21. zk., 2024ko urtarrilaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (124 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
481
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 8koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen Akordioa, 2023ko abenduaren 28koa. Akordio hori lege honen arlokoa da: 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babestekoa.
Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako akordioa lortuta, eta artikulu horren c) letran ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordioa, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legearen gainekoa. Ebazpen honen eranskinean jaso da Akordioa.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 8a.
Araubide Juridikoaren sailburuordea,
SABINO TORRE DÍEZ.
ERANSKINA
AKORDIOA, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearena, honako lege honen arlokoa: Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legea.
Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordeak akordio hau onartu du:
I.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordioa betetzeko xedez sortutako lantaldeak aurretik egindako negoziazioekin bat, Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legearen 9., 10., 11., 18., 20., 22.1, 23.1.g), 23.1.l), 24.2.g), 27.i), 40., 53., 55., 61., 62-65, 69-81. artikuluak eta azken xedapenetako bosgarrena direla-eta azaldu diren desadostasunak aztertzeko eta konponbide-proposamenak egiteko helburua izanik, bi aldeek desadostasun horiek konpondutzat jo dituzte, konpromiso eta kontsiderazio hauen arabera:
Estatuko Administrazio Orokorrak arau-xedapen bat sustatuko du alderdi hauek ezartzeko:
a) 9., 10., 11., 53., 55., 61. artikuluekin eta azken xedapenetatik bosgarrenarekin lotuta, oinarrizko legegileak erregistroak arautzeari dagokionez, Konstituzio Auzitegiak ezarritako irizpideak errespetatuko dira, hau da, estatu osorako erregistro bakarra sortuko da, datuen zentralizazioa bermatuko duena informazio eta publikotasun ondorioetarako, eta ez dira sartuko betearazpen-eskumenak, besteak beste inskripzio- eta baimen-proposamenei edo ezeztatze- eta errebokatze-proposamenei dagozkienak (denen erakusgarri, KAE 76/2018, 8.OJ). Ildo horretatik, argi eta garbi ezarriko du agindu horietan aipatzen diren erregistroak autonomia-erkidegoen titulartasun eta kudeaketa osokoak izango direla, beren betearazpen-eskumenen esparruan. Erregistro horiek gutxieneko datu batzuk igorriko dizkiote sistema zentralari, estatistikarako eta elkarreragingarritasunerako.
b) 18., 22.1, 23.1.g), 23.1.l), 24.2.g), 27.i), 40. artikuluei eta IV. tituluari dagokienez (62-65 artikuluak), horietan ezarritako aurreikuspenak izaera orientatzailea eta programatikoa dutela ezarriko da. Hortaz, lotesleak izango dira bakarrik autonomia-erkidegoko legeriak kasu bakoitzean hala ezartzen duenean eta bertan zehazten den moduan.
c) VI. tituluko 69.etik 81.era bitarteko artikuluei dagokienez, beharrezkoak diren arau-zehaztapenak ezarriko dira zehapen-araubidea aurreko b) letran adostutakora egokitzeko.
d) 20.2 artikuluari dagokionez, autonomia-erkidegoetako Polizia eta Udaltzaingo Kidegoei dagozkien jarduketetan, aplikatzekoa zaien araudian xedatutakoa bete beharko da.
II.– Lortutako akordioa dela eta, bi alderdiak bat datoz: adierazitako desadostasunak konpondutzat jotzen dituzte, eta planteatutako eztabaida amaitutzat jotzen dute.
III.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraziko zaio, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eta «Estatuko Aldizkari Ofizialean» eta «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratuko da.
Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroa,
ÁNGEL VÍCTOR TORRES PÉREZ.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.