18. zk., 2024ko urtarrilaren 24a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 16 orri.)
- EPUB (239 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
370
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuei buruzko informazioari, ebaluazioari eta kontrolari buruzkoa.
Istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeari dagokion legeriak aldaketa garrantzitsuak izan ditu azken urteetan. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko uztailaren 4ko 2012/18 (EB) Zuzentarauaren bidez –istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeari buruzkoa– aldatu zen eta, gerora, indargabetu 96/82 (EE) Zuzentaraua. Bada, 2012/18 (EB) Zuzentarauaren Europako arau horren barne-antolamendu juridikorako transposizioa irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren bidez –istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzeari buruzkoa– egin zen.
Aipatutako arauak guztiz operatibo direla bermatzeko, beharrezkoa da arlo horretako EAEko antolamendu juridikoa eguneratzea. Horixe da, hain zuzen, agindu hau onartzeko arrazoi nagusia; beronen bidez, agindu hauek ordezkatu nahi dira: 2006ko ekainaren 15eko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien prebentzioarekin zerikusia duten dokumentazioari, ebaluazioari eta ikuskatzeei buruzkoa, eta 2007ko martxoaren 14koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, zeinaren bidez aurrekoa aldatu baitzen.
Autonomia-erkidegoko araubidea berriztatzeko lan hori dela eta, zenbait alderdiren araubidean hobekuntzak egiteko aukera hauteman da, bai eta alderdi jakin batzuk era sakonagoan garatzekoa ere, xedapen horiek ukitzen dituzten interesen mesedetan.
Berrikuntza azpimarragarrien artean, aipatzekoa da segurtasun-txostenen ebaluazioaren antolaketa berria. Izan ere, aurrerantzean, administrazioaren eskumena izango da hori, ezertan eragotzi gabe, hark egoki baderitzo, eragile kolaboratzaileei laguntza edo aholkularitza eskatzea.
Agindu honek atal hauek ditu: 29 artikulu, lau kapitulu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bakarra eta azken xedapen bakarra. Indarrean den antolamendu juridikoak organo honi ematen dizkion eskumenak erabiliz onartzen da. Otsailaren 20ko 34/2001 Dekretuak, istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurrien gain eskumena daukaten autonomia-erkidegoko organoak zehazten dituenak, gaur egun Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila denari, industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren bitartez, arau honetan zehazten diren alderdi ugariz arduratzeko eskumena ematen dio.
Xedapen honek aurrea hartu nahi die eta mugak jarri nahi dizkie industria-jarduketatik edo industria-instalazio, -ekipamendu edo -produktuen erabilera, funtzionamendu eta mantentze-lanetatik eratorritako arriskuei, eta babesa eskaini nahi du pertsonei edo ondasunei kalteak edo galerak eragin diezazkieketen istripuen aurka. Ondorioz, xedapen hau industria-segurtasuneko araubidetzat har daiteke. Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriako azaroaren 12ko 8/2004 Legearen 11. artikuluak zehazten du «istripu larriei aurrea hartzea» dela industria-segurtasunaren arloko sektore-araubideetako eremu propioetako bat. Aipatutako 8/2004 Legearekiko zubi-lana egiten du Industria-segurtasunari buruzko 81/2020 Dekretuak; horregatik, horren erregelamendu-garapena egiten du agindu honek.
Horrenbestez, Jaurlaritzaren Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 61. artikuluan, azaroaren 12ko 8/2004 Legearen azken xedapenetako bigarrenean eta istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriei dagokienez Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak zehazten dituen otsailaren 20ko 34/2001 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea hau da: istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituen irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuak ezarritako esparruaren barruan, arlo horrekin lotutako informazioaren, ebaluazioaren eta kontrolaren araubidea zehaztea.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikatuko zaie 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden establezimenduei.
3. artikulua.– Definizioak.
Beste zerbait berariaz xedatzen ez den bitartean, agindu honetan aurreikusitakoari dagokionez, 840/2015 Errege Dekretuan zehaztutako definizioei jarraituko zaie.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidezko harremana.
1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera gauzatzen de edozein prozeduratan interesa dutenak behartuta daude organo eskudunarekin baliabide elektronikoen bidez izatera harremana.
2.– Industria-segurtasuneko administrazioak, efikazia- eta efizientzia-printzipioen arabera, zenbait dokumentu eta datu aurkezteko araubide bereziak ezar ditzake. Dokumentu eta datu horiek ez dira aurkeztutzat hartuko beste bide batzuetatik aurkezten badira.
5. artikulua.– Organo eskuduna.
Agindu honetan aurreikusitakoari jarraituz bideratzen diren prozedurak hasteko eta ebazteko organo eskuduna hau izango da: industria-segurtasunaren arloan eskumena duen sailaren organo periferikoa, lurraldearen arabera dagokiona. Horri dagokionez, establezimendua dagoen lurraldeko organo periferikoak izango du eskumena.
Organo horrek eskumena izango du, halaber, honako hauetaz arduratzeko: jakinarazpenez, horien eguneraketez eta agindu honetan xedatutakoaren arabera industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoan aurkeztu beharko litzatekeen beste edozein dokumentazio edo informazioz.
2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste sail bateko organoekin harremana duten eginkizun guztiak betetzeko eskumena duen organoa.
6. artikulua.– Sailarteko lankidetza.
Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzak lankidetza sustatuko du substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larriak prebenitzeko eginkizunak esleituta dituzten gainerako organoekin, beharrezkotzat jotzen den guztian.
II. KAPITULUA
INFORMAZIOA
7. artikulua.– Informazioaren eskakizunak eta ezaugarriak.
1.– Agindu hau aplikatuz organo eskudunari jakinarazten zaion informazioak egiazkoa, osoa eta argia izan beharko du, eta une oro eguneratuta egon beharko du.
2.– Industrialariek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, beren establezimenduetan gerta daitezkeen aldaketen arabera edukitzeko eta egokitzeko istripu larrien prebentzioaren arloan eskatutako dokumentazioa.
8. artikulua.– Establezimendu berriak.
1.– Agindu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, establezimendu berritzat hartuko dira agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera abian jartzen edo eraikitzen direnak.
Halaber, berritzat joko dira, arau-aldaketen, instalazioen edo jardueren aldaketen edo substantzia arriskutsuen inbentarioaren aldaketen ondorioz, agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren establezimendu operatiboak.
2.– Establezimendua ustiatzen edo eraikitzen hasi baino bederatzi hilabete lehenago, 840/2015 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako edukia duen jakinarazpena bidali beharko dio industrialariak organo eskudunari.
Aurreko apartatuko bigarren paragrafoaren arabera berritzat jotzen diren establezimenduen kasuan, establezimendu horiek agindu honen aplikazio-eremuan sartu baino bederatzi hilabete lehenago aurkeztu beharko da jakinarazpena.
Apartatu honetan aurreikusitako jakinarazpena agindu honen I. eranskinean jasotako ereduan egin beharko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako jakinarazpenarekin batera, agindu honen 12. eta 13. artikuluetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
4.– Aipatutako dokumentazioaz gain, industrialariak jarduera zehazki noiz hasiko den jakiten duenean, jakinarazpen bat bidali beharko dio organo eskudunari, data hori adierazteko.
5.– Establezimenduak ustiatzen edo eraikitzen hasi eta hurrengo sei hilabeteen barruan, industrialariek kontrol-erakunde baten ikuskapen-txosten bat aurkeztu beharko diote organo eskudunari, bat etorriz agindu honen IV. kapituluan adierazitakoarekin.
1. apartatuaren bigarren paragrafoaren arabera berritzat jotzen diren establezimenduei dagokienez, sei hilabeteko epe hori zehazteko, kontuan hartuko da establezimendu horiek 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan sartu diren data, baldin eta, betiere, indarreko araudiak bestelako epe edo zenbaketa bat ezartzen ez badu.
9. artikulua.– Aldaketa garrantzitsuak.
1.– Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira 840/2015 Errege Dekretuaren 11.3 artikuluan jasotako kasuak, eta, gainera, lantokiko antolamenduan edo biltegiratze-motan egindako aldaketak.
2.– Aldaketa garrantzitsuak egiten diren kasuetan, agindu honen I. eranskinari jarraituz, jakinarazpen eguneratua aurkeztu beharko diote industrialariek organo eskudunari.
3.– Aldaketa garrantzitsuak egiten diren kasuetan, industrialariak inguruabar berrietara eguneratu beharko ditu, dagokionean dagokiona, segurtasun-txostena eta barneko larrialdietarako edo autobabeserako plana; gainera, organo eskudunari aurkeztu beharko dio aldaketaren ondoriozko eragin-mailari dagokion dokumentazioa, 12. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz.
Apartatu honetan zehaztutakoa betez jakinarazpenarekin batera aurkezten den dokumentazioan, aldatu diren alderdiak jaso beharko dira, eta argi eta garbi adierazi beharko da aurkeztutako dokumentazioaren zein alderdiri eragiten dioten aldaketek.
5.– Behin aldaketa operatibo egonda, kontrol-erakunde batek ikuskatuko du establezimendua, alderdi hauek egiaztatzeko: aldaketa egin dela, establezimenduan sortu duen eragina zer mailatakoa den eta horren arabera araudiaren aldetik aplikatzekoak diren neurriak betetzen direla. Atal honetan aipatzen den ikuskapenaren ondoriozko txostena hurrengo atalean aurreikusitakoaren arabera dagokion epean aurkeztu beharko da.
5.– Aldaketa garrantzitsuak establezimenduan sortu duen eragin-mailaren arabera, honako epe hauei begiratuko zaie artikulu honetan zehaztutako dokumentazioa aurkezteko:
a) Aldaketa garrantzitsuaren ondoren, establezimendua maila handiagokoa bada, jakinarazpen eguneratua eta 3. apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dira aldaketa egitea aurreikusten den eguna baino bederatzi hilabete lehenago, gutxienez. Aldaketa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean aurkeztu beharko da kontrol-erakundearen txostena.
b) Aldaketa garrantzitsuaren ondoren, establezimendua maila txikiagokoa bada, jakinarazpen eguneratua eta 3. apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dira aldaketa aurreikusten den eguna baino hilabete lehenago, gutxienez. Aldaketa egin, eta hilabete gabe aurkeztu beharko da kontrol-erakundearen txostena.
6.– Aipatutako dokumentazioaz gain, aldatutako zatia edo zatiak zein noiztik aurrera erabili ahalko diren jakiten duenean, industrialariak jakinarazpen bat bidali beharko dio organo eskudunari, data hori adierazteko.
10. artikulua.– Aldaketa ez-garrantzitsuak.
1.– Aldaketa ez-garrantzitsutzat hartuko dira 840/2015 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluko a) eta d) apartatuetan definitutako kasuak, non eta aldaketa garrantzitsuen izaera ez duten.
2.– Industrialariak Administrazioari jakinarazi beharko dizkio establezimenduari eragingo dioten aldaketa ez-garrantzitsuak, aldaketa horiek egingo direla aurreikusten den eguna baino bi hilabete lehenago, gutxienez.
Garrantzitsua ez den aldaketa bat egin dela aurretiaz jakinarazi ondoren, Administrazioak ikusten badu aldaketa hori garrantzitsua izan daitekeela aurreko artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, industrialariari eskatuko dio artikulu horretan jasotako neurriak betetzeko.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskakizuna dagokion ebazpen arrazoituaren bidez formulatu beharko da. Ebazpen horretan zehaztu beharko da eguneratze horrek zer-nolako garrantzia duen istripu posible baten ondorioak aurreikusteko orduan.
3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ezertan eragotzi gabe, aldaketa ez-garrantzitsuen kasuan industrialariak eguneratu egin beharko du aurkeztutako azken jakinarazpena.
Jakinarazpen hori, gutxienez, aldaketa aurreikusten den eguna baino hilabete lehenago eguneratu beharko da.
4.– Aurreko paragrafoan jasotako kasuetan ez ezik, jakinarazpena eguneratzeko eskatu ahal izango da, eta, hala badagokio, baita aldez aurretik aurkeztutako dokumentazioa ere, baldin eta goi-mailako establezimenduek 840/2015 Errege Dekretuaren 7.4.d) artikuluan aurreikusitakoez beste aldaketa batzuk badituzte, organo eskudunaren iritziz hori egitea eskatzen dutenak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskakizuna dagokion ebazpen arrazoituaren bidez formulatu beharko da. Ebazpen horretan zehaztu beharko da eguneratze horrek zer-nolako garrantzia duen istripu posible baten ondorioak aurreikusteko orduan.
5.– Aipatutako dokumentazioaz gain, aldatutako zatia edo zatiak zein noiztik aurrera erabili ahalko diren jakiten duenean, industrialariak jakinarazpen bat bidali beharko dio organo eskudunari, data hori adierazteko.
11. artikulua.– Establezimendu batek jarduera etetea.
1.– Establezimendu batek jarduera etenez gero, industrialariak Administrazioari jakinarazi beharko dio hori, gutxienez II. eranskinean adierazitako datuak jasotzen dituen jakinarazpen baten bidez.
Honako kasu hauetan erabakiko da establezimendu batek jarduera eten duela:
a) Establezimendu bat behin betiko ixtea edo eraistea.
b) Establezimendua, gerora sortutako arrazoiengatik, agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen bada, kausa hauek direla eta: substantzia baten kopuruak gutxitzearen edo 840/2015 Errege Dekretuaren I. eranskinean adierazitako kategorien multzo berekoak diren substantzia batzuen batura haztatua gutxitzearen ondorioz, edo aplikazio-eremutik kanpo geratzea eragiten duen arau-aldaketa baten ondorioz.
Administrazioan aurkezten den jakinarazpenean, jarduera etetea eragin duen kasua zein den zehaztu beharko da.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako betebeharra gutxienez jarduera utziko dela aurreikusten den eguna baino hilabete lehenago bete beharko da.
3.– 1. apartatuan aipatutako jakinarazpenaz gain, industrialariak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du Administrazioan, jarduera etetea eragin duen kasua gertatzen denetik hilabeteko epean:
a) Establezimendua behin betiko ixten edo eraisten den kasuetan, istripu larriei buruzko araudia betetzeko arrazoi izango zatekeen arriskua desagertu dela egiaztatzen duten agiriak, bai eta sektore-araubideak eska zezakeen beste edozein agiri ere.
b) Jarduera eteteko arrazoia establezimendua agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen den kasuan, kontrol-erakundearen txostena, egiaztatzen duena artikulu honen 1. apartatuko b) apartatuan zehazten diren inguruabarrak gertatzen direla, eta, ondorioz, establezimendua agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dela. Txosten hori ez da eskatuko, baldin eta araudi-aldaketa baten ondorioz geratzen bada aplikazio-eremutik kanpo.
12. artikulua.– Goi-mailako establezimenduei eskatzen zaien dokumentazioa.
1.– Goi-mailako establezimenduetako industrialariak behartuta daude aurkeztera, jakinarazpenarekin batera, segurtasunari buruzko txosten bat eta barne-larrialdietako plan bat.
2.– Segurtasun-txostenak 840/2015 Errege Dekretuaren 10.1 artikuluko alderdiak bete behar ditu, eta, gutxienez, irailaren 19ko 1196/2003 Errege Dekretuak edo berau ordezten duen xedapenak onartutako babes zibileko oinarrizko gidalerroaren laugarren apartatuan zehazten den informazioa bildu beharko du; oinarrizko gidalerro hori gai arriskutsuak tarteko diren istripu larriak gertatzeko arriskuari aurre egiteko kontrol eta antolamendurako babes zibilari buruzkoa da.
3.– Segurtasun-txosteneko arriskuaren analisi kuantitatiboa egingo da, % 1eko hilgarritasun-atalaseak establezimenduaren mugak gainditzen baditu eta elementu kalteberaren bati eragin badiezaioke. Arriskuen analisi kuantitatiboa egiten ez bada aurreko inguruabarretako bat ez dagoelako, industrialariak agirien bidez justifikatu beharko du ez dela arriskuen analisi kuantitatiborik egin behar.
Apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, elementu kaltebera izango da kaltebera edo kasu berezi gisa defini daitekeena, indarrean dauden aurreikuspenen eta organo eskudunak horri buruz eman ditzakeen gida edo gidalerroen arabera.
4.– Era berean, arrisku-analisi kuantitatibo bat aurkeztu beharko da organo eskudunak hala eskatzen duenean, betiere behar den moduan motibatutako arrazoiak badaude. Ondorio horietarako, aintzat hartuko dira inguruaren eta prozesuen inguruabar espezifikoak, instalazioenak eta parte hartzen duten gai arriskutsuenak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskakizuna dagokion ebazpen arrazoituaren bidez formulatu beharko da. Ebazpen horretan zehaztu beharko da arrisku-analisi kuantitatiboa aurkezteak zer-nolako garrantzia duen istripu posible baten ondorioak aurreikusteko orduan.
5.– Barne-larrialdietako plana honako xedapen hauetan edo xedapen horiek ordezten dituztenetan zehaztutakoari jarraituz egingo da:
a) substantzia arriskutsuekin lotutako istripu larrien arriskua kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko oinarrizko gidalerroaren –irailaren 19ko 1196/2003 Errege Dekretuan onartua– hirugarren apartatua;
b) 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu zehatz batzuei eskatuko zaizkien autobabeserako beharrak arautzen dituena (otsailaren 12ko 21/2019 Dekretuak egindako aldaketaren arabera), eta
c) 393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi-egoerak sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten zentroen, establezimenduen edota bulegoen autobabeserako oinarrizko araua onartzen duena.
13. artikulua.– Behe-mailako establezimenduei eskatzen zaien dokumentazioa.
1.– Behe-mailako establezimenduetako industrialariak behartuta daude aurkeztera, gai arriskutsuen jakinarazpenarekin batera, barne-larrialdietako plan bat.
2.– Barne-larrialdietako plana honako xedapen hauetan edo xedapen horiek ordezten dituztenetan zehaztutakoari jarraituz egingo da:
a) substantzia arriskutsuekin lotutako istripu larrien arriskua kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko oinarrizko gidalerroaren –irailaren 19ko 1196/2003 Errege Dekretuan onartua– hirugarren apartatua;
b) 277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu zehatz batzuei eskatuko zaizkien autobabeserako beharrak arautzen dituena (otsailaren 12ko 21/2019 Dekretuak egindako aldaketaren arabera), eta
c) 393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi-egoerak sor ditzaketen jarduerak egiten dituzten zentroen, establezimenduen edota bulegoen autobabeserako oinarrizko araua onartzen duena.
3.– Halaber, behe-mailako establezimenduetako industrialariek 840/2015 Errege Dekretuaren 10.9 artikuluan aipatutako informazioa aurkeztu beharko diote organo eskudunari, hark hala eskatzen duenean, bai eta erregelamendu bidez aurreikusitako beste edozein dokumentu edo informazio ere.
14. artikulua.– Dokumentazioa berrikustea.
1.– Industrialariek dokumentazioa arretaz berrikusi beharko dute, organo eskudunak une oro informazio eguneratua duela ziurtatzeko.
2.– Industrialariek, betiere, agindu honetan, 840/2015 Errege Dekretuan edo sektorean indarrean den gainerako araudian aurreikusitako kasuetan eta maiztasunarekin berrikusi beharko dute dokumentazioa.
3.– Dokumentazioa berrikusi behar denean, industrialariak dokumentuen edizio berriak egin beharko ditu, hartara, egon daitezkeen aldaketak jasota uzteko.
III. KAPITULUA
EBALUAZIOA
15. artikulua.– Ebaluazioaren xedea.
1.– Segurtasun-txostenak 840/2015 Errege Dekretuaren 10.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera ebaluatu beharko dira.
2.– Segurtasun-txostenez gain, goi-mailako establezimenduen jakinarazpenak eta barne-larrialdietako planak edo autobabesekoak ere ebaluatu beharko dira.
16. artikulua.– Ebaluatu beharrekoak.
Ebaluazioan, alderdi hauek egiaztatu beharko dira:
a) Jakinarazpena 840/2015 Errege Dekretuaren arabera egin den, eta, bertan, Substantzien eta nahasketen sailkapenari, etiketatzeari eta ontziratzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko abenduaren 16ko 1272/2008 (EE) Erregelamenduaren arabera egin den substantzien sailkapena.
b) Segurtasun-txostena 840/2015 Errege Dekretuan eta 1196/2003 Errege Dekretuak onartu zuen Istripu larrietan gai arriskutsuak tarteko direnean sortzen diren arriskuak kontrolatzeko eta planifikatzeko babes zibileko oinarrizko gidalerroan aurreikusitakoaren arabera egin den.
c) Barne-larrialdietako plana agindu honen 11.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera egin den.
d) Dokumentazioa egokia den eta koherentzia dagoen segurtasun-txosteneko dokumentu guztietan jasotako informazioaren artean, bai eta jakinarazpenean eta barne-larrialdietarako edo autobabeserako planean jasotakoaren artean ere.
17. artikulua.– Ebaluatzeko prozedura.
1.– Ebaluatzeko prozedura organo eskudunaren erabakiz hasiko da. Aldez aurretik, interesdunak honako hauek aurkeztu beharko ditu: agindu honen 15. artikuluan zehazten den dokumentazioa eta zerga-legeriaren arabera dagokion tasa ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.
2.– Ebaluazioaren emaitza ebaluazio-irizpen batean jasoko da, agindu honen 18. artikuluan ezarritakoa betez.
3.– Ebaluazio-prozedura organo eskudunaren ebazpenaren bidez –agindu honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera emana– amaituko da.
4.– Sei hilabetekoa izango da artikulu honetan zehaztutakoari jarraituz hasitako prozeduren ebazpenerako gehienezko epea; behin horiek igarota, iraungita geratuko dira prozedurak.
Ebaluazio-prozedura iraungitzeak organo eskuduna ez du salbuetsiko dagokion ebaluazio-irizpena emateko betebeharretik; era berean, ez du eragotziko, artikulu honen 3. apartatuan aipatzen den ebazpena emateko helburuarekin bakarrik, beste prozedura bat hastea.
5.– Ebaluazio-prozedurak bideratzerakoan, industrialariaren betebeharra izango da organo eskudunarekin era aktiboan lankidetzan aritzea.
6.– Ebaluazio-prozedurak izapidetzen ari diren bitartean egin behar diren zuzenketa-errekerimenduek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.1 artikuluan aurreikusitakoa baino epe luzeagoa eman ahalko dute, baldin eta horretarako arrazoi justifikatuak badaude.
18. artikulua.– Ebaluazio-irizpena.
1.– Ebaluazio-irizpena nahitaezko txostena izango da, eta ebaluazioaren emaitza jasoko du; azken horrek industrialariak aurkeztutako segurtasun-txostenaren gaineko adostasuna edo adostasun eza adieraziko du, bai eta aurkeztutako gainerako dokumentazioaren gainekoa ere.
2.– Ebaluazio-irizpenari ezingo zaio errekurtsorik jarri; horrek ez du ezertan eragozten, bide administratibo eta judizialaren arabera, emandako ebazpenaren aurkako errekurtsoak jartzea, hurrengo artikuluan zehazten denari jarraituz.
19. artikulua.– Ebaluazio-prozeduren ebazpena.
1.– Behin ebaluazio-irizpena emanda, organo eskudunak ebazpena emango du, zeinak 840/2015 Errege Dekretuaren 10.6 artikuluko a) eta b) apartatuetan zehaztutako ekintzetako bat adierazi beharko baitu.
2.– Ebaluazio-prozeduren ebazpenaren aurka, legearen arabera dagozkion errekurtsoak jarri ahal izango dira.
20. artikulua.– Lankidetza agente laguntzaileekin.
Kapitulu honetan azaldutako ebaluazioa egiteko, industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoak, egoki baderitzo, agente laguntzaileen laguntza edo aholkularitza eskatu ahal izango du substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien prebentzioaren arloko segurtasun-txostenak ebaluatzeko.
IV. KAPITULUA
SEGURTASUNAREN KONTROLA
21. artikulua.– Modalitateak.
1.– Agindu honen aplikazio-eremuko establezimenduen kontrola bide hauetatik egingo da: aldizkako ikuskapenen bidez, administrazioaren ikuskapenen bidez eta auditorien bidez.
2.– Kontrolaren bidez, egiaztatuko da establezimenduak agindu honetan bertan, 840/2015 Errege Dekretuan eta substantzia arriskutsuak tarteko diren istripu larriak aurrea hartzearen inguruko xedapenetan ezartzen diren baldintzetara eta betekizunetara egokitzen direla.
3.– Establezimenduen kontrola zehaztu eta gauzatu beharko da, kasu bakoitzean, establezimendu motaren arabera eta hari aplikatzekoak zaizkion segurtasun-baldintza espezifikoen arabera.
4.– Artikulu honetan zehazten diren kontrol-modalitateak ulertu behar dira ezertan eragotzi gabe agindu honen aplikazio-eremuko establezimenduei dagokien sektore-araubideak aurreikus ditzakeen gainerako kontrol-modalitateak.
22. artikulua.– Aldizkako ikuskapenak.
1.– Establezimenduen aldizkako ikuskapena bakoitzari dagokion sektorearen eremuan gaitutako kontrol-erakundeek egingo dute, betiere bete beharreko sektore-araubidean zehaztutakoaren arabera.
2.– Aldizkako ikuskapenak egiteko, organo eskudunak onartutako ikuskapen-planetan eta -programetan zehaztutakoari jarraituko zaio.
23. artikulua.– Ikuskapen-planak.
Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzak ikuskapen-planak onartuko ditu, eta, horien bidez, agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren establezimenduen kontrola egiteko baldintza orokorrak zehaztuko dira.
Baldintza horiek zehazteko, 840/2015 Errege Dekretuaren 21.3 artikuluan jasotako alderdiak hartuko dira kontuan.
24. artikulua.– Aldizkako ikuskapen-programak.
1.– Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoak aldizkako ikuskapen-programak egingo ditu; ikuskapen horiek egiteko baldintza partikularrak programa horien bidez zehaztuko dira, kasuan kasuko establezimendu motaren arabera.
2.– Aldizkako ikuskapen-programak egiterakoan, kontuan hartuko da ondoz ondoko bi ikuskapenen arteko denbora-tartea ezin izango dela urtebetetik gorakoa izan goi-mailako establezimenduentzat, eta hiru urtetik gorakoa behe-mailakoentzat. Establezimendu berriei dagokienez, aldizkako lehen ikuskapena egiteko denbora-tartea agindu honen 8.5 artikuluan aurreikusitako ikuskapena egiten den egunean hasiko da.
3.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako denbora-tarteak ez dira beteko, baldin eta establezimendu jakin baten ikuskapen-programaren oinarria establezimendu horretan istripu larria izateko arriskuen balorazio sistematikoa bada.
Balorazio sistematiko hori, gutxienez, 840/2015 Errege Dekretuaren 21.4 artikuluko hirugarren paragrafoko irizpideetan oinarrituko da, eta, hala badagokio, establezimendu horietan beste arlo edo arau-eremu bateko jarraibideak aplikatuz egindako ikuskapenen emaitzan.
25. artikulua.– Aldizka ikuskatu eta berrikusi beharrekoak.
Aldizkako ikuskapenetan, bereziki, honako alderdi hauek egiaztatu beharko dira:
a) Istripu larriei aurrea hartzeko beharrezkoak diren neurriak betetzen direla, honako hauekin lotuta daudenak:
a.1.– Istripu larriei aurrea hartzeko politika.
a.2.– Segurtasuna kudeatzeko sistemaren eta autobabeserako planaren ezarpena.
a.3.– Gai arriskutsuen jakinarazpena.
a.4.– Arlo honekin zerikusia duten ekipamenduen eta segurtasun-elementuen egoera.
a.5.– Arlo honi aplikatu beharreko kudeaketa moduak eta antolaketa.
a.6.– Langileentzako prestakuntza-programak, istripua gertatuko balitz hartu beharreko babes-neurriei buruz eta jokaerari buruz.
b) Agiri bidez egiaztatu beharko da betetzen direla establezimenduari dagozkion gai arriskutsuen biltegiratze-instalazioek bete beharreko industria-segurtasuneko araubideak.
26. artikulua.– Aldizkako ikuskapenen emaitza.
1.– Ikuskapenen emaitza akta batean jasoko da; bertan, detektatu diren ez-betetzeen zerrenda eta horien kalifikazioa agertuko dira, bai eta hartu beharreko neurrien zerrenda ere.
2.– Kontrol-erakunde jarduleak industrialariari eta organo eskudunari helarazi beharko die ikuskapen-akta, Industria-segurtasunari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitako epean eta baldintzetan. Baldin eta Administrazioak dokumentazioa aurkezteko bide bereziak ezarriak baditu, bide horien bidez helarazi beharko zaio akta aipatutako organoari, bat etorriz agindu honen 4. artikuluan xedatutakoarekin.
3.– Ikuskapen-akta helarazita, ez-betetzerik atzematen bada, horien zerrenda aditzera eman beharko da, bai eta organo eskudunaren aurrean ez-betetzeak zuzendu direla egiaztatzeko emandako epeak ere.
4.– Ez-betetzeak zuzentzeko emandako epe horiek zuzenketari ekiteko zorrozki behar direnak izan beharko dute. Ezarritako epeak ezingo dira hauek baino luzeagoak izan:
a) Ez-betetze oso larrietan, zuzenketak berehalakoa izan beharko du. Organo eskudunari ahal bezain laster jakinarazi behar zaio: gehienez hogeita lau orduan.
b) Ez-betetze larrietan, ezarritako epea ezingo da sei hilabete baino luzeagoa izan.
c) Ez-betetze arinetan, hurrengo aldizkako ikuskapena baino lehen egin beharko da zuzenketa.
5.– Behin akatsak zuzenduta, industrialariak akatsak zuzendu izanaren ziurtagiria helaraziko dio ikuskapena egin zuen kontrol-erakundeari, zeinak aplikazio informatikoan txertatuko baitu, eta ikuskapenean sortutako dokumentazioarekin batera gordeko, araudian ezarrita dagoen denbora-tarterako.
Ez-betetze larriak atzematen badira, akatsen zuzenketa-ziurtagiria jaso eta gero, kasuan kasuko kontrol-erakundeak sei hilabete gabe in situ egiaztatuko du ez-betetze horiek zuzendu direla.
27. artikulua.– Administrazioaren ikuskapenak.
Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoak establezimenduak kontrolatu ahal izango ditu, ikuskapenen bidez, ondoko kasu eta baldintzetan: Industria-segurtasunari buruzko ekainaren 30eko 81/2020 Dekretuaren 21.2 artikuluan zehaztutakoak, eta bete beharrekoak diren gainerako arauen xedapenen araberakoak.
28. artikulua.– Auditoretza-planak.
1.– Aurreko artikuluetan zehaztutakoa ezertan eragotzi gabe, industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoak eskualde-mailako auditoretza-planak onartu ahal izango ditu, establezimendu bakoitzari egokia zaion eran; plan horien edukiek kontuan hartu beharko dute 840/2015 Errege Dekretuaren 21.3 artikuluan zehaztutakoa, eta une bakoitzeko beharretara egokitu beharko dira.
2.– Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen organoak zainduko du aldizka berrikusten direla auditoretza-planak, eta, beharrezkoa denean, eguneratu egiten direla.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Agindu honen esparruko jarraibideak eta gidalerroak.
1.– Industria segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak beharrezkotzat jotzen dituen jarraibideak onetsiko ditu, hierarkikoki haren mende dauden administrazio organoen jarduketan irizpide-berdintasuna bermatzeko.
2.– Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzak gidalerroak, gidak edo jarduteko irizpideak argitaratu ahal izango ditu, agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren izapide eta jarduera guztietan haren mende dauden organoek jarraituko duten interpretazioa ezagutarazteko.
Gidalerro, gida edo jarduteko irizpide horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Eranskinak eguneratzea.
1.– Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez aldatu ahal izango dira agindu honen eranskinak, haien edukia arau berriei edo garapen teknologikoari egokitzeko, nahiz bere elementuen formatua edo antolamendua aldatzeko soil-soilik.
2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira eranskin berriak onartzen dituzten ebazpenak.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Agindu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak.
Agindu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurek hasi ziren egunean indarrean zegoen arautegia bete beharko dute.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Agindu hau indarrean jarri aurretik eskatutako segurtasun-txostenaren ebaluazioa helarazteko epea.
Agindu hau indarrean jartzen den unean, baimendutako erakunde ebaluatzaile baten segurtasun-txostenaren ebaluazioa lortzeko zain dauden industrialariek hiru hilabeteko epea izango dute ebaluazio hori organo eskudunari helarazteko.
Agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera hasiko da hiru hilabeteko epe hori.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Segurtasun-txostena berrikusteko epearen zenbaketa, agindu hau indarrean jarri aurretik egindako ebaluazioen kasuan.
Agindu hau indarrean jarri aurretik egindako eta ebaluatutako segurtasun-txostenen kasuan, segurtasun-txostenaren ebaluazio-irizpena Administrazioari aurkeztu zitzaion egunetik hasiko da 840/2015 Errege Dekretuaren 10.7.a) artikuluan aurreikusitako bost urteko epea.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen da agindu honek arautzen duen arloko xedapen oro baldin eta aginduan aurreikusten denaren aurkakoa bada, eta, bereziki, bi agindu hauek: 2006ko ekainaren 15eko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, substantzia arriskutsuek esku hartzen duten istripu larrien prebentzioarekin zerikusia duten dokumentazioari, ebaluazioari eta ikuskatzeei buruzkoa, eta 2007ko martxoaren 14ko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, zeinaren bidez aurrekoa aldatu baitzen.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau 2024ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 10a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.