Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2024ko urtarrilaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
28

ERABAKIA, 2023ko abenduaren 19koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez nazionalitate-betekizunetik salbuesten baitira fakultatibo medikoen eta erizainen kategoriak / lanpostu funtzionalak, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak deitzen dituen aldi baterako hautaketako prozesuetan, premiaz betetzeko behar objektiboa dela-eta.

Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2003 Legearen bidez (abenduaren 12ko EHAA 235. zk.), seigarren xedapen gehigarria gehitu da Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean, honela:

«Seigarren xedapen gehigarria. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren menpeko erakundeetan zenbait langile-kategoriko estatutupeko langile izateko nazionalitate-baldintzatik salbuestea.

1.– Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 72.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, interes orokorreko arrazoiengatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko mediku espezialistak eta erizainak nazionalitate-baldintza betetzetik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta haien espezialitateak defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen badira langilerik ez egoteagatik, arrazoi geografikoengatik edo urtaroei lotutako arrazoiengatik.

2.– Lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, espezialitate defizitariotzat edo betetzeko zailtzat hartuko dira fakultatiboei eta/edo erizainei dagozkienak, baldin eta horiek hornitzeko egiturazko langile-defizita badago, eta premia objektiboa eta urgentzia badago asistentzia-beharrak behar bezala bermatzeko.

Salbuespen hori ez da iraunkorra izango, aldi baterakoa baizik, eta xedapen honen 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera egiten den adierazpenari lotuta egongo da.

3.– Espezialitate bat defizitariotzat edo betetzeko zailtzat deklaratzea, langilerik ez egoteagatik, arrazoi geografikoengatik edo urtaroei lotutako arrazoiengatik, gutxienez irizpide hauetako bat oinarri hartuta egingo da:

a) Espezialista-kategoria jakin bat eta zerbitzu-erakunde baterako onartutako plantillaren eta zerbitzuak ematen ari diren benetako langileen arteko desfasea.

b) Eraginpeko zerbitzu-erakundeen demografia- eta biztanleria-inguruabarrak, espezialista-kategoria jakin batean profesional bakoitzari egokitu dakizkiokeen paziente-ratioei dagokienez.

c) Bitarteko edo teknologia berriak sartzeagatik edo eragindako zerbitzu-erakundeetan zerbitzu-zorroa zabaltzeagatik profesionalen eskakizun edo behar gehigarriak.

d) Lanpostu horiek ez betetzea, lanpostuak betetzeko eta hautatzeko sistemen bidez, naziotasun-baldintza betetzen duten langile finko nahiz aldi baterakoekin.

4.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko administrazio-kontseiluak erabakiko du, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko arduradunak proposatuta, defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen diren espezialitateak objektiboki eta premiaz bete behar diren, hirugarren apartatuko irizpideekin bat etorriz, eta, interes orokorreko arrazoiak direla eta, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak horretarako antolatzen dituen hautaketa-prozesuetan nazionalitate-betekizunetik salbuestea justifikatzen badute».

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2023ko abenduaren 15eko 2322/2023 Ebazpenaren bidez proposatzen da nazionalitate-betekizunetik salbuestea fakultatibo medikoen eta erizainen kategoriak / lanpostu funtzionalak, haiek betetzeko deitzen diren aldi baterako hautaketa-prozesuetan, baldin eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen seigarren xedapen gehigarriaren arabera lanpostuok defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen badira. Salbuespen hori Osasun Publikoaren Legearen azken xedapenaren bidez onartutako aldaketan jasotzen da.

Aldaketa hori abenduaren 12ko 235. zenbakiko EHAAn onartu eta argitaratu zen, eta Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 72.5 artikuluan du jatorria. Artikulu horrek nazionalitate-eskakizunetik salbuesteko aukera ezartzen du, Osakidetzan fakultatibo espezialista medikoen eta erizainen lanpostu funtzionalak betetzeko deitzen diren aldi baterako hautaketako prozesuetan. Euskal Enplegu Publikoaren Legeak lege baten babesa behar du nazionalitate-betekizunaren salbuespena arautzeko, profesional horiei soilik aplika dakiekeena. Horretarako, Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2023 Legearen azken xedapen horren bidez, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 1997ko Legea aldatzen da, eta seigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio.

Euskadiko Osasun Publikoari buruzko Legearen azken xedapen honen bidez, medikuak eta erizainak nazionalitate-betekizunetik salbuesteko prozedura hastea ahalbidetzen da, aldi baterako hautaketako prozesuen bidez Osakidetzan sartzen direnean. Salbuespen hori ezin izango da indarrean sartu harik eta EHAAn argitaratu eta 20 egun igaro arte.

Horregatik guztiagatik, eta aplikatzekoak diren gainerako lege-oinarriak aplikatuz, honako hau

ERABAKI DA

Lehenengoa.– Interes orokorreko arrazoiengatik, fakultatibo medikoen eta erizainen lanpostu funtzionalak –beheko taulan zerrendatzen dira– nazionalitate-betekizunetik salbuestea, haiek betetzeko deitzen diren aldi baterako hautaketako prozesuetan, baldin eta lanpostuok defizitariotzat edo betetzeko zailtzat jotzen badira, Euskadiko Osasun Publikoari buruzko azaroaren 30eko 13/2003 Legearen azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoaren arabera (abenduaren 12ko EHAA 235. zk.), nazionalitate-betekizuna betetzen duen langilerik ez dagoela egiaztatzen den kasuetarako. Neurri hori Euskadiko Osasun Publikoari buruzko Legea indarrean jarri ondoren ezarriko da:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Berme handiagoa izateko, aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskabidea aurkeztu duen Europar Batasunaz kanpoko norbait izendatzeko edozein eskaintza egin aurretik, egiaztatu beharko da ez dagoela nazionalitate-betekizuna betetzen duen langilerik, aldi baterako kontratazioko zerrendetan sartuta egon zein ez. Nolanahi ere, Aldi Baterako Langileak Kontratatzeko Zerbitzu Korporatiboaren aldez aurreko baimena beharko da.

Hirugarrena.– Deklarazio hau aldi baterakoa da, eta gutxienez urtean behin berrikusiko da.

Laugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erabaki da.

Bosgarrena.– Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio Erabaki hau garatzeko behar diren ebazpenak edo instrukzioak emateko.

Seigarrena.– Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea izango da, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 19a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala