31. zk., 2024ko otsailaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (106 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
748
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Kukumiku izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.
2023ko urtarrilaren 23an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación kukumiku izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin zen.
Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Fundazioaren patronatuak 2022ko otsailaren 2an erabaki zuen estatutuen aldaketa, eta erabaki hori publiko egin zen 2022ko otsailaren 3an, Francisco de Asís Triana Álvarez notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 238).
2023ko maiatzaren 25eko idazki bidez, 2023ko ekainaren 6an jakinarazia, Babesletzak interesdunari errekeritu zion patronatuak estatutuak aldatzeko erabakia berrets zezan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37.4 artikuluak xedatutakoarekin bat.
Fundazioak 2024ko urtarrilaren 23an erantzun zion errekerimenduari, eta espedienteari erantsi zion Francisco de Asís Triana Álvarez notario jaunaren aurrean, 2024ko urtarrilaren 4an, emandako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 15). Eskritura horren bidez publiko egiten da fundazioaren patronatuak 2023ko abenduaren 29an hartutako erabakia, zeinak 2022ko otsailaren 2ko erabakia berresten baitu.
Halaber, erabaki horren bitartez, estatutuetan honako aldaketa hauek egin ziren:
– Fundazioaren xedeak lortzera bideratutako jarduerak zabaldu egin dira (3. artikuluaren bigarren atala)
– Fundazioaren helbidea aldatu da (4. artikulua)
– Fundazioaren zerbitzuen onuradunaren kontzeptua zabaldu da, eta onuradunak zehazteko oinarrizko irizpideak berariaz jaso dira (5. artikulua).
– Patronatuko kideak izendatzeko eta kargugabetzeko gehiengoa aldatu da (9. eta 11. artikuluak).
– Patronatuko kideen karguen indarraldia aldatu da (12. artikulua).
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Kukumiku izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eta ebazpen honen azalpen-zatian aipatutako aldaketak txertatzeko–, Agindu honen datarekin, Francisco de Asís Triana Álvarez notario jaunaren aurrean 2022ko otsailaren 2an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 238).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 29a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.