Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2023ko abenduaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
5739

185/2023 DEKRETUA, abenduaren 13koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari partaidetzak eskuratzeko Ezten arrisku-kapitaleko funtsean, ekarpen bidez.

SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dago. 2023ko ekainaren 13a eta 2023ko urriaren 19a bitartean, haren Administrazio Kontseiluak akordio bat hartu zuen hamazortzi milioi zazpiehun eta hirurogeita bost mila zortziehun eta hamabi (18.765.812) euroko ekarpen bat egiteko Ezten -arrisku-kapitaleko funtseko ondasunari eta, ondorioz, areagotzeko funts horretan duen partaidetza-portzentajea. Horretarako, SPRIko estatutuak onartzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuaren 5. artikuluko c) letrak aurreikusten duen ahalmenaz baliatu zen.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean; doako eskurapena ez baldin bada behinik behin, dekretuak nahitaez adieraziko du zein den sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak sozietatean zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Ezten-en kudeaketa erregelamenduaren 2. artikuluan xedatzen denaren arabera, arrisku-kapitaleko funts horren objektu sozial nagusia da enpresa ez-finantzarioen eta higiezinen arlokoak ez diren enpresen kapitalaren behin-behineko partaidetzak eskuratzea, baldin eta partaidetza eskuratzeko unean enpresa horiek ez badute kotizatzen balio-burtsen lehenengo merkatuan edo Europar Batasuneko nahiz Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko gainerako estatu-kideetako pareko beste edozein merkatu araututan.

Aipatutako ekarpen hori egiten da estaltzeko hala Basquevolt, SAko funtsetan dagoeneko eginda dauden ordainketak nola erakunde horretan etorkizunean egingo direnak.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren eta Ekonomia eta Ogasun sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2023ko abenduaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea hamazortzi milioi zazpiehun eta hirurogeita bost mila zortziehun eta hamabi (18.765.812) euroko ekarpena egiteko Ezten arrisku-kapitaleko funtsean. Eragiketa hori egin ostean, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak % 64.21eko partaidetza izango du funts horretan.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek ondorioak izango ditu onartzen den egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 13an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala