12. zk., 2024ko urtarrilaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (220 KB - 17 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
196
191/2023 DEKRETUA, abenduaren 26koa, gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programaren laguntzak arautzen dituena.
I.
2021ean, EAEko biztanleen batez besteko emantzipazio-adina 29,7 urtekoa zen, Europako batez bestekoa baino hiru urte gehiago. Hala ere, gazteei galdetu zaienean, batez beste 24,5 urterekin emantzipatu nahiko luketela adierazi dute. Gazteen autonomia-prozesua atzeratzeak ondorioak ditu.
Gorabeherak dakartza gazteen bizi- eta familia-proiektuen garapenean. Familiak sortzea atzeratu egiten da. Atzerapen horren ondorioz, gero eta adin handiagoarekin planteatzen da lehen aldiz ama izatea, eta horrek, halaber, seme-alaba bakarreko edo seme-alabarik gabeko familien kopurua handitzea dakar.
Komunitate-ikuspegitik, belaunaldien arteko desorekak eragiten ditu, gizartea zahartzea dakar, eta gero eta arazo gehiago sortzen ditu hezkuntza-matrikulazioan, ekonomian, lan-merkatuan ordezkatzean edo gizarte-babeseko sistemei eustean.
Emantzipazio-adinean aurreratzeak duen garrantzi estrategiko eta zeharkakoak lehentasuna du Eusko Jaurlaritzaren politika publikoen aurreikuspen-tresnetan. Gazteriaren arloan, XII. Legegintzaldiko Gobernu Programak bere legegintzaldiko konpromisoen artean jasotzen du gazteen emantzipaziorako zeharkako estrategia definitzea, bultzatzea eta koordinatzea.
Pandemiaren eragozpenak gorabehera, 2021. urtearen erdialdean eman ziren estrategia hau lantzeko prozesuaren lehen urratsak, eta kontsulta dinamika parte hartzaileak bultzatuta gazteekin. Ondoren, EGKrekin (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua-Consejo de la Juventud de Euskadi) egindako kontraste-prozesuekin eta hainbat herrialdetako emantzipazio-politikei buruzko azterlan konparatibo batekin osatu ziren.
Aldi berean, Gazteriaren 2/2022 Legea izapidetzeko prozesua aurrerarazi, eta 2022ko martxoaren 10ean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horrek hiru ardatz nagusi ditu: gazteria-sistema eta -zerbitzuak finkatzea, gazteen parte-hartzea sustatzea eta emantzipazio-prozesuak sustatzea, batez ere adina aurreratzeko helburuan eragin nahian, 2030eko hamarkadan 28 urtetan kokatzeko. Lege horrek gazte-emantzipazioa sustatzeko estrategiaren edukiak kokatzeko esparru orokorra definitu zuen.
2022ko maiatzaren 18an, Eusko Legebiltzarrak erronka demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoa egin zuen. Onartutako 74 ebazpenak Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren azken dokumentuan sartu ziren, zeina Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean onartu baitzuen behin betiko. Estrategia horrek lehentasunezko lau jarduera-ardatz eta 36 jarduera zehaztu zituen. Lehenengo ardatza "Gazteen emantzipazioa" da.
Modu osagarrian, 2022ko irailaren 22an, lehendakariak Politika Orokorraren Osoko Bilkuran iragarri zuen Gazteria Zuzendaritza –ordura arte Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barruan zegoena– Lehendakaritzaren egiturari atxikita geratuko zela, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren barruan. Berregituratze horren helburua zen gazteria, emantzipazio eta erronka demografikoko politiken koordinazioa indartzea sailen artean eta erakundeen artean, zeharkako ikuspegiarekin.
Aurrekari horiekin, 2022ko abenduaren 7an, Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion, hasierako proposamen gisa.
Estrategiaren dokumentua bi liburukitan egituratu zen: I. Analisi Esparrua eta II. Esparru operatiboa. Eduki espezifikoa eta monografikoa du emantzipazioari buruz, eta erronka demografikoko estrategiarekin lerrokatu zen, jarduera-plana indartuz eta zabalduz.
Une horretatik aurrera, bi hilabeteko epea ireki zen herritarren, erakundeen eta gazte-elkarteen sarearen ekarpenak jasotzeko. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean agertu zen, edukia aurkezteko.
Parte hartzeko eta edukiak berrikusteko prozesu horri esker, ekarpen ugari egin ahal izan ziren, eta, hala, edukiak hobetu eta datuak eta aurreikuspenak eguneratu ziren. Hala, 2023ko martxoaren 21ean, Gobernu Kontseiluak behin betiko onartu zuen Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategia.
Jarduera-planak bost ardatz ditu: enplegua, etxebizitza, errenta, kohesioa eta erresilientzia. Ardatz horietako bakoitzari bi trakzio-proiektu lotzen zaizkio. Horrez gain, ardatz bakoitzaren barruan beste ekimen batzuk ere aipatzen dira, konektatuak edo osagarriak; guztira, 27 jarduera. Jarduera-plan horrek zeharkako ardatz gisa jasotzen ditu, halaber, aurrekontu-kudeaketari, urteko jarraipen-memoriei eta ebaluazioari dagozkien apartatuak, eta jarraipen- eta ebaluazio-adierazleen taula batekin osatzen da.
II.
Estrategiaren diagnostikoak aukera ematen du hiru gako nagusi identifikatzeko: emantzipazioa atzeratzea eragiten duten faktore nagusiak; emantzipazioa aurreratzea lortzeko lehentasunez jardun behar den adin-tarteak fokalizatzea, eta gazteen emantzipazioaren aldeko politikak lehentasunezkoak direla egiaztatzea.
Emantzipazioa gertatzen den unean eragiten duten faktoreak ez dira soilik materialak, kulturalak ere badira. Hala ere, faktore materialen artean pisuzko arrazoiak daude. Argi eta garbi hiru arrazoi nabarmentzen dira, interrelazionatuak eta denboran zehar metagarriak: enplegua, etxebizitza eta errenta erabilgarria.
Lehenengoari dagokionez, azken hamarkadetan, gazteen belaunaldiek, batez ere 25 eta 29 urte bitartekoek, hauek jasan dituzte: enpleguaren eta haren kalitatearen inguruko ziurgabetasuna, hau da, gazte askok nozitzen dituzten partzialtasuna, behin-behinekotasuna eta soldata txikiak; etxebizitza-eskasia, batez ere alokairuan, eta haren garestitasuna, eta, azkenik, eskuragarri dauden errentak urriak izatea eta erakundeen laguntza gehiago behar izatea.
Diagnostikoaren bigarren gakoari esker, argi eta garbi ikus daiteke lehentasunez zein adin-tartetan jardutea komeni den. Errealitateari buruzko datuak eta egindako azterlanak kontuan hartuta, gazteen emantzipazioa sustatzeko ahaleginak, oro har, 25 eta 34 urte arteko pertsonengan zentratu beharko dira. Hala ere, emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea denez helburua, batez ere 25 eta 29 urte bitarteko pertsonengan jarri beharko da arreta, eta, bereziki, adin-tarte horretan emantzipatzen ez direnen edo emantzipazioa finkatzen ez dutenen artean, zeren, enplegua izanda ere, haien errenta erabilgarria ez delako aski horretarako.
Diagnostikoaren hirugarren giltzarriaren arabera, emantzipazioa sustatzeak lehen mailako lehentasuna du politika publikoentzat, batez ere EAEn. Eta hori gertatzen da, batetik, haren atzerapenak eragiten dituen ondorio sozial eta ekonomikoengatik, eta, bestetik, desoreka horrek egungo gazteen belaunaldietan eragiten duen ekitate-eza zuzentzeko betebehar etikoagatik. Gazteen emantzipazioa eta, zehazkiago, emantzipatzeko batez besteko adina aurreratzea lotuta dago gazteen aukerekin, euskal gizartearen gaztetzearekin eta belaunaldien arteko eta belaunaldi barruko kohesioarekin.
Estrategia horren xedea da batez besteko adina murrizten eta emantzipazio-tasak handitzen laguntzea, jatorrizko etxetik irteteko prozesuak lagunduz, bizkortuz eta horiei eusten lagunduz. Helburua da 2030erako gazteen emantzipazio-tasa egungo % 32,9tik % 50era hurbiltzen laguntzea, maila horretan kokatzen baita EB-27ko batez bestekoa (% 50,6). Emantzipatzeko batez besteko adinari dagokionez, helburua 28 urtetik behera kokatzea da.
Estrategia horren irizpide gidaria da dagoeneko ezarrita dauden politikak neurri eta jarduketa berriekin batera integratzea, trinkotzea eta optimizatzea, helburuen eta esku-hartze ildoen esparru berean eta adiera-unitate beraren barruan. Azken finean, jarduteko sistema sinergiko bat eratzea, joera-aldaketa bat lortze aldera, emantzipatzeko adinari dagokionez.
III.
Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategiaren Jarduketa Planak Emantzipa Programa –gazteen emantzipaziorako laguntza ekonomikoei buruzkoa– bultzatzea jaso du bere hamar trakzio-proiektuen artean. Hirugarren ardatzean sartzen da errenta, eta bosgarren trakzio-proiektu gisa aurkezten da.
Gazte-enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta etxebizitzaren arloko politikek lehentasuna dute Estrategiaren ikuspegian, eta lehen lau trakzio-proiektuek betetzen dituzte. Hala ere, EAEko gazteen egoerari buruzko datuek eta azterlanek agerian uzten dute politika publiko horiek laguntza eraginkorrak izango diren pizgarriekin osatu behar direla, gazteek, praktikan, autonomia-prozesuen eraikuntzari aurre egin ahal izan diezaioten.
Emantzipa Programak aurreikusten du bi urtez hilean 300 euroko zuzeneko laguntza bat ematea, 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten 25-29 urteko gazteentzat, edo 34.000 eurotik beherakoak, ezkontide edo izatezko bikotekidearekin batera egiten bada aitorpena, eta, bi kasuetan, 3.000 eurotik gorakoa bada. Haren helburua da gazteen emantzipazio-prozesuak ahalbidetzea edo finkatzea bultzada edo laguntza baten bidez, gehien behar den eta egokiena den unean. EAEko gazte gehienak 30 urtetik aurrera emantzipatzen dira: 2021ean, eta 30 eta 34 urte bitartekoetan, % 71,5, eta, 25 eta 29 urte bitartekoetan, aldiz, emantzipatutakoen ehunekoa % 32,8 baino txikiagoa da.
Desiragarriena da, ikuspuntu guztietatik, 30 urtetik baino 25 urtetik gertuago daudenean emantzipa daitezela gazteak. Horregatik, programa hau 25 eta 29 urte bitarteko kolektiboari zuzentzen zaio, eta, horien artean, nahiz eta pausua emateko marjina nahikorik ez izan, emantzipatu ahal izatetik gertu daudenei.
Dekretu honek programa honen ezaugarriak arautzen ditu. Eskakizunen apartatuaren arabera, onuradunek EAEn erroldatuta egon beharko dute eskaera egin aurreko urtean, edo, EAEko udalerriren batean erroldatuta egonik, azken hamar urteetan hiru urtez erroldatuta egon direla egiaztatu behar dute.
Dekretu honek garatutako erregulazioaren arabera, laguntza hori ez da bateragarria izango babes publikoko etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan baliatzearekin, bikoizte-efekturik gerta ez dadin; izan ere, etxebizitza publiko bat eskuratzea, berez, egiturazko eta finkapeneko estaldura bat da emantzipatzeko. Kontuan izan behar da, EAEn, eta Gazteen Euskal Behatokiaren 2021eko datuen arabera, merkatu libreko etxebizitza baten alokairuak edo hipotekak, batez beste, soldataren % 50 baino gehiagoko gastua eragiten diola gazte bati, eta etxebizitza babestu baten kasuan, % 30 baino gutxiagokoa.
Bestalde, laguntza horren onuradunek egiaztatu beharko dute gurasoena ez den beste etxebizitza batean emantzipatzeak gastua eragiten diola hilero, izan alokairua nahiz hipoteka ordaintzeko. Horrek esan nahi du ezin izango dutela laguntza hau jaso lagatako edo oinordetutako etxebizitzetan bizi direnek, etxebizitza horiek baliatzeagatik ordaindu behar ez dutenean, edo dagoeneko hipoteka gasturik sortzen ez duten jabetzapeko etxebizitzetan bizi direnek.
Laguntza hori bateragarria izango da diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin. Emantzipaziorako pizgarri hori bateragarria izango da, halaber, Gaztelagun Programako alokairu-laguntzekin; izan ere, hala ez izatera, gazteen emantzipaziorako pizgarrien arteko emaitza zero izango litzateke, eta Emantzipa Programaren helburua, hain zuzen ere, pizgarri erantsi bat ematea da.
Neurri hori, zalantzarik gabe, ekimen garrantzitsua izanik, agian garrantzitsuena da ez dela jarduketa isolatua. Ikuspegi demografikotik eta zeharkako gazte-politiken ikuspegitik, autonomia-prozesuetan eta bizitza- eta familia-proiektuak eraikitzeko prozesuetan belaunaldi gazteei laguntzera bideratutako neurrien ekosistema baten parte da.
25 eta 29 urte bitarteko gazteentzako hilean 300 euroko laguntza horri hauek gehitu behar zaizkio: hiru urtera arteko seme edo alaba bakoitzeko hilean 200 euroko laguntza; Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak (hilean 300 eurora irits daitezke); Haur Eskolen 0-2 urteko etaparen doakotasuna; ondorengoengatiko kenkari fiskalak, edo kontziliazioaren arloan indarrean dauden neurriak.
Horrekin batera, aintzat hartu behar da neurri sorta hau sinergikoa dela, alde batetik, enplegua eta enplegurako prestakuntza sustatzeko dira, Gazte Enplegurako Talka Planaren bidez, eta gazteek etxebizitza eskuratzea sustatzeko; eta, bestetik, kohesioa sustatzeko eta bazterkeria prebenitzeko, DSBEa eskuratzeko adina aurreratuz edo Trapezistak Programa (familia-sarerik ez duten gazteei laguntasuna eskaintzea gizarte-bazterkeria saihesteko) bezalako jarduerak garatuz.
Laguntza horrek bi urte iraungo du 25 eta 29 urte bitarteko gazteentzat, eta hilean 300 eurokoa izango da; epealdi horrek ahalbidetzen du, laguntza jasotzeko eskakizunekin eta beste laguntza-programa edo -mekanismo batzuekiko bateraezintasun-, bateragarritasun- eta konputagarritasun-esparruekin batera, pizgarri edo laguntza esanguratsu bat eratzea, lortu nahi den helburua lortzeko, hau da, emantzipazio-adina aurreratzea; gainera, bi urteko laguntza izanik, enpleguarekiko edo prestakuntzarekiko konpromisoan atzera eginaraz lezaketen gain-dirulaguntzako egoerak saihestuko dira.
IV.
Emantzipa Programak eta programa hori gauzatzen eta ezaugarritzen duen laguntza honek Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategiarekin printzipio inspiratzaile multzo bat partekatzen dute, zeharka egiten eta informatzen duten printzipioak.
Gazteen emantzipazio-prozesuaren zentraltasuna da printzipio horietako lehena. Horrek dakar erdian kokatzea emantzipatzeko oztopoen eremua murrizteko eta aukeren eremua zabaltzeko helburua, gazteek gehien behar dutenean.
Garrantzi-ordena berean kokatu behar da emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa. Horrek berarekin dakar, genero-ikuspegiarekin eta ikuspuntu intersekzionalarekin, baldintzak sustatzea pertsona guztiek emantzipazio-prozesuei aukera-berdintasunean aurre egitea ahalbidetzeko.
Pluraltasun, errespetu eta diskriminazio-ezaren printzipioak bultzatzen du gazteen emantzipazioa. Gazteen unibertsoa osatzen duten aukeren, errealitateen eta bizi-ibilbideen aniztasuna aitortuta gauzatzen da, bai eta aniztasun horrek ekitate-testuinguru bat aurkituta ere, bizitza autonomoa eraikitzeko prozesuei laguntzeko.
Belaunaldien arteko erantzunkidetasuna zeharkako printzipio bat da, zeinak gizarte-antolamendua eta baliabide publikoen erabilera sustatu behar baititu, belaunaldien arteko enpatia-, elkartasun- eta elkarrekikotasun-zentzu sendo batean oinarrituta ikuspegi partekatu baten barruan, adin-desberdintasunak desberdintasun.
Panel honen buru daude iraunkortasun- eta integraltasun-printzipioak. Beraz, gazteen emantzipazioari laguntzeko neurri hori lotuta dago epe labur, ertain eta luzerako bideragarritasun-horizonte bat eratzeari, eta ez da neurri isolatutzat hartzen, baizik eta estrategia global baten barruan antolatutako ekintzen ekosistema baten zatitzat.
Printzipio horien eta azaldutako kontsiderazio guztien arabera, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Saileko Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak du, Gazteria Zuzendaritzaren bidez, emantzipaziorako laguntzen programa hau arautzeko ardura.
Dekretuaren egiturari dagokionez, I. kapituluan (Xedapen Orokorrak), 1. eta 2. artikuluek araudiaren xedea eta Emantzipa Programaren ezaugarriak ezartzen dituzte.
II. kapituluak –Eskakizunak eta bateragarritasun-esparrua– 3., 4., 5. eta 6. artikuluak biltzen ditu, honako hauei buruzkoak: eskuratzeko eskakizunak; eskakizunak egiaztatzea eta laguntza honek beste onuradunek jaso ditzaketen beste laguntza batzuekiko dituen bateragarritasuna, bateraezintasuna eta konputagarritasuna; eta zenbatekoa eta etxebizitza bakoitzeko onuradunen gehieneko kopurua.
III. kapituluak –Deialdia– 7. artikuluan urteko deialdiari buruzkoa zehazten du, eta aurreikusten du zer baliabide ekonomiko erabiliko diren Emantzipa Programaren laguntza hori aurrekontuan jasotzeko.
IV. kapituluak –Prozedura– 8. artikulua eta 17. artikulua bitartekoak biltzen ditu. Hauei buruzko aurreikuspenak garatzen ditu: eskaera, instrukzioa, ebazpena, prestazioen ordainketa, onuradunen betebeharrak, laguntza aldatzea, azkentzeko eta itzultzeko prozedura, baita ikuskapena, kontrola eta zehapen-araubidea ere.
Lehenengo Xedapen Gehigarriak adierazpena ezartzen du laguntzak izapidetzeko eta kudeatzeko zuzeneko ekintza gisa, eta Bigarren Xedapen Gehigarriak, berriz, datu pertsonalak babesteko politika.
Dekretu honetan aurreikusitako emantzipaziorako laguntzek Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen printzipioak betetzen dituzte, eta Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian ezarritako helburuei eta Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiari laguntzen diete. Gainera, bat datoz Gazteentzako EBren Estrategiarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin.
Gernikako Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkion eskumenen babesean eman da dekretu hau. Haren 9. artikuluak printzipio gidari gisa ezartzen du botere publikoek herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatu behar dutela, eta bizi-baldintzak hobetzeko politika bultzatu behar dutela.
Botere publikoei dagokie, halaber, baldintzak sustatzea eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurriak hartzea pertsonen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen. Betebehar hori bat dator Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluaren edukiarekin, eta, kasu honetan, gazteek bizi-proiektu autonomoak eraikitzeko baldintza onuragarriak sortuta gauzatzen da.
Esparru orokor horren barruan, gazteen emantzipazio-adina aurreratzea sustatzeko politika hori berariaz inskribatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumen-tituluetan. Gernikako Estatutuaren 10.39 artikuluan –Komunitatearen garapena– aitortzen da Euskal Autonomia Erkidegoak gazte-politikaren arloan duen eskumen esklusiboa.
Gazteriaren Legearen 23.3 artikuluak Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea sortzen du, eta zehazten du Eusko Jaurlaritzan gazteriaren arloko eskumena duen sailak izapidetu eta kudeatuko dituela Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako ezartzen dituen edo beste erakunde edo instituzio batzuekin adostu daitezkeen laguntzak.
Bestalde, Gazteriaren Legearen 8.4 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zuzeneko ekintzatzat jotzen du interes orokorrekoak direlako edo baldintza ekonomiko, sozial edo tekniko bereziak dituztelako Euskal Autonomia Erkidego osoan modu bateratuan eman behar diren gazteentzako jarduerak, zerbitzuak eta ekipamenduak gauzatzeko eskumena.
Ildo horretan, Gazteriaren Legearen 9.1.i) artikuluak ezartzen du zein jarduera, zerbitzu eta ekipamendu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzeneko ekintzako eskumenekoak, baina horien artean ez da jasotzen gazteen emantzipaziorako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.
Horregatik, lege horren 8.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, aldez aurretik, beharrezkoa da dekretu honetan egiaztatzea artikulu horren laugarren apartatuan adierazitako eskakizunak betetzen direla, eta zuzeneko ekintza berria deklaratzea, Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren nahitaezko txostena jaso ondoren.
Azalpen honetako aurreko apartatuetan jasotzen den bezala, dekretu honetan arautzen diren laguntzen hartzaile diren gazteek eskatzen dute Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030 Euskal Estrategian gazteen emantzipazioa errazteko jasotako neurri guztiak modu bateratuan diseinatzea eta kudeatzea Euskal Autonomia Erkidego osorako.
Azken finean, dekretu honen bultzada eta garapena Eusko Jaurlaritzari dagokion eskumen-esparruan kokatzen da, belaunaldi barruko eta belaunaldien arteko arrakalek eragindako desberdinkeriak zuzentzera eta ekitatean oinarritutako garapen komunitarioa sustatzera bideratuta baitago.
Ondorioz, lehendakariak proposatuta, Euskadiko Gazteriaren Arloko Erakundearteko Koordinazio Organoak aldeko txostena eman ondoren, gazte-emantzipaziorako laguntzak izapidetzea eta kudeatzea zuzeneko ekintzatzat deklaratzeari dagokionez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea da Emantzipa Programaren laguntzak arautzea. Eusko Jaurlaritzak, gazte-politikaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, laguntzok erabiliko ditu dekretu honetan aurreikusitako egoeretan dauden gazteen emantzipazio-prozesuak abiaraztea edo finkatzea sustatzeko.
2.– Laguntza hauek emateko, gaztetzat hartuko da 25 eta 29 urte bitartean duena, bizilekua Euskadiko Autonomia Erkidegoan baldin badu eta urteko diru-sarrerak dekretu honetan zehazten diren gutxieneko eta gehieneko mugen barruan baditu.
3.– Era berean, zehazten da emantzipazio-prozesu bat abiarazten edo finkatzen duen gazte batek dekretu honetan araututako prestazioa eskuratu ahal izango duela, baldin eta, laguntza-eskabidea aurkezten duen unean, egiazta badezake etxebizitza libre batean bizi dela, ez dena bere gurasoena, legezko tutoreena edo bigarren mailara arteko senideena, eta etxebizitza horretaz baliatzeak hilean gastu bat eragiten diola. Egoera horretatik kanpo geratzen da babes publikoko etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan duen gaztea, bai eta etxebizitza baliatzeak ez badio eragiten hileroko gastu ekonomiko egiaztagarririk.
2. artikulua.– Emantzipa Programaren ezaugarri orokorrak.
1.– Emantzipa Programa dirulaguntza-programa bat da, zeina hilean zenbateko bat ordaintzean datzan, dekretu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten gazteen emantzipazio-prozesuak abiarazteko edo finkatzeko.
2.– Laguntza gehienez 24 hilabetez emango da, laguntza jasotzen den aldi guztiak batuta, baldin eta onuradunak laguntzak eskuratu ahal izateko eskatzen diren eskakizunei eusten badie, betiere.
3.– Laguntza hilabete osotan jasoko da, eskaera aurkeztu edo, hala badagokio, zuzendu eta hurrengo hilabetearen lehenengo egunetik aurrera, gehienez 24 hilabetez, laguntza jasotzen den aldi guztiak batuta. Nolanahi ere, onuradunak 30 urte betetzen dituen hilabetean laguntza jasotzeko eskubidea galduko du.
II. KAPITULUA
ESKAKIZUNAK ETA BATERAGARRITASUN-ESPARRUA
3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko eskakizunak.
Laguntzak eskuratu ahal izateko, eskakizun hauek bete behar ditu eskatzaileak:
1.– Laguntza eskatzeko unean 25 eta 29 urte bitartean izatea, 25 eta 29 urte dutenak barne.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eskaera egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.
Era berean, dirulaguntza hauek eskatu eta jaso ahal izango ditu eskaera aurkeztu duen egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean bizi eta erroldatuta dagoen orok, nahiz eta aurreko hamabi hilabeteetan bertan etengabe bizi ez izan eta bertan erroldatuta ez egon, baldin eta egiaztatzen badu azken hamar urteetan hiru urte segidan igaro dituela Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzen eta erroldatuta.
3.– Urtean 3.000 eurotik gorako eta 28.000 eurotik beherako diru-sarrerak izatea.
Eskatzaileak ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera egiten badu zerga-aitorpena, urtean 3.000 eurotik gorako eta 34.000 eurotik beherako diru-sarrerak izatea.
Laguntzaren onuradun izateko urteko gutxieneko eta gehieneko diru-sarreren mugak urtero eguneratuko dira, urtarrilaren 1ean, gazteriaren arloan eskumena duen Idazkaritza Nagusiaren edo Sailburuordetzaren titularraren ebazpen bidez, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako Kontsumoko Prezioen Indizearen urtetik urterako ehuneko-aldaketa kontuan hartuta.
Ondorio horietarako, honako hauek hartuko dira urteko diru-sarreratzat: konputagarritzat jotzen diren balizko errenta salbuetsien batura, salbu eta, hala badagokio, konputagarritzat jotzen ez direnak; lanaren etekin osoak; jarduera ekonomikoen etekin osoak; kapital higigarriaren eta higiezinaren etekin osoak; ondare-irabazi eta -galerak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena edo aitorpenak osatzen dituzten edo osa ditzaketen errenten egozpenak, ken pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kengarriak diren gastuak.
Laguntza horiek eskuratzeko edo horiei eusteko diru-sarreren mugak konputatzeko, ez dira zenbatuko:
– Dekretu honetan araututako laguntzen kontzeptuan jasotako zenbatekoak.
– Gaztelagun programako laguntza ekonomikoa.
– Etxebizitzarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa.
– Alokairua ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak.
Edonola ere, ez dira kontuan hartuko ondare-irabazi eta -galera negatiboen saldo garbiak.
Pentsio konpentsatzaileak eta urteko mantenu-pentsioak hala horiek jasotzen dituen ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohiaren diru-sarreratzat nola horiek ordaintzeko betebeharra duen ezkontide ohiaren diru-sarreren gutxitze gisa hartuko dira, baldin eta, betiere, ordaindu behar dituen ezkontide ohiak edo izatezko bikotekide ohiak agiri bidez frogatzen badu benetan ordaindu dituela.
Urteko diru-sarrerak konputatzeko, eskaeraren aurre-aurreko ekitaldian eskuratutakoak hartuko dira aintzat.
Urtero egiaztatuko da laguntza eman aurreko ekitaldiko errenta-maila efektiboa betetzen dela, elkarreragingarritasun-plataformetan eskuragarri dagoenean, hargatik eragotzi gabe beste edozein unetan egiaztatu ahal izatea, eskakizunak benetan betetzen direla bermatzeko.
4.– Ez izatea 75.000 eurotik gorako finantza-ondasunik, -eskubiderik edo -aktiborik, salbu eta enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikita badaude, ohiko etxebizitza alde batera utzita.
5.– Honako kontratu hauen titularra izatea:
a) Errentamendu-kontratua. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre bat errentan hartzea, bakarrik edo errentarikideekin, laguntzaren onuradunaren ohiko bizileku iraunkorra izango dena.
b) Salerosketa-kontratua. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre baten salerosketa, bakarrik edo jabekide gisa. Laguntzaren onuradunaren ohiko bizileku iraunkorra izan beharko du, eta haren ordainketa hipoteka baten edo zerga-agintaritza eskudunaren aurrean formalizatutako mailegu pertsonal baten mende egongo da.
6.– Ez izatea ohiko bizilekua ez den beste etxebizitza baten titularra edo titularkidea, salbu eta egiaztatzen bada banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik etxebizitza hori guztiz erabilgarri ez dagoela, edo etxebizitza hori ezin dela baliatu bere borondateaz besteko edozein arrazoi tarteko (behar bezala egiaztatuta).
7.– Laguntza ekonomikoak jasotzeko eskakizunak bete beharko ditu eskatzaileak eskaera aurkezten duenean, eta diruz lagun daitekeen ekitaldi osoan eutsi beharko die eskakizun horiei, horretarako ezarritako epeetan eta moduan.
4. artikulua.– Sarbide-eskakizunak egiaztatzea.
1.– Eskatzaileek ez dute zertan aurkeztu administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duten datuak edo dokumentuak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatu behar dira, salbu eta interesduna aurka badago edo horiek lortzea teknikoki bideragarria ez bada. Nolanahi ere, horrek guztiak ez ditu eragotziko Administrazio Publikoari esleitutako egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak.
2.– Instrukzio-organoak, behar beste aldiz lortu edo egiaztatu ahal izango du ofizioz laguntzen eskatzaileek betebeharrak betetzen dituztela, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak. Hala ere, eskatzaileak kontsultaren aurka egin ahal izango du, eta, orduan, eskakizun horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
3.– Dekretu honen 3. artikuluko 6. eta 7. apartatuetan ezarritako eskakizunak, hasiera batean, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez ordeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
4.– Urteko diru-sarreren eskakizuna betetzen dela egiaztatzeko, eskaeraren aurreko ekitaldiko diru-sarrerei buruz eskura dagoen informazioa hartuko da oinarri. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiten ez duten pertsonen kasuan, edo aurreko ekitaldiko zerga-informazioa Administrazio Publikoen datu-trukerako plataformetan eskuragarri ez dagoenean, diru-sarrerak egiaztatzeko, PFEZren atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10T agiria), lan-bizitzaren ziurtagiria, Zerga Administrazio eskudunak emandako errenta-ziurtagiria edo zuzenbidean onartutako antzeko beste edozein agiri aurkeztu beharko dira.
5.– Errentamendu- edo salerosketa-kontratu baten titular diren pertsonek, 3. artikuluko 5. apartatuan araututako kasuetan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Errentamenduaren kasuan, etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia, non honako hauek jasoko baitira: kontratatzaileen nortasuna, errentapeko finkaren identifikazioa, hitzartutako iraupena eta hasierako errenta, salbu eta kontratu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta badago; kasu horretan, inskripzioaren ziurtagiriaren edo fidantza gordailutu izanaren frogagiriaren kopia aurkeztuko da.
b) Salerosketaren kasuan, etxebizitzaren salerosketa-kontratuaren kopia, erosleen nortasuna eta erositako finkaren identifikazioa adierazita, salbu eta salerosketa hori Jabetza Erregistroan inskribatuta badago; kasu horretan, Jabetza Erregistroko Indize Zerbitzuak emandako ziurtagiria aurkeztuko da.
Gainera, errenta ordaindu izanaren ziurtagiria edo hipoteka edo mailegu pertsonala ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, azken hilabeteko banku-frogagiriaren bidez. Ziurtagiri horretan, honako datu hauek jaso beharko dira: agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako ordainketaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta finantza-erakundearen balidazioa, eragiketa egin dela modu frogagarrian bermatzen duena.
6.– Honela egiaztatuko da 3. artikuluko 6. apartatuan ezarritako eskakizuna betetzen dela:
a) Errentamenduaren kasuan, eskatzailea ez dela etxebizitzaren titularra egiaztatzen duen ziurtagiria, Jabetza Erregistroaren Indizeen Zerbitzuak emana.
b) Salerosketaren kasuan, Jabetza Erregistroko Indizeen Zerbitzuak emandako ziurtagiria, titularrak diren etxebizitzak egiaztatzen dituena.
5. artikulua.– Laguntzaren bateragarritasuna, bateraezintasuna eta konputagarritasuna.
1.– Honako hauekin bateraezina izango da gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa Programak ematen duen laguntza:
a) Babes publikoko etxebizitza bat errentan baliatzea, bakarrik edo errentarikideekin.
b) Etxebizitza pribatu bat errentan baliatzea, bakarrik edo errentarikideekin, ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren edo Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren bidez.
c) Babes publikoko etxebizitza baten jabetza osoaren edo erabilera- eta baliatze-eskubide baten titularra edo titularkidea izatea, salbu eta egiaztatzen bada etxebizitza hori ez dagoela erabat erabilgarri banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik, edo etxebizitza hori ezin dela baliatu bere borondateaz bestelako edozein arrazoi tarteko (behar bezala egiaztatuta).
d) Etxebizitza bat baliatzeak gastu egiaztagarririk ez eragitea, dela alokairua ordaintzeagatik, bakarrik edo errentarikideekin, dela ordaintzeke dagoen hipoteka ordaintzeagatik edo zerga-agintaritza eskudunaren aurrean formalizatutako mailegu pertsonala ordaintzeagatik, etxebizitza jabetzan denean.
2.– Honako hauek jasotzearekin bateragarria izango da gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa Programak ematen duen laguntza:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errenta, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edo administrazio publikoen gizarte-inklusiorako politiketatik datorren errenta oro.
b) Gaztelagun Programako laguntza ekonomikoa jasotzea.
c) Etxebizitzarako prestazio osagarria eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa.
d) Gizarte-larrialdietarako laguntzak.
e) Alokairu-gastuak ordaintzen edo emantzipatzen laguntzen duten udal-laguntzak edo beste edozein administrazio edo erakunde publikoren laguntzak.
3.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak diru-sarrera gisa zenbatuko dira, eskatzailearen ahalmen ekonomikoa zehazteko eta baliabide nahikorik ez duten pertsonen pobreziako eta gizarte-bazterketako arrisku-egoerak arintzeko laguntzetan eman beharreko zenbatekoa konputatzeko, dagozkien arauetan aurreikusten den moduan.
6. artikulua.– Zenbatekoa eta etxebizitza bakoitzeko onuradunen gehieneko kopurua.
1.– Laguntzaren gehieneko zenbatekoa hilean 300 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, gehienez 24 hilabetez, baldin eta hura eskuratzeko aukera eman zuten eskakizun guztiak betetzen jarraitzen bada, betiere.
2.– Etxebizitza berean hiru pertsona baino gehiago bizi badira, gehienez hiru pertsonari emango zaie prestazioa, dekretu honetan eskatutako eskakizunak bete ondoren. Hiru eskaera baino gehiago badaude, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.
III. KAPITULUA
DEIALDIA
7. artikulua.– Deialdia.
1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikora bideratutako baliabide ekonomikoak urtero kontsignatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, eta dagokion Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuko dira. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emandako laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa edo hura eguneratzearen ondoriozkoa, baldin eta aurrekontu-aldaketak onartzen badira indarrean dagoen legeriaren arabera.
2.– Dekretu honen xede diren laguntza-deialdia urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan egingo da, Idazkaritza Nagusiko edo gazteriaren arloan eskumena duen sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dekretu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoa finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura jasoko du, dagokion ekitaldiaren hasierako aurrekontuari egozgarria. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren deialdi-ebazpena indarrean jartzen den egunetik aurrera hasiko da eskaerak aurkezteko epea.
3.– Laguntzak ondoz ondoko prozedura irekiaren bidez emango zaizkie dekretu honetan eskatutako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiei, eskaerak aurkezteko hurrenkera kontuan hartuta, eta behin espedientea osatuta. Eskaera zuzentzeko edo osatzeko eskatu behar bada, aldaketa zein egun eta ordutan egin den hartuko da erreferentziatzat, aurkezteko hurrenkera kontuan hartuta. Gazteriaren arloan eskumena duen idazkaritza nagusiaren edo sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez jakinaraziko da laguntza hauetara bideratutako funtsak agortu direla, eta laguntza berriak ematea geldiaraziko da; ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Baldin eta, diruz lagungarri izanik ere, aurrekontu-ekitaldi bateko aurrekontu-kredituekin erantzun ezin dakiekeen egoerei dagozkien laguntza-eskaerak badaude, eskaera horiek hurrengo ekitaldiko kredituei egozteko aukera izango da eskaera berriz aurkeztu behar izan gabe, baldin eta dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako eskakizunak betetzen badituzte eskaera horiek. Kasu horretan, organo kudeatzaileak egiaztatu egingo du laguntzak eskuratzeko eskakizunak betetzen direla, berriz aurrekontua egonik, laguntza emateko ebazpena emango duenean.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA
8. artikulua.– Eskaera.
1.– Laguntza ekonomikoen eskaerak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/xxxxxx helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskaerak, erantsi beharreko dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.
Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
2.– Eskaerak aurkezteko inprimakia eta administrazio-izapideak formalizatzeko gainerako eredu normalizatuak elektronikoak izango dira, eta eskuragai egongo dira prozeduraren fitxan, egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/xxxxxx. Inprimaki eta eredu horiek herritarren eta zerbitzuen arretarako organo eskudunaren jarraibideen arabera egingo dira.
Eskaera-formularioan, Administrazioarekiko jakinarazpen- edo komunikazio-bidea hautatuko da, eta jakinarazpen- edo komunikazio-abisuen datuak emango dira.
3.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskaera. Halaber, eskaeraren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskatzaileek arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute bitarteko elektronikoak erabiltzean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrentzako arreta integralari eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispideari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
5.– Prozeduraren fitxa eta horretarako sarbidea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, https://www.euskadi.eus/servicios/xxxxxx helbidean, eta bertan honako hauek egongo dira eskuragai:
– Prozedura izapidetzeko jarraibideak.
– Eskaera ebazteko epeari eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.
– Eskaera betetzeko jarraibideak, eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
– Prozedurako eskakizunen eta egiaztatzeko moduaren inguruko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzeko aukera eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.
– Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak, laguntzaren aldaketa barne.
– Prozeduraren eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak...), EAEko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komuneko formularioen toolkitean oinarrituta.
9. artikulua.– Instrukzioa.
1.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagozkio dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko zereginak.
2.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzak egiaztatuko du eskaerak behar bezala bete direla, bai eta laguntza-eskaera izapidetzeko behar den dokumentazioa aurkeztu dela ere.
3.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioak eskakizun guztiak betetzen ez badituzte, eskatzaileari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, eta Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
4.– Laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzak egiaztatuko du, halaber, gazteen emantzipazioa sustatzeko laguntza lortzeko eskakizunak betetzen direla.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira eskatutako laguntzak.
2.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, espedientea osatu eta biharamunetik aurrera, eta administrazio-isiltasuna ezesgarria izango da. Hala ere, akatsak zuzentzeko epea zabalduko balitz, aipatutako epea eten egingo litzateke harik eta eskatzaileak jakinarazpena jaso eta eskatutako agiri guztiak aurkezten dituen arte.
3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek gazteriaren arloko idazkaritza nagusiko edo sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Dirulaguntza emateko ebazpena pertsonalki jakinaraziko da, eskatzaileak aukeratutako kanalaren bidez.
Ebazpenak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko, onuradun askori eragiten baitie, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hala ere, hilero argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren datu irekien atarian (Open Data Euskadi: https://opendata.euskadi.eus/hasiera/) dagokion epean eman eta azkendutako laguntzen kopurua eta zenbateko globala, lurralde historikoaren eta pertsona onuradunaren sexuaren arabera bereizita, bai eta datu publikoak ireki eta berrerabiltzeari buruzko arau-esparrua betetzeko behar bezala anonimizatutako beste informazio oro ere. Nolanahi ere, horrek guztiak ez du eragotziko dirulaguntzen datu-baseari dagokion informazioa ematea.
5.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntza eman eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea. Prozeduraren amaieran laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, eta ordainketa egiteko borondatezko epean itzultzen ez bada, indargabetu egingo da baldintzapean emandako dirulaguntza.
11. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emate-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko dira, hilabetez hilabete, laguntzak emateko aldi osoan, onuradunak baldintzak betetzen ez baditu izan ezik; kasu horretan, ordainketa bertan behera geratuko da. Laguntza ordaindu ahal izateko, beharrezkoa da onuraduna behar bezala alta emanda egotea Ekonomia eta Ogasun Sailaren hirugarrenen erregistroan. Ez badago alta emanda edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, dagokion inprimakia bete beharko du, hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
2.– Laguntza eman den egunetik aurrera aginduko da ordainketa, eta sortu, berriz, eskatutako dokumentazioarekin batera eskaera aurkezten, edo, hala badagokio, zuzendu eta hurrengo hilaren lehen egunean.
12. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
Laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, zehazki, honako hauek:
1.– Laguntza hau jasotzen duten artean, beren ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
2.– Helbidea aldatuz gero edo diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera aldatzen duen beste zirkunstantzia edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, berehala jakinaraztea dirulaguntza kudeatzen duen zuzendaritzari.
3.– Laguntza kudeatzen duen zuzendaritzak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen fiskalizazio-eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia ematea.
4.– Gazte-politikaren arloan eskumena duen zuzendaritzak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak emandako dirulaguntzari buruz egin ditzaketen egiaztapen-jarduketak onartzea.
5.– Nolanahi ere, onuradunek, laguntza sortu eta urtebeteko epean, 4. artikuluko 5 a) eta b) apartatuetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Errentamenduaren kasuan: banku-transferentzia bidezko errentaren azken ordainketaren egiaztagiria. Bertan, gutxienez, agindu-emailearen datuak, onuraduna, ordaindutako errentaren hilabetea eta urtea, kontu-zenbakiak, zenbatekoa eta eragiketa egin dela modu frogagarrian bermatzen duen finantza-erakundearen balidazioa jaso beharko dira.
b) Salerosketaren kasuan: hipotekaren edo mailegu pertsonalaren azken ordainketaren egiaztagiria banku-transferentzia bidez, eta Jabetza Erregistroko Indizeen Zerbitzuak emandako ziurtagiria, eskatzailea etxebizitza baten titularra dela egiaztatzen duena.
6.– Bidegabeki kobratutako zenbatekoak itzultzea, hala ebazten bada, bai eta dagozkion interesak ere.
13. artikulua.– Laguntza aldatzea.
Etxebizitzaz aldatzeak zein errentarikideak edo jabekideak aldatzeak laguntza-ebazpena aldatzea ekarriko du, baldin eta, betiere, laguntzaren onuradunek eskakizunak betetzen jarraitzen badute.
14. artikulu.– Azkentzea.
Honako arrazoi hauengatik azkenduko da gazteen emantzipazioa bultzatzeko Emantzipa Programaren dirulaguntza, dagokion zirkunstantzia gertatzen den hilabeteko lehen egunetik:
a) Laguntza baliatzeko gehieneko adinera iristea (30 urte).
b) Ez betetzea laguntza emateko arrazoi izan ziren eskakizunak.
c) Onuradunak uko egitea.
d) Onuradunaren heriotza.
e) Emandako datuetan edo eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenetan iruzur egitea, hargatik eragotzi gabe zehapen posibleak.
f) Ez betetzea 12. artikuluan ezarritako betebeharrak.
15. artikulua.– Bidegabeki jasotako dirulaguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura.
Bidegabeki jasotako dirulaguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura bi testu hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikulua, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Gazteriaren arloko zuzendaritza eskudunak dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-ekintzak egin ahal izango ditu.
Halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzak fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betez, interesgarria izan daitekeen informazio guztia eskatu ahal izango diote onuradunari, eta laguntzaren kudeaketari dagokionez dagozkion egiaztapen-jarduketak egin ahal izango dituzte.
Baldin eta, laguntza eman ondoren eta laguntza hori guztiz ordaindu arte, organo kudeatzaileak uste baldin badu onuradunen batek ez dituela betetzen laguntza baliatzeko eskakizunak, ordainketak kautelaz eteteko ebazpena emango du, arrazoiak azalduz, eta alegazio-epea emango du eskakizunak benetan betetzen direla egiaztatzeko. Informazio guztia bildu ondoren, ebazpen bat emango du organo kudeatzaileak, hau adierazteko:
a) Baldin eta egiaztatzen ez bada laguntza eskuratzeko eta baliatzeko eskakizunak betetzen direla, ez-betetzea gertatu zen hilaren lehen egunetik laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala badagokio, ordaindutako laguntzak eta dirulaguntzaren izaera dela-eta dagozkion interesak itzuli direla, ez-betetzearen zantzuak igorri diren hilabetetik aurrera.
b) Baldin eta egiaztatzen bada laguntza eskuratzeko eta baliatzeko eskakizunak betetzen direla, berriz ekingo zaio laguntza ordaintzeari, eta ordainketa eten zenetik atzeratuta dauden hilei dagozkienak ere ordainduko dira.
17. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Zehapen-araubidea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean aurreikusitakoa da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zuzeneko ekintzaren deklarazioa.
Zuzeneko ekintzatzat jotzen da gazteen emantzipaziorako laguntzen izapidetzea eta kudeaketa, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 8.4 eta 8.5 artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako, Euskadiko Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoaren nahitaezko txostena jaso ondoren.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen babesa (DPBL).
Eskaeran jasota dauden datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko: Gazteriako laguntzak eta dirulaguntzak.
– Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Lehendakaritza.
– Helburua: gazteria arloko laguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
– Hartzaileak: ez da aurreikusten datuak jakinaraztea.
– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza kontsultatzeko gure web-orria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.