Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2023ko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
5768

19/2023 LEGEA, abenduaren 21ekoa, Finantzen Euskal Institutua Erregulatzen duena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Finantzen Euskal Institutua Erregulatzen duen abenduaren 21eko 19/2023 Legea.

ZIOEN AZALPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari bere autogobernu-erakundeen antolaketa, araubidea eta jarduera (10.2 artikulua), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren beraren sektore publikoa ere (10.24 artikulua), eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza (10.25 artikulua).

Eskumen-titulu horiek baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriak Finantzen Euskal Institutua sortu zuen, Euskadiko Administrazio publikoaren finantza-politika eta kreditu publikoko politika berrantolatzeko, haren finantza-baliabideak arrazionalizatzeko eta optimizatzeko eta, azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-sistema publikoaren sendotasuna handitzeko.

Finantzen Euskal Institutua sortu zenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren erakunde-sailkapenak eskainitako aukeren artean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 7. artikulua), zuzenbide pribatuko ente publikoaren figura aukeratu zen, Administrazio publikoaren eskumeneko jarduerak egitea izango baitzen haren xedea, deszentralizazio-erregimenean. Jarduera horiek, funtsean, zuzenbide pribatuaren mende zeuden (aipatutako lege-testuaren 15. artikulua), eta halaxe gertatzen zen entitate horretarako aurreikusitako eginkizunekin, batez ere finantza-merkatuen jarduketarekin lotuta.

Finantzen Euskal Institutua 2009ko urtarrilaren 1ean hasi zen jardunean, eta, haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren finantzaketa-tresnak optimizatu nahi ziren, garai hartan zeuden finantza-tresna publiko edo parapublikoekin (inbertsio-sozietateak, elkarren bermerako sozietateak, partaidetza-kredituen sozietateak, enpresak sustatzeko sozietateak, funts estrategikoak eta abar) argi eta garbi sinergikoa zen ikusmolde moderno batetik abiatuta. Izan ere, tresna horiek ugaritu egin zirenez, politika bateratua, eraginkorra, efizientea eta gardena behar zuten.

Urte batzuetan, Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programari dagozkion maileguak emateko partaidetzara mugatu zen institutuaren jarduera, baina, 2013tik aurrera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-ekintzako tresnak bultzatu nahi izan ditu, bereziki, Finantzen Euskal Institutua indartuz eta finantzaketa publikoko tresnen kudeaketa bereganantz erakarriz.

Horretarako, sozietateak berrantolatzeari ekin zitzaion, Euskal Autonomia Erkidegoak zituen finantza-izaera esklusiboko finantza-tresnen eta sozietate-partaidetzen multzoa zentralizatzeko, biltzeko eta arrazionalizatzeko helburuarekin Finantzen Euskal Institutuaren inguruan. Euskal Autonomia Erkidegoak, funtsean, ekonomia-sustapeneko politika gauzatzeko zituen tresna horiek guztiak. Horrela, erabateko zentzua eman zitzaien institutua sortu zenean zituen eginkizunei, eta Euskal Administrazio publikoaren finantza-kudeaketa hobetzea eta optimizatzea lortu nahi zen. Hitz gutxitan, Finantzen Euskal Institutuan kontzentratu nahi ziren, garai hartan sakabanatuta baitzeuden, Administrazioak entitateetan zeuzkan eta Euskal Autonomia Erkidegoko politika publikoen finantza-instrumentazioarekin lotuta zeuden partaidetzak (kredituak, abalak, arrisku-kapitaleko funtsetako partaidetzak eta abar), eta Finantzen Euskal Institutua berrantolatzeko prozesuarekin jarraitu nahi zen, finantzaketa publikoko tresnen kudeaketa bere gain hartuz, Finantzen Euskal Institutua ente publikoak Administrazioaren finantza- eta kreditu-agentzia gisa egiten zuen jardueran sendotzeko.

Prozesu horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko finantza-politikaren eta kreditu publikoko politikaren egituraketari buruzko azterlan bat egin zen. Azterlan horren amaieran, 2018ko uztailean, finantza-tresna publikoak arrazionalizatzeko proiektua aurkeztu zen, Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikaren antolamendu berri baterako. Proiektu hori finantza-tresnak arrazionalizatzera eta Eusko Jaurlaritzak definitutako eta sail eskudunek garatutako eta inplementatutako plan eta programa sektorial estrategikoen garapena erraztera bideratuta dago. Proiektu horren bidez, antolaketa- eta erakunde-esparru koordinatua eta espezializatua ezarri nahi zen, eta esku hartzeko hiru tresna motak –kapitala, bermea eta mailegua– modu optimoan antolatu nahi ziren, enpresen beharren arabera, tamainaren eta garapen-fasearen arabera.

Finantzen Euskal Institutuaren jardueraren bilakaerari buruz azken urteotan (2013tik 2018ra) egindako hausnarketen ondorioz, eta aurrekontu-egonkortasunaren, iraunkortasunaren eta finantza-zuhurtasunaren printzipioak (abalen eta bermeen muga) betetzeko administrazio publiko guztietan organo espezializatuak ezartzeko beharraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikak garrantzi handia hartu zuen, politika publiko substantibo eta gainerako politika sektorialekiko autonomo bihurtuta, baina jarduera ekonomiko publikoan esku hartzeko arau propioekin, halako moldez, non, sailen politika batzuk finantza-arloan antolatzeaz gain, finantza-jarduketen eredu espezifikoagoak ezartzen diren, finantza-baliabideen erabilera eremu espezializatuagoetan maximizatzeko (funts publiko-pribatuak, elkarrekiko bermearen edo partaidetza-maileguen arloko jarduketak eta abar), eta, aldi berean, Europako erakundeek ezartzen dituzten eta Estatuarekin berarekin ituntzen diren finantza-diziplinaren arauak kontrolatzeko; hori guztia, finantza-politikak politika ekonomiko publikoa hobetzen ere lagun dezan eta aurrekontu-jarduketa finantzarioak bidera ditzan (aurrekontuaren VIII. eta IX. kapituluak), aurrerapen publikorako tresnak kudeatuz eta erraztuz.

Aldi berean, Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa esku hartzeko hiru tresna mota nagusietara –mailegua, bermea eta kapitala– mugatzean, dagoeneko ez du zentzurik sortze-arauan jasotako eginkizunak esleitzeak, hala nola diruzaintzako eta finantza-kudeaketako zerbitzuak ematea eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren eta haren mendeko entitateen zorpetzea; funtzio horiek guztiak administrazio-izaerakoak dira, eta enteak ez zituen inoiz egikaritu bere funtzionamendu-urteetan, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikaren eta kreditu publikoko politikaren antolamendu berrian institutuari eman nahi zaion zeregin nagusitik kanpo geratzen dira.

Ildo beretik, kapitalari lotutako finantzaketa-tresna berriak aktibatu ziren, Euskadiko enpresak hazten eta finkatzen laguntzeko, hala nola funts berri bat, parte-hartze publikoa eta kudeaketa pribatua eta independentea dituena hazkunde-fasean dauden enpresa txiki eta ertainentzat, 2019an sortua, edo Finkatuz funtsa, Finantzen Euskal Institutuak kudeatua «Finkatze Kapitala Finkatuz SAU» sozietate publikoaren bidez, zeina 2021ean eratu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handietan parte hartzeko tresna gisa, enpresa horiek Euskadin errotuta jarrai dezaten eta Euskadiko ekoizpen-sare osoaren trakzio-izaera izan dezaten bermatzeko.

Finantza-antolamenduko eredu berria ezarrita, beraz, Finantzen Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren jarraibideekin bat datorren finantza-jarduera sustatu eta ezarri behar du, hiru jarduketa garatuz: lehenik eta behin, edukitzea Eusko Jaurlaritzak finantza-arloko funtsetan eta sozietateetan dituen finantza-partaidetzak; bigarrenik, kudeatzea Eusko Jaurlaritzaren politika sektorialei lotuta beharrezkoak diren finantza-tresnak, finantzaketa bideratuz sailek identifikatutako behar eta jarduketetara, eta, hirugarrenik, kontzentratzea kreditu-jarduera eragiketa espezifikoetan, finantza-entitateekin batera inbertitzeko estrategiei jarraikiz. Azken misio hori, gainera, bat dator Finantzen Euskal Institutuari buruz Eusko Jaurlaritzaren entitate espezializatu gisa izan behar duen ikuskerarekin, Euskadin jarduten duten finantza-entitateekin harremanak izateko eta sektore-politikak garatzen laguntzeko izaera horretako araudiak ahalbidetzen dizkien finantza-formulekin.

Aurrekari horietatik guztietatik ondoriozta daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak finantzaketa-tresna publiko eta erdipubliko ugari ditu, eta arreta berezia eskaintzen dio Finantzen Euskal Institutuari. Jakina, jarduketa eta ekimen horietako gehienak politika publiko sektorialak gauzatzeaz arduratzen diren sail, organismo eta entitateen ezinbesteko parte-hartzearekin gauzatu dira, batez ere industria-sustapenera eta garapen ekonomikora bideratutakoekin. Izan ere, politika horien finantza-tresnen beharrak konpontzen saiatu da eta, aldi berean, beste batzuk, endogenoagoak, sortu eta partekatu ditu, institutuak berak.

Finantza-merkatua gero eta sofistikatuagoa denez, herri-administrazioek erabili ohi dituzten finantza- eta sustapen-tresnak gero eta konplexuagoak dira, eta, horren ondorioz, arlo horretan espezializazio handiagoa behar da. Ildo horretan, zuzenean Administrazioaren mende dagoen entitate bat egoteak lagundu egin dezake gaur egun jarduketa publikorako hain garrantzitsua den eremu zehatz horretako ezagutza metatzen eta eremu horretan espezializatzen; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikari eta kreditu publikoko politikari malgutasun eta koherentzia handiagoa ematea ahalbidetuko du, bai eta finantzaketa- eta partaidetza-tresna publikoak Eusko Jaurlaritzaren politika sektorialak garatzeko palanka gisa erabiltzea ere.

XII. legegintzaldiaren hasieran, eta finantza-antolamenduko eredu berri honen lagungarri gisa, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), 9.1.e artikuluan, Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitzen dio «kredituaren antolamendua, finantza-politika eta finantza-erakundeekiko harremanak», aurreko legegintzaldietan bezala, eta, era berean, berariaz, «EAEren finantzaketa eta partaidetza publikoko tresna publikoen kudeaketa euskal sektore ekonomikoetan» ere.

Beraz, institutua sortu eta abian jarri zenetik hamalau urte inguru igaro direnean, beharrezkotzat eta egokitzat jotzen da hari buruzko araudi erregulatzaile espezifiko bat izatea, Finantzen Euskal Institutuaren lege integral bat, haren erregulazioa Euskal Autonomia Erkidegoko errealitate ekonomiko eta arauemaile berrira egokituko duena, bai eta ente horrek Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen finantza-politikaren eta kreditu publikoko politikaren tresna gisa hartu behar duen zereginera ere, Euskal Autonomia Erkidegoak euskal sektore ekonomikoetan finantzaketa eta parte-hartze publikoa izateko dituen tresna publikoak kudeatuz, eta Eusko Jaurlaritzak egindako azterlan eta hausnarketen ondoren ateratako ondorioak oinarri hartuta.

Egoera berri honetan, azken batean, Finantzen Euskal Institutuak funtsezko eginkizuna bete behar du, beraz izango baita aurrez azaldutako helburuak lortzeko planteatutako jarduketak abian jarri eta gauzatuko dituen entitate giltzagarria. Eta, Finantzen Euskal Institutuak Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikan izan behar duen rol nagusia identifikatzearen ondorioz, aitortzen da beharrezkoa dela hura berrantolatzea, esparru berriarekin bat etorriz, eta araudi erregulatzaile espezifikoa berrikustea, enteari esleitutako eginkizunak eta eskumenak garatu ahal izateko.

Beraz, Finantzen Euskal Institutuak, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen finantza-politikaren eta kreditu publikoko politikaren tresna nagusia denez, beharrezko kudeaketa-autonomia izan beharko du eta kudeaketa profesionaleko irizpideak erabili beharko ditu, merkatuko ekoizle baten berezko finantza-jasangarritasunaren printzipioak erabat errespetatuz. Hala ere, Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa, bere eginkizunak betetzean, Eusko Jaurlaritzak edo atxikita dagoen sailak finantza-politikari eta kreditu publikoko politikari dagokienez ezartzen dituen jarraibide orokorretara egokitu beharko da.

Era berean, entea berrantolatzeko, bere antolaketa-egitura egokitu beharko da, bere eginkizunak betetzeko behar dituen baliabideak izan ditzan. Antolaketa-egitura hori institutuaren etorkizuneko estatutuen bidez osatu beharko da, eta estatutu horiek honako hauek garatuko dituzte: gobernu-organoen eginkizunak, osaera eta izendapena, entearen zerbitzuen egitura organikoa eta funtzionala eta funtzionamendu-araubidea.

Hala ere, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legea indarrean jartzeak, zeinaren xedea baita Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea, bai eta haren dimentsionamenduari eta eraldaketari, eta herritarrekiko zerbitzu publiko gisa duen funtzionamenduari aplikatu behar zaizkien arau eta printzipioak ezartzea ere, berekin ekarri du Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren III. titulua, erakunde mailako antolaketari buruzkoa, indargabetzea, eta haren ordez lege berri horretan jasotako erregulazioa jartzea, zeina ez baitzen asko aldatu zuzenbide pribatuko ente publikoei dagokienez.

Kasu honetan, gainera, nahiz eta Finantzen Euskal Institutuaren funtzioen esleipena berrantolatu nahi den, zeina institutua sortu zuen lege-xedapenenaren bidez egin baitzen, berrantolaketa horrek ez du esan nahi Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zenbait entitatek parte hartuko dutenik, dela eraldatzeko edo azkentzeko moduan; izan ere, institutuaren helburuen, jarduteko printzipioen eta funtzioen formulazio berri batera mugatzen da funtsean, baina horrek ez du entitatearen izaera juridikoa aldatzen, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa, ez eta, oro har, hari aplikatu beharreko araubide juridikoan ere.

Adierazi den bezala, entitate horren eginkizunen esleipena berrantolatzeko aukera, ez hura eraldatzeko edo berregituratzeko aukera, hausnarketa-prozesu luze eta mamitu baten ondorioz sortu da. Prozesu horrek, halaber, gure Ogasunari Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta finantza-politika gauzatzeko tresna bat ematea komeni dela balioetsi du.

Ondorio horietarako, hala ere, xedapen hau Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legean xedatutako lege-aginduetara egokitu da, bai zuzenbide pribatuko ente publikoen konfigurazio juridikoari dagokionez, bai horrelako entitateak eratzeko arauak izan behar duen gutxieneko edukiari dagokionez.

Azken batean, kontuan hartuta lortu nahi diren helburuetara hobekien egokitzen diren erregulazio-aukerak, bai eta aurrekariak eta gaur egun indarrean dagoen araubide juridikoa ere, lege honen edukiak hamaika artikulu ditu, honako hauei buruzkoak: Finantzen Euskal Institutuaren izaera, atxikipena, egoitza eta araubide juridikoa; jarduteko helburu eta printzipioak, eta funtzioak; gobernu-organoak eta egitura organikoa; gobernu-organoen eginkizunak, osaera eta izendapena garatuko dituzten estatutuak; entearen zerbitzuen egitura organikoa eta funtzionala eta funtzionamendu-araubidea; langileen araubidea; institutuaren baliabide ekonomikoak eta ondarea; haren ekonomia- eta finantza-araubidea, eta, hala badagokio, hura azkendu eta likidatzea.

Azken zatian, bi xedapen gehigarri jasotzen ditu. Lehenengoa entitatearen izaera eta helburuak aldatzen ez dituzten berregituraketei buruzkoa da; bigarrena, ondasunak eta eskubideak entregatzea –ordainean emateko edo zorrak ordaintzeko– onartzeari buruzkoa da. Halaber, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen, estatutuak onesteari eta araua indarrean sartzeari buruzkoak.

1. artikulua.– Izaera, atxikipena, egoitza eta araubide juridikoa.

1.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko ente publikoa da, nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa ditu bere helburuak eta eginkizunak betetzeko, eta finantzen eta finantza-politikaren arloan eskumena duen sailari atxikita dago, sail horretako titularraren bidez.

2.– Egoitza nagusia Bilboko udalerrian du, hargatik eragotzi gabe Administrazio Kontseiluak zehazten dituen lurralde-eremuetan beste bulego batzuk ezartzea.

3.– Lege honetan xedatutakoak, zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatu beharreko araudiak eta haren estatutuek eraenduko dute. Zuzenbide pribatuak eraenduko du hirugarrenekin dituen harremanetan eta haren jarduera garatzean eta, zehazki, finantzaketa emateko eragiketetan.

4.– Hala ere, administrazio-zuzenbidearen mende egongo da administrazio-ahalak baliatzean, barne-harremanetan eta antolaketa-harremanetan, barne-funtzionamenduan, organoen borondatea eratzean eta gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan eratorritako betebeharretan, bai eta zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzekoak diren xedapen orokorrek araututako gaietan ere.

5.– Bereziki, administrazio-zuzenbidearen mende egongo dira ordenamendu juridiko administratiboko lege baten mende emandako egintzak, lege horren aplikazio-eremuan zuzenbide pribatuko ente publikoak sartzen badira, eta, zehazki, Finantzen Euskal Institutuko organo eskudunek kontratazioaren arloan eta gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen arloan emandako egintzak.

2. artikulua.– Helburuak eta jarduteko printzipioak.

1.– Finantzen Euskal Institutuaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateen finantza-politikako eta kreditu publikoko politikako tresna gisa jardutea, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta soziala modu jasangarrian bultzatuz, euskal sektore ekonomikoetan finantzaketarako eta partaidetza publikorako dituen tresna publikoak kudeatuz.

2.– Finantzen Euskal Institutuak, bere helburuak eta agindutako eginkizunak betetzean, printzipio hauek bete beharko ditu: legezkotasuna, objektibotasuna, gardentasuna, publikotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia, lankidetza eta leialtasun instituzionala, arrazionaltasun ekonomiko-finantzarioa, interes orokorra eta soziala, eta kudeaketa ona. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren funtzionamendua eta herritarrekiko interakzioa gidatzen duten gainerako printzipioak bete beharko ditu.

Era berean, Finantzen Euskal Institutuak, bere antolaketan eta funtzionamenduan, bai eta beste enpresa edo erakunde batzuetan parte hartuz bereganatzen dituen eskubide eta erantzukizunak baliatzean ere, kudeaketa-autonomiaz garatuko ditu bere eginkizunak, merkatuko ekoizle baten berezko finantza-jasangarritasunaren printzipioak errespetatuz, kudeaketa profesionalerako eta helburuen araberako kudeaketarako irizpideak erabiliz, zeinak ondasun komunera eta interes orokorrera orientatuko baitira ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-erantzukizunaren printzipioen arabera.

3.– Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa Eusko Jaurlaritzak edo hura atxikita dagoen sailak finantza-politikari eta kreditu publikoko politikari buruz adierazten dizkion jarraibide orokorren mende egongo da.

4.– Finantzen Euskal Institutuak, bere barne zein kanpora begirako jardueran, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko du. Halaber, bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie pertsona fisiko eta juridikoei haiek institutuarekin dituzten harremanetan, ahozkoetan zein idatzizkoetan, bai eta zerbitzua haiek hautatzen duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea ere.

5.– Institutuaren jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da. Hala ere, egoitza soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak edo enpresa-taldeak hedatzeko edo nazioartekotzeko lurralde horretatik kanpo garatzen diren jarduketetara zabaldu ahal izango du eremu hori.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Finantzen Euskal Institutuak, bere helburuak lortzeko, honako eginkizun hauek bete ahal izango ditu:

a) Finantzaketa antolatzea eta finantzaketa ematea pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, Eusko Jaurlaritzaren sektore-politiken esparruan.

b) Abalak eta bestelako kauzioak ematea edo antolatzea eta edozein motatako bermeak ematea finantza-eragiketetan, edozein dela ere haien instrumentazio modalitatea, pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, Eusko Jaurlaritzaren sektore-politiken esparruan.

c) Finantzen bidez antolatzea eta kudeatzea, hartarako sinatzen diren elkarlanerako hitzarmenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate batzuek finantza-tresnen bidez, hala nola mailegu, aurrerakin itzulgarri, abal edo bermeen bidez, artikulatzen dituzten sustapen-programak.

d) Finantzazkoak ez diren enpresak sustatzeko finantzaketa antolatzea eta finantzaketa hori kontrolatzea, Eusko Jaurlaritzaren sektore-politiken esparruan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegorako interes estrategikoa duten jarduerak eta inbertsioak sustatzeko eta errotzeko finantzaketa ere, haien kapitalean partaidetzak hartuz edo beste finantzaketa mota baten bidez.

e) Finantza-laguntza ematea eta parte hartzea, bere izenean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren izenean, enpresa ez-finantzarioak eta, bereziki, elkarren bermerako sozietateak eta finantza-merkatuetan edo antzekoetan jarduten duten entitateak finantzatzea edo sustatzea errazten duten sozietateen, inbertsio kolektiboko entitateen eta fundazioen kapitalean edo fundazio-zuzkiduran eta gobernu-organoetan.

f) Ekarpenak egitea eta parte hartzea inbertsio kolektiboko entitateen kudeaketan eta gobernu-organoetan eta enpresa ez-finantzarioen finantzaketa edo sustapena errazteko eratutako arrisku-kapitaleko entitate edo funtsen kudeaketan eta gobernu-organoetan.

g) Laguntzeko zerbitzuak ematea Finantzen Euskal Institutua edo Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateak zuzenean edo zeharka partaide nagusia diren sozietate edo entitateei kudeaketan eta aholkularitza teknikoan, hartarako formalizatzen diren elkarlanerako tresnekin bat etorriz.

h) Euskadiko finantza- eta inbertsio-sektorea bultzatzea eta indartzea, Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemako eragileen arteko elkarlana sustatzea helburu duten ekimen eta jarduketen bidez, eragile horiek publikoak zein pribatuak izan.

i) Finantza-arloan aholkularitza ematea eta txostenak egitea Gobernu Kontseiluarentzat edo atxikita dagoen sailarentzat, haiek eskatuta.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren ordezkari izatea finantza- eta kreditu-gaietan, organo eskudunak hala esleitzen dionean.

k) Legeek eta bere estatutuek esleitzen dioten edo Gobernu Kontseiluak edo atxikita dagoen sailak, haren eskumenen esparruan, agintzen dion beste edozein.

2.– Finantzen Euskal Institutuak, bere eginkizunak betetzean, sozietateak eratu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren finantza- eta ondare-partaidetzak taldekatzeko, Jaurlaritzak berak jardutea lehentasunezko irizten dion sektore edo esparru ekonomikoetan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 56. artikuluan ezarritakoaren arabera. Sozietate horiek partaidetzak eskuratu ahal izango dituzte beste merkataritza-sozietate batzuetan, publikoak zein pribatuak izan, eta edozein inbertsio-funts eta -erakundetan parte hartu ahal izango dute, beren xede sozialean mugatutako esparruaren barruan.

3.– Finantzen Euskal Institutuak, bere eginkizunak garatzean, ziurtatuko ditu politika sektorialak, eskumen eta eginkizun baitituzte, gidatu eta garatu behar dituzten sailekiko elkarrizketa eta parte-hartzea, bai bere eginkizunak gauzatzean, bai parte hartzen duten finantza-entitateen eta -tresnen gobernantzan.

4.– Finantzen Euskal Institutuak kapital-sozietateak eratzeko edo haietan parte hartzeko ez ditu bete beharko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 40.4 artikuluan xedatutako mugak.

5.– Finantzen Euskal Institutuak, bere eginkizunak betetzean, Estatuko eta nazioarteko organismo publikoekin hitzarmenak egin ahalko ditu, beren kreditu-jarduerarekin lotutako finantza-tresnak eratzeko eta kudeatzeko. Halaber, elkarlanerako sareak sustatu ahalko ditu antzeko jarduerak dituzten bestelako entitateekin.

4. artikulua.– Gobernu-organoak eta egitura organikoa.

1.– Hauek dira Finantzen Euskal Institutuaren gobernu-organoak: Administrazio Kontseilua, zeinak batzorde betearazle bat edo batzuk eratu eta bere eginkizunen zati bat hartan edo haietan eskuordetu ahal izango baitu, eta Zuzendaritza Nagusia.

2.– Administrazio Kontseilua institutuaren kide anitzeko gobernu-organo gorena da, eta honako hauek osatuko dute: presidentea, atxikita dagoen saileko titularra izango dena, eta sei bokal, Gobernu Kontseiluak izendatuko dituenak estatutuetan ezarritako moduan. Hala ere, estatutuetan aurreikusi ahal izango da gehienez ere zortzi bokal izatea, eta Gobernu Kontseiluari egokituko zaio bi bokal gehigarriak izendatzea atxikita dagoen saileko titularrak proposatuta. Baldin eta estatutuetan aurreikusten bada pertsona independenteak izendatzea, honako pertsona hauen artean aukeratuko dira: ohoragarritasun komertzial eta profesional aitortua dutenak, goi-karguduntzat hartzen ez direnak, beren eginkizunak betetzeko ezagutza eta esperientzia egokia dutenak eta entitatea ondo gobernatzeko moduan daudenak.

3.– Estatutuek ematen dizkioten ahalmenak eragotzi gabe, Administrazio Kontseiluak honako ahalmen hauek izango ditu:

a) Institutuaren jarduketa-ildo nagusiak urtero zehaztea, Eusko Jaurlaritzak eta atxikita dagoen sailak emandako jarraibideen arabera.

b) Institutuaren aurrekontuaren aurreproiektua onestea eta haren kontuen likidazioa egitea.

c) Institutuak eman beharreko finantzaketa-lerroen, abal-lerroen eta bestelako kauzioen ezaugarriak eta baldintza orokorrak zehaztea.

d) Institutuaren zorpetze-programa ezartzea, urteko aurrekontu-legeetan aurreikusitako mugen barruan.

e) Edozein motatako ekarpenak egitea, merkataritza-sozietateetako, kooperatibetako, fundazioetako edo inbertsio kolektiboko entitateetako kapitalean edo fundazio-zuzkiduran parte hartzea eta enpresa-ondarea eskuratzea eta besterentzea adostea, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen aurretiazko baimenekin.

f) Zuzendaritza Nagusiak proposatuta, institutuaren barne-antolaketa finkatzea eta aldatzea onestea, bere burua antolatzeko ahala erabiliz, estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Zuzendaritza Nagusia da institutuaren legezko ordezkaritza eta zuzendaritza arrunta bere gain hartzen dituen kide bakarreko organoa. Titularra Gobernu Kontseiluak izendatuko du, atxikita dagoen saileko titularrak proposatuta, Administrazio Kontseiluari entzun ondoren. Estatutuek ematen dizkioten edo Administrazio Kontseiluak eskuordetzen dizkioten ahalmenak eragotzi gabe, Zuzendaritza Nagusiak honako ahalmen hauek izango ditu:

a) Institutuaren arauak eta Administrazio Kontseiluaren erabakiak gauzatzea eta betearaztea.

b) Gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea, bai eta kontratazio-organoari dagozkion ahalmenak adjudikatzea eta baliatzea ere sektore publikoko kontratuen legeriaren edo ondare-legeriaren mendeko kontratuetan, enpresa-ondarea eskuratzea eta besterentzea izan ezik, estatutuetan ezarritako mugekin.

c) Estatutuetan adierazitakoaren arabera dagozkion finantzaketa-eragiketak, abalak eta bestelako kauzioak onestea eta formalizatzea.

d) Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera institutuari dagozkion eta berariaz beste organo bati esleituta ez dauden eskumenak baliatzea. Zehazki, Finantzen Euskal Institutuaren partaidetza duten entitateen gobernu- eta administrazio-organoetan parte hartzea, eta entitateon administrazioan institutuari dagozkion bazkide- eta ordezkaritza-eskubideak baliatzea, estatutuetan ezarritako mugekin.

e) Institutuaren kudeaketa eta administrazio arruntak eskatzen duen eta Administrazio Kontseiluari esleitu ez zaion beste edozein eginkizun.

5.– Institutuaren eginkizunak gauzatzeko eta garatzeko egokitzat jotzen diren organo teknikoak eta aholku-organoak ezarri ahal izango dira estatutuetan. Horri dagokionez, estatutuetan batzorde betearazleak eta organo teknikoak eta aholku-emaileak ezartzea Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako irizpide eta betekizunetara egokitu beharko da.

6.– Administrazio Kontseiluak eta Zuzendaritza Nagusiak ahal publikoak baliatzean ematen dituzten egintzak eta ebazpenak administrazio-egintzak izango dira, eta egintza horietarako ezarritako araubide juridikoari dagozkionak izango dira haien betekizunak, eraginkortasuna eta ondorioak. Egintza eta ebazpen horiek amaiera emango diote administrazio-bideari, eta administrazioarekiko auzien bidean aurkaratu ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aukerako berraztertze-errekurtsoa.

5. artikulua.– Estatutuak.

1.– Gobernu Kontseiluak, atxikita dagoen saileko titularrak proposatuta, Finantzen Euskal Institutuaren estatutuak onetsiko ditu dekretu bidez. Estatutu horiek gobernu-organoen funtzioak, osaera eta izendapena, entearen zerbitzuen egitura organikoa eta entearen funtzionala eta funtzionamendu-araubidea garatuko dituzte.

2.– Gobernu Kontseiluak onetsi aurretik, estatutuen proiektuari buruzko informazioa eman eta kontsulta egingo zaio Administrazio Kontseiluari.

6. artikulua.– Langileak.

1.– Finantzen Euskal Institutuaren zerbitzuko langileak horretarako kontratatutako lan-kontratuko langileak izango dira, eta lan-zuzenbidearen arabera arautuko dira.

2.– Lanpostuak eskuratzeko araubidea, hautaketa-proben betekizunak eta ezaugarriak, bai eta lanpostuak hornitzeko eta lanbide-sustapenerako prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena ere, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean xedatutakora egokituko dira, eta, betiere, Finantzen Euskal Institutuak prozeduretan parte hartuko duela bermatuko da.

7. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Finantzen Euskal Institutuaren baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira:

a) Institutuaren hasierako zuzkidura, gehi haren gizarte-funtsean gertatzen diren gehikuntzak.

b) Urtero Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ezartzen diren esleipenak.

c) Bere alde ematen diren dirulaguntzak, beste administrazio publiko batzuen ekarpenak eta dohaintzak.

d) Bere ondarean sartutako ondasun eta eskubideetatik eratorritako era guztietako diru-sarrerak eta errentak, eta bere jarduerak gauzatzetik eratorritako diru-sarrera arruntak eta ezohikoak.

e) Beste finantza-entitate publiko edo pribatu batzuen ekarpenak, legeen arabera edo institutuarekin egindako finantzaketa-hitzarmenen edo finantza-elkarlanerako hitzarmenen bidez ezartzen direnak.

f) Errenta finkoko baloreen jaulkipenak edo bestelako zorpetze-eragiketak, eta haren aktibo eta pasiboen kudeaketa integraletik eratorritako baliabideak, bereziki kredituen titulizaziotik eratorritakoak aktiboen titulizazioari buruzko araudiaren arabera. Era berean, arestian aipatutakoez bestelako finantza-eragiketetatik datozenak, institutuaren xedearekin bat datozenak.

g) Kreditu-jarduera gauzatzean Finantzen Euskal Institutuarekin hartutako zorrak berreskuratzeko prozesuen ondorioz eskuratutako aktibo higigarriak.

h) Esleitu ahal zaion beste edozein baliabide.

8. artikulua.– Ondarea.

1.– Institutuaren ondarea, Euskadiko ondarearen barruan, institutuaren titulartasunekoak diren ondasun eta eskubideen multzoak osatzen du, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera.

2.– Zuzenean edo zeharka parte hartzen duen sozietateetan Finantzen Euskal Institutuari dagozkion bazkide-eskubideak erabiltzea institutuaren legezko ordezkariari dagokio, eta ez dira aplikatuko, estatutuetan ezarritako mugekin, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluan aurreikusitako xedapenak, sozietateen administrazioan bazkide eta ordezkari izateko eskubideak baliatzeari dagokionez.

9. artikulua.– Ekonomia- eta finantza-araubidea.

1.– Ondare-, kontratazio-, aurrekontu-, ekonomia- eta finantza-araubidea eta kontabilitate-araubidea zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatu beharreko lege-xedapenetan aurreikusitakoa izango da, hurrengo paragrafoetan aurreikusitako berezitasunak izan ezik.

2.– Finantzen Euskal Institutuak, bere eginkizunak betetzean, honako hauek egin ahal izango ditu aldez aurreko baimenik behar izan gabe:

a) Pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, edozein motatako maileguak, baita partaidetzakoak edo bihurgarriak ere, eta kredituak ematea edo antolatzea.

b) Pertsona fisiko eta juridikoei, publiko zein pribatuei, abalak eta bestelako kauzioak ematea edo antolatzea, eta edozein motatako bermeak ematea finantza-eragiketetan, edozein tresna modalitate dutela ere, aurrekontuen urteko legeetan aurreikusitako mugen barruan.

c) Errenta finkoko baloreen jaulkipenak eta edozein motatako zorpetze-eragiketak egitea beste finantza-entitate publiko edo pribatu batzuekin, aurrekontuen urteko legeetan aurreikusitako mugen barruan.

3.– Finantzen Euskal Institutuak egiten dituen finantza-eragiketak zuzenbide pribatuko arauen eta merkatu-baldintzen mende egongo dira, eta, nolanahi ere, estatu-laguntzen arloko Europako araudia errespetatu beharko dute.

4.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Finantzen Euskal Institutuak mailegu hobaridunak eman ahal izango ditu, interesik gabekoak, merkatukoa baino interes txikiagokoak edo zati ez-itzulgarri batekoak, baldin eta hobari hori Euskadiko aurrekontu orokorren zuzkiduren kargura finantzatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate batek sustaturiko sustapen-programa baten esparruan, institutuaren eta entitate horretako organo eskudunaren artean formalizatutako hitzarmen baten bidez. Horretarako, mailegu horiek emateko araudi erregulatzailetzat hartuko dira institutuaren Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiak, eta, nolanahi ere, deialdi bat aurreikusi beharko dute onuradunen betekizun eta betebeharrekin eta emateko prozedurarekin, non errespetatu beharko diren publikotasun-, gardentasun-, lehia-, objektibotasun-, berdintasun- eta diskriminaziorik ezaren printzipioak, bai eta estatu-laguntzen arloko Europako araudia ere, hori guztia formalizatutako hitzarmenean ezarritakoaren arabera. Deialdia eta elkarlanerako hitzarmena, non deialdiaren oinarri erregulatzaileak ezarri beharko diren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

5.– Finantzen Euskal Institutuaren ondare-betebeharrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren bermea izango dute Ogasun Nagusiaren baldintza berberetan.

6.– Honela gauzatuko da kontrol ekonomikoa: kontrol ekonomiko-finantzarioaren eta kudeaketa-kontrolaren modalitatean, zeina bat etorriko baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuak ezarritakoarekin, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion kontrol modalitatean.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate batzuen sustapen-programak bideratzeko eta finantza-kudeaketa egiteko entitate laguntzaile gisa deituen eginkizunak betetzeko, Finantzen Euskal Institutuaren jarduketa dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera arautuko da.

10. artikulua.– Gardentasuna, publikotasuna eta kontu-ematea.

1.– Finantzen Euskal Institutuak printzipio hauek hartuko ditu kontuan bere jarduketak egiteko: gardentasun-printzipioa, herritarrek izan dezaten hartzen diren erabakien gaineko informazio garrantzitsua eta jakin dezaten erabakiok nortzuek hartzen dituzten; publikotasun aktiboaren printzipioa, bere web-orrian emanez eta jakinaraziz bere jarduerari buruz duen informazio guztia, eta neutraltasun teknologikoaren printzipioa.

2.– Finantzen Euskal Institutuak bere jarduerei buruzko urteko memoria egingo du, zeinak bidea emango baitu bere jarduketak modu orokorrean ezagutzeko. Memoria hori Eusko Legebiltzarrera bidali beharko da, urtearen lehen hiruhilekoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiek ezagutzeko moduan jarriko du institutuaren web-orrian.

3.– Eusko Legebiltzarrak bere Erregelamenduan xedatutako terminoetan eskatutako agerraldiak hargatik eragotzi gabe, Finantzen Euskal Institutuko Zuzendaritza Nagusiko titularrak honako hau aurkeztu beharko dio Eusko Legebiltzarrari urtero: institutuaren jardueren memoria eta ekitaldirako jarduketa-ildo nagusiak.

11. artikulua.– Azkentzea eta likidatzea.

Finantzen Euskal Institutua lege-mailako arau baten bidez azkenduko da. Arau horrek entitatearen likidazioa aurreikusi beharko du, bai eta institutuaren zerbitzura dauden langileak eta haien ondasun, eskubide eta betebeharrak subrogatzeko baldintzak ere, institutuaren izaera duten entitateentzat aurreikusitako arau-xedapenen arabera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Entitatearen berregituraketak.

Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez, Finantzen Euskal Institutuaren berregituraketak egin ahal izango dira, baldin eta lege honetan ezarritako legezko izaera eta helburuak aldatzen ez badituzte.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondasunak eta eskubideak entregatzea onartzea ordainean emateko edo zorrak ordaintzeko.

1.– Finantzen Euskal Institutuak onartu ahal izango du ondasunak, higigarriak eta higiezinak, eta eskubideak entregatzea bere finantza-eragiketetatik eratorritako zorrak berreskuratzeko prozesuen ondorioz, edozein tituluren bidez, bai inter vivos borondatezko tituluaren bidez, ordainean emateko edo ordaintzeko negozio juridikoen bidez, bai nahitaezko tituluaren bidez, prozedura judizial edo administratiboetan emandako esleipenen bidez.

2.– Ondasun higiezinen kasuan, onarpen hori Gobernu Kontseiluak baimendu beharko du aldez aurretik, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko titularrak proposatuta, eta Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren aldeko txostenarekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira lege honetan aurreikusitakoaren aurka doazen xedapen guztiak eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legearen zazpigarren xedapen gehigarria.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Estatutuak onestea.

1.– Lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak Finantzen Euskal Institutuaren estatutuak onetsiko ditu dekretu bidez, atxikita dagoen saileko titularrak proposatuta.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa betetzen ez den bitartean, indarrean jarraituko dute abenduaren 23ko 218/2008 Dekretuaren bidez onartutako Finantzen Euskal Institutuaren estatutuek, betiere lege honetan xedatutakoaren aurka ez badoaz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 26a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala