Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2024ko otsailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
858

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 13koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua dutenak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia. Bikaintek programa.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 22ko Aginduaren bitartez, Bikaintek programako laguntzak arautu ziren, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua dutenak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak egiteko. (EHAA, 43 zk. 2023ko martxoaren 2koa).

Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, laguntzen deialdia egiten da, 2024ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua dutenak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko – Bikaintek programa.

Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduan jasotzen dira. Agindu horren bidez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

Azaldutako guztiagatik, aipatutako aginduaren 12. artikuluan ezarritako eskumena baliatuta, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua) xedatutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da laguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua dutenak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko –Bikaintek programa– (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko otsailaren 22ko Aginduan arautu ziren laguntza horiek).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 5.670.000 euro dira.

Doktore-titulua duten pertsonak kontratatuz erakunde onuradunek garatuko dituzten I+G proiektuen lerrorako aurrekontua 2.610.000 eurokoa da. 2024ko ekitaldiko ordainketa-kreditua 652.500 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, hauek: 1.305.000 euro 2025ean, eta 652.500 euro 2026an.

Industria-doktoregoak egiteko lerrorako aurrekontua 3.060.000 eurokoa da. 2024ko ekitaldiko ordainketa-kreditua 750.000 eurokoa da, eta konpromiso-kredituak, aldiz, hauek: 780.000 euro 2025ean, 780.000 euro 2026an eta 750.000 euro 2027an.

2.– Programa hau burutzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz.

Zenbateko horiek handitu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi baino lehen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren I+G+b arloko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Horrelakorik gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta ebazpen honetako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa esteka honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2024/bikaintek-2024/web01-tramite/eu/

Bertan daude eskabidea izapidetzeko jarraibideak eta eskabide-formularioetara sartzeko estekak. Eskabide-formularioetan daude, halaber, erantzukizunpeko adierazpenak eta dokumentu-ereduak.

Eskabidea egin eta geroko izapideak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne) elektronikoki egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, hemen: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2024ko apirilaren 19an.

4. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.

2024ko ekitaldian aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organo bat eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoan doktoreak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko laguntzak (Bikaintek programa) arautzen dituen Aginduan aurreikusitakoari jarraituz.

Organo horretako burua Catalina Chamorro Silgado izango da, eta ordezkoa Natividad Niño Bartolomé. Kideak, berriz, hauek izango dira: Gonzalo Martínez Martínez (ordezkoa Laura Valverde Oliver) eta Xabier Dominguez Lopez de Lacalle, ebaluazio-organoaren idazkari-lanak egingo dituena (ordezkoa Jesús Ángel Martínez Martínez).

Eskabideak ebaluatu ondoren, organo horrek txostena egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuz, eta Teknologia eta Berrikuntzaren zuzendariari helaraziko dio, laguntzen kudeatzailea baita. Zuzendariak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, proposamen bat egingo dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, horixe baita laguntzak emateko ebazpenak egiteko eskumena duena.

5. artikulua.– Urteko gutxieneko ordainsariak eta diruz lagun daitezkeen kostuen eta egonaldien zenbatekoak.

1.– Doktore-titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 32.000 eurokoa izango da, eta industria-doktoregaiak prestatzekoa 20.000 eurokoa.

2.– Kontratatutako pertsona bakoitzeko, diruz lagundu daitezkeen kostuen urteko gehieneko zenbatekoa ez da 60.000 eurotik gorakoa izango doktore titulua duten pertsonak kontratatzeko lerroan, ez eta 40.000 eurotik gorakoa ere industria-doktoregoen lerroan.

3.– Industria-doktoregoak egiteko lerroan, 12.000 eurokoa izango da, gehienez, prestakuntza-aldi osoan egin beharreko egonaldietarako diruz lagundu daitekeen gastua. Atal honetan, diruz lagundu daitezkeen mantenu-gastuak ezin izango dira 50 euro baino gehiagokoak izan egonaldiko egun bakoitzeko.

4.– Administrazioak laguntzen ordainketa egin ahal izateko, onuradunak administrazio honen datu-base egokian jasota egon beharko du. Bertan alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Bikaintek programa arautzen duen aginduan, aipatu egiten dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua, baina, horien ordez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean dagozkion manuak aplikatuko dira, besteak indargabetuta daudelako.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 13a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala