38. zk., 2024ko otsailaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (157 KB - 6 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
902
1/2024 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, otsailaren 6koa, balio erantsiaren gaineko zerga, elektrizitatearen gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga aldatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoak indarrean duen Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 quater artikuluan ezartzen du ezen energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga itundutako tributu bat dela, estatuak une bakoitzean ezartzen dituen edukizko eta formazko arau berberei jarraituz erregulatu behar dena.
Lurralde Historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, badute ahalmena aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazioaldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko. Baina, eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.
Hitz horiek berak erabiliz ituntzen dira balio erantsiaren gaineko zerga 26. artikuluan eta zerga bereziak 33. artikuluan.
Abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuak, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriei buruzkoak, zenbait aldaketa sartu ditu hiru zerga horietan, tributu horiek erregulatzen dituen foru araudira ekarri behar direnak.
Zehazki, helburua da aipatutako abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege Dekretuaren 19. artikulutik 23.era bitartean zerga horietan sartu diren neurriak gure araudira ekartzea hiru xedapen hauek aldatuz: uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergarena, uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergarena, eta uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Zerga Bereziena.
Errege Lege Dekretuaren 19. artikuluak ezartzen du 2024ko ekitaldian araubide sinplifikatua eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko muga 250.000 eurokoa izango dela. Muga hori uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen lehen xedapen iragankorrean jaso beharra dago.
20. artikuluak ezartzen du zer zerga tasa aplikatuko diren, aldi baterako, balio erantsiaren gaineko zergan, premiazko elikagaien entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuetan. 2023. urterako, tasa horiek uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen laugarren xedapen iragankorrean jasota daude.
Bere aldetik, 21. artikuluak ezartzen ditu produktu energetikoen entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuei aldi baterako aplikatuko zaizkien zerga tasak. 2023. urterako, zerga tasa horiek 3/2023 Foru Dekretu Arauemailearen bigarren eta hirugarren xedapen iragankorretan jasota daude.
22. artikuluan ezartzen da 2024ko ekainaren 30a arte elektrizitatearen gaineko zerga berezian aplikatuko den zerga tasa, eta 23. artikuluan, berriz, zehazten da zein izango diren 2024ko ekitaldian energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa.
Azkenik, bigarren xedapen iragankorrak finkatzen du zer epe aplikatuko diren 2024an balio erantsiaren gaineko zergaren araubide sinplifikatuari eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko eta egindako aukerak errebokatzeko.
Aldaketa horiek foru araudian jasotzea ezinbestekoa da zerga itunduen araudia eguneratuta mantenduko bada, estatuak une bakoitzean ezartzen dituen edukizko eta formazko arau berberen arabera erregulatu behar direla aintzat hartuta.
Alde horretatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, Lurralde Historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.
Foru dekretu arauemaile horietarako eskuordetza arauemailea aipatutako martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak emandakotzat jotzen da, aurreikusita dagoen helbururako baliatu behar bada betiere.
Foru Aldundiak eskuordetze horretaz baliatuta ematen dituen xedapenei foru dekretu arauemaile deituko zaie, eta haien arrazoibideetan adierazi behar da eskuordetze espezifiko horren babesean ematen direla.
Azkenik, behin onetsita, foru dekretu arauemaile horiek Batzar Nagusietara bidali behar dira batzarkideen kontrola izan dezaten, ofizialki argitaratzea eta indarrean jartzea eragotzi gabe.
Bestalde, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 13. artikuluan dio Foru Aldundiak zerga arloko foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela gorago aipatu den 8. artikuluko kasu berdinetan.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzkoa.
Aldaketa hauek sartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 26ko 3/2023 Foru Dekretu Arauemailean:
Bat.– Lehen xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Lehen Xedapen Iragankorra.– Araubide sinplifikatua eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia 2023an eta 2024an aplikatzeko mugak. 2023ko eta 2024ko ekitaldietarako, foru dekretu arauemaile honen 122.Bi artikuluko 2. ordinalaren lehen marran, artikulu horren 3. ordinalean eta 124.Bi artikuluko 6. ordinalean aipatzen den 150.000 euroko magnitudea 250.000 eurotan finkatzen da.»
Bi.– Hirugarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Hirugarren Xedapen Iragankorra.– Produktu energetikoen entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuei balio erantsiaren gaineko zergan aldi baterako aplikatuko zaien zerga tasa.
1.– 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitarte, produktu energetikoen entregei, inportazioei eta batasun barruko eskurapenei balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa aplikatuko zaie, hartzaileak honako hauek direnean:
a) Elektrizitate hornidurako kontratuen titularrak, kontratatu duten potentzia (potentzia termino finkoa) 10kw-koa edo txikiagoa denean –horniduraren tentsio maila eta kontratazio modalitatea edozein direla ere–, baldin eta fakturazio aldiaren azken egunaren aurreko hilabete naturalari dagokion eguneko merkatuaren batezbesteko prezio aritmetikoa 45 euro/MWh-tik gorakoa izan bada.
b) Elektrizitate hornidurako kontratuen titularrak, elektrizitatearen gizarte bonua jasotzen badute eta kaltebera larria edo gizarte bazterketako arriskuan dagoen kaltebera larria izatea aitortua badute urriaren 6ko 897/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat (Kontsumitzaile kalteberak zein diren, gizarte bonua eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileentzako beste babes neurri batzuk arautzen dira bertan).
2.– 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko martxoaren 31ra bitarte, gas naturaleko entregei, inportazioei eta batasun barruko eskurapenei balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa aplikatuko zaie.
3.– 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte, biomasatik datozen briketa eta pelleten entregei, inportazioei eta batasun barruko eskurapenei eta sutarako egurra xede dutenei balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 10eko tasa aplikatuko zaie.»
Hiru.– Laugarren xedapen iragankorra honela geratzen da idatzita:
«Laugarren Xedapen Iragankorra.– Elikagaien entrega, inportazio eta batasun barruko eskurapen jakin batzuei balio erantsiaren gaineko zergan aldi baterako aplikatuko zaien zerga tasa.
2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin eta 2024ko ekainaren 30era bitarte:
1.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 5eko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:
a) Oliba olioak eta hazi olioak.
b) Jateko pastak.
Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 0,62 izango da.
2.– Entregak, inportazioak eta batasun barruko eskurapenak balio erantsiaren gaineko zergaren ehuneko 0ko tasarekin zergapetuko dira, produktu hauen kasuan:
a) Ogi arrunta, baita ogi arrunta egiteko ogi ore izoztua eta ogi arrunt izoztua, betiere ogi arrunta egiteko bakarrik zuzendurikoa.
b) Ogia egiteko irinak.
c) Edozein animalia espeziek emandako esne mota hauek: naturala, ziurtatua, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT, lurrundua eta esne hautsa.
d) Gaztak.
e) Arrautzak.
f) Elikadura Kodearen eta hura garatzeko onartutako xedapenen arabera, produktu naturaltzat hartzen diren frutak, berdurak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak.
Eragiketa horiei aplikatuko zaien baliokidetasun errekargua ehuneko 0 izango da.
3.– Zerga tasaren murrizketaren onura osoa kontsumitzaileak jasoko du eta, beraz, murrizketaren zenbatekoa ezin izango da erabili, ez osorik ez partez, enpresen mozkin marjina handitzeko, produktuen ekoizpen, banaketa edo kontsumo katean prezioak igoaraziz; horrek ez ditu kentzen ukitutako sektoreek, erantzukizun soziala dela eta, konpromiso gehigarriak beren gain hartzea eta publizitatzea.
Neurri horren eraginkortasuna prezioen bilakaeraren jarraipen sistema baten bidez egiaztatuko da, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak bere eskumenen esparruan egin beharreko jarduketak eragotzi gabe.»
2. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Zerga Bereziei buruzkoa.
Xedapen iragankor bat gehitzen zaio Zerga Bereziei buruzko uztailaren 26ko 4/2023 Foru Dekretu Arauemaileari, eduki honekin:
«Xedapen Iragankorra.– Elektrizitatearen gaineko zerga berezian aplikatu beharreko zerga tasa.
1.– 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko martxoaren 31ra bitarte, elektrizitatearen gaineko zerga berezian 100eko 2,5eko zerga tasa aplikatuko da, eta, 2024ko apirilaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitarte, tasa hori 100eko 3,8koa izango da.
Tasa horien aplikaziotik ondorioztatzen diren kuotak ezingo dira izan zenbateko hauek baino txikiagoak:
a) 0,5 euro orduko megawatt (MWh) bakoitzeko, baldin eta hornitutako edo kontsumitutako elektrizitatea industria xedeetarako, pribatuak ez diren aisiako ontzi porturatuen xedeetarako edo trenbide bidezko garraiorako erabiltzen bada;
b) 1 euro orduko megawatt (MWh) bakoitzeko, hornitu edo kontsumitutako elektrizitatea beste xede batzuetarako erabiltzen bada.
Aurreko letretan aurreikusitako baldintza betetzen ez denean, haietan adierazitako zenbatekoak zerga tasatzat hartuko dira, eta epealdian izandako hornidura edo kontsumo osoaren gainean aplikatuko dira, hornidura edo kontsumo hori orduko megawatt-etan adierazia.
Ondorio horietarako, honako hauek joko dira industria erabileratzat:
a) Goi tentsioan edo industria gune eta instalazioetan egindakoak.
b) Nekazaritzako ureztapenetarako behe tentsioan egindakoak.
Aurreko a) eta b) letretan aipatzen den gutxieneko zerga ez da aplikatuko foru dekretu arauemaile honen 98. artikuluaren 1. apartatuko a), b), c) eta d) letretan aurreikusitako kasuetan.»
3. artikulua.– Aldatzea uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemailea, Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzkoa.
Xedapen iragankor bat gehitzen zaio Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergari buruzko uztailaren 26ko 8/2023 Foru Dekretu Arauemaileari, eduki honekin:
«Xedapen Iragankorra.– Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria eta ordainketa zatikatuen zenbatekoa zehaztea 2024ko ekitaldirako.
1.– 2024ko ekitaldian, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren zerga oinarria honako hau izango da: zergadunak energia elektrikoa –zentraleko barretan neurtua– ekoizteagatik eta sistema elektrikora eramateagatik, zergaldian instalazio bakoitzeko jaso behar duen zenbateko osoa, bi hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien erdia eta bigarren hiruhileko naturalean sistemara eramandako elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien laurdena.
Lehen hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehen hiru hilabeteak amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioaren erdia, foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuta.
Bigarren hiruhilekoari dagokion ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko lehen sei hilabeteak amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioa, bi hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien erdia eta bigarren hiruhileko naturalean eramandako elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien laurdena. Kalkuluan, foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuko da, betiere 2024ko ekitaldiaren kontura aurrez egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa kenduta.
Hirugarren eta laugarren hiruhilekoei dagokien ordainketa zatikatua kalkulatzeko, aintzat hartuko da zergaldiaren hasieratik urteko bederatzi edo hamabi hilabeteak, kasuan kasu, amaitu arte ekoiztutako eta sistema elektrikora eramandako energia elektrikoak –zentraleko barretan neurtuak– duen balioa, bi hauek murriztuta: lehen hiruhileko naturalean sistemara eraman den elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien erdia eta bigarren hiruhileko naturalean eramandako elektrizitateagatik bidezko diren ordainsarien laurdena. Kalkuluan, foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan aurreikusitako zerga tasa aplikatuko da, betiere 2024ko ekitaldiaren kontura aurrez egindako ordainketa zatikatuen zenbatekoa kenduta.
2.– Sistemaren oreka bermatzearren, sistema elektrikoari aurreko 1. apartatuan aurreikusitako neurriak dakarren bilketa txikiagoagatik konpentsatuko zaio murrizketaren pareko zenbateko batekin, zeinak ezingo baitu gainditu sistema elektrikoaren karguekin lotutako diru-sarreren eta gastuen artean oreka lortzeko beharrezkoa den zenbatekoa.»
XEDAPEN IRAGANKORRA
2024Ko ekitaldian balio erantsiaren gaineko zergaren araubide sinplifikatuari eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziari uko egiteko eta egindako aukera errebokatzeko epeak.
1.– Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduak, abenduaren 29ko 1624/1992 Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 33.2 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen duen ukoak eta aukeraren errebokazioak 2024. urterako izan behar badituzte ondorioak, 2023ko abenduaren 28aren biharamunetik 2024ko apirilaren 25era bitartean aurkeztu beharko dira.
2.– Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide sinplifikatuari eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide bereziari 2024. urterako uko egiteko eta aukera errebokatzeko 2023ko abenduan aurkeztutako eskaerak, aurreko 1. apartatuan aurreikusitako epea hasi baino lehen aurkeztu badira, epe baliodunean aurkeztutzat joko dira.
Dena den, aurreko paragrafoan xedatutakoaren eraginpean dauden subjektu pasiboek beti aldatu ahal izango dute beren hautua aurreko 1. apartatuan aurreikusitako epean.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta ondorioak izatea.
Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta bere artikuluetan adierazitako eran sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2024ko otsailaren 6a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.