14. zk., 2024ko urtarrilaren 18a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (311 KB - 32 orri.)
- EPUB (151 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
254
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 10ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Hazitek programa arautzen duena (I+G enpresarialari laguntzeko programa) eta deialdia egiten duena diruz lagundu daitezkeen proiektuak eskatzeko I. faserako.
2030erako Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planak (ZTBP 2030), zeina Horizon Europe esparru-programarekin bat baitator, Euskadi berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzea du helburu, erronka sozial nagusiak konpontzen laguntzeko: osasuna, enplegua, digitalizazioa, klima-aldaketa eta genero-berdintasuna; guztiak ere NBEren 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozenak dira. Horregatik, plan berriak lotura zuzena du Gobernuaren beste politika batzuekin, hala nola garapen ekonomikoko, hezkuntzako, osasuneko, ingurumeneko, etxebizitzako, nekazaritzako eta kulturako politikekin.
Euskadik bere gain hartzen du Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat egiteko konpromisoa, eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatzen du. Garapen jasangarriko 9. helburuak (Industria, Berrikuntza eta Azpiegitura) ezartzen duenaren arabera, berritzea eta azpiegituretan inbertitzea funtsezkoa da hazteko eta ekonomia garatzeko.
Horizon Europe esparru-programa berria abiapuntutzat hartuta, 2030erako ZTBPk hiru zutabe estrategiko planteatzen ditu, eta elementu nagusi bat: talentua.
– I. zutabea. Bikaintasun zientifikoa: oinarri zientifikoa hobetzea eta bikaintasuneko ikerketa-jardueraren ondoriozko ezagutza sortzea du helburu, baita gaitasun eta konpetentzia teknikoak eta zientifikoak handitzea ere.
– II. zutabea. Lidergo teknologiko industriala: Euskadiren lidergo teknologiko industriala sendotu nahi du, eta euskal gizartearen erronkei aurre egiten laguntzen duen ikerketa babestu, ikerketan eta garapen teknologikoan egindako inbertsioen emaitzak eta eragina hobetuta.
– III. zutabea: Berrikuntza irekia: lankidetzako berrikuntza sustatzea du ardatz, bai teknologikoa eta bai teknologikoa ez dena sustatzea, eta arreta berezia jartzen du enpresa txiki eta ertainetan.
– Talentua: pertsonek ikertzen eta berritzen dute, eta, beraz, haien talentua behar dugu aurreko elementuak erabat garatu ahal izateko eta zutabe estrategikoen funtzioa bete ahal izateko, eta, horrela, plan honetarako ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Helburu horiek hurrengo apartatuan daude azalduta.
Hala, ZTBP 2030en hiru zutabeetako bat «Lidergo teknologiko industriala» izenekoa da. Haren helburua da euskal enpresa-taldeen lidergo teknologikoa eta industriala sendotu eta sustatzea, eta etorkizunean hazteko ahalmen handia duten nazioarteko merkatuetan kokatzen laguntzea.
Gainera, aipatutako eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan txertatutako Garapen Jasangarriko Helburuei lotutako erronka globalei ere heltzen die zutabe horrek, RIS3 espezializazio-arloetan, Industria Adimendunean, Energia Garbiagoetan eta Osasun Pertsonalizatuan integratutako lankidetza publiko-pribatuko I+G proiektu estrategikoak garatuz.
Euskadik erronka hauek ditu: bere lehiakortasun ekonomikoa eta oparotasuna sustatzea lehiakortasun globaleko jokaleku batean; industria eta gizarte berde eta digital bateranzko trantsizio bikoitza lortzea, eta ekosistema eta balio-kate nagusietan erresilientzia eta, ahal den neurrian, subiranotasun teknologikoa handitzea.
Anbizio horiek betetzeko gaitasuna, neurri handi batean, I+G+B-ren mende dago. Funtsezkoa da industriak gaitasuna izatea teknologiak txertatzeko produktu, prozesu eta zerbitzu berrietan; hain zuzen ere, produktibitatea eta lehiakortasuna sustatzeko eta eragin ekonomiko nabarmena izan dezaketen emaitzak sortzeko. Testuinguru horretan, enpresek indartu egin behar dute I+G+B-ko eragileekin duten lankidetza, eta euskal enpresak nazioarteko erreferentzia diren teknologien arteko elkarreragina eta konbergentzia indartu behar dira.
Euskadik dituen erronka sozioekonomikoei zientzia eta teknologiaren bitartez erantzuten jarraitzeko, beharrezkotzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean ikerketa industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektu lehiakorrak zein estrategikoak egiten laguntzeko den enpresen I+G-rako laguntza-programari eustea eta bultzada ematea, betiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Planaren edo Zeharkako Ekimen Eragileen (Zahartze Osasungarria, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) espezializazio-eremuen barruan, integrazio handiagoa lortze aldera gizarte-erronken eta espezializazio adimenduneko RIS3 estrategiaren artean, eta lankidetza handiagoa, berriz, espezializazio-eremuen artean.
Hazitek programaren deialdi berri honetan (Hazitek 2024), aldaketa txikiren bat egin da, 2023ko deialdiarekin alderatuz gero: alde batetik, oinarri teknologikoko enpresa berriak garatzeko I+G proiektuen lerroa kendu da, eskaerak behera egin baitu pixkanaka, eta, bestetik, proiektu lehiakorrentzako dirulaguntzen muga handitu da, 250.000 eurotik 500.000 eurora. Aurrekontu handia zuten baina proiektu estrategikoen baldintzak betetzen ez zituzten proiektu jakin batzuetarako, nabarmen murrizten zen laguntza, eta, hala, ez zen pizgarria.
Era berean, nazioz gaindiko proiektuetarako eta finantzaketa partekatuko proiektuetarako, laguntzak Horizon 2020 eta Horizon Europe programetan ezarritakoak izango dira, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25 quarter artikuluan adierazten den bezala.
Laguntzei buruzko araudi honek 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluari heltzen dio. Erregelamendu horren bidez (aurrerantzean, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorra ere bai), zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (erregelamendu hori Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 972/2020 (EB) Erregelamenduaren, Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 1237/2021 (EB) Erregelamenduaren eta Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 1315/2023 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu zen).
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Enpresen I+G jarduerari laguntzeko Hazitek programaren oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean jasotzen diren legez, eta proiektuak hautatzeko I. fasearen deialdia egitea 2024ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Prozedurari buruzko oinarrietan aurreikusi ez den guztian, honako hauek aplikatuko dira: Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesteko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen baita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 10a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
ENPRESEN I+G JARDUEREI LAGUNTZEKO HAZITEK PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak aurrera eramateko laguntzen programa arautzea eta deialdia egitea da agindu honen helburua. Proiektu horiek izaera lehiakorra nahiz estrategikoa izan dezakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sektorean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatu behar dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
Agindu honen 5. artikuluan definitutako proiektu-tipologia bakoitzerako zenbatekoa eta proiektua egiteko epeak deialdiaren ebazpenean ezarriko dira.
2.– Definitutako proiektu-tipologiaren baterako ezarritako aurrekontu-baliabideak, amaitzen ez badira, beste proiektu-tipologia baten aurrekontu-beharrei erantzuteko erabili ahal izango dira.
3.– Izaera estrategikoko I+G proiektuen kasuan (hala lankidetzakoetan nola berezietan), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-esparruetan garatutako eta lehentasun estrategikoetan jaso gabeko proiektuen finantzaketak ezin izango du gainditu izaera estrategikoko I+G proiektuak finantzatzera bideratutako aurrekontu guztiaren % 20.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Honako entitate hauek izan daitezke agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
a) Enpresak: Enpresa handiak edo ETEak. Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz, 250 langile baino gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskin horren 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.
b) Enpresa-taldeak eta -elkarteak, haien legezko forma edozein dela ere. Hala ere, onuradun izan daitezke nortasunik ez duten pertsona juridikoen elkarteak ere, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, taldeak lider bat izendatu beharko du. Lider horrek ordezkari edo ahaldun gisa jardungo du, eta behar besteko ahalmena izango du taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko. Talde horietako kideek berariaz adierazi beharko dituzte, agindu honetako 20.2 eta 25.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, bakoitzak proiektua gauzatzeko hartutako konpromisoak.
3.– Honako hauek ezin daitezke izan agindu honetako dirulaguntzen onuradun:
a) Administrazio publikoekin lotuta edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten entitate eta sozietate publikoak, eta administrazio instituzionalekoak, zeinahi dela ere administrazioa.
b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak» (2014/C 249/01).
c) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratze-agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo entitateak.
d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden entitateak.
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileak, 109/2015 Dekretuaren arabera akreditatuta daudenak (109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa).
3.– Entitateek, onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat izatea, entitatearen jarduera ekonomikoa bertan garatzea eta instalazioan I+G proiektuan inplikatutako langile propioak izatea.
b) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako instalazioetan gauzatzea. Proiektuan EAEtik kanpoko ikertzaileek parte hartzen badute, haiek proiektuan esku hartzeko beharra justifikatu beharko da, eta une oro bermatu beharko da proiektuari egotzitako langileen kostu gehiena, proiektuko buruena barne, EAEri atxikitako ikertzaileei dagokiela.
c) Berezko nortasun juridikoa izatea –salbu eta 3.1.b) artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko taldeak badira–, bai eta jarduteko gaitasun nahikoa ere; halaber, ez dute izan behar debekurik edota gaitasun-gabetzerik dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin nahiz beste edozein erakunde publikorekin kontratuak egiteko.
d) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eskaera egiten duten unetik.
e) Beteak izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
f) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute lege horretan onuraduna edo entitate laguntzailea izateko ezarritako ordainketa-epealdiak betetzen dituztela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis apartatuan xedatzen den bezala.
g) Ez dute dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik jasoko berekin sexu-diskriminazioa dakarten jarduerek, ez eta sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien enpresek ere, zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. EONALTBren 50.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitate hauek ere ezingo dute jaso dirulaguntzarik edo bestelako laguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki beharra izan arren halako planik ez dutenek, eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarrita dauzkatela ziurtatzen ez duten 50 langile baino gehiagoko entitateek.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da entitate onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.
Prozedurak laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar amaieran, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
5.– Laguntza-eskabidea aurkezten denetik emango den dirulaguntza likidatzen den arte bete beharko dira eskakizun horiek.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 85. eta 86. puntuetan jasotako definizioaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko jarduerak.
a) Ikerkuntza industrialeko jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak era esanguratsuan hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzera daude bideraturik. TRL 4 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
b) Garapen esperimentaleko jarduerak. Aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak, eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. TRL 7 («Technology Readiness Level») mailaren baliokidea den heldutasun teknologikoa lortzea ahalbidetzen dute.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
Araubide honen helburua diruz lagundu daitezkeen honako proiektu-tipologia hauei laguntzea da:
1.– Izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen-proiektuak.
a) I+G proiektu lehiakortzat hartuko dira produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektuak.
b) Izaera lehiakorreko I+G proiektuentzako laguntzak jaso nahi dituzten proiektuek I+G jarduera-multzo koherentea azaldu beharko dute, produktu, prozesu edo zerbitzu originalak eta lehendik daudenak baino hobeak garatzera argiro bideratua. Jarduera horien helburua merkatuaren eta gizartearen eskariari hobeto erantzutea izan behar du.
c) Ez dira «produktu/prozesu/zerbitzu berriak garatzeko proiektutzat» hartuko lehendik dauden produktuak/prozesuak/zerbitzuak hobetzera bideratutako proiektuak edo garatutako produktuak/prozesuak/zerbitzuak produktu/prozesu/zerbitzu berritzat hartzeko behar besteko berrikuntzarik ez dakartenak. Ez dute dirulaguntzarik jasoko produktuen, ekoizpen-lerro eta -prozesuen, existitzen diren zerbitzuen eta beste operazio arrunt batzuen ohiko edo aldizkako aldaketa normalek, aldaketa horiek hobekuntzak ekar baditzakete ere.
2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
a) Diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako izaera estrategikoko ikerkuntza industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak. Proiektu horiek, teknologia- eta berrikuntza-esparruetako ikerketa eta garapenean, sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatu behar dute, Euskadiko ekonomian trakzio-efektua eragin behar dute eta ETEen esku-hartzeari eta Horizon Europe Programari mesede egin.
b) Diruz lagunduko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan ezarritako izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuei dagozkien I+G+B jarduerak. Produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratu beharko dira jarduera horiek, eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratu beharko dituzte, bai eta patente berriak eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak sortu ere. Horrek guztiak lanpostuak sortzera eta euskal enpresa-ehundura dibertsifikatzera bideraturik egon beharko du, bai eta enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen baldintzak eta ezaugarriak. 1.– Izaera lehiakorreko ikerketa- eta garapen-proiektuak.
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu hauen joka-eremu zientifiko eta teknologikoek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren espezializazio-eremuen barruan egon beharko dute.
b) Diruz lagundu daitezkeen proiektuak bi eratara gauzatu daitezke: banaka, edo lankidetzan, bi onuradunen edo gehiagoren artean. Proiektuotan ezin izango da jaso lehia murrizteko praktikarik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 105. eta 106. artikuluetan xedatutakoa betez.
Agindu honen xedeetarako, lankidetza-proiektutzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresa batek edo gehiagok Europako beste entitate batzuekin lankidetzan arituz parte hartzen duten estatuz haraindiko lankidetza-proiektuak (ERANET proiektuak edo Europako Partenergoak, konparazio batera). Bai ERANET proiektuak, bai Europako Partenergoak, bai finantzaketa partekatuko proiektuak I+G+B-ri laguntza emateko Europako Esparru Programaren barneko ekimenak dira.
c) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 100.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da urte bakoitzeko, eta, lankidetza-proiektua bada, gutxienez 50.000 euroko urteko aurrekontua aurkeztu beharko da lankide den enpresa bakoitzeko.
d) Lankidetza-proiektuen kasuan:
1.– Enpresetako batek bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.
2.– Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
e) Laguntzak pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
Europako ekimenetan onartutako nazioz haraindiko lankidetza- proiektuen kasuan, dagokion nazioarteko deialdian aurkeztutako lehen eskabideko data hartuko da kontuan. ERANET ekimenen, Europako Partenergoaren ekimenen eta Euskal Autonomia Erkidegoak parte hartzen duen beste ekimen batzuen kasuan, hala nola finantzaketa partekatuko proiektuak, aurre-proposamenen fasean aurkeztutako eskabidea hartuko da kontuan.
f) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
2.– Izaera estrategikoko ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak.
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektu horietarako jarduera-esparru zientifiko-teknologiko estrategikoak, nagusiki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Planean (Industria Adimenduna, Energia Garbiagoak eta Osasun Pertsonalizatua) edo Zeharkako Ekimen Eragileetan (Zahartze Osasuntsua, Mugikortasun Elektrikoa eta Ekonomia Zirkularra) ezarritako lehentasunen barruan kokatuko dira, gizarte-erronken eta RIS3 estrategiaren artean integrazio handiagoa eta espezializazio-eremuen artean lankidetza handiagoa lortzeko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren / Espezializazio Adimentsuaren (RIS3) lehentasun horien barruan ez dauden jokaeremuak dituzten eta aukera-eremuetan jasotako esparruetan garatzen diren proiektuek, diruz lagundu daitezkeen horiek betiere, ezin izango dute eduki agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino esleipen ekonomiko handiagorik, proiektu estrategikoak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.
b) Proiektu bat diruz lagundu ahal izateko, guztizko aurrekontu bat aurkeztu behar izango da, gutxienez 4.000.000 eurokoa eta gehienez hiru urte iraungo duena.
c) Enpresa-taldeek garatuko dituzte proiektuak, lankidetzan. Talde horiek, gutxienez, hiru enpresak osatu beharko dituzte, eta, beren artean lankidetzan aritzeaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen agenteekin aritu beharko dute lankidetzan, azpikontrataturik. Honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Enpresetako batek, proiektua garatzeko orduan parte-hartze tekniko handiena duenak, bere gain hartuko ditu proiektua zuzentzeko lidergoa eta taldearen ordezkaritza, proiektuak aurrera egin dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin izan behar diren elkarrizketa eta harremanez arduratzeko.
2.– Beharrezkoa izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile batek gutxienez parte hartzea, ikerketa eta zabalkunderako erakundeei buruzko Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. artikuluko 83. puntuko definizioari jarraikiz, talde horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta. Edonola ere, partaidetza hori, oro har, aurkeztutako aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
3.– Taldeko enpresa batek ere ezin izango du azpikontratatu talde bereko beste enpresa bat.
4.– Enpresa parte-hartzaile bakoitzaren urteko aurrekontua 50.000 eurokoa izango da, gutxienez.
d) Baldin eta programa honetako izaera estrategikoko proiektuen arlora aurkeztutako proiektuak ez baditu betetzen artikulu honetako c puntuko 1. eta 2. apartatuetako ezaugarriak, modu berezian garatzen dela iritziko zaio. Halako proiektuak berezitzat jo daitezke, dela ez direlako lankidetzan aritzen beste enpresa batzuekin, dela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente batek ere ez duelako esku hartzen, dela baldintza bietako bat ere ez delako betetzen. Kasu horietan, ezin izango dute agindu honen 2.3 artikuluan adierazitakoa baino diru-esleipen handiagorik jaso, proiektu estrategikoak finantzatzera guztira bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez.
e) Proiektuak programa honetan sartzeko, oinarrizko printzipio hauek betetzen direla kontuan hartuko da bereziki:
– EAErentzat estrategikoa izatea.
– Enpresa-lidergoa.
– Enpresek I+G+Bn inbertsio handia egitea.
– Euskadiren gaitasun zientifiko eta teknologikoak aprobetxatzea.
– Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.
– Euskal ekonomian eragindako trakzio-efektua.
f) Laguntzak pizgarri izan daitezen, entitate eskatzaileak laguntza-eskaera egiten duen dataren ondoren abiarazten diren proiektuek baino ezin izango dituzte jaso.
g) Diruz lagundutako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu behar dira, eta bertan geratu beharko dira gutxienez bost urtez. Epe horretan, enpresak EAEn izan beharko du produkzio-instalazioa, non eta ez duen porrot egiten iruzurrik egin gabe.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Honako hauek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:
a) Langileen zuzeneko kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileenak), proiektura bideratuta dauden heinean.
b) Zeharkako kostuak. Ikerketa- eta garapen-proiektuaren kostu hauek kostu sinplifikatuen ikuspegi batean oinarrituta kalkulatuko dira; oroharreko zenbateko bat izango da, a) letran aipatzen diren ikerketa- eta garapen-proiektuko langileen kostu zuzenei % 15era arteko ehunekoa aplikatuta kalkulatuko dena.
c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostuak, bai eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioarenak (entitate parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidearenak barne hartuta), baldin eta zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiltzen badira eta kanpo-iturrietatik eskuratu badira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.
d) Azpikontratazio-kostuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile ondorio horietarako akreditatuekikoak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25.3 artikuluko d) apartatuarekin bat etorrita.
e) Proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera; haien artean sartu ahal izango da dirulaguntza justifikatzeko kontuaren proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, entitate onuradun eta urteroko bakoitzeko. Ez dira diruz lagunduko dirulaguntza kudeatzeko aholkularitza-gastuak.
f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 25. artikuluko 3. paragrafoaren d) apartatuari jarraituz.
g) Ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen kostuak), ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak.
h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen kostuak: proiektuan zehar ikerkuntza-jardueran soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa, salbu eta doako lagapenaren bitartez eskuratutakoen kostuena.
i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) apartatuetan aipatutako gastu diruz lagungarriak Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.
2.– Aipatutako kostuek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan ezarritakoaren mende daudenez, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Oro har, entitate onuradunak, diruz lagundutako jarduerarako, ezingo du kontratatu diruz lagundutako proiektuaren guztizko kostuaren % 50etik gora hirugarrenekin, non eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak, ebazpen baten bidez, gastu diruz lagungarri horiek onartzen ez dituen, oso espezializatuak direlako edo entitate onuradunek beren baliabideekin soilik ezin dituztelako egin.
b) Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratua idatziz egin beharko da. Gainera, kontratu horretan jasotako gastu-bolumena Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzak onartu beharko du ebazpenean.
c) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu onuradunak –bakoitza, hornitzaile batena–, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta haien ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez den aski entitate haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik egin eta ordaindu denean.
Aurkeztutako eskaintzen artean (justifikazioan azaldu behar dira eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz hautatuko da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.
Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.
Gastua dirulaguntza jaso baino lehen gauzatu bada, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.
8. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.
1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.
2.– Laguntzak emateko prozedurak bi fase izango ditu: I. fasean, proiektuak hautatuko dira, eta, ondoren, zehaztuko da zer proiektu onartuko diren; II. fasean, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritakoari jarraituz, laguntzak esleituko zaizkie I. fasean onartutako proiektuei, baldin eta proiektua aurkeztu dutenek hala eskatzen badute.
3.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez hautatuko dira proiektuak (I. fasea), aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 18. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz. Proiektuak onartuko dira, baldin eta aipatutako 18.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen badute.
4.– Agindu honetako 9. artikuluan zehaztutako zenbatekoei jarraikiz emango zaizkie dirulaguntzak (II. fasea) I. fasean onartu diren proiektuei, hala eskatzen badute.
9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, ondorengo 4. apartatuan aurreikusitako laguntza-intentsitate handiena aplikatuko zaio onetsitako proiektu bakoitzean onartutako gastu diruz lagungarrien aurrekontuari.
2.– Deialdia finantzatzera bideratutako guztizko diru-zuzkidura nahikoa ez bada eskaera guztiei aurreko apartatuan ezarritako eran laguntzeko, dirulaguntzetarako guztizko zenbatekoa entitate onuradunen artean hainbanatuko da diruz lagundu daitekeen proiektu kategoria bakoitzean. Atalka hainbanatuko da, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuak aintzat hartuz.
3.– Dirulaguntzak urtean behin emango dira izaera lehiakorreko proiektuen kasuan. Proiektu estrategikoen kasuan, berriz, hainbat urterik behin emango dira, proiektuaren iraupenaren arabera; edonola ere, gehienez, hiru ekitalditarako izango dira.
4.– I+G jardueretarako entitate onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (dirulaguntza ez da itzuli behar) gastu diruz lagungarrien aurrekontu onartuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira gehienez, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera:
a) Izaera lehiakorreko proiektuetan:
1.– Ikerkuntza industrialeko proiektuetan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
2.– Garapen esperimentaleko proiektuetan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.
3.– Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetarako (hala nola ERANET ekimenak, Europako Partenergokoak, eta gutxienez hiru estatu kidek –edo bi estatu kidek eta gutxienez herrialde elkartu batek– batera finantzatutako proiektuak, baldin eta aditu independenteek Horizon 2020 edo Horizon Europe programen arauekin bat etorriz nazioz haraindiko deialdietan egindako ebaluazioa eta sailkapena oinarri hartuta hautatu badira), laguntza-intentsitateak KASEOren 25 quarter artikuluan ezarritakoak izango dira.
4.– Edonola ere, dirulaguntza ez-itzulgarria gehienez 500.000 eurokoa izango da urteko eta entitate onuradun bakoitzeko.
b) Ikerkuntza industrialeko edo garapen esperimentaleko proiektu estrategikoetan:
1.– Ikerkuntza industrialeko proiektuetan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 gehienez, ebaluazioko gako-irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
2.– Garapen esperimentaleko proiektuetan: diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, gehienez.
10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jaso dituzten entitate onuradunek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, dirulaguntzen izaera edo haiek ematen dituen organo edo administrazioa edozein delarik ere. Entitate onuradun bakoitzak guztira zenbat laguntza jasoko dituen jakindakoan, agindu honen arabera jaso ditzakeen laguntzak zehazteko, horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak kontuan hartuko dira, eta, zehazki, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.
2.– Proiektu bati emandako dirulaguntzen eta bestelako laguntzen zenbatekoak ezin ditu inolaz ere gainditu jardueren kostua edo aurreko atalean adierazitako mugak (ez laguntza bakoitzaren zenbatekoak, ez laguntza guztien baturak), eta entitate onuradunek laguntza horien berri eman behar diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari. Horrelakoetan, gutxitu egingo da agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa, gehiegizko kopurua adina.
11. artikulua.– Organo kudeatzailea eta Europar Batasunarekiko izapideak.
1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza izango da dirulaguntzen programa honen organo kudeatzailea.
2.– Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorrari lotutako laguntzen argitalpen eta informazioari dagokionez, esan beharra dago laguntza-programa honen kudeaketaren arduradun diren aginteek konpromisoa hartzen dutela erregelamendu horren 9. artikuluan definitutako betebeharrak zintzotasunez errespetatu eta betetzeko.
3.– Agintari horiek, halaber, urteko txosten bat egingo dute, eta han zehaztuko dute zein den laguntza-erregimen honen aplikazioa eta garapena, betiere Kategorien Araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren 11. artikuluko b) apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– Gainera, programa honetan, laguntzak pizgarri gertatzeko, entitate eskatzaileak eskabidea egin ondoren abiarazitako proiektuak baino ez dira lagunduko diruz.
12. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz emandako dirulaguntzak kudeatzeko, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia (aurrerantzean, SPRI) –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundea– erakunde laguntzaile izendatu da, bat etorriz Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartu zen testu bategin hura), eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).
2.– SPRIk zeregin hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasiera batean ebaluatzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.
b) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, ezarrita dauden irizpideen arabera.
c) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzetan izandako kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.
d) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak exekutatzeko eskakizunak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.
e) Onetsitako proiektuen kontrol- eta jarraipen-prozesuak zehaztu eta ezartzea.
f) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.
g) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.
h) Men egitea Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak programa honen kudeaketa egiaztatzeko egiten dituen jarduketei, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ere.
III. KAPITULUA
PROZEDURAK
LEHENENGO ATALA
HASIERA
13. artikulua.– Deialdiak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ondoz ondoko bi prozedura edo fase bereizitan emango dira.
2.– Proiektuak hautatzeko I. faserako deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindu honen bidez egiten da. Agindu horretan, honako hauek arautu eta ezartzen dira: proiektuak gauzatzeko epea; eskabideak aurkezteko epea eta lekua; eskabide-ereduak, eta ebaluazio-organoa osatzen duten pertsonen izenak. Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez ebatziko da prozedura hori.
3.– I. fasean aldez aurretik onartutako proiektuei laguntzak esleitzeko II. faserako deialdia Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez egingo da, eta ekitaldi horretan dirulaguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa zehaztuko du, bai eta eskabideak aurkezteko epea eta tokia eta eskabide-ereduak ere.
14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. tituluaren II. kapituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
2.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:
https://www.euskadi.eus/servicios/1030809/ (gaztelaniaz).
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030809/ (euskaraz).
Helbide horretan eskuragarri egongo dira eskabide-inprimakia, erantzukizunpeko adierazpenak eta bide horretatik izapideak nola egin azaltzen duten zehaztapenak.
Eskaera egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» gunearen bidez egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, entitate edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Alde horretatik, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta egongo da, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).
5.– Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.
Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta haren aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
6.– Laguntza-eskabidea, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
BIGARREN ATALA
I. FASEA - PROIEKTUAK HAUTATZEA
15. artikulua.– Proiektuak hautatzeko eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Aurreko artikuluan zehaztutako helbide elektronikoan bete beharko dira proiektuak hautatzeko eskabideak eta agindu honetan aurreikusitako dokumentazio osagarria. Euskarri elektronikoan bete beharko dira, helbide horretan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz.
2.– Deialdi honetara 2024ko ekitaldian garatutako proiektu lehiakorrak eta 2024ko, 2025eko eta 2026ko ekitaldietan garatutako proiektu estrategikoak aurkeztu ahal izango dira.
3.– Elkarlaneko proiektuetarako, entitate interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Ondorioz, proiektuan parte hartzen duten enpresetako batek izango ditu, taldeko buru gisa jardunez, proiektuaren zuzendaritza eta ordezkaritza, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere.
Kasu horietan, horrenbestez, taldeko buru egiten duen eta proiektuan parte hartzen duen entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskabidea. Beraz gain, parte hartzen duten gainerako entitateek ere izenpetu beharko dute eskabidea. Gainera, bai enpresa buruari eta bai taldeko gainerako enpresei ere ahalorde-eskrituraren kopia eskatuko zaie. Proiektu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak izango dituen funtzio eta aurrekontuak zehaztuko dira.
4.– Nazioz haraindiko lankidetza-proiektuetan –hala nola ERANET ekimenak, Europako partenergoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresek Europako beste entitate batzuekin parte hartzen duten finantza partekatuko proiektuak– EAEn kokatutako enpresek baino ez dute izango eskaera eta dagozkion agiriak aurkezteko ardura.
5.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat aurkeztu beharko da. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:
a) Eskabide-inprimakia, proiektuko buru egiten duen enpresak sinatuta, eta proiektuan parte hartzen duten enpresa guztien datuak eta haietako bakoitzak izango duen aurrekontua dituela. ERANET proiektuetan, Europako partenergokoetan eta finantzaketa partekatukoetan, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako enpresak edo enpresek bakarrik sinatuko dute.
b) Parte hartzen duen enpresa bakoitzaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.
c) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa; gehienez, 80 orrialde izango ditu (proiektu estrategikoak), edo 60 orrialde (proiektu lehiakorrak), azala, aurkibidea eta eranskinak (intereseko gutunak eta ikertzaileen curriculum vitaeak) zenbatu gabe. Letraren tamaina: Arial 11.
d) Lankidetza-proiektuei dagokienez, parte hartzen duten enpresa guztiek izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren kopia digitalizatua. Taldea eratzeko hitzarmenean, gutxienez, alderdi hauek hartuko dira kontuan: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-hitzarmenak, emaitzen jabetza, jabetza industrial eta intelektualaren babes legala (patenteak), emaitzen etorkizuneko ustiapen komertziala eta emaitzen hedapen publikoa.
e) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia digitalizatua, parte hartzen duen enpresa bakoitzeko.
6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, interesdunek eskubidea dute administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako agiriak ez aurkezteko. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.
7.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea agindu honen haritik dirulaguntzen organo kudeatzailearekin eta, hala badagokio, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.
8.– Eskabideak agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2024ko martxoaren 21era bitartean aurkeztu ahal izango dira.
16. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzendu dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan.
2.– Agindu honen 14. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, lankidetzan garatzekoak diren proiektuetan, proiektuko buru egiten duen entitatearekin gauzatuko da jarduketa hori.
3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
17. artikulua.– I. faseko (proiektuak onartzea) eskabideak ebaluatzeko organoa.
1.– Gai honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.
2.– Ebaluazio-organoaren burua Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra izango da, Alberto José Fernández González, eta haren ordezkoa, berriz, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritzako titularra, Leyre Madariaga Gangoiti.
Honako kide hauek izango dira bokalak:
– Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako titularra, Ana Belén Camacho Vera, eta, ordezko gisa, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Rosa Murillas Maza.
– SPRI ordezkatzen duen pertsona bat, Amaia Martinez Muro, eta, ordezko gisa, Irati Bizkarguenaga Aguirre.
– Teknologiaren arloan eskumena duen zuzendaritzako talde teknikoko kide bat, Natividad Nińo Bartolomé, eta, ordezko gisa, Larraitz Segurola Bereciartua, idazkari-lanak egingo dituena.
Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izatea sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.
Era berean, I+G arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten entitateetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholku eman ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.
3.– Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egingo ditu –Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da unitate hori–, eta, ondoren, ebaluazio-organoan aurkeztuko ditu.
4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta lehendakaria, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira Ebaluazio-organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.
18. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzen dituzten I+G-ko proiektu lehiakorrak hautatzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Gako-irizpideak:
1.– Kontrolpeko arrisku teknologikoa. Proiektuaren merezimendu teknologikoa, eta erronka zientifiko eta teknologikoak gainditzeko eta proiektuan planteatutako emaitzak lortzeko gaitasunaren analisia. Pisu espezifikoa: % 20.
2.– Proiektuaren emaitzek izan dezaketen merkatua, eta ustiatzeko aukerak eta eragin ekonomikoa. Merkatuaren ziurtasun eta potentzialaren analisia, bai eta proiektuko partaideek merkatuan sartzeko duten gaitasuna ere, produktu, prozesu edo zerbitzu berriaren erabileren eta erabilgarritasunaren arabera. Pisu espezifikoa: % 35.
b) Irizpide orokorrak:
1.– Proiektuan behar diren giza baliabideen egokitzapena. Pisu espezifikoa: % 10.
2.– Metodologia egokia: proiektuaren deskribapen eta egituraketa egokiak; hurbiltze tekniko justifikatua; proiektuan, lehentasun argiak; proposatutako kudeaketa-eskemaren egokitasuna; teknologia-iturrien egokitasuna; laguntzaren izaera osagarria (laguntzaren efektu pizgarria). Pisu espezifikoa: % 10.
3.– Aurrekontuaren egitura eta banakatzea argiak izatea. Trazabilitate egokia egotea helburuen, planifikatutako I+G jardueren eta behar den aurrekontuaren artean. Pisu espezifikoa: % 10.
4.– Proposamenak ingurumenean eta gizartean duen eragina. Proiektuak energia- eta klima-trantsizioei, gizarte-trantsizioari eta irisgarritasun unibertsalari egiten dien ekarpena aztertzea, eta genero-ikuspegia integratzea eta euskara garatzea, hala badagokio. Pisu espezifikoa: % 15.
2.– Izaera estrategikoko I+G+B proiektuak hautatzeko, 6.2.e) artikuluan definitutako oinarrizko printzipioekin bat datozen ala ez kontuan hartzeaz gain, irizpide hauek ere hartuko dira kontuan:
a) Gako-irizpideak:
1.– Proiektuko jardueren orientazio zientifikoa eta teknologikoa. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren xedeak ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoekin bateratzeko modua.
– Proiektuak dakarren berrikuntza-osagaia eta aurre egiten dion erronka teknologikoa (gaur egungo egoerari egiten dion ekarpen zientifiko-teknologikoa).
– Proposamena Espezializazio Adimentsuko Estrategiari (RIS3) eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planari egokitzea.
– ZTBESk gauzatutako eta jarduera-esparru estrategikoetara bideratutako oinarrizko ikerkuntzako proiektuetan (bukatutakoak nahiz unekoak) emaitzak aprobetxatzea edo integratzea.
– Euskadiko sektoreek eta kluster elkarteek identifikatutako beharrizan eta aukerekin bat etortzea.
– Proiektua Horizon Europe Programan txertatzea.
2.– Proiektutik espero diren emaitzen eragina. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko edo patente eta eduki teknologikoko enpresa berriak sortzeko aukerak.
– Proiektuan parte hartzen duten entitateek komertzialki ustiatzeko aukerak.
– Merkatuko arriskua. Proiektuan espero diren emaitzen ziurtasunaren eta potentzialaren merkatu-azterketa.
– Trakzio-efektua eta Euskal Autonomia Erkidegoko sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta enplegua sortzeko ahalmena.
– Parte hartzen duten entitateak eta, orokorrean, euskal ekonomia nazioartekotzen laguntzea.
3.– Taldearen oreka eta gaitasuna. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Parte hartzen duten entitateen kopurua, profila, eta bata bestearekiko osagarri izatea.
– Parte hartzen duten entitateek proiektuan lantzen den arloan duten I+G+B gaitasuna eta esperientzia.
– Proiektuaren buruzagitzaren eta taldearen egokitasuna; emakumeen eta gizonen presentzia orekatua baloratuko da.
b) Irizpide orokorrak:
1.– Metodologiaren sendotasuna. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren plangintza (zereginen egitura eta haien deskribapen teknikoa, mugarriak, entregagaiak, parte hartzen duten entitateak eta arduradunak).
– Proiektua kudeatzeko sistema.
2.– Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokiak izatea. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Aurrekontuaren tamainak bat etorri behar du finkatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako ikerkuntza estrategikoko proiektuaren kontzeptuarekin.
– Aurrekontuak xehatua izan behar du, proiektuko partaideen eta jardueren arabera.
– Planteatutako finantzaketak orekatua eta bideragarria izan behar du.
3.– Ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Hori betetzen den edo ez baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Energia- eta klima-trantsizioari ekarpena egitea.
– Garapen Jasangarriko Helburuei ekarpena egitea.
Gizarte-trantsizioari ekarpena egitea eta genero-ikuspegia barne hartzea.
– Euskara garatzea parametro horiek barne har ditzaketen proposamenetan.
c) Lankidetzan gauzatutako proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko pisu espezifikoa izango du; a.3) apartatuan zehaztutako irizpideak % 20ko pisu espezifikoa izango du; azkenik, b.1), b2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 10eko pisu espezifikoa izango du.
d) Eta, bereziak diren proiektuen kasuan, aurreko zenbakiko a.1) eta a.2) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 25eko eta % 30eko pisu espezifikoa izango du hurrenez hurren, eta b.1), b2) eta b.3) apartatuetan zehaztutako irizpideetako bakoitzak % 15eko pisu espezifikoa izango du.
3.– Honako hauek aldi berean betetzen dituzten proiektuak aukeratuko dira: ebaluazioan guztira lortutako nota guztira lor zitekeen nota gorenaren % 50 edo handiagoa izatea eta gako-irizpide bakoitzean lortutako nota gako-irizpideari dagokion nota gorenaren % 40 edo handiagoa izatea. Kasu horretan, laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:
(Ikus .PDF)
Ikerkuntza industrialeko proiektuak ebaluazioan guztizko gehieneko notaren % 50 edo gehiago lortzen badu eta gako-irizpide bakoitzean gako-irizpideari dagokion gehieneko notaren % 50 edo gehiago lortzen badu aldi berean, harentzako laguntzaren kopuruak honako ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira:
(Ikus .PDF)
* Nazioz haraindiko lankidetzako proiektu lehiakorrek –esaterako, ERANET ekimenek, Europako partenergoek eta finantzaketa partekatuko proiektuek– KASEOren 25 quater artikuluan ezarritako laguntza kopuruak lor ditzakete, baldin eta enpresa batek ere ez badu diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 baino gehiago bere gain hartzen.
19. artikulua.– I. fasea (diruz lagundu daitezkeen proiektuak hautatzekoa) ebazteko proposamena.
1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskaerak, ezarritako irizpideei jarraikiz, eta prozedura ebazteko proposamen arrazoitua helaraziko dio Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzako titularrari.
2.– Ebazpen-proposamen arrazoituak honako hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Hautatzea proposatzen den proiektuen zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek adierazita: ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektu bakoitzeko aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa, eta proiektua gauzatzeko epea.
Lankidetza-proiektuen kasuan, adierazi beharko da zein diren taldeko kideak, zer kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza eta zer gauzatze-konpromiso ezarri diren.
b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik ezestea proposatzen den eskaeren zerrenda, eta, horrekin batera, ezesteko arrazoia, eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa.
20. artikulua.– I. fasea (proiektuak hautatzekoa) ebaztea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira I. fasean aurkeztutako eskabideak, eta, han, entitate interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoak proposatuta.
2.– Ebazpenean, zer proiektu hautatu diren zehaztuko da, eta bakoitzari buruz, halaber, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua eta gauzatzeko epea adieraziko; horrekin batera, ezetsitako eta baztertutako proiektuen zerrenda, ezesteko arrazoiak eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioa ezagutaraziko dira. Lankidetza-proiektuen kasuan, gainera, taldeko entitate onuradunak, proiektuaren arduraduna eta taldeak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak adieraziko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota inolako ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek pentsa dezakete eskabidea ezetsi egin dela, bat etorriz 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.9 artikuluarekin (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
4.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, I. fasea amaitzen duen ebazpena iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie bai proiektuko burua izatea bere gain hartu duen entitateari eta bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko taldeen kasuan, bai proiektuko burua izatea bere gain hartu duen eragileari eta bai proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena.
6.– I. faseko hautatzeko ebazpenak ez dakar besterik gabe hautatutako proiektuei laguntzak ematea. Izan ere, laguntzak emateko, pauso hauek eman behar dira: II. fasearen deialdia argitaratu behar da, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez –hala dago aurreikusita 8.2 artikuluan–; laguntza-eskabidea aurkeztu beharra dago, agindu honen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta agindu honetako eskakizunak bete behar dira.
HIRUGARREN ATALA
II. FASEA - LAGUNTZAK EMATEA
21. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko eskabidea aurkeztea.
1.– Elektronikoki aurkeztuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak, agindu honetako 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Agindu honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz I. fasean hautatutako proiektuetarako baino ezin izango dira aurkeztu laguntza-eskabideak, eta, haiekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, honako alderdi hauek egiazkoak direla ziurtatzeko:
– ETEa izanez gero, halako kalifikazioa izateko ezaugarriak bete behar ditu, Europako Erkidegoko arauei jarraituz. Hauek hartuko dira enpresa txiki edo ertaintzat, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinean ezarritakoa aintzat hartuz: 250 baino langile gutxiago dituzten eta negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa duten edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo lotutako enpresen langileak eta mugak 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskin haren 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera zenbatetsiko dira.
– Ez daude administrazio publikoekin lotuta edo haien mende, eta ez dira administrazio instituzionalekoak.
– Enpresa handi edo ertaina baldin bada, ezin da egon berregituratze-aldian, eta, hala badago, jasotzen duen berregituratze-laguntzaren berri izan behar du Europako Batzordeak.
– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu edo haiengandik jasotako laguntzen zerrenda, de minimis laguntzak barnean direla, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta uneko zerga-ekitaldian jasotakoak, betiere Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari lotuak. Erregelamendu hori, hain zuzen ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.
– Entitateak ez du eskatu borondatezko konkurtsoaren deklaraziorik, ez dute jo kaudimengabetzat inongo prozeduratan, ez dauka konkurtso-deklaraziorik –eta, baldin badauka, horretan eraginkortasuna hartu du hitzarmen batek–, ez dago esku-hartze judizialaren pean, eta ez dute desgaitu Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, eta desgaitu badute, amaituta dago konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia.
– Ez du Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin bera suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratuta.
– Entitate eskatzailea, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak araututako kargu hautetsiak ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez du araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.
– Entitate eskatzailea ez dago sartuta itzulketa- edo zehapen-espedienteetan; ez du galdu, zigor- eta administrazio-arloan zigortuta, dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak lortzeko aukera; eta ez dago haiek lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexuan oinarritutako bereizkeriaren ondoriozko debekuak barne, 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz (1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
– Entitate eskatzailea ez da enpresa edo entitate bat, betetzeko dagoen berreskuratze-agindu baten pean dagoena aurretik Europar Batasunak dirulaguntza bat legez kontrakoa eta merkatu komunarekin bateraezina dela erabaki duela eta.
– Entitate eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa edo entitate bat, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014/C 249/01).
– Entitate onuradunak konpromisoa hartzen du ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenari kalte handirik ez egiteko («DNSH printzipioa») proiektuaren esparruko jarduketetan.
b) Eragingarritasunari buruzko adierazpena, Kategorien Araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez.
c) Abenduaren 29ko 3/2004 Legeari lotutako entitate eskatzaileek (irabazteko asmoa duten pertsona fisiko eta juridikoak, zuzenbide publikoko entitateak ez direnak), 30.000 euro baino gehiagoren dirulaguntzak lortu behar badituzte, agiri hauek aurkeztu behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritako betekizuna egiaztatzeko:
1.– Entitateak urteko kontuen eredu laburtuak aurkezten baditu, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, ordezkaritza-ahal nahikoa duenak sinatuta, eta honela: «Nire erantzukizunpean adierazten dut Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ditudala».
2.– Entitateak ez badu urteko kontuen eredu laburturik aurkezten, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da, a) edo b) kasu hauetara egokituta, zein dagokion:
a) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.
b) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, adostutako prozedurei buruz Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako txosten bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.3 bis artikuluan agintzen duen eran, ondorioztatzen duena abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak atzemanez gero, horiek ez dutela eragozten eskatzen den betetze-mailara iristea.
Lege honen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresak Sortu eta Hazteko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa (fakturen kopuruaren % 90) edo gehiago izanez gero. Hamar egun igaro baino lehen egiaztatu behar da, behin betiko ebazpen-proposamena egin aurretik instrukzio-organoak egiaztapenerako bidalitako errekerimendua jakinarazten denetik. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, egiaztagiri hori eskatu delako frogagiria aurkeztu beharko da, eta, gero, hura lortzen denean, berehala aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.
d) 50 langiletik gorako enpresentzat, Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plana, eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izanaren egiaztagiria.
e) Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu, automatikoki, eta baimena jaso beharrik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena). Eskatzaileak baimenaren aurka egin ahal izango du, arrazoiak emanda, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen). Kasu horretan, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Betekizun hori bete dela egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoa kontuan hartuko da (2023ko otsailaren 13ko Agindua, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa), Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.
3.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluan araututako taldeek aurkeztutako lankidetza-proiektuen kasuan, entitate interesdunek laguntza-eskabide bakarra aurkeztuko dute proiektu bakoitzeko, honako hauek erantsita:
a) Enpresa parte-hartzaileek taldeko buru egiten duen enpresari beren izenean laguntza eska dezan izenpetutako akordioaren kopia digitalizatua.
b) Entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarena, buruarena barne.
c) Artikulu honetako 2. apartatuan adierazitako agiriak, proiektuan parte hartzen duen entitate bakoitzarenak, taldeko buruarenak barne.
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako arauen arabera aurkeztuko dituzte dokumentuak entitate eskatzaileek. Edonola ere, interesdunek eskubidea dute administrazio jardule honen esku dauden edo beste edozein administraziok egindako agiriak ez aurkezteko. Administrazio honek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu agiri horiek, salbu eta interesdunak horren aurka egiten badu; kasu horretan, eskatzaileari dagokio dokumentu horiek bere kabuz aurkeztea.
Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte, beren sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoen bidez, non eta prozeduran ez den interesdunaren aurkakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun espresua ematea. Salbuespenez, administrazio publikoek, ezin badituzte eskuratu aipatutako dokumentuak, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekar ditzala.
5.– Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin dituzten harremanetan.
22. artikulua.– Laguntza-eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emango dio organo kudeatzaileak entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela pentsatuko da, eta hala adieraziko da, teknologia eta berrikuntza arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala xedatuta baitago Dirulaguntzei buruzko azaroren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluan.
2.– Agindu honen 14. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, lankidetzan garatzekoak diren proiektuetan, proiektuko buru egiten duen entitatearekin gauzatuko da jarduketa hori.
3.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 73.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
23. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebaluatzea.
1.– Ebaluazio-organoak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 17. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, I. fasean hautatutako eta laguntza-eskabidea formalki aurkeztutako proiektuei laguntzak emateko proposamena egingo du.
2.– Laguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko dira proiektuak hautatzeko ebazpenean bildutako datuak, hala nola onetsitako aurrekontua, proiektua egiteko epea eta lortutako puntuazioa, bai eta agindu honen 9. artikuluan ezarritako laguntzen zenbatekoak ere.
24. artikulua.– Laguntza-eskabideak ebazteko proposamena.
1.– Ebaluazio-organoak ebaluatuko ditu eskabideak, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzako titularrari helaraziko dio prozedura ebazteko proposamena.
2.– Ebazpen-proposamenak honako hauek jasoko ditu gutxienez:
a) Proiektuetatik laguntza zeintzuei ematea proposatzen den (zerrenda), haietako bakoitzari buruz honako hauek adierazita: erakunde onuraduna; ebaluazioan lortutako puntuazioa; proiektuaren onetsitako guztizko aurrekontua; hura egiteko epeak; eta proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa.
Lankidetza-proiektuen kasuan, adieraziko beharko da zein diren taldeko kideak, zer kidek hartzen duen proiektuaren ordezkaritza eta zer gauzatze-konpromiso ezarri diren.
b) Deialdiaren betekizunak ez betetzeagatik eskabideetako zeintzuk ezestea proposatzen den (zerrenda); hartarako, ezesteko izan diren arrazoiak azaldu beharko dira.
25. artikulua.– II. fasea ebaztea, laguntzak onartzea, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Ebazpen bakar baten bidez ebatziko dira II. fasean aurkeztutako eskaerak, eta, han, erakunde interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrak emango du ebazpen hori, ebaluazio-organoak proposatuta.
2.– Ebazpenean, zehaztuko da zein diren diruz lagunduko diren proiektuak, eta haietako bakoitzari buruz honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, ebaluazioan lortutako puntuazioa, onetsitako aurrekontua, proiektua egiteko epeak eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa. Ebazpenak berariaz adierazi beharko du gainerako eskaeren ezespena, halakorik bada.
Lankidetza-proiektuen kasuan, gainera, proiektuaren ardura duen taldeko entitate onuradunak, kide bakoitzari esleitutako laguntza-zenbatekoa eta haietako bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak adieraziko dira.
Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio, eta han entitate onuradunei jakinaraziko zaie zer urrats egin behar duten espedientea amaitu arte eta zer dokumentu aurkeztu behar duten deskargu-fasean (dokumentuok eskuragarri jarriko dira).
3.– Onuradun izateko, II. faseko aldeko ebazpenaren jakinarazpena behar da.
4.– Dirulaguntza emateko prozedura izapidetzen den bitartean, eta II. fasea ebatzi aurretik, onuradun gertatu den eskatzailearen nortasun juridikoa aldatzen bada, prozeduratik kanpo geratuko da eskatzailea.
Hala ere, eskatzaileen fusio-, zatiketa- eta bereganatze-eragiketek, ez eta prozesuko ondorengotza eragin dezakeen beste edozein eragiketak ere, ez dute eragotziko oinordekoak prozeduran jarraitzea, baldin eta inguruabar hauek gertatzen badira:
– Dirulaguntza kudeatzen duen organoari jakinaraztea.
– Ondorengo entitateak oinarri arautzaileetako betekizunak betetzea.
– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak berariaz baimena ematea.
5.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko da, baldin eta eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluan araututako erakunde-talde bat bada, eta talde horretako kideetako baten nortasun juridikoa aldatzen bada.
Aldaketa baimentzen bada, elkarteak beste gauzatze-konpromiso bat aurkeztu beharko du, baimena eman eta hurrengo hamar egunetan. Konpromiso horretan, ondorengo enpresa zein den adierazi beharko da.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, laguntza-deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela pentsatu beharko dute entitate interesdunek, EONALTBren 51.9 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
7.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren titularrari edo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik hasita, edo, egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan, eta aipatutako sailburuak ebatziko du errekurtsoa; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
Egintza espresua ez bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da edonoiz, araudiaren arabera administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jarri eta biharamunetik hasita.
8.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 45.1.b) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, II. faseari amaiera ematen dion ebazpena iragarki-taula elektronikoan argitaratuta jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/). Era berean, ebazpena banaka jakinaraziko zaie bai proiektuko burua izatea bere gain hartu duen entitateari eta bai proiektuan parte hartzen duten entitate guztiei.
9.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak entitate onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK EXEKUTATZEA
26. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.
Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie entitate onuradunei, zatikaturik, hemen azaltzen den moduan:
1.– Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:
a) Ebazpena jakinarazi ostean, emandako dirulaguntzaren % 70 ordainduko da, 27.5.a) artikuluan zehaztutako epea igarotakoan, baldin eta berariaz uko egiten ez bazaio dirulaguntzari.
b) Gainerako % 30a jasotzeko, aurretik agiri bidez justifikatu beharko da dagokion jarduera egin izana, baita jarritako helburuak zenbateraino bete diren ere, eta egindako gastua.
Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Izaera estrategikoko proiektuen kasuan:
a) Ebazpena jakinarazi ostean, lehenengo urteari dagokion dirulaguntzaren % 50 ordainduko da, betiere 27.5.a) artikuluan zehaztutako epea igarotakoan, berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Lehen urtekoaren gainerako dirulaguntza ordaintzeko, bai eta ondorengo urtekoak ordaintzeko ere, aldez aurretik agiriekin justifikatu behar da dena delako urtekoari dagokion jarduera egin izana, bai eta jarritako helburuak zenbateraino bete diren ere, eta egindako gastua.
Dirulaguntza urtea amaitu eta hurrengo hiruhilekoan justifikatu beharko da, justifikazio-kontu baten bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Justifikazioa azaldutako moduan egin ondoren, aldibereko ordain-agindua emango da, justifikatutako urterokoaren zatiarena eta hurrengo urterokoaren % 50ri dagokion aurrerakinarena.
c) Azken urtekoari dagokion azken % 50a ordaintzeko, gainera, ekitaldi horren jarduera egin izanaren azken likidazioa eta proiektua osorik gauzatu izanaren justifikazioa aurkeztu behar dira; justifikazio horrek memoria tekniko eta ekonomiko batean oinarrituta egon behar du, eta memoria horretan, batez ere, honako hauek adierazi behar dira: jarduketak; erdietsitako emaitzak, kuantifikatuta edo baloratuta; eraldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, gastuak urtekoen eta kontzeptuen arabera bereizita daudela; txosten bat, azpikontratatuekin eta, hala badagokio, bereziki ZTBESko agenteekin egindako kontratuak, hitzarmenak, akordioak eta abar azkenerako zenbateraino bete diren agertzen duena; nazioartekotze-planaren eguneraketa, Horizon Europe Programan aurkeztutako proiektuen zerrenda biltzen duena; ondorioak, eta abar.
d) Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duten entitateak laguntza eman osteko ekitaldiren batean hasten badira proiektuan lanean, ekitaldi horretaraino atzeratuko da haien aldeko ordainketa-agindua. Gainerako ordainketetarako, aurreko apartatuan ezarritako araubidea aplikatuko da.
3.– Berme-araubidea, halakorik finkatu behar bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1. artikulutik 3.era bitartean araututakoa da (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimena arautzen da eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).
4.– Justifikazioko kontua betetzen laguntzeko, entitate onuradun bakoitzari, dirulaguntza emateko ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak bidaliko zaizkio.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazioko kontuak dokumentazio hau izan beharko du:
a) Dirulaguntza ematean ezarri ziren baldintzak bete direla justifikatzen duen memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazten dituena.
b) Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako hauek zehaztuta:
– Jardueraren gastu edo inbertsioen zerrenda bat, sailkatuta eta alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman baldin bada, gertatutako desbideratzeen berri emango da.
– Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendan jasotako fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak; eta, hala badagokio, ordainketaren egiaztagiriak.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk zehatz-mehatz adieraziko dira, zenbatekoa eta haren jatorria zehaztuta.
– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluari jarraituz onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
c) Kontuen auditoretza-txosten bat, sinatua, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako pertsona batek egina; onartutako proiektu bakoitzeko, auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da.
Auditoretza-txostena osatzeko, justifikazioko kontua egiaztatuko duen zerrenda bat aurkeztu beharko da, eta, hor, zenbait mugarri jaso. Auditoreak egiaztatu behar du mugarri horiek bete diren, dagokion deialdian ezarritako ereduari jarraituz. Dokumentu hori entitate onuradunen eskura jarriko da, ebazpenarekin batera doazen jarraibideetan agertuko diren URLen bidez.
d) Proiektuaren gastua egiaztatzen duen dokumentua, bai eta jasotako beste laguntza batzuk berariaz aitortzen dituen adierazpena ere.
4.– Laguntzak jaso baino lehen eta organo kudeatzaileak eskatuta, entitate onuradunak haren esku jarriko ditu agindu honen 20. artikuluak aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko diren agiri guztiak.
5.– Egiaz egindako eta ordaindutako gastuak baino ezin izango dira justifikatu, ordaindutako jatorrizko fakturen bidez edo balio frogagarria duten kontabilitate-agiri baliokideen bidez. Gomendagarria da jatorrizko fakturak edo gastu-agiriak identifikatzeko mekanismo bat ezartzea (zigilu, trokel edo antzekoen bidez), EGEFek lagundurik finantzatuta dagoela erakusteko.
6.– Organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen gainerako agiri eta argibideak eska ditzake, entitate onuradunak aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla frogatze aldera.
27. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Laguntza zer urtetarako eman den, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo bete beharko dira aurreikusitako gastu-konpromisoak, bai eta onarpen-ebazpenean zehaztutako epeetan ere. Auditoretza-txostenari dagozkionak, berriz, proiektuaren urtaldi bakoitza bukatu eta lau hilabetera egin ahal izango dira.
2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 eta 50.5 artikuluan ezarritako betebeharrak (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen), bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluen ondoriozkoak ere.
3.– Laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kodeketa egokia izan beharko dute diruz lagundutako proiektuen kargura egindako transakzioei dagokienez.
4.– Entitate onuradunek zuzenean egin behar dituzte dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu behar dituzte diruz lagundutako proiektuak. Nolanahi ere, posible izango da proiektuko I+G jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzea.
5.– Entitate onuradunek, gainera, betekizun hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hala, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da.
b) Dirulaguntza zer jardueratarako eman den, horiexetarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako; nolanahi ere, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak onar ditzake jarduera horietan sortzen diren aldakuntzak, baldin eta aldakuntza horiek guztiz justifikatu badira eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzaren berariazko baimena lortu bada, agindu honen 29. artikuluan ezarritako moduan.
c) Enpresa handiek, laguntza jasotzeko, nahitaez frogatu behar dute I+G jarduera osagarriak direla, egin ohi dituztenetatik aparte daudenak betiere. Hartarako, enpresak nahitaez aurkeztu beharko du urteko txosten bat, non zehazten baitira proiektuaren egoera eta laguntzaren izaera pizgarria.
d) Baimena ematea Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzaren titularrari, edo hark izendatutako pertsonari, proiektua garatzeko lanetan eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentazioan sarbide librea izateko.
e) Jendartean zabaltzeko sortzen diren dokumentazio, kartel, propaganda edo argitalpenetan, jaso egin beharko dira Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua» dioen esaldia. Entitate onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte, nahitaez, diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.
f) Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari laguntza ematea emandako dirulaguntzen inguruan egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egitean; alde horretatik, eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute entitate onuradunek. Halaber, hala badagokio, zer enpresa taldetakoak diren ere jakinarazi beharko dute entitate onuradunek.
g) Behin betiko fakturak artxibatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, gutxienez hamar urtez.
h) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Jatorria beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batean duten eta xede berbera edo antzekoa duten dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo eskuratu izana komunikatzea organo kudeatzaileari.
j) Diruz lagundu diren programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako ekintzen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan eta erregelamenduz xedatutakoari jarraikiz.
6.– Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagundurik finantzatzen dira laguntzok (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren % 40 izango da). Horregatik, laguntzek honako hauetan xedatzen dena bete beharko dute: 2021/1058 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari eta Kohesio Funtsari buruzkoa; eta 2021/1060 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena. Halaber, bete beharko dituzte funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasun Funtserako eta Mugen Kudeaketari eta Bisa Politikari Finantza Laguntza emateko Tresnarako finantza-arauak. Honako hauek dira EGEFen laguntzarekin egindako finantzaketatik eratorritako betebeharrak:
a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, entitate onuradunak legedi nazionala eta Europar Batasunekoa bete beharra dauka.
b) Euskadiko 2021-2027 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan finantzatuko da laguntza, elkarren artean, eta alderdi horren berri eman beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFen bidez Europar Batasunaren finantzaketa partekatua duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta, eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta, edo proiektuari buruzko gutxienez informazio-kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da, erraz ikusteko leku nabarmen batean.
c) EGEFen finantzaketa partekatuak behartu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta hiru urte igaro arte, eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik hasita. Testuinguru horretan, onuraduna behartuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).
28. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Entitate onuradunak agindu honetan ezartzen den baldintzaren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan, ezin izan du eskatu laguntza edo dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, bai eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere.
Horrez gain, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik eskuratutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ordaindu, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, agindu honen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien ondoreetarako.
2.– Itzultzeko prozedura honako hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53.4 artikulua, eta haren erregelamenduzko garapena, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan arautua (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira). Espedientea hasteko ebazpenean, honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta ukitutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli behar direla.
Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala– teknologiaren, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrari dagokio, eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin ahal izango da, espedientea hastea eragiten duten inguruabarrak proiektua amaitu baino lehen atzematen badira.
3.– Dirulaguntza ematea onartzeko oinarritzat hartu zen aurrekontuko partidaren batean kontsignatutako zenbatekoen % 25eko beheranzko desbideratzea edo txikiagoa bada ez-betetzea, horrek ez du nahitaez ekarriko dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galtzea, ez eta aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ere, baldin eta administrazio-organoak, justifikazio-prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean, honako inguruabar hauek atzematen baditu:
– Egiaztatzea onuradunak jardun argi eta garbia izan duela bere konpromisoak osorik betetzeko.
– Ez zaiela kalterik eragin hirugarrenen eskubideei.
– Onuradunak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu dituela desbideratze horren zergatiak.
Kasu horretan, emandako dirulaguntzatik egiazki eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa ordainduko zaio onuradunari, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
Era berean, desbideratze hori behar bezala justifikatutako eta arrazoitutako gainerako partidetako gastuekin konpentsatu daiteke, eskaeraren aurrekontuan partida bakoitzerako adierazitako zenbatekoaren mugaraino, eta, betiere, dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontu globalaren zenbatekoa gainditzen ez bada.
4.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta, hori kalkulatzeko, egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kontuan hartuko da. Onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa, nolanahi ere, emandako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatutako zenbatekoa izango da, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
29. artikulua.– Laguntzen aldaketa.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik dirulaguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baldin eta onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Halaber, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzapen bat eman dezake egin beharreko jarduerak gauzatzeko, baldin eta onuradunak eskatu eta behar bezala justifikatzen badu; hala izanez gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, emandako arrazoiek hala justifikatzen badute.
Luzapen-eskaera hori proiektuka eskatu beharko da; proiektuaren liderrak eskatu beharko ditu, eta gainerako entitateek ados egon beharko dute. Era berean, hasieran aurreikusitako proiektua gauzatzeko epea amaitu baino bi hilabete lehenago egin beharko da eskaera, eta berariaz onartu beharko du dirulaguntza emateko ebazpena eman zuen organoak, eta entitate interesdunari jakinarazi. Deialdiaren urte bereko proiektuak gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egiteko, hura oraindik ebatzi gabe badago, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.
Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpena emateko organo eskudunak ez badu jakinarazpenik egiten, entitate interesdunak pentsatu behar du eskaera ezetsi dela.
3.– Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotakoak izango dira gauzatu beharreko jarduketak. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzako titularrak aldaketak baimendu ditzake, entitate onuradunak aldez aurretik hala eskatuz gero eta jarduketak amaitu aurretik behar bezala justifikatuz gero, baldin eta jarduketen helburuak eta nondik norakoak desitxuratzen ez badira.
4.– Proiektuak teknikoki porrot egiten badu, hau da, proiektua garatzean edo amaitzean konpondu ezineko hutsegite teknikoak atzemanez gero, eta hutsegite horiek ezinezko egiten badute eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortzea, entitate onuradunak eska dezake laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektu-zatira egokitu dadin. Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetzako titularrak aldakuntza onar dezake, baldin eta entitate onuradunak behar bezala justifikatzen badu.