Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2024ko urtarrilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
203

AGINDUA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegien bidez molusku bibalboak ekoizteko eremu bat deklaratzen eta sailkatzen duen 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua aldatzen duena, eta ekoizpen- eta ikerketa-eremu multitrofiko integratu bihurtzen duena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 854/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak finkatu ziren. Bada, erregelamendu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agintari eskudunak bere aplikazio-eremuan dauden espezieen ekoizpen- eta berrezarpen-eremuak deklaratu eta sailkatu beharko ditu, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako hiru eremu kategorien arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, akuikultura arloko plangintza estrategikoa aplikatuz eta aplikatzeko bete beharreko legezko izapideak bete ondoren, itsas haztegien jarduera ezarri nahi du xede horretarako aproposak diren itsasbazterreko eremu batzuetan.

Hori dela eta, Agindu honen xedea da Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegien bidez molusku bibalboak ekoizteko eremu bat deklaratzen eta sailkatzen duen 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua aldatzea, eta intereseko eremu horretan hazi daitezkeen espezieak zabaltzea, hau da, ostra, muskuilu eta itsas trikuaz gain, algak, zamburiñak eta beste pektinido batzuk gehitzea, eta ekoizpen- eta ikerketa-eremu multitrofiko integratu bihurtzea. Horretarako, proposatutako ekoizpen-eremuan aldizka egindako analisi eta laginketa zelatariak hartu dira kontuan.

Arau honek hainbat erakunderen eskumenetan eragiten du; hori dela eta, agindu hau egiteko orduan, erakunde horiek kontsultatu dira.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz, sail horren jardun-arloen eta funtzioen artean daude itsas akuikultura antolatzeari dagozkionak.

Hori guztia kontuan izanda, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegien bidez molusku bibalboak ekoizteko eremu bat deklaratzen eta sailkatzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 8ko Agindua (2016ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.) aldatzea, ekoizpen- eta ikerketa-eremu multitrofiko integratu izatera igaroz, eta koordenatu geografikoak era honetan mantenduz:

43.º 22,222´N 2.º 27,833´W

43.º 20,357´N 2.º 26,302´W

43.º 21,557´N 2.º 28,629´W

43.º 20,933´N 2.º 25,685´W

Bigarrena.– Lehenengo puntuan adierazitako ekoizpen-eremuak duen A eremuko sailkapenari eustea, uren kalitatea eta horrek akuikulturan daukan eragina kontuan hartuta.

Hirugarrena.– Kontuan hartu beharko da agindu honetan ezarritako ekoizpen-eremuen sailkapena honako espezie hauen hazkuntzan:

– Ostra (Ostrea edulis eta Magallana gigas).

– Muskuilua (Mytilus galloprovincialis, Mytilus edulis).

– Zamburiña (Mimachlamys varia), Bolandeira (Aequipecten opercularis) eta Bieira (Pecten maximus).

Laugarrena.– Urtero-urtero, arauzko analisiak eta laginketak egingo dira ekoizpen-eremuaren barruan dauden uren sailkapena ezartzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan ezarritakoa betetzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala