Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2024ko urtarrilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
249

2/2023 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 28koa, aurrekontuen luzapenak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera zerga arloan izango duen eragina zehazten duena eta zerga eta aurrekontu arloan premiazkoak diren zenbait neurri onesten dituena.

2023ko urriaren 31n, Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2024rako Aurrekontuen Foru Arau Proiektua onetsi zuen, eta Batzar Nagusietara bidali zuen, haiek tramitatu zezaten. Dena den, 2023ko abenduaren 18an, Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen proiektua Batzar Nagusietatik erretiratzea. Horrenbestez, Gipuzkoako Lurralde Historikoak ez du izango 2023ako berariazko aurrekonturik.

Hori horrela, 2024ko urtarrilaren 1ean urte horretarako onetsitako aurrekonturik izango ez denez, automatikoki luzatutzat jo beharko dira 2023rako aurrekontuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 78. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Era berean, kontuan hartu behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2023rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2022 Foru Arauaren hirugarren xedapen iragankorrean xedatzen dela aurrekontu luzapenik izanez gero aplikagarriak izango direla, besteak beste, Aurrekontuen Foru Arauaren beraren xedapen gehigarriak eta amaierakoak.

Xedapen gehigarri eta amaierakotan araututako gaiek izaera, eduki eta denbora-eremu desberdinak dituzte. Zehazki, lehendabizikotik bosgarrenera bitarteko xedapen gehigarrietan eta amaierako lehenengo xedapenean arautzen dira foru dekretu arau honen xede diren eta antolamenduari segurtasun juridiko handiagoa emateko helburua duten zerga arloak, aurrekontu luzapenaren aplikazioaren hainbat alderdi argituz eta erregulatuz.

Aipaturiko xedapenetan ageri den kasuistika kontuan hartuta, komenigarria da labur azaltzea zer egoeratan geldituko den haietako bakoitza 2024an:

– Berandutza interesa. Auzitegi Konstituzionalak nahiz Auzitegi Gorenak emandako epaiei jarraituz, Lurralde Historikoek finkatutako berandutza interesak bat etorri behar du lurralde erkidean ezartzen denarekin. 2024rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege bat onesteko aurreikuspenik ez dagoenez, komeni da argitzea 2024rako ere 2023rako aplikatu den portzentaje bera aplikatuko dela.

– Tasak eguneratzea. 2023an, 2022an bezala mantendu ziren tasak. Hala ere, Kontsumoko Prezioen Indizeak 2024an izan duen bilakaerak gomendatzen du 2024an 1,025eko eguneratze koefizientea aplikatzea 2023ko tasen gainean.

– Balio katastralak eguneratzea. Balio katastralei dagokienez, tasak eguneratzeko erabilitako argudio berak balio du.

– Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga. 2023an aplikatu diren koefiziente berberak mantenduko dira.

– AP-8 eta AP-1 autobideak eta A-636 autobia erabiltzeko kanonaren zenbatekoak. Autobideak erabiltzeko kanonaren kasua eta balio katastralena eta tasena desberdinak dira. Azken horietan, 2023rako Aurrekontuen Foru Arauaren asmoa horiek ez eguneratzea zen. Autobideen kanona ezartzeko, ordea, kontsumoko prezioen indizearen eboluzioaz gain, autobideei berariaz aplikagarri zaizkien faktore ugari hartu ziren kontuan. Hori erraz antzeman daiteke, ez bakarrik aplikagarria den koefizientearen zenbatekoarengatik (1,0225 balio katastralak eta tasak ez eguneratzearen aldean), baita bosgarren xedapen gehigarriak berak berariaz hala adierazten duelako ere. Kanona «eguneratu» egiten dela adierazi beharrean (balio katastralen eta tasen kasuan egiten den bezala), urtarrilaren 1etik aurrera kanonaren zenbatekoak «igo» egiten direla adierazten da. Portzentaje bera erabiltzen da deskontu planari atxikitako erabiltzaileek ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa handitzeko. Ildo horretan, zuhurtziaz, komeni da luzapena modu berean interpretatzea, 2024an kanonak ere 1,0225 igo daitezen.

Amaierako xedapenei dagokienez, lehenak tarifaren deflaktazioa, batera tributatzeagatik ezarritako murriztapena eta 2023rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kenkari jakin batzuk arautzen ditu. Hala ere, 2024ko prezioen bilakaera kontuan hartuta, komeni da 2023an baino deflaktazio handiagoa egitea. Ondorioz, tarifaren deflaktazio berri bat proposatzen da, eta batera tributatzeagatik ezarritako murriztapena eta kenkari familiar eta pertsonalak, 2023an onetsitakoak baino handiagoak izatea.

Bestalde, premiazko zenbait neurri daude, eta Foru Dekretu-Arau honetan sartu behar dira. Hiru neurri dira, bi zerga arlokoak eta bat aurrekontu arlokoa.

Lehenengo zerga-neurria 2021eko eta 2022ko ekitaldietan aplikatu beharreko egoeraren araberako neurria da, eta eragindako sektoreen egoera kontuan hartuta, komenigarritzat jotzen da 2023rako ere aplikatzea. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta sozietateen gaineko zergan jarduera ekonomikoen titularren eta mikroenpresen gutxipen portzentajea handitzea da helburua, hurrenez hurren. Neurri hori bi artikulutan arautzen da, bat zerga bakoitzeko, eta horren presa 2023ko zergaldia hain zuzen ere hil honetan bertan abenduaren 31n sortzean datza.

Bigarren zerga neurria erretiratutako Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuan txertatzen zen, azken xedapenetako bigarrenean hain zuzen ere, eta «bertsolarientzako» epigrafe berri bat onestean datza, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, orduan sortzen baita Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, eta horregatik ere presazkoa da.

Azkenik, aurrekontu arloko neurria erretiratutako Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuan ere jasotzen zen, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua aldatzean datza. Aldaketa horrek 2024ko aurrekontu ekitaldi honetatik aurrera izango dituela aurreikusten da, eta, horregatik, premiaz onetsi behar da. Aldaketa horrek malgutu egiten du diruzaintzako gerakinaren tratamendua toki erakundeen finantzaketa atxikia duten gastuetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak aplikatzen duenera hurbilduz.

Azken finean, kontuan hartuta herritarrek segurtasun juridikoa behar dutela, komenigarria da foru arau mailako xedapen batek aipatutako alderdi guztiak argitzea, aldi berean premiazko zenbait neurri ezarriz. Denbora premia dagoenez eta materialki ezinezkoa denez foru arau hori 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen onestea, behar-beharrezkoa da foru dekretu arau bat onestea eta hura Batzar Nagusiei berehala helaraztea baliozta dezaten, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Berandutza interesa.

2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, ehuneko 4,0625 izango da martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutza interesa.

2. artikulua.– Balio katastralak eguneratzea.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren 13. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, 2023. urtean indarrean dauden balioei 1,025eko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

3. artikulua.– Tasak eguneratzea.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak, departamentuek kudeatutakoak, zenbateko finkokoak badira oinarrian portzentaje baten arabera zehaztuta ez egoteagatik edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik, 2023an exijigarria den zenbatekoari 1,025 koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino igoko dira, hargatik eragotzi gabe garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituen uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak 5. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoa.

4. artikulua.– Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Arauak 4. artikuluko 3. apartatuan aipatzen duen sorreraldiaren arabera lurraren balioari sortzapenaren unean aplikatu beharreko koefizienteen gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

5. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko AP-8 eta AP-1 autobideak eta A-636 autobia erabiltzeko kanona.

1.– 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak, Gipuzkoako Lurralde Historikotik igarotako ibilbidean, eta A-636 autobia erabiltzeko kanonaren zenbatekoak, 2023an eska daitekeen zenbatekoari 1,0225 koefizientea aplikatzearen ondoriozko zenbatekora igoko dira. Hauek izango dira zenbateko horiek (BEZa barne):

(Ikus .PDF)

2.– Dirutan egindako ordainketa esanguratsua den irteera/itzulera operazioetan aldaketa errazteko eta trafikoaren arintasuna hobetzeko, Irun Barreran ibilgailu arinentzat zenbatekoa 2,95 eurokoa izango da 2024ko uztailaren 19tik irailaren 1era bitartean, biak barne.

3.– Joan-etorriko ibilbideagatiko kenkari gehigarria, ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikuluan arautua, % 2,25 handituko da 2023an aplikatu beharreko zenbatekoari dagokionez, eta, horrela, 2024rako zenbatekoa 0,56 euro izango da.

4.– Ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3.bis artikuluan araututako hileko gastuaren muga: AP-8 eta AP-1 autobideen Gipuzkoako tarteetan eta A-636 autobian egindako zirkulazioengatik 2023an aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,25 handituko da. Ondorioz, 2024. urterako zenbatekoa 36,04 euro izango da.

5.– Araban AP-1 eta Bizkaian AP-8 autobideak Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan erabiltzeagatiko hileko gehieneko gastu gehigarriaren muga, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 6. apartatuan arautua, 2023an aplikatu beharreko gehieneko zenbatekoa % 2,25 handituko da, eta, horrela, 2024. urterako zenbatekoa 52,08 euro izango da.

6. artikulua.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.

2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 73. artikulua honela geratzen da idatzita:

«73. artikulua.– Murriztapena batera tributatzeagatik.

1.– Foru arau honen 97. artikuluan xedatutakoari jarraituz batera tributatzea aukeratzen den kasuetan, zerga oinarri orokorra 4.800 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.

2.– Foru arau honen 97. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren familia unitateen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako murriztapena 4.169 eurokoa izango da.»

Bi.– 75. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Oinarri likidagarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:

(Ikus .PDF)

Hiru.– 77. artikulua honela geratzen da idatzita:

«77. artikulua.– Kuota gutxitzea.

Zergadunek 1.583 euro gutxitu ahal izango dituzte kuotatik autolikidazio bakoitzeko, foru arau honen 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.»

Lau.– 79. artikuluko 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:

– 668 euro urtean, lehenengoagatik.

– 827 euro urtean, bigarrenagatik.

– 1.393 euro urtean, hirugarrenagatik.

– 1.647 euro urtean, laugarrenagatik.

– 2.151 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.

2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuan jasotakoaren arabera dagokion kenkariaz gain, 386 euroko kenkari osagarria egingo da urtean.»

Bost.– 81. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 321 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da.»

Sei.– 82. artikuluko. 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Desgaitasuna edo mendekotasuna duen zergadun bakoitzeko, hurrengo kenkaria aplikatuko da, erregelamenduz ezarritako eran frogatu behar den desgaitasun edo mendekotasun mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

Aurreko paragrafoan aipatutako desgaitasun eta mendekotasun maila neurtzeko xedapen hauek hartuko dira kontuan; urriaren 18ko 888/2022 Errege Dekretua, desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena, eta otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita mendekotasun egoera baloratzeko baremoa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarria.

Kenkari bera aplikatuko da ezkontidea edo izatezko bikotekidea desgaitua edo mendekoa izan eta apartatu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituenean.»

Zazpi.– 83. artikulua honela geratzen da idatzita:

«83. artikulua.– Kenkaria adinarengatik.

1.– Zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa duen 65 urtetik gorako zergadun bakoitzeko, 385 euroko kenkaria aplikatuko da.

Zergadunak 75 urte baino gehiago baditu, eta haren zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria 700 eurokoa izango da.

2.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 385 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0385 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

3.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 700 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0700 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, zerga oinarritzat hartuko da foru arau honen 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako zerga oinarri orokorra eta aurrezpenarena batuta ateratzen den zenbatekoa. Zerga oinarri orokorrak saldo negatiboa ematen badu, zero konputatuko da aipatutako baturaren ondorioetarako.

Dena den, zerga oinarri orokorrean eta, hala badagokio, aurrezpenarenaren zerga oinarrian pentsio konpentsagarrien eta urteko mantenurako ordainketen murriztapena aplikatzen bada foru arau honen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, murriztapen horrek aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz kalkulatutako zerga oinarria gutxituko du.»

7. artikulua.– Aparteko neurriak 2023ko zergaldian pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren metodoaren modalitate sinplifikatuan zehazteko.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren 28. artikuluko 1. apartatuaren b) letran ezarritakoaren arabera, amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, errentamendu, lagapen edo balio galera gastuengatik, eta gastu justifikagaitzengatik oro har aplika daitekeen gutxipen portzentajea 100eko 15 izango da 2023ko zergaldirako.

2.– Urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 31. artikuluaren 1. apartatuko a) letran ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei gastu kengarri gisa aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 90 izango da 2023ko zergaldirako.

3.– Urriaren 14ko 33/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 31. artikuluaren 1. apartatuko b) letran ezarritakoaren arabera, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei gastu kengarri gisa aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 70 izango da 2023ko zergaldirako.

4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauaren hogeita zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, eta foru arau bereko 28. artikuluko 1. apartatuaren b) letrara egindako igorpenaren ondorioz, merkantzien errepide bidezko garraio jarduerei amortizazioengatik, narriadurak eragindako galerengatik, errentamendu, lagapen edo balio-galera gastuengatik, eta gastu justifikagaitzengatik aplikatuko zaien gutxipen portzentajea 100eko 70 izango da 2023ko zergaldirako.

8. artikulua.– 2023ko zergaldian mikroenpresek zergaldian sozietateen gaineko zergan aplikatu dezaketen zerga konpentsazioa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 32. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera, mikroenpresek beren tamainak dakartzan zailtasunengatik zerga oinarrian konpentsazio gisa aplika dezaketen gutxipen portzentajea 100eko 15 izango da 2023ko zergaldirako.

9. artikulua.– I. eranskina (Tarifak) aldatzea apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateginean.

2024 urtarrilaren 1etik aurrerako eraginekin apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onetsitako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bategineko I. eranskinaren barruan (Tarifak), eduki hau duen oharra gehitzen zaio bigarren sekzioko 8. sailaren 86. multzoko 864. taldeari:

«Oharra: Epigrafe honek bertsolaritza hartzen du barne.»

10. artikulua.– Aldatzea abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzkoa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua aldatu da honako eduki hauetan:

Bat.– 6. artikuluaren 1. zenbakian a) letraren edukia aldatzen da eta j) letra gehitzen zaio, jarraian zehazten den eran:

«a) Diru-sarreren egoera-orria, zeinean adierazi behar baita ekitaldian zehar likidatu beharreko eskubide ekonomikoen zenbateko zenbatetsia eta, kasua bada, aurreko ekitaldietan finantzaketa lotuko gastuetarako sortutako diruzaintzako gerakinaren zenbatekoa, hasierako aurrekontuko gastuen egoera-orrian sartutako gastuak finantzatzera bideratua, foru arau honen 48.8 artikuluan xedatutakoari jarraituz.»

«j) Finantzaketa lotuko gastuetarako diruzaintzako gerakinarekin finantzatutako proiektuen eranskina, proiektu bakoitzak dituen aurrekontu aplikazioak identifikatuta.»

Bi.– 14. artikuluaren 6. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«6.– Aurrekontu Orokorra osatzen duten aurrekontuetako bakoitza hasierako defizitik gabe onetsi beharko da.

Nolanahi ere, eragiketa arrunten diru-sarrerak izaera bereko gastuak gehi zorpetzearen amortizazio gastuak adinakoak izan beharko dira gutxienez. Ondorio horietarako, diruzaintzako gerakinarekin finantzatutako gastu arruntak ez dira konputatuko.»

Hiru.– 48. artikuluaren 8. zenbakia honela geratzen da idatzita:

«8.– Finantzaketa lotuko gastuetarako diruzaintzako gerakina aurrekontuaren hasierako aurreikuspenen parte izango da, aurrekontuan sartutako ordainketa kredituak finantzatzen dituen zatian, baldintza hauek betetzen badira:

– Hasierako aurrekontuan ez betetzea orekaren eskakizuna, lotutako baliabideekin finantzatzen den gastu bat exekutatzeko ordainketa kredituak zuzkitu beharragatik.

– Lotutako baliabideak aurreko ekitaldietan kobratzea eta diruzaintzako gerakinean behar bezala egotea integratuta.

Diruzaintzako gerakina ez da beste ezein kasutan izango hasierako aurreikuspenen parte, eta, beraz, ezingo da erabili gastuen aurrekontuko hasierako kredituak finantzatzeko.

Ekitaldi bateko diru-sarreren aurrekontuaren hasierako aurreikuspen gisa sartutako diruzaintzako gerakin lotua behar bezala gutxitu beharko da baldin eta, aurreko ekitaldiko kontabilitatea erregularizatu eta itxi ondoren, hura osatzen duten finantzaketa desbideratze positiboengatik kalkulatutako balioa uneko ekitaldiko aurrekontua prestatzeko unean zenbatetsitakoa baino txikiagoa bada.

Hala badagokio, gutxipen horrekin batera, aurrekontuko beste kontzeptu batzuei esleitutako diru-sarreren aurreikuspenak gehitu beharko dira, edo, hori ezinezkoa denean, gastuetarako onetsitako kredituak behar den eran murriztu, hasierako aurrekontu orekari eusteko.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduzko xedapenen maila zaintzea.

Foru dekretu-arau honen 7. artikuluaren 2. eta 3. apartatuek aldatzen duten erregelamenduzko xedapenean jasotako zehaztapenak foru dekretu mailako xedapenek aldatu ahalko dituzte.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru Dekretu-Arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, bere xedapenetan berariaz jasotako ondorioak eragotzi gabe.

Donostia, 2023ko abenduaren 28a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala