18. zk., 2024ko urtarrilaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 3 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
372
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 8koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Urola trenbideko Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
2023ko azaroaren 15eko ebazpenaren bidez, «Urola trenbideko Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2023ko abenduaren 4an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (231. zk.).
2023ko martxoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, garai bateko Urola (Zestoa) trenbidean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bat egiteko asmoz, Iraeta eta Arroa tunelak barne izanik.
Honako jarduketa bereizi hauek bereizten dira:
1.– Urola (Zestoa) trenbide zaharraren plataformaren zatia, Iraeta eta Arroa tunelak kenduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak egokituko duena.
2.– Iraeta eta Arroako tunelak; tunel horiek egokitzeaz Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa arduratuko da zuzenean, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzeko.
3.– Bai aipatutako trenbide-plataformaren zatia, bai Iraetako eta Arroako tunelak Gipuzkoako Foru Aldundiari lagako zaizkio, doako administrazio-emakida bidez, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu birsortua onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren eta Euskadiko Ondarearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 3ko 143/2023 Dekretuaren arabera, bizikleta eta oinezkoentzako bidearen erabilera eraginkorra egiteko.
Horrela, eraikuntza-proiektu honen xedea Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta egokitzeko obrak definitzea dira, trenbide-tunel baten egiturazko diseinuaren baldintzak kontuan hartuta, eta, hala badagokio, geroago Gipuzkoako Foru Aldundiak egokituko ditu, bizikleta eta oinezkoen bide gisa erabiltzeko.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Urola trenbideko Iraeta eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko proiektua» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia-San Sebastián kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Zestoako udaletxeko iragarki taulan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 8a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.