Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2024ko urtarrilaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
515

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusten eta aldatzen baita Sálica Industria Alimentaria SA enpresari Bermeoko udal-mugartean arrain-kontserbak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua.

AURREKARIAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko apirilaren 18ko hasierako Ebazpenaren bidez (AAI00228), ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Sálica Industria Alimentaria SA sozietateak Bermeoko udal-mugartean (Bizkaia) sustatutako arrain-kontserbak fabrikatzeko instalazioari, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legearen esparruan.

2.– 2014ko ekainaren 16an, Sálica Industria Alimentaria SAk kogenerazio-jarduera bertan behera utzi zuela jakinarazi zuen, eta 3. fokuari eta hozte-purgen isurketari baja eman zitzaien.

3.– 2018ko apirilaren 17an, Sálica Industria Alimentaria SAk bere baimenean ez-funtsezko aldaketa bat egiteko eskatu zuen, honako xede honekin: lehengaiak hartzeko eremua estaltzea, deskargatzeko altuera aldakorreko kai bat eraikitzea eta baskula bat jartzea, gidariek itxaroteko gune bat eraikitzea eta mendebaldeko fatxadan sarrera bat gaitzea, ukitutako bi konpresoretarako hozte-hodiak gaitzea eta saneamendu-instalazioaren trazadura aldatzea, isurketa berririk egin gabe. Aldaketa ez zela funtsezkoa egiaztatu zuen organo honek, 2018ko apirilaren 26an.

4.– 2019ko abenduaren 4an, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko (EB) 2019/2031 Betearazpen Erabakia argitaratu zen (C/2019/7989), zeinaren bidez ezartzen baitziren elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

5.– 2020ko ekainaren 29an, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketa bat egiteko asmoa zuela jakinarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta aldaketa hori funtsezkoa ez zela ere bai. Horretarako, AAI00228_MNS_2020_001 dokumentazioa erantsi zuen, aldaketa hori funtsezkoa ez zela justifikatzeko.

6.– Organo honi jakinarazitako aldaketa honako hau zen: dagoeneko erabiltzen ez ziren hidrokarburoak gordetzeko bi biltegi ateratzea.

7.– 2023ko otsailaren 14an, ingurumen-organoak, baimena berrikuste aldera, honako hauek igortzeko eskatu zion Sálica Industria Alimentaria SAri: instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko beste dokumentu batzuk.

8.– 2023ko otsailaren 28an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatutako dokumentazioa aurkeztu zuen Sálica Industria Alimentaria SAk.

9.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2023ko martxoaren 31n kaleratutako iragarkiaren bidez, Sálica Industria Alimentaria SAren ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta, horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2023ko apirilaren 5ean.

10.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, alegaziorik ez zela aurkeztu egiaztatu zen.

11.– 2023ko maiatzaren 15ean, instalazioaren titularrak instalazio baimenduan aldaketa bat egiteko asmoa jakinarazi zion Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoari, eta aldaketa hori funtsezkoa ez zela ere bai. Horretarako, AAI00228_MNS_2023_001 dokumentazioa erantsi zuen, aldaketa hori funtsezkoa ez zela justifikatzeko.

12.– Organo honi jakinarazitako aldaketaren xedea honako hau zen: IBBaren berrikuspen orokorra egitea, errealitatea islatzeko; airerako emisioak egiten zituen foku bat kentzea, kutsatzaileen isurketen eguneratzea eta hondakinen eguneratzea.

13.– Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena egiteko eskatu zien Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Bermeoko Udalari eta, 2023ko maiatzaren 22an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari.

14.– 2023ko ekainaren 2an eta 15ean, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak txosten bana egin zuten, eta espedientean jaso da horien emaitza.

15.– 2023ko azaroaren 9an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Sálica Industria Alimentaria SAren esku utzi zen espedientea.

16.– 2023ko azaroaren 23an, Sálica Industria Alimentaria SAk idazki bat igorri zuen, alegazioak aurkeztuz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

2.– Abenduaren 16ko 1/2016 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, instalazioa aldatzeari buruzkoan, honako hau xedatzen da:

«1.– Ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioen aldaketak funtsezkoak edo ez-funtsezkoak izan daitezke.

2.– Instalazio baten aldaketa ez-funtsezkoa egin nahi duen titularrak ingurumen-baimen integratua emateko organo eskudunari hala jakinarazi beharko dio; titularrak behar bezala arrazoitu beharko du zergatik uste duen aldaketa ez dela funtsezkoa. Jakinarazpen horrekin batera, adierazitako arrazoiak justifikatzen dituzten dokumentuak aurkeztu beharko dira».

3.– Ingurumen-baimen integratua eman behar duen organo eskudunak ez badu kontrakorik esaten hilabeteko epean, titularrak aldaketa gauzatu ahalko du. Instalazioaren aldaketa ez-funtsezkoaren ondorioz ingurumen-baimen integratua aldatu egin behar bada, kasuan kasuko autonomia-erkidegoak bere aldizkari ofizialean argitaratu beharko du.

4.– 10. artikuluko 4. apartatuak berak urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluan jasotako erregelamendu-garapena aipatzen du (815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioei buruzko Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena), aldaketa bat funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den justifikatzeko kontuan hartu beharreko irizpideak zehazteko.

5.– Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuko Zerbitzuari atxikitako zerbitzu teknikoek instalazioaren titularrak bidalitako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, eta aipatutako arau-irizpideak kontuan hartuta, jakinarazitako aldaketa-proiektuak ez-funtsezkotzat jo ziren.

6.– Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat handitu edo aldatzen bada, handitu edo aldatu nahi den jarduerak edo instalazioak okupatutako lurzatiaren mugen barruan, ez da beharrezkoa izango lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hastea; hala ere, hondeaketak egingo badira, hondeatutako materialak behar bezala kudeatu direla egiaztatu beharko da.

7.– Proiektua gauzatzeko beste lizentzia, baimen, erantzukizunpeko adierazpen eta/edo komunikazio batzuk behar badira, instalazioa dagoen udalerriko udalak eta/edo dagozkien gaietan eskumena duten beste administrazio publiko batzuek emandakoak, Sálica Industria Alimentaria SAk agiri horiek eduki beharko ditu.

8.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEOen erreferentziazko agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

9.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinean ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak–.

10.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

11.– Ingurumen-baimen integratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.– Ebazpen honetan, teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak hartu dira kontuan instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta bestelako ustiapen-baldintzak zehazteko, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko helburuarekin. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: Elikagaien, edarien eta esnearen industrietako TEOak («Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Food, Drink and Milk Industries»), 2019.

13.– Instalazioko isuri atmosferikoei eta zarataren sorrerari dagokienez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela bere helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

14.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: jarduerak eta horien ustiapen modalitateak garatzeko faserik eraginkorrena eta aurreratuena, zeinak erakusten baitu zenbait teknikak badutela emisioen muga-balioen eta baimeneko beste baldintza batzuen oinarri izateko ahalmen praktikoa, emisioak eta ingurumenaren eta pertsonen osasunaren gaineko inpaktua saiheste aldera edo, besterik ezin bada, murrizte aldera.

15.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

16.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako legeria eta gai honetan aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 16-I-01-000000000228 erregistro-kodea esleitzea Sálica Industria Alimentaria SAk Bermeoko (Bizkaia) Landabaso industrialdea z.g. helbidean (48370) ustiatzen duen instalazioari. Instalazioaren kokapena honako hau da: UTM X: 521249.945, Y: 4807687.649.

Bigarrena.– Ingurumen-baimen integratua aldatzea eskatzen duten instalazioaren aldaketa ez-funtsezkotzat hartzea Sálica Industria Alimentaria SAk Bermeon (Bizkaia) arrain-kontserbak fabrikatzeko jarduerarekin lotuta jakinarazitako aldaketa-proiektuak.

Hirugarrena.– Berrikustea Sálica Industria Alimentaria SAri Bermeon arrain-kontserbak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, 2012ko apirilaren 18ko Ebazpenaren bidez emana, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko (EB) 2019/2031 Betearazpen Erabakian jasotako baldintzetan.

Laugarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako eran, aipatzen ari garen ingurumen-baimen integratuaren apartatu hauek aldatzea:

– Lehenengoa.

– Bigarrena.

– Bosgarrena.

– Zortzigarrena.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Sálica Industria Alimentaria SAri, Bermeoko Udalari, Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea.

Errekurtsoak:

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala