plan edo programaren azken proposamenean honako alderdi hauek nola txertatu diren azaltzen duena: ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta azterketa hori irismen-dokumentura nola egokitzen den, egindako kontsulten emaitza eta kontsulta horiek nola hartu diren aintzat.
Ingurumen-adierazpen estrategikoa eskatzeko eta dokumentazioa entregatzeko, nahitaez bete beharko dira Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean horri buruz dauden jarraibideak, esteka honetan jasotzen direnak:
Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa gidaliburuaren arabera egin eta aurkeztu beharko da. Gidaliburua ingurumen-organoaren webgunean dago eskuragarri, esteka honetan:
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Bergarako Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 12a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.