Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2024ko urtarrilaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
519

AGINDUA, 2023ko abenduaren 13koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Vitoria-Gasteiz udalerriko Salburuan araubide orokorreko babes ofizialeko 166 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza hauek esleitzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoari jarraituko dio (agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da), hala xedatuta baitago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipenak arautzekoa) abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda; izan ere, dekretu horrek kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetza ezarri zuen, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatu zituen.

Era berean, nahitaezkoa da aipatzea 147/2023 Dekretua, urriaren 10ekoa, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.

Bigarrena.– Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2020ko azaroaren 10eko Ebazpenaren bidez, babes orokorreko etxebizitzen behin behineko kalifikazioa eskuratu zuen Vitoria-Gasteiz udalerriko Salburuako 166 etxebizitzako sustapenak. Visesak (Euskadiko eta Etxebizitza eta Lurra SA) sustatzen ditu etxebizitza hauek, eta EB1-0384/20-LC-000 da espediente zenbakia.

Hirugarrena.– Sustapen honetan esleituko diren 166 etxebizitza horietako 7 mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituei egokituta daude. Egokitutako etxebizitza horietako 5 bi logelakoak dira eta 65,05 m2ko azalera dute; gainerako 2 etxebizitzak hiru logelakoak dira eta 119,08 m2ko azalera dute. Gainerako 159 etxebizitzetatik, 46 logela bakarrekoak dira eta 42, 90 m2 eta 44, 95 m2 bitarteko azalera dute; 83 etxebizitza bi logelakoak dira eta 58,80 m2 eta 64,45 m2 bitarteko azalera dute; eta 30 etxebizitza hiru logelakoak dira eta 87,95 m2 eta 89,05 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da. Etxebizitza horiek kupotan bananduko dira bosgarren ebazpen zatian ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari dagokio honako agindu hau xedatzea, bat etorrita araudi hauetan ezarritakoekin: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa –12. artikulua, zehazki–, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak, Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoak eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoak, bere azken xedapenetako zazpigarreneko 4. puntuan aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, zeinak arautzen baitu etxebizitzaren arloko sail eskudunak errentamendu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedura. Txertatu berri den 47 bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaituak, 36 urtetik beherako titular bat gutxienez duten bizikidetza-unitateak, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Aipatutako 47 bis artikuluko 4. puntuan adierazitako ehunekoak errespetatu behar dituzte etxebizitza-kupoek sustapen bakoitzeko.

Hirugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, esaten du etxebizitzak 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera esleituko direla, hots, kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileek erregistroan duten antzinatasuna eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide kopuruagatik ematen den puntuazioa sustapeneko etxebizitzek duten logela kopuruaren arabera emango da. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Bosgarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan esaten da noiz gertatzen den gainokupazioa etxebizitza edo bizitoki batean (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).

Seigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten ditu babes publikoko etxebizitzen gehieneko prezioak eta errentak eta zuzkidura-bizitokien kanona.

Zazpigarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatu bat gehitzen dio, zeinak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten baitie.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Vitoria-Gasteizen araubide orokorreko babes ofizialeko 166 etxebizitzako sustapena errentamenduan esleitzeko prozedurari. Sustapen honen espedientea EB1-0384/20-LC-000 da.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da.

Hirugarrena.– Alde batetik, Etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 6 kideko baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.

Laugarrena.– 166 etxebizitzako esleipen-prozedura honetan parte hartu ahal izango dute agindu hau argitaratzen den egunean baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Vitoria-Gasteizen edo Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko udalerriren batean (Agurain, Añana, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Burgelu, Donemiliaga, Alegría-Dulantzi, Erriberagoitia, Erribera Beitia, Vitoria-Gasteiz, Gaubea, Harana, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kanpezu, Kuartango, Lagrán, Lantarón, Legutio, Otxandio, Urkabustaiz, Ubide, Peñacerrada-Urizaharra, Zalduondo, Zambrana, Zigoitia eta Zuia). Dena dela, mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek eskaera-udalerria edozein dela ere parte hartu ahal izango dute.

b) Agindu hau argitaratzen den egunean, titularretako batek behintzat etenik gabeko 2 urteko antzinatasuneko errolda izan behar du Vitoria-Gasteizen. Mugikortasun murriztua duten pertsonek zein genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute errolda-baldintza hau bete behar.

c) 2022. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 43.753,71 euro baino handiagoak. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dituzte gutxieneko diru-sarrerak egiaztatu beharko. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Eskakizuna egiaztatzeko, inskripzioko titular guztien diru-sarreren batura hartuko da aintzat.

d) Bizikidetza-unitateek ez dituzte izango 6 kide baino gehiago.

e) Bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ezin du izan ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera- edo gozamen-eskubiderik, Agindua argitaratzen den egunean. Dena dela, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, zeina Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi baitzuen.

Bosgarrena.– Esleitu beharreko 166 etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:

a) 7 etxebizitza, mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duten pertsonei egokituak.

Etxebizitza horiek esleitzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):

Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak esleituko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.

b) 159 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:

– 63 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 39,62) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez titular bat duten bizikidetza-unitateak barne.

– 16 etxebizitza esleituko zaizkie (sustapen honetan esleituko direnen % 10,06) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia eskuratzeko eta legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei.

– 38 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 23,90) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.

– 42 etxebizitza esleituko dira (sustapen honetan esleituko direnen % 26,42) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).

Seigarrena.– Egokitu gabeko etxebizitzak dagokien multzoko pertsonei edo bizikidetza-unitateei esleitu gabe geratuko balira kuporen batean, etxebizitza horiekin handituko litzateke kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Era berean, kupo orokorreko eskaeren artetik etxebizitzarik esleitu gabe geratuko balitz, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean esleituko dira soberako etxebizitza horiek.

Esleipen-prozedura bukatu ondoren, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko lirateke.

Era berean, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen dutenen artean etxebizitza egokituak esleitu gabe geratuko balira, zuzenean bigarren esleipenetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko lirateke.

Zazpigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, kolektibo bateko baino gehiagoko kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

Zortzigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2024ko otsailaren 2tik 22ra bitartean (biak barne) hauetako bide baten bitartez:

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.

– Aurrez aurre: Zuzenean zerbitzuan (aurrez hitzordua hartuta), Ramiro de Maeztu kalea 10, 01008 Vitoria-Gasteiz, Araba.

– Postaz: Bidali dokumentazioa Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara, Samaniego kalea 2, 1. solairua, 01008, Vitoria-Gasteiz, Araba. Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.

Bederatzigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, eskaerek barematze-irizpide hauen araberako puntuazioa jasoko dute:

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.097,01 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 10.097,01 eta 16.828,35 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 16.828,35 eta 28.047,25 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 28.047,25 eta 43.753,71 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: 1 puntu emango zaie bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bestalde, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: 1 puntu emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, espedienteei 4 puntu emango zaizkie, bizikidetza-unitatean egoera hori egiazta dezakeen kideren bat badago. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamargarrena.– Agindu honen argitaratze-data kontuan hartuta kalkulatuko da baremazioa. Berdinketarik badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenago sartu zena aukeratuko da.

Hamaikagarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez bi kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie. Bi logelako etxebizitzak, berriz, gehienez lau kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie. Hiru logelako etxebizitzak, azkenik, gehienez sei kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie.

Hamabigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berrian ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, irizpide hauei jarraituko zaie: Aginduaren 47 bis artikuluan zehaztutako kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamahirugarrena.– Esleipena amaitutakoan, zenbat kupo dauden, hainbat itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenentzat. Itxaron-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluaren idazketa berrian ezarritakoari jarraituko zaio etxebizitzak esleitzeko.

Hamalaugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamabosgarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 13a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala