Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2024ko otsailaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
982

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Oiartzungo LIN-8 Arkotz hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko irailaren 1eko Ebazpenaren bidez, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eman zuen Oiartzungo (Gipuzkoa) LIN-8 Arkoz hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren irismen-dokumentua, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (dekretu horrek planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen du).

2023ko martxoaren 14an, Oiartzungo Udalaren osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zitzaion Oiartzungo LIN-8 Arkotz HJEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren espedienteari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Oiartzungo Udalak jendaurrean jarri zuen hirigintza-dokumentua, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, iragarkia argitaratuz 2023ko martxoaren 29ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (61. zk.). 45 egunez egon zen jendaurrean, horren ukituek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Oiartzungo Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Oiartzungo Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean jasota daude.

2023ko azaroaren 23an, ingurumen-adierazpen estrategikoa osatu zuen Oiartzungo Udalak, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenaren babes-maila handia bermatuko du eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, plan, programa eta proiektuen lanketan, ezarpenean, onarpenean eta baimentzean ingurumen-alderdiak integratuko ditu, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak prebenitu, zuzendu eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A. eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Oiartzungo Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oiartzungo LIN-8 Arkoz HJEaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:

A) LIN-8 Arkotz hirigintza-jarduerarako eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plan Berezia) helburua da LIN-8 Arkotz HJEaren antolamendu xehatua aldatzea, plangintzan sartze aldera «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriaren informazio-azterketa osagarria. Tartea: Astigarraga-Oiartzun-Lezo» agirian aipatutako eremuari dagozkion zehaztapenak. Plan Bereziak, gainera, helburu dauka EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren eta ekainaren 7ko 400/2013 Errege Dekretuaren (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa onartzen duena) zehaztapenak txertatzea plangintzan, baita Uraren Euskal Agentziako txostenen zehaztapenak ere.

Osagarri gisa, Plan Bereziak honako helburu orokor hauek hartu zituen:

– Plan Orokorrak proposatutako jarduera ekonomikoen programari erantzutea, eta, aldi berean, hirigintza-garapena ingurunean integratzea.

– Proiektatutako garapenaren ingurumen-inpaktuak arintzea, lur-mugimenduak eta, ondorioz, urbanizazio-gastuak ahal den neurrian gutxitzeko.

– Eremua zeharkatzen duen ibai-ibilgua era naturalean leheneratzen dela bermatzea, uholde-arriskuak saihesteko eta bi ibaiertzetako baso mistoen formazioa babesteko.

– Hirigintza-garapenaren barruko ibilgailuen bidea integratzea gaur egun inguruan dagoen bide-sarearekin (nahikoa beteta dago), GI-636 errepidearekin ondo lotzen dela bermatzeko eta Lanbarren industrialdera doan zirkulazioa murrizteko.

– Donostia-Irun ardatzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako trazadurari jarraipena ematea, eta, hala, proiektatutako hirigintza-garapenak ibilgailu pribatuarekiko duen erabateko mendekotasuna partzialki arintzea.

– Hirigintza-garapenaren jasangarritasuna bermatzea, baliabide naturalen eta energetikoen erabileran eraginkortasun handieneko materialak eta instalazioak aurreikusita.

Azkenik, Plan Bereziak ingurumen-organoak (Eusko Jaurlaritzako Ingurumena) emandako Irismen Dokumentuan definitutako garapen jasangarriaren printzipioak hartzen ditu.

Plan Bereziak bi lurzati pribatu antolatzen ditu Lintzirin errekaren bi ertzetan (Arkotzerreka ere esaten zaio), jarduera ekonomikoetarako eta hirugarren sektoreko jardueretarako eraikin berriak ez ezik, horien erabilera osagarriak ere hartuko dituztenak.

Lurzati nagusiak (b.1) eremuaren ia hegoalde osoa eta errekaren ezkerreko ertza hartzen ditu, eta trenbide-jabari publikoarekin egiten du muga ekialdean, ibai-ibilgua babesteko bandarekin iparraldean, eta antolamendu-eremuaren mugarekin hegoaldean eta mendebaldean. Eraikuntzak gehienez 1 solairu sestra azpitik eta 3 solairu sestra gainetik izango ditu; gehieneko eraikigarritasuna 5.905 m2-koa izango da, eta baimendutako gehieneko altuera 10 metrokoa. Sestra azpiko solairua biltegiratzeko eta garajerako baino ezin izango da erabili. Sestra gaineko goiko solairuak baliatu ahal izango dira jarduera ekonomiko eta tertziarioko zentro gisa kalifikatutako eremuetarako aurreikusitako erabileretarako. Berariaz debekatzen da b.1 lurzatia «merkataritza-establezimendu handi» gisa erabiltzea, Establezimendu komertzial handien lurralde antolamenduari buruzko ekainaren 27ko 10/2019 Legean ezarritako baldintzetan.

Bigarren mailako lurzatia (b.2) errekaren eskuineko ertzean dago, errekaren eta eremuaren barneko bide nagusiaren artean, eta babes-banda bat uzten du ibai-ibilgurako eta ibaiertzeko landaretzarako. Eraikuntzaren profila izango da sestra gaineko 3 solairukoa, 10 metroko gehieneko altuera baimenduaz eta 1.095 m2-ko gehieneko eraikigarritasunaz. Plan Bereziak aurreikusten du b.2 lurzatiaren aprobetxamendua bideratzea hotel-jardueretara, turismo-zerbitzuetara, bulego teknikoetara, bulego profesionaletara eta antzekoetara soilik, eta gainerako jarduera ekonomikoak eta hirugarren sektorekoak baztertzen ditu.

Antolamenduak espazio libre publikoetara bideratzen ditu Lintzirin errekaren bi ertzak, eta bermatzen du urbanizazioak ibai-ibilguarekiko gutxieneko atzerapena errespetatzen duela, errekaren bi ertzetan gutxienez 5 metro zabal den bandaren bidez; bertan, jatorrizko topografia zainduko da, inolako aldaketarik egin gabe, eta lehendik dagoen landaredia indartuko da.

Bide bat proiektatu da GI-636 errepidearen trazadura zaharraren ondoan, eremua zeharkatzen duena eta, ekialdean, Lanbarren industrialdearekin lotzen duena. Bi noranzkoko bide hori b.2 lurzatirako sarbide nagusia da, eta b.1 lurzatirako sarbidea ere ahalbidetzen du, exekuzio berriko zubi baten bidez. Gainera, zuzeneko sarbidea dauka egungo GI-636 errepidetik, Irungo norabiderako erreiari atxikitako abiadura moteltzeko errei baten bidez. Guztira, antolatu dira gutxienez 70 aparkaleku. Horietako 20 behintzat publikoak izango dira, eta gainazalean eta b.2. lurzatiaren aurrean kokatuko dira.

Aipatutako bidearekin batera, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egingo da, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako Donostia-Irun I-1 tarteari jarraipen gisa, hegoaldetik, eremuaren bide nagusiarekiko paraleloki.

Plan Bereziak ezartzen du eremua urbanizatzeko proiektuak barne hartuko duela Ekologiaren eta paisaiaren lehengoratze-proiektu bat. Proiektu horretan, jarduketak zehaztuko dira identifikatutako flora aloktono inbaditzailea desagerrarazteko eta kontrolatzeko eta espezie autoktonoekin landareztatzeko Lintzirin errekaren ertzak eta eremuko espazio libreak.

Arkotz eremua Oiartzungo udal-mugartearen iparraldean dago, Arragua auzoan, Lezoko udal-mugartearen mugatik gertu, eta 19.572 m2-ko azalera du. Iparraldean GI-636 errepideak mugatzen du, eta ekialdean, Renferen eta Euskotrenen trenbideek. Mendebaldean eta hegoaldean, ordea, garatu gabeko lursailekin egiten du muga, non baso-landaredia eta belardiak kontserbatzen diren, hurrenez hurren. Eremuan –iparraldeko mugan partzialki urbanizatuta dago–, zuhaitzak eta, batez ere, zuhaixkak dituzten azalerak geratzen dira, eremuaren hegoalderantz dauden malda handieneko lursailei dagozkienak.

Plan Bereziko jarduketen ondorioz, honako elementu, prozesu, arazo eta ingurumen-arrisku hauek azpimarra daitezke:

– Lintzirin errekaren edo Arkotzerrekaren presentzia, eremuaren ekialdean trenbidearen azpitik igarotzen dena eta eremuaren ipar-ekialdeko mugaren ondoan berriz azaleratzen dena. Ondoren, erreka horrek eremua ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du erdialdean, gutxi gorabehera, eta ibilbideko zenbait puntutan partzialki bideratuta dago harlangaitzezko hormen eta/edo harri-lubeten bidez.

– Intereseko landarediaren presentzia errekaren ertzetan; izan ere, horrek interes handiko hostozabalen eraketak sor ditzake, esaterako, haltzadien ibaiertzeko basoak. Dena den, egun inguruaren itxura aldatuta dago, eta errekaren ondoan hostozabalen lerro estuak baino ez daude. Espezie autoktonoak nagusitzen dira, hala nola makalak, astigarrak, haltzak eta ezkiak, baina espezie aloktono inbaditzaileak ere identifikatzen dira, esaterako, Kaukasoko intxaurrondoa edo sasiakazia. Eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean eta hego-mendebaldeko muturrean, interes handiko formazioak daude, hurrenez hurren, haltzak eta sahatsak eta haritz kandudunak, eta inguruko basoekin lotzen dira.

– Aztergai den lursailaren orografiari dagokionez, iparraldeko erdia nagusiki laua den arren, errekaren hegoaldeko lurrek malda malkartsuak dituzte.

– Eremua lehentasunezko fluxu-eremuan sartuta dago partzialki, eta 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborak dituzten uholde-zonetan sartuta dago. Bestalde, Arkotzerreka uholde-arrisku handiko eremu batean dago (UAHE).

– 2022ko azaroan Ekolurrek Arkotz eremuaren egungo egoera akustikoari buruz idatzitako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren arabera, bai kanpoko zarata bai fatxadako zarataren kalitate akustikoko helburuak ez dira bete aztertutako hiru aldietan. Fatxadako zarataren kasuan, gainera, gauez ere ez dira bete. Neurri zuzentzaile gisa jarritako pantaila akustikoari esker, etorkizuneko eraikinen fatxadako zarata-mailak egokiak dira; kanpoko zaratari dagokionez, maila pixka bat gainditzen da eremuaren zati txiki batean, aurreikusitako eraikinetatik urrun.

B) Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko irailaren 1eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, Ingurumen Azterketa Estrategikoan eta hirigintza-dokumentuan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Planaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezko mozte- eta eskokatze-lanak eta obra-sarbideen eta kontratistaren instalazio-guneen eraikuntza –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak eta landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–, zehazki, Lintzirin errekaren ingurunea kaltetu gabe. Halaber, zuzenean okupatu behar ez diren eremuetan ez da mozte- eta eskokatze-lanik egingo, batez ere, haltzak eta sahatsak dituen eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean eta haritz kandudunak dituen hego-ekialdeko muturrean.

– Proiektua gauzatzeagatik eragindako eremu guztiak leheneratuko dira, bai eta kendutako landare-zuhaitzen eremuak ere. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko. Biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduketak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz.

– Eremuan dauden espezie aloktono inbaditzaileak desagerrarazteko lanak egingo dira, eta landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, hala nola Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana eta abar. Neurriak hartuko dira espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko; gainera, betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da. Komenigarria da «Espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo» bat idaztea, bete-betean hirigintza-dokumentuarekin lotzeko, neurri horiek hartzen direla bermatzeko.

D.2.– Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.

– Urbanizazio-proiektuaren fasean diseinatzen diren errekaren gaineko jarduketek bete beharko dute zubiak, estaldurak eta defentsa-neurri estrukturalak diseinatzeko eta ibilguen trazaduraren aldaketarako arau espezifikoei buruzko urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren 47. artikuluan xedatutakoa. Errege dekretu horrek onartzen du Kantauri mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoen eta Kantauri ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen plan hidrologikoak berrikustea.

– Urbanizatu beharreko eremu berrietako drainatzeari dagokionez, aintzat hartuta xedatutakoa EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean (E.4 atala) eta Uraren Euskal Agentziaren txostenean drainatze jasangarriko sistemak txertatuko dira (zoladura iragazkorrak, landare-estalkiak, areka hobetuak, zerrenda iragazleak, ekaitz-tankeak, iragazketa-zangak, drainak, etab.), bermatzeko jariatze-ura handitzen bada, lehendik zegoen egoeraren aldean, hazkunde hori konpentsatu ahalko dela edo garrantzirik gabekoa izango dela.

– Urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak. Lurrak mugitzen direnean, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren ezaugarrien arabera kudeatuko dira eta Uraren Euskal Agentziari gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio.

– Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

– Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sarea diseinatuko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Gipuzkoako Urak partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

D.3.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

– Nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.4.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

– Eraikinak definituko dituzten garapen-proiektuek azterlan akustiko bat edukiko dute, egiaztatzeko etorkizuneko eraikinetan kalitate akustikoaren helburuak beteko direla eraikinaren altuera guztietan, leihodun fatxaden kanpoaldean. Hala badagokio, kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera eta eremu akustikoak eta erabilera aurreikusiak kontuan hartuta.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraisketa-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere.

– Obretan, eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora. Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluarekin.

D.5.– Planaren garapena ingurumenean integratzeko neurriak.

– Urbanizazio-proiektuak ingurumenaren eta paisaiaren lehengoratzea definituko du, garapena gauzatzeak eragindako eremu guztiak barne hartuta, eta, bereziki, «Ekologia eta paisaia lehengoratzeko proiektua», zeinak baliatuko baitu inguruko baldintza bioklimatikoetara egokitutako landare-espezie autoktonoak, gutxieneko mantentze-lanak behar dituztenak.

– Eremuaren lorategietan aintzat hartuko dira Eusko Jaurlaritzaren Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenaren gomendioak eta neurriak (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20.b zenbakia, 2017ko apirilekoa).

D.6.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Oiartzungo Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko. Ildo horretan, arreta berezia jarriko da 20018-00161 kodea duen kokalekuaren inguruko lur-mugimenduetan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota baitago.

Planak aurreikusi du eremuko lur-mugimenduak orekatuak izatea; azkenean, obrak gauzatzean, indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakinen biltegi batera eramango dira, eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

D.7.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Plan Bereziaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Eraikin Industrialen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak: lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia: berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura: edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak: gutxiago sortzea.

– Uraren zikloa: uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

– Atmosfera: gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Eraikinen barruko kalitatea: airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

– Hondakinak: hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren erabilera: lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Mugikortasuna eta garraioa: garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

– Ekosistemak eta biodibertsitatea: naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo kontserbatzea.

– Paisaia: sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

– Arriskuak eta segurtasuna: arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

– Klima-aldaketa: klima-aldaketaren efektuetara egokitzea.

D.8.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2021eko irailaren 1ean emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; sortutako hondakinen kudeaketa zuzena, lur-mugimenduen ondoriozkoak barne; jabari publiko hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea (batez ere, autoktonoak); lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea, Oiartzungo (Gipuzkoa) LIN-8 Arkotz hirigintza-jarduerarako eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren Aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Oiartzungo Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala