Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
5771

AGINDUA, 2023ko abenduaren 11koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien hiriarteko garraio publikoaren tarifa berriak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan automobiletan egiten den bidaiarien hiriarteko garraio publikoaren tarifen zenbait osagairen prezioak aldatu egin direnez, indarrean dauden tarifak ere igotzea komeni da.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, eta bidaiariak herri barruan eta herriz kanpo automobilez garraiatzeko zerbitzu publikoa arautzen duen ekainaren 29ko 2/2000 Legearen 3. eta 17. artikuluak kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Gidaria barne dela hamar plaza baino gutxiago eta VT motako garraio-baimena duten automobiletan egindako bidaiarien hiriarteko garraio publikorako gehieneko tarifa hauek baimentzea, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne dela:

III. tarifa: egunekoa (07:00etatik 22:00etara).

(Ikus .PDF)

IV. tarifa: jaiegunetakoa eta gauekoa (22:00etatik 07:00etara).

(Ikus .PDF)

2. artikulua.– Agindu honen 1. artikuluan adierazitako gehieneko tarifak ez dira aplikatuko gidari-zerbitzua barne dela alokatutako ibilgailuekin errepidez egiten diren hiriarteko garraio publikoetan.

3. artikulua.– Zerbitzu bat kontratatzeak ibilgailu osoa alokatzea ekarriko du, eta zerbitzutzat, kontrakorik berariaz hitzartu ezean, ibilbide motzena hartuta abiapunturainoko zirkuitu itxia joko da.

Ordainpeko bide-azpiegitura bat erabiliz gero, helmugara iristeko ibilbideko bidesaria erabil-tzaileak ordainduko du.

4. artikulua.– Lehenengo artikuluan jasotako tarifak taximetroak ezarritakoaren arabera kobratu beharko dira, ekainaren 29ko 2/2000 Legearen 17. artikuluan, urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren bidez onarturiko 2/2000 Legearen Erregelamenduaren 32. artikuluan eta Garraio eta Herri Lanetako sailburuaren 1990eko urriaren 10eko Aginduan xedatutakoari jarraituz, aipatu araudi horretan ezarritako salbuespenekin.

Taximetroa urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren bidez onarturiko 2/2000 Legearen Erregelamenduaren 44. artikuluak xedatutakoaren arabera jarriko da martxan.

Urriaren 15eko 243/2002 Dekretuaren 32.1 artikuluan, 4.h) artikuluarekin lotuta, xedatutakoa kontuan izanik, eta zerbitzuaren erabiltzaileek hala eskatuta, taxi-gidariek kasuan kasuko ordainagiria egin beharko dute horretarako jarria izango duten gailua erabiliz.

5. artikulua.– Baimena ematen da, tarifa aldatzeko ordua edo eguna iristen denean, III. tarifatik IV. tarifara, edo alderantziz, automatikoki aldatzen diren taximetroak erabiltzeko.

6. artikulua.– Agindu honen 1. artikuluan ezarritako IV. tarifa aplikatzeko, jaieguntzat hartuko dira igandeak eta Autonomia Erkidegoko eta Tokiko araudiaren arabera jaiegun direnak, bai eta larunbatak eta abenduaren 24a eta 31 ere.

7. artikulua.– Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, ekainaren 29ko 2/2000 Legean ezarritakoaren araberako zigorrak jarriko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko azaroaren 25eko Agindua, Euskal Autonomia Erkidegoan turismo automobiletan egiten den bidaiarien hiriarteko garraio publikoaren tarifa berriak onartzeko dena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendariari Agindu hau garatzeko xedapenak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 11.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala