42. zk., 2024ko otsailaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1036
EBAZPENA, 2024ko otsailaren 12koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Zumaian tren-biltegi bat eraikitzeko proiektua».
2017ko abenduaren 12an, Euskotrenek txosten bat prestatu zuen, «Egoitza-premia Easoko geltoki berrian» izenekoa. Txosten horretan, Donostiako topoaren saihesbidea martxan jartzeak izango dituen ondorioak aztertzen dira, eta, ondorioz, Amarako egungo gidarien egoitzaren eta trenbide-zabaltzaren galera.
Eragozpen horiek arintze aldera, gaur egun Amaran bizi diren unitateak bi egoitzatan kokatzea proposatzen da, Altzan eta Zumaian, biak ere abantaila eta desabantaila desberdinekin.
Azkenik, ondorioztatzen da Zumaian behin betiko kotxetegiak eraikitzea eta inguruan aldagelak jartzea dela aldi baterakoak ez diren aukeretan merkeena.
2020ko abuztuaren 10ean, Zumaiako geltokia eraberritzeko eta tren-biltegi bat eraikitzeko proiektua idazteko laguntza-kontratua sinatu zen, eta kontratu hori 2020ko uztailaren 16an esleitu zitzaion TYPSA, Tecnica y Proyectos, SAri.
Lanen hasiera-akta 2020ko irailaren 8an egin zen.
2022ko otsailaren 8an, ETSk proiektua bi zatitan entregatzea erabaki zuen. Zati horien artean dago Zumaian tren-biltegi bat eraikitzeko proiektua.
Zumaian tren-biltegi bat eraikitzeko proiektu honen helburu nagusia da egungo zabalgunean jarriko diren tren-kotxetegiak eraikitzea: Euskal Trenbide Sarearen (ETS) mugen barruan, Bilbo eta Donostia arteko zabalera metrikoko trenbide-plataformaren barruan, Euskotrenen kotxetegi eta autobus-tailerren multzoaren parean, Donostiako nasen amaieraren eta «Basusta Bidea» kalearen artean, 78+493 eta 78+805 trenbideetako kilometro-puntuen artean.
Trenbide-zerbitzuaren ustiapenarekin lotutako langileentzako egoitza bat eta aparkaleku bat ere gaitu beharko dira, tren-biltegiaren ondoan agenteen eraikin bat eraikiz.
Horrez gain, irismenean lurrazaleko aparkaleku berri bat sartuko da, 11 autorentzako edukiera izango duena, eta plaza gehigarri bat mugikortasun urriko pertsonentzat.
Tren-biltegi berriak zabalera metrikoko trenbide bikoitzeko egungo plataformatik egingo den trenbide-zabaltza berri bat eratzea dakar, trenbide nagusitik tren-biltegi berriko 5 kaleetako bakoitzera iristeko aukera emango duten desbideratze berriak txertatuz, bai eta tren-biltegiaren eta Zumaiako tren-geltokiaren hegoaldeko nasaren artean kokatutako maniobra- edo mauka-trenbide berri bat ere, 80 metroko luzera erabilgarrikoa.
Proiektuak barne hartzen du ETSren jabetzakoak diren antzeko eraikinetan kotxetegiak, instalazioak eta beharrezko ekipoak modu operatiboan garatzeko behar den trenbidearen gainegitura eta elektrifikazioa.
Ez dira proiektuaren barruan sartzen ekipo eta instalazio hauen hornidura eta muntaketa, operadorearen kontura izango baitira:
• kanpoko garbiketa-sistema instalatzea.
• harea botatzeko makina.
• hondakin-urak edo ur beltzak erauzteko instalazioak.
• trenen barrualdea garbitzeko huts altuko sare zentralizatua.
Lanen irismenaren barruan kontuan hartu da aipatutako ekipo eta instalazioak ezartzeari lotutako obra zibila, eta proiektuan ekipo eta instalazio horien planoak eta deskribapena aurkezten dira.
Seinaleztapen- eta komunikazio-instalazioak ez daude sartuta proiektuaren irismenean.
Proiektua egikaritzeko aurrekontua sei milioi zortziehun eta laurogeita hamaika mila ehun eta hogeita hamar euro eta zortzi zentimo (6.891.130,08) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua bederatzi milioi bederatziehun eta hogeita bi mila bostehun eta hogeita hamazortzi euro eta hogei zentimo (9.922.538,20) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: zortzi milioi hirurehun eta hamaika mila hirurehun eta hamaika euro eta hamaika zentimokoa (8.311.311,11) da, BEZik gabe.
Obrak egiteko hogei (20) hilabeteko epea aurreikusten da.
Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.
Organo honek eskumena du trenbide sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2 b) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– «Zumaian tren-biltegi bat eraikitzeko proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, bederatzi milioi bederatziehun eta hogeita bi mila bostehun eta hogeita hamazortzi euro eta hogei zentimo (9.922.538,20) da, eta obrak egiteko epea hogei (20) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.
Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.
Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 12a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.