33. zk., 2024ko otsailaren 14a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (2001 KB - 182 orri.)
- EPUB (10096 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
789
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 22koa, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarena, joko-makinen eta -sistemen saiakuntzetarako protokoloa argitaratzen duena.
Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.35 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du kasino, joko eta apustuen arloan, kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuetan izan ezik. Eskumen hori baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legea onartu zen. Lege horrek ahalmena ematen dio autonomia-erkidegoko gobernuari lege horretan ezarritakoa garatu eta betearazteko xedapenak emateko.
Duela gutxi, indarrean jarri da otsailaren 8ko 19/2022 Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen uztailaren 27ko 120/2016 Dekretua. Dekretu horrek ekarri dituen irizpide eta aurreikuspen berriak behar bezala aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da joko-makinen eta -sistemen arloa garatzeko araudia egokitzea. 19/2022 Dekretuak aldaketa esanguratsuak sartu ditu joko-makinen eta makina laguntzaileen araudian eta haien interkonexioan, eta, beraz, alderdi teknikoak zehaztu behar dira, jokoaren azpisektoreek behar bezala bete ditzaten.
Aldaketa horiek agindu honen bidez sartu dira: Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2023ko abenduaren 5eko Agindua, joko-makinen eskakizunak eta ezaugarri teknikoak, interkonexio-baldintzak eta kontrolatzeko eta ikuskatzeko behar diren sistemak arautzen dituena.
Abenduaren 5eko agindu horrek ekarri dituen aldaketen ondorioz, saiakuntzetarako protokolo berri bat argitaratu behar da, agindu berriak aldatu dituen alderdiak jasoko dituena.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
120/2016 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Segurtasuneko sailburuari dekretua garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak ezartzeko.
Otsailaren 8ko 19/2022 Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duen dekretua, hau ezartzen du 59. artikuluaren bigarren apartatuan:
«2.– Saiakuntza-laborategiek egiaztagiri bat igorriko dute. Egiaztagiri horretan, Jokoa Arautzeko Agintaritzak onartutako protokoloek zehaztutako formatuan adierazi beharko da modeloaren ezaugarriak eta makinaren edo joko-sistemaren funtzionamendua bat datozela erregelamendu honetan jasotako homologatze-betekizunekin, joko-arloko sailburu eskudunaren Aginduan ezarritakoekin, eta aurkeztutako agirietan jasotako zehaztasunekin».
Otsailaren 8ko 19/2022 Dekretuak hau ezartzen du 62. artikuluaren bigarren apartatuan:
«2.– Joko-sistemak:
Jokoaren arloko sail eskuduneko titularraren aginduz, 40. artikuluan homologatutako joko-sistemak aldatzeko betekizunak ezarriko dira, eta prozesu hori berariazko saiakuntzen eta egiaztapenen protokolo eta prozedura baten bidez arautuko da».
Horregatik guztiagatik, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea joko-makinen eta -sistemen saiakuntzetarako protokoloa, 2023ko abenduaren 22koa (eranskinean jaso da).
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 22a.
Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,
AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.