247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (155 KB - 5 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
5780
EBAZPENA, 2023ko abenduaren 14koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez laguntzak emateko deialdia egiten baita Flandria, Gales eta Korsikako eskualde estrategikoekiko lankidetza teknikoko proiektuak egiteko 2024an.
Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen du (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).
Aipatutako dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da deialdia egitea kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin 2024an lankidetza-proiektuak egiteko laguntzak emateko; Lehendakaritzako 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta laguntza horiek.
Flandria, Gales eta Korsika Europako eskualde estrategikoak dira, eta Euskadik horiekin sinatu du elkar ulertzeko memorandum bat edo asmoen adierazpen bat, dekretuan jasota dagoen bezala. Deialdi hau da, hain zuzen, bi komunitateen onerako proiektuak eta ekintzak koordinatu eta gauzatzeko lankidetzaren zehaztapen bat, eta aipatutako memorandumean eta asmoen adierazpenean jasota dago.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egingo diren aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak 2024an finantzatzeko laguntzak emateko deialdia egitea eta horren oinarri arautzaileak onartzea, ebazpen honen I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Araudi hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta martxoaren 26ko 47/2019 Dekretua, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Denek jakin dezaten, www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 14a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia,
MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.
I. ERANSKINA
Ebazpena, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, Flandria, Gales eta Korsikako Europako Eskualde Estrategikoekin lankidetza teknikoko proiektuetarako laguntzen deialdia egiten duena 2024rako
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea hau da: laguntzak emateko deialdia egitea Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetako pertsona juridikoekin egingo diren aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak finantzatzeko 2024an, honako hauetan jasotako gaiei buruz:
a) Euskadiren eta Flandriaren artean 2021eko azaroaren 15ean sinatutako asmo-adierazpena:
– Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (industria eta teknologia, osasuna, gizarte-politikak, genero-berdintasuna, sektore publikoaren kudeaketa, azpiegiturak eta garraioa).
– Lan-merkatua eta ekonomia-politika (lanbide-heziketa, produktibitate- eta lehiakortasun-politikak).
– Ingurumena (klima-aldaketa, uren, materialen eta hondakinen tratamendua, eta ingurumenarekin eta energia berriztagarriekin bateragarriak diren teknologiak).
– Osasuna (batez ere, zainketa kronikoak).
– Kultura- eta sormen-sektoreak.
– Gizarte multikulturala eta tolerantea bultzatzea (bakea eraikitzea eta giza eskubideak errespetatzea).
– Europako eskualdeen papera indartuko duten ekimenak eta aliantzak.
b) Euskadiren eta Galesen artean 2018ko uztailaren 12an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma (bi Gobernuek 2021eko uztailaren 12an luzatu zuten):
– Mugikortasuna eta garraioak (batez ere, trenbide zerbitzuak eta azpiegiturak).
– Ingurumena eta klima-aldaketa.
– Teknologia, berrikuntza eta lehiakortasuna.
– Itsas energiak.
– Nekazaritzako elikagaien industria.
– Hezkuntza eta prestakuntza.
– Zerga-estrategia eta -politika, zerga-administrazioaren politika, aurrekontu-kudeaketa eta gizarte-zerbitzuak.
– Osasuna eta Gizarte Laguntzako Zerbitzuak, balioetan eta zahartze aktibo eta osasungarrian oinarritutako arreta medikoa.
– Negozio-aukerak.
– Gizarte multikulturala eta tolerantea bultzatzea (batez ere, hizkuntza-politikaren eta kultura-sektorearen sustapenaren arloan).
c) Euskadik eta Korsikak 2021eko apirilaren 13an sinatutako elkar ulertzeko memoranduma.
– Euskararen eta korsikeraren hizkuntza-normalizaziorako politikak.
– Kanpoan bizi den diasporarekin edo kolektibitatearekin harremanak eta loturak izateko politikak.
– Lankidetza garatzea Europako gaien esparruan.
– Beste lankidetza batzuk interes komuneko esparruetan, hala nola kulturan, turismoan, politika ekonomikoan edo ingurumenean.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
– Kreditu osoa 50.000 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura, 2024rako, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzeko.
3. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.
a) Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso ahalko du, aurkeztu daitezkeen eskabideen kopuruan mugarik jartzen ez bada ere.
b) Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurokoa baino handiagoa.
c) Laguntzak ematea arautzen duen martxoaren 26ko 49/2019 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntzen gehieneko zenbatekoa ezin izango da izan erakunde eskatzailearentzako proiektuaren kostuaren % 50 baino gehiago, eta honela ordainduko da:
– % 40ko lehen ordainketa bat, dirulaguntza onartu dela sinatu ondoren.
– % 60ko bigarren ordainketa bat, proiektua amaitu eta gastu guztiak justifikatu ondoren, eta betiere 2024ko azaroaren 30a baino lehen.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Kontzeptu hauek jaso dezakete dirulaguntza:
a) Diruz lagundu daitezkeen proiektuen arabera, Flandria, Gales eta Korsikako Europako eskualde estrategikoetara joan behar duten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:
– Proiektu bakoitzeko garraio-gastuak: hegazkin-txartelen edo beste edozein garraiobideren kostu erreala, gehienez ere 1.000 euro.
– Ostatu- eta otordu-gastuak, proiektuko: 180 euro egunean, 7 egunetan gehienez.
b) Aldebiko proiektuak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa bete arte, zeina 5.000 eurokoa baita, deialdi honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
a) Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek telematikoki egingo dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1089607), hor eskuragarri baitaude kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, ereduak eta formularioak.
b) Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
c) Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako hutsak zuzentzea.
a) Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Gaietarako Zuzendaritza izango da laguntzaren organo kudeatzailea, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago; horrelakoetan, eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean agiri osagarriak bidaltzeko.
b) Epe hori igaro eta gero (jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita), eta eskatutako agiriak aurkeztu ez badira, eskaeran atzera egiten duela ulertuko da; horretarako, lehenago ebazpena eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan.
7. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.
Dirulaguntza-eskaerak martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 11.2 artikuluan aipatzen den Ebaluazio Batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu, zeinak kide hauek izango baititu:
– Batzordeburua: Concepción Quintana Aguirre, Kanpo Harremanetako zuzendaria.
– Bokala: Eloisa Susaeta Azcoitia, Europar Batasuneko Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.
– Idazkaria: Ibon Mendibelzua Madariaga, Europar Batasuneko Zuzendaritzako goi-mailako teknikaria.
8. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.
9. artikulua.– Proiektuak egikaritzeko epea.
Laguntzaren deialdia egiten den urte naturalean hasiko da proiektua, 2024. urtean, eta urte bereko azaroaren 30a baino lehen egikarituko da.