Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2024ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1046

15/2024 DEKRETUA, otsailaren 22koa, zeinaren bidez aldatzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako funtzionarioen eta langile lan-kontratudunen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, besteak beste, ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez eta maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez (dekretu horiek aldatzen dituzte funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei gordetako lanpostuen zerrendak, hurrenez hurren, batzuen zein besteen analisi funtzionalak egiteko prozesuak amaitu eta gero) eta maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko.

Lanpostuen zerrendak Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko tresna dira. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 22ko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Onartzea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak. Zerrenda horiek dekretu honen I. eranskinean jasota daude, eta maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko.

Bigarren artikulua.– Onartzea langile lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak. Aldaketa horiek dekretu honen II. eranskinean daude jasota, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatzen duen maiatzaren 21eko 79/2019 Dekretuaren bidez onartu ziren.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala