Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2024ko otsailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
790

AGINDUA, 2024ko otsailaren 7koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, seiehun milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Urtarrilaren 30eko 7/2024 Dekretuak 2024ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak 10. artikuluko 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren kontura.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Seiehun milioi (600.000.000) euroko Euskadiko zor publikoa jaulkitzea, urtarrilaren 30eko 7/2024 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den zor publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 600.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonu jasangarriak.

c) Jaulkitze prozedura: jaulkipen publikoa.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2024ko otsailaren 19a.

e) Interesa: % 3,40ko urteko nominala, urtero apirilaren 30ean ordainduko dena; kupoi luze bat ordainduko da 2025eko apirilaren 30ean.

f) Jaulkitze-prezioa: % 99,843.

g) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

h) Amortizazio-data: 2034ko apirilaren 30a.

i) Baloreen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.

j) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

k) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Jaulki beharreko jaulkipen-baloreen harpidetza jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez bideratuko du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Erakunde horiek horretarako gaituta daude, balore-merkatuaren indarreko araudiaren arabera.

4. artikulua.– Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari edo Finantza Politikako zuzendariari, bietako edonori, baimena ematen zaio zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.

5. artikulua.– Harpidetzen ordainketa horretarako mandatua duen erakunde baten bidez egingo da; jaulkipenaren interesen eta amortizazioaren ordainketa Baloreen Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemak Kudeatzeko Sozietateak egingo du, horretarako izendatutako Erakunde Eragilearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 7a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala