Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2024ko otsailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
792

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 30ekoa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, osasun-prestakuntza espezializatuko tutore nagusiak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozedurarako deialdia egiten duena (2024).

Otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuak, osasun-zientzietako espezialitateak zehaztu eta sailkatzen dituenak eta osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren alderdi jakin batzuk garatzen dituenak, 12.2 artikuluan adierazten duenez, autonomia-erkidegoek, tutoreen gaitasunak egokiak direla eta horiei eutsiko zaiela bermatzeko, horiek egiaztatzeko eta berriz egiaztatzeko ebaluazio-prozedurak arautuko dituzte aldizka, azaroaren 21eko 44/2003 Legeak, Osasun Lanbideen Antolamenduari buruzkoak, 10.1 eta 10.3 artikuluetan xedatutakoari jarraiki; horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, espezialista gisa etengabeko lan-esperientzia, irakaskuntza-esperientzia, etengabeko prestakuntzako jarduerak, ikerketa- eta kalitate-hobekuntzako jarduerak, irakaskuntza-metodologietako prestakuntza espezifikoa eta lortutako gogobetetasun-mailari buruzko inkestak.

Era berean, lehenengo xedapen gehigarriaren lehenengo apartatuak ezartzen duenez, sortu berri diren osasun-zientzietako espezialitateetan eta hura indarrean sartzean garatu ez diren edo ezartze-aldian dauden espezialitateetan, tutoreak izendatzeko eskatzen diren baldintzak dagokion espezialitatearen lanbide-eremuarekin bat datorren esperientzia egiaztatuarekin ordeztuko dira, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak horietako bakoitza egiaztatzeko betekizun orokorrak onartzean zehazten duten moduan. Familia- eta komunitate-erizaintzaren espezialitatearen kasuan, maiatzaren 9ko PRE/861/2013 Aginduak, zeinaren bidez ezartzen baitira familia- eta komunitate-erizaintzako eta familia- eta komunitate-medikuntzako espezialistak prestatzeko irakaskuntza-unitate multiprofesionalak akreditatzeko betekizunak, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, haren eranskinaren bigarren puntuan ezarritako irizpideak ezartzen ditu, aldi baterako eta gehienez ere 2 urtez, erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako konpetentzia-ebaluazioaren proba amaitzen denetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren antolamenduari buruzko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak kide bakarreko irakaskuntza-organoak eratzen ditu, eta 21. eta 25. artikuluetan ezartzen du tutoretzan jarduteko akreditazio- eta berrakreditazio-prozedura. Prozedura hori hasiko da Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak eskabideak aurkezteko epea irekitzen duenean.

Aurreko xedapenetan ezarritakoa betetzeko,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza espezializatuko tutore nagusiak akreditatzeko eta berrakreditatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik Aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 30a.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,

MIGUEL SÁNCHEZ FERNÁNDEZ.

I. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTORE NAGUSIAK AKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea.

Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza arduratuko da prozedura honetaz, eskabideak izapidetzeaz eta ebazteaz.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak akreditatzeko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute egoiliarren tutoretza-lanak egin nahi dituzten pertsonek, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren figurarekin, baldin eta, betiere, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulu ofiziala izatea, tutoretza-ekintza garatuko duen espezialitatean.

b) Zerbitzu aktiboan egotea, irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuaren edozein egituratan.

c) Gutxienez urtebeteko esperientzia izatea bere espezialitateko asistentzia-jarduera espezifiko batean, akreditazioa eskatzen den irakaskuntza-dispositibo akreditatuan.

2.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, halaber, familia- eta komunitate-erizaintzako egoiliarren tutore izateko akreditazioa lortu nahi duten pertsonek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez urtebetez zerbitzu aktiboan egotea, akreditazioa eskatzen den irakaskuntza-dispositibo akreditatuan.

b) Esperientzia egiaztatua eta jarraitua izatea familia- eta komunitate-erizaintzaren lanbide-eremuan, azken bost urteetan.

c) Familia- eta komunitate-erizaintzako ikerketa eta/edo komunikazio zientifikoko proiektu batean parte hartu izana azken bost urteetan.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko abenduaren 30ean amaituko.

2.– Aurkezteko modua.

2.1.– Eskabide-eredua.

Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutoretza-lanak egiteko akreditazio-eskaera.

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (Egoitza elektronikoa - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus/), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta eskatzen zaien gainerako dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egiaztatuko du, ofizioz, bigarren oinarrian eskatutako betekizunak betetzen direla, eta Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroko datuak bilduko ditu. Betekizunak ezin badira egiaztatu erregistro horretan daturik ez dagoelako, interesdunari dokumentazio osagarria aurkezteko eskatuko zaio.

Eskabide-agiri normalizatuarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Tutoretza-helburuen proiektua, honako atal hauek izango dituena:

– Espezialitatearen prestakuntza-ibilbidea.

– Banakako prestakuntza-plana egiteko kontuan hartu beharreko alderdiak.

– Prestakuntza-ebaluazioa.

– Urteko eta amaierako ebaluazioa.

b) Familia- eta komunitate-erizaintzako espezialitateko tutore gisa egiaztatu nahi duten pertsonentzat: azken 5 urteetan familia- eta komunitate-erizaintzako berariazko ikerketa-proiektu edo komunikazio zientifiko batean parte hartu izana justifikatzen duen dokumentazioa (proiektuaren ikertzaile nagusiak emandako ziurtagiria edo komunikazio zientifikoaren kopia).

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazio guztia aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.

Balorazio-batzorde batek aztertuko du eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak izendatuko ditu batzordekideak, eta honako kide hauek izango ditu: akreditaziorako hautagaiak aurkezten diren ikastetxe edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordeko kide diren tutore akreditatuak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Gehienez ere, 7 kide izango dira.

Balorazio-batzordeak, dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari. Balorazio-prozesuan elkarrizketa bat egin ahal izango da, hautagaiek tutoretza-lanak egiteko duten interes pertsonala eta motibazioa ezagutzeko.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak berariazko ebazpen arrazoitua emango du eskatutako egiaztapena onartzeko edo ukatzeko, hiru hilabeteko epean, eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe horren zenbaketa eten egingo da interesdunek eskabideak zuzentzeko eta hobetzeko eskatzen den epean.

Ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta dagokion irakaskuntza-zentro edo -unitatearen erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari ere jakinaraziko zaie.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz.

Seigarren oinarria.– Akreditazioaren ondorioak.

Akreditazioa emateko ebazpenak berekin dakar interesdunak beharrezkoa den gaikuntza lortzea, osasun-prestakuntza espezializatuko tutore izendatua izateko eta tutoretza-funtzioak betetzeko, ebazpenaren dataren hurrengo egunetik aurrera hurrengo lau urteetan. Bost urteko egoiliar-aldia duten espezialitateen kasuan, gaikuntzaren eta tutoretza-funtzioak betetzearen iraupena bost urtekoa izango da.

Zazpigarren oinarria.– Tutoretza-jarduera aitortzea.

Akreditaturiko tutoretza-jarduera aitortu eta sustatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren antolamenduari buruzko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren 19/2020 Jarraibidearen arabera (osasun-prestakuntza espezializatuan eta egindako lanaren ziurtapenean esku hartzen duten figurei buruzkoa).

Zortzigarren oinarria.– Akreditazioa baliogabetzea eta iraungitzea.

Akreditazioa baliogabetu ahal izango da, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 26. artikuluan zehaztutako arrazoiengatik (34/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren antolamenduari buruzkoa).

Akreditazioa haren indarraldia amaitzen denean iraungiko da.

Bederatzigarren oinarria.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla, hauei jarraikiz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko Osasun Sailak deitutako prozeduraren jarraipena eta eskabideen kudeaketa.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa).

Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: eskubidea duzu zeure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den moduan.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara:

Tratamendu-Jardueren Erregistroa (TJE) (euskadi.eus).

II. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTORE NAGUSIAK BERRIZ AKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza sanitario espezializatuko tutoreen akreditazioak berritzea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza arduratuko da prozedura honetaz, eskabideak izapidetzeaz eta ebazteaz.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Berrakreditatzeko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute osasun-prestakuntza espezializatuko tutoretza nagusiaren eginkizunak betetzeko akreditatuta eta izendatuta dauden pertsonek, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-prestakuntza espezializatuaren sistemaren antolamenduari buruzkoa), baldin eta emandako azken akreditazioa indarrean dagoen bitartean egoiliarrei tutoretza eman badiete, tutoretza nagusiaren eginkizunak betetzen jarraitu nahi badute eta akreditaziorako eskatzen diren betekizun guzti-guztiak betetzen badituzte, behin dagokion akreditazio-ebazpenean adierazitako indarraldia amaituta.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Epea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuak jakinarazpena egin eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea. Jakinarazpen horren bidez, akreditazioak 2024an iraungitzen zaizkien tutoreei jakinaraziko zaie. Akreditazioak iraungi baino bost hilabete lehenago egingo da, gutxienez, jakinarazpen hori.

Eskabideak aurkezteko epea dagokion akreditazioaren muga-egunaren aurreko hilaren egun berean amaituko da.

2.– Aurkezteko modua.

2.1.– Eskabide-eredua.

Berrakreditatzeko eskaera ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera aurkeztuko da.

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (Egoitza elektronikoa - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus/), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehen paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Interesdunek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta eskatzen zaien gainerako dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egiaztatuko du berrakreditaziorako eskatutako baldintzak betetzen direla, ofizioz, eta Profesional Sanitarioen Euskal Erregistroko datuak bilduko ditu. Baldintzak ezin badira egiaztatu erregistro horretan daturik ez dagoelako, interesdunari dokumentazio osagarria aurkezteko eskatuko zaio.

Eskabide-agiri normalizatuarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako tutoretza-jardueren memoria (interesdunen eskura jarriko da gida bat, Osasun Sailaren Interneteko orrian, osasun-prestakuntza espezializatuari dagokion atalean).

b) Tutoretza-helburuen proiektua (hobekuntza-plana).

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez badira osorik betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazio guztia aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.

Balorazio-batzorde batek aztertuko du eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak izendatuko ditu batzordekideak, eta honako kide hauek izango ditu: berriz akreditatzeko hautagaiak aurkezten diren ikastetxe edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordeko kide diren tutore akreditatuak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako ordezkariak. Gehienez ere, 7 kide izango dira.

Balorazio-batzordeak izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta berriz egiaztatzeko irizpideak mantendu eta hobetu diren ebaluatuko du. Horretarako, egiaztapen-prozedurako baremo bera erabiliko du, baina itemen eskakizun-maila eta pisua aldatuko du, memoria curriculuma baino gehiago baloratu dadin.

Gainera, kontuan hartuko dira Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak urtero egiten dituen inkesten kalitate-ebaluazioen emaitzak eta egoiliarren balorazioak, eta, prozedura amaituta, ebazpen-proposamena helaraziko dio.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak berariazko ebazpen arrazoitua emango du eskatutako berrakreditazioa onartzeko edo ukatzeko, hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Epe horren zenbaketa eten egingo da interesdunek eskabideak zuzentzeko eta hobetzeko eskatzen den epean.

Ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta irakaskuntza-zentro edo -unitatearen erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari ere bai.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz.

Aurreko akreditazioaren indarraldia amaitu baino lehen berrakreditazioa lortzen duten tutoreek ordura arteko izendapenari eutsiko diote.

Seigarren oinarria.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla, hauei jarraikiz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko Osasun Sailak deitutako prozeduraren jarraipena eta eskabideen kudeaketa.

Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako misio bat betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa).

Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: Eskubidea duzu zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den moduan.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara:

https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/893?locale=eu

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala