Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2024ko otsailaren 14a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
786

200/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Oftalmologiako Gainbegirale lanpostu bat izendapen askez betetzeko deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Erakunde Sanitario Integratuan.

Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Oftalmologiako Gainbegirale lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea B1 lanbide-taldean.

b) B1 lanbide-taldeari dagokion titulazioa izatea.

c) B1 lanbide-taldean gutxienez 3 urteko lan-esperientzia izatea.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren eta Osakidetzako Euskara Planaren gainerako betebeharrak betetzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

a) Esperientzia eta/edo prestakuntza erizaintzako unitateen kudeaketan.

b) Esperientzia taldeen eta pertsonen antolaketan eta kudeaketan.

c) Formakuntza edota ezagutza honako alor hauetan: Kudeaketa-tresnak, kalitate-ereduak, prozesuak, segurtasun klinikoa eta etengabeko hobekuntza.

d) Erakunde Sanitario Integratu bateko Erizaintzako Zuzendaritzaren antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako aplikazio informatikoei buruzko ezagutzak.

e) Unitatearen Kudeaketako Memoria-proiektu bat egitea.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Jose Atxotegi z.g., 01009 Vitoria-Gasteiz). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Jose Atxotegi z.g., 01009 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Baloratu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

– Kudeaketako Memoria-proiektua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazitako moduan egiaztatzea CVren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak, baina egoera hori izangaiaren eskabidean adierazi beharko da.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko ebazpena.

Hemen hasten den prozedura (lanpostua esleitzea edo bete gabe uztea) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez amaituko da, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, intranetean eta Osakidetzaren web-orri korporatiboan argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 31.

Arabako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentea,

JOSÉ MARÍA PÉREZ RAMOS.


Azterketa dokumentala