12. zk., 2024ko urtarrilaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (128 KB - 2 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
208
192/2023 DEKRETUA, abenduaren 26koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea, Gordexolako udalerrian: Gordexolako Llanas de Iratzagorri auzoko ur-hornikuntzako sarearen hobekuntza-proiektua gauzatzeko okupatu behar diren ondasunak eta eskubideak.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Gordexolako Llanas de Iratzagorri auzoko ur-hornikuntzako sarearen hobekuntza proiektua» delakoaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, adierazi zuen lursail guztiak erabilgarri behar zituela proiektua gauzatzeko.
2023ko urtarrilaren 31n, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, prentsan eta 2023ko otsailaren 21eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (36. zk.). Geroago, 2023ko maiatzaren 23an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
«Gaur egun, Berezal ur-biltegiak hornitzen du Gordexolako Iratzagorria auzoa, eta San Esteban ur-biltegiak hornitzen ditu San Bizente eta San Esteban auzuneak (horiek kota altuagoa dute).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egin dituen aldizkako ikuskaritzapenetan, gabeziak ikusi dira, behin eta berriz, San Esteban ur-biltegian.
Bestalde, azpimarratzekoa da inguruko banaketa-sareak material zaharkituak dituela, eta material horiek zenbait pitzadura eta ur-jario izan dituztela azken urteotan.
Azaldutako aurrekariak ikusita eta lehentasunak aztertu ondoren, beharrezkotzat jo zen proiektu bat idaztea, bertan, San Esteban ur-biltegiaren berrikuntza eta ingurunean dauden hodien berrikuntza jasota, inguru horretako abonatuei etengabeko eta kalitatezko hornidura bermatzeko.
Gerora, behin ur-biltegi hori berritzeko proiektuaren idazketa hasita, eta ur-hornidurako sistema bere osotasunean aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu zen: San Esteban ur-biltegia zerbitzutik kanpo uztea eta, ondoren, eraistea.
Ondorioz, beharrezkoa da presio-talde berri bat jartzea Berezaleko ponpaketan, gune altuenetara bultza dezan (San Bizentera eta San Estebanera). Orain arte gune horiek San Esteban ur-biltegiak hornitu ditu eta ur-biltegi hori zerbitzutik kanpo geratuko da.
Horrez gain, material zaharkituak dituzten hodiak berrituko dira proiektuaren eremuan, eta horien ordez KLPko sare berriak jarriko dira. Horrela, pitzadurak eta horien ondoriozko ur-jarioak murriztuko dira, bai eta bigarren mailako ur-hornidura sarearen abonatuei sortutako eragozpenak ere.
Ur-biltegiaren egoera txarrak eta ur-horniduraren hodiek behin eta berriz izaten dituzten pitzadurek beharrezko egiten dute horiek berritzea, auzo horretako BBUParen abonatu guztiei hornidura egokia bermatzeko (ur-kalitateari eta kantitateari dagokienez).»
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Jaurlaritzaren Kontseiluari.
Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2023ko abenduaren 26ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Gordexolako Llanas de Iratzagorri auzoko ur-hornikuntzako sarearen hobekuntza proiektua» burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.