Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2024ko otsailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
576

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 18koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Abadiñoko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiten duena, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta industria-eraikuntzako altueren araudiari dagokienez.

AURREKARIAK

Garai hartako Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez, Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua formatu zen, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuera-araudiari dagokienez, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.

2018ko otsailaren 27an, Abadiñoko Udalaren osoko bilkuran, hasierako onespena eman zitzaion Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntualaren espedienteari, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeetan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Abadiñoko Udalak jendaurrean jarri zuen hirigintza-agiria, ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera; iragarkia argitaratu zuen 2018ko martxoaren 15eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (53. zk.), eta 45 egunez egon zen jendaurrean, horren ukituek egoki ikusten zituzten alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, Abadiñoko Udalak egiaztatu zuen bi alegazio jaso zirela; horien emaitza espedientean jasota dago. Jasotako alegazioek ez dute ingurumen-edukirik.

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Abadiñoko Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota.

Ebazpena, 2019ko azaroaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-azterlan estrategikoaren irismen-dokumentua, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuera-araudiari dagokienez.

Aipatutako ingurumen-adierazpen estrategikoak Gehienez bi urteko epea ezarri du Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntuala, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuera-araudiari dagokienez, onartzeko, aipatutako ingurumen-adierazpen estrategikoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Epe hori igarotzen bada aldaketa puntuala onartu gabe, ingurumen-adierazpen estrategikoaren indarraldia amaituko da.

Ingurumen-adierazpen estrategikoan adierazitako epea igarota, Abadiñoko Udalak Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapideari ekin dio, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuera-araudiari dagokienez.

2023ko ekainaren 30eko osoko bilkuran, Abadiñoko Udalak I-12, I-13 eta I-14 industrialdeetan Abadiñoko arau subsidiarioen aldaketa puntuala behin-behinean onartzea erabaki zuen.

2023ko azaroaren 8an, Abadiñoko Udalak eskaera egin zuen Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altueren erregulazioari dagokienez (aurrerantzean, Plana), honako hauetan xedatutakoaren arabera: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; eta 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duena.

Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Halaber, Euskadiko ingurumen administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Orobat, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoaren arabera, II.A eranskinean zehazten denari jarraituz ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planei, programei eta horien aldaketei eta berrikuspenei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie. Eranskin horretan jasotako plan eta programen artean, etorkizunean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten eta arlo jakin batzuei –hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilera– erreferentzia egiten dieten planak eta programak daude.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Abadiñoko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren ingurumen-adierazpena formulatzea, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuerari buruzko araudiari dagokienez, zehaztapen hauekin:

A) Planaren xedeko eremua BI-3336 errepidearen ekialdean dago. Errepidearekiko paraleloan dagoen zerrenda bat da, 375 metrokoa, batez beste 200 bat metroko sakonera duena. Bi ur-ibilguk zeharkatzen dute: Zumelegi ibaia eta Ursalto erreka.

Hiri-lurzoru industriala da. Eremuaren zati handi batean eraikin industrialak daude, baina badaude eraiki gabeko eremuak ere.

Planaren xedea da ondoz ondoko eta elkarren mendeko hiru hiri-lurzoru industrialen (I-12, I-13 eta I-14) egiturazko antolamendua eta antolamendu xehatua aldatzea. Aipatu esparruek hartzen duten azalera, guztira, 75.821 m2-koa da.

Planak helburu hauek ditu:

– Antolamendua Gerediaga-Elorrio autobidearen behin betiko ibilbidera egokitzea; izan ere, errepideak I-12 industrialdearen zati bat hartu du, eremu horretarako sarbidea eraldatuta. Abadiñoko arau subsidiarioetan, azpiegitura hori hartzeko sistema orokorra ezarrita dago, baina egikaritutakoak ez bezalako ezaugarriekin.

– Antolamenduan sortzen diren azpieremuetarako erabilera xehatuak esleitzea, eta, aldi berean, zuzkiduretarako, eraikigarritasunetarako eta okupazio bideratuetarako lursailak erreserbatzeko estandarrak betetzea.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planak ezarritako gutxieneko atzerapenak eremuko antolamendu xehatuan sartzea. Eraikin berrien gehieneko inguratzailean, 14 m-ko atzeraemangune bat izango du Zumelegi ibaiak, eta 12 m-koa Ursalto errekak.

– Zumelegi ibaiko zubia ordeztea, taula-altuera handiagoko bat jarrita, ur-kotaren igoera murrizteko industrialdean. Ursalto errekan zubi berri bat eraikiko da, I-12 eta I-13 industria-lurzatiak konektatzeko.

– Industrialderako ibilgailu-sarbideak zehaztea, baita barneko zirkulazioa eta eraikin industrialen arteko komunikazio-bideak ere.

– Eraikin industrialen altuerak arautzea; gehienez, 12 m. Egun indarrean den araudiak 10 m-koa baimentzen du. Salbuespenetan (egungo edo etorkizuneko industriek hala behar balute), 12 m-ko altuera gainditu ahal izango da.

Area bakoitzerako baimendutako eraikigarritasuna, oro har, indarrean dagoen plangintzan aurreikusitakoa da. Eraikigarritasun horren zatirik handiena dagoeneko eginda dago, batez ere I-12 eta I-14 eremuetan; I-13 eremuan, berriz, nolabaiteko zabalkuntza ahalbidetzen da.

Zumelegi ibaiaren ezker ertzean, berdegunez eta espazio librez osatutako zerrenda bat egongo da, gutxienez 5 metrokoa ibilbide osoan. I-12 gunean, eraiki txikien sorta bat dago; oztopo dira ibai-ibilguaren zortasun-eremuarentzat, eta, planaren arabera, ez datoz bat antolamenduarekin.

Ibilgailuen mugikortasuna eta planean definitutako eremuetarako sarbideak eremuaren bi muturretan kokatutako bi biribilguneren bidez antolatzen dira; horietako bat, I-14 eremurako sarbidean dagoena, Muntsaratz eta Gerediaga-Elorrio arteko errepide-zatia lotzeko egin da. Beste biribilgunea BI-3336 errepideko 47+100 KParen parean diseinatuko da.

Bide-irtenbide hori, biribilgunearen bidez, planaren hasierako bertsioetan definitu zena da, eta, ondoren, espedientea izapidetu bitartean doitu zen, T erako lotura bat proposatuta. Azkenik, komenigarritzat jo da biribilgunea berreskuratzea, hobeto konpontzen baititu eremura sartzeko mugimenduak eta oinezkoen eta bizikleten bideak. Biribilgunearen tamaina zertxobait murriztu da planaren hasierako proposameneko 38 metroko diametrotik 31 metroko diametrora, eta bidegorri- eta espaloi-zerrendak perimetroan sartu dira.

Halaber, I-12 eremuan, aparkaleku bat sortuko da Gerediaga-Elorrio errepidearekiko lotura dagoen tokitik hegoaldera. Gutxi gorabehera 124 plaza izango dituen aparkaleku publikoa izango da. Barne-bideetan ere aparkaleku publikoak egongo dira (plaza batzuk).

Eremua ez da Naturagune Babestu bat. Planaren xedeko eremuan, hauek dira ingurumen-elementu nabarmenenak:

– Zumelegi ibaiaren ertzetan, egoera onean da Europar Batasunaren intereseko 91E0* Haltzadia-lizardia lehentasunezko habitata.

– Industrialdea zeharkatzen duten bi ibai-ibilguak (Zumelegi eta Ursalto) ur-ipurtatsa kontserbatzeko Interes Bereziko Eremua dira, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak, Bizkaiko lurralde historikoan ur-ipurtatsa (Mustela lutreola) Kudeatzeko Plana onartzen duenak, ezartzen duenaren arabera, eta gailurretako uhandrea (Triturus alpestris), iberiar baso-igela («Rana ibérica») eta Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) banatzeko lehentasunezko zonaren parte dira.

Ingurumen-arrisku handienak faktore hauen ondorio dira:

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak: eremuaren % 61 lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioaren barruan daude.

– Urpean gera daitezkeen eremuak: proposatutako jarduketak Zumelegi ibaian uraldiek eragin ditzaketen uholde-eremuen barruan daude (Zumelegi ibaiaren 100 eta 500 urteko errepikatze-denborak kontuan hartuta).

Planaren garapenetik eratorritako inpaktu nagusiak Zumelegi ibaiaren eta Ursalto errekaren gaineko zubiak eraikitzearekin lotutakoak dira, baita barne-bide berriak egiteak eragindakoak ere. Planean ezarritako ubide-atzeratzeek eta Zumelegi ibaiaren ibilguaren ondoko espazio libreen antolamenduak ibaiko inpaktu-maila murrizten laguntzen dute eta ibaia berreskuratzeko aukera indartzen dute.

Eremuko uholde-arriskuaren ondoriozkoak dira beste inpaktu batzuk. Aztergai den eremua Zumelegi ibaiaren 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien uholdegunean dago.

Azterlan hidrauliko baten arabera, Zumelegi ibaiko egungo zubiaren ordez taula-altuera handiagoko bat jarriz gero, murriztu egin da ur-kotaren igoera industrialdean.

Kultura Ondarearen Zerbitzuak 2018ko apirilaren 9an egindako txostenaren arabera, Zumelegi ibaiko zubiak toki- eta udal-babeserako proposamena dauka. Planaren azken bertsioaren arabera, aipatutako zubiari dagokionez, kontraesanak daudela ondare-balioaren eta sortzen dituen uholde-arriskuen artean. Lehentasuna eman zaio uholde-arriskua murrizteari, eta, beraz, zubia ordeztu daiteke, horretarako ezarritako baldintzetan.

B) Ebazpen hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela 2017ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideen integrazioa.

Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.

C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.

Administrazio publikoek emandako txostenen ondorioz, honako aldaketa hauek egin dira planaren azken bertsioan:

– SZSLCA-14.2 azpieremuko aparkalekua kendu da, lurzoru urbanizaezina delako eta Zumelegi ibaiaren 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dagoelako.

– Eremurako sarbidea biribilgune berri baten bidez egingo da, irismen-dokumentuan adierazitakoaren antzekoa.

– SZI-13.1 azpieremurako ezarpen-kota adierazten da, T500erako ur-laminaren kotaren gainetik gera dadin. SZSLCA-12.1 aparkalekua 500 urteko uraldien eraginpean dago, eta horregatik, Ordenantzen 23. artikuluan ezarri denez, «azpieremu horretan abisu-sistema bat ezarri beharko da, eta uraldien kasuan ibilgailuak erretiratzeko sistema bat».

– Ursalto errekaren gaineko pasabidearen estalkia kendu da, SZI-12.1 eta SZI-13.1 jarduera ekonomikoen azpieremuen artean.

D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, Ingurumen Azterketa Estrategikoan eta hirigintza-agirian aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:

D.1.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak

Plana Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako sei lekutan gauzatuko da (kodeak: 48001-00009, 48001-00010, 48001-00028, 48001-00035, 48001-00036 eta 48001-00037).

Hala, gogoratu behar da lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko dela, baldin eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako kasuren bat ematen bada.

Inbentariatutako kokaleku batean edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa izango da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat partzelak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den hondakinen arloko legedia betez.

D.2.– Uren kalitateari buruzko neurriak:

I-13 eremuko garapen berriek saneamendu-sistema orokorrera konektatu beharko dituzte isurketak, eta, hala badagokio, sistemaren ahalmena aldez aurretik egokitu beharko da.

D.3.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

D.4.– Uholde-arriskuak murriztera bideratutako neurriak.

Aztergai den eremua Zumelegi ibaiaren 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldien uholdegunean dago. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan jasotakoa barnean hartu beharko du planak, baita EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean jasotakoa ere, hizpide dugun arau subsidiarioen aldaketa puntuala aplikatzearen ondoriozko obrak egiteko.

Ordeztuz gero, eraikin berriak 500 urteko errepikatze-denborako uraldia irits daitekeen kotatik gora leudeke. Dagokion txosten hidraulikoaren justifikatu beharko da inguruabar hori, txostena egiten den uneko baldintza zehatzen arabera.

Uraren Euskal Agentziaren 2017ko maiatzaren 23ko txostenaren arabera, SZSLCA-12.1 aparkalekuak 500 urteko errepikatze-denborako uraldiez abisu emateko eta ibilgailuak erretiratzeko sistema izan beharko du.

Jabari publiko hidraulikoari eragiten dion edo haren babes-eremuetan dagoen jarduketa orotarako, Uraren Euskal Agentzian izapidetutako arroko erakundearen administrazio-baimena beharko da. Era berean, lursailaren egungo sestra aldatuko duten betelanak egin ahal izateko, Plan Hidrologikoan ezarritako zehaztapenak bete beharko dira; besteak beste, azterlan hidrauliko bat aurkeztu beharko da, proposatutako antolamendu berria egingarri egiteko beharrezkoak izan daitezkeen neurriak definitu eta justifikatuko dituena. Antolamendu berri horrek ezingo du ingurunean lehendik dagoen uholde-arriskua larriagotu.

D.5.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapenak gauzatzen diren bitarterako.

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

• Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko prebentzio-neurriak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Natura-ondarea babestea. Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredia naturala. Egoera onean dauden espezie interesgarrien aleak dituzten lekuetan, eta batez ere Europar Batasunaren intereseko 91E0* Haltzadia-lizardia basoetan, kontuzko neurriak zorrotzagoak izango dira, alerik interesgarrienen mesedetan.

Bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek exekutatzeko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren aldi sentikorrak fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

Ahalmen inbaditzaileko espezie aloktonoen (Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana, etab.) hedapena ekidin beharko da. Mugitutako lurretan espezie horiek dauden kontrolatu beharko da, eta landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera ere kontrolatu beharko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan eta garbiketa-kanpainan sortutako hondakinak kudeatzeko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek behar bezala bete beharko dituzte Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21.d) artikuluan ezarritako segurtasun-neurriak.

Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-emisioei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Egunez egingo dira lanak, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: urbanizazioko eta eraikuntzako proiektuetan aurreikusi egin beharko dira azaleko uretara ahalik eta solido gutxien arrastatzeko neurriak (dekantagailuak, sedimentu-tranpak edota iragazkiak, eta abar).

Eraikuntza jasangarrienerako beharrezkoak diren ezaugarriei dagokienez, «Ingurumenaren aldetik jasangarria den eraikuntzarako gida. Industria Eraikinak» gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira,

D.6.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

Urbanizatu behar diren eremu berrietako drainatze-sistemari dagokionez, Planean (44. artikulua) eta EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPean (E.4 apartatua) ezarritakoaren arabera, komenigarritzat jotzen da urbanizazio berriek drainatze jasangarriko sistemak izatea (zoladura iragazkorrak erabiltzea, etab.), jariatze-uren emaria egungoa baino handiagoa bada, konpentsatu ahal izateko, egoki husteko edo kalterik ez eragiteko.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planaren ondoriozko proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta 2017ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan adierazitako ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; sortutako hondakinak egoki kudeatzea; egikaritze-eremuaren kalitate akustikoa; ingurumen-baliabideen erabilera jasangarria; habitatak eta espezieak zaintzea eta hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Gehienez bi urteko epea ezartzea Abadiñoko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualaren Plan Partziala, I-12, I-13 eta I-14 industrialdeei eta eraikin industrialen altuera-araudiari dagokienez, onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Abadiñoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 18a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala