Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2024ko otsailaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1041

12/2024 DEKRETUA, otsailaren 13koa, kooperatiben arloko ikuskapenari eta zehapen-prozedurari buruzkoa.

Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legeak –urriaren 7ko 5/2020 Legearen bidez aldatua, eta aurrerantzean: abenduaren 20ko 11/2019 Legea– honela dio 160.7 artikuluaren lehen paragrafoan, azken xedapenetako laugarrenaren 3. zenbakia dela-eta: «Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailari dagokio proposatzea onar dadin kooperatiba zehatzeko prozedura arautzen duen erregelamendua, zeina egingo baita Administrazioaren zehapen-araubidea eta haren printzipio eta bermeak aplikatzeko legeriaren arabera. Ezin izango da, inoiz, zehapenik ezarri baldin eta aurretik ez bada egin dagokion espedientea arestian adierazitako printzipio eta bermeen arabera»; eta gehitzen du, kautelaz gehitu ere, ezen ezin izango dela inola ere zehapenik ezarri, aldez aurretik ez bada dagokion espedientea bideratu haren printzipio eta bermeen arabera.

Legezkotasunari, printzipioei eta bermeei oro har men egitea aipatzen denean, ulertu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legeaz ari dela (aurrerantzean, martxoaren 16ko 1/2023 Legea), zeinaren helburua baita, edozein zehapen-araubide aplikatzeko arau orokor substantibo baliagarriak ezartzeaz gain, arau orokorrak eta bide formala dituen prozedura bat finkatzea, edozein gaitan zehatze-ahala egikaritzeko.

2019ko legegilearen zeregina izan zen, ondorioz, betearazi nahi den legezkotasunaren gaiaren ondoriozko espezifikotasunak jasotzen dituen prozedura bat arautzea, funtsezko ezberdintasunak ez baditu ere eta zehapen-araubide propio berezkoa ez bada ere abenduaren 20ko 11/2019 Legetik bertatik berariaz eratortzen direnak –160.7 artikuluko bigarren paragrafoak jasotzen duen kasuan bezala– edo, zeharka, kooperatiba-antolamenduaren eta -funtzionamenduaren izaera berezitik eratortzen direnak.

Bestalde, egin nahi den prozedura-erregulazioa nahitaez uztartu behar da kooperatiba-arau substantiboa betetzeari buruzko ikuskaritza-funtzioarekin, zeina abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 158. artikuluan aurreikusia baitago; izan ere, artikulu horretako 2. zenbakiak aurreikusten duenez, batez ere prebentziorako eta Legea hobeto betetzen laguntzeko egikarituko da ikuskaritza-funtzioa, eta ikuskaritzak errekerimendua egin ahal izango du, bestelako jarduketak egin baino lehenago.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzan lan-arloko eskumena duen sailak, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 158.1 artikulua aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren Zuzendariordetzari esleitu dio ikuskapen-eginkizun hori, uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez (Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretua aldatzen duena). Horrenbestez, arlo horretako Estatuko arauari jarraitzen dio, eta hori, gainera, justifikatuagoa dago Euskal Autonomia Erkidegoan, gurean lan elkartuko kooperatibismoa nagusi delako.

Organo horren ikuskapen-funtzioa bere araudi propioak arautzen du; zehazki, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legeak, zeinak, oro har, prebentzio- eta errekerimendu-neurriak aurreikusten baititu; neurri horiek orain indartuta daude abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 158.2 artikuluaren ondorioz, harekin harmonizatzen eta osatzen baitira arazorik gabe.

Aurreko planteamenduaren arabera, erregulazio zehatza mugatu behar da justifikatu diren prozedura-berezitasunetara, eta horrek eragiten ez dion guztian, araudi orokorrera jo behar da, alegia: martxoaren 16ko 1/2023 Legera, arau-esparru orokorra baita; ez da beharrezkoa edo egokia haren erreprodukzio mimetikoa egitea.

Horien artean, bereziki nabarmendu behar da prozeduraren hasierari eragiten diona. Ildo horretan, lan-arloko zehapen-prozeduraren eremuan aurreikusitako aukera baliatzen da, eta eskumen hori lan-ikuskatzaileak egindako arau-haustearen aktari esleitzen zaio. Hori gertatu zen, hain zuzen ere, gertakarien ikerketan eta zehaztapenean parte hartu zuelako, eta egin zuenaren froga-balioaren ondorioz, bai eta bere kualifikazio profesional espezializatuaren eta inpartzialtasunaren ondorioz ere. Azken batean, horrek guztiak interesdunen bermea handiagotzea dakar, prozedura-hasiera egitezko egiaztapenaren eta balorazio juridikoaren oinarri sendo batean bermatzen delako, zeinak, ustezko arau-hausleak ekar ditzakeen beste froga batzuekin batera, organo eskudunak ematen duen ebazpena funtsatuko baitu. Horrekin, gainera, berme hori indartzen da, hiru organo bereizik esku hartu behar baitute prozeduran: ikuskatzaileak, instruktoreak eta ebazpena ematen duen organoak.

Bestalde, ikuskatzailearen proposamenez eta bi erakundeak (Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua) arautzen dituzten arauekin bat etorriz, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak egiaztatze-jarduketan esku hartzeko duen posibilitateak eta ikuskapen-jardueratik araudia betetzeko eskakizuna ondorioztatzen den kasuetan horren berri emateak erraztu egiten dute lortu nahi den helburua. Kontseiluaren parte-hartze instituzionala justifikatzen du, administrazio publikoen kontsulta- eta aholku-organoa baita kooperatibismoari eragiten dioten gai guztietan, eta abenduaren 20ko 11/2019 Legearen ezarritakoak betetzeko Administrazioarekin lankidetzan aritzeko esleitzen zaion funtzioari gehituta. Lankidetza hori edozein tresna juridikoren bidez gauzatu ahal izango da, eta, bereziki, lankidetza-hitzarmenen bidez.

Testuinguru horretan, garrantzia hartzen du, arrazoi berberengatik, Ikuskaritzak eman beharreko txosten zabaltzaileak, nahitaezkoak edo aukerakoak, aurkezten diren frogak eta alegazioak baloratzeko, egintzak finkatze aldera.

Gainerako prozedura-alderdiak, kautelazko neurriak barne, ez dira hain bereziak, harik eta azken fase erabakitzailera iritsi arte, ebazpen arrazoitu eta kongruente baten bidez. Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da, arau-haustearen akta egiten den egunetik hasita; bestela, prozedura iraungi egingo da.

Xedapen-zati gehigarrian, beste karga-egintza batzuei aplikatu beharreko prozedura mugatzen da, eta ez dute zertan ekintza zehatzaileak izan; esaterako, deskalifikazioa, falta oso astunagatiko diruzko zehapenaren osagarria dena. Horri dagokionez, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161. artikuluan araututakoari lotzen zaio prozedura, lege beraren 160.1 artikulura berariaz joz, artikulu horren 3. zenbakian prozedura-berezitasunak xedatzen baitira, administrazio-prozedura erkideak arautzen dituen arau orokorrekin lotuta daudenak. Izan ere, prozedura bakarra da abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161. artikuluaren 1. zenbakiak aurreikusten dituen deskalifikatzeko kausetarako, arau-hauste oso astunen ondorio badira edo egitate arau-hauslearekin zerikusirik ez badute. Prozedura horretan baloratu beharko dira falta oso astunak eragin dituen edo eragin ditzakeen kalte ekonomiko edo sozialak, edo kooperatiben printzipioak behin eta berriz eta nabarmen urratu izana (Kooperatiba deskalifikatzeko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161.1.a) artikulua). Gainera, desberdinak dira deskalifikazioa erabakitzeko eskumena duen organoa eta diruzko zehapena ezartzen duena. Prozeduran dagoen desberdintasun horren beste argudio bat da zehapen-prozedurarekiko lotura hipotetikoa ez datorrela bat abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusitako sei hilabeteko epean zuzentzeko posibilitatearekin.

Antzera hartu behar da kooperatiben aldi baterako esku-hartzea, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 162. artikuluak arautua.

Erregulazio-irizpide labur eta esanguratsu berari jarraikiz, arau-hausteen eta haien zehapenen tipifikazioa eta preskripzioa abenduaren 20ko 11/2019 Legean araututa daude, legezkotasun-printzipioaren mesedetan, bai eta zehapena mailakatzeko irizpideak edo berrerortzea kontuan hartzeko irizpideak ere, hura zehazteko. Prozedurazko bidetik harago doazen alderdiak dira. Beraz, ez da egokia horien berri erregelamendu honetan xehatzea; halaber ez da egokia hemen azaltzea zehapen-prozedura orokorreko alderdiak, espezifikoak ez direnak.

Dekretu honek arautzen duen erregelamenduak, egitura aldetik, bi kapitulu, hamabi artikulu, bi xedapen gehigarri eta azken gehigarri bat ditu guztira.

Hura lantzeko, kontuan hartu dira erregulazio onaren printzipioak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezarritakoak.

Zehazki, premia- eta efikazia-printzipioak errespetatzen ditu, hori baita abenduaren 20ko 11/2019 Legeak aurreikusitako nahitaezko erregelamendu-garapena, eta kooperatibei buruzko araudia betetzen dela bermatzeko interes orokorrari erantzuten dio.

Proportzionaltasun-printzipioa betetzen du, ez baitago eskubideak gutxiago murrizten dituen edo aipatutako interes orokorra ziurtatzeko betebehar gutxiago ezartzen dituen beste neurririk.

Era berean, segurtasun juridikoaren printzipioa betetzen du, gainerako ordenamendu juridikoarekin bat datorrelako eta arau-esparru koherente, egonkor eta argia osatzen duelako.

Gardentasun-printzipioa bete da, bereziki aldez aurretik egindako kontsulta publikoaren bidez.

Azkenik, efizientziaren printzipioa bete da; izan ere, alferrikako administrazio-kargak edo karga osagarriak saihestu dira, eta baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzen saiatu da.

Izapidetzean, kontsulta egin zaio Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioari, ukituen interesak ordezkatzen dituen erakundea baita, eta xedapenaren xedearekin zuzeneko lotura duten helburuak baititu.

Era berean, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak nahitaezko aldeko txostena eman du, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 165.2.b) artikuluaren arabera.

Horrenbestez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta 2024ko otsailaren 13an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 160.7 artikuluan – azken xedapenetako laugarrenaren 3. zenbakiarekin lotuta– kooperatiben arloko ikuskapenari eta zehapen-prozedurari buruzkoa Erregelamendua onartzea. Erregelamendu horren testua dekretu honen eranskinean dago.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren espedienteak.

Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako espedienteak une horretara arte indarrean egon diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

OTSAILAREN 13KO 12/2024 DEKRETUAREN ERANSKINA
KOOPERATIBEN ARLOKO IKUSKAPENARI ETA ZEHAPEN-PROZEDURARI BURUZKO ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Printzipio orokorrak.

Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 20ko 11/2019 Legea) 159. artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik soilik ezarri ahal izango dira zehapenak, erregelamendu honen arabera bideratutako prozeduraren arabera, eta Administrazio Publikoaren zehapen-araubideari aplikatu beharreko ondorioztatzen den lege-araudia ezarritako printzipioen eta bermeen arabera arautuko da.

2. artikulua.– Ikuskaritza.

1.– Abenduaren 20ko 11/2019 Legea eta hura garatzeko eta aplikatzeko arauak betetzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzak egingo du ikuskatze-lana, arau horren mende dauden kooperatiba-sozietate guztiei dagokienez, azken xedapenetako lehenengoarekin bat etorriz.

2.– Ikuskaritza-lana, ahal dela, prebentziozko izaerarekin eta abenduaren 20ko 11/2019 Legea betetzen lagunduz egingo da, eta, nolanahi ere, bere araudi propioaren arabera garatuko da: 23/2015 Legea, uztailaren 21ekoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duena (aurrerantzean, uztailaren 21eko 23/2015 Legea) eta 138/2000 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren Antolamendu eta Funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena (aurrerantzean, otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretua).

Uztailaren 21eko 23/2015 Legearen 16. artikuluarekin eta otsailaren 4koa 138/2000 Errege Dekretuaren 13. artikuluarekin bat etorriz, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak parte hartu ahal izango du ikuskatze-jardunean, horretarako izendatutako ikuskatzaileak proposatuta, administrazio publikoen kontsulta- eta aholkularitza-erakunde gisa kooperatibismoari eragiten dioten gai guztietarako, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 165.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikuskatze-jarduera amaitu ondoren, kasu bakoitzeko inguruabarrek hala gomendatzen dutenean eta eskubide legitimoen titularrei kalte eta galera zuzenak saihesteko aukera dagoenean, ikuskatzaileak subjektu arduradunari ohartarazi eta eskatu ahal izango dio urratutako kooperatiba-araua betetzeko neurriak har ditzala, arau-haustearen akta egin beharrean. Kasu horietan, egindakoaren berri emango zaio Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari.

Ikuskaritzaren xede den jokaeraren zuzenketa eta erreparazio eskatuak errugabetzea eta ikuskaritza-espedientea amaitzea eragingo du.

3. artikulua.– Organo eskudunak.

Ekonomia sozialaren arloko zuzendaritza eskudunaren titularrari dagokio arau-hauste arin eta astunengatiko zehapen-prozedurak ebaztea.

Ekonomia sozialaren arloko zuzendaritza eskuduna bere mende duen sailburuordeari dagokio arau-hauste oso astunengatiko zehapen-prozedurak ebaztea.

Lan-arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez ezarriko da zehapen-prozeduraren instrukzio-organoa.

4. artikulua.– Interesdunak.

Prozedurako interesdun izango dira abenduaren 20ko 11/2019 Legeak arau-hauste gisa tipifikatutako ekintzen eta ez-egiteen subjektu erantzuleak, lege horren 159.1 artikuluan aipatzen direnak, bai eta hura sustatzen dutenak ere, eskubide edo interes legitimoen titular gisa, banakakoak zein kolektiboak, ondare juridikoari eragiten badiote eta hala egiaztatzen badute.

5. artikulua.– Behin-behineko edo kautelazko neurriak.

1.– Lan-ikuskatzaileak bere jarduera gauzatzean beharrezkoak diren behin-behineko edo kautelazko neurriak hartuko ditu, otsailaren 4ko 138/2000 Errege Dekretuaren bidez onartutako Antolakuntza eta Jarduera Araudiaren 19. artikuluaren arabera.

2.– Behin zehapen-prozedura hasiz gero, hura ebazteko eskumena duen organoak ofizioz edo espedientearen instruktoreak eskatuta beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko edo kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu, helburu hauei begira: eman daitekeen ebazpenaren efikazia ziurtatzeko, prozedura oztopatzea eragozteko, egitate arau-hausleak edo antzeko garrantzia duten beste batzuk jarraitzea edo errepikatzea saihesteko, kalteen jarraitutasuna eragozteko edo arintzeko, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 32. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

6. artikulua.– Iraungitzea.

Zehapen-prozedura ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan, hasi denetik ebatzi eta jakinarazten den arte. Nolanahi ere, zenbaketa eten ahal izango da bai interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, bai prozesu judizialekiko aldiberekotasunagatik.

Epe hori igarotakoan, iraungi egingo da. Prozedura iraungitzat joko duen ebazpenak jarduketak artxibatzeko aginduko du, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 95. artikuluan ezartzen dituen ondorioak sortuko ditu.

II. KAPITULUA
IZAPIDETZEA

7. artikulua.– Hasiera.

Kooperatiben arloko zehapen-prozedura ofizioz hasiko da beti, Lan Ikuskaritzak egindako arau-hauste aktaren bidez. Hasiera hori ofizioz, norberaren ekimenez edo salaketa bidez edo interesdunak eskatuta egindako jarduketen ondorio izango da.

8. artikulua.– Alegazioak.

Arau-hauste aktak 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 53. artikuluan araututako alderdiak jasoko ditu (Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretua). Akta hori ustezko subjektu erantzuleei eta, hala badagokio, gainerako interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean egokitzat jotzen dituzten alegazioak, dokumentuak edo bestelako judizio-elementuak aurkez ditzaten, eta, hala badagokio, probaldia eska dezaten, baliatu nahi dituzten bitartekoak proposatuz.

Aurkezten diren alegazioetan aipatzen badira aktan jasotakoez bestelako gertakariak edo inguruabarrak, edo egitezko kontakizuna ez dela nahikoa edo edozein arrazoi dela-eta defentsa-gabezia dagoela arrazoitzen bada, txosten argigarria eskatuko zaio diharduen ikuskatzaileari. Nolanahi ere, egoki ikusten den aldiro eskatu ahal izango da, ebazpen egokia emango dela bermatzeko.

Instruktoreak frogaldia ireki ahal izango du, beharrezkotzat edo egokitzat jotzen badu egitateak eta arduradunak xeheago zehazteko. Hamar eta hogeita hamar egun bitarteko iraupena izango du.

Frogaldiaren irekitzea onartzen ez bada edo eskatutako froga zehatzak egiteari uko egiten bazaio, arrazoitu egin beharko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

9. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

Aurreko artikuluetan aipatutako instrukzioa amaitutakoan, instrukzio-egileak ebazpen-proposamena egingo du, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 39. artikuluan ezarritako moduan.

10.– Artikulua. Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Txostena.

Arau-haustea ustezko arau-hauste oso astuna bada, egindako jarduketa guztien berri emango zaio Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari, hirurogei egun balioduneko epean abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 160.7 artikuluaren bigarren paragrafoan aipatzen den txostena egin dezan; egiten ez badu, bideratutzat joko da.

11. artikulua.– Entzunaldia.

Ebazpen-proposamena interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost eguneko epean beren eskubidea defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 40. artikuluaren arabera.

Alegazio berririk egin ez bada eta, gainera, prozeduran ustezko arau-hausleak azaldutako egitateak, alegazioak eta frogak baino ez badira agertzen edo kontuan hartu ez badira, ez da nahitaezkoa izango entzunaldiaren izapidea egitea.

12. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

3. artikuluaren arabera eskumena duen organoak ebazpen arrazoitua emango du, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 44. artikuluaren arabera.

Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez ditzakete interesdunek, lan-arloan eskumena duen sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen erregelamendu-arauak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Ebazpena betearazi beharrekoa izango da, administrazio-bidean irmoa bilakatzen denean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Deskalifikazioa eta aldi baterako esku-hartzea.

Abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 161.3 artikuluaren arabera, deskalifikazio-prozedura izapidetuko da administrazio-prozedura erkidea eta bertan araututako espezialitateak arautzen dituzten arau orokorren arabera.

Era berean, kooperatiben aldi baterako esku-hartzea, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 162. artikuluan arautua, prozedura-araubide orokorraren mende egongo da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren beste eginkizun batzuk.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak, erregelamendu honek esleitzen dizkion eginkizunetan, aholkularitza- eta kontsulta-lana egingo du, hargatik eragotzi gabe entitate horrek zaindu behar duela kooperatiba-printzipioak betetzen direla, bereziki kontrol demokratikoa eta bazkideen parte-hartze ekonomikoa, abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 165.2.c) artikuluaren arabera.

AZKEN XEDAPENA.– Araudi osagarria.

Erregelamendu honetan aurreikusi ez den guztirako, martxoaren 16ko 1/2023 Legearen III. kapitulua aplikatuko da.


Azterketa dokumentala