Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2024ko otsailaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
571

AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 23koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendariari eskuordetzen baitzaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileen enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuen oinarri orokorretan esleitutako eskumenak (prozesu horiek 2022ko abenduaren 5eko Aginduaren bidez onartu ziren).

Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 4. artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 6.2.f) artikuluarekin lotuta, ezartzen du Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari dagokiola Ertzaintzaren zerbitzu laguntzaileei atxikitako langileak kudeatzea.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduaren arabera (2022ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.), zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen enplegua finkatzeko salbuespenezko prozesuak arautzeko oinarri orokorrak, deialdia egin duen organoari esleitzen zaizkio prozedura ebazteko funtzioak eta eskumenak.

Bestalde, Segurtasun Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen duenez, Giza Baliabideen Zuzendaritzari dagokio Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako lan-kontratuko langileak kudeatzea; zehazki, e) apartatuaren arabera, honako hauek dagozkio: lan-kontratudun langile finko izateko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukia prestatzea, proba horien epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatzea eta kudeatzea.

Ildo horretan, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 39.4 artikuluak ezartzen du sailburuek beren eskumenak zuzendariei eskuordetu ahal izango dizkietela. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9. artikuluak aurreikusten duenez, administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoak edo zuzenbide publikoko entitateak badira. Aurreikuspen bera jasotzen da Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 25. artikuluan.

Komenigarria da zehaztutako prozesua arintzeko neurriak hartzea, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean aurreikusitako epeetan gauzatuko direla bermatzeko. Hori dela eta, egokitzat jotzen da eginkizun eta eskumen horiek Giza Baliabideen Zuzendaritzari eskuordetzea, zuzendaritza hori baita egonkortze-prozesuak eraginpean hartzen dituen lan-kontratudun langileen kudeaketaren arduraduna.

Horregatik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 39.4 artikuluarekin bat etorriz, eta Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 4. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendariari eskuordetzea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren 2022ko abenduaren 5eko Aginduaren bidez (abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.) onartutako deialdiaren oinarri orokorretatik eratorritako eginkizun edo eskumen guztiak, organo eskudunari dagozkionak eta apartatu hauetan adierazten direnak:

Baldintzak egiaztatzeko dokumentazioa eskatzea (8.2.7 apartatua).

Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko agintzen duen Ebazpena (11.1 eta 11.2 apartatuak).

Prozesua gainditu dutenen behin-behineko eta behin betiko kalifikazioen eta eskainitako lanpostuen zerrendak argitaratzeko agintzen duen Ebazpena (12.3.4 apartatua).

Izangaien behin betiko kalifikazioa ebatzi eta argitaratzea (13. eta 13.1 apartatuak).

Hautatutako pertsonen eta esleitu beharreko lanpostuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda ebatzi eta argitaratzea (15. apartatua).

Hautatutako pertsonen zerrenda Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari helarazteko Ebazpena (17. apartatua).

Bigarrena.– Inguruabar hori jaso beharko da eskuordetze honen ondorioz ematen diren ebazpen eta egintzetan.

Hirugarrena.– Agindu honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 23a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala