23. zk., 2024ko urtarrilaren 31, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (323 KB - 36 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
509
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 22koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Haur Hezkuntzako ebaluazioa eta Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazioa, mailaz igarotzea eta titulazioa, hala badagokio.
Maiatzaren 30eko 75/2023 Dekretuak Haur Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du, maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du, eta maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuak Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du. Denek etapa horiek antolatzeko arau orokorrak biltzen dituzte, bai eta ebaluazioari, mailaz igarotzeari eta titulua eskuratzeari buruzkoak ere. Arau horiek osatu eta zehaztu beharra dago.
Aurreko paragrafoan aipatutako dekretuetan, curriculuma garatzeko funtsezko tresnatzat aurkezten da ebaluazioa. Ikaskuntzaren zati bat da, ikaskuntza berrien eragile da, ikaskuntza da. Ebaluazioa ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan txertatzen da. Horrek esan nahi du irakaskuntza-ikaskuntza prozesua dinamizatzen eta bideratzen duen prozesutzat hartzen dela; alegia, hezkuntza-prozesua etengabe hobetzea du helburu.
Gainera, agindu honek azpimarra jartzen dio ebaluazioaren alderdi pedagogikoari. Taxutu eta planifikatu behar den prozesua da ebaluazioa. Ikasleen aurrerapenak identifikatzea eta zailtasunak ere detektatzea izan behar du xede nagusiak. Hala, bada, irakasleei aukera ematen die estrategiak, baliabideak eta jarduerak erregulatzen joateko, emaitzarik onenak lortze aldera. Ebaluazioak bere balio osoa hartzen du autoebaluazio bihurtzen denean, ikasleak lortzen duenean bere ikaskuntza eta bere jarduna testuinguru jakin batzuetan aztertzea. Horrela bakarrik aktibatu ahal izango ditu bere ikaskuntza hobetzeko behar dituen estrategiak.
Agindu honek gai hauen ingurukoak ere arautzen ditu: ebaluazioaren printzipio orokorrak, ebaluazio objektiboaren bermeak, norbanakoen arteko desberdintasunei erantzutea eskola inklusiboaren esparruan, ebaluazio-saioak, mailaz igarotzea, titulua lortzea, ebaluazio-dokumentu ofizialak eta ebaluazio diagnostikoa, besteak beste. Horiek guztiek zerikusia dute Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetan ikasleak ebaluatzearekin.
Indarrean dagoen araudiak irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren ikuspegi konpetentziala nabarmentzen du, eta garrantzi berezia ematen dio irakasle taldearen jardun kolegiatuari ulertuta irakasle taldea ikasleen irakasleak bezala. Izan ere, irakasleek elkarrekin koordinaturik lan egin behar dute hezkuntza-estrategiak aztertu eta egokienak hautatzeko, ikasle guztiek lortuko badituzte etapa bakoitzerako aurreikusitako funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak. Era berean, irakasle taldeak bere gain hartzen du mailaz igarotzeari eta titulazioari buruz erabakitzeko ardura. Beste alde batetik, agindu honek ezartzen du parte hartu behar dutela ikasleek eta ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreek, eta sendotu egiten ditu haien arteko lankidetza eta informaziorako eskubidea, umeak eskolatzen direnetik hasita maila guztietan, horrela emaitzarik onenak lortzeko. Zehazten du zer baldintzatan jarriko zaizkien irispidean ikasleei eta, hala behar denean, guraso edo legezko tutoreei programazioa eta ikasleen errendimenduaren ebaluazioan eragina duten probak eta ariketak. Horrela bermatzen da ebaluazio-prozesu oro objektiboa izatea, batetik, eta guztiek ezagutzea ebaluazioan erabiltzen diren irizpideak, bestetik. Kalifikazioen kontrako erreklamazioen sistema zehazten da agindu honetan, ebaluazio objektiboaren bermerik sendoenak eskaintzeko.
Ikastetxeek autonomia pedagogikoa eta kudeaketa-autonomia izateak, bestalde, ikastetxeak ebaluatzeko mekanismoak ezarri beharra dakar. Horregatik, ikasleen ikaskuntza-prozesuez gainera, ebaluazioak irakaskuntza-prozesuari eta irakasle-jardunari berari ere heldu behar die. Helburua da ebaluazio-prozesuaren eta irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren arteko koherentzia bermatzea eta, horrez gain, prozesu hori gauzatzeko behar diren tresnak ezartzea.
Agindu honen xedapen-zatiak 60 artikulu ditu, zazpi kapitulutan banatuta. Lehenengo hiru kapituluetan hezkuntza-etapa guztiei aplikatu beharreko alderdi orokorrak garatzen dira, hala nola xedapen orokorrak lehenengo kapituluan, ebaluazioaren esparru pedagogikoa bigarrenean, edo ebaluazio-prozesua hirugarrenean. Hurrengo kapituluetan banan-banan jorratzen dira ebaluazioari buruzko agindu honen xede diren etapak. Hala, laugarren kapituluak Haur Hezkuntzako ebaluazioaren berezitasunak arautzen ditu, bosgarren kapituluak Oinarrizko Hezkuntzakoak eta seigarren kapituluak Batxilergokoak. Zazpigarren kapituluak Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetako ebaluazio-dokumentuak ezartzen ditu. Gainera, aginduak baditu xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken bi xedapen.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan erregulazio onaren printzipioak ezartzen dira: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Eta agindu honek printzipio horiek betetzen ditu.
Beraz, agindu honek Euskal Autonomia Erkidegorako garatzen ditu ebaluazio-arauak Haur Hezkuntzan, Oinarrizko Hezkuntzan, zeinak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza biltzen baititu, eta Batxilergoan. Ebaluazio-prozesuaren koherentzia bermatzen du eta prozesu horretarako behar diren dokumentuak eta txostenak ezartzen ditu.
Horrenbestez,
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren antolamendu-arau orokorrak garatzea ebaluazioari dagokionez, eta mailaz igarotzeari eta titulazioari, hala badagokio. Arau orokor horiek honako dekretu hauetan daude: 75/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Haur Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa; 77/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa; eta 76/2023 Dekretua, maiatzaren 30ekoa, Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikatzekoa izango da aipatutako etapetako ikasketak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan.
3. artikulua.– Ebaluazioaren helburua.
1.– Ebaluazioak helburu hauek ditu: ikaskuntza-prozesua erregulatzea; ikasleen zailtasunak eta aurrerapenak detektatzea, hezkuntza-ekintza ikasleen beharrizanetara egokitzeko; eta egiaztatzea zenbateraino eskuratu dituzten ikasleek arlo, ikasgai eta esparruetako funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-erritmo eta -gaitasunen arabera.
2.– Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuak hobetzeko tresna gisa erabili beharko da ebaluazioa. Ebaluazioa dela medio, irakasleek eta ikasleek ikaskuntza-prozesua ezagutu dezakete, eta hezkuntza-prozesuan zehar gertatzen diren aurrerapenak eta zailtasunak identifikatu. Beraz, ebaluazioa irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuaren barruan planifikatu behar da eta hura arautzeko erabaki egokiak hartu behar dira.
3.– Irakasle taldeak inplementatutako ikaskuntza eredu konpetentzialari jarraituz egin behar da ebaluazioa. Eredu konpetentzial horretan ikasle guztientzako orientabidea eta hezkuntza-arreta tresna nagusiak dira ikaskuntzarako akonpainamendua eta hezkuntzaren jarraitutasuna sustatzeko Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetan.
4.– Agindu honetan hizpide diren ikasketak goian aipatutako dekretuek arautzen dituzte. Beraz, ikastetxe guztiek ikastetxeko hezkuntza-proiektuko curriculum-zehaztapenean sartu behar dituzte dekretu horien erreferentzia-esparruan ezarritako irizpide orokorrak, ikasleen ebaluazioari eta mailaz igarotzeari, etaparen egiaztapenari eta ebaluazioaren diseinuari dagokienez.
4. artikulua.– Ebaluazioaren erreferenteak.
1.– Ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozesua, funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen eskuratzearen ebaluazioa eta ebaluazio-irizpideen aplikazioa, horiek denak bat etorriko dira agindu honek hizpide dituen ikasketak arautzen dituzten dekretuen IV. kapituluan xedatutakoarekin.
2.– Etapa bakoitzeko irteera-profila da azken erreferentea Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazioan, bai eta, horrenbestez, mailaz igarotzeari eta titulua lortzeari buruzko erabakiak hartzean ere.
3.– Funtsezko konpetentzia guztiak ebaluatuko dira etapetako arlo, ikasgai edo esparru guztietan.
4.– Ebaluazioaren funtsezko erreferenteak izango dira arloen, jakintzagaien eta eremuen ebaluaziorako irizpideak, curriculumean ezarrita daudenak etapa, ziklo edo maila bakoitzerako, eta ikastetxeko Hezkuntza-Proiektuko curriculum-zehaztapenean eta programazio didaktikoetan zehaztuta daudenak.
5.– Berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleak beren jarduketa-plan pertsonalizatuetan ezarritako ebaluazio-irizpideen arabera ebaluatu eta kalifikatuko dira. Plan horiek ikasgelako programaziotik abiatuta egingo dira.
6.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, curriculumaren egokitzapenetan jasotako irizpideak izango dira ebaluaziorako erreferenteak, eta horrek ez die ikasle horiei eragotziko hurrengo ziklora edo etapara igarotzea.
5. artikulua.– Ebaluazioaren objektibotasuna.
1.– Ikasleek eskubidea dute ebaluazio objektiboa egin diezaieten eta haien dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez balioetsi eta aitor daitezen. Eskubide hori bermatzeko, ikastetxeek ikasturtearen hasieran aditzera eman behar dituzte ebaluaziorako prozedurak eta tresnak eta ebaluaziorako eta hala badagokio, kalifikaziorako irizpideak, programazio didaktikoetan ezarritakoak, bai eta mailaz igarotzeko eta tituluak lortzeko irizpideak ere, dagokionean, ikastetxeko Hezkuntza Proiektuko curriculum-zehaztapenean ezarritakoak.
2.– Sustatuko da zabal erabiltzea askotariko ebaluazio-tresnak, ebaluazio-irizpideetan ezarritakoarekin koherenteak eta ikaskuntza-egoera guztietara egokituak, ikasle guztien balorazio objektiboari bide emateko.
3.– Ikasleek, eta ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreek, errendimenduaren ebaluazioan eragiten duten ebidentzia dokumentalak eskuratu ahal izango dituzte, bai eta azken ebaluazioan eragingo duten probak eta ariketak ere, behin zuzenduta daudenean; horien kopia jasotzeko eskubidea izango dute, hala eskatzen badute. Zuzentzea ezin da izan kalifikazio kualitatibo edo kuantitatiboa jartzea bakarrik; aitzitik, ikasleak hobetu behar dituen alderdiak adierazi ere egin behar dira, edo kalifikazioa arrazoitu.
Ikasturtearen edozein unetan izango dira irispidean ebaluazio-prozesuaren ebidentzia dokumentalak. Ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-araudian jasoko da irispidea errazteko prozedura.
4.– Ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte ebaluazio-prozesuaren ebidentzia dokumentalak zentroan gordetzeko, ikasturtea amaitu arte. Bai idatzizko proben bidez egindakoak bai bestelako formatuetan egindakoak gordeko dira. Proba guztietan idatziz azaldu beharko dira ikasleen ikaskuntzei buruzko ebidentziak. Erreklamazioetarako epea amaituta, ebidentzia horiek suntsitu ahal izango dira edo ikasleei entregatu, betiere aurkeztu den erreklamazioren bat ebazteko kontuan hartu beharko ez badira.
5.– Kalifikazioaren kontrako erreklamazioren bat egiten denean, ikasle erreklamatzaileen ariketa eta lan zuzenduak eta haien taldeko gainerako ikasleenak gordeko dira. Erreklamazio bat ebazteko kontuan izan beharreko ebidentzia dokumentalak gorde egin beharko dira haien inguruan administrazio-ebazpen bat edo akzio judizial bat egitea posible den bitartean; horrelakoetan, irmoki ebatzi arte gordeko dira.
6. artikulua.– Berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen ebaluazioa.
1.– Hezkuntza-premiak goiz atzematea oinarrizko jarduketa-printzipio bat da haurrak eskolatzen diren unetik. Irakasle eta hezkuntza-langile guztiek aktiboki parte hartu behar dute inklusiorako oztopoak goiz atzematen. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak eta protokoloak aginduzkoak izango dira, eta funts publikoekin babestutako ikastetxe guztietan aplikatu beharko dira.
2.– Ikastetxeek neurri egokienak hartuko dituzte ebaluazioarekin lotutako prozesuak gauzatzeko baldintzak berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen inguruabarretara egokitu daitezen, indarra duen araudiari jarraituz. Ebaluaziorako erabili beharreko tresnak ikasleen ikaskuntza-egoera desberdinetara moldatuko dira.
3.– Hezkuntza-inklusioa bermatzeko hartzen diren antolaketa-, metodologia- eta curriculum-neurriak Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei jarraitu behar diete, ikasle guztiek hezkuntza-arrakasta lor dezaten.
4.– Ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko hartzen diren neurri guztiak ikastetxeko hezkuntza-proiektuko curriculum-zehaztapenean jasoko dira. Xede izango dute ikasle guztiei aukera ematea konpetentziak irteera-profilean aurreikusita dagoen adina garatzeko eta etapa bakoitzeko helburuak lortzeko.
7. artikulua.– Jarduketa-plan pertsonalizatua duten ikasleen ebaluazioa.
1.– Irakasle taldearen ardura da jarduketa-plan pertsonalizatua prestatzea, aplikatzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea, irakasle tutoreak gidatuta eta ikastetxeko irakasle aholkularien edo orientatzaileen aholkularitzarekin.
2.– Plan horrek zehaztuko ditu ikasturtea ebaluatzeko eta mailaz igotzeko irizpideak, ikaskuntza-helburuen eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikasturteari curriculum-erreferentzia eginez ezarri diren konpetentzien arabera.
Irizpide horiek irakasle talde osoak adostu behar ditu, eta aditzera eman behar zaizkie ikasleei eta ikasle adingabeen guraso edo legezko tutoreei. Norbanako curriculum-egokitzapena (NCE) edo Laguntza Intentsiboko Programa (LIP) duten ikasleen kasuan, haietan ezarritakoak izango dira ebaluazio-irizpideak.
3.– Salbuespen gisa, Jarduera Plan Pertsonalizatuak (JPP) arlo, jakintzagai edo eremu batzuk aldi baterako ez kalifikatzea ekar dezake, baldin eta hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa baten barnean ikasleak ez badu izan, agindu honen 30.7 artikuluan jasotzen denaren arabera, arlo, jakintzagai edo eremu horren ikasketarik. Hala denean, plan horretan neurri berezi horren iraupena zehaztu beharko da, eta erabaki hori justifikatu.
4.– Ikaslearen bilakaera ikusita, jarduketa-plan pertsonalizatua noiznahi amaitu daiteke, hasieran ezarritako epea bete aurretik, ikaslearen tutoreak hala proposatu eta plana gauzatzen ari den irakasle taldeak onartuz gero. Zuzendariaren oniritzia beharko da JPPa amaitzeko.
5.– Jarduketa-plan pertsonalizatua eta, behar denean, haren amaiera ikaslearen espediente pertsonalean jaso behar dira honako kasu hauetan: hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programak, edo curriculum-egokitzapen garrantzitsuak.
II. KAPITULUA
ESPARRU PEDAGOGIKOA
8. artikulua.– Programazio didaktikoak.
1.– Programazio didaktikoa curriculum-plangintzarako berariazko tresna da, eta beraren beharra dago ikasleen irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesua elkarrekin koordinatuta garatu ahal izan dezaten kasuan kasuko saila, talde didaktikoa edo koordinazio didaktikorako organoa osatzen duten irakasle guztiek.
2.– Programazio didaktikoa curriculuma garatzeko tresna pedagogikoa ere bada, eta testuinguruari, ikasleen ezaugarriei eta irakaslearen irakasteko erari egokitzeko bezain malgua da. Ebaluazioa haren funtsezko alderdietako bat da.
3.– Maila berean irakasten diharduten irakasleek ikasgelako beren programazio didaktikoak koordinatuko dituzte, elkarrekin koherenteak izan daitezen eta maila horretako arlo, ikasgai edo esparru berean dabiltzan ikasleen arteko aukera-berdintasuna eta koordinazioa bermatuta egon daitezen.
4.– Ikasturte bakoitzaren hasieran, berariaz gaitutako koordinazio didaktikorako organoek programazioak prestatu eta maila eta talde bakoitzerako egokituko dituzte. Irakasle taldearen ardura da programazioak koordinatzea. Programazioak estrategikoak dira esku-hartze pedagogiko orotan, eta lanbide-komunikaziorako tresnak dira.
5.– Arlo, ikasgai edo esparru bakoitzeko programazio didaktikoa prestatu eta onartuko dituzte bertan irakaskuntza-eskumena duten sail didaktikoek, talde didaktikoak edo koordinazio didaktikorako organoak. Programazio didaktikoetan jasotako erabakiak lotesleak izango dira kasuan kasuko saileko irakasle guztientzat.
6.– Zuzendaritza-taldea arduratuko da, irakasle taldeekin batera, arlo, ikasgai eta esparru guztietako programazio didaktikoak ikasleek funtsezko konpetentziak eskuratzera bideratu daitezen. Hala, programazioetan jasotako jarduerek aintzat hartuko dituzte ikasteko, elkarrekin komunikatzeko, elkarrekintzan aritzeko eta ikaskuntzari lotzeko modu guztiak, eta ikasleek konpetentzia espezifikoak eskuratzea xede izango duten jarduketak bilduko dituzte. Ebaluaziorako irizpideak eta tresnak eta konpetentzia-mailak hobetzeko jarduerak ere bilduko dituzte. Ikaskuntzaren autorregulazioa errazteko, dibertsifikatu egingo dira ebaluaziorako tresnak eta jarduerak. Hala, autoebaluazio- eta koebaluazio-mekanismoak gehituko zaizkio irakasleen ebaluazioari.
7.– Ikasturte bakoitzeko programazio didaktikoek –arlo, jakintzagai edo eremuei buruzkoek– honako osagai hauek izan ditzakete:
a) Etapako irteera profilari lotutako funtsezko konpetentziak.
b) Arlo, jakintzagai edo eremuen konpetentzia espezifikoak.
c) Konpetentzia espezifikoei lotutako ebaluazio-irizpideak.
d) Arlo, jakintzagai edo eremuei lotutako oinarrizko jakintzak.
e) Estrategia didaktikoak eta metodologikoak: printzipioak, antolaketa, baliabideak, multzokatzeak, irakaskuntza-ikuspegiak, ikaskuntza-egoerak lantzeko irizpideak, eta beharrezkotzat jotzen diren beste elementu batzuk, esaterako, sail, talde didaktiko edo koordinazio didaktikorako organo bakoitzak programatutako jarduera osagarriak; zehaztuko da nola eragiten duten curriculumean eta ikasleen ebaluazioan.
f) Ikasleen aniztasunari erantzuteko, errefortzurako edo hedapenerako jarduera orokorrak.
g) Ebaluazioa: ebaluazioaren faseak; ebaluazio motak; ebaluatzeko prozedurak eta tresnak, arreta berezia jarriz ebaluazioaren izaera hezitzaileari eta ebaluazio-irizpideekin duen loturari; kalifikazio-irizpideak eta ebaluazioaren ondorioak.
h) Programazio didaktikoak eta irakasle-jarduna berrikusteko, ebaluatzeko eta aldatzeko mekanismoak, emaitza akademikoekin eta hobetzeko prozesuekin lotuta.
9. artikulua.– Koordinazio didaktikorako organoak.
1.– Ikastetxe bakoitzak bere autonomiaren esparruan ezarriko ditu koordinazio didaktikorako organoak. Arlo, ikasgai edo esparruetako irakasleek osatuko dituzte, eta organo kolegiatu moduan jardungo dute, bakoitzak bere koordinatzailearen edo saileko buruaren gidaritzapean. Curriculum-proposamenaren koherentzia pedagogikoa zainduko dute etapa bakoitzean zehar eta etapen arteko trantsizioetan, ikastetxeko hezkuntza-proiektuko curriculum-zehaztapenean ezarritako irizpideei jarraituz.
2.– Koordinazio pedagogikoaren barnean, baldin eta arloak edo ikasgaiak esparruka antolatzen badira, koordinazio didaktikorako organoek adostuko dute, etapako maila bakoitzerako, nola integratuko diren esparruetako arlo edo ikasgaietako konpetentzia espezifikoak, eta ebaluaziorako zer irizpide edo tresna erabiliko diren konpetentzia horien eskuratze-maila ebaluatzeko.
10. artikulua.– Irakasle-taldearen eskuhartzea ebaluazioan.
1.– Zuzendaritza-taldeak irakasleen talde-lana sustatuko du eta koordinaziorako bilerak ezarriko ditu ikasturtean zehar. Ildo horretan, berariazko ordutegiak aurreikusiko dira irakasle taldeen koordinazio-bileretarako.
2.– Irakasle-taldeak, taldeko tutorearen koordinaziopean, parte hartuko du ikasleen ikaskuntza-prozesua koordinatzeko eta konpetentzien garapenean nola eboluzionatzen duten aztertzeko bileretan, ikasle bakoitza ondoen bideratuko duten erabakiak hartzeko.
11. artikulua.– Ebaluazioa tutoretzan eta orientazioan.
1.– Ikasleen tutoretza-prozesua ebaluazio hezigarriaren parte da. Ikasleari ulertarazten dio zer-nolako ikaskuntzak garatzen ari den eta zeinetan sakondu behar lukeen gehiago. Hezkuntzarako tutoretzak jarraipen indibiduala konbinatzen du irakasle guztien jarraipen pertsonalizatuarekin eta taldeko jarraipenarekin, ikasleen gizarte-kohesioan laguntzen duten proposamen pedagogikoak aplikatuz.
2.– Ikasle bakoitzak irakasle tutore bat izango du. Tutore horren egitekoak izango dira banakako arreta eta jarraipena, orientazio akademiko eta profesionala, eta ikaslearen, irakasleen eta guraso edo legezko tutoreen arteko bitartekotza.
3.– Ebaluazioarekin lotutako banakako tutoretzak eta talde-tutoretzak ikasturtean zehar planifikatu beharko dira. Saio horietan gogoeta egiten da ikasle bakoitzaren indarguneak atzemateko eta zailtasunak gaindituko badira zer konpromiso hartu behar den zehazteko.
4.– Ikastetxeek ikasleei eta guraso edo legezko tutoreei arreta bereziz emango diete orientazioa hezkuntza-aukeren artean hautatu behar den uneetan, eta irakasle taldearen iritzia helaraziko diete.
5.– Tutoreari dagokio agindu honetan beraren eskumenean jarritako dokumentazio akademikoa formalizatu eta betetzea eta irakasle taldea koordinatzea ikasleen kudeaketa pedagogikoari dagokionez.
12. artikulua.– Ikasleek beren ikaskuntza-prozesuan parte hartzea.
1.– Ikasleek aktiboki parte hartu behar dute beren ikaskuntza-prozesuan, konpetentziak eskuratzea helburu duen horretan. Beraz, ezagutu behar dituzte ebaluaziorako irizpideak eta tresnak, eta beren aurrerabidean eta emaitzen hobekuntzan aktiboki parte hartu ahal izateko konpetentzia espezifikoak eskuratu behar dituzte.
2.– Irakasle taldeko irakasle guztiek ikasleari lagun egingo diote ikaskuntza-prozesuan, parte hartzea errazteko. Tutoreak ere ikasleari parte harrarazi behar dio bere hezkuntza-aurrerapenen balorazioetan, banakako tutoretza-saioen bitartez. Horrela, ebaluazioak ikaskuntza-prozesu positiboa eragingo du, eta ikasleak hobetu egingo ditu bere aukera akademikoak.
13. artikulua.– Gurasoek edo legezko tutoreek parte hartzea.
1.– Gurasoek edo legezko tutoreek seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuaren bilakaeran parte hartu eta lagundu behar dute, haien ebaluazioari eta mailaz igarotzeari buruzko erabakiak ezagutu behar dituzte eta haurren hezkuntza-aurrerapena errazteko hartzen diren neurrietan lagundu.
2.– Taldeko tutoreak lankidetzazko harremana izango du bere ikasleen guraso edo legezko tutoreekin, aldian behingo komunikazioa barne, idatzizko txostenak, banakako elkarrizketak eta talde-bilerak direla medio.
3.– Ikastetxeek ziurtatu beharko dute gurasoek edo legezko tutoreek parte hartzen dutela seme-alaben eskolatzeari eta hezkuntza-prozesuei eragiten dieten erabakietan. Gurasoei edo legezko tutoreei aholkularitza emango diete parte-hartzea eta ikaskuntza zailtzen edo eragozten dituzten oztopoak identifikatzeko eta behar diren neurri eta laguntzei buruzko erabakiak hartzeko. Halaber, haien arteko lankidetza bultzatuko dute horretarako.
4.– Ikastetxearen proiektuetan, guraso edo legezko tutoreen, irakasleen eta ikasleen arteko hezkuntza-konpromisoak sustatuko dira. Konpromiso horietan, hezkuntza-etapa bakoitzeko curriculumean ezarritako konpetentziak ahalik eta ondoena eskuratzeko jarduerak jasoko dira.
5.– Erantzunkidetasun-printzipioari jarraituz, guraso edo legezko tutoreek eta ikasleak berak Jarduera Plan Pertsonalizatuaren jarraipenean parte hartuko dute, betiere ikaslearen adina kontuan hartuta egokiena den moduan.
6.– Benetako parte-hartzea eta ikastetxearen eta guraso edo legezko tutoreen arteko hezkuntza-lankidetza sustatzeko, haientzako prestakuntza-ekintzak antolatu ahal izango dituzte ikastetxeek eta guraso elkarteek. Ekintza horietan guztietan ikuspegi inklusiboa txertatuko da bizikidetza positiboaren esparruan.
14. artikulua.– Gurasoek edo legezko tutoreek informaziorako eskubidea izatea.
1.– Ikasleen eskubidea da haien dedikazioa, ahalegina eta eskola-errendimendua objektibotasunez ebaluatzea eta aitortzea. Eskubide hori bermatzearren, ikasturtearen hasieran irakasleek informazioa emango diete ikasleei, bai eta guraso edo legezko tutoreei ere, ikasle adingabeen kasuan, arlo, jakintzagai eta eremu guztietako –aurreko mailetan gainditu gabeko arlo, jakintzagai eta eremuak barne– funtsezko konpetentziei, konpetentzia espezifikoei, oinarrizko jakintzei eta ebaluatzeko eta kalifikatzeko metodologiari eta irizpideei buruz, bai eta kalifikazio positiboa lortzeko eskatzen diren gutxieneko betekizunei buruz ere.
2.– Ikasturtean hiru aldiz, gutxienez, tutoreak idatziz informazioa emango dio ikasleari, bai eta gurasoei edo legezko tutoreei ere, ikasle adingabeen kasuan, ikaslearen errendimenduaz eta haren hezkuntza-prozesuaren bilakaeraz.
Ikastetxe bakoitzak bere antolaketa- eta funtzionamendu-araudian ezarriko du zer maiztasunez eta nola antolatuko diren guraso edo legezko tutoreekiko banakako elkarrizketak eta talde-bilerak, ikasle adingabeen kasuan. Gutxienez, banakako elkarrizketa bat egin behar da ikasturtearen hasieran eta beste bat bukaeran, eta talde-bilera bat ikasturtearen hasieran. Hala ere, beharrezko eta egokitzat jotzen den guztietan egin ahal izango dira bilerak eta elkarrizketak.
3.– Ikasturtearen amaieran, azken ebaluazioaren emaitzak idatziz jakinaraziko zaizkie ikasleei eta, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreei. Informazio horrek agindu honen VII. kapituluan txosten mota bakoitzerako xedatutakoa bilduko du.
4.– Ikasleek eta, ikasle adingabeen kasuan, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izango dute ebaluazioari eta mailaz igarotzeari buruzko erabakiak ezagutzeko eta agindu honetan adierazitako ebaluazio-dokumentuak irispidean izateko. Hala ere, kontuan hartuko dira Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta datu pertsonalak babesteari buruz aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako bermeak.
5.– Adin nagusiko ikasleen kasuan, guraso eta legezko tutoreek ere artikulu honetan adierazitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte, beren interes legitimoa justifikatuz gero, bereziki, mendekotasun ekonomikoa eta ikasleen legezko ordezkariek ikasketak ordaintzea.
15. artikulua.– Irakasle-jarduna ebaluatzea.
1.– Irakasleek, ikasleen ikaskuntzak ez ezik, irakaskuntza-prozesua eta beren irakasle-jarduna bera ere ebaluatuko dituzte, etapako hezkuntza-helburuak eta arlo, jakintzagai edo eremuetako funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak zenbateraino lortu diren erreparatuta. Ebaluazio horretan alderdi hauek jasoko dira, gutxienez:
a) Ikasleek lortutako ikaskuntzak eta emaitzak.
b) Irakaskuntza indibidualizatzeko neurriak; bereziki, aniztasunari erantzuteko erabilitako neurriak.
c) Programazioa eta haren garapena; bereziki, irakaskuntza-estrategiak, ikasleak ebaluatzeko prozedurak, ikasgelaren antolaketa eta ikastetxearen baliabideen aprobetxamendua.
d) Konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak nola egokitu diren berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleen ezaugarrietara eta beharrizanetara.
e) Ikasleekiko harremanak eta bizikidetza-giroa.
f) Irakasle taldearen koordinazioa sail didaktikoarekin, zikloarekin, mailarekin edo ikastetxean ezarritako beste batzuekin.
g) Tutorearekiko harremanak eta, behar denean, ikaslearen guraso edo legezko tutoreekikoak.
2.– Ikastetxe bakoitzak planifikatuko du nola egin irakasle-jardunaren jarraipena ikasturtean zehar. Jarraipen hori ebaluazio-saio bakoitzaren amaieran egingo da, gutxienez. Orduan irakasle taldeak balorazio orokorra egingo du ikaskuntza-prozesuaren garapenari eta programazioak eta irakaskuntza-jarduerak ikasleen beharrizanetarako egokiak izateari buruz.
3.– Azken ebaluazio-saioko analisia eta datuak kasuan kasuko mailaren, zikloaren edo sail didaktikoaren memorian jasoko dira. Informazio hori kontuan hartuko da hurrengo ikasturteko programazio didaktikoa egiteko.
16. artikulua.– Etapen, zikloen eta mailen arteko trantsizioa.
1.– Etapen arteko trantsizioan, ikaslea ikastetxez aldatu zein ez, ikastetxeei dagokie:
a) Etapen arteko edo ikastetxeen arteko koordinaziorako mekanismoak ezartzea hezkuntza-proiektuei eta metodologiei dagokienez, etapaz aldatzen ari diren ikasleen hezkuntza-prozesuari koherentzia emateko.
b) Tutoreak ikaslearen historia akademikoa eta etaparen amaierako banakako txostena aztertzea eta informazio garrantzitsua irakasle taldeari ematea, ikaslearen etapa arteko trantsizio egokia bermatzeko. Informazio hori hasierako ebaluazio-saioan emango zaio irakasle taldeari.
c) Arlo, ikasgai edo esparruren bat gainditu gabe daukatela hurrengo etapako ikasketei ekingo dieten ikasleentzat errefortzu-neurriak ezartzea.
d) Etapen arteko komunikazio-mekanismoak aurreikustea, aholkulariak edo orientatzaileak parte hartuta, berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleen kasuan.
2.– Halaber, ikastetxeek mekanismo batzuk aurreikusi behar dituzte koordinaziorako eta beharrezkoa den informazioa elkarri emateko, etapa bereko ziklo edo maila batetik bestera igarotzean –ikastetxez aldatu zein ez– etenik egon ez dadin haurren hezkuntza-prozesuan, eta hezkuntza-koherentzia eta prestakuntza-jarraitutasuna ziurtatu dadin. Mekanismo horiek –eta haien barruan ikastetxeetako profesionalen arteko kolaborazioak ezartzea sartzen da– behar-beharrezkoak dira berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak dituzten ikasleen kasuan.
III. KAPITULUA
EBALUAZIO-PROZESUA
17. artikulua.– Ebaluazio-saioak.
1.– Ebaluazio-saioak ikasle talde bakoitzeko irakasle guztiek egiten dituzten bilerak dira, tutoreak koordinatuta, ikastetxeko orientazio-zerbitzuak aholkatuta eta ikastetxeko ikasketaburuak gainbegiratuta.
2.– Saio horietan honako hauek baloratuko dira: taldearen egoera, konpetentzia espezifikoen lorpen mailan oinarritutako ikasle bakoitzaren ikaskuntza, betiere irteera-profilaren funtsezko konpetentziak erreferentzia izanik. Horietaz gain, ikasle adingabeen kasuan, gurasoengandik edo legezko tutoreengandik datorren informazioa ere baloratuko da.
3.– Irakasle-taldeak bere irakaslanaren garapena baloratuko du, dagozkion hobekuntza-neurriak hartzeko, agindu honen 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4.– Etengabeko ebaluazioaren prozesuan, ikasleren baten aurrerapena ez bada behar bezalakoa, hezkuntza indartzeko neurriak ezarriko dira. Zikloko edo ikasturteko edozein unetan har daitezke neurri horiek, zailtasunak hauteman bezain laster, ikasleek heziketa-prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak eskura ditzaten.
5.– Ikasturteko lehen hilabetea amaitu baino lehen, hasierako ebaluazio-saioa egingo da, hasiera horretan ikasleak nola dabiltzan jakiteko eta aztertzeko; alegia, arlo, jakintzagai edo eremu bakoitzean konpetentziak noraino barneraturik dauzkaten jakiteko.
6.– Ikasturte bakoitzean, ohiko eskolaldiaren barruan, gutxienez hiru ebaluazio-saio egingo zaizkio ikasle talde bakoitzari, hasierako ebaluazio-saioaz eta azken ebaluazio-saioaz gain –ikastetxeek, gainera, ebaluaziorako beste saio batzuk ere jaso ahal izango dituzte beren hezkuntza-proiektuetan–. Azken ebaluazio-saioa eta ohiko azken ebaluazioa saio berean egin ahal izango dira. Batxilergoan, horrez gain, ezohiko saio bat egingo da. Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak planifikatuko ditu ebaluazio-saio horiek.
7.– Ebaluazio-saioetan, arlo, jakintzagai edo eremu bakoitza eman duen irakaslearen eskumena eta ardura izango da haren hasierako ebaluazioa egitea, eta irakasle taldeak modu kolegiatuan hartuko ditu prozesu horren ondoriozko erabaki orokorrak, tutoreak koordinaturik eta ikastetxeko orientazio-zerbitzuak aholkaturik.
Azken ebaluazioan, erabakiak adostasunez hartuko dira, eta adostasunik ezean, modu kolegiatuan. Irakasle taldeko irakasle bakoitzak bere iritzia adierazi beharko du hartu beharreko erabakiari buruz, boto bat emanez. Horretarako kontuan hartuko dira ikaslearen konpetentzia-maila edo etapako irteera-profila.
8.– Ebaluazio-saioa baliozkoa izateko, baldintza hauek bete beharko dira, gutxienez:
a) Justifikatutako arrazoiak izan ezik, beharrezkoa da irakasle taldeko kide guztiak joatea.
b) Irakasleek, ebaluazio-saioa egin baino 24 ordu lehenago gutxienez, arlo, jakintzagai edo eremu bakoitzeko ebaluazioaren emaitzak jaso beharko dituzte tutorearen erregistro-dokumentuan, zeina ikastetxeak ezarriko baitu. Ikasketaburuak eskatzen duen beste edozein dokumentazio ere jaso beharko dute.
c) Tutoreak arlo, ikasgai edo esparru bakoitzeko emaitzei buruzko txostena eta ebaluazio-saioan aztertu beharreko gaien zerrenda aurkeztu behar ditu. Gai-zerrenda hori mailako tutoreen bileran proposatuko da eta zuzendaritza-taldeak onartuko du.
9.– Talde bakoitzeko tutoreak idatziko du saioei buruzko akta. Bertan honako hauek jasoko dira:
a) Parte hartu duten irakasleen zerrenda eta haien sinadurak.
b) Parte hartu ez duten irakasleen zerrenda. Berariaz adierazi behar da bilerara ez joateko baimenik zuten ala ez.
c) Arlo, ikasgai edo esparru bakoitzean lortutako emaitzen eta izan diren zailtasunen analisia.
d) Taldearen egoera orokorraren analisia, bere errendimendu akademikoaren, jarreren eta zailtasunen arabera.
e) Banakako arazoen analisia egitea eta hezkuntza indartzeko neurriak edo bestelako jarduketak ezartzea.
f) Irakasle taldearen jarduerei buruzko hausnarketa.
g) Hartutako neurriak.
10.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ebaluazio-saioen momenturen batean presente egon daitezke ikasle taldearen ordezkariak, taldeari eragiten dioten alderdi orokorrez hitz egiteko. Ikastetxeko eskola-kontseiluak erabakiko du noiz parte har dezaketen ikasleen ordezkariek eta zer gaitan parte har dezaketen. Ikasleen banakako ebaluazioa eta gai pertsonalak taldeko irakasle taldeak bakarrik trata ditzake.
11.– Gainera, ebaluazio-saioetan erabakiko da zer informazio eman ikasle bakoitzari (edo, ikasle adingabeen kasuan, gurasoei edo legezko tutoreei) ikaslearen ikaskuntza-prozesuaz eta proposatzen diren hobekuntza-neurriez, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan jasotakoaren arabera.
12.– Ebaluazio-saioen ondoren ikasketaburuak azken ebaluazioaren emaitzei buruzko datu estatistikoak bilduko ditu ikastetxeko Eskola Kontseiluan aurkezteko.
13.– Ikastetxeek azken kalifikazioak sartuko dituzte hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak horretarako ezartzen duen aplikazio informatikoan.
18. artikulua.– Berrikuspen-prozedura.
1.– Ikastetxeek beren antolaketa- eta funtzionamendu-araudian ezarriko dute zer prozedura bete behar den ikasleen ikaskuntza-prozesuan ikasturtean zehar kontuan hartzen diren lan, ariketa eta proba ebaluagarriak berrikusteko. Ikastetxeek berrikuspen hori egiteko prozedurari buruz beharrezkoa den informazioa eman eta zabalduko dute.
2.– Lan, ariketa eta proba ebaluagarriak ebaluazioa egin duten pertsonek edo horien legezko ordezkariek berrikusiko dituzte. Lan, ariketa eta proba ebaluagarriak berrikus daitezke, baina ezin da horiei buruzko erreklamaziorik aurkeztu. Akta ofizialetan agertzen diren azken kalifikazioak eta mailaz igarotzeko edo titulua lortzeko erabakiak soilik erreklama daitezke.
19. artikulua.– Azken kalifikazioen kontrako barne-erreklamazioaren prozedura.
1.– Lan, ariketa eta proba ebaluagarriak berrikusi zein ez, ikasleek, edo, ikasle adingabeen kasuan, gurasoek edo legezko tutoreek, arlo, ikasgai edo esparru bateko edo batzuetako azken kalifikazioaren kontrako erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute bi laneguneko epean, kalifikazioak idatziz jakinarazten direnetik hasita. Horretarako, idazki arrazoitua aurkeztuko diote ikastetxeko zuzendariari.
2.– Erreklamazio-eskaeran azken kalifikazioari aurka egitea justifikatzen duten alegazioak azalduko dira. Eskaera hori ikasketaburuaren bitartez izapidetuko da; hark kasuan kasuko irakasleari edo kalifikatutako arlo, ikasgai edo esparruaren ardura duen sail didaktikoari igorriko die, eta jakitun jarriko du tutorea, berak koordinatu baitu azken ebaluazio-saioa, zeinean ezarri baita erreklamatutako kalifikazioa.
3.– Lehen Hezkuntzan, erreklamazioa arlo edo esparru bateko kalifikazioaren kontrakoa denean, eragindako irakaslea ikasketaburuarekin bilduko da, erreklamazioa aztertuko dute eta txostena egingo dute, 5. puntuan aipatzen diren alderdiak jasoko dituena, gutxienez.
4.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, saileko buruak sailaren ezohiko bilera batera deituko du, eta bilera horren akta egingo da. Bilera horretan, saileko kideek eztabaidatuko dute ebaluazioa eta kalifikazioa aurreikusitakoaren arabera egin diren eta ezarritako ebaluazio-irizpideak zuzen aplikatu diren. Saileko buruak txosten arrazoitua eman beharko du, ebazpen-proposamen eta guzti.
5.– Erreklamaziorako epea amaitu eta bi laneguneko epean egingo da 3. eta 4. puntuetan aipatutako txostena. Zuzendariari igorriko zaio, eta honako hauek bilduko ditu, gutxienez:
a) Konpetentzia espezifikoak eta lotutako oinarrizko jakintzak ebaluatzeko irizpideak, ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren ebaluazioan erabili direnak, bat datozen kasuan kasuko programazio didaktikoan jasotakoekin.
b) Ebaluazioan erabilitako prozedurak eta tresnak bat datozen programazio didaktikoan adierazitakoarekin.
c) Zuzen aplikatu diren programazio didaktikoan ezarritako kalifikazio-irizpideak, arloa, ikasgaia edo esparrua gainditzeko bete behar direnak.
d) Berrikusitako azken kalifikazioa aldatzeari edo berresteari buruz hartu den erabakia.
6.– Barne-erreklamazioa zuzendariak ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari. Jakinarazpen hori lanegun bateko epean egin beharko da, goian aipatutako txostena jasotzen denetik hasita.
7.– Zuzendariak tutoreari igorriko dio erabakia, eta, erreklamazioa baietsiz gero, aktak aldatzeko aginduko du.
8.– Ikastetxeko zuzendariak barne-erreklamazioari buruz emandako ebazpenari kanpo-erreklamazioa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako titularraren aurrean.
20. artikulua.– Mailaz igarotzeari edo titulua eskuratzeari buruzko erabakiaren kontrako barne-erreklamazioaren prozedura.
1.– Ikasleek edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreek, bi laneguneko epean, mailaz ez igarotzeko edo titulurik ez lortzeko erabakia idatziz jakinarazten denetik hasita, erabaki horren aurkako erreklamazioa jarri ahal izango dute, idazki arrazoitua aurkeztuz ikastetxeko zuzendariari.
2.– Erreklamazioa jaso ondoren, ikastetxeko zuzendariak ikaslearen talde ofizialeko tutoreari helaraziko dio, ikasketaburuaren bitartez. Tutoreak ezohiko bilera berezi batera deituko du irakasle taldea. Ikasketaburuak ezohiko saio horretan parte hartuko du, hitzarekin, baina botorik gabe, non eta ez den irakasle talde horretako kidea. Irakasle taldeko kidea bada, halakotzat jardungo du.
3.– Azken ebaluazio-saioan bezala, irakasle taldeko irakasle bakoitzak bere iritzia adieraziko du hartu beharreko erabakiari buruz, boto bat emanez. Horretarako kontuan hartuko da ikaslearen konpetentzia-maila, bai eta, kasua bada, etapako irteera-profila ere.
4.– Tutoreak bileraren akta egingo du, gainerako ebaluazio-saioetan erabilitako akta ereduari jarraituz.
5.– Tutoreak txosten arrazoitua egingo du, ebazpen-proposamen eta guzti, eta ikastetxeko zuzendariari igorriko dio bi laneguneko epean, erreklamazioetarako epea amaitzen denetik hasita. Txosten horretan honako datu hauek emango dira gutxienez:
a) Aurretik izandako gertaeren eta jarduketen azalpena, ikaslearekin eta, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreekin izandako komunikazioak barne.
b) Irakasle taldearen eztabaidetako puntu nagusiak.
c) Ikaslearen konpetentzia-maila eta, kasua bada, noraino lortu duen etapako irteera-profila.
d) Ikaslearentzat proposatzen diren neurri indargarriak.
e) Erreklamatutako erabakiaren berrespena edo aldaketa, mailaz igarotzeari eta titulua lortzeari buruz curriculum-proposamenean arau orokor gisa ezarritako irizpideen arabera arrazoituta.
6.– Barne-erreklamazioa zuzendariak ebatziko du, era arrazoituan, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritako moduan jakinaraziko zaio erreklamatzaileari. Jakinarazpen hori lanegun bateko epean egin beharko da, goian aipatutako txostena jasotzen denetik hasita.
7.– Erreklamazioa baietsiz gero, zuzendariak dagozkion aktak aldatzeko agindua emango du.
21. artikulua.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariari kanpo-erreklamazioa aurkezteko prozedura.
1.– Barne-erreklamazioaren ebazpenarekin ados egon ezean, ikasleek edo, ikasle adingabeen kasuan, guraso edo legezko tutoreek ikastetxeko zuzendariaren ebazpenaren aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena jakinarazi eta bi laneguneko epean. Horretarako, idazki arrazoitua aurkeztu beharko dute ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igortzeko.
2.– Ikastetxeko zuzendariak, bi laneguneko epean, gehienez, espedientea Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio, eta kopia bat igorriko dio Hezkuntzako Ikuskaritzari. Ikastetxean bideratutako erreklamazio-prozesuan sortutako dokumentu guztiak bilduko dira espediente horretan:
a) Ikastetxean egindako txostenak.
b) Ikaslearen ebaluazio-prozesuari buruzko informazioak justifikatzen dituzten ebaluazio-tresnak.
c) Programazio didaktikoa.
d) Erreklamatzailearen alegazioak eta, behar denean, zuzendariak haiei buruz emandako txostena.
3.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebatziko du erreklamazioa, Hezkuntzako Ikuskaritzak txosten arrazoitua egin ondoren. Txosten hori zazpi laneguneko epean egin beharko da gehienez ere.
4.– Txosten hori egiteko, Hezkuntzako Ikuskaritzak kontuan izango ditu ikastetxeak emandako txostena, kasuan kasuko arloko, ikasgaiko edo esparruko programazio didaktikoa, ebaluazio-irizpideak, eska daitezkeen gutxieneko konpetentzien garapen-mailak, jendaurrean jarritako kalifikazio-irizpideak, kalifikazioaren oinarri diren ebidentziak, ebaluazio-prozesuan erabilitako tresnak eta prozedurak, eta ikaslearen ariketa, lan, proba eta azterketak –eta, hala badagokio, baita beste ikasle batzuenak ere, konparazio bat egin eta ikasle erreklamatzailearen kalifikazioak modu objektiboan balioztatu ahal izateko–. Halaber kontuan hartuko da ikastetxeak agindu honetan xedatutakoa betetzen duen.
5.– Bere txostenean, Hezkuntzako Ikuskaritzak proposamen arrazoitua egingo du hauei buruz: erreklamazioa osorik edo partzialki baiestea, ezestea, prozeduran atzera egitea ebaluazio-proba edo -ariketa berriak egiteko, edo aldatzea kalifikazioak edo mailaz igarotzeari eta titulua lortzeari buruzko erabakiak, ez badatoz bat ikastetxeak jendaurrean jarritako kalifikazio-irizpideetan eta araudi indardunean ezarritakoarekin. Aldez aurretik hartutako erabakiren bat aldatu behar bada, irakasle-taldeak ezohiko bilera egingo du.
6.– Hezkuntzako Ikuskaritzak txostena egiteko laguntza eskatu ahal izango die erreklamazioan aipatzen diren arlo, ikasgai edo esparruetako adituei, eta eskatu ahal izango ditu espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak.
7.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak erreklamazioa ebatziko du modu arrazoituan, gehienez ere hiru eguneko epean, Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostena jasotzen duenetik hasita, eta bere ebazpena jakinaraziko die ikastetxeko zuzendaritzari eta pertsona interesdunei.
8.– Erreklamazioa baiesten bada, zuzendu beharreko dokumentuak zuzenduko dira.
9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 119.3 artikuluaren arabera, kalifikazioak berrikusteko eta erreklamatzeko eskubidea ezin da ebatzi hasieran lortutakoa baino kalifikazio txikiagoarekin.
10.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
22. artikulua.– Barne- eta kanpo-ebaluazioen emaitzak aztertzea.
1.– Ikastetxeek modu sistematikoan aztertu eta baloratuko dituzte beren ikasleen ebaluazioaren emaitzak, barne-ebaluazioen nahiz kanpo-ebaluazioen bitartez lortutakoak, erabakiak hartzeko ikasleen ikaskuntza-prozesuari buruz eta irakasle-jarduna bera egokitzeari eta etengabe hobetzeari buruz.
2.– Ikasleek lortutako emaitzen analisiari buruzko ondorioetatik abiatuta, ikastetxeek neurriak ezarriko dituzte curriculumaren, antolamenduaren eta, bereziki, irakasle-jardunaren esparruetan. Neurri horiek ikastetxeen dokumentu estrategikoetan jasotako hobekuntza-helburuetan islatuko dira.
3.– Emaitzen analisia eta horri buruzko ondorioak ikastetxeko eskola-kontseiluan aurkeztuko dira.
IV. KAPITULUA
EBALUAZIOA HAUR HEZKUNTZAN
23. artikulua.– Ebaluazioaren ezaugarriak.
1.– Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioak izaera hezigarria izango du, eta, bat etorrita maiatzaren 30eko 75/2023 Dekretuaren 20.2 artikuluan xedatutakoarekin –dekretu horrek Haur Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du–, globala, jarraitua eta hezigarria izango da.
2.– Behaketa zuzena eta sistematikoa, haurrek egindako jardueren analisia eta familiekiko elkarrizketak, beste prozedura batzuen artean, informazio-iturri nagusiak izango dira etengabeko ebaluazioaren prozesuan.
3.– Etapa honetako ebaluazioak haur bakoitzaren hasierako egoera eta bilakaeraren erritmoa eta ezaugarriak identifikatzera bideratuta egon behar du. Horretarako, arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezarritako ebaluazio-irizpideak hartuko dira erreferentziatzat.
4.– Tutoreak gidatuko du haurraren ebaluazio-prozesua eta aurrerapenaren jarraipena, taldean esku hartzen duten gainerako profesionalek ematen duten informazioa aintzat hartuta, eta, hala dagokionean, orientazioaren eta esku-hartze psikopedagogikoaren arduradunek aholkatuta.
5.– Tutoreak aldian behin informazioa eman behar die gurasoei edo legezko tutoreei haurren aurrerapenaren bilakaeraz eta ebaluazioaren inguruko erabakiez. Horretarako, etengabeko ebaluazioaren prozesuan jasotako informazioa erabiliko da.
6.– Gurasoei edo legezko tutoreei seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesuari buruz idatziz aldian behin eman behar zaien informazioa idatziz jasota geratuko da, eta gutxienez hiru hilean behingoa izango da.
7.– Ikasleen hezkuntza-prozesuari buruzko balorazioak eta oharpenak termino kualitatiboetan adieraziko dira.
24. artikulua.– Ebaluazio-prozesua gauzatzea.
1.– Haur bat lehenengoz sartzen denean ikastetxe batean, gurasoek edo legezko tutoreek haren garapen-prozesuari buruz emandako informazioa bilduko da, eta hezkuntzako esku-hartzerako balio duten datu garrantzitsuak ere bai, hala behar denean.
2.– Etapan zehar, ikaskuntzak ebaluatzea haur talde bakoitzeko tutorearen eskumena izango da. Tutore horrek informazioa bilduko du talde osoarekin aritzen diren edo haur jakinen bat artatzen duten gainerako profesionalengandik.
3.– Tutoreak ebaluazio-prozesuaren inguruko datuak bildu eta idatziz jasoko ditu, eta ikasturte-amaiera guztietan banakako ebaluazio-txostenak egingo ditu. Txosten horietan haurren bilakaeraren berri jasoko du, eta hartutako errefortzu- eta egokitzapen-neurriak azalduko ditu, halakorik bada.
4.– Etaparen amaieran azken ebaluazioa egingo da, etengabeko ebaluazioaren prozesuan lortutako datuetan oinarrituta. Eskola-orientaziorako banakako txostena egingo da 75/2023 Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
5.– Haur Hezkuntzan haurrak automatikoki igaroko dira hurrengo mailara. Etapa hori amaitzean ere automatikoki igaroko dira Lehen Hezkuntzara, salbu eta hezkuntza-premia bereziak izan eta araudiak geroago igarotzeko aukera ematen dien haurrak. Azken kasu horretan, ezartzen den prozedurari jarraituko zaio. Gaitasun handiko haurrei nahitaezko eskolatzearen hasiera aurreratu ahal izango zaie.
25. artikulua.– Arreta goiztiarra.
Haur Hezkuntzan, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak horretarako ezarritako protokoloak aplikatuko dira.
26. artikulua.– Ebaluazio-agiri ofizialak.
1.– Ebaluazio-agiri ofizialak hauek dira: espediente akademikoa, historia akademikoa, ziklo bukaerako aktak eta, behar denean, lekualdatzeagatik egindako txosten pertsonala.
2.– Eskolatzearen hasieran, ikastetxeak espediente akademiko bana irekiko die haurrei. Espediente horrek bermatuko du agindu honetan ezarritako oinarrizko eta nahitaezko dokumentu guztiak eta haurraren eskolatzeari buruzko beste edozein informazio garrantzitsu. artxibatzen joango direla.
3.– Historia akademikoan azalduko da zer mailatan eta ikastetxetan egon den eskolatuta haurra, eta, hala badagokio, haren eskolatze-aldian gertatu diren inguruabar bereziei buruzko oharrak. Tutoreak beteko du haur bakoitzaren historia akademikoa, urtero. Zuzendariak maila bakoitzari dagokion atalean sinatuko du. Biek sinatuko dute dokumentua zikloa amaitzen den egunean.
4.– Haur bat beste ikastetxe batera aldatzen denean, ikastetxe hartzaileak jatorri-ikastetxeari eskatuko dio lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, agindu honen 57. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
27. artikulua.– Haurraren fitxa pertsonala.
Haurraren fitxa pertsonalean, taldeko tutoreak honako hauek jarriko ditu: ikastetxearen datuak, haurraren datu pertsonalak eta familiaren datuak, eta, gainera, guraso edo legezko tutoreek eta ikastetxeak interesgarritzat jotzen dituzten beste datuak.
28. artikulua.– Ebaluazio-txostenak.
1.– Banakako ebaluazio-txostenen formatua eta edukia ikastetxe bakoitzak zehaztuko ditu bere autonomiaren esparruan, bere proposamen pedagogikoaren arabera.
2.– Tutoreak hasierako ebaluazio-txostena egingo du haurra ikastetxean sartzen denean. Txosten horretan haurraren garapenari buruzko datu nagusiak bilduko dira. Kontuan hartuko dira gurasoek edo legezko tutoreek hasierako elkarrizketan emandako datu garrantzitsuak eta, halakorik bada, hezkuntzarako interesa duten txosten medikoak, psikopedagogikoak eta sozialak. Hasierako ebaluazioaren osagarri, haurraren garapena zuzenean behatuko da ikastetxean sartu berritan.
3.– Ziklo bakoitza amaitzean, tutoreak ziklo-amaierako ebaluazio-txostena egingo du. Oinarritzat hartuko du ebaluazio jarraian jasotako informazioa, alegia, haurrek konpetentzia espezifikoak garatzeko prozesuan izan dituzten aurrerapenak eta lorpenak, zailtasunak, halakorik hauteman bada, hezkuntza-neurriak, halakorik hartu bada, eta garapen pertsonala eta soziala.
4.– Tutoreak etapa-amaierako eskola-orientaziorako txostena egingo du etapa amaitzean. Txosten horrek, gutxienez, dagozkion konpetentziatan zer maila eskuratu den adierazi behar du, eta konpetentzia horietatik hurrengo etapan ikasle bakoitzaren hezkuntza-aurrerapena gehien baldintzatuko dutenak azpimarratu, baita banakako arreta bermatzeko garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak ere.
5.– Inguruabarrak direla-eta, ezohiko neurri gisa, nahitaezko eskolatzearen hasiera atzeratzen edo aurreratzen denean, neurri hori haurraren ikasturte-amaierako ebaluazio-txostenean agertuko da.
V. KAPITULUA
EBALUAZIOA, MAILAZ IGAROTZEA ETA TITULAZIOA OINARRIZKO HEZKUNTZAN
29. artikulua.– Ebaluazioaren ezaugarriak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, Oinarrizko Hezkuntzak Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza biltzen ditu.
2.– Etapa honetako ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioak izaera hezitzailea izango du, eta, bat etorrita maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoarekin –dekretu horrek Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du–, globala, jarraitua eta hezitzailea izango da.
30. artikulua.– Kalifikazioak.
1.– Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren amaieran ikasleek arlo, ikasgai edo esparru bakoitzean lortu dituzten emaitzen azken ebaluazioa egingo da.
2.– Ebaluazio hezigarri eta etengabearen esparruan, azken ebaluazioak helburu izango du, kalifikazioa emateaz gain, ikasleei laguntzea zer ikasi duten hautematen eta ikasturtean zehar egindako aurrerapenaz jabetzen.
3.– Arlo, ikasgai edo esparruetako ikaskuntzak kasuan kasuko konpetentzia espezifikoen ebaluazio-irizpideen arabera kalifikatu behar dira.
4.– Arlo edo esparruetako kalifikazioak, Lehen Hezkuntzan, eta ikasgai edo esparruetakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, termino hauen bidez adieraziko dira: kalifikazio negatiboetarako Gutxiegi (GU), eta positiboetarako Nahikoa (NA), Ongi (O), Oso Ongi (OO) eta Bikain (BI).
5.– Ikaslea kalifikaziotik salbuetsita dagoenean, «Salbuetsia» (SA) adieraziko da kasuan kasuko arloan edo ikasgaian.
6.– Ikasleak jakintzagairen bat baliozkotzea lortu badu, «Baliozkotua» (BA) adieraziko da.
7.– Baldin eta, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa baten barruan, salbuespenez eta aldi baterako, jarduketa-plan pertsonalizatuak ezartzen badu ez dela kalifikatuko arlo edo ikasgairen bat, «Kalifikaziorik gabe» (KG) esapidearekin adieraziko da kalifikaziorik eza. Horrelakoetan baldintza hauek bete beharko dira:
a) Ikasleak aurreko ikasturteetan arlo, jakintzagai edo eremu horretako ikasketarik egin ez izana.
b) Ikaslearen jarduketa-plan pertsonalizatuan ez agertzea arlo, ikasgai edo esparru horren curriculum-garapena.
c) Arlo, ikasgai edo esparru hori gehienez ikasturte bat egotea kalifikaziorik gabe.
8.– Norbanako Curriculum Egokitzapen bat onartuta daukaten ikasleentzat, kalifikazioa ikaslearen lorpenen araberakoa izango da, Jarduera Plan Pertsonalizatuaren barruan ikasleak bere NCEan ezarrita dauzkan ebaluazio-irizpideei dagokienez.
BCE bat gainditzeak erreferentziako etapa edo maila bateko helburuak gainditzea dakarrenean, inguruabar hori eginbide baten bitartez agerraraziko da ikaslearen espedientean, eta adieraziko da noiz eta zein mailatan gainditu dituen ikasleak helburu horiek. NCE horren bidez gainditu den curriculum-erreferentzia ere eginbide baten bitartez jasoko da espediente akademikoan.
BCEa duten arlo, ikasgai edo esparruek, arau orokor gisa, kalifikazio positiboa izango dute. Salbuespenezko kasuetan bakarrik kalifikatu ahal izango dira Gutxiegi (GU) terminoarekin, irakastaldeak behar bezala justifikatuta.
BCEa duten arlo edo ikasgaiak, nahiz eta haien curriculum-erreferentzia aurreko mailetakoa izan, ez dira sartuko akta osagarrietan.
31. artikulua.– Mailaz igarotzea edo ikasturte berean egotea, salbuespen neurri gisa.
1.– Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitza amaitzean, eta ebaluazio-prozesuaren ondorioz, ikasturte-amaierako ebaluazio-saioan irakasle taldeak behar diren erabakiak hartuko ditu ikasleak mailaz igarotzeari buruz, kontuan izanda ezarritako konpetentzien eskuratze-maila eta ikasleari aurrera egiten laguntzen dioten neurrien balorazioa.
2.– Mailaz ez igarotzeko erabakia salbuespenezko neurritzat hartuko da, eta ikasle bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako hezkuntza-erantzuna emateko gainerako aukerak agortzen direnean bakarrik hartu ahal izango da. Halaber, erabaki hori hartzeko, ikaslearen heldutasuna eta alderdi emozionala hartuko dira kontuan.
Erabaki hori irakasle taldeari dagokio, eta modu kolegiatuan hartuko du. Edonola ere, hurrengo mailara ez igarotzeko erabakia hartu aurretik, tutorea ikaslearen gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko da, eta ikasleak zer-nolako zailtasunak dituen azalduko die, bai eta zailtasun horiek gainditzeko zer neurri osagarri proposatzen diren ere.
Irakasle-taldeak ez igarotzeko erabakia argudiatu beharko du, eta errepikapena justifikatzen duten ebidentziak egiaztatu. Irakasle-taldeak hartutako erabakiek, mailaz ez igarotzeko erabakia bada, erabaki horiek justifikatzen dituzten ebidentziak jasoko dituzte, eta taldearen azken ebaluazioaren saioaren aktan jasoko dira.
Neurri hori behin bakarrik aplika daiteke maila bakoitzean, eta bi aldiz gehienez Oinarrizko Hezkuntza osoan. Lehen Hezkuntzan behin aplika daiteke ez igarotzeko neurria, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan bi aldiz, baldin eta Lehen Hezkuntzan aplikatu ez bada.
Salbuespenez, DBHko laugarren mailan beste urtebete eman ahal izango da, nahiz eta gehieneko aldia agortuta izan, baldin eta irakasle taldeak era kolegiatuan erabakitzen badu neurri hori lagungarria izango dela etapako helburuak lortzeko. Kasu horretan, urtebetez luzatu ahal izango da ezarritako adin-muga.
3.– Lehen Hezkuntzako lehenengo, hirugarren eta bosgarren mailetan ikasleak automatikoki igaroko dira hurrengo mailara.
4.– Lehen Hezkuntzan, ikasleak hurrengo ziklora igaroko dira arlo edo esparru guztiak gainditutakoan. Mailaz igaroko dira, halaber, irakasle taldeak uste duenean gainditu gabeko ikasgaiek edo esparruek ez dietela eragotziko hurrengo mailan arrakastaz jarraitzea, errekuperatzeko aukera onak dituztela eta promozio horrek haien bilakaera akademikoa hobetu egingo duela.
5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, mailaz igaroko dira ikasgai edo esparru guztiak gainditu dituzten ikasleak edo ikasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa izan dutenak. Ikasleak mailaz igaroko dira, halaber, irakasle taldeak uste duenean gainditu gabeko ikasgaiek edo esparruek ez dietela eragotziko hurrengo mailan arrakastaz jarraitzea, errekuperatzeko aukera onak dituztela eta promozio horrek haien bilakaera akademikoa hobetu egingo duela.
6.– Arlo, jakintzagai edo eremuren batean ebaluazio negatiboa dutela hurrengo mailara igarotzen diren ikasleei jarduera plan pertsonalizatuak ezarriko zaizkie.
7.– Hurrengo mailara ez igarotzeko erabakia hartu aurretik, tutorea ikaslearen gurasoekin edo legezko tutoreekin bilduko da, ikaslea adingabea bada, eta azalduko die zer-nolako zailtasunak dituen ikasle horrek, bai eta zailtasun horiek gainditzeko zer neurri osagarri proposatzen diren ere.
8.– Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitza amaitutakoan laugarren eta bosgarren apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez badira, irakasle taldeak, era kolegiatuan, eta tutorearen informazioa eta irizpidea bereziki kontuan hartuta, hausnartuko du ea ikaslearen garapenari laguntzeko neurri egokiena den maila berean beste urtebetez egotea.
9.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, maila errepikatu ondoren ikasleak ez baditu betetzen hurrengo mailara igotzeko baldintzak, orientazio-sailaren aholkuz eta gurasoei edo legezko tutoreei informazioa eman ondoren, ikasle horrek ikasten jarraitzeko zer aukera dituen azalduko du irakasle taldeak, orientazio-aholku baten bidez, ikaslearen premiei eta interesei erreparatuta:
a) Ikasleak lehen maila egin badu, bigarren mailara igarotzea proposatuko da, errefortzu-neurriak hartuta, edo, bestela, hezkuntza-errefortzuko berariazko proiektu batean sartuko da.
b) Ikasleak bigarren maila egin badu, aukera hauen artean proposatuko da: hirugarren mailara igarotzea errefortzu-neurriekin, curriculuma dibertsifikatzeko bi ikasturteko programa batera igarotzea, edo Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batera igarotzea, azken horretan sartzeko baldintzak betetzen baditu.
c) Ikasleak hirugarren maila egin badu, laugarren mailara igarotzea proposatuko da, errefortzu-neurriak hartuta, edo, bestela, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartuko da.
d) Ikasleak laugarren maila egin badu eta titulua eskuratzeko baldintzak betetzen ez baditu, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sar dadila proposatuko da, edo, bestela, laugarren mailan beste urtebete egin dezala, dela talde arrunt batean, dela, salbuespenez, curriculuma dibertsifikatzeko programa batean. Beste urtebete egin ahal izateko laugarren mailan, artikulu honetako 2. puntuan ezarritako baldintzak bete behar dira.
10.– Curriculuma dibertsifikatzeko programa amaitzean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko moduan ez dauden ikasleek, adinari buruz ezarritako baldintza orokorrak betetzen badituzte, beste urtebete egin dezakete programan, baldin eta irakasle taldeak uste badu titulua lortzeko aukera onak dituztela.
11.– Arlo edo ikasgai guztiak gainditu gabe hurrengo mailara igarotzen diren ikasleek matrikula egin beharko dute gainditu gabeko arlo edo ikasgaietan, irakasle taldeak ezarritako indartze-programak bete beharko dituzte, eta programa horiei dagozkien ebaluazioak gainditu. Arlo edo ikasgai horietako kalifikazioak akta osagarrietan jasoko dira.
32. artikulua.– Gainditu gabeko arlo edo ikasgaiak.
1.– Oinarrizko Hezkuntzako maila bakoitzeko azken ebaluazio-saioan aurreko mailetako arlo, ikasgai edo esparruren bat gainditu gabe duten ikasleak ebaluatuko dira. Bertan ikasle bakoitzaren emaitzak jaso eta kalifikatuko dira, 56. artikuluan aipatutako «akta osagarri» horietan, eta emaitzok espediente akademikora eta historia akademikora eramango dira.
2.– Ikasturtea amaitzean, ebaluazio jarraiaren prozesuaren testuinguruan, ikaslea egiten ari den mailako arlo edo jakintzagai bat gainditzeak ekarriko du aurreko mailetako arlo edo jakintzagai bera ere gainditzea.
33. artikulua.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.
1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako azken ebaluazio-saioan, irakasle taldeak etapa gainditzeari eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeari buruzko erabakiak hartuko ditu, kontuan hartuz zenbateraino eskuratu dituen ikasleak funtsezko konpetentziak eta etapako irteera-profila, maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuak zehaztuak (dekretu horrek Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du).
2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute etapako ikasgai edo esparru guztiak gainditzen dituzten ikasleek.
3.– Halaber ikasleek titulua lortuko dute nahiz eta jakintzagai edo eremu guztiak gainditu ez, alegia, nahiz eta aipatutako dekretuan ezarritako konpetentzietako batzuetan behar adinako garapen-maila lortu ez, baldin eta irakasle taldeak, modu kolegiatuan, adierazten badu inguruabar horrek ez duela eragotziko haien hezkuntzaren jarraitutasuna. Inguruabar hori eginbide baten bitartez islatu behar da ikaslearen espediente akademikoan.
4.– Era berean titulua lortu ahal izango dute, curriculuma dibertsifikatzeko programa bat egin ondoren, irakasle taldearen iritziz etapako helburuak lortu eta konpetentzien garapen-maila egokia eskuratu dutenek, nahiz eta ikasitako esparru edo ikasgai guztiak gainditu ez.
5.– Horrez gain, Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat egin ondoren heziketa-ziklo horretako eremu guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratuko dute.
6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua bakarra izango da eta kalifikaziorik gabe emango da.
7.– Titulu hori lortzen ez dutenek, etaparako finkatutako adin muga gainditu dutenek eta inongo ikastetxetan matrikulaturik ez badaude, gainditu gabeko jakintzagaietako ezohiko proba bat egin ahal izango dute, horretarako matrikulatu ondoren, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako curriculumaren arabera eta sail horrek ezartzen duen antolaketarekin. Eskolatuta egon diren azken ikastetxean egingo dute proba hori.
8.– Betiere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolatzea amaitzean, ikasle guztiek jasoko dute egindako ikasketen ziurtapena, beren historial akademikoaren bitartez.
9.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluak Batxilergora, erdi-mailako Lanbide Heziketara, Arte Plastikoetako eta Diseinuko erdi-mailako zikloetara, erdi-mailako Kirol Irakaskuntzetara eta lan-mundura jotzeko aukera emango du.
34. artikulua.– Ebaluazio diagnostikoa.
1.– Ebaluazio diagnostikoa osatzen duten probak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxe guztietan egingo dira.
2.– Lehen Hezkuntzako laugarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasle guztiek ebaluazio diagnostikoko probak egin beharko dituzte, prozesu orokorrean ezartzen diren baldintza eta denboretan.
3.– Ebaluazio diagnostikoaren prozesuen bidez prestakuntza eta orientazioa ematen zaie ikastetxeei eta informazioa ematen zaie familiei eta hezkuntza-komunitate osoari.
4.– Haien helburua da ikasleek funtsezko konpetentzietan eta konpetentzia espezifikoetan lortutako maila egiaztatzea eta irakasle taldeei eta hezkuntza-komunitate osoari laguntzea irakasle-jarduna aztertzen, baloratzen eta birbideratzen, ikasleek curriculumeko konpetentziak eta ikaskuntzak lor ditzaten.
5.– Ebaluazio diagnostikoko proben emaitzak banakako txostenetan, talde txostenetan eta ikastetxeko beste txosten batean zehaztuko dira.
6.– Ebaluazio diagnostikoko proben emaitzek ez diete ondorio akademikorik sortuko ikasleei. Beraz, ez dute inola ere eragingo ikasle bakoitzaren etengabeko ebaluazioaren prozesuan.
7.– Ebaluazio diagnostikoaren ondorioz ikastetxe bakoitzari helarazten zaizkion emaitzak eta informazioak zaintzea ikastetxeko zuzendariaren ardura izango da.
8.– Parte hartzen duten ikastetxe eta taldeetako bakoitzaren emaitzetan kontuan hartuko dira probak egin dituzten ikasleen banakako emaitzak, deialdi bakoitzean adierazten diren kasuak salbu.
9.– Neurririk egokienak ezarriko dira, ebaluazio horiek berariazko hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleen beharretara egokitu daitezen.
10.– Ebaluazio diagnostikoaren emaitza inoiz ezin izango da erabili ikastetxeen sailkapenak edo hurrenkera ezartzea helburu duten konparazio izendunak egiteko.
11.– Ikastetxeek kanpoko ebaluazio eta ikerketetan parte hartzea sustatuko dute.
35. artikulua.– Salbuespenak eta baliozkotzeak.
1.– Oinarrizko Hezkuntzan salbuespena aurreikusten da Euskara eta Literatura arloan edo ikasgaian, eta 138/1983 Dekretuan edo hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
2.– Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak eta DBHko ikasketak aldi berean egiten dituzten ikasleek eskatu ahal izango dituzte baliozkotzeak eta, hala badagokie, salbuespena Gorputz Hezkuntza ikasgaian, hura arautzen duen oinarrizko araudi eta autonomia-erkidegoko araudi indardunean xedatutakoaren arabera. Irailaren 30ean amaituko da horiek eskatzeko epea. Ikastetxeko zuzendariak urriaren 15a baino lehen ebatzi behar du eskaera, eta ebazpen horien kopia azaroaren 1a baino lehen bidali behar dio ikasketa antolamenduaren arloan eskumena duen zerbitzuari.
3.– Goi-errendimenduko kirolariak diren ikasleek Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren salbuespena eskatu ahal izango dute, hura arautzen duen oinarrizko araudi eta autonomia-erkidegoko araudi indardunean xedatutakoaren arabera.
36. artikulua.– Orientazio-aholkua.
1.– Orientazio-aholkua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitzaren edo etaparen amaierako azken ebaluazio-txostenean sartuko da.
2.– Orientazio-aholkuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaslea bideratu, lagundu eta gidatzen du bere hezkuntza-ibilbidean, eta haren hezkuntzaren jarraitutasunaz arduratzen da.
3.– Aholku horren barruan proposamena egingo zaie gurasoei edo legezko tutoreei edo, hala dagokionean, ikasleari berari. Ikasten jarraitzeko egokientzat jotzen den aukera proposatuko zaie. Proposatu ahal izango da aniztasunari erantzuteko programa batean sartzea, edo Lanbide Heziketako ziklo batean sartzea –oinarrizkoa edo erdi-mailakoa, kasuan kasukoa–, edo Batxilergoa egitea.
4.– Irakasle taldeak ikaslearen hezkuntza-prozesuari buruz emandako informazio garrantzitsua erabiliko da orientazio-aholkua egiteko, eta aintzat hartuko dira, gainera, orientazio-sailak egindako jarduketak eta tutoretza-planean eta ikasketa- eta lanbide-orientaziorako planean egindako jarduketa guztiak.
5.– Orientazio-aholkua taldeko tutoreak beteko du. Irakasle taldeko gainerako kideekin eta orientazio-sailarekin elkarlanean jardungo du, ikasketaburuak gainbegiratuta eta koordinatuta.
6.– Ibilbide bat proposatzerakoan kontuan hartu behar dira, ikaslearen historia akademikoaz gainera, haren interesak, aukerak eta gaitasunak. Horretarako, tutoreak iritzia galdetu behar die ikasleari eta, hala badagokie, gurasoei edo legezko tutoreei. Nolanahi ere, proposamen hori ez da aginduzkoa izango eta orientazio hutserako emango da.
37. artikulua.– Ikasketen ziurtagiria.
1.– Oinarrizko Hezkuntza ematen duten ikastetxeek noiznahi eman ahal izango dute egindako ikasketen ziurtagiria, interesdunek eskatuz gero. Bertan agertuko dira ikasleak ikasitako jakintzagaiak eta lortutako kalifikazioak.
2.– Ikasketen ziurtagiri hori historia akademikoari dagokio. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak berariaz ezarritako aplikazio informatikoaren bidez lortuko da historia akademikoa.
VI. KAPITULUA
EBALUAZIOA, MAILAZ IGAROTZEA ETA TITULAZIOA BATXILERGOAN
38. artikulua.– Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.
1.– Maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuak, zeinaren bidez Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baita, 28.2 artikuluan xedatzen duenez, ikasleen ebaluazioak globala, jarraitua, hezigarria eta ikasgaien arabera bereizia izan behar du, eta kasuan kasuko konpetentzia espezifikoak ebaluatzeko irizpideen arabera egin behar da.
Hezkuntza-etapa honetan irakasleek ikasleen ikaskuntza-prozesua ebaluatzerakoan kontuan hartuko dituzte curriculumeko elementuak, ikasgaien multzoan ikasle bakoitzak egindako ikaskuntza-prozesuaren bilakaera, ikaslearen heldutasuna eta ikasturtean zehar izandako errendimendu akademikoa, Batxilergoko helburuei eta irteera-profilari dagokienez; eta, bigarren mailan, goi-mailako ikasketetan aurrera egiteko dituen aukerak.
2.– Ikasleei ebaluazio-prozesu etengabea egiteko, ikasleek etenik gabe joan beharko dute eskoletara, eta ikasgai edo esparruetarako programatutako jarduerak egin beharko dituzte. Justifikatu gabeko hutsegiteak ikasgai bakoitzean % 20tik gorakoak izanez gero, ikasleak etengabeko ebaluaziorako eskubidea galduko du, baina ez ditu galduko ohiko deialdia eta ezohiko deialdia, matrikulatutako ikasle guztiak kalifikatzeko egiten direnak.
39. artikulua.– Batxilergoaren antolamendurako arau orokorrak.
1.– Batxilergoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoaren zati da eta bi ikasturtetan banatzen da. Erregimen arruntean, ikasleek lau urte eman ditzakete Batxilergoa osatzeko, jarraian edo ez.
2.– Batxilergoak lau modalitate ditu: Arteen modalitatea, Zientzien eta Teknologiaren modalitatea, Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea eta Modalitate Orokorra. Arteen modalitateak bi adar izango ditu: Arte Plastikoei, Irudiari eta Diseinuari buruzkoa bata, eta Musikari eta Arte Eszenikoei buruzkoa bestea.
3.– Batxilergoa malgutasunez antolatzen da ikasgai komunen, modalitateko ikasgaien eta aukerako ikasgaien bidez, ikasleei haien prestakuntza-aukerekin eta -interesekin bat datorren prestakuntza espezializatua eskaini ahal izateko edo, amaitzean, bizitza aktiboan sartzeko aukera emateko.
4.– Halaber, Batxilergoko etapako ikasturteetan ikastetxeek astean ordubete utzi behar dute ikasleekin hezkuntzarako tutoretza egiteko.
5.– Nagusiki informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz Batxilergoko ikasketak urrutitik egiteko aukera eskainiko du hezkuntzaren alorreko eskumena duen sailak. Halaber, gaueko Batxilergoa eskainiko da.
6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin eta Goi Mailako Hezkuntzarekin koordinatuko da Batxilergoa, ikasleak etapa batetik bestera egokiro igaro eta hezkuntza-prozesua jarraitu ahal izatea bermatzeko.
40. artikulua.– Ikasleen matrikulazioa.
1.– Ezin izango da Batxilergoko matrikula egin bi irakaskuntza-erregimen desberdinetan aldi berean.
2.– Ikastetxeak eskainitako modalitateko ikasgairen batean gutxieneko ikasle kopurua bildu ez eta talderik osatzen ez bada, ikasleek urrutiko hezkuntzan ikasi ahal izango dute modalitateko ikasgai hori. Modalitateko ikasgai bakarra ikasi ahal izango dute urrutiko hezkuntzan. Horrelakoetan, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxea eta ikasgai hori ematen duen ikastetxea ebaluazio-prozesuan elkarrekin koordinatuko dira ikasturtean zehar, ikasketaburuen eta tutoreen bitartez.
Ikasturtea amaitzean, ikaslea urrutitik ikasten ari den ikastetxeko ikasketaburuak jatorrizko ikastetxeko ikasketaburuari igorriko dio ikasgai horretako azken ebaluazioaren emaitza, ebaluazio-dokumentuetan jaso dadin.
3.– Aurreikusitako eskolatze urteak ez agortzeko, ikasleek ikasten ari diren ikastetxeko zuzendariari matrikula ezeztatzeko eskatu ahal izango diote egoera hauetan: gaixotasuna, lanpostu batean hastea, edo ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten betebehar pertsonal edo familiarrak izatea.
Apirila amaitu baino lehen aurkeztuko dira eskaerak, eta egiaztagiri egokiak erantsiko dira. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariak ebatziko du. Ikastetxea pribatua izanez gero, hura atxikita daukan ikastetxe publikoko zuzendariari ebazpenaren berri emango zaio.
4.– Ikastetxeek modalitateko irakasgai guztiak eskainiko dituzte eta ikasleek ikasgai horien guztien artetik aukeratu ahal izango dute modalitatearen arabera edo bidearen arabera, Arteen modalitatearen kasuan. Ikasle kopurua nahikoa ez denean soilik mugatu ahal izango da ikasleek modalitateko ikasgaien artean egindako aukera, eta beti bermatuko da gutxienez modalitateko lau ikasgai ematea lehen mailan eta, Zientzien eta Teknologiaren modalitatean eta Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean, gutxienez bost ematea bigarren mailan.
41. artikulua.– Batxilergoa hiru ikasturtetan antolatzea.
1.– Ikasleek hiru ikasturtetan egin ahal izango dute Batxilergoa, erregimen arruntean, beren inguruabar pertsonal iraunkorren edo iragankorren ondorioz horren beharra badute edo egoera hauetako batean badaude:
a) Batxilergoko etapa eta Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak aldi berean egitea.
b) Goi-mailako edo goi-errendimenduko kirolariak direla frogatzea.
c) Ohikoaz bestelako hezkuntza-arreta behar izatea, berariazko hezkuntza-laguntzaren premiaren bat dutela eta.
d) Beste inguruabar batzuk alegatzea, hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko zuzendaritza egokiaren iritziz eta berak xedatu duen moduan neurri hori aplikatzea justifikatzen dutenak.
Kasu guztietan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartu beharko du neurri hori.
2.– Batxilergoa osatzen duten ikasgaiak hiru multzotan banatuko dira, eta multzo horiek ikasturte banatan ikasiko dira hurrenez hurren. Ikastetxeak zehaztuko du Batxilergoko ikasgaien banaketa, lehentasuna duten ikasgaien eskaintzaren plangintza egokia bermatuta eta ikasleen ezaugarriak kontuan hartuta. Inguruabar horren berri emango zaio Hezkuntzako Ikuskaritzari.
42. artikulua.– Lehentasun-arauak.
1.– Ikasleak ikasi gabe daukan jakintzagairen bateko ezagutzak eskatzen dituen jakintzagai bat egin ahal izango du bigarren mailan, baldin eta aldi berean egiten badu hari lotuta dagoen lehen mailako jakintzagaia, bat etorriz maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren IV. eranskinean (Batxilergoko jakintzagaien arteko jarraitutasuna) ezarritakoarekin. Dekretu horrek Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du. Ikasgai hori gainditu gabeko ikasgaitzat joko da, baina ez da kontuan hartuko ikasleak bigarren mailara igarotzean izan dituen baldintzak aldatzeari dagokionez. Bigarren mailako ikasgaia kalifikatu ahal izateko, aurretik lehen mailako ikasgaia gainditu beharko da.
2.– Salbuespenez zilegi izango da bigarren mailako ikasgaiari lotuta dagoen lehen mailako ikasgaia ez egitea, ikasturtea hasi baino lehen egiaztatzen baldin badira bigarren mailako ikasgai hori aprobetxamenduz ikasteko lehendik eduki behar diren ezagutzak. Egiaztatze hori kasu guztietan egingo da, modalitatez aldatu zein ez, ikasgaiaren ardura duen sail didaktikoak edo dena delako sail didaktikoak antolatutako proba baten bitartez. Proba hori gainditzearen ondorio bakarra izango da bigarren mailako ikasgaia ikasi ahal izatea. Inola ere ezin izango da gainditutako ikasgaitzat hartu, titulua lortzeko eskatzen diren modalitateko sei ikasgaiak biltzeari begira. Halaber, proba horren emaitza ez da kontuan hartuko Batxilergoko batez besteko nota kalkulatzeko.
43. artikulua.– Modalitatez edo ikasketa-erregimenez aldatzea.
1.– Ikastetxeko zuzendariak modalitate-aldaketak baimendu ahal izango ditu lehen ebaluazioaren aurretik, arrazoi justifikatuengatik, taldeen antolaketak aukera ematen duen heinean, eta eskatutako modalitaterako itxaron-zerrendan dauden beste ikasle batzuek izan dezaketen eskubide hobea galarazi gabe.
2.– Lehen maila osorik errepikatu behar duten ikasle guztiak modalitatez aldatu ahal izango dira. Arteen modalitatearen kasuan, bidez aldatu ahal izango dira.
3.– Modalitate berean maila errepikatzen dutenek modalitateko ikasgaiak eta aukerako ikasgaiak aldatu ahal izango dituzte.
4.– Bigarren mailara igarotzen direnak modalitatez aldatu ahal izango dira, edo bidez, Arteen modalitatean, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Modalitate berriko ikasgaiak ikasi beharko dituzte harik eta modalitate berrian titulua lortzeko behar diren lehen mailako ikasgai guztiak eduki arte, ez badituzte lehenago gainditu.
b) Aurreko artikuluan ezarritako lehentasun-arauak bete beharko dira.
c) Modalitatez edo bidez aldatzearen ondorioz ikasleak lehen mailako ikasgai gehiago erantsi behar baditu, horiek ez diote eragingo aurretik lortutako mailaz igotzeko erabakiari.
d) Utzitako modalitateko gainerako ikasgai espezifikoak, titulu berria lortzeko behar ez direnak, baliorik gabe geratuko dira automatikoki.
5.– Ikastetxearen antolaketa dela-eta bigarren mailako ikasleek ezin badute joan modalitate- edo bide-aldaketaren ondorioz ikasi behar dituzten lehen mailako ikasgaietako asteroko saioren batera, ikasgai horiek irakasten dituzten sail didaktikoek lan-plan bat proposatuko diete ikasleei, eska daitezkeen gutxieneko edukiekin eta gomendatutako jarduerekin, eta proba partzialak programatuko dituzte ikasgai horiek gainditu direla egiaztatzeko.
6.– Gaueko edo urrutiko erregimeneko Batxilergotik datozen ikasleek, aurretik ohiko erregimen presentzialean matrikulatuta egon badira eta bertara itzuli nahi badute, agortu gabe eduki beharko dute azken erregimen horretako gehieneko iraunaldia, lau urtekoa. Lehen mailan sartzen badira, agindu honen 40. artikuluan ezarritako baldintzen arabera egin beharko dituzte maila horretako ikasketak.
Jatorrizko erregimenean ebaluazio positiborik gabe geratu den aukerako ikasgairen bat ohiko erregimen presentzialean irakasten ez bada, ikasleak beste batekin ordeztu beharko du.
44. artikulua.– Batxilergoko beste modalitate batzuk lortzea.
Batxilergoko titulua lortu duten ikasleek beste edozein modalitate lor dezakete, baldin eta aukeratutako modalitaterako behar diren lehen eta bigarren mailetako modalitateko ikasgaiak gainditzen badituzte.
45. artikulua.– Atzerriko hizkuntzaz aldatzea.
1.– Ikasleak lehen mailan matrikulatzen direnean, Atzerriko Hizkuntza ikasgai komuna, arau orokor gisa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasi duten atzerriko lehen hizkuntzaren jarraipena izango da.
2.– Salbuespenez, ikasleek atzerriko hizkuntzaz aldatzeko eskatu ahal izango dute lehen mailan matrikulatzean, baldin eta ikasturtea hasi baino lehen frogatzen badute aurreko etapari dagozkion ezagutzak badituztela, lehen maila horretako ikasketak aprobetxamenduz egin ahal izateko behar direnak. Horretarako, hizkuntza horren irakaskuntzaz arduratzen den sail didaktikoak ezarritako maila-proba egingo dute. Beste horrenbeste egingo da Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasgai aukerakoarekin.
46. artikulua.– Ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakastea.
1.– Curriculumeko ikasgaietako batzuk atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten ikastetxeek, betiere, ikastetxe guztientzako irizpide orokorrak erabiliko dituzte ikasleak onartzeko, eta ezin izango da hizkuntza-betekizunik izan irizpide horietan.
2.– Batxilergoko ikasgairen bat atzerriko hizkuntzan ematen denean, bermatu behar da ikasleek ikasgai horretako oinarrizko terminologia jakitea Batxilergoko ikasketak egiteko aukeratu duten hizkuntza ofizialean.
47. artikulua.– Curriculum-egokitzapenak, salbuespenak eta baliozkotzeak.
1.– Hezkuntza indartzeko ohiko neurriak nahiko ez direnean, behar diren curriculum-egokitzapenak egingo dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat, alegia, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusio arloan eskumena duen zuzendaritzak halakotzat identifikatu dituenentzat. Curriculum-egokitzapen horiek malgutu ahal izango dute, bestalde, eskolatze-denbora ere, eta, hala, Batxilergoaren barruan, sei urtez egon ahalko dira, gehienera, erregimen arruntean.
2.– Batxilergoan eskolatze-denbora malgutzeko eskaera ikastetxeko zuzendariak egingo du, kasuan kasuko lurraldeko Hezkuntza Berriztatzeko arduradunaren aurrean, Hezkuntzako Ikuskaritzak txostena egin ondoren.
3.– Curriculumera iristeko egokitzapenez gain, curriculum-egokitzapenak proposatu ahal izango dira ikasgairen batean, egokitzapen horietan mantenduta Batxilergoko irteera-profilaren erreferentzia eta funtsezko konpetentzien eskurapena. Konpetentzia espezifiko eta ebaluazio-irizpide batzuei eragin diezaiekete; hala ere, kasuan kasuko Batxilergo modalitateko funtsezko konpetentzien eta konpetentzia espezifikoen behar adinako eskuratze-maila bermatu beharko dute. Ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak izapidetuko ditu eta Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusio arloan eskumena duen zuzendariak onartuko ditu, Hezkuntzako Ikuskaritzak txostena egin ondoren.
4.– Salbuespen partzialak ere egin ahalko dira, Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusio arloan eskumena duen zuzendariak berariaz baimenduta betiere, entzuteko, ikusteko edo mugitzeko arazo larriak dituzten ikasleentzat bakarrik, behar bezala egiaztatutako ezohiko egoerek hala eskatzen dutenean. Salbuespen horiek banakako curriculum-egokitzapentzat joko dira ebaluazioari eta mailaz igarotzeari dagokienez.
5.– Ikasgai batean edo batzuetan salbuespen partziala edo curriculum-egokitzapena eskatzen duten ikasleei, eta haien guraso edo legezko tutoreei, ikasle adingabeak badira, azalduko zaie benetan zer aukera dituzten titulua lortzeko, eskatutako salbuespenaren edo egokitzapenaren norainokoaren arabera.
6.– Batxilergoan salbuespena aurreikusten da Euskara eta Literatura arloan edo ikasgaian, eta 138/1983 Dekretuan edo hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
7.– Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko ikasketak aldi berean egiten dituzten ikasleek eskatu ahal izango dituzte baliozkotzeak eta, hala badagokie, salbuespena Gorputz Hezkuntza ikasgaian, hura arautzen duen oinarrizko araudi eta autonomia-erkidegoko araudi indardunean xedatutakoaren arabera. Irailaren 30ean amaituko da horiek eskatzeko epea. Ikastetxeko zuzendariak urriaren 15a baino lehen ebatzi behar du eskaera, eta ebazpen horien kopia azaroaren 1a baino lehen bidali behar dio ikasketa antolamenduaren arloan eskumena duen zerbitzuari.
8.– Goi-errendimenduko kirolariak diren ikasleek Gorputz Hezkuntza ikasgaiaren salbuespena eskatu ahal izango dute, hura arautzen duen oinarrizko araudi eta autonomia-erkidegoko araudi indardunean xedatutakoaren arabera.
9.– Ikasgairen baten salbuespena edo baliozkotzea lortu duten ikasleei ikasgai horiek ez zaizkie kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
10.– Bi mailetakoren batean Euskara eta Literatura ikasgaiaren salbuespena lortu duten ikasleek ez dute eskuratuko B2 euskara-maila egiaztatu beharretik salbuesteko ziurtagiririk, Batxilergoko ikasketak egiteko aukeratu duten hizkuntza-eredua edozein dela ere.
11.– Unibertsitaterako sarbide-probak egin aurretik, ikastetxeek unibertsitatera bidaliko dute proba horiek egingo dituzten ikasleen zerrenda ziurtatua. Bertan agertuko da zein diren ikasgairen batean salbuetsita dauden edo banakako curriculum-egokitzapenak dituzten ikasleak.
48. artikulua.– Kalifikazioak.
1.– Ebaluazioaren emaitzak zerotik hamarrera bitarteko zenbakien bidez kalifikatuko dira, hamartarrik gabe, eta bostetik beherako kalifikazioak negatiboak izango dira. Ezohiko probarako deialdian, ikaslea ez baldin bada probara aurkezten, adieraziko da ez dela aurkeztu (EA), eta hori kalifikazio negatibotzat hartuko da ondorio guztietarako.
2.– Ebaluazio negatiboa duten ikasleak gainditu gabeko ikasgaien ezohiko deialdian aurkeztu ahal izango dira. Ikastetxeek deialdi hori antolatuko dute ikasturtea amaitu baino lehen.
3.– Batez besteko nota kalkulatzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako aplikazio informatikoa erabiliko da. Hau izango da batez besteko nota: 1. eta 2. mailetan ikasi diren eta Batxilergoko titulua lortzeko behar diren ikasgaietako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa, ehundar hurbilenera biribilduta, edo, distantziakidetasuna izanez gero, goiko ehundarrera biribilduta.
Kalkulu hori egiteko, ikasgai komunak eta aukerako hiru ikasgaiak hartuko dira kontuan, baita titulua ematen den modalitateko sei ikasgai espezifikoak eta, hala badagokio, Erlijioa ikasgaia ere.
Ikasle guztiei berdintasun-printzipioa eta lehia askea bermatzeko, erlijioko ikasketen ebaluazioan jasotako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota eratzeko orduan, ez unibertsitatera sartzeko, ezta bekak, ikasketa-laguntzak eta beste batzuk lortzeko deialdietarako ere, prozesu horietan ikasketa-espedienteen lehia badago.
4.– Ikasgairen baten salbuespena edo baliozkotzea lortu duten ikasleei ikasgai horiek ez zaizkie kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko. Ebaluazio-dokumentuetan salbuespena (SA) gisa jasoko da, eta baliozkotzea (BA) gisa.
5.– Bigarren mailara igaro eta 1. mailako jakintzagairen bat gainditu gabe duten ikasleen kasuan, eta jakintzagai hori gainditu arte, ezin dutenean bigarren mailako jakintzagaiaren kalifikazioa eduki, 1. mailako jakintzagaia ez badute gainditzen, kalifikatu gabea (KG) gisa jasoko da 2. mailako jakintzagai hori ebaluazio dokumentuetan.
6.– Adimen-gaitasun handiko ikasleei Batxilergoaren iraupena ikasturte batez laburtzen zaienean, ikasturte horretako kalifikazioak soilik hartuko zaizkie kontuan etapako batez besteko nota kalkulatzeko.
7.– Ikasle bat hizkuntza koofiziala duen autonomia-erkidego batetik lekualdatzen denean, ikasgai horretan lortu dituen kalifikazioek curriculumeko gainerakoek adina balioko dute batez besteko nota kalkulatzeko. Kalifikazioa negatiboa izan bada, ordea, ez da gainditu gabeko ikasgaitzat joko hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak kudeatzen duen lurralde-eremuan, eta ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
8.– Batxilergoaren etapan bederatzi puntuko batez besteko nota edo handiagoa lortzen duten ikasleei «Ohorezko matrikula» aipamena jarri ahal izango zaie espedientean eta Batxilergoko historia akademikoan, eginbide baten bitartez.
Behin ohorezko matrikula bat emanda, hortik aurrera gehienez «ohorezko matrikula» bat eman ahalko da bigarren mailako 20 ikasleko edo hamabost ikasletik gorako zatiki bakoitzeko. Berdinketa izanez gero, ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-araudian ezarritako irizpide objektiboak erabiliko dira. Ikastetxeak halako irizpiderik arautu ez badu, zozketa bidez desegingo da berdinketa.
Nolanahi ere, ikastetxean batxilergoko bigarren mailan guztira hogei ikasle baino gutxiago baldin badaude matrikulatuta, ohorezko matrikularen aipamen bat eman ahal izango da.
49. artikulua.– Ikasleak hurrengo mailara igarotzea.
1.– Maiatzaren 30eko 76/2023 Dekretuaren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Batxilergoaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen du), lehenengo maila amaitzean eta ebaluazio-prozesuaren ondorioz, ikasle bakoitzaren irakasleek osatutako irakasle taldeak behar diren erabakiak hartuko ditu ikasle hori bigarren mailara igarotzeari buruz.
2.– Ikasleak bigarren mailara pasatuko dira ikasitako ikasgai guztiak gainditzen dituztenean edo gehienez bi ikasgaitan ebaluazio negatiboa jasotzen dutenean. Nolanahi ere, lehenengo mailan gainditu gabeko ikasgaietan matrikulatu beharko dira bigarren mailan, edo, hala badagokio, ikasitako eta gainditu gabeko ikasgaiak ordezkatzen dituzten lehenengo mailako beste ikasgai batzuetan; horiek gainditu gabeko ikasgaitzat joko dira.
3.– Bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleek beste urte bat egin beharko dute lehenengo mailan, eta ikasitako modalitatean ez beste batean matrikulatu ahal izango dira.
4.– Ikasleak mailaz igarotzeari buruzko erabakiak irakasle taldeak hartuko ditu, orientazio-sailaren aholkuak jasota, hala behar denean, ikasitako ikasgaietako konpetentzia espezifikoak zenbateraino lortu diren kontuan hartuta.
5.– Lehenengo mailan gainditu gabeko ikasgaiak bigarren mailako ikasgaiak baino lehenago ebaluatu eta kalifikatuko dira, bai ohiko deialdian bai ezohiko deialdian.
6.– Bigarren maila amaitzean ikasgai batzuetan ebaluazio negatiboa duten ikasleek aukera dute ikasgai horietan matrikulatzeko, gainditutako ikasgaiak berriro ikasi beharrik izan gabe, edo maila osoa errepikatzeko.
7.– Agindu honen 39.1 artikuluan ezarritako epean jakintzagai guztiak gainditzen ez dituzten ikasleek Helduentzako Batxilergoan jarraitu ahal izango dute ikasketak egiten, gaueko erregimenean nahiz urrutitik.
50. artikulua.– Gainditu gabeko ikasgaietarako errefortzua eta errekuperazioa.
1.– Sail didaktikoek errefortzu-programa bat antolatu behar dute, bigarren mailara igarotzean ikasgairen bat gainditu gabe daukaten ikasleei ikasgai horiek errekuperatzen laguntzeko.
2.– Urteko errefortzu-programa egingo diete hala eskatzen duten ikasleei. Bertan azalduko dira ezarritako konpetentziak lortzeko gomendatzen diren jarduerak. Halaber, ebaluazio partzialeko jarduerak programatu ahal izango dituzte, kalifikazio negatiboa eragin zuten zailtasunak gainditu direla egiaztatzeko.
51. artikulua.– Batxilergo-titulua.
1.– Batxilergoa edozein modalitatetan behar bezala egiten duten ikasleek Batxilergoko titulua jasoko dute, eta titulu horrek lan- eta ikasketa-ondorioak izango ditu. Batxilergoko tituluak eskubidea emango du unibertsitate-ikasketetara, goi-mailako arte-ikasketetara, goi-mailako lanbide-heziketara, goi-mailako arte plastikoetako eta diseinuko ikasketetara eta goi-mailako kirol-ikasketetara sartzeko, baita lan-mundura ere.
2.– Batxilergoko titulua lortzeko, Batxilergoko bi mailetako ikasgai guztien ebaluazio positiboa jaso beharko da.
Salbuespenez, irakasle taldeak, etapa honetan ikasle bakoitzari jakintzagaiak ematen dizkioten irakasleek osatuta egongo delarik, erabaki dezake ikasle batek Batxilergoko titulua lortzea jakintzagai guztiak, bat izan ezik, gainditu baditu, betiere baldintza hauek guztiak betetzen badira gainera:
a) Irakasle taldeak uste izatea ikasleak titulu horri lotutako helburuak eta konpetentziak lortu dituela.
b) Ikasleak ikasgaian behin eta berriz eta justifikaziorik gabe huts egin ez izana. Hutsegite jarraitu eta justifikaziorik gabeko horren gehieneko iraupena ezin da izan dagokion ikasgaiaren ordu kopuruaren % 20 baino handiagoa.
c) Ikaslea proba guztietara aurkeztu izana eta bera ebaluatzeko behar diren jarduerak egin izana, ezohiko deialdikoak barne.
d) Etapako ikasgai guztietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa bost edo gehiago izatea. Kasu horretan, etaparen amaierako kalifikazioa kalkulatzeko, gainditu gabeko ikasgaian lortutako zenbakizko kalifikazioa hartu behar da kontuan.
3.– Batxilergoko titulua bakarra da, eta egindako modalitatea eta lortutako batez besteko kalifikazioa adierazita ematen da. Kalifikazio hori agindu honen 48.3 artikuluan ezarritako moduan kalkulatu behar da.
4.– Batxilergoko titulua beste ikasketa batzuen bidez lortzea.
a) Lanbide Heziketako teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortu ahal izango dute, modalitate orokorrean, ikasgai komunak gaindituz.
b) Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortu ahal izango dute Arteen modalitatean, ikasgai komunak gaindituz.
c) Musikako edo Dantzako ikasketa profesionalak gaindituta eduki eta ikasgai komunak gainditzen dituztenek ere Batxilergoko titulua lortu ahal izango dute Arteen modalitatean.
d) Ikasle horien Batxilergoko tituluan agertuko den kalifikazioa honako haztapen honetatik ondorioztatuko da: a) Batxilergoko ikasgai komunetan lortutako kalifikazioen batezbestekoaren % 60; b) titulua lortzeko bidea ematen duten ikasketetan lortutako batez besteko kalifikazioaren % 40 (ikasketa haiek antolatzeko hurrenez hurreneko dekretuetan edo errege-dekretuetan ezarritakoaren arabera kalkulatu behar da kalifikazio hori).
5.– Ikasleek Batxilergoko ikasketak egin eta gainditu dituzten ikastetxe publikoak egingo du proposamena Batxilergoko titulua lortzeko baldintzak betetzen dituztenek titulua jaso dezaten; edo, ikastetxe pribatua izanez gero, bera atxikita daukan ikastetxe publikoak egingo du proposamena. Ikastetxe publikoetako zuzendariek bermatuko dute proposamen horiek titulua lortzeko ezarritako betekizun akademikoak betetzen dituztela.
52. artikulua.– Ikasketen ziurtagiria.
1.– Batxilergoa ematen duten ikastetxeek noiznahi eman ahal izango dute egindako ikasketen ziurtagiria, interesdunek eskatuz gero. Bertan agertuko dira ikasleak ikasitako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak.
2.– Ikasketen ziurtagiri hori historia akademikoari dagokio. Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak berariaz ezarritako aplikazio informatikoaren bidez lortuko da historia akademikoa.
VII. KAPITULUA
OINARRIZKO HEZKUNTZAREN ETA BATXILERGOAREN ETAPETAKO EBALUAZIO-DOKUMENTUAK
53. artikulua.– Ebaluazio-dokumentuak Alderdi orokorrak.
1.– Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetako ebaluazio-dokumentu ofizialak hauek dira: espediente akademikoa, historia akademikoa, ikasturte-amaierako ebaluazio-aktak eta, hala badagokio, lekualdatzeagatik egindako txosten pertsonala (ikaslea maila amaitu gabe lekualdatzen denean egitekoa). Lehen Hezkuntzan, aurrekoez gain, etapa-amaierako banakako txostena ere ebaluazio-dokumentu ofiziala da.
2.– Ebaluazio-dokumentu ofizial horiekin batera, ziklo bukaerako txostena jasoko da Lehen Hezkuntzan eta ikasturte-amaierako banakako txostena eta etapa-amaierakoa jasoko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.
3.– Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoaren etapetako historia akademikoa eta, hala badagokio, lekualdatzeagatik egindako txosten pertsonala oinarrizko dokumentutzat hartzen dira Estatuko lurralde osoan ikasleen mugikortasuna berma dadin. Arlo edo ikasgai batzuetako ikasketak esparru batean integratuta egiten direnean, haietako bakoitzean lortutako kalifikazioa jaso behar da historia akademikoan. Oinarrizko Hezkuntzan, kalifikazio hori kasuan kasuko esparrurako espedientean agertzen den kalifikazio bera izango da.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoan, etapa horietako ebaluazio-dokumentuak modu digitalizatuan bete eta jasoko dira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak zehazten dituen aplikazio informatikoen bidez, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Administrazio elektronikoari buruz Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako araudiarekin.
5.– Halakorik dagoen bitartean, paper-formatuko ebaluazio-dokumentu ofizialak ikastetxeetan bete eta epemugarik gabe gorde behar dira. Zuzendariak bere sinaduraz ontzat emango ditu ebaluazio-dokumentu ofizial guztiak. Idazkari-eginkizunak betetzen dituen pertsona arduratuko da dokumentu horiek zaintzeaz eta eskatzen diren ziurtagiriak egiteaz. Ikastetxe publikoren bat ixten bada edo itunpeko ikastetxe pribatu bateko jarduerak bertan behera geratzen badira, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek emango dituzte ikastetxe iraungiak sortutako dokumentazioa artxibatu eta zaintzeko gidalerroak.
6.– Sinadura elektronikoa ezarri ahala, dokumentu horiek formatu elektronikoko dokumentu baliokideekin ordeztu ahal izango dira, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailaren jarraibideen arabera.
7.– Ikasturteko, zikloko eta etapako azken ebaluazioaren dokumentuak, kasuan kasukoak, eskuragarri egongo dira ikasleentzat eta bere guraso edo legezko tutoreentzako, ikasle adingabeen kasuan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak horretarako ezartzen duen aplikazio informatikoan.
8.– Zuzendaritza-taldeak bermatu behar du agindu honetan adierazitako ebaluazio-dokumentuak eskura izango dituztela bai ikasleek, bai gurasoek edo legezko tutoreek, ikasle adingabeen kasuan. Ikasleek edo haien legezko arduradunek ezin badute erabili aplikazio informatikoa, ikastetxeak dokumentuen kopia emango die.
9.– Hezkuntzako Ikuskaritzak gainbegiratu behar ditu ebaluazio-prozesua eta ebaluazio-dokumentuak betetzeko eta zaintzeko prozedura.
10.– Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batek beste bati lagatzeari eta datu horien segurtasunari eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen legedia beteko da, bai eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen dena ere.
54. artikulua.– Espediente akademikoa.
1.– Ikasleen eskolatzearen hasieran ikastetxeak espediente pertsonal bana egingo die, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak ezarritako aplikazio informatikoaren bitartez.
2.– Espediente akademikoan datu hauek sartuko dira: ikaslea ibili den ikastetxearen edo ikastetxeen identifikazio-datuak, ikaslearenak, haren ebaluazio-prozesuari buruzko informazioa, arlo, jakintzagai edo eremuetako ebaluazioaren emaitzak, mailaz igarotzeari edo titulua lortzeari buruzko erabakiak, hezkuntza-laguntzako neurriak, baimendutako curriculum-egokitzapenak eta malgutze-neurriak, eskolatzeari dagokionez interesa duten gainerako datuak, eta, titulurik eskuratzen ez duten ikasleentzat, beraien ziurtagiri digitalaren emate-data.
3.– Arlo edo jakintzagai batzuetako ikasketak eremu batean integratuta egin badira, espedientean, eremu horren izen eta kalifikazioarekin batera, berariaz adieraziko da zer jakintzagai integratu diren bertan eta, Batxilergoan, beraien kalifikazioa.
4.– Oinarrizko Hezkuntzan, ikasleak agindu honen 6. artikuluan aipatzen diren berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak baditu, halaxe agerraraziko da eginbide egokiaren bitartez. Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan baimendutako malgutze-neurriak ere agerraraziko dira.
5.– Halaber, irakasle taldeak egokitzat eta garrantzitsutzat jotzen dituen ohar guztiak erantsiko dira.
6.– Espediente akademikoak zaintzea eta artxibatzea ikasketak egin diren ikastetxearen zeregina da, eta espediente horiek Hezkuntzako Ikuskaritzaren eskura egongo dira.
55. artikulua.– Historia akademikoa.
1.– Historia akademikoa dokumentu ofiziala da, eta bertan jasotzen dira ikasleak etapa osoan lortu dituen ebaluazioen emaitzak eta haren aurrerapen akademikoari buruzko erabakiak. Dokumentu horrek egindako ikasketak egiaztatzeko balioa du.
2.– Historia akademikoa sortzeko, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak berariaz ezartzen duen aplikazio informatikoa erabiliko da. Etapa amaitzean, ikasleak berak edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko tutoreek historia akademikoa eskuratu ahal izango dute aplikazio horren bidez.
3.– Historia akademikoan jasoko dira ikaslearen identifikazio-datuak, eskolatze-urte bakoitzean zer arlo, jakintzagai eta eremutan egin dituen ikasketak, aplikatu diren curriculum- eta antolaketa-neurriak, ikasturte bakoitzeko ebaluazioan lortutako emaitzak, mailaz igarotzeko edo ez igarotzeko hartutako erabakiak eta horien datak, kasuan kasuko etapan sartzeko proposamenaren data eta ikastetxe-aldaketei buruzko informazioa.
4.– Oinarrizko Hezkuntzan honako hauek ere agertu behar dira: zein arlo, jakintzagai edo eremutan egin diren ikasketak curriculum-egokitzapen esanguratsuekin, horien curriculum-erreferentzia adierazita, eta zein arlo, jakintzagai edo eremu ez diren kalifikatu Jarduera Plan Pertsonalizatuaren barruan, hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak onartutako programa bati dagozkiolako. Kasu horretan, kalifikaziorik gabe zenbat denbora iraun duten adieraziko da.
5.– Historia akademikoak –ziurtagiri digitalak– curriculuma ezartzen duen arauaren erreferentzia eta dokumentua egiaztatzen duen egoitza elektronikoaren lokalizatzailea jasoko ditu. Historia akademikoko datuak 2015-2016 ikasturtea baino lehenagokoak badira, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren aplikazio informatikoetan sartuta ez badaude, historia akademikoak, paperezko ziurtagiriak, curriculumak ezartzen zuen arauaren erreferentzia izango du, ikaslea matrikulatu zen azken ikastetxeak egingo du, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izango du, adierazitako datuen benetakotasuna bermatuko duena. Batxilergoko etapan, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, atxikita dagoen ikastetxe publikoko zuzendariaren oniritzia ere izango du.
6.– Historia akademikoak modu telematikoan aldatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batetik bestera.
7.– Oinarrizko Hezkuntzako ikasle bat beste autonomia-erkidego bateko ikastetxe batera aldatzen denean ikasketak egiten jarraitzeko, jatorri-ikastetxeak historia akademikoa igorriko dio helburuko ikastetxeari, lehenbailehen, hark eskatuta. Maila amaitu gabe badago, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala ere igorriko da. Batxilergoan ikasleak berak eramango du bere historia akademikoa.
8.– Matrikulazioa behin betikoa izango da historia akademikoa jaso ostean. Ikaslea jasotzen duen ikastetxea historia akademikoa gordailutzeaz arduratuko da eta dagokion espediente akademikoa irekiko du, bertara pasatuko du jasotako informazio guztia, eta ikaslea sartuko den ikasle taldeko tutorearen esku jarriko du.
56. artikulua.– Ikasturte-amaierako ebaluazio-aktak.
1.– Ebaluazio-aktak maila bakoitzerako egingo dira. Ohiko eskolaldia amaitzen denean itxiko dira, eta ezohiko probaren deialdian, Batxilergoaren kasuan. Agindu honetan adierazitako ezaugarriak izango dituzte.
2.– Aktetan taldeko ikasleen izenen zerrenda jasoko da, hurrenkera alfabetikoan, maila bakoitzeko arlo, ikasgai edo esparruetako ebaluazioaren emaitzekin. Haiek adierazteko, espediente akademikoan erabilitako termino eta kode berak erabiliko dira.
3.– Aktetan jasoko dira, halaber, hurrengo mailara igarotzeari buruz hartutako erabakiak, Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko maila guztietan.
4.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako eta Batxilergoko bigarren mailako aktetan titulua lortzeari buruzko erabakia jasoko da hala dagokionean.
5.– Lehen Hezkuntzan, ikasturtearen amaieran, ziklo bakoitzeko gainditu gabeko arloen ebaluazio-akta osagarriak egingo dira. Beraz, Lehen Hezkuntzako bigarren eta laugarren mailetan egingo dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, kurtso bakoitzean gainditu gabeko jakintzagaien ebaluazio-akta osagarriak egingo dira ikastaldia amaitzean.
6.– Batxilergoan, gainditu gabeko ikasgaien kalifikazioa bigarren mailako aktetan jasoko da, ohikoetan edo ezohikoetan, kasuaren arabera.
7.– Irakasle guztiek eta tutoreak taldeko aktan jaso diren kalifikazio guztiak egiaztatu behar dituzte, tutoreak akta behin-behinean itxi baino lehen. Zuzendariari dagokio talde bakoitzeko akta behin betiko ixtea.
8.– Ikasturte amaierako ebaluazio-aktek, Lehen Hezkuntzan, tutoreak sinatuko ditu, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, taldeko irakasle guztiek sinatuko dituzte eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izango dute.
9.– Aurreko apartatuetan aipatzen diren ebaluazio-aktetan jasotako emaitzak dagozkien espediente eta historia akademikoetan agertuko dira automatikoki.
10.– Ikastetxeei dagokie aktak zaintzea eta artxibatzea, Hezkuntzako Ikuskaritzak ontzat eman ondoren, eta akten tratamendu elektronikoa, halakorik bada, zehazten den prozeduraren bidez egingo da, baina horrek ez dakar ikastetxe horien ahalmenen subrogaziorik.
57. artikulua.– Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.
1.– Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala da ikasleek ikasteko prozesuarekin jarraitzeko behar duten informazioa jasoko duen dokumentua, etapa amaitu gabe beste ikastetxe batera aldatzen denean. Bertan elementu hauek jarriko dira:
a) Egindako ebaluazioen emaitza partzialak.
b) Indartzeko eta jarraipena egiteko hezkuntza-neurri osagarrien aplikazioa, halakorik izan bada, bai eta egindako curriculum-egokitzapenak ere.
c) Ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak.
2.– Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala tutoreak bete eta sinatuko du, ikastetxeko zuzendariak ontzat emanda, arlo, jakintzagai edo eremuetako irakasleek emandako datuetatik abiatuta, jatorri-ikastetxean eskaera jaso eta hamar laneguneko epean, gehienez eta helmugako ikastetxera bidaliko da.
58. artikulua.– Ikasturte-amaierako ebaluazio-txostena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.
1.– Tutoreak, taldeko irakasle taldeak aholkatuta, azken ebaluazioaren ondoren ikasturte-amaierako txostena egingo du.
2.– Txosten horretan ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren emaitza azalduko da, dagozkion konpetentzien bilakaera eta arlo, jakintzagai edo eremuetako ebaluazio konpetentziala, konpetentzia espezifikoetan lortutako eskuratze-maila ponderatuan oinarrituta, eta kalifikazioak. Behar denean, hurrengo ikasturterako hezkuntza-errefortzuko neurrien proposamenak eta gomendioak ere jasoko dira, halakorik aurreikusi bada jarduketa-plan pertsonalizatuan.
3.– Txosten horretan jasoko da mailaz igarotzeari buruzko erabakia.
59. artikulua.– Ziklo-amaierako ebaluazio-txostena Lehen Hezkuntzan.
1.– Tutoreak, taldeko irakasle taldearen eta ikastetxeko kontsultorearen aholkua duela, Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan, ziklo-amaierako txostena egingo du.
2.– Txosten horretan ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren emaitza azalduko da, dagozkion konpetentzien bilakaera eta arlo, edo eremuetako ebaluazio konpetentziala, konpetentzia espezifikoetan lortutako eskuratze-maila ponderatuan oinarrituta, kalifikazioak eta promozio-erabakia jasoko dira. Behar denean, hurrengo ikasturterako hezkuntza-errefortzuko neurrien proposamenak eta gomendioak ere jasoko dira, halakorik aurreikusi bada jarduketa-plan pertsonalizatuan.
3.– Hirugarren zikloan txosten hori etapa-amaierako txostenarekin ordeztu ahal izango da.
60. artikulua.– Etapa-amaierako ebaluazio-txostena.
1.– Tutoreak, taldeko irakasle taldearen eta ikastetxeko aholkulariaren edo orientatzailearen aholkua duela, etapa-amaierako txostena egingo du.
2.– Txosten horretan ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren emaitza azalduko da, eta arlo, jakintzagai edo eremuetako kalifikazioak, mailaz eta etapaz igarotzeari edo titulua lortzeari buruzko erabakia eta funtsezko konpetentzien eskuratze-maila. Behar denean, hurrengo etaparako hezkuntza-errefortzuko neurrien proposamenak eta gomendioak ere jasoko dira, halakorik aurreikusi bada Jarduera Plan Pertsonalizatuan.
3.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, laugarren mailako orientazio-aholkua ere erantsiko da dokumentu horretan.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hezkuntzako ikuskaritzak gainbegiratzea.
Hezkuntzako Ikuskaritzari dagokio ebaluazio-prozesuaren garapenean aholku ematea eta prozesua gainbegiratzea, bai eta hura hobetzeko neurriak proposatzea ere. Horretarako, ikastetxeetara eginiko bisitetan, ikuskariak zuzendaritza-taldearekin, irakasleekin eta ebaluazioaren gainerako arduradunekin bilduko dira, eta atentzio berezia emango diote ikasleen ebaluazioaren emaitzak baloratu eta aztertzeari eta agindu honetan xedatutakoa betetzeari. Ikasleen azken ebaluazioaren emaitzak erabiliko dira horretarako.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurreko ikasketa-planetik datozen ikasleak batxilergoaren antolamendu berrian sartzea.
1.– Lehenengo mailako ikasketak azkentzen den sisteman egin dituen ikasle bat, ikasgairen bat gainditu gabe daukala, sistema berriko bigarren mailara igarotzen bada modalitate beraren barruan, lehenengo mailan gainditu gabe dauzkan ikasgai horiek soilik errekuperatu beharko ditu.
2.– Batxilergoko bigarren mailako ikasketak azkentzen den sisteman egin dituen ikasle batek maila osoa ez errepikatzea aukeratzen badu, bigarren mailan kalifikazio negatiboa izan duten ikasgaiak errekuperatu beharko ditu, bai eta lehenengo mailan kalifikazio negatiboa izan duten ikasgaiak ere, halakorik bada.
3.– Azkentzen den sistemako ikasgairen bat gainditu gabe daukatenek sistema berrian ikasgai horren parekoa ikasi eta gainditu beharko dute, martxoaren 28ko 205/2023 Errege Dekretuaren II. eranskinean agertzen den moduan. Dekretu horrek ikasketa-plan batetik bestera igarotzeko neurriak ezartzen ditu, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz.
4.– Ondorio guztietarako, aurreko apartatuetan hau hartu behar da kontuan: 2022-2023ko ikasturtearen aurretik, Batxilergoko lehen mailaren kasuan, edo 2023-2024ko ikasturtearen aurretik, bigarren mailaren kasuan, Zientzien modalitateko ikasketak egiten ari ziren ikasleei, 2023-2024ko ikasturtetik aurrera Zientzien eta Teknologiaren modalitate berria egokituko zaie.
5.– Ikasleren batek gainditu gabe badauka «Artearen Oinarriak I», «Ikus-entzunezko Kultura II» edo antolamendu berrian sartu ez den ikasgai espezifikoren bat, eta martxoaren 28ko 205/2023 Errege Dekretuaren II. eranskinean ez bada ikasgai horren parekorik ezarri (dekretu horrek ikasketa-plan batetik bestera igarotzeko neurriak ezartzen ditu, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz), egiten ari den modalitateko beste batez ordeztuko du ikasgai hori, ikastetxean eskaintzen diren ikasgaien artetik aukeratutako batez, alegia.
6.– Xedapen iragankor honetan azaldutako horietako egoeraren batean daudenei, etapa amaitzen dutenean, Batxilergoko titulua emango zaie, egin duten modalitatea eta lortu duten batez besteko kalifikazioa adierazita. Batez besteko kalifikazioa kalkulatzeko, modalitate horretan ikasi diren eta titulua lortzeko behar diren ikasgai guztien kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa egingo da, ehundarrera biribilduta.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.
Indargabetuta eta ondorerik gabe geratzen dira, hurrenez hurren, agindu eta ebazpen hauek:
a) 1993ko maiatzaren 5eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Haur Hezkuntzan ebaluazioa arautzen duena.
b) 2008ko uztailaren 7ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Oinarrizko Hezkuntzan ikasleen ebaluazioa arautzen duena.
c) 2010eko uztailaren 26ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Batxilergoaren antolamendua eta ebaluazio-prozesua arautzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ikasketen antolamenduaren arloko eskumena duen zuzendariari ahalmena ematen zaio agindu honen edukia garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 22a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.