42. zk., 2024ko otsailaren 27a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (162 KB - 8 orri.)
- EPUB (159 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1032
AGINDUA, 2024ko otsailaren 8koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez berariazko lehiaketa baterako deialdia egiten baita Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko auzitegi-medikuen kidegoan eginkizunengatik edo hizkuntzagatik bereziturik dauden lanpostuak betetzeko.
Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, berariazko lehiaketa iragartzen da, auzitegi-medikuen kidegoko funtzionarioen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan lanpostuaren ezaugarriengatik eta/edo hizkuntzagatik berezitutako lanpostu hutsak betetzeko. Lanpostu horiek eranskinean daude jasota.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da berariazko lehiaketa bidez betetzea Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko auzitegiko medikuen kidegoan lanpostuaren ezaugarriengatik eta/edo hizkuntzagatik berezitutako lanpostu hutsak. Lanpostu horiek eranskinean daude jasota, «lanpostuaren ezaugarriengatik eta/edo hizkuntzagatik berezitutako lanpostuen zerrendan».
2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Betekizun orokorrak:
a) Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute auzitegi-medikuen kidegoko karrerako funtzionarioek, destinoa edozein lurralde-eremutan dutela ere, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen badituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte.
b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu:
Eginkizun-gabetze irmoa duten funtzionarioek, eginkizun-gabetzeak irauten duen bitartean.
Interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden langileek, egoera horretan egon beharreko gutxieneko aldian.
Nahitaezko lekualdatzearekin zigortutako langileek. Zigorra ezarri zitzaien herrian destinoa lortzeko lehiaketan ezin izango dute parte hartu urte bat edo hiru igaro arte, falta astuna edo oso astuna izan den kontuan hartuta, hurrenez hurren.
c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denborari dagokionez, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.
2.– Berariazko betekizunak:
Hizkuntzagatik berezitutako lanpostu bat lortu nahi duten parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, dagokien euskarako hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.
Lanpostuaren ezaugarriengatik berezitutako lanpostu bat –auzitegi mediku aditua– lortu nahi duten parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, lortu nahi duten espezialitatean aditu izateko prestakuntza izan beharko dute, Osakidetzaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren arteko prestakuntza-hitzarmenaren arabera.
3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.
Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen eranskinean («Lanpostuagatik eta/edo hizkuntzagatik berezitutako lanpostuen zerrenda») azaltzen dira. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta gisa bideratuko ditu eginkizunak edo hizkuntza direla-eta bereziturik dauden eta lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak.
Horretarako, agindu hau argitaratzen den egunetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, euskadi.eus webgunean jarriko da eska daitezkeen lanpostuen zerrenda, deitutakoen izaera berekoa. Tartekatuta eskatu ahal izango dira lanpostu hutsak eta erresultetakoak.
Ez dira erresultatzat hartuko honekin batera egiten diren beste lehiaketa batzuetan parte-hartzaileek bete gabe uzten dituzten plazak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.
1.– Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten langileek bitarteko elektronikoen bitartez egin beharko dituzte honako izapide haiek:
a) Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztea.
b) Hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak aurkeztea.
2.– Izapide horiek egiteko, parte hartzen duten funtzionarioek Eusko Jaurlaritzak onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabili beharko dituzte. Ziurtagiri horiek hemen daude jasota: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/; besteak beste:
a) Izenpek emandako pertsona fisikoen ziurtagiriak, B@kQ barne.
b) Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalaren software-formatuko sinadura elektronikoaren ziurtagiriak (pertsona fisikoenak).
c) NAN elektronikoa.
3.– Parte hartzeko eskabidea eta, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko, eta destinoak aukeratzeko, horretarako prestatutako inprimaki elektronikoa erabiliko da. Hemen eskura daiteke: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10844
4.– Bitarteko elektronikoak erabili gabe aurkeztutako eskabideak eta deialdiari loturiko bestelako dokumentuak aurkeztu gabekotzat hartuko dira.
5.– Deialdiaren ondoriozko jarduketak euskadi.eus webgunean argitaratuko dira, hargatik eragotzi gabe beste bitarteko batzuetan argitaratzea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera.
6.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko zuzendariari zuzendu beharko zaizkio eskabideak.
7.– Parte-hartzaile bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horietarako eskakizunak betetzen baditu.
8.– Eskabidearekin batera, hauek aurkeztu beharko dira:
Alegatutako euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen duen tituluaren ziurtagiri ofiziala edo homologazioa, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
Espezialitatearen edo aditu-prestakuntzaren ziurtagiri ofiziala, hala badagokio, lanpostuaren ezaugarriengatik berezitutako lanpostuetarako.
9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administraziokoak ez diren funtzionarioek, gainera, hauek aurkeztu beharko dituzte:
Auzitegiko Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioaren izendapena.
Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidea.
Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen ziurtagiri eguneratua. Egindako zerbitzuak eskabideak aurkezteko epea amaitu arte zenbatuko dira.
10.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera bakarra egingo du parte-hartzaile bakoitzak.
11.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, ezin izango dira egindako eskabideak ezeztatu edo aldatu.
12.– Eskabideak aurkezteko aldia bukatu ondoren, egindako eskaera loteslea izango da.
5. artikulua.– Faseak eta baremoa.
Berariazko lehiaketa honek zenbait fase ditu:
1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak baloratzea. Fase honetan, 72 puntu emango dira gehienez.
a) Antzinatasuna: auzitegi-medikuen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko, eta aldi laburragoak proportzionalki zenbatuko dira (0,0055555 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta urteak 360 egunekoak. Kontzeptu honengatik 60 puntu emango dira gehienez.
b) Euskara jakitea: lanpostua betetzeko eskatzen den baino euskararen ezagutza-maila handiagoa egiaztatzen bada, gehienez ere 12 puntu emango dira.
Ezagutza hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta tituluari dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bidez, zeina eskabideak aurkezteko epean aurkeztu beharko baita, salbu eta Administrazio honi baimena ematen bazaio Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan egiaztatzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzko ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta autonomia-erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
– Hizkuntza-eskakizunik ez duten lanpostuak:
2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 6 puntu.
3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 8 puntu.
4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
– 3. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak:
4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 12 puntu.
2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak baloratzea. Fase honetan, 43 puntu emango dira gehienez.
a) Aditu-prestakuntzako eginkizun berberak dituzten lanpostuetan aritzeagatik: 0,25 puntu lan egindako hilabete bakoitzeko, 15 puntu gehienez.
b) Lanpostuaren eginkizunei dagozkien gaietan edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako 10 prestakuntza-orduko; gehienez ere, 14 puntu.
Atal honetako merezimendu gisa baloratuko dira unibertsitateek, institutu edo eskola ofizialek eta beste erakunde batzuek deitutako eta antolatutako hobekuntza-ikastaroak, baldin eta administrazio publiko batek homologatu baditu. Atal honetan, lanpostuarekin zerikusia duten titulu akademiko ofizialak hartuko dira kontuan, baldin eta auzitegi-medikuen kidegoan sartzeko eskatutakoez bestelakoak badira.
c) Eskatutako lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten argitalpenengatik: 14 puntu gehienez, argitaratutako lan bakoitzeko puntu 1.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean baloratuko dira alegatutako merezimenduak.
6. artikulua.– Eskabideak baloratzea.
Merezimenduak ebaluatzea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez izendatutako balorazio-batzorde bati dagokio.
Balorazio Batzordea Administrazioaren lau ordezkarik osatuko dute, eta horietako bat, gutxienez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioa izango da. Administrazioak izendatutako langileen artetik, lehendakaria eta idazkaria izendatuko dira.
Dagokion eremuan ordezkaritza handiena duten erakunde sindikalek bi kiderekin hartuko dute parte batzorde horretan.
Deitutako lanpostuaren kidegoan sartzeko eskatzen den titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzordeko kideek.
Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.7 eta 26. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertuko du parte-hartzaileek baldintzak betetzen dituzten, eta Batzordeari lagunduko dio merezimenduak baloratzen, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen eta parte-hartzaileek eskabideak aurkezteko epean aurkezten duten dokumentazioaren arabera.
7. artikulua.– Esleipenak.
1.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera alegatutako merezimenduak baloratu ondoren lortutako guztizko puntuazio handienak emango du.
2.– Guztizko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, dagokion kidegoan antzinatasun handiena duen kidegora joko da hori ebazteko, eta berdinketak jarraitzen badu, lanpostuaren maila hartuko da kontuan.
8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.
1.– Behin-behinean, Justizia Administrazioko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, eta euskadi.eus webgunean argitaratuko da.
2.– Behin-behineko ebazpenean adieraziko dira: esleipendunaren jatorrizko lanpostua eta udalerria, alegatutako merezimenduen balorazioan izandako puntuazioa, eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
3.– Behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epean.
4.– Ezarritako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da ados dagoela eta onartzen dituela jasotako datuak, alegatutako merezimenduen balorazioan lortutako puntuazioa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.
5.– Behin-behinean esleitutako destinoek ez dute eskubiderik ematen lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.
6.– Hamar eguneko epe horretan uko egin ahal izango zaio lehiaketan parte hartzeari.
9. artikulua.– Behin betiko ebazpena eta lanpostuez jabetzea.
1.– Alegazioak ikusita, deialdi hau behin betiko ebatziko da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2.– Lehiaketa hau gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuaren 51.3 artikuluarekin bat etorriz.
3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaien funtzionarioen jatorrizko lanpostuak adierazi beharko dira.
4.– Lortutako lanpostuaz jabetzeko epea hiru egun baliodunekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun baliodunekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun baliodunekoa beste autonomia-erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Autonomia Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan, epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada bai destinoko bada. Plazaren esleipendunak lanpostuaz jabetzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.
Lanpostu berriaz jabetzeko epea lanpostua utzi eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen, eta, edonola ere, jatorriko lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik aurrera zenbatuko da lanpostuaz jabetzeko epea.
Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta, behar bezala arrazoitutako salbuespenezko zirkunstantziengatik, oporrak edo lizentziak etetea edo baliogabetzea gertatzen bada.
Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibotzat hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.
10 artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.
1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako, eta, ondorioz, ez dute inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.
2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Hala ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen deialdi publiko bidez beste destino bat lortu badute. Kasu horretan, deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehenengo destinoaz jabetu beharko dute funtzionarioek.
11. artikulua.– Zuzenbide osagarria.
Deialdi honek, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da, eta, osagarri gisa, funtzio publikoari buruzko legeria orokorrean xedatutakoa.
12. artikulua.– Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aldi berean argitaratzea lortzen ez bada, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.
Aukerako berraztertze-errekurtsoa jartzen denetik hilabete igaro eta ebazpen espresurik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, lehen aipatutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 8a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.