Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2024ko urtarrilaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
124

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ematen zaion Indarberri SL enpresak sustatutako proiektu bati, «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari, Vitoria-Gasteiz eta Burgeluko udal-mugarteetan (Araba).

Espedientea: 01-GE-Y-2021-00004 / 01-GE-Z-2022-00005 / 01-GE-Z-2023-00012.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2021eko abuztuaren 11n, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico SA enpresak hasierako administrazio-baimenaren eskaera aurkeztu zuen «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako, Vitoria-Gasteizko udal-mugartean (Araba), aurreproiektuarekin eta ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera.

Bigarrena.– 2022ko apirilaren 20an, sustatzaileak proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa osatu zuen, eta honako hau da:

– «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua.

– «Vitoria Solar 1» eta «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoen eta horien ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren azterketa.

– Zerbitzu-erakunde eta -enpresen ondasun eta eskubideen gaineko afektazioei dagozkien separatak.

– Energia elektrikoa sortzeko legezko gaitasuna, gaitasun teknikoa eta gaitasun ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

Hirugarrena.– 2022ko maiatzaren 12an, Solaria Promoción y Desarrollo Fotovoltaico, SA eta Indarberri, SL enpresek espediente honetako izapideak Indarberri, SL enpresarekin jarraitzeko eskatu zuten, bai eta jarritako berme ekonomikoak ordezkatzeko baimena emateko ere.

Laugarrena.– 2022ko ekainaren 23an, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariaren 2022ko ekainaren 6ko Iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Horren bidez, jendaurrean jarri ziren Vitoria-Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundiko udal-mugarteetan (Araba) «Vitoria Solar 1» (49,980 MW) eta Vitoria-Gasteiz, Burgelu eta Barrundiko udal-mugarteetan (Araba) «Vitoria Solar 2» (49,980 MW) eguzki-instalazio fotovoltaikoetarako eta horiei lotutako azpiegituretarako aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaerak. Eskaera horiek, halaber, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, 2022ko ekainaren 27an.

Equo-Berdeak alderdi politikoak, Jungituko Administrazio Batzarrak, Jesús López de Gauna Beitia jaunak, Cándida López de Tróconiz andreak eta Arantxa Arranz Ruiz de Azua andreak alegazioak aurkeztu zituzten jendaurrean jartzeko izapidean emandako epearen barruan. Ezarritako epetik kanpo, UAGA Arabako Nekazari eta Abeltzainen Elkartearen alegazioak jaso ziren.

Aurkeztutako alegazioak honako puntu hauei buruzkoak dira:

– Titularrek lurzati jakin batzuen erabilera ukatzea.

– Energia berriztagarriak garatzeko plangintzarik eza. Energia Berriztagarrien LPSa izapidetze-bidean.

– KBEen eta ingurumen- eta arkeologia-babeseko beste figura batzuen gaineko eragina.

– Erradiazio elektromagnetikoak osasunean duen eragina.

– Floraren eta faunaren gaineko eragina.

– Nekazaritzako jardueraren gaineko eragina.

– Proiektua hauekin bat ez etortzea: Euskadiko 2030erako Energia Estrategia, Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioaren energia berriztagarriak garatzeko ingurumen-zonakatzea.

– Proiektua eta Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Plana bateraezinak izatea.

– Proiektua eta laborantza-lurzorua babesteko eta sustatzeko politikak bat ez etortzea.

– Zero alternatibaren analisia nahikoa ez izatea.

– Espezie Mehatxatuak Kudeatzeko Planik eza.

– Polinizatzaileak kontserbatzeko helburuak eta proiektua bat ez etortzea.

– Proiektua eta Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra bateraezinak izatea.

Alegazio horien hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion Indarberri, SL sustatzaileari, erantzun ziezaien.

Bosgarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egin zitzaizkien oinarrizko proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterketari buruz. Zuzenean ukitutako ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio edo erakundeen kasuan, kasuan kasuko separata igorri zen, baldintza teknikoak emate aldera.

Kontsulta egin zitzaien hauei: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Uraren Euskal Agentziari (Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren kudeaketa-gomendioa); Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzari, Nekazaritza Zuzendaritzari eta Kultura Zuzendaritzari; Vitoria-Gasteiz, Burgelu eta Barrundiko udalei eta Uribarri Arratzu, Lubiano, Arbulu eta Urizarreko administrazio-batzarrei, ukitutako administrazio publikoak diren aldetik, eta Arabako Natur Institutua (ANI), GADEN (Grupo Alavés de Defensa y Estudio de la Naturaleza), Ekologistak Martxan-Araba eta Eguzki elkarteei, interesdun gisa.

Halaber, separatak igorri zitzaizkien Vitoria-Gasteiz, Burgelu eta Barrundiko udalei, Uribarri Arratzu, Lubiano, Arbulu eta Urizarreko administrazio-batzarrei, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuari, Uraren Euskal Agentziari (Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren kudeaketa-gomendioa), Arabako Foru Aldundiko Errepide Zerbitzuari, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzaileari eta Red Eléctrica de España, SA garraio-sareko operadoreari, instalazioak eraginpean hartzen dituen ondasun edo zerbitzuei dagokienez.

Jasotako txostenen hitzez hitzeko kopiak bidali zitzaizkion Indarberri, SL sustatzaileari, erantzun ziezaien.

Seigarrena.– Sustatzailea bat etorri zen jasotako txostenekin eta alegazioekin (bai ingurumen-inpaktuaren azterketari buruzkoekin, bai eraginpeko ondasun eta zerbitzuen baldintza teknikoei buruzkoekin, bai proiektuaren xede den instalaziorako lurzati batzuk erabiltzeko baimena ukatzeari dagozkionekin), eta hasierako proiektua birdefinitu eta inguratzaileetako batzuk aldatu zituen (VS2_17, VS2_19, VS2_23 eta VS2_25). Inguratzaile horiek ez zituzten gainditu hasieran aurreikusitako azalerak, eta ez zieten eragin beste lurzati batzuei. Alde batera utzi ziren inguratzaile hauek: VS2_1, VS2_2, VS2_3, VS2_4, VS2_5, VS2_6, VS2_7, VS2_8, VS2_9, VS2_10, VS2_11, VS2_12, VS2_13, VS2_14, VS2_15, VS2_16, VS2_18, VS2_20, VS2_21, VS2_22, VS2_24 eta VS2_26; eta, hala, Barrundiko udal-mugartearen gaineko eragina ezabatu zen.

Besteak beste, honako baldintza hauek hartu ziren kontuan proiektua birdefinitzeko:

– Elektrizitatea sortzeko instalazioak kentzea onura publikoko mendietatik.

– Ibai eta erreketatik, habitat eta igarobideetatik edo lotura-intereseko ibai-tarteetatik hesiak atzeraematea eta kentzea.

– Hesiaren perimetroa murriztea eta inguratzaile bakoitzean panelen okupazioa optimizatzea.

– Paisaia-inpaktua murriztea, kota altuenetan kokatutako inguratzaileak kenduz.

– Afektazioak murriztea Nekazaritza eta Basozaintzako LPSa aplikatuz.

– Zona arkeologikoak izan daitezkeen horien gaineko eragina ekiditea.

Indarberri, SL sustatzaileak proiektuaren birdefinizioa sartu zuen espedientean, eta horren ondoriozko inguratzaile berriak, separata berriak eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskin bat jaso zituen hor, bai eta azterketa botanikoak eta faunari buruzkoak eta gaikako kartografia eguneratua ere.

Zazpigarrena.– Indarberri, SLk proiektua birdefinitzean administrazio-espedientean sartutako separata berriak eraginpeko administrazio eta organismoei igorri zitzaizkien, baldintzatzaile teknikorik bazegoen haien berri emateko. Hasiera batean Noryeste ureztatzaileen komunitateari kontsulta egin ez zitzaion arren, administrazio-espedientean sartu zen komunitate horrek 2022ko abenduaren 13an aurkeztutako idazkia, komunitatea zuzenean ukitutakotzat jo baitzen, eta sustatzaileari helarazi zitzaion, zeina ados azaldu baitzen.

Era berean, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren eranskina bidali zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, hala bazegokien horren berri eman zezaten; izan ere, ukitutako zenbait administrazio publikok eskatutako berariazko azterlanak gehitu zitzaizkion ingurumen-inpaktuaren azterlanari, proiektuaren ingurumen-inpaktua hobeto baloratzeko.

Txosten hauek jaso ziren: Vitoria-Gasteizko Udalarena, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzarena, Nekazaritza Zuzendaritzarena eta Kultura Zuzendaritzarena, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuarena eta Errepide Zerbitzuarena, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzarena eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena eta URA-Uraren Euskal Agentziarena. Uribarri Arratzuko eta Jungituko administrazio-batzarren txostenak ere jaso ziren; edukian bat zetozen.

Zortzigarrena.– 2023ko martxoaren 13an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-112INET erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan. Espediente horretan, honako hauek zeuden: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak, bosgarren aurrekarian adierazitako eranskina barne.

Bederatzigarrena.– 2023ko irailaren 15ean, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zuen Vitoria-Gasteizko eta Burgeluko (Araba) udal-mugarteetako «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako (2023ko urriaren 30eko EHAA, 207. zk.).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetu eta ebazteko eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; eta 48/2020 Dekretua, maiatzaren 31koa, Energia elektrikoa ekoizteko, garraiatzeko eta banatzeko instalazioen administrazio-baimenaren prozedurak arautzen dituena.

Hirugarrena.– Aurkeztutako alegazioei dagokienez, edukia, sustatzaileak emandako erantzunak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoek egindako txostena aztertuta, honako hau adierazi behar da:

1.– Jesús López de Gauna Beitia jaunak eta Cándida Fernández de Trocóniz andreak beren jabetzako lurzatiak «Vitoria Solar 1» proiekturako erabiltzeko baimenik ez emateari buruz egindako alegazioen aurrean, sustatzaileak ados zegoela adierazi zuen eta partzela horiek baztertu egin zituen panel fotovoltaikoak ezartzeko proiektua birdefinitzean.

2.– Ingurumen-arloko alegazioei eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketari lotuei dagokienez, adierazi behar da alegazio horiek kontuan hartu zirela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak emandako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean. Adierazpen horretan, eguzki-parkea gauzatzeko, ustiatzeko eta desegiteko beharrezkoak diren baldintzak, babes-neurriak, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak jasotzen dira, baita ingurumena zaintzeko planak, Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua eta Konpentsazio Plana ezartzeko ere.

3.– Hirigintza-izaerako eta lurralde-antolamenduarekin lotutako alegazioei dagokienez, adierazi behar da sustatzaileak dagokion Plan Berezia egiteko eskatu zuela, Lurzoruari buruzko 12/2007 Legean xedatutakoaren arabera. Izapide hori ez dago proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren izapideari lotua, baina osagarri da, ebazpen honen xede den sektore elektrikoaren araudian oinarritua. Nolanahi ere, ezinbestean zehaztu behar da baimen hau emateak ez duela kentzen sustatzaileak proiektua gauzatzeko behar diren bestelako baimen edo lizentzia batzuk lortu behar izatea.

4.– Energia berriztagarrien LPSrik ez egoteari buruzko alegazioei dagokienez, adierazi behar da izapidetzen ari dela, eta ez dela aplikatuko behin betiko onartu arte. Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera eman da baimen hau, eta dagozkion izapideak egin dira, ingurumen-ebaluaziokoak barne. Hori guztia hirigintzaren eta lurralde-antolamenduaren ikuspegitik egin beharreko gainerako izapideak kontuan hartu gabe, aipatutako lurralde-plan sektorialik ez baitago.

Era berean, ezetsi egin behar dira proiektua zenbait plan, jarraibide edo estrategiarekin bat ez etortzeari buruzko alegazioak; besteak beste, honako hauekin: Euskadiko 2030erako Energia Estrategia (3E2030), Energia eta Klimaren Plan Nazional Integratua edo Arabako Foru Aldundiaren Mugarri Plana. Alde batetik, proiektua bat dator 3E2030eko «Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpena sustatzea» jarduera-ildoarekin, eta, bestetik, plan, jarraibide edo estrategia jakin batzuek oro har jarduera-ildo edo irizpide orokorrak ezartzen badituzte ere, proiektua baimentzea eragozten duen edo hura baldintzatzen duen berariazko arau-garapenik ez dagoen bitartean, organo eskudunak indarrean dagoen araudiaren arabera jokatu behar du.

Espezie Mehatxatuak Kudeatzeko Planik ez egotea ezin zaio sustatzaileari egotzi, eta ez da administrazio-baimen honen xede. Polinizatzaileak kontserbatzeko helburuei dagokienez, sustatzaileak adierazi zuen eguzki-instalazio fotovoltaiko gisa erabiltzeak entomofaunari garatzen laguntzen diola, eta eguzki-instalazio fotovoltaikoa lurra erlezaintzarako erabiltzearekin bateragarri egitea sartu zuen har daitezkeen konpentsazio-neurrien artean.

Bestalde, adierazi behar da Arabako Foru Aldundiak emandako txostenetan ez dela agerian geratu proiektua aldundi horrek onartutako Mugarri Planarekin bateraezina denik.

5.– Ondare kultural eta arkeologikoaren gaineko eraginari buruzko alegazioei dagokienez, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak adierazi du ados dagoela ingurumen-inpaktuaren azterlanari erantsitako prospekzio arkeologikoen txostenetan proposatutako zuzenketa-neurriekin.

6.– Erradiazio elektromagnetikoak osasunean izan lezakeen eraginari buruzko alegazioei dagokienez, honako hau adierazi behar da: proiektuaren arabera, instalazioaren erradiazio-balioak irailaren 28ko 1066/2001 Errege Dekretuan ezarritakoen azpitik daude (1066/2001 Errege Dekretua, irailaren 28koa, Jabari publiko erradioelektrikoa babesteko baldintzak, emisio erradioelektrikoen murrizketak eta emisio erradioelektrikoetatik babesteko neurriak ezartzen dituen Erregelamendua onartzen duena). Bestalde, eraikitze-baimen administratiboa lortzeko aurkeztu beharreko exekuzio-proiektuan, sustatzaileak egiaztatu egin beharko du bete egiten dela 337/2014 Errege Dekretua (337/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, Goi-tentsioko instalazio elektrikoetako baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko Erregelamendua eta haren ITC-RAT 01.tik 23.erako jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena). Errege-dekretu horretan, goi-tentsioko instalazioetatik hurbil eremu magnetikoak mugatzeko baldintzak ezartzen dira, besteak beste.

7.– Nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueren gaineko eraginari dagokionez, sustatzaileak ebaluazio bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen eragina bateragarria izango zela Vitoria-Gasteizko eta Burgeluko udalerrietan, eta adierazi zuen eraginpeko ustiategi bakoitzaren okupazio-ehunekoa % 10etik beherakoa izango zela, eta neurri batzuk sartu zituen nekazaritza-lurren eta ureztalurren galera konpentsatzeko, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean gehitu zirenak.

Laugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean, ebazpen-zatiaren bigarren puntuan, proiektuaren baldintzak eta ingurumenaren aurkako ondorioak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak ezarri dira. Hona hemen neurriok, laburbilduta (ez sakonki):

1.– Baldintza orokorrak.

2.– Paisaia babesteko eta ukitutako lekuak lehengoratzeko neurriak.

a) Landare-hesi bat jarriko da, behintzat Lubiano eta Arzubiaga inguruko herrietatik gehien ikusten diren inguratzaileen mugetan; zehazki, VS2_25_2, VS2_25_3, VS2_23 eta VS2_17_1 inguratzaileetan.

3.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

a) Seinale islatzaileak jarriko dira 10 metrotik behin hesiaren trazadura osoan, abifaunaren talkak gutxitzeko.

4.– Nekazaritza-erabilera babesteko neurriak.

a) Proiektuak ez du eraginik izango proiektuaren eremuan dauden ureztatze-sistemako elementuetan. Zorbideei eutsiko zaie ureztatze-azpiegiturarekin lotutako hodiak eta gainerako instalazioak dauden lekuetan, hesiaren barruan baldin badaude, horien konponketak, hobekuntzak, mantentze-lanak eta abar errazteko.

5.– Lurzorua eta urak babesteko neurriak.

6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

7.– Hauts-emisioen inguruko neurriak.

8.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

9.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

10.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

11.– Garbiketa-lanak eta obren akabera.

12.– Konpentsazio-neurriak.

13.– Jarduera-uztea.

14.– Ingurumen-aholkularitza.

15.– Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Era berean, ingurumena zaintzeko plana gauzatu beharko da, gutxienez honako hauek barne hartuta:

1.– Lanen okupazio-mugak kontrolatzea.

2.– Abifauna kontrolatzea ustiapen-fasean.

3.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

4.– Gertaerak erregistratzea.

5.– Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egitea.

6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko planari dagozkion txostenak Arabako Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzara bidali beharko dira, proiektua baimentzeko organo substantiboa den aldetik.

Bosgarrena.– «Vitoria Solar 2» proiektuak sarbide-baimena du, Red Eléctrica de España SAk emana 2021eko ekainaren 17an.

Seigarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio Publikoak baimena ukatu ahalko du, baina aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez direnean edo sistemaren funtzionamendurako kaltegarria denean bakarrik.

Adierazitako oinarri juridikoekin eta aplikazio orokorrekoak eta aldi berean aplikatzekoak diren beste batzuekin bat etorriz, Arabako Industria Administrazioko lurralde-ordezkariak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Aurretiazko administrazio-baimena ematea Indarberri, SL enpresak Vitoria-Gasteizko eta Burgeluko udal-mugarteetan (Arabako Lurralde Historikoa) sustatutako «Vitoria Solar 2» eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuari.

Proiektu horrek instalazio hauek ditu:

– Eguzki-instalazio fotovoltaikoa, Burgeluko eta Vitoria-Gasteizko udal-mugarteetan (Araba). Instalazio horrek honako hauek ditu:

a) 90.074 panel fotovoltaiko, 555 Wp-koak, guztira 49,99 MWp-ko puntako potentzia dutenak.

b) 3.437 kVA-ko hamalau inbertsore, guztira 48,12 MW-ko potentzia instalatua dutenak.

c) Zazpi 0,6/30 kV transformazio-zentro.

d) 30 kV-ko lurpeko lineak, sortutako energia transformazio-zentroetatik ebaketa-zentrora ebakuatzeko.

e) Ebaketa-zentro bat.

f) 30 kV-ko lurpeko ebakuazio-linea bat, ebaketa-zentrotik Promotores Vitoria TAE azpiestaziora doana.

– Sortutako energia eroate-sarera ebakuatzeko, Promotores Vitoria TAE azpiestazioa eta azpiestazio hori Red Eléctrica de Españako Vitoria azpiestazioarekin lotzen duen goi-tentsioko aireko linea erabiliko dira. Linea horiek ez dira administrazio-baimen honen xede, eta sustatzaile beraren «Vitoria Solar 1» proiektuaren barruan baimendu dira (01-GE-Y-2021-00003 espedientea).

Aldez aurreko administrazio-baimen hau honako baldintza hauekin ematen da:

1.– Eraikitzeko administrazio-baimena sei hilabeteko epean eskatu beharko da, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Eskabidea adierazitako epean aurkezten ez bada, aurretiazko administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango da.

2.– Exekuzio-proiektua egokitu egin behar da Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak 2023ko irailaren 15ean egindako eta 2023ko urriaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (207. zk.) argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean (IIAn) ezarritako baldintzetara, babes-neurrietara eta konpentsazio-neurrietara. Era berean, administrazioek, organismoek eta zerbitzu-enpresek kontsulta-fasean ezarritako baldintza teknikoak jaso beharko ditu. Sustatzaileak baldintza horiekiko adostasuna adierazi zuen.

3.– Onartzeko aurkeztutako proiektuak araudi elektrikoaren arabera eta industriaren arloan aplikagarriak diren industriako segurtasun- eta kalitate-arauak bete beharko ditu, eta instalazio elektrikoei aplikatu beharreko araudian adierazitako agiri eta zehaztapenak eduki beharko ditu, gainera.

4.– Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.

5.– Ebazpen hau eman da ezertan eragotzi gabe udal- eta probintzia-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, ez eta obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak ere, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkienak bereziki, eta eskatzaileak beroriek eskatu beharko ditu hala dagokionean. Era berean, hirugarrenen eskubideak alde batera utzi gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.

Industria Administrazioko Arabako lurralde-ordezkaria,

PEDRO RODRÍGUEZ DÍAZ.


Azterketa dokumentala