Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5783

AGINDUA, 2023ko abenduaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko 2024ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak. Gauzatu Industria programa.

2020-2024 aldiko Gobernu Programak ekonomia suspertzearen, enplegua berreskuratzearen eta kalitatea hobetzearen alde egiten du, hazkundearen bideari berriz ekiteko eta langabezia-tasa % 10etik beherakoa izatea lortzeko.

Estrategia horrek oinarritzat ditu industria aurreratua, inbertsioa, berrikuntza eta nazioartekotzea, honako helburu hauek betetzeko: EAE industriaren eta teknologikoaren erreferente bihurtzea; eraldaketa energetiko-ekologikoaren erronkei ekitea (ekonomiaren deskarbonizazioan aurre egiteko); eraldaketa digital-teknologikoa, aukera-hobia den aldetik (aurrera egitea adimen artifizialean, big datan, gauzen Interneten, 5Gn, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean, besteak beste); gure industria- eta ekonomia-ehunaren erresilientzia indartzeko beharra; enpresa-kultura berrian –inklusibo eta parte-hartzaileagoan– aurrera egitea, enpresen berrikuntza-faktore gisa.

Hori guztia Europar Batasunaren lurralde- eta gizarte-kohesioaren arloko zuzentarauen arabera, gizarte-politiken aldeko apustu irmoa eginez eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak defendatuz, desorekak murrizte aldera (genero-arrakala eta soldata-arrakala, besteak beste).

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko konpromisoa du, eta batez ere, finantzaketa eskura dezaten errazteko konpromisoa; izan ere, hori faktore bakarra ez bada ere, mugatzen die, halere, hazi ahal izateko aukera eta lehiakortasuna hobetzen dieten jarduerak abian jartzekoa, bai eta, halaber, ahalegina oinarri teknologikoa edo berritzailea duten proiektuetan paratu dezaten ere.

Laguntza hauek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen dira. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» web orrian argitaratuko da, sailari dagokion eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Agindu honi Europar Batasuneko honako erregelamendu hauek aplikagarri zaizkio:

– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (L 187 Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2014ko ekainaren 26koa), zeinaren bidez bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra); zehazki, erregelamendu horren 17. artikulua (ETEen aldeko inbertsioak egiteko laguntzak). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da.

– Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarri jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

– Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da.

Hala, araututako laguntzek erregelamendu horietan xedatutakoa betetzen badute, Europako Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita geldituko dira, dagokien baimena lortzeko, eta aski izango da kasu bakoitzean aurreikusitako epearen barruan jakinaraztea.

Jarraibide horien arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2024ko ekitaldi honetarako arautu eta iragartzea oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko aurrerakin itzulgarriak.

Deialdi honen babesean 2023an ematen diren laguntzei aplikatuko zaizkie agindu honetan jasotzen diren xedapenak, harik eta horiek erabat likidatu arte.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Itzuli beharrik gabeko aurrerakinak izango dira laguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

3. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzei honako hauek aplikatuko zaizkie:

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua (L 187 EBAO, 2014-06-26koa), zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da. ETEen aldeko inbertsio-laguntzei buruzko 17. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez, bateragarritzat jotzen baitira nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (EBAO, L 193, 2014-07-01ekoa). Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzearekin lotutako inbertsioetarako laguntzei buruzko 17. artikuluaren barruan daude laguntza horiek.

Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez bateragarritzat jotzen baitira arrantzaren eta akuikulturaren produktuak sortu, eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresentzako zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Erregelamendu hori 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatu da. (EBAO, L 369, 2014-12-24koa). Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko laguntzei buruzko 46. artikuluan sartzen dira laguntza horiek.

2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren mende egongo dira, Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1. artikuluan adierazitako laguntza-kategorien esklusioa betetzen bada betiere.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira (28.000.000,00 euro, zehazki).

Emango diren dirulaguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatutako kopurutik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere kreditu-loturaren erregimenarekin edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldakuntzarekin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatuko balitz, horren berri emango luke Industriako sailburuordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen bat argitaratuz.

Deialdi hau eraginkorra izateko, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Onuradun izan daitezke enpresa txiki eta ertainak (ETEak), baldin eta erauzketako industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak eta lotutako zerbitzuetakoak (industriako produktu-prozesuari lotuta) badira, bai eta jarduera nagusia industria-enpresetan (Zibersegurtasun Euskal Zentroa - BCSCren zibersegurtasuneko katalogoan erregistratutakoak) IT/ OT (Information Technology / Operational Technology) inguruneetarako zibererasoen aurrean babesteko sistemak bateratzea eta integratzea duten enpresak badira, betiere oinarri teknologiko edo berritzailekotzat jotzen badira.

Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) honako hauek izango dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Enpresa txikitzat joko da 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez duena.

Elkartutako edo lotutako enpresen kasuan, langileen eta mugen zenbaketa deialdi honen 3. artikuluan zerrendatutako erregelamenduen (EB) 4., 5. eta 6. artikuluen arabera egingo da.

2.– ETEek ekoizpen-zentro bat edo batzuk eduki beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, eta zentro horietan kokatuko dira laguntza jaso dezaketen inbertsioak; gutxienez hiru urtez atxikiko dituzte, halaber.

3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren teknologia-ikerketako erakundeek.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Honako hauek ezingo dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu:

a) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenak; besteak beste, egoera hauetan:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

– Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordainduta ez izatea.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penal bat izatea, edota horretarako legezko debeku bat.

– Ez betetzea abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak (lege horren bidez, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira), betiere eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisiko edo juridiko bat bada, zuzenbide publikoko erakundeez bestelakoa, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntza jaso behar badu;

– Ebazpen irmo baten bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz.

– Administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso izana sexu-diskriminazioa egiteagatik. Gainera, sexu-diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek ere ezingo dute dirulaguntzarik jaso, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian; edo Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, edo 50 langiletik gorako enpresek, baldin eta egiaztatzen ez badute ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

b) Krisialdian dauden enpresak, betiere Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetako definizioari jarraikiz (2014-07-31ko EBAO, C 249).

c) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.

2.– Aurreko apartatuetan adierazitako betekizunak laguntza-eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatzen denera arte bete beharko dira.

7. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresak.

Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresen izaera balioesteko orduan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– Teknologikoak: gehienez 70 puntu lortu ahalko dituzte.

a) Funtsezko irizpideak; 0-10 puntu bakoitzean.

1) Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea (EIN irizpidearen arabera); energia garbiagoak, industria adimenduna eta osasun pertsonalizatua lehenetsiko dira, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2030 Planean (RIS3 - Espezializazio Adimenduna) xedatutakoa betez. Enpresak zer sektoretan jarduten duen hartuko da kontuan, baita hari lotuta zer sektore dauden ere (bezeroak eta hornitzaileak).

– Intentsitate teknologiko handiko sektoreetako enpresak (8-10 puntu).

– Intentsitate teknologiko ertaineko sektoreetako enpresak (4-7 puntu).

– Intentsitate teknologiko txikiko sektoreetako enpresak (1-3 puntu).

2) I+G+b-n inbertsio-maila altua izatea. I+G+bra eta berrikuntza teknologikora bideratzen diren baliabideak izango dira kontuan (aurrekontua, lantaldea, eskarmentua, tresneria eta abar).

– Enpresak ehuneko handia bideratzen du (sektoreko batezbestekoari dagokionez) I+Gra bere salmenta-zifretatik (8-10 puntu).

– Enpresak ehuneko adierazgarria bideratzen du I+Gra (4-7 puntu).

– Enpresak baliabide gutxi bideratzen ditu edo ez du baliabiderik bideratzen I+Gra (1-3 puntu).

3) Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa. Bere sektoreko ezagutza teknologikoa hartuko da kontuan (enpresak aurrez izan dituen kasuak eta adibideak deskribatuz).

– Enpresak, ezagutza teknologiko «esklusiboa» izateaz gain, modu egokian industrializatzen du ezagutza hori (8-10 puntu).

– Enpresak ezagutza teknologiko berritzailea du (produktu eta prozesu berriei buruz) bere sektorearen batezbestekoari dagokionez, eta ezagutza hori merkaturatuz, aukera ematen dio besteetatik nolabait bereizita lehiatzeko. (4-7 puntu).

– Enpresak ez du ezagutza teknologiko bereizgarririk bere sektorean (1-3 puntu). (1-3 puntu).

b) Euskarri irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.

1) I+G+Bko proiektuak ustiatzea. Bere I+G produktu edo prozesu berriak garatzera bideratuta egotea balioetsiko da.

– Enpresak merkaturatzen dituen produktu edo prozesu berriak garatzera edo hobetzera bideratzen du bere I+G (8-10 puntu).

– Noizean behin, enpresak barne-garapenak edo I+G arlokoak ustiatzen ditu lankidetzan (4-7 puntu).

– Enpresak ez du I+G ustiatzen eta atzerapena du bere sektoreko produktuetan eta prozesuen maila teknologikoan. (1-3 puntu).

2) Norbere teknologia babestua izatea, desberdintzea ahalbidetuko diona. Aintzat hartuko dira enpresak dituen patenteak, markak, erregistratutako modeloak eta know-howa.

– Enpresak bere patenteak edo teknologia-maila handia ditu (8-10 puntu).

– Enpresak eman zaizkion lizentziak edo nolabaiteko teknologia-maila ditu (4-7 puntu).

– Enpresak ez du patenterik edo lizentziarik, eta bere ezaguera eta baliabide teknologikoek ez diote sektorean desberdintzea ahalbidetzen (1-3 puntu).

c) Bigarren mailako irizpideak; 0-10 puntu izango ditu bakoitzak.

1) Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua. Berrikuntza teknologikoko profilaren arabera egokiak diren balioetsiko da.

– Enpresa parke teknologiko batean dago, berrikuntza teknologikoko bere profilarekin bat etorriz. Edo enpresa berria BIC batean eratu da, eta harekin elkarlanean aritu da bere negozio-plana osorik garatzen eta gauzatzen (8-10 puntu).

– Enpresa parke teknologiko edo BIC batean zegoen hasieran, baina lekuz aldatu da gero. Edo nolabaiteko harremana izan du BIC batekin (5-7 puntu).

– Enpresa edo enpresa berria ez da inoiz egon parke batean eta ez du harremanik izan BIC batekin (ez zaio punturik ematen).

2) Harremana eta irisgarritasuna. Lankidetzan jardutea Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko eskaintza teknologikoarekin (unibertsitate-sailak, zentro teknologikoak, laborategiak eta abar), eta teknologiaren edo berrikuntza irekiaren arloko beste lankidetza-hitzarmen batzuk egitea bezeroekin, hornitzaileekin, klusterrekin edo berrikuntza-sareekin.

– Enpresak unibertsitateak, zentro teknologikoak eta laborategiak ezagutzen ditu, eta aldizka aritzen da haiekin lankidetzan, haiek EAEkoak, estatukoak nahiz nazioartekoak izan. Gainera, hitzarmenak ditu haietako batekin edo batzuekin (8-10 puntu).

– Enpresa elkarlanean aritzen da eskaintzaren zentroren batekin, edo lankidetza teknologikoko edo elkarrekin garatzeko hitzarmenak egiten ditu bezeroekin, hornitzaileekin edo sektoreko beste enpresa batzuekin. Edo klusterrekin (4-7 puntu).

– Enpresak ez du lan egiten eskaintza teknologikoarekin, eta ez du lankidetza tekniko edo teknologikorik beste enpresa batzuekin (0-3 puntu).

Enpresak oinarri teknologikoa duela ulertuko da, baldin eta ebaluazioan lortutako guztizko nota a) apartatuko gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada, eta baldin eta irizpideen tipologia bakoitzean lortutako guztizko nota:

– a.1) apartatuko irizpideei dagokien gehieneko notaren % 50 edo handiagoa bada.

– a.2) eta a.3) apartatuetako irizpideei dagokien gehieneko notaren % 40 edo handiagoa bada.

Proiektu teknologikoa berritzailetzat joko da automatikoki, eta 30 puntu lortuko ditu.

2.– Berritzaileek 30 puntu izango dituzte gehienez.

1) Irizpide hauek 3 puntu lortuko dituzte irizpide bakoitzeko, i) irizpidearen kasuan salbu, hark 6 puntu izango baititu:

a) Oro har, etengabeko prestakuntzaren, kudeaketako berrikuntzaren eta kalitate-ziurtagiriak lortzearen aldeko apustua. Abian jarritako apustuen deskribapena hartuko da kontuan.

b) Enpleguan, esportazioetan, merkatu-kuotan, produktu berrien merkaturatzean eta abarretan kudeaketa egokia ezartzearen emaitza positiboen azterketa.

c) Inbertsio-proiektuaren xedea eta garatu nahi diren produktu berriekin edo jorratu nahi diren merkatu berriekin duen harremana.

d) Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, eta enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.

e) Berdintasun-plana izatea edo emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuneko erakunde kolaboratzaileen ziurtagiriak edukitzea, bai eta jazarpen sexistaren aurkako protokoloak, lan- eta familia-bizitza adiskidetzeko neurriak eta abarrak ere, betiere nahitaezkoak ez badira enpresaren ezaugarriak direla eta (hau da, 51 langiletik gorako enpresak, martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua).

f) Jardunean honako enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelatuta hasiak izatea: Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba), Ezkerraldeko Enpresa Garapeneko Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea), Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa (BEAZ), Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).

g) Enpresa-berrikuntzak nazioarteko kateetako berrikuntzari dagokionez duen dimentsio osoa kontuan izatea.

h) Enpresak bat egitea ingurumenaren, energia-efizientziaren, emisioen murrizketaren aldeko apustuarekin, eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) betetzen laguntzea (Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agendan onetsi ziren).

i) IKTen esparruan (informazioaren teknologiak, komunikazioak eta Internet), digitalizazioaren, IoTen, 4.0 Industriaren eta abarren arloan estrategia edo ezarpena izatea jarduera eta negozio-eredua garatzeko.

Enpresak izaera berritzailea duela ulertuko da, baldin eta irizpide berritzaileen puntuaziotik gutxienez % 50 lortzen baditu.

2) Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.

3) Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira laguntzak. Hala, artikulu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraituz, oinarri teknologikoko enpresatzat edo enpresa berritzailetzat jo direnei emango zaizkie 13. artikuluan aurreikusitako laguntzak, puntuazio-ordenari jarraituz, harik eta deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortzen den arte.

8. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honi jarraikiz, erakunde laguntzailetzat hartzen dira SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua; betiere, arau honetan jasotako zehaztasunekin, eta xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. eta 46. artikuluetan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak). Ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako funtzio hauek izango ditu:

a) Hauek hartzea: laguntzaren eskabideak eta laguntzari uko egiteko idazkiak, egin beharreko jarduketak egiteko epearen luzapen-eskabideak eta inbertsioen aitorpena, ezarritako bitarteko telematikoen bidez. Halaber, beharrezkoa bada, hutsak zuzentzeko errekerimendua ere egin beharko da.

b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.

c) Inbertsioen eta bideragarritasun-planaren analisi teknikoak eta ebaluazioa egitea.

d) Inbertsioen eta enpleguaren txosten teknikoa egitea, eta hura ebaluazio-batzordeari bidaltzea.

e) Egiaztagiriak eta ikuskapen-errekerimenduak jasotzea.

f) Ordainketa-proposamena.

3.– Finantzen Euskal Institutuak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, agindu honetan onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.

b) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak emandako ordainketa-ebazpenetan adierazitako zehaztapenen eta baldintzen arabera.

c) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak espezifikoki kontabilizatzea.

d) Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzea.

e) Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari jakinaraztea laguntzen kudeaketari dagokionez egoki diren kontu guztiak, alderdiek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutako kudeaketa-datuak hiru hilean behin bidaliz. Datu horien artean honako hauek egongo dira:

1) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-eguna zehaztuta:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– Eusko Jaurlaritzaren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunek egindako diru-itzultzeen kobrantzak.

– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.

2) Deialdiaren finantza-zorpetzearen bidez sortutako interesen likidazioaren kalkulua.

3) Deialdiaren kudeaketa dela-eta sortutako komisioen likidazioaren kalkulua.

4) Onuradun bakoitzeko, hauen erregistro banakatua: ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datena, batez ere onuradunek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoena.

5) Hitzarmen honen hirugarren klausulan definitutako jarraipen-batzordeak erabakitako beste edozein informazio.

f) Urteko likidazioa egitea, kudeaketa-datu garrantzitsuenak jasota, hots, aurreko paragrafoan zerrendatutakoak.

g) Itzulitako zenbatekoak eta –hala dagokionean– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, Finantzen Euskal Institutuak Gauzatu Industria programa burutzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.

h) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Eusko Jaurlaritzako organo egokiek (Ekonomia Kontroleko Bulegoa eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila) laguntzen kudeaketaren gainean egiaztapen-ekintzarik eginez gero, horiei men egitea.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat hartuko da; halere, laguntzari uko egin ahal izango diote inbertsioa amaitu aurreko edozein unetan.

2.– Eman duten xederako erabiltzea laguntza, eta hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorrera egin dela bete eta justifikatzea.

3.– Sortutako enpleguari eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, eskatzen dien informazio osagarri oro igortzea organo kudeatzaileari, bai eta gertatzen diren aldaketak ere, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan inbertsioen garapenari eta gauzatzeari buruz.

4.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.

5.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, programa honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.

7.– Enpresak laguntza bidegaberen bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu, eta laguntza hori itzuli ez bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

8.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, eta horretarako, diruz lagundutako inbertsioa dela aipatzea, ageriko toki batean, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logo korporatiboa jasota.

9.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako enteekikoak (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da), eta jasotako funtsak itzultzea, haien bidezkotasunari buruzko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

10.– Enpresak deslokalizaziorik ez egitea 10 urteko denbora-tartean, laguntza emateko ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita; alegia, enpresak deslokalizaziorik ez duela egin kontsideratuko da baldin eta ekoizpena osorik edo partzialki Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ez badu eraman.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

10. artikulua.– Zer inbertsio lagundu daitezkeen diruz.

1.– Diruz lagunduko dira 2024ko ekitaldian hasten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioak.

Eskabidea aurkezten den unetik aurrera egiten diren inbertsioak baino ez dira diruz lagunduko; ez dira inola ere kontuan hartuko 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitakoak.

Diruz lagundutako inbertsioak gauzatzeko epea, gehienez ere, 24 hilabetekoa izango da, inbertsioak gauzatzen hasten direnetik aurrera.

2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:

a) Azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera, kategoria edo epigrafe hauetakoren batean dauden aktiboak izatea:

203. Jabetza industriala eta patenteak.

206. Informatika-aplikazioak.

210. Lurrak eta ondasun naturalak.

211. Eraikuntzak.

212. Instalazio teknikoak.

213. Makinak.

214. Tresneria.

215. Bestelako instalazioak.

217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, dirulaguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, gehiegizko inbertsioa ez da diruz lagun daitekeen inbertsiotzat hartuko, baina bai inbertsio onartutzat, ordea, Agindu honetan ezarritako betekizunak betetzeko.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren objektu soziala den jarduerarekin.

Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Lehendabizikoz erabiliak izatea edo jardueran hastea, lehendik erabilitako eraikinak eta bestelako eraikuntzak eskuratzeari dagokionez izan ezik, horiek berritzat hartuko dira eta.

Diruz laguntzeko modukotzat hartuko da, halaber, konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.

d) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak berariaz jaso dezala kontratua amaitzean hura erosteko aukera, dirulaguntza jaso dezakeen inbertsiotzat har dadin; baita kontratua gauzatzeko konpromisoa ere, bi alderdiek sinatua.

e) Aktiboak, oro har, ez egotea inori lagata, ez kontraprestazioarekin, ez kontraprestaziorik gabe.

f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira dirulaguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.

3.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.

4.– Honako inbertsio hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenak.

b) Ordezkapen-inbertsioak.

c) Laguntza-eskabidea aurkeztu aurretik hasitako inbertsioak.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren Erregelamenduko 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi duena) xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioetako gastuak.

Haiek azpikontratatzen badira, lege horren 29. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 68. artikuluan agindutakoaren arabera arautuko dira.

11. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.

1.– Termino garbietan neurtuko dira enplegua sortzeko konpromisoa eta, hala badagokio, hasierako plantillari eustea, oinarritzat hartuta Gizarte Segurantzak ematen duen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostena, edo, eskatzailea kooperatiba bat baldin bada, «Mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria».

2.– Ondorio horietarako, egun dauden enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, honako datu hauetatik handiena hartuko da abiapuntu gisa:

a) Deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteei dagokien datua.

b) Deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteei dagokien datua, betiere enplegu-galera nabarmenak egiaztatzen badira.

Bi kasuetan, plantillari buruzko datua «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenean ageri dena izango da, edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, «Mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria»n ageri dena.

3.– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako denbora-muga amaitzen denean justifikatuko da hasierako plantillari eutsi izana edo sortutako enplegua, eta, hala egingo da, inbertsioen azken adierazpena aurkeztearekin batera.

4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea (luzapenak barne) amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko jarraipena eta, egoki bada, hasierako plantillari eusteko jarraipena batez besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik, erakunde onuradunarekin betebeharrak eta eskubideak dauden bitartean.

12. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.

1.– Eskabidean adierazitako aldian egin beharreko inbertsioen araberako aurrerakin itzulgarriak izango dira laguntzak, betiere 2024an hasiak badira.

2.– Laguntzak oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresei emango zaizkie, baldin eta 5. eta 7. artikuluetako betekizunak betetzen badituzte, eta, gutxienez, 120.000,00 euroko inbertsio onartua aurkezten badute (10.2 artikuluan ezarritako kontabilitate-epigrafeen arabera neurtuko da), eta inbertsio horrek, gainera, enpleguari eustea eta/edo enplegua sortzea badakar, 24 hilabeteko gehieneko aldian inbertsioak hasten direnetik aurrera.

3.– Laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera itzuliko dituzte laguntzak.

4.– Eman beharreko aurrerakin itzulgarriak diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 35 izango dira gehienez, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Aurrerakinak 200.000,00 euro izango dira gehienez sortutako enpleguagatik, eta 150.000,00 euro gehienez enplegua eusteari dagokionez. Ezin izango dira, inola ere, 1.500.000,00 euro gainditu.

13. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

Enpresaren tamaina eta oinarri teknologikoko gisa eta/edo berritzaile gisa sailkatuta dagoen aintzat hartuta, diruz lagundu daitekeen inbertsioari honako intentsitate hauek aplikatzearen emaitza izango dira laguntza itzulgarriak:

(Ikus .PDF)

14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasunak eta laguntzak metatzea.

Deialdi honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiek, batera, ez badute gainditzen agindu honetako 3.1 artikuluan aipatzen diren Salbuespenen Erregelamendu Orokorrei buruzko 8. artikuluetan ezarritako muga. Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari.

2.– Programa honetako laguntzak bateraezinak dira nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntza-programetako dirulaguntzekin, zeinak ematen baitzaizkie erregelamendu hauetan zerrendatutako sektoreetako enpresei: Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendua eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2473 (EB) Erregelamendua, 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez aldatua.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Ebaluazio-batzorde bat sortzen da, eginkizun hauek izango dituena: aurkeztutako eskabideak baloratzea; oinarri teknologikoko enpresa eta/edo enpresa berritzailea izateko edo ez izateko puntuazioa zehaztea, 7. artikuluko irizpideen arabera; laguntzak emateko proposamena egitea, eta organo eskudunari helaraztea, horiek eman ala ez ebazteko.

Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta batzordeburua eta idazkaria (edo haien ordezkoak) bertan badaude, edo urrutitik parte hartzen badute, eta, gutxienez, gainerako kideetako batek ere parte hartzen badu.

Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

2.– Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

Batzordeburua:

Rosa M.ª Murillas Maza, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Agustín García Pérez, zuzendaritza horretako arduraduna.

Batzordekideak:

Alberto Fernández González, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako titularra. Ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zuzendaritza horretako arduraduna.

Cristina Oyón Echevarría, SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko titularra. Ordezkoa: Amaia Martínez Muro, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.

Aitor Cobanera Rodriguez, SPRI Taldeko Enpresa Sustapeneko titularra. Ordezkoa: Laura Izaguirre Lafuente, SPRI Taldeko arlo bereko arduraduna.

Idazkaria:

Imanol Cuétara Camiruaga, SPRI Taldeko Ekintzailetza Saileko arduraduna. Ordezkoa: Cristina Amezaga Antepara, Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzako teknikaria.

16. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabide bat aurkeztu beharko dute, bitarteko elektronikoen bidez, bai eta hurrengo artikuluko dokumentazioa ere.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabidea egiteko inprimakira) honako helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091212 Helbide horretan bertan egingo dira, halaber, gero egin beharreko izapide guztiak (jakinarazpenak eta justifikazioak barne).

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

Ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskatzaileak, gainera, alta eman edo bere datuak aldatu beharko ditu, hirugarrenen erregistro elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

3.– Eskabide bakarra aurkeztu beharko da, beteta, enpresak aurreikusita dituen jarduketa guztietarako, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren sinadura onartuarekin, eta, eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, euskarri gisa.

4.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak dagoeneko badauzkan indarreko agiriak. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiri horiek zer datatan eta zer organo, egoitza edo sailetan aurkeztu ziren.

6.– Laguntza-eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela. Hala ere, baimen hori beren-beregi ukatu ahal izango du eskatzaileak; hori bai, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu eskatzen zaizkion bakoitzean.

7.– Nolanahi ere, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu, haiek aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatu ahal izateko. Agindu honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

8.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da, eta 2024ko martxoaren 21ean bukatuko da.

17. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du, bitarteko elektronikoen bidez, honako hauek jasota:

1.– Eskatzaileak egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Barnean hartu beharko du, gainera, oinarri teknologikoko enpresa edo enpresa berritzailea dela egiaztatzen duen dokumentazioa, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

2.– Enpresako plantillari buruzko informazio-agiria, lanbide-kategoriaren eta sexuaren arabera bereizita. Agiri hori deialdi hau argitaratu aurreko azken ekitaldiaren itxierakoa izango da.

3.– Gizarte Segurantzak emandako «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla»ri buruzko txostena, edo, eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria. Ziurtagiri horrek deialdia argitaratu aurreko 3 urteetakoa izan beharko du.

4.– Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak, edo hala badagokio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarenak, edo azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuak eta agiri gehigarriak.

5.– Eraketa-eskritura, enpresa sortu berria bada bakarrik;

6.– Identifikazio fiskaleko txartela, eta pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada. Kasu horretan, eskabidean behar bezala adieraziko da zein egunetan eta zein bulego eta/edo sailetan aurkeztu ziren (ordezkari baten bidez elektronikoki izapidetzen bada, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

7.– Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egoteari buruzko agiria.

8.– Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak (Europar Batasuneko araudiaren araberako ETEaren kalifikazioari jarraikiz), hau da: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, eta horien barruan talde osoaren antolamendu-eskema bat egongo da, partaidetzak eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea jasota (laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak).

9.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza operazioetan berankortasunaren kontra egiteko neurriak ezartzeari buruzko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, honako bide hauek erabiliko dira:

a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo haren baliokideak sinatuta. Horrez gainera, ondoko b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete hori egiaztatzeko, beren araudia betez gero.

b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:

1) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertzen baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen denera) iristen bada, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen den informazioari kasu eginez.

Hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte balio izango du ziurtagiri horrek.

2) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria ezin bada egin, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako «Adostutako prozedurei buruzko txostena» aurkeztu beharko da, zeinaren bidez, erreferentziazko data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarria berrikusita, ondorioztatzen baita abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak bete direla, inolako salbuespenik gabe, edo, salbuespenak antzemanez gero, apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea ez dutela eragozten.

Legearen ondorioetarako, apartatu honetan eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoa edo gehiago izanez gero.

10.– Erantzukizunpeko adierazpena –datu-faltsutzerik gertatuz gero, indarreko zehapen-araubidearen mende geratuko da, dela administratibo dela penal– alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoa:

– Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

– Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzak adierazi dituela.

– Enpresa eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratiborik, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren eraginpean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dauzkala.

– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo duelako, eta ez dela krisialdian dagoen enpresa bat, finantzarioak ez diren enpresak laguntzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Batasuneko jarraibideen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

– Egoera erregularizatua duela Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin.

– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituela.

18. artikulua.– Eskabideak aztertzea.

1.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, erakunde laguntzaileei buruzko 8. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.

2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (39/2015, urriaren 1ekoan) xedatutakoa betez.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak honako hauek ebaluatuko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikoa duen eta/edo berritzailea den.

4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak inbertsioei eta enpleguari buruzko txosten tekniko bat egingo du, eta gero ebaluazio-batzordeari igorriko dio; azken horrek, txostena ikusita, dirulaguntza emateko proposamena igorriko dio Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari.

19. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Agindu honetako baldintzak betetzen dituzten eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari dagokio haiek ebaztea.

Laguntzak puntuazio-ordenaren arabera emango dira, agindu honetako 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, harik eta deialdi honetako 4. artikuluan esleitutako kreditua agortzen den arte. Erakunde batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, espedientea osatu zen egunak ezarriko du esleipen-ordena.

Eskabideak aurrez aurre aurkezten badira, bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko eskatuko zaie interesdunei, eta, alde horretatik, azken aurkezpen horretako data hartuko da aurkezpen-datatzat.

Onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio 2024ko ekitaldian, eta uko horren bidez kreditu nahikoa libre geratzen bada gutxienez erantzuteko kreditu faltagatik ukatutako eskabideren bati, organo eskudunak, beste deialdi bat egin beharrik gabe, dirulaguntza beste eskatzaile bati edo batzuei ematea erabakiko du, puntuazio-ordenaren arabera.

2.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren, eta honako hauek zehaztuko dira:

– Onuradunen zerrenda, agindu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta onuradun horietako bakoitzerako honako hauek adierazita: erakunde eskatzailearen izena, aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa eta emandako laguntzaren zenbatekoa.

– Ukatutakoen zerrenda, zergatik ukatu den azalduta. Era berean, aurrekontu-krediturik ez izateagatik ukatu direnak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta agertuko dira.

Bi kasuetan, eranskin indibidualizatu bat erantsiko zaie, honako hauek berariaz jasota:

Onuradunen kasuan: onartutako inbertsioa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa, sortuko diren enpleguak, emandako laguntzaren zenbatekoa eta «Gauzatu-Industria programako prozeduraren jarraibideak» izeneko dokumentua.

Ukatutakoen kasuan: ukatu izanaren arrazoiak.

3.– Bitarteko elektroniko bidez eman eta jakinaraziko da ebazpena, 6 hilabeteko epean, gehienez ere, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Laguntzak emateko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epean, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

5.– Emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezake, Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Egintza espresa ez bada, eskatzaileak eta izan litezkeen beste interesdun batzuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, edonoiz, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik hasita.

6.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da onuradunen eta laguntzen zenbatekoen zerrenda, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan.

20. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Administrazioak, aurrerakin itzulgarrien ordainketa egin ahal izateko, onuradunak jasota egon behar du administrazio honen «Hirugarrenen erregistro elektroniko» egokian.

2.– Enpresa onuradunak honako dokumentu hauek bete eta aurkeztu beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren helbide elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0091212):

a) Egin diren inbertsioen aitorpena; horretan berariaz adieraziko da, halaber, laguntza eman ondoren, ez duela berreskuratzeko agindurik, laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz.

b) Inbertsioen zerrenda sailkatua, eta bertan alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunen eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, zer datatan eman den, eta, hala badagokio, ordainketa-data.

c) Eskatzailea kooperatiba bat bada, Lagun Aro BGAErekin ordainketa egina duela egiaztatzen duen ziurtagiria eta mutualisten zerrenda.

d) Laguntza ordaintzeko eskaera egin den egunean Gizarte Segurantzak igorrita zituen «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla» txostenak. Eskatzailea kooperatiba bat bada, mutualisten batezbestekoaren ziurtagiria, data berean.

e) Leasinga badago, kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

f) Azken bi ekitaldietako sozietateen gaineko zerga edo PFEZ, edo, horrelakorik ez izanez gero, azken ekitaldiko auditoretza-txostena.

g) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza, haien zenbatekoa eta jatorria adierazita.

h) Itzultzeko betebeharra dela-eta egindako diru-sarreren ordainketa-gutuna, halakorik balego.

Administrazioak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotearen egiaztagiriak zuzenean bildu ahal izango ditu. Hala ere, onuradunak baimenari berariaz uko egin badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, modu digitalean sinatuta.

3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaritzei eskatuko die aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuska ditzaten.

Enpresa onuradunak honako hau jarriko du ikuskapen-zerbitzuaren esku:

– Egin eta aurkeztutako inbertsioak egiaztatzen dituzten jatorrizko fakturak, eta, fakturetan, jaulkitze-dataz gain, enpresa hartzekodunaren identifikazioa jaso beharko da (erakunde edo enpresa hornitzailearen IFZ eta izen soziala), bai eta ordainketa-dokumentuak ere, zenbatekoa (BEZ banakatua) eta ordaintzeko data adierazita.

– Leasinga badago, aurreko puntuan eskatutako agiriak: kontratua, faktura eta bi alderdiek sinatutako erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapenaren ziurtagiria jasotakoan, enpresak aurreko puntuan aipatutako alderdiak betetzen dituela egiaztatuko du, aurrerakin itzulgarriaren ordainketa likidatzeko proposamenari buruzko txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren Zuzendaritzari igorriko dio.

4.– Enpresa onuradunak hiru hilabete izango ditu inbertsioen azken aitorpena aurkezteko, inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitzen denetik hasita.

Epe hori amaitu ondoren, aitorpen hori aurkeztu ezean, ordura arte aitortu eta aurkeztutako inbertsioak ikuskatzeko eskatuko dio SPRIk Saileko dagokion Industria Administrazioaren lurralde-ordezkaritzari.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, ikuskapena egindakoan, dagokion lurralde-ordezkaritzak aurreko apartatuan aipatutako inbertsioak ikuskatuta, justifikatu eta ikuskatutako inbertsioei dagokien laguntza itzulgarriaren azken likidazioaren proposamen-txostena egingo du, eta Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari igorriko dio.

5.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, egokiak diren aurrerakin itzulgarriak (guztia edo zati bat) ordaintzeko ebazpenak emango ditu.

Aurrerakin itzulgarriak, oro har, urtean bitan ordainduko dira, justifikatutakoaren arabera, eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez duela itzultzeko ebazpen baten ondoriozko zorrik egiaztatu ondoren. Itzultzeko prozedura dela eta zordun izanez gero, ez da inolako ordainketarik egingo.

6.– Ebazpen hori Finantzen Euskal Institutuari igorriko zaio, azken horrek, agindu honen 8. artikuluan esleituak dituen eginkizunen barruan, aurrerakin itzulgarriaren finantzaketa antola dezan eta bertan adierazitako zenbatekoa ordain dezan. Ebazpena enpresa onuradunari jakinaraziko zaio, halaber.

7.– Programa honetan emandako laguntzaren ordainketa ez da gauzatuko, baldin eta enpresak laguntza ilegitimorik badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu, dirulaguntza eman ondoren, eta enpresak hura itzultzeko agindua badu eta oraindik itzuli ez badu. Ez-betetzeari eta dagokion itzulketari buruzko espedientea hastea ekarriko du egoera horrek.

21. artikulua.– Laguntzak itzultzea.

1.– Aurrerakinen itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian itzuliko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, ondoz ondoko bost urtean.

2.– Itzulketak honela egingo dira:

a) Dirulaguntza emateko ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako denbora-horizontearen epea amaitu ondoren, urtebeteko gabealdia izango dute enpresek itzulketak egiten hasi aurretik.

b) Urtebeteko gabealdiaren ondoren egingo da lehen itzulketa; hau da, dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako denbora-horizontea amaitzen den ekitaldiaren ondorengo 2. urtean.

c) Gainerako itzulketak ondoz ondo egingo dira, bosgarren urtea bete arte.

3.– Urtean, bi itzulketa egingo dira, otsailean eta uztailean, bost urtez. Itzulketa bakoitzaren zenbatekoa jasotako laguntzaren hamarrena izango da.

4.– Zuzendaritza kudeatzaileak likidazio-txosten bat egingo du urtero, ekitaldi bakoitza amaitzean, eta Administrazioaren alde edo kontra dauden aldeak jasoko ditu bertan, bai eta, hala badagokio, dagozkion interesak ere.

Sortutako hurrengo itzulketan erregularizatuko dira aldeak.

Azken likidazioan atzemandako aldeak bi hilabeteko epean erregularizatuko dira.

Hori guztia, dekretu honetan xedatutakoaren arabera: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

5.– Edonola ere, ordaintzeko dagoen laguntza osoa aurrez itzultzea onartuko da.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badu, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesdunari entzun ondoren, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, interesdunak jasotako laguntzak itzuli beharko dizkio Finantzen Euskal Institutuari. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmenki ez betetzea –jarraipen- eta kontrol-baliabideen bidez zehaztuko da hori– laguntza oso-osorik itzularazteko kausa izango da, eta horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta laguntzaren onuradun izaera bera ere galduko dira.

Ez-betetzeen artean honako hauek daude:

a) Ez gauzatzea agindu honetako 10. eta 11. artikuluetan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira artikulua horiek.

b) Urteko bakoitzean sortutako itzulketak ez egitea.

c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.

d) Programa honek babestutako inbertsioen deslokalizazioa.

e) Ez aurkeztea laguntzen justifikazioari dagokion dokumentazioa.

3.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak partzialki ez betetzeak dagokion dirulaguntzaren zatia itzularaztea eragingo du, interesak barne, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

4.– Ez da ez-betetzeari buruzko espedienterik hasiko, baina aldatzeko espedientea bai, eta, egokia bada, dagokiona itzultzeko espedientea, honako kasu hauetan:

a) Inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETEa izateari uzten badio, likidazio bat egingo da, eta ETEa izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez ditu kontuan hartuko likidazio horrek. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, laguntzak itzultzeari buruzko 21. artikuluan adierazitako eran.

b) Agindu honen babesean sortutako enpleguari 3 urtez eutsi ezean, deialdiaren dirulaguntza garbi baliokidea galtzea ekarriko du horrek, enplegu-sorrerari dagokion zatiari aplikatuta.

c) Hasierako plantillari eutsi ezean, dirulaguntza garbi baliokidea itzultzea eragingo du horrek. Aurreko artikuluan xedatutako azken itzulketaren ondoren egingo da itzulketa hori, seigarren urteko otsailaren azken eguna baino lehen beti.

5.– Halaber, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak eskatuko dira, xedapen hauetan ezarritako kasuetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan.

6.– Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak ireki eta ebatziko ditu ez-betetze espedienteak.

7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean badago, Administrazioak, eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko, lehentasuna izango du kasu bakoitzean aplikatzekoak diren xedapenek aitortzen dioten moduan, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak hasi ahal izango dira pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein dutelarik ere izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

23. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetako bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, agindu honek ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Ondorio horietarako, aldaketak baimendu ahal izango ditu Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak, lortu nahi diren helburuak eta haien izaera alde batera utzi ezean betiere, baldin eta erakunde onuradunak aldaketa horiek Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariari eta/edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari aurretik eskatu badizkio eta guztiz arrazoitu baditu gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

Horretarako, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak egokitzeko.

3.– Ildo horretatik, laguntzak eman zituen administrazio-organoak honako hau eman ahal izango du:

a) Egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena, enpresa onuradunak aurretik eskatu eta arrazoitu ondoren. Gauzatzeko epea, gehienez ere, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da, itzulketak hasi aurretik. Dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du horrek, betiere enpresak alegatutako arrazoiek horrela justifikatzen badute.

b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, plantillari eusteko luzapena, enpresak proposatuta (ezarritako denbora-horizontea amaitu aurretik) edo SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta. Gauzatzeko epea, gehienez ere, itzulketen bigarren urteko abenduaren 31ra arte luzatuko da.

4.– Aldaketa horiek ez dute ekarriko, baina, emandako laguntza itzulgarriaren zenbatekoa handitzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala