247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (445 KB - 26 orri.)
- EPUB (412 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
5775
EBAZPENA, 2023ko azaroaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, deialdia egiten duena eta oinarri espezifikoak onartzen dituena sistema-teknikariaren kategoriako langile lan-kontratudun finko bat txanda irekiaren bidez hartzeko hautaketa-prozesurako.
Etxepare Euskal Institutua / Basque Instituteren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak 6. artikuluko 4. apartatuan dio Etxepare Euskal Institutua / Basque Instituteko zuzendariak zehaztuko duela zein den lanpostuak betetzeko erregimena, baldintzak eta aukeraketa saioen ezaugarriak, eta zein lanpostuak betetzeko eta sustapen profesionalerako prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena, merezimendu-, gaitasun-, berdintasun- eta publizitate-irizpideekin bat etorriz.
2023ko maiatzaren 17ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera, hautaketa-prozesu bat deitu zen langile lan-kontratudun finko batzuk hartzeko, eta prozesuaren oinarri orokorrak ezarri ziren. Hauek dira deitutako lanpostuak: komunikazio digitaleko teknikaria, sistema teknikaria, administrazioko eta zerbitzuetako teknikaria eta administrari laguntzailea.
Aipatutako ebazpenean adierazi zen prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoak argitaratzen zirenean aurkeztu ahal izango zirela eskabideak, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da oinarri espezifikoak argitaratu eta eskabideak aurkezteko epea irekitzea.
Horiek horrela, kontuan harturik Euskal Funtzio Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 52. artikuluan eta IV. tituluko I. kapituluan ezarritakoa, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboaren II. eta III. tituluetan langileak hautatzeko ezarritakoarekin, eta Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 9.2.f artikuluak aurreikusitako eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia egitea, sistema-teknikariaren kategoriako hautaketa-probak egiteko, txanda irekiaren bidez kontratatzeko.
Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da.
Bigarrena.– 2023ko maiatzaren 17ko Ebazpenaren ondorioekin bat, oinarri espezifikoak onartzea Etxepare Euskal Institutuko sistema-teknikariaren mailako langile lan-kontratudunen hautaketa-prozesurako. Ebazpen honen I. eranskinean azaldu dira oinarriok.
Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, hala badagokio, deialdiko lanpostuetarako lan-poltsak eratzea.
Laugarrena.– Eskaintza hau eta deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Ebazpen honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.
Donostia, 2023ko azaroaren 27a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.
I. ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUKO SISTEMA-TEKNIKARIAREN LANPOSTU BATEN (1) DEIALDIRAKO.
1.– Deialdiaren xedea.
– Oinarri hauen xedea da Etxepare Euskal Institutuko lan-kontratudun langileak hornitzea, ondoren adierazten den lanposturako:
Sistema-teknikariaren lanpostu 1, B taldea.
Hautaketa-sistema: txanda irekia. Oposizio-lehiaketaren sistema.
Kodea: EL09; dotazioa: 1; soldata-maila: Langile lan-kontratudunen EAEko hitzarmen kolektiboko 7. maila.
Euskararen 3. hizkuntza-eskakizuna; derrigortasun-data: 2023-03-17.
Ingelesaren ezagutza, maila aurreratuan (B2); derrigortasun-data: 2023-03-17.
Lantokia: Donostian.
Hautaketa-prozesu hau merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarrituta eta egokitasun-irizpideen arabera egingo da, publizitatea eta lehia bermatuz.
– Deialdiari buruzko informazioa:
Baldintza orokorretan aurreikusitako kanalean argitaratuko dira egintza guztiak. Horrela, ematen den egintzaren arabera, honako toki hauetan argitaratuko da:
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA)
Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
Era berean, prozesuari buruzko informazio guztia www.etxepare.eus web gunean argitaratuko da, eta dagozkion atarietarako sarbideetarako estekak jasoko dira.
2.– Baldintza orokorrak.
2.1.– Hautatutako pertsonek lan-kontratu finko bat sinatuko dute Etxepare Euskal Institutuarekin, arlo horretan indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin.
2.2.– Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta eman eta afiliatuko dira karguaz jabetzen diren egunean, aurretik afiliatuta ez badaude.
2.3.– Lanposturen batek betekizunen bat badu ezarrita, hautagaiek nahitaez bete beharko dituzte betekizun horiek.
2.4.– Epaimahaiak ezin izango ditu hautatu deitutako lanpostuak baino hautagai gehiago. Muga hori gainditzen duten proposamenak erabat deusezak izango dira.
Hala ere, eskainitako lanpostuen kopuru bera kontratatzea proposatzen badute hautaketa-organoek, eta hautatutakoren batek uko egiten badio lanpostua betetzeari, lanpostu guztiak beteko direla bermatzeko, beste hautagai batzuen zerrenda osagarria eskatu ahal izango dio deialdia egin duen organoak hautaketaz arduratzen den organoari, hala badagokio, langile lan-kontratudun finko gisa kontratatu ahal izan daitezen.
Era berean, hautaketa-prozesua gainditu arren puntuazio txikiagoa lortu dutelako hautatuak izan ez diren hautagaiak, Etxepare Euskal Institutuaren lan-poltsan sartuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.
3.– Helburua eta eginkizunak.
3.1.– Helburua. Datuak kudeatzea eta informazioa euskarri informatikoan ematea hala eskatzen duten pertsonei, baldin eta, konplexuak edo pribatuak direlako, ezin badituzte beren kabuz eskuratu. Era berean, aldizkako hainbat txosten egin eta argitaratu beharko ditu, eta, horretarako, dagozkion aplikazio informatikoak mantendu, kudeatu eta eguneratuko ditu.
3.2.– Eginkizunak:
– Datu-baseak elikatzea.
– Dokumentu formalizatuak, inprimakiak eta txantiloiak diseinatzea eta eguneratzea.
– Fitxategiak eta erregistroak eguneratu, izapidetu eta mantentzea.
– Datuak, azterlanak, txostenak eta estatistikak egitea eta ematea, eta kontsultei erantzutea.
– Sistema informatikoak eta aplikazioak instalatu eta mantentzea.
– Aplikazioak kudeatzea informazio-sistemen arloan.
– Aplikazio eta pakete informatikoak aztertzea.
– Prozesu informatikoetako premiak aztertzea.
– Aplikazio informatikoetako gorabeherei erantzutea.
– Datu-baseak eta aplikazio informatikoak sortu eta eguneratzea.
– Pakete informatikoak instalatzea.
– Ekipoen inbentarioa mantentzea.
– Funtzionalitateen definizioa egitea aplikazio informatikoetan.
– Prozedurak egitea eta eguneratzea datu-baseetan eta aplikazio informatikoetan.
– Ezarritako segurtasun- eta babes-prozedurak egitea.
– Agindutako beste edozein ataza gauzatzea, bere erantzukizun-mailaren arabera.
4.– Hautagaien betekizunak.
4.1.– Betekizunak betetzeko datak.
Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte hurrengo puntuan aurreikusitako betekizunak, eta lan-kontratua formalizatu arte bete beharko dituzte, euskararen hizkuntza-eskakizunaren kasuan izan ezik, kasu horretan 6. oinarrian aurreikusitakoa beteko baita.
4.2.– Parte hartzeko baldintza orokorrak.
Betekizun orokorrak. Oposizio-lehiaketa honek deitutako hautaketa-probetan parte hartu ahal izateko, betekizun orokorrak bete beharko dituzte hautagaiek. Baztertzaileak izango dira guztiak:
4.2.1.– Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea izatea; edo, Europar Batasunak izenpetutako eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritar izatea.
Era berean, Europar Batasuneko estatu kideren bateko herritartasuna dutenen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta guraso ezkontide biak zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude eta ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, bikotearen kontura bizi badira.
Orobat, aurreko paragrafoetan aipatu ez diren eta legezko bizilekua Espainiako estatuan duten atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute. Hautatuak izanez gero, kontratuaren xede den jarduera gauzatzeko administrazio-baimena izan beharko dute kontratua formalizatu aurretik.
4.2.2.– Lanpostuari dagozkion atazak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.
4.2.3.– Hamasei (16) urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
4.2.4.– Eskatzen den titulazioa izatea, edo agiriok jaso ahal izateko eskubideak ordainduta izatea.
Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
4.2.5.– Diziplinazko espediente bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik kenduta edo kanporatuta ez egotea, eta desgaikuntza absoluturik edo desgaikuntza berezirik ez izatea enplegu edo kargu publikoak betetzeko. Beste estatu bateko herritartasuna izanez gero, desgaituta edo egoera baliokidean ez egotea, eta bere estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten duen diziplinazko zehapenik edo zigor-kondenarik ez izatea.
4.2.6.– Indarrean dagoen araudiaren arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.
4.2.7.– Ordainduta izatea lehiatu nahi den kategoriari dagokion eskabidea jasotzearen eta azterketa egitearen tasa. Tasa horren zenbatekoa 5.5 oinarrian zehaztu da.
4.2.8.– Lanpostuari dagozkion eginkizunak normal betetzea eragozten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea. Hautaketa-prozesua gainditu ostean egiaztatuko da gaitasun fisikoa eta psikikoa; horretarako, ziurtagiri edo/eta azterketa medikoa aurkeztu behar da, 15.1.e) oinarrian xedatutakoaren arabera. Lan-harremana hasi ahal izateko, ezinbestekoa izango da betekizun hori betetzea.
4.2.9.– Nahitaez egiaztatu beharko da goi-mailako lanbide-heziketa (LHII) «Telekomunikazioak eta Informatika Sistemak», «Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena» edo antzeko eremuetan, edo goi-mailako titulazioa eremu horietan, edo diplomatura edo gradua ingeniaritza teknikoan, informatika-ingeniaritzan, telekomunikazioetan edo antzekoetan.
4.2.10.– Ingeleseko B2 maila egiaztatu behar da, titulu ofizial baten bidez.
5.– Eskabideak aurkeztea.
5.1.– Prozesuan onartuak izatea.
Deialdi honetako hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek oinarri hauen araberako eskabidea aurkeztu beharko dute. Onartuak izateko eta, hala badagokio, hautaketa-prozesuetan parte hartzeko, hau egin beharko dute hautagaiek:
Eskabideko atal guztiak bete.
Eskabidea epe barruan aurkeztu.
Ezarritako tasak ordaindu.
Titulazio akademikoaren eta hizkuntzen betekizunen egiaztagirien fotokopia konpultsatua aurkeztu.
Euskararen ezagutzari dagokionez, 6. oinarrian ezarritakoa beteko da.
Gainera, epe hori amaitzen den egunean, eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute, euskararen ezagutza-mailari dagokiona izan ezik, horretan 6. oinarrian xedatutakoa beteko baita.
5.2.– Eskabideak aurkezteko epea.
Oinarri hauetatik eratorritako deialdi espezifikoan parte hartu nahi dutenek hogei (20) egun naturaleko epea izango dute eskabidea aurkezteko, oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.3.– Eskabideak aurkeztea.
Eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu beharko dira eskabideak (II. eranskina) –Institutuaren web-orrian ere eskuragarri egongo da (www.etxepare.eus)–, eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari zuzenduko zaizkio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzaren helbidera: Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.
Halaber, bide telematikoa ere erabili ahal izango da eskabidea egiteko. Horretarako, helbide elektroniko honetara bidali beharko dira eskabidea eta eskatutako dokumentuak: hautaketaetxepare@lksnext.com. Eskabide telematikoek sinadura digitala eduki beharko dute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna eta zigilua jar diezaien ziurtatu aurretik.
Eskabidea aurkezteak esan nahi du hautagaiak deialdi honetako oinarriak onartzen dituela. Hautaketa-prozesua egin bitartean edozein gorabehera gertatu edo kontsulta, alegazio edo zuzenketaren bat egin nahi izanez gero, hautaketaetxepare@lksnext.com kontsulta-kanalera jo daiteke, baina nahitaez bete behar dira oinarrietan aurreikusitako epeak eta arauak.
5.4.– Eskabidearen edukia.
Eskabideko atal hauek bete beharko dira:
5.4.1.– dokumentua. Eskabidea: hautagaiak deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela adierazten duen eskabide-orria (eskabide-eredua www.etxepare.eus web-orrian egongo da eskuragarri, baita oinarri hauetako II. eranskinean ere).
5.4.2.– Prozesua behar bezala kudeatzeko eskatzen diren datu pertsonalak. Horretarako, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko da.
5.4.3.– Zein kategoriatarako lehiatzen den.
5.4.4.– Zein hizkuntza ofizialetan egin nahi dituen oposizio-faseko ariketak, euskaraz edo gaztelaniaz. Atal honetan ezer adierazten ez bada, probak euskaraz egin nahi direla ulertuko da.
5.4.5.– Deialdian parte hartzeko eskatzen den titulazio ofizialaren kopia konpultsatua; telematikoki bidaliz gero, jatorrizkoa aurkezteko eskatuko du erakundeak, egiazkoa dela ziurtatzeko.
Titulazio akademiko ofizialaren kopia.
Euskararen hizkuntza-eskakizunaren titulu ofizialaren kopia (hala badagokio).
Ingelesaren hizkuntza-eskakizunaren titulu ofizialaren kopia.
Dokumentazio hori ez da aurkeztu behar izango baldin eta aurretiaz badago Etxepare Euskal Institutuaren esku.
5.4.6.– Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, 5.5 puntuan zehaztutakoaren arabera.
Hautagaiek eskabidean ematen duten informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta hautaketa-prozesua kudeatzeko eta behin-behineko langileak kontratatzeko sortzen diren lan-poltsak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori. Fitxategi horien erabilera bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin.
Fitxategi horren arduraduna Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria da. Datuak ikusi, zuzendu, ezeztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Etxepare Euskal Institutuaren aurrean erabili ahal izango dira: Andre Zigarrogileen plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia.
Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdian eskatzen diren baldintzak eta betekizunak onartzeko konpromisoa. Datu faltsuak ematen dituzten hautagaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
5.5.– Deialdian izena emateagatiko tasak ordaintzea.
Deialdi honetako 5.4.6 oinarrian ezarritako betekizuna betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa hau, banku-transferentzia eginez Etxepare Euskal Institutuaren titulartasuneko kontu hauetako batera: ES79 2095 0611 0910 6365 8446 (Kutxabank) edo ES94 3035 0060 4506 0013 3201 (Laboral Kutxa).
Tasaren ordainketa nominala eta banakakoa izango da lanpostu bakoitzerako; sarrera-kontzeptu gisa, hautagaiaren izen-abizenak eta zein lanpostutarako lehiatu nahi den adierazi beharko da. Ordainagiria eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Langileak hautatzeko deialdian izena eman baina eskabideak aurkezteko epearen barruan tasa ordaintzen ez duten hautagaiak prozesutik kanpo geratuko dira. Hala ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaie hautagaiei akatsa zuzen dezaten.
Langileak hautatzeko deialdian izena emateagatiko tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko betebeharra, oinarri hauen aurreko apartatuetan adierazitakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera, hau izango da tasen zenbatekoa:
Sistema-teknikaria: 19,78 euro.
6.– Hizkuntza-eskakizuna.
Dagokien egiaztagiria ez daukatela, euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egin nahi dituzten izangaiek, eskabidean adierazi beharko dute. Ez zaie proba horietan parte hartzeko baimenik emango eskabideak aurkezteko epean hala adierazi ez dutenei. Lortu nahi den lanpostuari dagokion mailaren azterketa egiteko eskatu ahal izango da.
Euskararen 3. hizkuntza-eskakizunaren maila behar da.
7.– Proben egokitzapenak.
7.1.– Desgaitasuna duten pertsonentzat egokitzea probak.
Desgaitasuna aitortuta dutelako probetan egokitzapenak egiteko eskubidea duten pertsonek eskabidean adierazi beharko dute, oharren atalean. Halaber, idatziz jakinarazi beharko diote EEIri, idatzizko proba egin baino gutxienez 10 egun baliodun lehenago, zein desgaitasun-mota duten eta nolako egokitzapena eskatzen duten zehaztuz. Epaimahaiak behar diren egokitzapenak egingo ditu hautaketa-probak egiteko denborari eta bitartekoei dagokienez. Nolanahi ere, ezin izango du proba horien edukia itxuragabetu, ez eta eska daitekeen gaitasun-maila murriztu ere, ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horren bidez, irizpide orokorrak ezartzen dira desgaitasuna duten pertsonei denbora gehigarri bat emateko enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan.
7.2.– Amatasunagatik egokitzea probak.
Haurdunaldian edo edoskitzaroan daudenek ere eskatu ahal izango dituzte egokitzapenak, proba egin baino gutxienez 10 egun baliodun lehenago idatziz jakinarazita EEIri.
8.– Kalifikazio-epaimahaia.
8.1.– Osaera.
Erreferentziazko epaimahai bakarra egongo da.
Epaimahaiburuak, 4 epaimahaikidek eta idazkariak, eta haiei dagozkien ordezkoek, osatuko dute epaimahaia. Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa, idazkariak izan ezik; idazkariak hitz egin ahal izango du, baina botorik eman ez. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuak izango du kalitateko botoa.
Epaimahaiburua langile lan-kontratudun finkoa edo funtzionarioa izango da (edozein administrazio publiko, erakunde autonomo, sozietate publiko edo ente publikotan). Epaimahaiko gainerako 4 kideek deitu diren lanpostuetara iristeko eskatzen den titulazio bera edo goragokoa izango dute.
Epaimahaiaren osaeran, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea sustatuko da, eta kideek gaikuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia izango dute. Ordezkaritza orekatua izango da, lau kide baino gehiago dituzten organoetan, sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.
Epaimahaiak, komeni dela uste badu, aholkua eskatu ahal izango die adituei. Aholkulari horiek, epaimahaiari laguntzen diotenean, beren espezialitate teknikoari buruzko aholkuak baino ezin izango dituzte eman.
8.2.– Izendapena.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez izendatuko dira epaimahaiko kideak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
8.3.– Abstenitzea eta errekusatzea.
Baldin eta epaimahaiko kideren bat Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako kasuren batean badago, ezin izango du prozesuan parte hartu, eta deialdia egin duen agintaritzari jakinarazi beharko dio. Gauza bera gertatuko da baldin eta, deialdia argitaratu aurreko bost urteko epean, hautaketa-probetan parte hartuko duen hautagaien bat prestatu badu epaimahaiko kideren batek.
Era berean, aurreko inguruabarretako bat gertatzen denean, interesdunek epaimahaiko kideak errekusatu ahal izango dituzte, aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.4.– Jarduteko arauak.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18. artikulura bitartean ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak.
Epaimahaia epaimahaiburuaren aginduz bilduko da, idazkariak deialdia egin ondoren, hautaketa-probak egin baino behar bezainbeste lehenago.
Epaimahaia legez eratu ahal izateko, epaimahaiburua eta idazkaria –edo, hala badagokio, haien ordezkoak– eta gutxienez kideen erdiak agertu beharko dira.
Epaimahaiaren lehenengo bilkuran, barne-funtzionamendurako araudia onartuko da.
Erabakiak bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.
Epaimahaiburuaren eta haren ordezkoaren kargua hutsik badaude, bertaratu ez badira, gaixorik badaude edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, epaimahaikide bat jarriko da haren ordez, hierarkian maila goragokoena duena, antzinatasun handiena duena edo adinez zaharrena dena, hain zuzen ere.
Idazkariaren eta haren ordezkoaren kargua hutsik badaude, bertaratu ez badira, gaixorik badaude edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, epaimahaikide bat jarriko da haren ordez, gehiengoaren erabakiz aukeratuta.
8.5.– Botereak.
Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, eta prozeduraren legezkotasuna zainduko du. Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, oinarri hauen aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta deialdia behar bezala garatzeko behar diren erabakiak hartuko ditu, behar diren irizpideak ezarriz oinarrietan aurreikusi ez den guztirako.
Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-faseko ariketen edukia isilpean edukiko dela bermatzeko, eta gauza bera egingo du azterketak zuzentzean azterketa bakoitza norena den ez jakiteko.
Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak jakiten badu hautagairen batek ez duela betetzen deialdian ezarritako betekizunen bat, prozesutik baztertzeko proposamena egin beharko dio horretarako eskumena duen organoari, interesdunari entzun ondoren, eta egin dituen akatsen edo faltsukerien berri eman beharko dio.
8.6.– Helbidea.
Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hauxe izango da kalifikazio-epaimahaiaren helbidea: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileen plaza 1 (Tabakalera eraikina), 3. solairua, 20012 PK - Donostia.
8.7.– Epaimahaiko kideen izendapena argitaratzea.
Hautagaien behin-behineko zerrendarekin batera, epaimahaiko kideen eta haien ordezkoen izenen zerrenda ere argitaratuko da.
8.8.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak.
Epaimahaiko kideek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte beren zerbitzuagatik, bai eta bertaratzeagatik ere, arlo horretan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
Halaber, probetan zaintza- eta kontrol-lanak egiten dituzten langileek ere dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.
9.– Egintzak argitaratzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoa izango da erabakiak, azterketa-deialdiak eta hautaketa-prozesuko gainerako komunikazio-egintzak argitaratzeko leku ofiziala, bai eta EHAA ere, oinarrietan aurreikusitako kasuetarako, bana-banako jakinarazpenen ondorio berberak izango dituela.
10.– Hautagaiak onartzea.
Epaimahaia eratu ondoren, hautagaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko dute epaimahaikideek, deialdian sartzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, eta onartuen eta baztertuen zerrenda egingo dute.
Ondoren, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzeko aginduko du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Baztertutakoen kasuan, zergatik baztertu diren azalduko da. Ebazpen hori, aurreko puntuan aipatu den bezala, Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Prozesutik kanpo geratzen direnek hamar (10) egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko eta antzemandako akatsak zuzentzeko, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik aurrera. Prozesuan hautagai bakarra aurkezten bada eta hautagai hori onartzen bada, ez da hamar (10) eguneko epea emango erreklamazioak jartzeko, bizkortasun-printzipioa errespetatuz; horrela, dagozkion izapideak egiten jarraitu ahal izango da epe hori igaro arte itxaron gabe.
11.– Prozesua.
11.1.– Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratzeko aginduko du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak.
11.2.– Prozesuan onartutako hautagaiek parte hartu ahal izango dute hautaketa-probetan, bai eta kanpoan utzitakoek ere, baldin eta ekitaldian bertan egiaztatzen badute berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu dutela eta oraindik ebatzi gabe dagoela.
11.3.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean zehaztuko da, halaber, lehenengo ariketa non, zein egunetan eta zein ordutan izango den.
11.4.– Hurrengo probetarako deialdiak egiten dituzten iragarkian Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taulan argitaratuko dira, gutxienez hamar egun baliodun lehenago.
11.5.– Deialdi bakarra egingo da ariketa bakoitzerako, baina salbuespena izango da ezohiko deialdietan aurreikusitakoa. Epaimahaiak zehazten dituen egun, ordu eta lekuetan nahitaezko probetara agertzen ez direnak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira. Era berean jokatuko da nahitaezko probak egiten hasi ondoren agertzen direnekin ere. Nahitaezko probetan ariketa bat baino gehiago egin behar bada, proba horietako edozeinetan agertzen ez bada edo berandu agertzen bada ere, ez aurkeztutzat joko da.
11.6.– Hautagaiek aldean izan beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, eta edozein unetan eskatu ahal izango zaie. Halaber, epaimahaiak proba bakoitzerako ezartzen dituen materialak eraman beharko dituzte.
11.7.– Epaimahaiak, aurkeztutako hautagai kopurua eta hautaketa-prozesuaren konplexutasuna kontuan hartuta, aldez aurretik erabakiko du lehiaketa- edo oposizio-fasea.
11.8- Aurreko probak gainditu ez eta emaitza horren aurkako berraztertzeko errekurtsoa jarri duten hautagaiek hurrengo probetara aurkeztu beharko dute (kautelazko neurri gisa), betiere berraztertzeko errekurtso hori ebatzi ez bada.
11.9.– Ezohiko deialdia egingo zaie ezarritako proba egin baino 15 egun lehenago, gehienez, erditu diren izangaiei. Epaimahaiak ezohiko deialdi batera deitu beharko ditu, baina proba hori ezin izango da egin deialdiaren ondoren 15 egun balioduneko epea igaro baino lehen, ezta deialdia egin eta 40 egun balioduneko epea igaro baino geroago ere. Epaimahaiak probaren ezaugarriak egokituko ditu, bakoitzak behar dituen egokitzapenak kontuan hartuta.
11.10.– Hautagaiek ezin izango dute zuzenean edo hirugarrenen bidez jo epaimahaikideengana hautaketa-prozesuarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko. Hautaketa-prozesuari buruz sor daitezkeen zalantza guztiak idatziz aurkeztuko zaizkio epaimahaiari, eta horrek kide anitzeko organo gisa erabakiko du dagokiona.
11.11.– Epaimahaiko kideek baimena eman dutenean bakarrik erabili ahal izango dira gailu elektronikoak.
11.12.– Hautaketa-prozesua egin bitartean edozein gorabehera gertatu edo kontsulta, alegazio edo zuzenketaren bat egin nahi izanez gero, hautaketaetxepare@lksnext.com kontsulta-kanalera jo daiteke. Kontuan izan behar da prozedurazko gaiak baino ez direla aldez aurretik erantzungo; funtsari buruzkoak prozesuaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera tratatuko dira.
12.– Hautaketa-prozesua.
Hautaketa-prozesuak hiru fase izango ditu: oposizioa, elkarrizketa eta lehiaketa.
12.1.– 1. fasea: Oposizioa. 45 puntu, gehienez.
Oposizio-faseak bi proba izango ditu, bata teorikoa eta bestea teoriko-praktikoa, bete behar diren lanpostuen ezagutzak eta gaitasuna baloratzeko.
Lehenengo zatia:
Lehenengo ariketa edo ariketa teorikoa. Baztertzailea izango da eta 20 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez. Test erako proba bat egin beharko da gai-zerrenda orokorrari eta espezifikoari buruz. Galdera bakoitzak erantzun-aukerak izango ditu. Zuzen erantzun ez direnak ez dira zigortuko. Ariketa gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira gutxienez.
Bigarren zatia:
Bigarren ariketa edo ariketa teoriko-praktikoa: 25 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez. Lanpostuaren eginkizun eta ataza nagusiekin lotutako proba teoriko-praktiko bat edo batzuk egin beharko dira. Ariketa gainditzeko, 12,5 puntu lortu beharko dira gutxienez.
Lehenengo fase honetan, 22,5 puntu lortu beharko dira gutxienez prozesuan jarraitu ahal izateko.
12.2.– 2. fasea: Konpetentziei buruzko elkarrizketa. 10 puntu, gehienez.
Etxeparek hautatuta, LKS Next Selection aholkularitza-enpresak egingo du. Bertan, konpetentziei buruzko elkarrizketa eginez, hautagaiek erakundera egokitzeko duten gaitasuna ebaluatuko da, konpetentzia teknikoak eta orokorrak baloratuz.
2. fasea ez da baztertzailea izango; nahiz eta ez gainditu, hautaketa-prozesuan jarraitu ahal izango da. 10 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez.
12.3.– 3. fasea: Lehiaketa. 45 puntu, gehienez.
Lehiaketa-fasea ebazteko, oposizio-fasea gainditu dutenek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira.
Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta fase horretan lortutako puntuak ez dira kontuan hartuko oposizio-faseko probak gainditzeko.
Aholkularitza-enpresak txosten bat egingo du emaitzekin, eta epaimahaiak onartu ondoren, akta egingo da. Ondoren, jarraian deskribatu diren urratsei jarraituko zaie.
12.4.– Betekizunak eta merezimenduak alegatzea eta egiaztatzea.
12.4.1.– Epea.
Oposizio-faseko behin betiko emaitzak argitaratu ondoren, hamabost (15) egun balioduneko epea izango dute hautagaiek merezimenduak alegatu eta egiaztatzeko.
12.4.2.– Erreferentzia-data.
Prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da betekizunak betetzeko eta adierazitako merezimenduen jabe izateko erreferentzia-data.
12.4.3.– Esperientzia. 33 puntu, gehienez.
Eskainitako lanpostuarekin harreman zuzena duen lan-esperientzia bakarrik hartuko da kontuan.
Sektore pribatuan emandako zerbitzuak egiaztatzeko, lan-bizitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, egiazkoa dela ziurtatzeko.
Etxepare Euskal Institutuan emandako zerbitzuak alegatu egin beharko dira, eta ofizioz zenbatuko dira. Gainerako administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak nahitaez aurkeztu beharko dira. Administrazio bakoitzak nahi duen eredua erabili ahal izango du aipatutako egiaztagiriak egiteko. Nolanahi ere, egiaztagirian bereiz jasoko dira lan egindako aldiak (lanpostuari dagokion kidegoa, eskala, azpieskala eta mota edo kategoria zehaztuz), betetako eginkizunak eta dedikazio-erregimena. Datu hori zehazten ez bada, lanaldi osoaren % 50 zenbatuko da.
Esperientzian, 33 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez.
Administrazio publikoan azken hamar (10) urteetan lortutako esperientzia, lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia duten lanetan: 0,3 puntu emango da lan egindako hilabete bakoitzeko. Hilabetera iristen ez diren aldiak ez dira kontuan hartuko.
Administrazio publikotik kanpo azken hamar (10) urteetan metatutako esperientzia, lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia duten lanetan: 0,15 puntu emango da lan egindako hilabete bakoitzeko. Hilabetera iristen ez diren aldiak ez dira kontuan hartuko.
12.4.4.– Titulu ofizialak. 5 puntu, gehienez.
Atal honetan, 5 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez.
Titulu ofizialak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, edo titulua jaso ahal izateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.
Lanpostuaren eginkizunekin lotura zuzena duten unibertsitate-titulu ofizialen kasuan, lanpostu horretarako betekizun gisa egiaztatutakoez gain, 2,5 puntu emango da, gehienez, titulu bakoitzeko; lanpostu horretarako baldintza gisa egiaztatutakoaren osagarri badira, 2,5 puntu emango da, gehienez, titulu bakoitzeko.
Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten lanbide-heziketako tituluen eta berezko tituluen kasuan, puntu 1,5 emango da, gehienez, titulu bakoitzeko.
12.4.5.– Ikastaroak. 6 puntu, gehienez.
Deitutako lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak egiaztatzeko, ikastaroaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, eta ikastaroaren amaiera-data eta ordu kopurua adieraziko dira.
Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroen kasuan, puntu 1 emango da, gehienez, titulu bakoitzeko.
Gutxienez 20 orduko iraupena duten ikastaroak bakarrik baloratuko dira. Era berean, azken 10 urteetan egindako ikastaroak bakarrik hartuko dira kontuan. Ikastaroa noiz egin den eta ordu edo kreditu kopurua zehazten duten ziurtagiriak baino ez dira baloratuko. Ziurtagirian kreditu kopurua agertzen bada, baina ez bada ordu kopurua zehazten, 25 ordu zenbatuko dira kreditu bakoitzeko.
12.4.6.– Euskararen hizkuntza-gaitasunaren ziurtagiria.
Euskararen ezagutza-ziurtagiriak edo -tituluak izan eta deialdi honetako gaitasun-probak saihestu nahi dituztenek, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute, edo titulua jaso ahal izateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.
12.4.7.– Beste hizkuntza batzuk egiaztatzea. 3 puntu, gehienez.
Hizkuntza-tituluak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, edo titulua jaso ahal izateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.
Merezimendu gisa hartuko dira kontuan, ez baldin badira prozesuan parte hartu ahal izateko funtsezko eskakizuna; kasu horretan, ez da aparteko merezimendurik gehituko.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna izango da alegatzen diren merezimenduen jabe izateko erreferentzia-data.
Ez da egingo titulu horiek egiaztatzeko probarik.
Hizkuntza baten ziurtagiri bat baino gehiago aurkezten bada, goragoko mailakoa baloratuko da, baldin eta betekizuna ez bada.
Deialdi honen ondorioetarako, eskatzen diren hizkuntza-titulazioak eta ziurtagiriak baino ez dira baloratuko eta baliokidetzat joko:
Ingelesa:
C1 ezagutza-maila (gaitasun operatibo eraginkorra): 1,5 puntu.
C2 ezagutza-maila (menderatze-maila): 3 puntu.
13.– Emaitzak argitaratzea.
13.1.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak oinarrietako 9. apartatuan adierazi diren iragarki-tauletan argitaratuko dira.
13.2.– Test erako idatzizko probak amaitu ondoren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez, galdera-sortak eta erantzun zuzenen behin-behineko orria argitaratuko dira. Bada, bost egun balioduneko epea emango da, aipatutakoa argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hautagaiek antzemandako akatsak jakinarazteko. Epaimahaiak, alegatu diren akatsak kontuan hartuta, erantzun zuzenen behin betiko orria onartuko du, eta ariketak edo probak irakurri eta kalifikatuko ditu. Irakurketa-akatsak 3 egun balioduneko epean alegatu ahal izango dituzte hautagaiek, emaitzak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
13.3.– Idatzizko probak ez badira test erakoak, 2 egun balioduneko epea emango zaie, behin-behineko emaitzak argitaratzen direnetik aurrera, espedientearen kopia bat lortzeko, informazio guztia izan dezaten edozein alegazio egin aurretik.
13.4.– Espedientearen kopia eskatzeko, eskaera egin beharko zaio Etxepare Euskal Institutuari, edo, bestela, mezu elektroniko bat bidali helbide honetara: hautaketaetxepare@lksnext.com. Hautagaiak prezio publikoen eta tasen ordenantzan ezarritako prezioa ordaindu ondoren, eskabidea jaso eta gehienez bi egun balioduneko epean, epaimahaiari helaraziko zaio; epaimahaiak, eskabidea jaso eta gehienez lau egun balioduneko epean, ariketaren kopia, zuzenketa-irizpideak eta horien aplikazioa helaraziko dizkio interesdunari. Hautagaiak helbide elektroniko bat zehaztu beharko du dokumentazio hori jasotzeko. Hautagaiek 5 egun balioduneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, dokumentazioa jasotzen dutenetik aurrera.
13.5.– Alegazio guztiak jaso ondoren, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da kalifikazio-epaimahaiaren erabakia. Ebazpen horrek kontuan hartuko ditu egindako alegazioak, eta erantzuntzat joko dira, hau da, ez da erantzun pertsonalik emango.
13.6.– Etxepare Euskal Institutuak 10 egun balioduneko epea izango du, hautagaiek egindako ariketen eta alegazioen emaitzei buruzko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, lehiaketa-fasean alegatutako merezimenduen puntuazioa argitaratzeko. Balorazioarekin ados egon ezean, hautagaiek 5 egun balioduneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, Etxepare Euskal Institutuak 5 egun balioduneko epea izango du, alegazioak aurkezteko epea amaitzen denetik, balorazioen behin betiko erabakia argitaratzeko.
13.7.– Ariketa guztiak eta lehiaketa-fasea amaituta, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez, proba guztiak gainditu dituzten hautagaien zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan; proba bakoitzean lortutako puntuazioak adieraziko dira, guztizko puntuazioaren arabera sailkatuta.
13.8.– Behin betiko emaitzen ebazpenaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete hautagaiek Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena leku berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
14.– Lanpostuen esleipena.
14.1.– Eskainitako lanpostuak interesdunek eskatutakoaren arabera esleituko dira, hautaketa-prozesuan lortutako hurrenkerari jarraituz, betiere lanpostuen zerrendan lanpostu bakoitzerako ezarritako baldintza objektiboak betetzen badituzte.
14.2.– Puntuazioak eta erreklamazioak aztertu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du izendapen-proposamena, baina ezin izango da izan eskainitako lanpostu kopurua baino handiagoa.
14.3.– Berdinketa gertatuz gero, irizpide hauen arabera ezarriko da hurrenkera:
14.3.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a) artikulua aplikatuz, hautagaien gaitasun-berdintasuna dagoela ulertuko da hautaketa-prozesuaren amaieran puntuazioan berdinketa gertatzen denean, hau da: proba guztiak egin eta baloratu ondoren, eta, hala badagokio, dagozkien merezimenduak gehitu ondoren, puntuazioan berdinketa gertatzen bada.
14.3.2.– Emakumeei lehentasuna emango zaie, baldin eta kidego/eskala/aukera eta ordainsari-maila horietan ordezkaritza % 40tik beherakoa bada. Hala ere, neurri hori ez da aplikatuko sexuaren ziozko bereizkeriarik eragiten ez duten arrazoiak daudenean, hala nola laneratzeko arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea beste hautagaia.
14.3.3.– Oposizio-fasean lortutako puntuaziorik handiena.
14.3.4.– Oposizio-faseko proba praktikoan lortutako puntuaziorik handiena.
14.3.5.– Lehiaketa-faseko atal bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, oinarri espezifikoetan adierazitako hurrenkeraren arabera.
15.– Dokumentazioa aurkeztea.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez, hautatu diren hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta hogei (20) egun naturaleko epea emango zaie honako dokumentu hauek aurkezteko:
15.1.– Eskatutako dokumentuak.
Hautatuen behin betiko zerrendan agertzen diren hautagaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte deialdian eskatzen diren gaitasun-baldintzak eta gainerako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko:
15.1.1- NANaren fotokopia.
15.1.2.– Atzerriko hautagaiek Administrazioaren jakinarazpen bat jasoko dute, eta hor jakinaraziko zaie, beren egoeraren arabera, zer dokumentu aurkeztu beharko duten nahitaez.
15.1.3.– Zinpeko adierazpena edo hitzematea, honako hauek jasotzen dituena: ez dagoela desgaituta funtzio publikoak betetzeko, ez dutela diziplina-espediente bidez banandu edo kaleratu edozein administrazio publikotako zerbitzutik, eta ez dagoela sartuta Administrazio Publikoen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasuneko legezko kausaren batean.
15.1.4.– Espainiako nazionalitatea ez daukaten hautagaiek beste zinpeko adierazpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, beren estatuan funtzio publikoan aritzeko diziplina-zehapenik edo zigor penalik jaso ez dutela ziurtatzen duena.
15.1.5.– Mediku-ziurtagiria. Ziurtagiri horretan, deialdiaren oinarri hauetan zehazten den bezala, interesdunak egiaztatu beharko du ez daukala dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasun edo arazo fisikorik.
15.1.6.– Merezimenduak. Lehiaketa-fasean alegatutako merezimenduen jatorrizko dokumentazioa edo fotokopia konpultsatua.
Oinarri honetako aurreko puntuen arabera aurkeztutako dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 72/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Kopia konpultsatuak baliozkoak izan daitezen, konpultsatze-data eta arduradunaren izen-abizenak, NANa eta sinadura irakurgarria agertu beharko dira.
Hautagairen batek ezin baditu aurreko dokumentu guztiak aurkeztu, behar bezala egiaztatuta, zuzenbidean onargarria den edozein frogabideren bidez egin ahal izango du, betiere deialdian ezarritako betekizunak betetzen dituela egiaztatzen badu.
15.2.– Dokumentazioa aurkezteko lekua eta epea.
Dokumentu horiek hogei (20) eguneko epean aurkeztu beharko dira, hautatu diren hautagaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan aurkeztu ahal izango dira dokumentuak (Andre Zigarrogileen plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia), edo, bestela, telematikoki, hautaketaetxepare@lksnext.com helbidera bidalita. Nolanahi ere, erakundeak jatorrizkoak eskatu ahal izango ditu geroago, egiazkoak direla ziurtatzeko.
15.3.– Dokumenturik ez aurkeztea.
Ezin izango dira kontratatu adierazitako epe horren barruan dokumentazioa aurkezten ez dutenak, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Hala nola, ezin izango dira kontratatu aurkeztutako dokumentazioaren arabera hirugarren oinarrian ezarritako betekizunen bat betetzen ez dutenak, ez eta lanpostuaren eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko edo psikikoa ez dutenak ere. Kasu horietakoren bat gertatuz gero, deuseztatu egingo dira ordura arte egindako jarduketa guztiak, hargatik eragotzi gabe hautagaiak eskabidea faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna.
Kasu horietan, dagokion hautagaiaren aldeko kontratazio osagarriaren proposamena egingo du epaimahaiak, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Ondorio horietarako, aurreko paragrafoko inguruabarren ondorioz hutsik geratu diren lanpostu beste hautagai hautatuko ditu epaimahaiak.
16.– Lanpostuaz jabetzea.
Dokumentazioa aurkezteko epea amaitu ondoren, gehienez 30 egun balioduneko epean, hautaketa-prozesua gainditu dutenen izendapena proposatuko du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eskainitako lanpostu guztiak bete arte, azken puntuazioa kontuan hartuta. Hautatutako pertsonaren batek lanpostuaz jabetu aurretik uko egingo balio lanpostuari, zerrendaren hurrenkeran hurrengo dagoenari egingo litzaioke eskaintza. Ebazpen horretan zehaztuko da noiz hasiko diren lanean lanpostuan.
Epaimahaiak 15 egun balioduneko epea izango du lan-kontratua formalizatzeko, lanpostuan noiz hasiko den zehazten duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ezarritako epearen barruan lanpostuaz jabetzen ez direnek, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko dituzte deialdiaren ondorioz Etxepare Euskal Institutuko langile lan-kontratudun finko izateko. Kasu horietan, dagokion hautagaiaren aldeko kontratazio osagarriaren proposamena egingo du epaimahaiak, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, hutsik geratu diren lanpostu beste hautagai hautatuko ditu.
17.– Probaldia.
Sei (6) hilabeteko probaldia izango da, eta epe hori kalifikazio-epaimahaien baloraziorako hautaketa-proba ere izango da.
Probaldian, kontratatutako pertsonen produktibitatea, kalitatea, efizientzia (ahaleginak), harremanetarako gaitasuna eta lidergoa ebaluatuko dira.
17.1.– Ebaluazioak fase hauek izango ditu:
17.1.1.– Ebaluazio-neurrien eta aplikatuko diren metodoaren eta irizpideen berri ematea hautagaiei.
17.1.2.– Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak kontratatutako hautagaiaren txostena.
17.1.3.– Epaimahaiak txosten hori baloratuko du. Epaimahaiko kide bakoitzak 0 eta 10 puntu artean emango dio, eta batez beste 5 puntu edo gehiago lortzen dituztenak izango dira lanposturako gai.
Gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenek ez dute probaldia gaindituko.
Hautatutako pertsonaren batek gainditzen ez badu, hurrengo hautagaia kontratatzeko proposatuko du epaimahaiak, hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkerari jarraituz. Horretarako, hutsik geratu diren lanpostu beste hautagai hautatuko ditu.
Behin probaldia gaindituta, Etxepare Euskal Institutuko langile lan-kontratudun finkoa izango da hautagaia.
18.– Lan-poltsa eratzea.
Lanposturik lortu ez baina prozesu osoan gutxienez 50 puntu lortu dituzten eskatzaileak Etxepare Euskal Institutuko lan-poltsetan sartuko dira, eskabidea aurkeztu duten kategoria berean.
19.– Datuen babesa.
Datu pertsonalak «Giza Baliabideak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, honako hauek betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak bermatzekoa, eta datuak babestearen arloan indarrean dagoen gainerako araudia.
Tratamenduaren arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Tratamenduaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: langileen kudeaketa. Langileen espedientea. Lan-bizitza. Administrazio-egoerak. Ordutegi-kontrola. Bajak. Ezintasunak. Bateraezintasunak. Prestakuntza. Prestakuntza-planak. Pentsio-planak. Gizarte-ekintzaren kudeaketa. Laneko arriskuen prebentzioa. Nomina-jaulkipenak. Jarduera sindikalaren kudeaketa.
Legitimazioa: interesdunak hala eskatuta, interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, kontratu aurreko neurriak aplikatzeko eta aplikatu beharreko legezko betebeharrak betetzeko.
Eskubideak: interesdunak eskubidea du datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
20.– Deialdiaren aurka egitea.
Interesdunek deialdia, oinarriak eta beren jardunaren eta epaimahaien jardunaren ondoriozko administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dituzte. Aurkaratzeko kasuak eta bitartekoak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoak dira.