Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2024ko urtarrilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
209

AGINDUA, 2023ko abenduaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024ko ekitaldian komikiak, nobela grafikoak edo liburu irudidunak sortzeko dirulaguntzetarako erregimena arautzen eta dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmenen esparruaren barruan, eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sorkuntzaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormenaren neurria, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komikien, nobela grafikoen edo album irudidunen kasuan. Helburua, azken batean, gaur egun gure herrialdean goraka doan sormen-sektore hori finkatzea bultzatzea eta laguntzea da.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere, lan literario eta lan grafiko bat behar ohi dutenak, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikorako da, biziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau argitalpena ziurtatua edo gutxienez bideratua duten obrentzat da. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean Euskadin nobela grafikoen eta liburu irudidunen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartu zen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez; bada, testu bategin horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira sormen kulturalaren arloan dauden desberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko, bai eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzeko eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzeko ere.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024ko Dirulaguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko aginduaren bidez onetsi zen, eta Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus webgunean dago argitaratuta.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da komikien, nobela grafikoen edo album irudidunen formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta dirulaguntza horien deialdia egitea.

Proiektuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, hau da, orain arte garatu gabeak eta argitaratu gabeak, eta 2024an hasi beharko dira egiten. Ezingo da erabili adimen artifizialeko softwarea sortzeko prozesuan.

Ez dira aintzat hartuko bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

2.– Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozedura bereizitan banatuko da:

a) 15.000 euroko lau laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzeko ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da, eta bat, gutxienez, emakume batentzat.

b) 15.000 euroko hiru laguntza album edo liburu irudidun bat argitaratzeko ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da.

3.– Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Balorazio fasean, aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen duten proiektuek bakarrik izango dute aukera dirulaguntza lortzeko.

Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenan jarriko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Lehen dirulaguntza 30 urtetik beherako pertsonen artean puntuaziorik altuena lortu duenari egokituko zaio. Ondoren, ezarritako ordenaren arabera emango dira beste dirulaguntzak.

Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako modalitate bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza kopurua handitu ahal izango da eman gabeko horrekin, laguntzen kopuru osoa aldatu gabe betiere.

3. artikulua.– Onuradunak izateko bete beharreko eskakizunak.

1.– Hauek eska ditzakete laguntzok: Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, edo eskaerak aurkezteko epearen azken egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin erroldatuta dauden 18 urtetik gorako pertsona fisikoek. Pertsona bat edo bi izan daitezke sorkuntza grafikoaren egileak. Bi badira, eskabidean bakoitzak sortze-prozesuan duen parte-hartzearen ehunekoa adierazi beharko da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, genero-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 23. artikuluarekin (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

4.– Itzulketak egiteko betebeharrak egunean izan behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketari buruzko Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera.

Gainera, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako beste baldintzak bete behar dituzte.

5.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak bi modalitateetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu modalitate batean, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Deialdi honetan pertsona berak ezin izango du eskuratu dirulaguntza bat baino gehiago.

6.– Aurreko urteko dirulaguntza hauen deialdiaren edozein modalitatetan dirulaguntza lortu zutenek ezin izango dute eskatu dirulaguntza deialdi honen inongo modalitatetan.

4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan –hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitako edozein erregistrotan (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa)–, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako erregistro, establezimendu eta bulegoetan. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko 945 01 90 00 telefonoan.

– Bitarteko elektronikoz: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten diren helbideen bitartez. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko hauetan eskura daitezke:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047014

– Album edo liburu irudiduna: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1047015

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, elektronikoki: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak, eta eskakizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileen nortasunari, jaiolekuari, erroldatzeari eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko informazioa, haien baimenik behar izan gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Ilustratzailearen ibilbidea: adierazi egindako lanak eta argitaratutako liburuak.

b) Ilustrazio-lanaren oinarri izango den gidoi literario osoa, pertsonaien deskribapena eta gehienez argumentuaren bi orrialdeko sinopsia. Komiki eta nobela grafikoen modalitatean, gainera, gutxienez sei orrialdeko gidoi zehatza.

c) Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako sei orri dituena, eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

d) Kasuaren arabera, testu edo gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa bada.

e) Argitaletxe batekin obra argitaratzeko egindako argitalpen-kontratua edo konpromiso-eskutitz irmoa, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

f) Sustapen-plana. Bertan, itzulpenak eta hedapen-estrategiak edo komunikazio-ekintzak adierazi behar dira.

g) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

– Dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 15 Mb.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Edozein Administrazio Publikok edo entitate pribatuk xede bererako emandako laguntzarik ez jasotzea.

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela dirulaguntza publikoak edo bestelako laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Proiektu originala dela eta orain arte ez dela hala garatu.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

– Adimen artifizialean oinarritutako softwarerik ez erabiltzea ideia garatzeko prozesuan, ezta deialdi honetara aurkezten den proiektua sortzeko prozesuan ere.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo haietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akatsak konpon ditzan edo behar diren dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela iritziko zaiola edo izapideak egiteko eskubidea galduko duela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Bi modalitateetan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek osatuko dute:

– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

– Kideak: laguntzei dagokien gaian adituak direnen artean Kulturako sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, Kulturako sailburuordeak izendatua; hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Kulturako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, Balorazio Batzordeko kideak izendatuko ditu eta agindua emango du batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako kasuetan eta eran.

3.– Balorazio Batzordea eratzean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bateginaren 3.10 artikuluan ezarritakoa bete behar da (testu bategin hori martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen).

4.– Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kulturako sailburuordeari. Hartan jasoko dira proposatutako dirulaguntzak, proposatutako onuradunen izenak, balorazio-fasean lortutako puntuazioa eta sortu behar diren proiektuak. Halaber agertuko dira baztertzeko proposatutako proiektuak, baztertzeko arrazoiak azalduta. Zer eskaera ez diren onartu ere adieraziko da.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

10. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko ebazpenaren proposamena prestatzeko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek ezarriko ditu:

a) Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 5 puntu). Hauek baloratuko dira:

– egindako lanak (2 puntu),

– eta argitaratutako lanak (3 puntu).

b) Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez, 50 puntu). Hauek hartuko dira aintzat:

– ilustrazioaren trataera (30 puntu),

– berrikuntzak egitea eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

c) Proiektuaren bideragarritasuna (gehienez, 35 puntu). Kontuan izango da:

– gidoiaren interesa eta kalitatea (15 puntu),

– argitaratutako obra sustatzeko plana eta hedatzeko, banatzeko eta saltzeko estrategiak (10 puntu),

– euskara eta gaztelania ez diren zer hizkuntzatara itzuliko den (argitaletxeak sinatutako edizio-kontratuan edo edizio-konpromisoan agertu beharko dira) (5 puntu),

– eta argitaletxearen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotea (5 puntu).

d) Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Gidoi originala euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira, eta euskaraz argitaratuko direnak, beste 5 punturekin (argitaletxeak sinatutako edizio-kontratuan edo edizio-konpromisoan agertu beharko dira).

2.– Aurreko apartatuko irizpideak aplikatuta gutxienez 60 puntu lortzen dituzten proiektuek bakarrik jaso ditzakete dirulaguntzak.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzei buruzko ebazpenetan, alde batetik, onartutako eskaerak eta onartu ez direnak jasoko dira, eta azken horiek baztertzeko arrazoiak. Eta, bestetik, proiektuen balorazioa, eta, horren ondorioz, dirulaguntza-eskaeren baiespena edo ezespena. Kulturako sailburuordeak, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, ebazpenak eman eta banaka jakinaraziko dizkie interesdunei, deialdia egiteko agindu honek ondorioak dituen egunetik aurrera gehienez sei hilabete igaro baino lehen. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Ebazpen horiek ez dute amaitzen administrazio-bidea, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazteko epea igarota onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela pentsatu behar da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.2 artikuluan.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak beste edozein entitate publiko zein pribatuk xede berbererako emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela iritziko zaio.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea, eta amaitutako obra Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatzea eta inskripzio horrekin batera Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari entregatzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako eskatzen dioten informazio guztia ematea.

d) Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki aipatzea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

Gainera, onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar dituzte.

14. artikulua.– Proiektuaren aldaketak.

1.– Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta biharamunetik gehienez ere hilabete igaro baino lehen.

2.– Proiektuaren aldaketa bakarrik onartuko da, baldin eta agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako eskakizunak mantentzen badira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

a) Dirulaguntzaren % 75, esleipen-ebazpena eman ondoren 13.a) artikuluko epea amaituta, baldin eta tartean uko egiterik izan ez bada.

b) Gainerako % 25a 2025ean ordainduko da, onuradunak obra amaitua eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu izanaren egiaztagiria Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri ondoren. Argitalpen-kontratua ere aurkeztu beharko da, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu ez bada.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz. Jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa edo artisten tasa murriztua aplikatzea, hala badagokio, onuradunak eskatu beharko du.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Elektronikora jo behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

16. artikulua.– Sorkuntza aurkezteko epea.

Dirulaguntza esleitu izanaren ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, onuradunek hamabi hilabete izango dituzte, gehienez ere, behin betiko sorkuntza argitaratzeko moduan aurkezteko, paperean edo euskarri informatikoan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

Liburua sei hilabete igaro baino lehen argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta; liburua argitaratu eta bi hilabeteko epean bidali beharko da alea Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, laguntza jaso duten jardueretarako ez beste batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematean ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

2.– Aipatutako egoera horietakoren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

– Helburua: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren eskumeneko esparruetan sortzeko, ekoizteko, hedatzeko, sustatzeko eta egituratzeko arloan egiten diren dirulaguntza-eskaerak eta bestelako laguntzen eskaerak kudeatzea.

– Lege-oinarria: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako ahal publikoen izenean eginkizun bat betetzeko (38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

– Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

– Informazio gehigarria: web-helbide hauetan duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:

– Komikia edo nobela grafikoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1047014

– Album edo liburu irudiduna: https://www.euskadi.eus/dbao/1047015

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala