247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (257 KB - 14 orri.)
- EPUB (136 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5787
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 26koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez oinarriak eta deialdia argitaratzen baitira dirulaguntzak emateko toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak susta eta babes ditzaten, 2024ko ekitaldirako.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legearen 54. artikuluak ezartzen duenez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak udaletan bulegoak eta zerbitzuak sortzea sustatuko du, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko.
9/2007 Legeak sortutako Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzea, eta, institutuaren egitekoen artean, hau dago jasota lege horren 4.1.j) artikuluan: «Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea euren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-itunak sinatzea beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera».
2021eko urriaren 18an, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomoaren dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen 2022-2024ko aldirako, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa beteta. Plana Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunean argitaratu da.
Programa indarrean jarri den aldian izandako esperientziaren ondorioz, komeni da laguntza-programaren araudia aldatzea, egokitu dadin administrazio-araudi aplikagarrian eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren dirulaguntzen plan estrategikoan ezarritakora.
Azaldutakoak oinarritzat hartuta, eta kontuan izanik azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoa, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honek xede du publiko egitea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-erakundeei dirulaguntzak emateko 2024ko deialdia. Dirulaguntzok emango zaizkie bai indibidualki aritzen diren toki-erakundeei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa aritzen direnei bai toki-erakundeek sustatuko erakundeei.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta dirulaguntza-lerroak.
1.– Dekretu honetan publikatutako laguntzetarako jarritako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Helburu hori betetzeko, 1.161.500 euro erabiliko dira, 2024ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
a) 1.061.300 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendutik eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitetik eratorritako gastuak ordaintzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2024. urtea: 795.975 euro.
– 2025. urtea: 265.325 euro.
b) Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2024. urtea: 60.000 euro.
– 2025. urtea: 20.000 euro.
c) 20.200 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) ekipamendu informatikoaren gastuetarako. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
– 2024. urtea: 15.150 euro.
– 2025. urtea: 5.050 euro.
3.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzarentzat, dagokion lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira.
4.– Entitate onuradunek 2024an izango dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
5.– Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urterako aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) zabalik dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak, bai indibidualki bai zerbitzua partekatzen duten hainbat toki-erakunderen ordezkari gisa. Toki-erakundeek sustatuko erakundeek ere jaso ahal izango dituzte laguntzok. Irizpide hauek izango dira indarrean laguntzak ematerakoan:
Zerbitzuak ematen dituzten udalerri edo mankomunitateak:
– 20.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean hogei orduz izango dira zabalik.
– 10.000 eta 20.000 biztanle artean zerbitzatzen dituzten bulegoak gutxienez astean zortzi orduz izango dira zabalik.
– 10.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean lau orduz izango dira zabalik.
Deialdiko dirulaguntzak jasotzeko interesa duten erakundeek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketagatiko obligazioekin lotutako ordainketak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden erakundeek ezin izango dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu. Era berean, EONALTBren 50.5 eta 50.6 artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak 2024ko ekitaldian egindako gastuak ordaintzera bideratuko dira, betiere honako kontzeptu hauekin lotuta baldin badaude:
a) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendua, eta kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitea.
b) Kontsumoko ikuskapeneko jarduketak egitea.
c) Ekipamendu informatikoa eskuratzea, kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoentzat. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
a) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zentroen eta zerbitzuen funtzionamendua, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egitea, eta kontsumoko ikuskapeneko jarduerak egitea:
– Lokalen alokairua.
– Kontsumitzaileei informazioa, orientazioa eta laguntza ematen dizkieten langileen gastuak eta kontsumoko ikuskaritzako langileen gastuak (ordainsariak eta gizarte-segurantza).
– Joan-etorrien gastuak.
– Ikuskatzeak egitea.
– Kontsumitzailearen informaziorako bulegoaren mantentze- eta kontserbazio-gastuak, hala nola telefonoa, hornidurak, garbiketa, aseguruak edo antzekoak.
– Altzariak, bulegoko materialak eta abar mantentzea.
– Informazio- eta orientazio-kanpainak, mintegiak, biltzarrak, jardunaldiak, aldizkariak, argitalpenak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideekin lotutako jarduerak.
– Zerbitzu profesionalak, kanpo-kontratazioa eta beste batzuk.
– Informatikako eta dibulgazioko materiala eskuratu, editatu eta banatzea.
b) Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako ekipamendu informatikoa eskuratzea:
– Informatikako, komunikazioko, edizioko eta antzeko ekipamenduak.
Osoki azpikontratatu ahal izango da jardueren exekuzioa, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.
Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da betiere.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta amaitu, berriz, 2024ko otsailaren 15ean.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor daude jasota tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan eskuratu daiteke: https://www.euskadi.eus/servicios/0056513 Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Izapideak egiteko interesa duten erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoren bat izan beharko dute, zeinak honako helbide honetan baitaude eskura: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Halaber, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan.
6.– Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, eta bat etorriz aipatutako Aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, espedientea kudeatzen duen organoak betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak eskatuko dizkie organo eskudunei, zuzenean, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, eta laguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
7. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak barnean hartuko ditu entitatearen datu orokorrak, eskabidea bera balioesteko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
A) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:
1) Laguntza jaso duen entitatearen izaerari dagokionez:
– Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzen du, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematen du.
– Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez kudeatzen ditu kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
– Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzen du, jarduerak zabaldu edo argitaratu beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
– Diruz lagundutako erakundeak, hala badagokio, ikuskatze-kanpainetan eta Kontsumobideren Alerta-sarean parte hartu behar du.
– Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzen du.
– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinarazten dio Kontsumobideri.
– Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzen du.
– Erakundea ez dago 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aipatzen den egoeraren batean.
2) Zehapenei dagokienez:
– Ez du zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez zaio legez debekatu laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea, batik bat sexu-bazterkeriagatik.
– Amaituak ditu itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
3) Bestelako laguntzei dagokienez:
– Ez du xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso, administrazio publiko eta erakunde pribatuetatik.
– Administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu dio eta eman egin diote (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» erlaitzean zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
– Administrazio publikoren bati edo erakunde pribaturen bati laguntza edo dirulaguntzaren bat eskatu dio, eta ebazpena jasotzeko zain dago (eskabidearen «Beste dirulaguntza batzuk» zehaztu behar dira puntu honetako datuak).
4) Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:
– Ez dago zigortuta, zigor- edo administrazio-bidean, sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
5) Eskabideko datuei dagokienez:
– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditu.
– Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan dokumentu guztiak ere; hala, dagokidan erantzukizuna neure gain hartzen dut (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua.)
B) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da:
1.– Oro har.
1.1.– Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, laguntzan parte hartzeko, eskatutako zenbateko zehatza adierazita.
1,2. Kontsumo arloan 2023. urtean egindako jardueren memoria.
2.– Eskatutako laguntza 4 a) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, aurreko puntuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Funtzionamenduaren eta jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
3.– Eskatutako laguntza 4 b) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. puntuan zehaztutakoaz gainera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Kontsumo ikuskaritzako jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
b) 2023. urtean egindako ikuskapen kopuruaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena, ikuskapenak zer sektoretan egin diren, kontsumo ikuskapenak egiteko arduradunak zeintzuk izan diren eta ikuskaritza zerbitzuaren kostua zehaztuz.
4.– Eskatutako laguntza ekipamendu informatiko berria erostera bideratuta badago, eskaera egiterakoan, artikulu honen 1. puntuan zehaztutakoaz gainera, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsitako aurrekontu banakatua ere aurkeztu beharko da. Ez dira diruz lagunduko ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak.
5.– Eskabidea zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten duenean, kontuan izan beharko du eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
10. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Epaimahai kalifikatzaile bat sortuko da, oinarri hauetako 2.2 artikuluan jasotako dirulaguntza lerro bakoitzerako aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko; honako kide hauek izango ditu:
a) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria, epaimahaiburu gisa.
b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren bi ordezkari: Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen arduraduna eta Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna. Bietako batek idazkaritza-lanak egingo ditu, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin. Arduradunok absentziagatik, gaixotasunagatik edo kargua bete gabe dagoelako parte hartzerik ez badute, beste unitate-arduradun batek edo arduradun diren unitateko teknikariek ordezkatu ahal izango dituzte.
c) Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako bi ordezkari.
2.– Epaimahai kalifikatzaileak, denboran eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioa eta dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari.
3.– Beharrezkotzat iritziz gero, bai Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den heinean, bai balorazio batzordeak nahi beste informazio eta agiri osagarri eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
11. artikulua.– Dirulaguntzen izaera eta zenbatekoa.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Erakunde onuradun batek 4 a) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
3.– Erakunde onuradun batek 4 b) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 25.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
4.– Erakunde onuradun batek 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuengatik jaso dezakeen zenbatekoa ezin da inolaz ere izan onartutako aurrekontuaren % 70 baino handiagoa.
5.– Eskatzaileek lerro bakoitzerako aurkeztu dituzten aurrekontuak aztertu ondoren, onartutako aurrekontuaren zenbatekoa zehaztuko du epaimahai kalifikatzaileak. Hori kalkulatzeko, 5. artikuluan jasotako gastu diruz lagungarriak hartuko dira kontuan. 4 a) eta 4 b) artikuluetan aurreikusitako diruz laguntzeko moduko kontzeptuei muga hauek aplikatuko zaizkie:
Lerroa: funtzionamendua eta jarduerak egitea.
(Ikus .PDF)
Ikuskapen-jardueren lerroa:
(Ikus .PDF)
6.– Ebazpen honen 4. artikuluan jasotako kontzeptu diruz lagungarrietatik datozen gastuak ordaintzeko eman beharreko dirulaguntzen guztizko zenbatekoa –artikulu honetan aurreikusitako portzentajeak eta mugak aplikatuta eta 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak ere aplikatu ostean– handiagoa bada eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua baino, erakunde onuradun guztiei dagokien hainbanatzea aplikatuko zaie.
7.– Behin eskaera guztiei erantzunda, 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitekeen kontzepturen batean esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortuko ez balitz, dagokion soberakina gainontzeko kontzeptuei bideratutako zuzkidura handitzeko erabili ahal izango da.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, aurkeztutako eta epaimahai kalifikatzaileak onartutako aurrekontuari portzentaje eran aplikatuko zaizkion irizpide hauek izango dira kontuan –gehienez ere 100 puntu emango dira–:
a) Diruz lagundu daitezkeen 4 a) eta 4 c) artikuluetan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
1.– 2023an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako erreklamazio-kopurua, taula honen arabera: 30 puntu.
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bi erreklamazioko.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat lau erreklamazioko.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar erreklamazioko.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei erreklamazioko.
2.– 2023an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako kontsultak, taula honen arabera: 20 puntu.
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bost kontsultako.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar kontsultako.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei kontsultako.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogeita hamar kontsultako.
3.– On-line sistema bat izatea kontsumitzaileek erreklamazioak eta kontsultak aurkezteko: 10 puntu.
4.– Kontsumo arloan 2023. urtean egindako jarduerak: 10 puntu.
– Informazio, prestakuntza eta heziketa jarduerak: 5 puntu.
– Lurralde-esparruan enpresek kontsumoko arbitraje sistemarekin bat egitea sustatzeko jarduerak: 5 puntu.
5.– KIUBak zerbitzu ematen dien biztanleen kopurua, honako taula honen arabera: 20 puntu.
– 5.000 biztanle artean: 2 puntu.
– 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 4 puntu.
– 10.001 eta 15.000 biztanle artean: 6 puntu.
– 15.001 eta 20.000 biztanle artean: 8 puntu.
– 20.001 eta 30.000 biztanle artean: 10 puntu.
– 30.001 eta 40.000 biztanle artean: 12 puntu.
– 40.001 eta 50.000 biztanle artean: 14 puntu.
– 50.001 eta 75.000 biztanle artean: 16 puntu.
– 75.001 eta 100.000 biztanle artean: 18 puntu.
– 100.000 biztanle baino gehiago: 20 puntu.
6.– Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoaren zerbitzua udalerrien mankomunitate baten eremuan garatzen bada: 10 puntu.
b) Diruz lagundu daitezkeen 4 b) artikuluan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
1.– 2023. urtean egindako kontsumoko ikuskapen-kopurua, taula honen arabera: 40 puntu.
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: 0,50 puntu ikuskapen bakoitzeko.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: 0,40 puntu ikuskapen bakoitzeko.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: 0,30 puntu ikuskapen bakoitzeko.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: 0,20 puntu ikuskapen bakoitzeko.
2.– 2023. urtean ikuskatutako kontsumo-sektoreen kopurua: 10 puntu, puntu bat sektore bakoitzeko.
3.– 2023. urtean kontsumo-ikuskaritzara bideratutako pertsona kopurua eta kostua: 30 puntu, taula honen arabera:
(Ikus .PDF)
4.– 2023. urtean bulegoak zerbitzatutako biztanle-kopurua: 20 puntu
– 5.000 biztanle artean: 2 puntu.
– 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 4 puntu.
– 10.001 eta 15.000 biztanle artean: 6 puntu.
– 15.001 eta 20.000 biztanle artean: 8 puntu.
– 20.001 eta 30.000 biztanle artean: 10 puntu.
– 30.001 eta 40.000 biztanle artean: 12 puntu.
– 40.001 eta 50.000 biztanle artean: 14 puntu.
– 50.001 eta 75.000 biztanle artean: 16 puntu.
– 75.001 eta 100.000 biztanle artean: 18 puntu.
– 100.000 biztanle baino gehiago: 20 puntu.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.
2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzazio publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.
3.– Gainfinantzaketa itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio erakunde interesdunek prozeduran planteatuko gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.
2.– Adjudikazio-prozedura bakoitzean hartuko den ebazpenak zehaztutako du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
3.– Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da. Gainerako jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntza bi igorpenetan ordainduko da, jarraian zehaztu bezala:
a) Behin 17.a) artikuluan zehaztutako epea espresuki uko egin gabe igarotakoan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da.
b) Bigarren ordainketa 2025ean egingo da, eta, bertan, dirulaguntza 16. artikuluan ezarri bezala justifikatu eta gero egindako likidazioaren ostean ateratzen den kopurua ordainduko da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo, orobat, zorduna bada, itzulketa-ebazpen bat dela medio.
2.– Eskaera toki-erakunde batek aurkeztu baldin badu zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen izenean, eskaera egin duen erakundeari egingo zaio ordainketa, betiere eragotzi gabe erakunde horrek gainontzekoekin eginiko hitzarmena betez egin behar duen banaketa.
16. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2025eko martxoaren 31 baino lehen:
a) Emandako dirulaguntza funtzionamendura eta informazio eta prestakuntza jarduerak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
b) Emandako dirulaguntza kontsumo-ikuskapenak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria.
c) Emandako dirulaguntza ekipamendu informatikoa erostera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo eskudunaren ziurtagiria eta egindako gastuaren faktura.
d) Betiere, KIUBak 2024an garatutako jardueren amaierako memoria.
2.– Zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jarduten duen toki-erakunde batek aurkezten duenean eskaera, kontuan izan beharko du aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
3.– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako laguntza ekonomikoaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
4.– Gastuak justifikatzerakoan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako dirulaguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.
Desbideratzea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da ebazpen honen 18. artikuluan ezarri bezala, salbu eta justifikatzen bada laguntza ekonomikoa emateko izandako helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan gutxituko da.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hori dela-eta, dirulaguntza esleitzen zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea, eta jasotako dirulaguntzon gainean dituzten egitekoak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.
c) Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak. Aplikazioak kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta arreta emateko zentroen sareko zentro guztien jarduketak biltzen ditu.
d) Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzea, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
e) Toki-erakundeak ikuskaritza-jardueretarako dirulaguntzak jaso baditu, erakunde onuraduna derrigortuta dago Kontsumobideren ikuskaritzako eta alerta sareko kanpainetan parte hartzera.
f) Jarduerak sustatu eta horien berri ematean, hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko direla bermatzea.
g) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak bete direla bermatzea dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan.
h) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea Kontsumobideri.
i) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso dituztela beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.
j) Dirulaguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasita, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
k) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainontzeko betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 17ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, dirulaguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakorako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat betetzen ez badu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.
Xedapen hauek arautuko dituzte ebazpen honetako dirulaguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritzaren ordez (2023ko azaroaren 9koa Agindua, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena).
Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,
JESÚS MARÍA GARCÍA DE COS.