Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2024ko urtarrilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
255

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 20koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Mungiako (Bizkaia) Elizalde bidearen eta BI-631 foru-errepidearen (22+0440 kilometro-puntua) elkargunearen egokitzapenaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko urriaren 5ean, Mungiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Mungiako (Bizkaia) Elizalde bidearen eta BI-631 foru-errepidearen (22+0440 kilometro-puntua) elkargunearen egokitzapenaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egiteko. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko azaroaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Mungiako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Mungiako Elizalde bidearen eta BI-631 foru-errepidearen (22+0440 kilometro-puntua) elkargunearen egokitzapenaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren xedea da «Larrauri B» bizitegi-lurzoru urbanizagarriaren sektorera ibilgailuak sartzeko bideak hobetzea. Plan Berezi honen garapenak Bilbo-Bermeo (BI-631) errepidearen eta Elizalde bidearen elkargunean baino ez du eragiten; izan ere, handitu egingo du, 140 m inguruko dezelerazioko hirugarren errei batean eta espazio libreen tokiko sisteman; horretarako, lehendik zegoen aparkaleku bat finkatuko du eta autobus-geralekuaren eremua definituko du. Indarrean dagoen araudian irteera- eta sarrera-falken eta biraketa-erradioen gutxieneko neurriak betetzen ditu irtenbide horrek. Plan honekin, antolamenduaren funtsezko egiturari eutsiko zaio, eta ez da aldatuko hirigintza-eraikigarritasuna.

«Larrauri B» sektorerako sarbidea BI-631 errepidearekin lotzen duen bigarren mailako errepide batetik planteatzen da, «Elizalde bidea» izeneko ekialdeko eremuan. Jarduketa-eremuko lurzorua bizitegi-erabilerako hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatuta dago.

Plan honen eremuaren mugaketak sektorerako sarbidea errazteko aldatu behar den lurzoru-azalera osoa jasotzen du, eta, gainera, konexiotik hurbil dagoen aparkaleku publikoa eta autobus-geralekua barne hartzen ditu. Eremuak barne hartzen ditu Komunikazioen Sistema Orokorra (BI-631) eta Espazio Libreen Tokiko Sistema, eta 4.284 m2-ko gutxi gorabeherako azalera du. Honako hauek mugatzen dute: «Larrauri B» bizitegi-lurzoru urbanizagarriaren sektoreak berak, dagoen parkeak eta BI-631 errepidearen Bermeorako bideko eskuineko espaloiak. Bizkaiko Foru Aldundiak sektorearen garapenerako eskatzen duen egokitzapena da.

Gaur egun, lurzoru urbanizagarri sektorizatuko «Larrauri B» sektorea garatzeko dago: 9 bizitegi-bloke eraikiko dira, eta horiek 54 etxebizitza izango dituzte, aurreikusten denez.

Alternatibei dagokienez, garapen-alternatiba bakar bat aztertu da, 0 edo ezer ez egiteko alternatibarekin batera.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren irizpideak barnean hartzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-irizpideak barnean hartzeko. Planaren eremua hiri-lurzoru finkatu eta urbanizagarri sektorizatua da, eta, beraz, Planak ia ez dakar berekin lurzoru natural berriak erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenean energia-aurrezpena eta efizientzia indartzeko neurriak sar daitezke.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo nabarmenik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, lurzoruaren babesari, zaratari, hondakinei eta isurketei dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Aztergai dugun Plan Berezia Larrauri auzoan dago, Mungiako udal-mugartean, Mungialdeko eremu funtzionalaren barruan, Bizkaiko Lurralde Historikoan. Larrauri auzoa –2020an, 405 biztanle zituen– bilbotarren bigarren bizitoki izan zen urteetan, eta horrek hainbat jauregi-eraikin eraikitzea ekarri zuen. Auzoak 5,75 km2-ko azalera du, eta BI-631 errepidetik sartzen da bertara.

Hidrologiari dagokionez, jarduketa-eremua Butroe ibaiaren arroan kokatzen da, nahiz eta ez duen ibilgu edo errekarik zeharkatzen; hala ere, San Martin (edo Iturriondo) erreka oso hurbil igarotzen da, eremuaren hego-ekialdean, 25 metro ingurura gertuen dagoen puntuan, eta Larrauri ibaia (edo Zumetzaga), berriz, hego-mendebaldean. Eremuak ez du uholde-arriskurik.

Landarediari dagokionez, larratu gabeko sega-belardi atlantikoz inguratuta dago eremua, hego-ekialdeko zerrenda txiki bat izan ezik; azken hori parke eta lorategi txiki edergarriz osatuta dago. Planaren garapena hertsiki hartzen duen eremua jada errepide-sareetarako diren lurzatiei dagokie. Jarduketa-eremuaren ondoko eremuetan, Batasunaren intereseko habitat gisa inbentariatutako eremuak daude: 6510 «Altitude baxuko sega–belardi elkorrak».

Faunarentzako Interes Bereziko Eremu hurbilenak San Martin erreka eta Larrauri ibaia dira, eta bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) lehentasunezko banaketa-eremu gisa kategorizatuta daude, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galtzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Planaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez EAEko bilbe berdeko korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota beste katalogo batzuetan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, ezta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako interes naturalistikoko guneen zerrendan ere). Eremutik hurbil daude Larrauri edo Zumetzaga eta San Martin edo Iturriondo ibaien ur-ibilguak. EAEko azpiegitura berdearen parte dira eta sare hidrografikoko ur-korronte gisa identifikatzen dira.

Aldaketaren eremua inbentariatutako interes hidrogeologikoko eremuan dago, Iparraldeko Antiklinorioko lurpeko ur-masen Jata-Sollube sektorean.

Ez dago proiektuaren garapenaren eraginik izan dezakeen ondare-elementurik jarduera-eremuaren barruan. Kultura-ondareko elementu hurbilenak bat datoz eraikitako ondarearen elementuekin: San José egoitza (122), San José komentuko kapera (90), Bermeorako errepideko etxea (38-124), Villa Tánger (117) eta Villa Mercedes finka (21). Horiek oso urruti daude, eta proiektua gauzatzeak ez die eragingo.

Eremuko kalitate akustikoaren azterketa bat egin da, Mungiako udalerriko azterketa akustikoan oinarrituta, eta, eremuan dauden foku akustiko guztiak kontuan hartuta, gaur egun BI-631 errepidetik hurbilen dagoen mugako soinu-mailak 70 dBa ingurukoak dira, bai egunez, bai arratsaldez, eta 65 dBa ingurukoak, berriz, gauez. Hori horrela, Planean aintzat hartzen den errepidea da eremuko zarata-iturri nagusia. Horregatik, azterlan horretan eremua babes akustiko bereziko eremu gisa sailkatzen da.

Ingurumen-arriskuak.

Hasiera batean, ez da ingurumen-arrisku naturalik hauteman eremuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparen arabera, Planak aintzat hartzen duen BI-631 errepidea arrisku oso txikikotzat jotzen da.

Oro har, Planaren ondoriozko jarduketek, bai obra-fasean, bai ustiapen-fasean, eta indarrean dagoen plangintzari dagokionez, ez lukete eragin nabarmenik sortuko ingurumen-aldagaietan eta arriskuetan, a priori.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira bertan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola azpiegituraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

Proiektua gauzatzearekin lotutako neurriak.

Planak ekar ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren zehaztapen eraldatzaileen garapena, ahal den neurrian, garapen berria hartzeko baldintza onak dituzten eta dagoeneko artifizializatuta dauden eremuetara mugatu beharko da.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

Obrako materialak baldintza meteorologiko txarretan (euriteak edo haize gogorrak) garraiatzea saihestuko da. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan jarriko dira. Ez da makinak mantentzeko lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Funtzionamendu-fasean, galtzadaren drainaduratik datozen urak behar bezala dimentsionatutako sare baten bidez bilduko dira, eta solidoak eta hidrokarburoak bereizteko kutxatiletara edo ganberetara bideratuko dira. Horiek, batetik, ur kutsatuak ibai-ibilguetara isurtzea saihesteko tratamendu-ahalmen nahikoa izango dute, eta bai ezustean, bai euriek eragindako arrasteen ondorioz trazaduratik irits daitezkeen hondakinak bereizteko gai izan beharko dira. Beren izaerarekin bat datorren tratamendua emango zaie hondakin horiei.

– Kultura-ondarea babestea: Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, sustatzaileak planteatutako babes- eta zuzenketa-neurriak hartuta, ez dela aurreikusten Mungiako Elizalde bidearen eta BI-631 foru-errepidearen (22+0440 kilometro-puntua) elkargunearen egokitzapenaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenak izango dituenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Mungiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeko 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Mungiako Elizalde bidearen eta BI-631 foru-errepidearen (22+0440 kilometro-puntua) elkargunearen egokitzapenaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 20a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala