247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (532 KB - 44 orri.)
- EPUB (940 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
5773
AGINDUA, 2023ko abenduaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez merezimendu-lehiaketa bat iragartzen baita Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak hautatzeko, 2024ko ekainaren 30ean kargua hutsik izango duten ikastetxeetan.
Agindu honen xedea da deialdi bat egitea zuzendariak hautatzeko prozedura bat egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, baldin eta ikastetxeok Hezkuntza Sailaren mende badaude eta beren zuzendaritza-taldeak agintaldia amaitzen badute 2024ko ekainaren 30ean.
Kontuan izan behar da zer ezartzen duen arlo horretarako estatuko oinarrizko legeriak, eta bereziki Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (133. artikulua eta hurrengoak) (aurrerantzean, LOE) eta hura aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (aurrerantzean, LOMLOE), berrikuntza garrantzitsuak ekarri baititu arlo horretan.
Bestalde, Estatuko oinarrizko araudiari dagokionez, aipatzekoa da urriaren 17ko 894/2014 Errege Dekretua, zeinak garatzen baititu zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-ikastaroaren ezaugarriak, bai eta zuzendaritza-eskumenak eguneratzeko ikastaroenak ere. Hala ere, LOMLOEren 134.1.c artikuluaren arabera, zuzendaria hautatzeko merezimendu-lehiaketan parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza izatetik, hezkuntza-administrazio bakoitzaren aukerako baldintza izatera igaro da prestakuntza hori. Kasu honetan, Hezkuntza Sailak uste du prestakuntza hori ez dela zuzendaritzarako hautagai izateko baldintza, baina bai zuzendari-lanetan aritzekoa. Horregatik, agindu honen bidez deitutako hautaketa-prozedura gainditzen dutenek zuzendaritza-eginkizuna betetzeko gaitasunei buruzko prestakuntza-programa bat gainditu beharko dute, izendatuak izan aurretik. Prestakuntza-programa horren ezaugarriak Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2022ko urriaren 28ko Ebazpenean daude araututa, zeinaren bidez ezartzen baita zuzendaritza-eginkizuna betetzeko beharrezkoa den hasierako eta etengabeko prestakuntzaren esparrua, eta arautzen baitira zuzendaritza-eginkizuna betetzen hasteko prestakuntza-programa espezifikoa eta zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziak eguneratzeko prestakuntza-programa espezifikoa 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako.
Bestalde, hala Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 1/1993 Legeak (33. artikuluak eta hurrengoek) eta batez ere otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuak, zeina baita hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, hura ebaluatzeari eta aitortzeari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzkoa, arautzen dute zer prozedura jarraitu Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-arloko eskumenak dituen saileko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria hautatzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko, eta haiek kargua uzteko.
Dekretu horretako 7. artikuluak ezartzen duenez, merezimendu-lehiaketa bat egingo da zuzendaria izendatzeko ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako irakasle funtzionarioen artean eta berdintasun-, publikotasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera. Artikulu horrek, bestalde, ezartzen du urtero deialdi bat egingo dela, merezimendu-lehiaketa bat egin, eta zuzendariak hautatzeko eta izendatzeko, eta prozesu horretan sartuko direla ikasturtearen amaieran zuzendari-kargua hutsik daukaten ikastetxeak.
Ondorioz, eta eman dizkidaten eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten da Hezkuntza Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatzeko, hain zuzen ere agintaldia 2024ko ekainaren 30ean amaituko duten ikastetxeetako zuzendaritza-talde zuzendariak izendatzeko; salbu Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutukoak, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetakoak, zein bere araudi espezifikoaren arabera zuzenduko baitira.
2. artikulua.– Araudi aplikagarria.
Hautaketa-prozesua Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatua) xedatutakoaren arabera egingo da, eta, oinarrizko araudia urratzen ez duten alderdietan, aintzakotzat hartuko da zer ezartzen duten hala Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak nola otsailaren 3ko 29/2023 Dekretuak, zeina baita hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, hura ebaluatzeari eta aitortzeari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzkoa, eta zer ezartzen duen agindu honek.
3. artikulua.– Izangaien betekizunak.
1.– 29/2023 Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenaren arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte irakasleek merezimendu-lehiaketan parte hartzeko:
a) Gutxienez, bost urteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.
b) Gutxienez bost urtez irakasle lanetan aritu izana, karrerako funtzionario gisa, aukeratutako ikastetxeak eskaintzen duen irakaskuntzaren batean.
c) Irakaskuntzako lanpostuetako 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-1 mailaren baliokidea da).
d) Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, barnean hartuko dituena 29/2023 Dekretuaren 10. artikuluan jasotako alderdiak. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, izangaiak proposatu beharko du nork beteko dituen ikasketaburu- eta idazkari-karguak, bere ikastetxeko klaustroko kideen artean.
2.– Haur Hezkuntzako ikastetxe espezifikoetan, Lehen Hezkuntzako osatu gabeetan, zortzi unitate baino gutxiagoko Bigarren Hezkuntzakoetan, zortzi irakasle baino gutxiago dituzten helduentzako ikastetxeetan, irakaskuntza artistiko profesionalekin, kirolarekin edo hizkuntzekin lotuak daudenetan, merezimendu-lehiaketan parte hartzeko edozein irakaslek honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea irakaskuntzako funtzio publikoan karrerako funtzionario gisa.
b) Gutxienez urtebetez aritu izana karrerako funtzionario gisa ikastetxeak eskaintzen dituen irakaskuntzetako batean.
c) Egiaztatuta izatea euskarazko C1 hizkuntza-gaitasuna, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera.
d) Zuzendaritza-proiektu bat aurkeztea, barnean hartuko dituena 29/2023 Dekretuko 10. artikuluan jasotako alderdiak. Zuzendaritza-proiektuaren barruan, izangaiak proposatu beharko du nork beteko duen ikasketaburu-kargua eta nork idazkari-kargua, bere ikastetxeko klaustroko kideen artean.
3.– Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean, izangaiak kasu bakoitzean bete behar dituen baldintza guztiak eduki beharko ditu
4. artikulua.– Hautaketa-prozesuko printzipio orokorrak.
1.– Zuzendaria hautatzeko prozesuan, hezkuntza-komunitateak eta Hezkuntza Sailak parte hartuko dute.
2.– Zuzendaria hautatzeko, merezimendu-lehiaketa bat egingo da ikastetxeari esleitutako irakaskuntzaren bat ematen duten karrerako funtzionario diren irakasleen artean. Hautaketak berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasunen printzipioak izango ditu oinarri.
3.– Merezimendu-lehiaketak bi fase izango ditu. Lehenengo fasean zuzendaritza-proiektua (hautagaiaren zuzendaritza-proposamena jasoko du ikastetxeko hezkuntza-proiektuarekin lotuta) eta haren defentsa baloratuko dira. Bigarren fasean, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten pertsonek alegatutako merezimenduak balioetsiko dira.
4.– Agindu honen hurrengo xedapenetan ezartzen dira zein izango diren hautaketa egiteko irizpide objektiboak eta prozedura, baldintza eta merezimendu akademikoak eta profesionalak egiaztatzeko modua, eta hautagaiek akreditatutako merezimenduen eta aurkeztutako proiektuen balioespen-irizpideak.
5.– Hautaketa egiteko, ikastetxeko irakasleen hautagaitzei emango zaie lehentasuna. Ikastetxean behin betiko edo behin-behineko destinoa izanik karrerako funtzionario den izangairen batek gutxieneko puntuazioa lortzen badu, hautaketa-batzordeak ez ditu balioetsiko ikastetxean destinorik ez duten hautagaien zuzendaritza-proiektuak.
6.– Izangai bakoitza gehienez hiru ikastetxetan aurkeztu ahal izango da hautagai gisa.
7.– Zuzendaria hautaketa-batzordeko kideek hautatuko dute era kolegiatuan, bat etorriz agindu honetan ezarritako irizpideekin. Horretarako, kontuan hartuko dituzte izangaiek egiaztatutako ikasketa-, prestakuntza- eta lanbide-merezimenduen balioespen objektiboa eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratutako zuzendaritza-proiektuaren eta haren defentsaren balioespena.
Aurkeztutako proiektuak, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak jaso beharko ditu, bai eta hizkuntza-normalizazioari buruzkoak ere.
8.– Hautaketa-prozedura gainditzen dutenek, izendatuak izan aurretik, egiaztatu beharko dute zuzendaritza-eginkizunean jarduteko gaitasunei buruzko berariazko prestakuntza-programan jasotako prestakuntza. Programa hori Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2022ko urriaren 28ko Ebazpenean dago araututa, zeinaren bidez ezartzen baita zuzendaritza-eginkizuna betetzeko beharrezkoa den hasierako eta etengabeko prestakuntzaren esparrua, eta arautzen baitira zuzendaritza-eginkizuna betetzen hasteko prestakuntza-programa espezifikoa eta zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziak eguneratzeko prestakuntza-programa espezifikoa 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako.
9.– Hautagaitzarik ez dagoenean, ikastetxe berriak direnean edo dagokion batzordeak pertsona bakar bat ere aukeratu ez duenean, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena aztertu eta Ordezkaritza Organo Gorena (OOG) entzun ondoren, irakasle funtzionario bat urtebeterako izendatuko du zuzendari, ohiz kanpo.
10.– Ohiz kanpo izendatutako zuzendariak zuzendaritza-eginkizunaren garapenari buruzko prestakuntza-programa gainditu beharko du izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen, Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2022ko urriaren 28ko Ebazpenean jasotzen den bezala, eta, prestakuntza-programa amaitzean, izendatu duten ikasturteari dagokion jarduera-plana aurkeztu beharko du, ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin bat datorrena.
5. artikulua.– Hautaketa-prozesuaren garapena.
Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean ezarritako egutegiaren eta prozeduraren arabera egingo da.
6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
Eskabidean, dokumentazio hau jasoko da:
Zuzendarien hautaketa-prozesuan onartzeko eskabidea, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera (interesdunak online inprimakia beteko du Hezigunea atarian sartu ondoren). Eskabide horretan, zehaztu beharko da zer ikastetxetan aurkezten den hautagaitza, zer proposatzen duten zuzendaritza-proiektuan zuzendaritza-taldeko beste kideek (ikasketaburuak eta zuzendariak) eskabidea aurkezten den ikastetxe bakoitzerako eta zer merezimendu alegatzen diren prozedurako bigarren faserako. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera bitarte burutu diren alegatutako merezimenduak bakarrik barematuko dira. Eskatzaileek merezimenduen lehiaketaren bigarren faseko baremoko merezimenduak justifikatzeko aurkeztu behar dituzten dokumentuak agindu honen IV. eranskinean daude jasota.
Aukeratu den ikastetxe bakoitzeko, zuzendaritza-proiektuaren ale bat, III. eranskinean xedatutakoaren araberakoa. Aurkeztutako zuzendaritza-proiektuaren barruan, hautagaiak zuzendaritza-taldeko kideak proposatu beharko ditu, ikastetxeko langileen artean aukeratuta.
Zuzendaritza-talderako proposatzen diren kideak zerbitzu-eginkizunetan daudenean, arrazoitu beharko da zergatik proposatzen diren kide horiek. Dokumentazio hori soilik aurkeztuko da beharrezkoa denean.
Eskabide-eredua, PEFI_EFD prestakuntza-programako jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteko, V. eranskineko ereduaren arabera.
7. artikulua.– Deitutako ikastetxeak.
Agindu honen VI. eranskinean zehaztutako ikastetxeetan deitzen da prozesua. Prozesuaren garapenaren uneren batean, eta zuzendaria izendatu aurretik, deitutako ikastetxeren bat ikastetxe integratu edo Lanbide Heziketako ikastetxe bihurtzen bada, ikastetxe hori zuzendariaren hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da, eta ondoriorik gabe geratuko dira ordura arte egindako izapide guztiak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Salbuespenezko egoerak, ikasketaburutza eta idazkaritzak izendatzeko zerbitzu eginkizunetan.
Agindu honetako 3. artikuluko 1.d eta 2.d apartatuetan jasotzen denez, hautagaiak zuzendaritza-proiektuan sartu beharko du zer pertsona proposatzen dituen ikasketaburu-eta idazkari-karguetarako, zuzendari izateko aukeratzen duen ikastetxeko klaustroko kideen artean.
Salbuespenezko kasu hauetan, ikastetxeko zuzendariak proposamen arrazoitua egin ahal izango du ikasketaburu edo idazkari zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko:
– Ikasketaburu- edo idazkari-kargurako proposatzen den pertsona karrerako funtzionarioa denean.
– Karrerako irakasle funtzionarioen ehunekoa % 20koa edo txikiagoa denean (edo 6 irakasle edo gutxiagokoa, % 20a 6 baino gutxiago bada), hautagaiak klaustroko bitarteko funtzionarioak proposatu ahal izango ditu ikasketaburutzako eta/edo idazkaritzako karguak betetzeko.
Ehuneko hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da zein den lanaldi osoko eta osasun-arrazoiengatik murrizketarik gabeko karrerako irakasle funtzionarioen eta/edo 60 urtetik gorakoen kopurua, ikastetxearen hasierako lanpostu-zerrenda (LPZ) osatzen duten irakasle guztiekiko.
Izangaiak egoera hori jaso beharko du agindu honen I. eranskineko 1.3 atalean jasotako eskaeran. Horretarako, hautagaiak txosten xehatua erantsiko dio eskabideari. Txosten horretan, bere klaustroko irakasleen zerrenda jasoko du, eta, irakasle horien artean, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituztenen zerrenda.
Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako langileak kudeatzeko zerbitzuek ikasketaburu eta idazkari izateko proposatutako pertsonen datuak baliozkotuko dituzte. Hautagaiari behin-behineko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio, agindu honen I. eranskineko 2.2 atalean jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenaren bidez.
Baliozkotzea negatiboa bada, hautagaiak bere zuzendaritza-taldeko kideen proposamena aldatu ahal izango du ebazpen horren erreklamazio-aldian. Bere proposamenean ezer aldatuz gero edo proposamen berria baliozkotzen ez bada, zerbitzu-eginkizunaren eskaera ezetsi egingo da. Hautagaiari behin-behineko baliozkotze horren emaitzaren berri emango zaio, agindu honen I. eranskineko 2.4 atalean jasotako eskabidea onartzeari edo ezesteari buruzko behin-behineko ebazpenaren bidez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 15a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
I. ERANSKINA
HAUTAKETA-PROZESUAREN EGUTEGIA ETA PROZEDURA
1.– Eskabideak aurkeztea. Eskabidea telematikoki aurkeztea, epeak eta dokumentazioa.
1.1.– Eskabideak aurkezteko eta deialdi hau arautzen duen dokumentazioa izapidetzeko atari gisa, hau izango da webgunea: https://hezigunea.euskadi.eus/ (aurrerantzean, Hezigunea). Prozedura honetan parte hartzeko, izangaiek aipatutako atariaren bidez egin beharko dute eskabidea. Bertan, gehienez ere, 3 ikastetxe eskatu ahal izango dituzte, lehentasun-ordenaren arabera hautatu ere, agindu honen VI. eranskinean zerrendatzen direnetatik.
1.2.– Hezigunea atarira sartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik eskatzailea identifikatzea (NAN/AIZ + pasahitza, edo XLNets erabiltzailea, lehendik izanez gero). Eskabidea betetzeko, «Zuzendariak hautatzea» bannerrera sartu behar da, eta sistemak identifikazio-zenbaki bat sortuko du, prozedurari balioa eta bakartasuna emango diona.
Hainbat arrazoi direla medio, izangaiek parte hartzeko eskabide telematiko bat baino gehiago aurkezten badute, aurkeztutako azken eskabidea bakarrik hartuko da kontuan; hots, parte-hartzaile bakoitzeko eskabide telematiko bakarra baino ez da onartuko.
Ez dira kontuan hartuko bide horretatik aurkeztutako eskabideak, baldin eta ezarritako aurkezpen-prozesua osatzen ez badute. Prozesu horretatik, eskabide-zenbaki bat lortuko da pdf formatuan deskargatu daitekeen dokumentu batean, eta interesdunak gorde egin beharko du epean eta behar bezala aurkeztu izana egiaztatzeko.
1,3.– Eskabidean, dokumentazio hau jasoko da:
a) Zuzendarien hautaketa-prozesuan onartzeko eskabidea, II. eranskinean jasotako ereduaren arabera (interesdunak online inprimakia beteko du Hezigunea atarian sartu ondoren). Eskabide horretan zehaztuko dira, hautagaitza aurkezteko aukeratutako ikastetxeaz edo ikastetxeez gain, prozeduraren bigarren faserako alegatutako merezimendu guztiak. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera bitarte burutu diren alegatutako merezimenduak bakarrik barematuko dira. Eskatzaileek merezimenduen lehiaketaren bigarren faseko baremoko merezimenduak justifikatzeko aurkeztu behar dituzten dokumentuak agindu honen IV. eranskinean daude jasota.
b) Zuzendaritza-proiektuaren ale bat, aukeratu den ikastetxeko. Proiektua III. eranskinean xedatutakoaren arabera egin beharko da. Aurkeztutako zuzendaritza-proiektuaren barruan, hautagaiak proposatu beharko du zein izango den zuzendaritza-taldea; horretarako, ikastetxeko langileak aukeratu beharko ditu (II. eranskina).
c) Zuzendaritza-taldeko kideak zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko proposamen arrazoitua. Dokumentazio hori soilik aurkeztuko da beharrezkoa denean.
d) Eskabide-eredua, PEFI_EFD prestakuntza-programako jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteko, V. eranskineko ereduaren arabera.
Eskabide horrekin batera, eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du eskaneatuta, egiaztatzen betetzen dituela duena agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak, baldin eta dagoeneko Hezkuntza Sailaren esku ez badago. Modu berean jokatuko da alegatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioarekin.
1.4.– Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, inork eskatuz gero, VI. eranskinean jasotako ikastetxeek aukera eman beharko dute ikastetxeko dokumentuak kontsultatzeko, bereziki hezkuntza-proiektua, antolamendu- eta funtzionamendu-araudia eta urteko planeko elementuak, datu pertsonalik ez dutenak. Horretarako, espazio eta ordutegi bat prestatuko dute, oztoporik jarriko ez diona ikastetxeko jardueren garapen normalari. Kasu guztietan, ikastetxeetako idazkaritzak zainduko du ea kontsulta-prozesu horrek betetzen duen datuak babesteari buruz indarrean dagoen araudia.
1.5.– Eskabideak aurkezteko aldia 2024ko urtarrilaren 15etik 26ra bitartekoa izango da, biak barne.
2.– Izangaiak onartzea.
2.1.– Hautagaiek baldintzak betetzeari buruzko informazio-eskabidea.
2024ko urtarrilaren 29tik 30era bitarteko aldian, biak barne, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako lurralde-zerbitzuei eskatuko diete egiaztatzeko ea izangai guztiek betetzen dituzten agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak, eskatzen direnak prozesuan parte hartu ahal izateko, eta egiaztatzeko, halaber, ea izangaiak proposamen arrazoiturik egin duen ikasketaburua eta/edo idazkaria zerbitzu-eginkizunetan izateko; betiere, agindu honen lehen xedapen gehigarrian (zerbitzu-eginkizun hori arautzen duena) jasotako kasuak baliozkotzeko.
Baldintzak egiaztatzeko, Lehen Hezkuntzako ikastetxe osatugabetzat hartuko da lehen hezkuntzako etapako maila bakoitzeko gutxienez unitate bat ez duena. Bigarren Hezkuntzako ikastetxetzat hartuko da gutxienez irakaskuntza hauetako bat ematen duena: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako heziketa zikloak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek zer datu eskatu, datu horiek eman beharko dituzte Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako lurralde-zerbitzuek. Datu horiek emateko epea 2024ko otsailaren 1ean amaituko da.
2.2.– Behin-behineko ebazpenak, eskabideak onartzeari ala ezesteari buruzkoak eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarena, Berariazko Prestakuntza Programako zenbait jarduera egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruzkoa, zuzendaritza-eginkizunean hasteko (PEFI_EFD).
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eman zaizkion datuak kontuan hartuta, behin-behineko ebazpenak emango ditu aurkeztutako eskabideak onartzeko ala ezesteko. Ebazpen horiek emateko epea 2024ko otsailaren 2an amaituko da. Ebazpenetan zehaztuko da hautagaiak zein ikastetxetan onartu diren, eta, baztertuak izan badira, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira. Onartutako pertsonen kasuan, zehaztuko da, halaber, ea zuzendarigaiak eta azken horrek ikasketaburu eta idazkari izateko proposatutako pertsonek behin betiko destinoa duten edo ez onartutako ikastetxean edo ikastetxeetan, 2023-2024 ikasturtean.
Ebazpen horretan bertan, proposamen arrazoitu bat egin badu izangaiak ikasketaburu eta/edo idazkari zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko, jaso beharko da zer emaitza lortu den proposamen horren behin-behinekoz baliozkotzean, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Egun berean, Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behin-behinean ebatziko ditu PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza jarduera batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz hautagaiek egindako eskabideak. Programa hori Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2022ko urriaren 28ko Ebazpenean dago araututa, zeinaren bidez ezartzen baita zuzendaritza-eginkizuna betetzeko beharrezkoa den hasierako eta etengabeko prestakuntzaren esparrua, eta arautzen baitira zuzendaritza-eginkizuna betetzen hasteko prestakuntza-programa espezifikoa eta zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziak eguneratzeko prestakuntza-programa espezifikoa 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako.
Hori dena Hezkuntza Saileko webgunean argitaratuko da.
– Prozesuan onartutako hautagaitzen behin-behineko ebazpenerako: «Irakaskuntzak eta ikastetxeak» lan-arloaren barruan «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» – «Ikastetxe publikoak» – «Zuzendarien hautaketa-prozesuaren deialdia».
– Hautagaiek PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin ahal izan dituzten eskaerak behin-behinean ebazteko: «Hezkuntza-berrikuntza» lan-arloaren barruan – «Jarduera-eremuak» – «Zuzendaritzen prestakuntza».
Haiek ere Hezigunea atarian argitaratuko dira.
Argitalpen horiekin, egintzat joko dira interesdunei egin beharreko jakinarazpenak.
Bermatzeko hezkuntza-komunitateak zuzendaritzarako hautagaitzak ezagutu ahal izango dituela, Hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak dagokion ebazpena jakinaraziko dio eragindako ikastetxe bakoitzeko zuzendariari, argitaratu dadin ikastetxeko iragarki-taulan.
2.3.– Behin-behineko ebazpenei erreklamazioak.
Aurreko ebazpenen aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari edo, hala badagokio, Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egingo dira, eta aurkezteko epea 2024ko otsailaren 9an amaituko da, egun hori barne.
2.4.– Eskabideak onartzeari eta ez onartzeari buruzko behin betiko ebazpenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzaren behin betiko ebazpena, zuzendaritza-eginkizunean hasteko Berariazko Prestakuntza Programako zenbait jarduera egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruzkoa (PEFI_EFD).
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta prozeduran parte hartzeko eskabideak onartzeko edo ez onartzeko behin betiko ebazpenak emango ditu.
Ebazpen horiek emateko epea 2024ko otsailaren 16an amaituko da.
Ebazpen horietan zehaztuko da hautagaiak zein ikastetxetan onartu diren, eta, baztertuak izan badira, baztertzeko arrazoiak ere adieraziko dira. Onartutako pertsonen kasuan, zehaztuko da, halaber, ea zuzendarigaiak ikastetxean destinoa duen ala ez 2023-2024 ikasturtean, eta ea ikasketaburu eta idazkari izateko proposatutako pertsonak ere destinoa duten ala ez ikastetxean 2023-2024 ikasturtean.
Ebazpen horretan bertan, proposamen arrazoitu bat egin badu izangaiak ikasketaburutzako eta/edo idazkaritzako zerbitzu-eginkizunetan izendatzeko, jasoko beharko da zer emaitza lortu den proposamen horren behin betiko baliozkotzean, agindu honen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Egun berean, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak behin betiko ebatziko ditu hautagaiek PEFI_EFD prestakuntza-programako prestakuntza-jarduera jakin batzuk egitetik eta ebaluatzetik salbuesteari buruz egin dituzten eskaerak.
Ebazpenak behin-behineko ebazpenen antzera argitaratuko dira.
Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi aitortzen zaionik agindu honen 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela. Prozesuaren edozein unetan, lortu nahi duen karguaren baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko balio duen dokumentazioa eskatu ahal izango zaio. Berrikuspenetik ondorioztatzen bada hautagai batek ez duela betetzen baldintzaren bat, interesdunari entzun ondoren, galdu egingo ditu hautaketa-prozesuan parte hartzeagatik izan ditzakeen eskubide guztiak.
Onartutakoen zerrendan agertzeak ez du esan nahi aitortzen zaionik PEFI_EFD eta/edo PEAC_EFD prestakuntza-programa gainditu izanaren ziurtagiria duenik.
2.5.– Onartutako hautagaitzak eta aurkeztutako proiektuak jakinaraztea eragindako ikastetxeetako hezkuntza-komunitateei.
Bermatzeko hezkuntza-komunitateak ezagutu ahal izango dituela aurkeztutako proiektuak eta zuzendaritzarako hautagaitzak, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek dagokion ebazpena jakinaraziko diote eragindako ikastetxe bakoitzeko zuzendariari, argitara eman dadin dagokion ikastetxeko iragarki-taulan. Aldi berean, ikastetxeari dagokion zuzendaritza-proiektuaren edo -proiektuen ale bana bidaliko die Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikastetxe bakoitzari, behin betiko ebazpenak emateko epea amaitu eta bost egun balioduneko epean. Epe hori amaituta, eta hezkuntza-komunitateak proiektu horietarako sarbidea izango duela bermatzeko, ikastetxeko zuzendaritzak 24 orduko epean jakinaraziko du zer espazio fisiko edo birtualetan egongo diren eskuragarri dokumentu horiek.
2.6.– Hautagaitzarik aurkeztu ez den edo onartu ez den ikastetxeetan esku hartzea.
2024ko otsailaren 16tik aurrera, Hezkuntza Ikuskaritza agindu honen 4.8 artikuluan aipatzen diren nahitaezko txostenak egiten hasiko da, zuzendaria izendatzeko hautagai-zerrendarik aurkeztu ez den edo onartu ez den ikastetxeetan. Txosten horiek amaituta egon beharko dute 2024ko apirilaren 30a baino lehen.
Nahitaezko ikuskaritza-txostenak, besteak beste, zuzendaritzaren egoera eta ikastetxean egindako esku-hartzea jasoko ditu, zuzendariei hezkuntza-lidergo egonkorra lortzen laguntzeko. Egindako esku-hartzearen barruan, bermatuko da Ikuskaritzak ikastetxeko OOGren ezohiko bilkura batean gutxienez parte hartuko duela. Bilkura horren gai-zerrendak puntu bakar bat izango du, gai hauei buruzkoa: ikastetxeko zuzendaritzaren eta lidergo pedagogikoaren egoerari buruzko hausnarketa, eta gobernu-organo horretan ordezkaritza duten hezkuntza-komunitateko kolektiboen iritziak eta proposamenak jasotzea. Ezohiko OOG horren akta Hezkuntza Ikuskaritzak aurkeztutako nahitaezko txostenari erantsiko zaio.
3.– Hautaketa-batzordeak.
3.1.– Hautaketa-batzorde bat eratuko da hautaketa-prozesua egin behar den eta gutxienez hautagaitza bat onartu den ikastetxe bakoitzean.
3.2.– Hautaketa-batzordeetako kideak.
Ikastetxe bakoitzeko hautaketa-batzordea honako kide hauek osatuko dute:
a) Hezkuntzako ikuskari bat. Ikuskari nagusiak proposatuko duena, eta batzordeko lehendakari gisa jardungo duena.
b) Lau kide, ikastetxearen ordezkari:
i) Bi kide irakasle klaustroak aukeratuko ditu, horretarako egindako ezohiko bilkuran. Kiderik gazteenak idazkari gisa jardungo du.
ii) Ordezkaritza-organo goreneko (OOG) kideek beren artean aukeratutako bi kide, baldin eta irakasle ez badira lehendakariak horretarako deitutako bilkuran.
c) Zuzendari bat, bokal gisa, hezkuntza-administrazioaren ordezkari gisa, honako baldintza hauek betetzen dituena:
i) Lanean ari den zuzendari bat, hautaketa-prozedura garatzen den ikastegiaren irakaskuntza berdinak ematen dituzten ikastetxe batekoa, edo, hala badagokio, antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxe batekoa.
ii) Egindako lanaren ebaluazio positiboa duen ekitaldi bateko edo gehiagoko zuzendaria. Hori ziurtatu ezin den kasuetan, beren eginkizunak betetzean gutxienez hiru urteko ezohiko izendapena duten zuzendariak izendatuko dira.
3.3.– Hautaketa-batzorde hori, kide anitzeko organo gisa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikulutik 18. artikulura xedatutakoak arautuko du, eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie batzordekideei. Erabakiak hartzean berdinketarik badago, lehendakariak ebatziko ditu, kalitatezko botoarekin.
3.4.– Izangaien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa betetzeko, bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen nahikoa ezagutza duten kide nahikoa egongo dela hautaketa-batzordeko kideen artean. Baldintza hori hautaketa-batzordeko kide guztiek bete beharko dute, salbu OOGren ordezkariek, haientzat gomendio bat izango baita.
3.5.– Batzorde horien osaerak, ahal den heinean, emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 31. artikuluak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatua) arautzen duenaren arabera.
3.6.– Hautaketa-batzordeen eginkizunak.
Hautaketa-batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:
a) Ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko prozesua egiteko prozedurak antolatu eta garatzea.
b) Dagozkion prozedurak gauzatzeko egutegia ezartzea eta argitaratzea, agindu honetan ezarritako epeen arabera.
c) Hautagaiak deitzea zuzendaritza-proiektua ahoz defendatzeko.
d) Hautagaiek aurkeztutako zuzendaritza-proiektuak era arrazoituan balioestea.
e) Hautagaiek aurkeztutako merezimendu akademikoak, prestakuntzakoak eta profesionalak barematzea.
f) Erreklamazioak ebaztea, beren eskumenen esparruan.
g) Onartu eta argitara ematea zuzendaritza-proiektuari emandako kalifikazioa eta, hala badagokio, hautagaiek merezimendu-baremoan eskuratutako behin-behineko puntuazioa ere bai.
h) Aurkeztutako hautagaien behin betiko zerrenda onartu eta argitaratzea, apartatu bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuta.
i) Amaierako guztizko puntuazio handiena eskuratu duen ikastetxe bakoitzeko hautagaia aukeratzea.
j) Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari helaraztea aukeratutako pertsonaren izena, ikastetxeko zuzendari izendatzeko proposamenarekin batera.
k) Dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan entregatzea aurkeztutako dokumentazioa eta hautaketa-prozesutik eratorritakoa, hautagaia aukeratu ondoren.
3.7.– Beren eginkizunak betetze aldera, hautaketa-batzordeek behar duten informazioa bildu ahal izango dute Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetatik, hautagaiei bidezko dokumentazioa eskatu ahal izango diete, eta, halaber, ikastetxean eskuragarri dauden baliabide eta bitarteko telematikoak erabili ahal izango dituzte hezkuntza-komunitateari zuzendaritzaz arduratuko den pertsonaren hautaketa-prozesuari buruzko alderdi guztiak jakinarazteko eta beren eskumenetatik eratorritako ekintza guztiak deialdian zehaztutako epeetara egokitzeko.
3.8.– Hautaketa-batzordean klaustroa eta OOG ordezkatuko dituzten pertsonak aukeratzea.
2024ko otsailaren 26tik martxoaren 5era bitartean (biak barne), zuzendariak deialdia egingo du klaustroaren ezohiko bilkura bat egiteko; ondoren, beste deialdi bat egingo du OOGren beste bilkura bat egiteko, onartutako hautagaitzen berri eta dagozkien zuzendaritza-proiektuen berri emateko, dagozkien aktak eman ditzaten (ikus VII. eranskina eta VIII. eranskina).
Deialdi horretan, ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi beharko du zer espazio fisiko edo birtualetan egongo den eskuragarri hautagai bakoitzak aurkeztutako zuzendaritza-proiektua, kide anitzeko organo horietako kideek kontsultatu ahal izan ditzaten. Bilkura horretan, bi organoei dagozkien bokalak eta bokal bakoitzeko ordezko bat aukeratuko dira, zeinak hautaketa-batzordeko kide izango baitira.
OOGren ezohiko bileraren kasuan, ez zaie deialdia egingo irakasleen klaustroko ordezkariei.
Klaustroaren zein OOGren buru ikastetxeko zuzendaria edo, irizpide hauek aplikatuz, haren ordezkoa izango da:
– Beren ikastetxeko zuzendaritza aukeratzeko merezimendu-lehiaketara aurkezten diren jarduneko zuzendariek ezin izango dituzte bete hautaketa-prozesuan ikastetxeko zuzendariari esleitutako eginkizunak. Eginkizun horiek ikastetxeko zuzendariordeak eta/edo zuzendaritzako ondokoak beteko ditu, edo, ondoren, ikasketaburuak, ikasketaburuaren ondokoak, ikastetxeko idazkariak edo idazkariaren ondokoak, baldin eta dagokion pertsonak ere bere hautagaitza aurkeztu ez badu, betiere.
– Baldin eta arestian aipatutako karguak betetzen dituzten pertsona guztiek ere hautagaitza aurkeztu badute ikastetxeko zuzendari izateko, irakaskuntza-sektoreko kide ordezkari zaharrena izango da kide anitzeko organoaren buru.
a) Nola hautatu nork ordezkatuko duen klaustroa hautaketa-batzordean:
Hautaketa-batzordean klaustroa ordezkatuko dutenak aukeratzeko, isilpeko bozketa egingo da, eta, bertan, boto-eskubidea duen pertsona bakoitzak pertsona bati eman ahal izango dio botoa. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten irakasleek ezohiko klaustro horretan egoteko, parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea izango dute. Zuzendaritza-taldeko kide gisa aurkeztutako zuzendaritza-proiektuetan agertzen diren pertsonekin ere berdin jokatuko da.
Baliogabeak izango dira ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten irakasleek jasoko dituzten botoak, bai eta zuzendaritza proiektuetan zuzendaritza-taldeko kide gisa agertzen direnek jasotzen dituztenak ere.
Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketa badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan, berdinduta geratu direnei baino ezingo izango zaie botoa eman. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketak bere horretan badarrai, zozketa publikoa egingo da.
Klaustroaren bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, boto gehien jaso duenetik hasi eta boto gutxien jaso duenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketarik badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
b) Hautatzea nork ordezkatuko duen OOG hautaketa-batzordean:
OOGn ikasleen ordezkaritza duten ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik gorako ikasleei baino ez zaie deialdia egingo bilkura horretara joateko. Klaustro ordezkariei ere ez zaie deialdirik egingo bilkura horretara joateko.
OOGren ordezkariak aukeratzeko, bozketa bat egingo da, eta, bertan, ikastetxeko irakasle izan gabe ikastetxeko OOGko kide den bakoitzak pertsona bakar bati eman ahal izango dio botoa. Izen bat baino gehiago duten botoak baliogabeak izango dira. Boto baliodun gehien lortzen dituzten bi pertsonak aukeratuko dira. Berdinketarik badago, bigarren bozketa bat egingo da, eta, behar izanez gero, hirugarren bat. Bozketa horietan, berdinduta geratu direnei baino ezingo izango zaie botoa eman. Hirugarren bozketa egin ostean, berdinketak bere horretan badarrai, zozketa publikoa egingo da.
OOGren bi ordezkariak aukeratu ondoren, ordezkoen zerrenda osatuko da. Botoren bat jaso duten pertsonek osatuko dute zerrenda hori, boto gehien jaso duenetik hasi eta boto gutxien jaso duenera ordenatuta. Ordezkoen zerrendan berdinketa badago, zozketa publiko bidez erabakiko dira.
Irakasle-klaustroko irakasleen botoa zuzena, sekretua eta eskuordeezina izango da; baita OOG osatzen duten ordezkariena ere.
Irakasle-klaustroaren edo OOGren ordezkariak hautaketa-batzorderako aukeratzen edo izendatzen ez badira ere, horiek eratu egingo dira.
2024ko martxoaren 6an, ikastetxeko zuzendariak edo haren ordezkoak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari igorriko dio aipatutako partaidetza-organo bakoitzaren bilkuraren aktaren kopia, Hezigunea aplikazioaren bidez («Nire egunerokoa» apartatua. Ikastetxeko Hezkuntza Ikuskaritzaren informazioa. Dokumentuak). (ikus VII. eranskina, klaustroaren akta-eredua, eta VIII. eranskina, OOGren akta-eredua). Horretarako, aplikatu egin beharko dute apartatu honetan ezartzen dena.
3.9.– Izendatzea zer ordezkari izango dituen Hezkuntza-administrazioak hautaketa-batzordeetan.
Hezkuntza ikuskari nagusiak dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari proposatuko dio Hezkuntzako ikuskari izango diren hautaketa-batzordeetako lehendakari (izen-abizen eta guzti). Proposamen horiek egiteko epea 2024ko martxoaren 1ean amaituko da.
Era berean, dagokion hezkuntza-ordezkariak zuzendari-talde bat izendatuko du hautaketa-batzordeetan parte hartzeko, eranskin honetako 3.2.c atalean jasotzen den bezala.
Pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak behar bezala ezagutzen dituztela bermatzeko moduan egingo dira proposamen eta izendapen horiek.
3.10.– Hautaketa-batzordeetako kideak izendatzea.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte dagokion lurralde historikoan eratu behar diren hautaketa-batzordeetako kide guztiak. Izendapen horiek egiteko epea 2024ko martxoaren 8an amaituko da.
2024ko martxoaren 8tik 15era, dagozkion hautaketa-batzordeak eratuko dira. Batzorde horiek eratzen diren egunean, hautaketa-batzordeko buruak batzordekide guztiei azalduko die nola egiten den hautaketa-prozesua, eta jakinaraziko die zer alderdi balioetsi behar diren merezimendu-lehiaketaren lehenengo eta bigarren faseetan.
Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautagaitza bat baino gehiago onartu den ikastetxeetako batzorde bakoitzeko burutzari emango dizkio hautagaitza onartu zaion pertsona bakoitzaren lehiaketako bigarren faseko merezimenduak egiaztatzeari buruzko datuak. Datu eta dokumentu horiek emateko epea 2024ko martxoaren 11n amaituko da.
3.11.– Hautaketa-batzordeen funtzionamendua.
Hautaketa-batzordeen egoitza ofiziala zentro berean egongo da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako beste administrazio-bulego batzuetan, egoerak hala gomendatzen badu eta prozeduran interesa duten pertsonei inolako kalterik eragiten ez bazaie, eta horiek eratzeko prozedura amaitzen denean amaituko da haien jarduna. Hautaketa-prozesu honetan parte hartzen duten irakasle funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, inola ere, hautaketa-batzordeetan; aurkeztutako zuzendaritza-proiektuetan agertzen diren pertsonek ere ezin izango dute parte hartu hautaketa-batzordeetan.
Hautaketa-batzordearen eraketa eta funtzionamendua baliozkoa izan dadin, ezinbestekoa izango da bertan egotea kideen erdia gehi bat, baldin eta haien artean batzordeburua eta idazkaria badaude. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.
4.– Hautaketa-prozesuaren lehenengo fasea.
Lehenengo fasean, zuzendaritza-proiektua balioetsiko da, zeinetan jasoko baitira, ikastetxeko hezkuntza-proiektuarekin lotuta, hautagaiaren helburuak eta jardun-lerroak. Zuzendaritza-proiektuak ikasle guztien eskola-arrakasta lortzea izan beharko du helburu, eta, besteak beste, hezkuntza-inklusioari, gizonen eta emakumeen berdintasunari eta diskriminaziorik ezari eta genero-indarkeriaren prebentzioari buruzko edukiak jaso beharko ditu, baita hizkuntza-normalizazioari buruzko edukiak ere.
4.1.– Zuzendaritza-proiektuak klaustroari eta OOGri aurkeztea.
Eranskin honetako 3.8 apartatuan aipatutako irakasle-klaustroko ezohiko bilkura berean, hautagaiek nork bere zuzendaritza-proiektua aurkeztuko dute, eta horri buruz egiten zaizkien galderei erantzungo diete. Jarraian, akta egingo da, non jasoko baitira egindako esku-hartzeak.
Era berean, eranskin honetako 3.8 apartatuan jasotako OOGko ezohiko bilkuran, hautagaiek nork bere proiektua azalduko dute, eta erantzuna emango dieten egiten zaizkien galdera guztiei; zuzendaritza-proiektuak aztertuko dira, eta kontuan hartuko da klaustroaren akta. Jarraian, akta egingo da, non jasoko baitira egindako esku-hartzeak. Gogoeta horiek klaustroaren eta OOGaren aktan jasoko dira (ikus VII. eta VIII. eranskinak).
4.2.– Hautaketa-batzordeak zuzendaritza-proiektua balioestea.
Hautaketa-batzordeak balioetsiko du, lehenik eta behin, 2023-2024 ikasturtean aukeratutako ikastetxean destinoa duten izangaien zuzendaritza-proiektua. Hautagaitzarik ez badago edo pertsona horietako batek ere ez badu prozeduraren lehenengo fasea gainditzen, hautaketa-batzordeak destinoa beste ikastetxe batean duten hautagaien proiektuak balioetsiko ditu.
Hautaketa-batzordeak balioetsi egingo ditu hautagaiek aurkeztutako eta defendatutako zuzendaritza-proiektuak, agindu honen III. eranskinean jasotako ebaluazio-irizpideak aplikatuz. Lan hori egiteko epea martxoaren 18tik 22ra bitartekoa izango da, egun biak barne.
Apartatu honetan aipatutako zuzendaritza-proiektua aurkeztu ez bada edo frogatzen bada osorik edo zati batean plagiatu dela, 0 puntu emango zaizkio.
Hautaketa-batzorde bakoitzak, alfabetikoki, ikastetxeko zuzendaritzarako hautagaiak zitatuko ditu, zuzendaritza-proiektua azaldu eta defendatzeko. Zitazioa bakarra izango da hautagai guztientzat, eta ikastetxeko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, gutxienez 48 ordu lehenago, eta hautagaiak non, noiz eta zer ordutan aurkeztu behar diren adieraziko da.
Hautagaiek beren burua identifikatu beharko dute hautaketa-batzordearen aurrean, beren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztuz: nortasun-agiri nazionala edo pasaportea eta, hala badagokio, atzerritarraren nortasun-txartela.
Ekitaldi horretan agertzen ez diren hautagaiak prozeduratik kanpo geratuko dira, behar bezala justifikatutako eta hautaketa-batzordeak balioetsitako ezinbesteko kasuetan izan ezik. Alegatutako arrazoia baiesten bada, presidenteak beste egun eta ordu bat ezarriko du eragindako hautagaiaren bigarren eta azken deialdirako, eta batzordearen egoitzako iragarki-taulan eta ikastetxearen webgunean argitaratuko du.
Hautagaiak gehienez 30 minutu izango ditu proiektuaren ezaugarri garrantzitsuenak azaltzeko. Ondoren, eta gehienez 15 minutuz, hautagaiak proiektua defendatuko du, galderei erantzunez eta batzordeko kideek eskatzen dizkioten argibideak emanez.
Zuzendarigaiari soilik dagokio zuzendaritza-proiektua azaltzea eta defendatzea; izan ere, pertsona hori da balorazio-subjektua, eta haren zuzendaritza-proiektua, berriz, balorazio-xede. Ildo horretatik, zuzendaritza-taldeko beste kargu batzuetarako proposatutako pertsonak ekitaldira joan ahal izango dira, eta erantzun ahal izango diete hautaketa-batzordearen zalantza edo galderei, baldin eta gai horiek berez lotuta badaude pertsona horiek kargua betetzeko duten gaitasunarekin, baldintzak betetzearekin, eta abarrekin.
Ahozko azalpena egiteko, hautagaiari ordenagailu bat eta proiektagailu bat utziko zaizkio, eta interneteko konexioa jarriko zaio. Bere aldetik, hautagaiak erabili ahal izango du egokitzat jotzen duen material osagarria.
Hautaketa-batzordeko kide bakoitzak balioetsiko du zuzendaritza-proiektua, 0 eta 70 puntu artean emanez. Kide bakoitzak emandako puntuazioak zenbaki oso bat izan beharko du. Batzordeko kide bakoitzak emandako puntuazioaren batezbesteko aritmetikoa atzemanez lortuko da proiektuaren puntuazioa. Hala ere, proiektu horren guztizko kalifikazioan batzordekideek emandako puntuazioen artean 15 puntu oso edo gehiagoko aldea badago, gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak baztertu egingo dira, eta puntuazioak baztertzen jarraituko da harik eta alde hori desagertu arte. Azkenik, gainerako kalifikazioen batez besteko puntuazioa kalkulatuko da.
Lehenengo fase honetan hautagaiek, gutxienez, 35 puntu lortu beharko dituzte. Gutxieneko puntuaziora iristen ez diren izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.
Beraz, zuzendaritza-proiektuak kalifikatuta, haietako bakarra balioesten bada gutxienez 35 punturekin, hautagaia hautagai hautatu gisa proposatuko da. Zuzendaritza-proiektu batek baino gehiagok lortzen badute 35 puntu edo gehiagoko kalifikazioa, kasuan kasuko hautagaien merezimenduak barematuko dira prozeduraren bigarren fasean.
5.– Hautaketa-prozesuaren bigarren fasea.
Zuzendaritza-proiektuaren balioespena amaitu ondoren, merezimendu-lehiaketaren lehenengo fasea gainditu duen hautagaitza bat baino gehiago dagoen ikastetxeetan, hautaketa-batzordeak, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzatik jasotako informazioa kontuan hartuta, lehenengo fasean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangai bakoitzaren prozesuaren bigarren faseko merezimenduak balioetsiko ditu. Balioespen hori egiteko, jarraibide hauen IV. eranskinean jasotako baremoa aplikatuko da.
Merezimenduen balioespenaren gehieneko puntuazio orokorra ez da, inola ere, 30 puntutik gorakoa izango.
Datu horiek baloratzeko epea 2024ko apirilaren 10ean amaituko da.
6.– Ebaztea zer puntuazio lortzen duen hautagaitza bakoitzak eta proposatzea zer pertsona hautatzen den zuzendari-lanposturako.
Izangaien merezimenduak balioetsi ondoren, hautaketa-batzordeak puntuazioa lortuko du; horretarako, batu egingo da zenbat puntu lortu diren zuzendaritza-proiektuan eta zenbat merezimenduen ebaluazioan.
Berdinketa badago, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen ostean:
a) Puntuaziorik handiena zuzendaritza-proiektuan.
b) Merezimendu-baremoko apartatu bakoitzean lortutako puntuaziorik handiena, agindu honen IV. eranskinean agertzen den hurrenkeraren arabera.
2024ko apirilaren 12an, batzordeetako idazkaritzek argitara emango dute zer behin-behineko puntuazio lortu duten izangaiek merezimendu-lehiaketaren fase bakoitzean. Informazio horren berri hori izangaiek hautatutako ikastetxeetan emango da. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena.
2024ko apirilaren 15etik 19ra bitartean, izangaiek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, egoki irizten dituztenak, dagozkien ikastetxeetako idazkaritzetan; horretarako, idazki bat idatzi, eta hautaketa-batzordeari zuzendu beharko zaio.
Behin aztertuta zer erreklamazio jarri diren behin-behineko puntuazioen aurka, hautaketa-batzordeek ebatziko dituzte, eta argitara emango dituzte behin betiko puntuazioak, behin-behinekoekin egin duten modura. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena. Argitalpen hori egiteko epea 2024ko apirilaren 26an amaituko da.
Hautagai batek ikastetxe baterako baino gehiagorako lortzen badu puntuaziorik handiena, parte hartzeko eskabidean lehenengo jarri duen ikastetxerako proposatuko da.
2024ko apirilaren 26an bertan, batzordeburuak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari helaraziko dio zein diren behin betiko puntuazioak eta, hala badagokio, zer pertsona proposatzen duen zuzendari-lanposturako.
Ikastetxe guztietako hautaketa-batzordeetako jarduketa guztiak 2024ko apirilaren 30a baino lehen egin eta amaitu beharko dira.
7.– Hezkuntzako lurralde-ordezkarien ebazpenak.
Hautaketa-batzordeek egindako proposamenak ikusita, eta haiekin bat etorriz, prozedura urratu ezean, hautatutako pertsonak adierazteko ebazpenak emango eta argitaratuko ditu dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak. Ebazpen horiek emateko eta argitaratzeko epea 2024ko maiatzaren 3an amaituko da.
Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenak Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko dira («Irakaskuntzak eta Ikastetxeak» lan-arloaren barruan – «Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen antolamendua. Gobernu-organoak» «Ikastetxe publikoak» «Zuzendariak hautatzeko prozesuaren deialdia» eta «Hezigunea» atarian. Argitalpen honekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena.
Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari.
Izendatutakoak ez badu destinorik zuzendari hautatua izan den ikastetxean, 2024ko maiatzaren 10a baino lehen eman beharko zaio horren berri irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta hark ebazpen bat onartuko du ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko, izendapenak irauten duen artean.
8.– Atzera egitea eta uko egitea.
Atzera egitea da bertan behera uztea eskabidea eta hasitako prozedura. Izan ere, 39/2015 Legearen 94. artikuluaren arabera, hautaketa-prozesuan parte hartzeari uko egin ahal izango zaio prozeduraren edozein unetan, betiere prozesua amaitzeko ebazpena eman aurretik. Atzera egiteko eskaera idatziz aurkeztuko zaio dagokion lurralde-ordezkariari.
Halaber, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak hautatutako pertsonek deklaratzen dituzten ebazpenak eman eta argitaratu ondoren, esleitutako lanpostuari uko egiteko eskatu ahal izango dute honako kasu hauetan:
a) Uko arrazoitua, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak onartua.
b) Gerora sortutako ezintasun fisiko edo psikikoa.
9.– Hautatutako izangaien izendapena.
9.1.– Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikastetxeko zuzendari izendatuko du hautatutako pertsona, zuzendaritza-eginkizunean jarduteko gaitasunei buruzko berariazko prestakuntza-programan jasotako prestakuntza gainditu duena. Programa hori Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren 2022ko urriaren 28ko Ebazpenean dago araututa, zeinaren bidez ezartzen baita zuzendaritza-eginkizuna betetzeko beharrezkoa den hasierako eta etengabeko prestakuntzaren esparrua, eta arautzen baitira zuzendaritza-eginkizuna betetzen hasteko prestakuntza-programa espezifikoa eta zuzendaritza-eginkizuna betetzeko konpetentziak eguneratzeko prestakuntza-programa espezifikoa 2022-2023 eta 2023-2024 ikasturteetarako.
9.2.– Hautatutako izangaien kasuan, 2024ko ekainaren 3tik 7ra bitartean –egun biak barne–, Hezkuntza Saileko Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako Zuzendaritzak ofizioz emango du ziurtagiri bat, egiaztatzen duena hautagaiek gainditu dutela zuzendaritza-eginkizunean hasteko prestakuntza-programa espezifikoa edo, hala badagokio, zuzendaritza-eginkizunean jarduteko gaitasunak eguneratzeko programa espezifikoa; betiere, aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenean araututakoaren arabera.
Aipatutako ebazpenaren 5. artikuluko 1. apartatuan jasotzen den bezala, salbuespenezko kasuetan, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak luzapena baimendu ahal izango du, gehienez ere 2024-2025 ikasturteko lehenengo hiruhilekora arte, hautatutako zuzendariak PEFI_EFD programa edo, hala badagokio, PEAC_EFD prestakuntza-programa egiaztatzeko beharrezkoa den prestakuntza-ibilbidea osa dezan. Nolanahi ere, hautatutako zuzendariak dagokion programaren ordu-kopuruaren erdia osatzeko beharrezkoak diren prestakuntza-jarduerak ziurtatuta baditu emango dira luzapen horiek (60 ordu PEFI_EFDren kasuan eta 30 ordu PEAC_EFD prestakuntza-programaren kasuan).
Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren behin-behineko ebazpenaren bidez jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpen hori argitara emateko, eranskin honetako 2.1 apartatuan ezarritako moduan jokatu beharko da.
Ebazpen horretan, honako hauek zehaztuko dira:
a) Zer zuzendarik lortu duten PEFI_EFD prestakuntza-programa edo, hala badagokio, PEAC_EFD programa gainditu izanaren ziurtagiria.
b) Zer zuzendari eman zaion salbuespenez baimena prestakuntza-ibilbidea osatzeko luzapena.
c) Hautatutako zer zuzendarik ez duen gainditu prestakuntza-programa espezifikoa, eta, hala badagokio, zergatik ez duen gainditu.
Aurreko ebazpenaren aurka, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariari. Erreklamazio horiek Hezigunea atariaren bidez egin beharko dira, eta aurkezteko epea 2024ko ekainaren 12an amaituko da, egun hori barne.
Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak ebatziko ditu aurkeztutako erreklamazioak, eta behin betiko ebazpena emango du. Ebazpen hori emateko epea 2024ko uztailaren 14an amaituko da.
Behin betiko ebazpenaren c apartatuan jasotzen diren zuzendarien kasuan, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak egindako izendapena ezohikoa izango da automatikoki.
9.3.– Izendapenak eta kargu-hartzeak ondorioak izango ditu 2024ko uztailaren 1etik aurrera. Zuzendari kargua betetzen ari zenak eta zuzendaritza-taldeko gainerako kideek aurreko egunean utziko dute beren kargua, ondore guztietarako.
9.4.– Agintaldia lau urtekoa izango da, ezohiko izendapenen kasuan izan ezik; kasu horretan, agintaldia urtebetekoa izango baita.
10. artikulua.– Ezohiko izendapena.
10.1.– Hautagaitzarik ez dagoenean, ikastetxe berriak direnean edo dagokion batzordeak pertsona bakar bat aukeratu ez duenean, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostena aztertu beharko du, eta, ordezkaritza-organo gorena entzun ondoren, irakasle funtzionario bat izendatuko du zuzendari, ohiz kanpo, urtebeterako. Ebazpen horiek emateko eta argitaratzeko epea 2024ko maiatzaren 3an amaituko da.
10.2– Pertsona horrek ez badu destinorik zuzendari izendatu den ikastetxean, horren berri emango zaio irakasleen arloan eskumena duen zuzendaritzari, 2024ko maiatzaren 10a baino lehen, eta hark onartuko du ikastetxe horretan zerbitzu-eginkizunak emateko ebazpena, izendapenak irauten duen artean.
10.3.– Izendapenaren lehenengo urtea amaitu baino lehen, zuzendariek PEFI_EFD prestakuntza-programa espezifikoa egin eta gainditu beharko dute. Jarduera-plana ere aurkeztu beharko dute, izendatuak izan diren ikasturtekoa eta bat datorrena dagokion ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin.
11.– Zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena eta kargu-uztea.
11.1.– Agindu honetan aurreikusitako zuzendari-izendapenetan, ikastetxeko zuzendari izendatu den edo izendatuko denak, klaustroa eta haren ordezkaritza-organo gorena entzun ondoren, dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariari proposatuko dio nor proposatzen dituen ikastetxeko pertsona bakarreko gainerako gobernu-organo izendatzeko. Izendapen hori emakumeen eta gizonen ordezkaritzak haztatua edo, halakorik ezean, orekatua izan beharko du. Proposamen hori egiteko epea 2024ko maiatzaren 10ean amaituko da.
11.2.– Proposamen hori bat etorri beharko da, hala badagokio, prozeduraren hasieran aurkeztutako zuzendaritza-proiektuarekin, baldin eta ezohiko inguruabarrik ez badago. Azken kasu horretan, inguruabarrak dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak balioetsiko ditu, eta, hala badagokio, baietsiko.
11.3.– Dagokion lurralde historikoko Hezkuntzako lurralde-ordezkariak izendatuko ditu zuzendaritza-taldeko gainerako kideak, proposatzen dien zuzendariaren agintaldi-epealdi bererako. Izendapen hau 2024ko maiatzaren 30a baino lehen egingo da.
11.4.– Zuzendariak dagozkion proposamenak egiten ez baditu edo proposatutako pertsonek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu pertsonarik egokienak, ikastetxeko zuzendaritzaren eta Hezkuntza Ikuskaritzaren txostena jaso ondoren.
11.5.– Agindu honen lehen xedapen gehigarrian jasotako salbuespenezko egoeretan, dagokion lurralde historikoko hezkuntza-ordezkariak izendatuko ditu irakasleak, behin betiko destinorik ez dutenak, ikastetxeko zuzendari ez den zuzendaritza-taldeko kide izan daitezen, baldin eta proposamen horren baliozkotze positiboa badu. Kasu horietan, irakasle-arloan eskumena duen zuzendaritzak onartuko du dagokion ebazpena, zentro horretan zerbitzu-eginkizun bat emateko izendapenak irauten duen bitartean. Ezohiko zuzendaritzen kasuan, baliozkotzea 2024ko maiatzaren 10etik aurrera egingo da.