Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2024ko urtarrilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
253

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 8koa, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboa zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan arautzen duen agindu-proiektua.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzaren ustez Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboa zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan arautzen duen agindu-proiektua egin behar da.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren funtzionamendua arautzea, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu eta prozedura guztien inbentario zentralizatuari dagokion antolaketa-egitura, eredu teknologikoak eta egitura funtzionala ezarriz, Herritarrei Arreta Emateko Sistema Integralaren barruan.

Antolaketa-izaera duen araua da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren funtzionamendua arautzea du helburu, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan, baita egungo esparru juridikora egokitzea ere.

Gaur egungo araudiak beharrezko egiten du arau hau, eta eginkizun hori Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari dagokio.

91/2023 Dekretuak azken xedapenetako lehenengoan (1. apartatu, c) azpiapartatua) ezartzen duenaren arabera, dekretu horretan xedatutakoaren arabera, indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean herritarrei arreta emateko eskumena duen organoak agindu bidez zehaztuko du Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren edukia, egitura eta irismena, bai eta funtzionamendua ere.

Era berean, lege horren 57. artikuluaren seigarren apartatuak ezartzen duenez, herritarrei arreta emateko eskumena duen saileko titularraren agindu bidez zehaztuko dira Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboaren edukia, egitura eta irismena, bai eta funtzionamendua ere.

Beraz, dekretuaren agindu zuzena betez, horrela egin da.

Jendaurrean jartzeko ebazpen hau formalizatzen den egunean, izapide hauek egin dira:

– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 133.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzeari buruzkoa), arauaren testua egin aurretik jendaurreko kontsulta egin da, iragarkia jarriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoaren iragarki-taulan.

– 2023ko abenduaren 21ean, prozedura hasteko agindua eman da eta agindu hori Legesarea ezagutza partekatuko lankidetza-gunean argitaratu da, Gobernu Kontseiluaren 2010eko abenduaren 28ko Erabakia betez; agindua, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan ere argitaratu da. Ez da ekarpenik ez oharrik aurkeztu.

– Generoaren ikuspegitik garrantzizkoa ez izatea justifikatzen duen txostena igorri da, jarraituz generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeari eta emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna ezabatu eta berdintasuna bultzatzeko neurriak hartzeari buruzko jarraibideei (Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21ean onetsi zituenak).

– 2023ko abenduaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak aldez aurreko onarpena emateko agindua eman du, arau-proiektuarekin batera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko Zerbitzu eta Prozeduren Katalogo Korporatiboa zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan arautzen duen agindu-proiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko, adierazitako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 8a.

Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria,

MATXALEN LAUZIRIKA JAUREGI.


Azterketa dokumentala