Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
5788

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 28koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaz programa hauen indarraldia luzatzea erabaki baita Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU): energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarri-programa, Euskal Autonomia Erkidegoko erronka demografikoko udalerrietan dauden eraikinak birgaitzeko dirulaguntza-programa (PREE 5000 programa; Hiriko Birgaitzeko eta Berroneratzeko Planaren barruan dago, Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Programan sartuta) eta ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programa.

I.– Ekainaren 29ko 477/2021 Errege Dekretuaren bidez (477/2021 ED), energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari lotutako pizgarriak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, bai eta bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarriak ematekoak ere, Suspertze-, Eraldatze- eta Erresilientzia Planaren esparruan. EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiaren 2021eko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez (2021eko irailaren 22ko Ebazpena), energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarri-programa arautzeko oinarriak onartu ziren, argitaratu ziren eta deialdia egin zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Oinarri horiek EEEko zuzendari nagusiaren 2022ko apirilaren 20ko eta 2022ko ekainaren 29ko ebazpenen bidez aldatu ziren.

II.– Abuztuaren 3ko 691/2021 Errege Dekretuaren bidez (691/2021 ED), demografia-erronkako udalerrietan dauden eraikinak energia aldetik birgaitzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren (PREE 5000 programa). Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Hiriak Birgaitzeko eta Berroneratzeko Planaren barruan dago, Berroneratzeko eta Erronka Demografiko Programan sartuta. EEEko zuzendari nagusiaren 2021eko urriaren 18ko Ebazpenaren bidez (2021eko urriaren 18ko Ebazpena), Euskal Autonomia Erkidegoko erronka demografikoko udalerrietan dauden eraikinetarako birgaitze energetikoko dirulaguntza-programa (PREE 5000 programa) arautzeko oinarriak onartu ziren, argitaratu ziren eta deialdia egin zen. Programa hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren Hiriko Birgaitzeko eta Berroneratzeko Planaren barruan dago, Berroneratzeko eta Erronka Demografikoko Programan sartuta. Oinarri horiek EEEko zuzendari nagusiaren 2022ko apirilaren 20ko ebazpenaren bidez aldatu ziren.

III.– Abenduaren 21eko 1124/2021 Errege Dekretuaren bidez (1124/2021 ED), ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. EEEko zuzendari nagusiaren 2022ko martxoaren 8ko ebazpenaren bidez (2022ko martxoaren 8ko ebazpena), ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programa arautzen duten oinarriak onartu ziren, argitaratu ziren eta deialdia egin zen, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. Oinarri horiek EEEko zuzendari nagusiaren 2022ko ekainaren 30eko ebazpenaren bidez aldatu ziren.

IV.– 2023ko abenduaren 28an, 310. BOEn, 1178/2023 Errege Dekretua argitaratu zen, 2023ko abenduaren 27koa, zeinaz araudia aldatzen baita eta Europako estatu-laguntzen esparrura egokitzen baitira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren energia-birgaitzerako eta energia berriztagarrietarako laguntza-programa jakin batzuk. Bada, errege-dekretu horrek parte batean aldatu ditu 477/2021 ED, 691/2021 ED eta 1124/2021 ED.

V.– 2021eko irailaren 22ko Ebazpenak, 2021eko urriaren 18ko Ebazpenak eta 2022ko martxoaren 8ko Ebazpenak hurrenez hurren 477/2021 Errege Dekretuan, 691/2021 Errege Dekretuan eta 1124/2021 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak bete behar dituztenez, berriro aldatu behar dira errege-dekretu haietan araututako pizgarri-programen oinarri arautzaileak.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2021eko irailaren 22ko Ebazpena aldatzea. Hala, 3. oinarrian, 2021/5035 (54/11) orrialdean, 2. eta 3. paragrafoak honela idatzita geratuko dira:

«Oinarri hauen bidez onartzen diren pizgarri-programak 2024ko uztailaren 31 arte egongo dira indarrean. Laguntza-programa honetarako eskaerak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 11n hasiko da eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko. EAEko administrazioek egiten dituzten zuzeneko inbertsioei dagokienez, 2024ko uztailaren 31ra arte sortu ahal izango da behar den kreditua eta argitaratu ahal izango dira kasuan kasuko jarduketaren lizitazio-orriak. Epe hori bukatutakoan, ez da beste eskaerarik onartuko. Hala ere, esleitutako aurrekontua amaitzen bada eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik, eskaerak erregistratzen jarraitu ahal izango da behin-behineko erreserba-zerrendan, eta horiei sarrera-ordenari zorrotz jarraikiz erantzungo zaie, aldez aurreko laguntza-eskaeretan ezespen edo baliogabetzeak badira, zeinek aurrekontua erabiltzeko utzi ahalko luketen, edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez du inola ere eskubiderik sortuko eskatzailearentzat, eskaera ebatzi arte».

Bigarrena.– 2021eko urriaren 18ko Ebazpena aldatzea. Hala, 3. oinarrian, 2021/5605 (46/8) orrialdean, 2. eta 3. paragrafoak honela idatzita geratuko dira:

«Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 13an hasiko da, 08:00etan, indarraldia amaitu arte. Epea 2024ko uztailaren 31n amaituko da, baldin eta aurretik programaren aurrekontu erabilgarria amaitu ez bada, jasotako laguntza-eskaeren arabera. Epe hori bukatutakoan, ez da beste eskaerarik onartuko. Hala ere, esleitutako aurrekontua amaitzen bada programaren indarraldia amaitu aurretik, eskaerak erregistratzen jarraitu ahal izango da behin-behineko erreserba-zerrendan, eta horiei sarrera–ordenari zorrotz jarraikiz erantzungo zaie, aldez aurreko laguntza-eskaeretan ezespen edo baliogabetzeak badira, zeinek aurrekontua erabiltzeko utzi ahalko luketen, edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez du inola ere eskubiderik sortuko eskatzailearentzat, eskaera ebatzi arte».

Hirugarrena.– 2022ko martxoaren 8ko Ebazpena aldatzea. Hala, 3. oinarrian, 2022/1320 (41/8) orrialdean, 2. eta 3. paragrafoak honela idatzita geratuko dira:

«Laguntza-programa honetarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea 2022ko martxoaren 24an hasiko da, 08:00etan, eta 2024ko uztailaren 31n amaituko da. Indarraldia bukatutakoan, ez da beste eskaerarik onartuko. Hala ere, esleitutako aurrekontua amaitzen bada programaren indarraldia amaitu aurretik, eskaerak erregistratzen jarraitu ahal izango da behin-behineko erreserba-zerrendan, eta horiei sarrera-ordenari zorrotz jarraikiz erantzungo zaie, aldez aurreko laguntza-eskaeretan ezespen edo baliogabetzeak badira, zeinek aurrekontua erabiltzeko utzi ahalko luketen, edo deialdian aurrekontu berria sartzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendara aurkezteak ez du inola ere eskubiderik sortuko eskatzailearentzat, eskaera ebatzi arte».

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bilbao, 2023ko abenduaren 28a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.


Azterketa dokumentala