Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2024ko urtarrilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
259

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskadiko Airearen Kalitate Plana 2030 onartzeko agindu proiektua.

Autonomia Estatutuaren arabera, Autonomia Erkidegoari dagokio ingurumenaren eta ekologiaren arloko Estatuko oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko eskumena.

Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legeak honako hau ezartzen du: «Autonomia-erkidegoek, erregelamenduz ezarritako epeetan, gutxienez plan eta programa hauek onartuko dituzte beren lurralde-eremuan airearen kalitatea hobetzeko eta airearen kalitate-helburuak betetzeko, bai eta atmosferaren kutsaduraren inpaktu negatiboak minimizatzeko edo saihesteko ere».

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 7. artikuluak hurrengoa xedatzen du: «Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideei dagokie autonomia-erkidegoko ingurumen-planak eta -estrategiak egitea eta onartzea».

Azken urteotan hainbat ekintza-plan egin dira Euskadiko udalerri edo eremu geografiko bakoitzeko. Plan horietako gehienak kutsatzaileen mailak murriztera bideratuta egon dira airearen kalitatea hobetzeari buruzko urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan ezarritako muga-balioak gainditu ziren puntuetan.

Jarduera horiek, teknologia berriak sartzearen ondorioz euskal industrian egin diren hobekuntzekin batera, eta airearen kalitateari buruzko Europako araudi berriek eragindako eskakizunen ondorioz, azken urteotan airearen kalitate-mailak hobetzen lagundu dute.

2021eko maiatzaren 12an, Europako Itun Berdearen gakoetako bat den aldetik, Europako Batzordeak EBren Ekintza Plana onartu zuen: «Airearen, Uraren eta Lurzoruaren Zero Kutsadurarantz», 2050ean giza osasunerako eta ingurumenerako kutsadura-maila seguruak bermatzeko.

Itun Berdearen helburuen arabera, eta beste ekimen batzuekiko sinergian, EBk atmosferaren kutsadura honela murriztea planteatu du 2030erako eta 2005. urteari dagokionez:

– % 55 baino gehiagotan airearen kutsadurak eragindako heriotza goiztiarren kopurua.

– % 30ean, garraioaren zaratagatik eragozpen kronikoak pairatzen dituzten biztanleen ehunekoa.

– % 25ean, EBko ekosistemak, airearen kutsadurak biodibertsitatea mehatxatzen duenean.

Gainera, Zero Kutsadurari Buruzko Ekintza Plan horren esparruan, Europako Batzordeak airearen kalitateari buruzko zuzentarau berri baterako proposamena aurkeztu berri du. Zuzentarau horrek muga-balio berriak finkatzen ditu 2030erako EB osoan, eta EB jarriko du zero airearen kutsadura lortzeko ibilbidean, 2050erako beranduenez, klima-neutraltasunaren ahaleginekin sinergian.

Araudi-eskakizunez gain, 2021eko irailean Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) airearen kalitateari buruzko munduko gidalerro berriak aurkeztu zituen. Gidalerro horiek eguneratu egin zuten azken bertsioa (2005), eta airearen kutsatzaile nagusien mailak are gehiago murriztea gomendatu zuten, horietako batzuek klima-aldaketari ere laguntzen baitiote.

Testuinguru horretan, airearen kalitatearen arloko egungo legeria guztia bete arren, hobetzeko aukerak daude, batez ere Euskadiko biztanleriaren osasunarekin zuzenean lotutako parametro atmosferikoekin lotuta.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jotzen du plangintza-tresna berri bat garatzea, hau da, Euskadiko Airearen Kalitatearen 2030erako lehen Plana. Plan horrek Euskadiren jarduna zuzenduko du gai horri dagokionez, 2030. urtera arte, ikuspegi estrategiko baten eta garatu beharreko lan-ildo batzuen bidez. Lan-ildo horiek abiapuntuko egoeraren diagnostikoan oinarrituta definituko dira, airearen kalitateari dagokionez, eta artearen egoera berrikusi ondoren nazioartean eta Europan.

Ingurumenaren arloko parte-hartze publikorako eskubidea uztailaren 18ko 27/2006 Legeak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituenak, ezarritako eskubidea da, dagokion zuzentarauaren transposizioa egin ondoren, eta lege horren 16. eta 17.1.e artikuluetan oinarrizko izaera duena.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legeak, abenduaren 9koa, bere 16.2 artikuluan hurrengoa arautzen du: Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustatuko eta bermatuko dute interesa duten pertsonek eta publiko orokorrak parte hartuko dutela ingurumenean esku hartzeko prozeduretan eta ingurumenarekin zerikusia duten plan, programa eta xedapen orokorren osaeran, aldaketan, berrikuspenean eta onarpenean.

Azaldutako guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 7.h) artikuluan emandako eskuduntzaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Entzunaldiaren eta jendaurrean jartzea Euskadiko Airearen Kalitate Plana 2030 onartzeko agindu proiektua, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, planaren testua eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ingurumena/).

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala