Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2024ko otsailaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HEZKUNTZA SAILA
742

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 19koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2024. urtean itunpeko irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egiten duena.

47/1993 Dekretuak (1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) Irale programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen. 1998ko urriaren 22ko Aginduak (1998-11-05eko EHAA) azterketaldi irekiko kafikazio-sistema ezarri zuen. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautu zuen Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.

Aurreko paragrafoan jasotako araudiak erreferentzia egiten dio irakaskuntza publiko zein pribatuko hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko araudiari. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da abenduaren 1eko 11/2022 Legeak, Euskal Enplegu Publikoarenak, 189. artikuluan ezartzen duela IVAP izango dela euskal administrazio publiko guztietako langileen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko gaituta dagoen organismo bakarra, eta horretarako, IVAPen erantzukizuna izango dela euskal administrazio publikoetan eta haien instituzio eta organismoetan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak antolatzea eta aldian-aldian proba horietarako deialdiak egitea. Hortaz, Hezkuntza Sailak ez du irakaskuntza publikoko langileen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko eskumenik izango.

Ebazpen honen xede nagusia da itunpeko irakaskuntzako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2024. urterako deia egitea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ebazpen honen xedea da irakaskuntzako HE1, HE2 eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen 2024. urterako deia egitea, unibertsitateaz kanpoko itunpeko irakaskuntzako langileentzat.

2. artikulua.– Hezkuntza Sailak, 2024. urtean, hizkuntza-eskakizunen bi deialdi egingo ditu, biak ere Irale programaren bidez liberatuta dauden zein liberatuta ez dauden itunpeko irakaskuntzako langileei bideratuta. Deialdi honetan matrikulatzeko baldintzak ebazpen honetan zehazten dira. Lehenengo deialdia otsailean izango da, eta bigarrena, irailean.

3. artikulua.– Lehenengo deialdi honetan matrikulatzeko epea 2024ko otsailaren 2an irekiko da, eta otsailaren 15ean itxiko da.

4. artikulua.– Honako hauek matrikulatu ahal izango dira 1HE eta 2HE hizkuntza-eskakizunetan: itunpeko irakaskuntzako langileak (2023-2024 ikasturtean Irale programan hizkuntza-eskakizuna lortzeko liberatuta daudenak zein ez daudenak). Zehazki, honako hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan 2022-2023 edo 2023-2024 ikasturteetan zerbitzuak egin dituzten irakasle eta heziketa-langileak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroetakoak barne. Beharrezkoa da adierazitako ikasturteetan gutxienez egun batez lan egin izana egiaztatzea.

5. artikulua.– Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizunerako, honako hauek matrikulatu ahal izango dira: Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako Interprete titulazioa dutenak ere, betiere itunpeko irakaskuntzakoak badira. Horrez gain, nahitaezkoa izango da egiaztatzea Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile aritu izana Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxeetan eta ikastetxe pribatu baimenduetan 2022-2023 edo 2023-2024 ikasturteetan, gutxienez egun batez.

6. artikulua.– Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira Hezkuntzako 2024ko deialdi bakoitzaren barnean.

7. artikulua.– Deialdian matrikulatzeko, eskabide normalizatua egin beharko da Internet bitartez, helbide honetan (https://ikasgunea.euskadi.eus). Horrez gainera, hezkuntza-administrazioan jasota ez badago, emandako zerbitzuak egiaztatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko da dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan edo aplikazioan bertan. EAEko hezkuntza-sare pribatuan zerbitzuko langile finkoek ez dute dokumentazio gehigarririk aurkeztu behar, baldin eta datu horiek Hezkuntza Sailburuordetzan jasoak agertzen badira. Nolanahi ere, sare pribatuko aldi baterako langileen kasuan, edota dokumentazio hori Hezkuntza Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesdunak agiri horiek aurkeztu beharko ditu matrikula gauzatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin arren, arauz ezarritako epearen barruan aurkeztu beharko da gainerako dokumentazio guztia.

8. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira (1994-01-26ko EHAA). Bestalde, HLEA hizkuntza-eskakizunean apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14ko EHAA) ezarritako irizpideak jarraituko dira. Deialdi hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998ko azaroaren 5eko EHAA) ezarritako kalifikazio-sistemaren arabera arautuko da. HLEA profilaren idatzizko fasearen eskema eta kalifikazio-sistema 1. hizkuntza-eskakizunaren eskemaren araberakoak izango dira, eta haren ahozko fasekoak 2. hizkuntza-eskakizunaren araberakoak.

9. artikulua.– Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, Koordinazio Epaimahaiak ezartzen dituen orientabideak eta irizpide osagarriak beteko dira. Zehazki, ahozko probaren grabazioa ofizioz egingo da, azterketaren material-erregistro osagarria eskuratu ahal izateko. Baldin eta azterketariak grabazioa egin nahi ez badu, errenuntzia sinatu beharko du, erabaki hori dela medio, bere ahozko proba ezin izango delako berrikusi, erreklamazioa aurkeztuko balitz.

10. artikulua.– Azterketak egiteko lekuak, egunak eta orduak (bai deialdi librean, bai deialdi mugatuan) Hezkuntza Sailaren webgune ofizialean emango dira argitara: www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara.

11. artikulua.– Aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak Hezkuntza Sailaren webgune ofizialean (www.euskadi.eus/hezkuntza-euskara) emango dira argitara. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak Hezkuntza Sailburuordetzako ziurtagirien fitxategian integratuko dira eta pertsona horiek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute Hezkuntzaren Lurralde Ordezkaritzetan.

12. artikulua.– Lortutako emaitzarekin konforme egon ezean, azterketari orok dauka dagokion idatzizko erreklamazioa aurkezteko eskubidea, dagokion proba berriz zuzendua izan dadin. Horretarako, Azterketa Epaimahaiaren presidenteari zuzendu beharko zaio erreklamazioa eta webgune honetan aurkeztu: https://ikasgunea.euskadi.eus; bestela Hezkuntzaren dagokion Lurralde Ordezkaritzan entregatu. Azterketa Epaimahaiak beranduen hilabeteko epean argitaratu beharko ditu berrikustearen ondoriozko kalifikazioak. Era berean, Azterketa Epaimahaiak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die zenbait erreklamaziori, egoki irizten badio.

13. artikulua.– a) Azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari, edota bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituen nornahi, prozesutik baztertuta geldituko da eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geldituko dira, bere jarduerak sor ditzakeen erantzukizunez gain.

b) Azterketari bat baztertzeko erabakia lurraldeko Azterketa Epaimahaiaren presidenteari dagokio edozein azterketatan, bertan dauden epaimahaikideen proposamenez, interesdunari entzun ondoren.

14. artikulua.– a) Azterketa-material guztiak –alegia, idatzizko erantzunak, audio grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak– Hezkuntza Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urtebeteko epean gutxienez.

b) Aipatutako materialak isilpean daudela bermatu beharko da, eta ezin izango da horien kopiarik egin, Azterketa Epaimahaiaren balioespen-lanerako eta gainerako zereginetarako ez bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, ebazpena argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 19a.

Hezkuntzako sailburuordea,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.


Azterketa dokumentala